
171. zk., 2026ko irailaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (174 KB - 7 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3831
EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Berangoko (Bizkaia) LC4-Otxabene Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2026ko maiatzaren 19an, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskaera egin zuen Berangoko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Berangoko (Bizkaia) LC4-Otxabene Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) dagokionez. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko uztailaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Era berean, Berangoko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen planak, programak eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer planek eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko planak edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden txostenak aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Zaurgarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berangoko (Bizkaia) LC4-Otxabene Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziak LipperHeide Etxearen eta SG-LC4 orubearen erabilera baimenduak zehaztea aurreikusten du. Horretarako, erabilera horretarako baimendutako kategoriak ezarriko dira, betiere indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 1.5.31 artikuluan («Ekipamendu komunitarioko erabileraren kategoriak») adierazitakoak errespetatuz.
Higiezinaren egungo erabilerak –ekipamendu komunitario ludiko eta kulturalaren erabilera– Berangoko HAPOn ezarritako ekipamendu komunitarioko kategoriaren barruan baimendutako erabilera guztietara zabalduko dira: Administrazio Publikoa; Defentsa, Segurtasuna eta Babes Zibila; Posta eta Telekomunikazioak; Hezkuntza; Osasuna; Laguntza-zerbitzuak; Elkarte-jarduerak; Aisialdi Kulturala; Kirola; Aire zabaleko Aisia eta Ikerketa eta Garapena.
Proposatutako jarduketek ez dituzte aldatzen indarrean dagoen plangintza orokorrean zehaztutako egiturazko parametroak; izan ere, plan berezi honek ekipamendu komunitariorako baimendutako erabilerak baino ez ditu zabaltzen.
Aldaketa mugatua denez eta eragindako eremua hiri-lurzoruan eraikitako higiezina denez, alternatibak plan honetan egindako proposamenera eta egungo hirigintza-plangintzan indarrean dagoenera mugatzen dira. Jarduketa isolatuak eginez garatuko dira, eta haien obra-lizentzia zuzenean lortuko da, dagokion jarduera- eta obra-proiektua aurkeztu ondoren.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
Plan Bereziak bakar-bakarrik ezartzen du LipperHeide Etxea osorik eraberritzeko obren proiektua etorkizunean baimentzeko esparrua. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
Gainera, ez da detektatu Plana gauzatzeak ingurumenean arazo adierazgarririk sortuko duenik, baldin eta eragin-eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak egiten badira indarrean dagoen araudia betez, besteak beste, airearen kutsaduraren eta kutsadura akustikoaren arloetan eta hondakinen eta obra-soberakinen kudeaketan.
Nolanahi ere, Plana aproposa da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko, eta egokia da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloko ingurumen-kontsiderazioak integratzeko. Zehazki, Plan honetan neurriak jaso daitezke klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko; horretarako, eraikuntzan energia aurrezteko eta energia-efizientziako neurriak bultzatuko ditu, bai eta energia berriztagarriak ezarri ere.
Halaber, gizakion osasuna eta ingurumena zaratatik babestera bideratutako neurriak gehitzea ahalbidetzen du, hala badagokio, eraikuntza sentikorren eta esparru babestuen barruan soinu-helburuak betetzen direla bermatzeko.
2.– Ondoreen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Eragindako eremua Berangoko hiri-ehunean dago, eta, beraz, ez du natura-elementu garrantzitsurik (ez da identifikatu babestutako edo inbentariatutako habitat edo elementu natural berezirik, ez eta inguruan intereseko landaredirik ere, lorategi-eremuetan dagoenaz harago). LipperHeide Etxeak eta duela gutxi urbanizatu duen SG-LC4 orubeak okupatzen dute. Inguruan Otxabene parke publikoa eta bizitegi-garapenak ditu. Hurbil du, baita ere, Santa Ana baseliza, interes arkeologikokotzat jotzen dena.
Eremua ez dator bat uholde-arriskua duten eremuekin, eta ez dago kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kokalekurik. Hala ere, eremuaren hego-mendebaldean, Gobela-Itzaerreka ibaiaren zatian, zehazki Simón Otxandegi etorbidetik aurrera, Getxoko Uholde Arrisku Handiko Eremua (UAHE) dago (ES017-BIZ-IBA-03).
Balizko inpaktuak higiezina eraberritzeko eta birgaitzeko jarduketekin lotuta daude, bai eta ekipamendu komunitarioaren ondorengo erabilerarekin ere.
Azterketa-eremuaren ezaugarriak direla eta, ez da aurreikusten inpakturik intereseko fauna-espezieei, faunarentzako habitatei eta azaleko urei eragiteagatik –Gobela ibaia 500 m baino gehiagora eta Itzaerreka 150 m-ra–.
Era berean, ez da aurreikusten arrisku teknologikoak handitzearen ondoriozko inpakturik, istripu larrietan substantzia arriskutsuak tartean direnean –Seveso industriak eta salgai arriskutsuen garraioa–, ez eta higadura-, sismika-, sute- edo uholde-arriskuek edo lurzoru kutsatuek eragindakorik ere.
Akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun handiak eragin ditzakeen arriskuak oso mugatuta daude eremuaren urbanizazioaren eta eraikitako higiezinaren ondorioz, bai eta proposatutako jarduketen ondorioz ere –eraikina osorik eraberritzeko obrak, indusketarik eta sestra azpiko solairurik gabe–. Era berean, ez da aurreikusten udalerriko ipar-mendebaldeko muturreko azaleratzeak inolako eraginik izango duenik interes handiko ezaugarri geomorfologikoetan.
Inpaktu nagusiak LipperHeide Etxea osorik eraberritzeko obrek eragindakoak izango dira, eta eragozpenak sortuko dituzte obra-fasean, eremuaren ingurune hurbilenean, zaratengatik eta airearen kutsaduragatik, bai eta hondakinak eta eraispen-soberakinak sortzeagatik ere, obren tamaina txikiagatik eta haiek minimizatzeko neurriak hartzeagatik mugatuak. Ez da aurreikusten ekipamendu komunitarioaren funtzionamendu-fasean zarata-mailak nabarmen handitzea, modu jasangarrien bidezko irisgarritasun handiari esker.
Esan berri duguna, eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratorritako jarduketak kontuan hartuta, eta aurrerago zehaztuko diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, airearen kutsaduraren eta kutsadura akustikoaren arloetan eta hondakinen eta obra-soberakinen kudeaketan.
3.– Ebazpen honetan, Planean sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak.
– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten operazio osagarri horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoek agindutakoaren arabera.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Sortzen diren olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izan beharko dira tipologia jakin batzuetarako, zeinak, isuri eta nahasiz gero, arriskutsuago bihurtzen baitira edo kudeaketa zaildu baitezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek dirauten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, horren amaieran hondakinak modu efizienteagoan erabiliko dituen eraikuntza bat bultzatzeko.
– Lurzoruak eta urak babestea:
Neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan.
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, lurpera ez iragazteko. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.
Makineriaren eta ekipoen mantentze-lanak obra-barrutian bertan egingo dira, horretarako gaitutako lekuetan, behar bezala kontrolatuta eta egokituta balizko isuriei eusteko. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarretarako lanak, lurpera ez iragazteko eta urak ez kutsatzeko.
Material xurgatzaile espezifikoa (sepiolita edo baliokideak) eduki beharko da, berehala jarduteko olioen, erregaien edo bestelako substantzia arriskutsuen istripuzko edozein isuriren aurrean.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek dirauten bitartean, zarataren jatorria murrizteko jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira, bereziki hondeaketa, eraispen, karga, deskarga eta garraioko lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean eta zarataren eta bibrazioen jatorria murriztean ere.
Eguneko lan-ordutegia errespetatuko da.
– Jasangarritasuna eraikuntzan.
Gomendatzen da kontuan hartzea eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak, eraikinaren energia-aurrezpena eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin. I. eranskina. Aplikatzeko arauak, eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren «Energia aurreztea» dokumentua. Neurri horiek alderdi hauek hartu beharko dituzte kontuan, gutxienez:
• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.
0149 Lurzoruaren erabilera. Lurzoru gutxiago okupatzea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta, biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Berangoko (Bizkaia) LC4-Otxabene Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Berangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada Plana onetsi, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehazten den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS