
171. zk., 2026ko irailaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (198 KB - 14 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3830
AGINDUA, 2026ko abuztuaren 31koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzen deialdirako oinarriak eta laguntza horien deialdia egiten baita 2026. urterako.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartuta eta 2026rako eguneratuta, eta Eusko Jaurlaritzaren 2026ko Aurrekontuaren Memoriak dirulaguntza-lerro hori jasotzen dute, eta gizarte-ekonomia solidarioaren arloko jarduerak sustatzen dituzte. Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzako www.euskadi.eus web-orrian dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» sekzioan.
Elkar-lankidetzak abantaila lehiakorrak eskaintzen ditu, berriki egindako azterlanek erakusten dutenez: lehiakortasuna/eskala-ekonomia hobetzea, salmentak handitzea edo merkatuak areagotzea, baliabideak trukatzea eta beste batzuk, hala nola marka zabaltzea, ideia berriak, proiektuak edo antolatzeko eta finantzaketa hobetzeko modu berriak.
Baina gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza hori ez da soilik estrategia bat, enpresa horien jarduera ekonomiko guztien hasiera eta amaiera ere bada: gizartean eredu ekonomikoa aldatzen laguntzea, ekonomia demokratizatzea, gizarte-ekonomiaren idealak gizarte osora zabalduz.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea onartu eta gero, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenen arabera, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Laguntzetarako oinarriak eta deialdia onartzea.
Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzen oinarriak onartzea 2026rako, eta deialdia egitea. Agindu honetako eranskinean daude jasota oinarri horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka -administrazio bidea bertan amaitzen baita- aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 31.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Hurrengo oinarrietan jasotakoaren arabera, gizarte-ekonomiako erakundeek enpresen arteko lankidetza-ekintzak egin ditzaten 2026ko ekitaldirako laguntzak deitzea da agindu honen xedea. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emango ditu, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez.
2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:
a) Elkar-lankidetzako proiektu bat egitea eta ezartzea.
Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia batera erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, ingurumenaren arloan jasangarritasun-neurriak ezartzeko koordinatuta jardutea, eta, oro har, zerbitzuak modu bateratuan kontratatzea.
b) Bazkideen arteko estrategia bateratuak diseinatzea, jarduerak berritzeko edo dibertsifikatzeko; estrategia horiek sinergietatik, eskala-ekonomietatik eta lotutako eremuetako aukeretatik eratorritakoak izango dira.
c) Akordioak prestatzea eta formalizatzea, eta enpresak nahiz enpresak elkar-lankidetzan aritzeko egiturak sortzea.
d) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egitea prestatzea eta formalizatzea.
e) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteen kasuan, sozietate xurgatutik etorritako bazkideek sozietate bereganatzailearen kapital sozialari egindako ekarpenen harpidetza berriak.
f) EAEko gizarte-ekonomia ordezkatzen duten entitate gorenek beren bazkideentzat egiten dituzten lankidetza-jarduerak, 2.1.a) oinarrian zehaztutako helburuetako bat betetzea ahalbidetzen edo errazten dutenak, bai eta bazkideen artean elkarlanean diseinatutako mekanismoak eta tresnak ezartzea ere.
g) Lankidetza-jarduerak, familia guztiek partekatzen dituzten erronkak identifikatzeko eta gizarte-ekonomiako familiek gizartean duten eragin positiboa ezagutzera emango duten mezuen zabalkundea programatzeko.
h) Neurriak aplikatzea, gizarte-ekonomiako enpresek edo entitateek kontratazio publikoaren eremu guztietan parte har dezaten errazteko.
2.– Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2027ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu. Bat-egitearen ondoriozko ekarpenen harpidetzaren kasuan, 2026ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da harpidetza.
3.– Ez dira diruz lagunduko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen bigarren zatiak.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaerari erantzuten diotenak zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak eta ezarritako epean egiten direnak. Eskabidearekin batera aurkeztuko den aurrekontu-plangintza Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aztertuko du, erabakitzeko ea plangintza hori egokia den aurkeztutako jarduerak egiteko.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakora egokitzen diren gastuak lagunduko dira diruz. Gastu hauek ere lagundu ahal izango dira diruz:
a) 2.1.b) oinarriko kasuetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira integrazio-entitatearen koordinaziokoak, integrazio-entitatearen lanorduak, hau da, lan-bazkideen orduak, eta ez bazkideenak, diseinu grafikoko prozesuaren garapen-gastuak, hala nola materialagatiko gastuak, alokairuak eta antzeko beste batzuk, eta integrazio-entitateak emandako kanpo-aholkularitzako gastuak, hala behar izanez gero.
b) 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietako kasuetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.
c) 2.1.e) oinarriko kasuetarako, diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko da sozietate xurgatzaileari emandako kapital harpidetu berria, bat egindako sozietatearen kapitaletik ez datorrena. Harpidetza 2026ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.
d) 2.1.f) oinarriko kasuetarako, halako jarduerak egiteko beharrezkoak direnak, bai eta diruz lagundutako ekintza egiteko barne-kostuak ere.
e) 2.1.g) oinarriko kasuetarako, partekatutako erronkak identifikatzeko eta mezuen zabalkundea programatzeko beharrezkoak direnak.
f) 2.1.h) oinarriko kasuetarako, hartutako neurriak ezartzeko beharrezkoak diren gastuak.
4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta hirurogeita zazpi mila (267.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun mila berrehun eta berrogeita hamar (200.250) euroko ordainketa-kreditua, 2026ko ekitaldirako; hau da, hirurogeita bi mila seiehun eta hogeita bost (62.625) euro de minimis laguntzetarako, eta ehun eta hogeita hamazazpi mila seiehun eta hogeita bost (137.625) euro de minimis ez denerako, eta hirurogeita sei mila zazpiehun eta berrogeita hamar (66.750) euroko konpromiso-kreditua, 2027ko ekitaldirako, hogei mila zortziehun eta hirurogeita hamabost (20.875) euro de minimis laguntzetarako eta berrogeita bost mila zortziehun eta hirurogeita hamabost (45.875) euro de minimis ez denerako.
2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira. Hala ez bada, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.
3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera, hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.
5. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan nagusiki jarduera gauzatzen duten entitateek eta pertsonek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraituz:
a) 2.1.a), 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan jasotako jardueretarako: Kooperatiba-sozietate edo lan-sozietate forma duten gizarte-ekonomiako enpresak.
b) 2.1.a), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarrietan jasotako jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-entitateak, eta Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak araututako elkarte-entitateetako kideak dituzten elkarte-egiturak.
c) 2.1.b) oinarrian jasotako jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza-egiturak eta gizarte-ekonomiako enpresek (kooperatibak edo lan-sozietateak) osatutako entitateak, beren objektu sozialean bazkideentzako jarduera berriak sustatzea barne hartzen dutenak.
d) 2.1.e) oinarrian jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen bat-egite prozesuan xurgatzen diren entitateetako bazkideak.
2.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.
c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
d) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea.
e) Hala badagokio, Agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian eskuratu diren de minimis laguntzen berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
i) Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
j) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.
k) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak bete izana erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
3.– Aurreko apartatuko baldintzak bete behar dira, bai entitate edo pertsona onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.
6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztuko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Hortaz, eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1011712
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Pertsona eta entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten bezala. Orobat, prozedura osoan, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1011713
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du gizarte-ekonomian eskumena duen zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta interesdunak berariaz aurka egiten badu; horrelakoetan, berak aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duelako egiaztagiriak.
7. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarriekin lotuta dauden jardueretarako:
1.– Proiektuaren edo, hala badagokio, lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:
2.– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.
3.– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.
4.– Zenbatetsitako aurrekontua.
5.– Kostuetako partaidetza-ehunekoak.
6.– Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiena.
7.– Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 9.4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.
b) 2.1.e) oinarriarekin lotuta dauden jardueretarako:
1.– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez; bertan zehaztuko da noiz hartu den iraupen mugagabeko eta eskubide osoko bazkide-izaera.
2.– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotaren eta hasierako ekarpenaren kopuruak. Era berean, harpidetutako kapital berritik xurgatutako sozietatetik datorren kapitala zehaztu beharko du.
c) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:
1.– Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.
2.– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.
3.– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
4.– Enpresa eskatzaileak konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen duela agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.
6.– Entitate eskatzaileak deklaratu duela de minimis araubideari lotutako dirulaguntzarik eskuratu duela, agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian.
7.– Entitate eskatzaileak berdintasun-plana indarrean duela, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
8.– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
9.– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko aginduren baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
10.– Ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europako Erkidegoko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).
11.– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
12.– Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.
13.– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.
d) Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, eta, hirugarrenekin kontratatzea dakarren guztietan, onuradunak zenbait hornitzaileren hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna eman aurretik, salbu eta, beren ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan egiten edo ematen dituen behar adina erakunderik, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.
8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Horretarako, eskabidea telematikoki aurkezteko eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-eguntzat.
9. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.f) eta 2.1.h) oinarrietako jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 12.000 euro jaso ahal izango ditu.
b) 2.1.c) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 2.1.d) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
d) 2.1.e) oinarriko jardueretarako: harpidetutako kapitalaren % 100, gehienez ere hiru mila (3.000) euro sartutako bazkide bakoitzeko.
e) 2.1.g) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 100; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 80.000 euro jaso ahal izango ditu.
2.– 2.1.f) oinarrian jasotako elkar-lankidetzako proiektuen kasuan, oinarri honetako lehenengo apartatuan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.
3.– 2.1.h) oinarrian jasotako elkar-lankidetzako proiektuen kasuan, oinarri honetako lehenengo apartatuan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 85eraino igoko da.
4.– 2.1.a) eta 2.1.d) oinarrietako jarduerak aurrera eramateko orduan aholkularitza-erakunderen batek parte hartzen badu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 31. artikuluan datozen baldintzak bete beharko ditu, baina baita hauek ere:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.
c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.
10. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publikok xede eta helburu bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.
2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko eta pribatu batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.
11. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra egin eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta, emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
Ebazpenak, dirulaguntza zein pertsona edo entitate eskatzaileri emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko ditu, hala badagokio, dirulaguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, dirulaguntzaren oinarrietan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideen ezespena ere.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak; nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
12. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa, hau da, dirulaguntza guztiaren % 75erainokoa, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 25erainokoa, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta informazio hau bilduko du:
a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria teknikoa.
b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.
d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.
Ez da ordainketarik egingo onuraduna egunean ez badago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.
3.– Dirulaguntza eman duen organoak, entitate onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die entitate onuradunei.
4.– 7. oinarriaren 1. puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera; epea, betiere, 2027ko irailaren 30a baino lehen amaituko da.
5.– 2.1.e) oinarriko jarduerekin lotuta emandako dirulaguntzen kasuan, sozietate xurgatzailean harpidetutako kapital guztia benetan ordaindu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako baldintzetan.
6.– Eskaria egin duen pertsona edo entitateari laguntza-eskubidea aitortzen baldin bazaio, eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan. Pertsona edo entitate onuraduna ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
7.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
13. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.
Pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.
b) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean justifikatzea eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, eta eman zaien horretarako egin dutela jarduera.
c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.
e) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatutatik. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak egunean dituela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehazten den moduan (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoa da).
h) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.
i) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
j) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
k) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.
l) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
m) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagunduko diren edozein motatako jardueren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.
n) 2.1.e) oinarriko jarduerekin lotuta emandako dirulaguntzen kasuan, bazkide egiten denetik 3 urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondateaz beste arrazoirik egiaztatzen bada, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena, diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez, enpresan jarraitzen duela. Horretarako, izaera hori lortu eta hurrengo hiru hilabeteko epean, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
14. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero –haren helburua betetzat jotzen bada, betiere–, eta, hala dagokionean, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan zerrendatutako baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak kitapena egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, entitate edo pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.
15. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.
2.– 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarriko jardueren kasuan, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36.3 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta entitate onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko lan egiten duela. 2.1.e) oinarriko jardueren kasuan, 14.n) oinarrian ezarritako betebeharra partzialki betetzen ez bada, betiere bazkideak 18 hilabetez iraun badu gutxienez, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. Ez-betetzea 18 hilabete edo gutxiago irauteagatik bada, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.
3.– Administrazioko arau-hausteen kasuetan, dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboen araubidea aplikatuko da, zeina Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan arautzen baita.
16. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak ebazpen bidez jakinaraziko dio pertsona edo entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, hamabost (15) eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jasotakoan, edo epea igaro eta alegaziorik jaso ez bada ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horren bitartez xedatuko du, hala badagokio, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion; horretako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.
17. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo dezakezu: https://www.euskadi.eus/rgpd/0055221
18. oinarria.– Europar Batasuna.
1.– Agindu honen babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek, entitate onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak badira soilik, erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).
2.– Laguntzaren entitate eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako beste de minimis laguntza batzuk deklaratu beharko ditu, de minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta de minimis laguntzak deklaratzeko eredua agindu honen 6.5 oinarrian adierazitako informazio-fitxan jasota daude.
RSS