Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2026ko irailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3778

AGINDUA, 2026ko uztailaren 30ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena. Agindu honen bidez, deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan sartzeko hautaketa-prozesurako, eta haren oinarriak onartzen dira.

Gobernu Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko eta 2025eko abenduaren 16ko erabakien bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako karrerako funtzionarioen 2024. eta 2025. urteetarako enplegu publikoaren eskaintzak.

Agindu honen bidez, deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan sartzeko hautaketa-prozesurako, eta, era berean, haren oinarriak onartzen dira.

Horrenbestez, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen VI. tituluan ezarritakoaren arabera eta bat etorriz lege horrek 18.2.q) artikuluan emandako eskudantziekin, bai, halaber, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan ezarritakoarekin, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan sartzeko hautaketa-prozesurako.

Bigarren artikulua.– Prozesu horren oinarriak onartzea (agindu honen I. eranskina).

Hirugarren artikulua.– Oposizio-faseko gai-zerrenda onartzea (agindu honen II. eranskina).

Laugarren artikulua.– Baztertze-arrazoi medikoen koadroa onartzea (III. eranskina).

Bosgarren artikulua.– Epe hau ezartzea eskabideak aurkezteko: 2026ko irailaren 4tik 2026ko urriaren 1eko 14:00etara.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 30a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ZIGORRAK BETEARAZTEKO LAGUNTZAILEEN ESKALAN SARTZEKO HAUTAKETA-PROZESUKO OINARRIAK

1.– Deialdiko plazak.

Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako 379 plaza eskaintzen dira deialdi honetan, guztiak ere txanda irekian, sarbide orokorreko modalitatean eta hizkuntza-eskakizunik gabe.

2.– Parte hartzeko betekizunak.

2.1.– Betekizunak betetzeko datak.

Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarrietan ezarritako betekizunak –salbu eta 12.1 oinarrian zehaztutako moduan gaitasun funtzionala egiaztatzeari buruz xedatutakoa–, eta betekizun horiek betetzen jarraitu beharko dute lanpostuaz jabetzen diren arte.

2.2.– Betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

Oinarri hauen 6. apartatuan ezartzen da betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

2.3.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.

Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:

a) Europar Batasuneko edozein estatu kidetako nazionalitatea izatea.

Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

b) Gaitasun funtzionala izatea, Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako berezko zereginak betetzeko.

Hautagaiak praktiketako funtzionario izendatu baino lehen egiaztatuko da betekizun hori betetzen dela, gaitasun medikoaren proba baten bidez, 12.1 oinarrian zehazten diren baldintzetan. Proba honen bidez egiaztatu nahi da hautagaiek ez dutela inolako baztertze-arrazoi medikorik (III. eranskinean ageri dira).

c) 16 urte beteta izatea eta ohiko erretiro-adina beteta ez izatea.

d) Ez izatea diziplina-espediente bidezko zehapenik, administrazio publikoen edo autonomia-erkidegoko organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita egotea dakarkionik; eta, era berean, ebazpen judizial baten ondorioz, ez izatea enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza erabatekorik edo berezirik, bereizi edo desgaitu duten funtzionario-kidegoan edo -eskalan sartzea eragozten dionik. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezin izango da desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean egon, eta ezin izango du ezarrita izan diziplina-zehapenik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

e) Dolozko delituagatik askatasunaz gabetzeko hiru urtetik gorako zigorrik jaso ez izana, zigor-aurrekariak baliogabetzea edo errehabilitazioa lortu ez bada salbu.

f) Batxilergo-titulua, lanbide-heziketako teknikari-titulua edo horien titulu baliokidea izatea, edo agiriok jaso ahal izateko eskubideak ordainduta izatea.

Atzerriko titulazioen kasuan, titulua homologatuta edo baliokidetuta dagoela frogatzeko egiaztagiria eduki beharko da, bat etorrita Unibertsitatez kanpoko atzerriko tituluak eta ikasketak homologatu eta baliokidetzeari buruzko urtarrilaren 29ko 104/1988 Errege Dekretuarekin.

Nolanahi ere, hautagaiei kautelaz emango zaie onarpena, egiaztatzen badute titulua homologatzeko edo baliokidetzeko eskaria aurkeztu dutela. Kautelazko onarpen hori bertan behera geratuko da praktiketako funtzionario izendatzeko behar diren izapideak (oinarri hauetako 13. apartatua) egiteko epea amaitzen den unean.

g) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezintasuneko edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

h) Ordainduta izatea langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ordaindu beharreko tasa, lehiatu nahi den prozesuaren eta kidegoaren nahiz eskalaren arabera. Tasaren zenbatekoa 5.4 apartatuan dago zehaztuta.

i) Ez izatea karrerako funtzionarioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskala.

3.– Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.

Epaimahaiak karrerako funtzionario izateko proposatzen duen gaindituen kopurua ezin izango da izan deialdiko plaza kopurua baino handiagoa, kasu hauetan izan ezik:

a) Lanpostu huts gehiago sortzen badira, deialdikoak baino ehuneko hamar gehiago esleituko dira, gehienez. Lanpostu horiek 10.2 oinarrian aipatzen den lanpostu-zerrendan eskainiko dira.

b) Inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada, hutsik geratu diren plazak esleituko dira:

– Hautatutako pertsonek uko egitea, izendapenaren aurretik edo plazaz jabetu aurretik.

– Eskatu den dokumentazioa ez aurkeztea, edo aurkeztutakotik ondorioztatzea ez dutela betetzen 2.3. oinarrian eskatutako betekizunen bat, edo ez dutela zereginetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.

– Lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia eskatzea plazaz jabetzeko unean.

Kasu horietan, behingoan bakarrik, adierazitako inguruabarren eraginez hutsik geratu diren plaza beste hautagai aukeratuko dira, plazaren hasierako esleipena egiteko hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta erabilitako gaindituen zerrendako puntuazio-hurrenkerari jarraituz eta lanpostuak hautatzeko izapidean hautagaiek adierazitako lehentasunen arabera.

4.– Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.

Hautaketa-prozesu honen deialdia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

Hautaketa-prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazteko. Abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektronikoaren bidez, mugikorraren zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten parte-hartzaileei. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.

5.– Eskabideak aurkeztea.

5.1.– Prozesuan onartua izatea.

Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuan parte hartzeko, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte: 1) Eskabidearen atal guztiak bete, 2) Eskabidea epe barruan aurkeztu, eta 3) Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaindu.

Halaber, eskatutako betekizun guzti-guztiak beteta izan beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

5.2.– Eskabideak aurkezteko epea, eta langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzea.

Deialdiaren aginduan ezarritako epean aurkeztu beharko dira deialdietan parte hartzeko eskabideak.

5.3.– Parte hartzeko eskabideak aurkezteko modua.

Parte hartzeko eskabideak eta, oro har, hautaketa-prozesuarekin lotutako gainerako izapide guztiak bide elektronikoz egin beharko dira.

Eskabidea bide elektronikoz aurkezteko, Enplegu Publikoaren Atariko helbide elektronikoa erabili beharko da (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ eskabidea bete ahala adierazten diren argibideei jarraituz. Horretarako, nork bere burua identifikatu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoan onartutako bitartekoren bat erabiliz (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).

Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZgunea zentro publikoetan ere egin ahal izango da. KZgunea zentroen zerrenda eta kokapena helbide honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus

Izena emateko prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Enplegu Publikoaren Atarian (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/) horretarako adieraziko diren telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da.

5.4.– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako langileak hautatzeko deialdian izena emateagatiko tasa 20,68 euro da.

Diru-zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa

Ordaintzeko aukera hori egunean 24 orduz egongo da erabilgarri eskabideak aurkezteko epean, baina, horretarako, ezinbestekoa izango da atxikitako entitateetako banka elektronikoko bezero izatea. Bizum bidez edo kreditu-txartel bidez ere ordaindu ahal izango da.

5.5.– Hautagairen batek langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeko tasak garaiz –hau da, eskabideak aurkezteko epean– ordaintzen ez baditu, prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzendu dezan.

Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzea ez da inola ere nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala beteta eta emandako epean aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.

6.– Betekizunak eta merezimenduak. Erreferentzia-datak, deskribapena, alegazioa eta egiaztapena.

6.1.– Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko merezimenduak eta betekizunak betetzeko erreferentzia-datak.

Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta betekizunak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da.

6.2.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.

6.2.1.– Hautagaiek dagokion izapidean alegatu behar dituzte, hurrengo apartatuan adierazten den eran, parte hartzeko betekizun orokor eta espezifikoak, lanpostuen betekizun espezifikoak eta merezimenduak.

6.2.2.– Parte hartzeko betekizun orokorrak eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu beharko dira.

Merezimenduak eta lanpostuen betekizun espezifikoak IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bidez ezartzen den epean alegatu beharko dira.

6.3.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.

Hautagaiek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez alegatuko dituzte, parte hartzeko eskabidean, hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizunak.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat jotzeko, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko egiaztatze-datarekin egon beharko dute inskribatuta erregistro horretan.

Erregistro horretan jasota ez dauden euskararen ezagutza-ziurtagiriak edo -tituluak dituztenek parte hartzeko eskabidean aurkeztu beharko dute egiaztagiria.

Merezimenduak alegatzeko eta lanpostuak aukeratzeko eskabidean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Langileen Erregistroan jasota dauden eta oinarrien arabera prozesu zehatz horietan baloratu ahal izateko aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten merezimenduak aurkeztuko zaizkie hautagaiei. Hala, parte-hartzaileek jada merezimendu horiek alegatuta dituztela joko da.

Prozesurako garrantzitsuak diren hautagai horiei buruzko gainerako inguruabarrak, baldin eta hautagaiek ez badituzte ikusgai izan merezimenduak alegatzeko eskabidean, beren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez aurkeztu beharko dituzte, agiri hauekin:

a) Esperientziaren kasuan, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Gainera, alegatzen diren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz bestelako administrazio edo entitate batean eman badira, entitate horrek emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da. Agiri horretan, emandako zerbitzuen hasiera- eta amaiera-datez gain, datu hauek azaldu behar dira: betetako funtzioak eta eginkizunen deskripzioa, eta emandako zerbitzuari dagokion kidego, eskala edo kategoriara sartzeko eskatu zen titulazioa.

b) Titulazioen kasuan, hautagaiak behar den titulazioa daukala egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

Atzerriko titulazioa bada, indarrean dagoen legediari jarraikiz homologatuta, ondorio profesionaletarako onetsita edo baliokidetuta dagoela egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

Nolanahi ere, hautagaiei kautelaz onartuko zaie titulazioaren alegazioa, egiaztatzen badute titulua homologatzeko, ondorio profesionaletarako onesteko edo balioesteko eskaria aurkeztu dutela. Kautelazko onarpen hori bertan behera geratuko da karrerako funtzionario izendatzeko behar diren izapideak (oinarri orokor hauetako 13. apartatua) egiteko epea amaitzen den unean.

7.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, IVAPeko zuzendariak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan, beste zerrenda bat ere argitaratuko da, baldin eta hautagairen bati errekerimendua egin behar bazaio parte hartzeko eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi zuen betekizunen bat betetzen duela egiazta dezan, ezin izan delako egiaztatu.

Zerrenda horiek Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko dira, eta datu hauek adieraziko dituzte: zergatik baztertu diren hautagaiak, hala dagokionean, eta zer dokumentazio aurkeztu behar duten betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hamar eguneko epe horretan eskatutako dokumentazioa aurkezten ez dutenek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, eta prozesutik kanpo geratuko dira.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta erreklamazio horiek ebatzita, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, non onartutzat joko baitira onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak.

Hautaketa-prozesuaren garapena ez luzatzeko, kautelaz sartu ahal izango dira hautagaiak onartuen zerrendan, eta aurrerago egiaztatuko dute prozesuan parte hartzeko bete beharreko betekizunak betetzen dituztela. Hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira, baldin eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ez badute ezarritako epean aurkezten edo parte hartzeko betekizunak ez badituzte betetzen.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenean, oposizio-faseko lehenengo proba egiteko deialdia egingo zaie hautagaiei. Deialdian, proba egiteko eguna, tokia eta ordua adieraziko dira.

8.– Hautaketa-prozesua.

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da. Ondoren, praktikaldi bat egongo da.

8.1.– Oposizio-fasea.

8.1.1.– Proben azalpena eta balorazioa.

Oposizio-fasearen bidez, elementu hauek ebaluatuko dira: hautagaiak zenbateraino menderatzen dituen deialdian jasotako plazetan jarduteko behar diren jakintzak, eta ea jardun horretarako behar diren konpetentziak, gaitasun fisikoak eta gaitasun medikoak badituen.

Oposizio-faseak gehienez 100 puntuko balorazioa izango du.

1. proba. Teoriko-praktikoa izango da, eta bi zati izango ditu:

A zatia: prozesuaren gai-zerrendari buruzko galdera sorta izango da. Galderek zenbait erantzun-aukera izango dituzte.

B zatia: zenbait erantzun-aukera dituen galdera sorta bati erantzun beharko diete. Deialdiko lanpostuetako zereginekin lotutako kasu teoriko-praktikoei buruzkoak izango dira galderak, eta gai-zerrenda espezifikoaren esparruan egongo dira kokatuta.

Erantzuten ez diren galderek ez dute baloraziorik izango, eta erantzun oker bakoitzeko penalizazio bat aplikatuko da: erantzun zuzen baten heren bat deskontutako da.

Hautaketa-prozesua egokiro garatu dadin, epaimahaiak, eskatutako gutxieneko maila, proban erakutsitako ezagutza-maila eta deialdiko plaza kopurua kontuan hartuta, eta hautagaiak nor diren jakin aurretik, puntuazio-atalase bat ezarriko du, proba gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa zein den zehazteko, eta jendaurrean emango da erabaki horren berri. Gutxieneko zuzeneko puntuazioa ezingo da izan zati bakoitzean gehienez lor daitekeen puntuazioaren ehuneko 35 baino txikiagoa eta ehuneko 65 baino handiagoa.

– Proba bakoitza (edo probaren zati bat) gainditzeko epaimahaiak ezartzen dituen gutxieneko zuzeneko puntuazioak hura gainditzeko behar diren gutxieneko kalifikazioak izango dira.

– Gehienez lor daitezkeen zuzeneko puntuazioak proba zatiko gehieneko kalifikazioak izango dira.

Kalifikazioak (puntuazio bihurtuak) kalkulatzeko, formula hauek aplikatuko dira:

– Hautagaiak lortutako zuzeneko puntuazioa epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa baino handiagoa bada:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

– Hautagaiaren zuzeneko puntuazioa epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa baino txikiagoa bada:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Non:

– b(z): Hautagaiaren kalifikazioa (puntuazio bihurtua).

– z: Hautagaiaren zuzeneko puntuazioa.

– Gu: Ariketa edo ariketaren zati bat gainditzeko epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa (gutxieneko nota).

– Ge: Ariketan eta ariketa zati batean gehienez lor daitekeen zuzeneko puntuazioa.

– A: Ariketan edo ariketaren zati batean gehienez lor daitekeen kalifikazioa (gehieneko puntuazio bihurtua).

Probak gehienez 95 puntuko kalifikazioa izango du: A zatia 0tik 50 puntura baloratuko da, eta B zatia 0tik 45era. Proba gainditzeko, 25 puntuko kalifikazioa (puntuazio bihurtua) lortu beharko da A zatian, eta 22,5 puntukoa B zatian.

2. proba. Konpetentziak ebaluatzeko proba. Nahitaezkoa izango da, eta ez baztertzailea; hautagaien konpetentzia-profilaren elementuak baloratuko dira, deitutako lanpostuei dagokienez. Galdera sorta bat izango da. Galderek zenbait erantzun-aukera izango dituzte.

Enplegu Publikoaren Atarian, informazio hau argitaratuko da aurrez: deialdiko lanpostuei dagozkien eta neurketarako baliatu ahal izango diren konpetentzia-profilaren elementuak; haztapen- eta balorazio-irizpideak eta egingo den probaren ezaugarriak. Argitara ematen den informazioan, erabili ahal izango diren proben adibide zehatzak jasoko dira, baita praktikarako baliabideak eta enuntziatuen adibideak ere.

Proba honek gehienez 5 puntuko balorazioa izango du.

3. proba. Gaitasun fisikoaren proba. Derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da. Hiru ariketa egingo dira, eta «gai» edo «ez-gai» kalifikazioa izango dute. Gaitasun fisikoaren proba gainditzeko, hiru ariketetan jaso beharko da «gai» kalifikazioa.

1. ariketa. Arintasun-zirkuitua.

Irteera lerroaren atzetik, bost (5) bermagunerekin (oinak, eskuak eta gluteoak) lurrean eserita egonda, arintasun-zirkuitu bat gainditu beharko dute, ariketa egiteko dinamika jakin bat errespetatuz. Ibilbide bat ahalik eta arinen egitea da helburua, azterlariak seinalea egiten duenetik, hautagaiak bi oinekin helmuga-lerroa gainditu arte (zakua behar bezala helduta daramala).

Zakuak 20 kg-ko pisua izango du gizonentzat, eta 15 kg-koa emakumeentzat.

Saltatu beharreko hesiak 90 cm-koak izango dira gizonentzat, eta 80 cm-koak emakumeentzat.

Ariketa baliogabetzat joko da kasu hauetan: hasteko abisua jaso aurretik irteera-lerroa zapaltzen bada, ez badira errespetatzen zirkuitua osatzeko arauak (zeharkako ardatzean itzulia koltxonetatik atera gabe egitea, zakua bi sorbaldetan bermatuta eta bi eskuez helduta edukitzea), zirkuituaren elementuren bat botatzen edo mugiarazten bada edo desplazamenduaren noranzkoa aldatzen bada.

Hautagaiak «gai» kalifikazioa jasoko du, ariketa 20,5 segundotan edo hortik behera egiten badu, gizonen kasuan, eta 24,5 segundotan edo hortik behera, emakumeen kasuan.

Bi (2) saiakera egin ahal izango dira.

2. ariketa. Banku gaineko presio-proba.

Hautagaiak bankuan etzango dira oinak lurrean bermatuta dituztela, eta halterofilia-barra hartuko dute, haien sorbalden pareko zabaleran edo zabalxeago; 45 segundoz ahal bezain bestetan flexionatu eta luzatu beharko dituzte besoak barrarekin (barrak 25 kilo izango ditu emakumeentzat, eta 35 gizonentzat).

Errepikapenak ez dira baliozkotzat joko, baldin eta besoak ez badira guztiz luzatzen edo ez bada barrarekin bularra ukitzen ukondoak flexionatzean; era berean, ez da onartuko barrarekin erreboterik egiterik bularrean, eta ezingo da erabili ez eskularrurik, ez magnesiorik, ez eta errazago oratzen laguntzeko bestelako substantziarik ere.

Errepikapenak ozenki zenbatuko dira, eta, errepikapen baliogabe bat eginez gero, aurreko zenbaki bera erabiliko da hura zenbatzeko.

Hautagaiak «gai» kalifikazioa jasoko du, gutxienez 23 errepikapen egiten baditu, gizonen kasuan, eta 19 errepikapen, emakumeen kasuan.

Saiakera bakarra (1) egin ahal izango da.

3. ariketa. Erresistentzia-lasterketa (1000 metro).

Hasierako posizioa zutik edo makurtuta izango da, takorik gabe, irteera-lerroaren atzean.

Proba gainazal lau, apal eta gogorrean egingo da, eta taldean egin ahal izango da.

Lasterketa-eremutik alde egitea baztertzeko arrazoia izango da, bai eta World Athletics-en araudiaren arabera kirol-kontrakoa den jokabide oro ere.

Ariketa egiten igarotako denbora minututan eta segundotan neurtuko da. Gai kalifikazioa emango zaio ariketa 4 minutu eta 0 segundo edo gutxiagoan egiteari gizonen kasuan, eta 4 minutu eta 40 segundoan emakumeen kasuan.

Saiakera bakarra (1) onartuko da, eta horren barruan irteera baliogabe bakarra izangai bakoitzeko.

Oposizio-faseko proba guztiak egin bitartean, IVAPek behar diren neurriak hartuko ditu, indarrean dagoen legediaren barruan, jarrera iruzurtiak jazartzeko, enplegu publikora sartzeko berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak urratzen dituzten heinean.

i) 1. eta 2. Probak.

1. eta 2. probak saio berean edo hainbat saiotan egin ahal izango dira. Era berean, oinarriotan adierazitako ordenaz bestelako ordena batean egin ahal izango dira.

Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko IVAPeko zuzendariak emandako ebazpenean jasoko da aurrenik egingo den/diren probarako/probetarako deialdia. Gainerako deialdiak, berriz, aurretik egindako proben behin betiko kalifikazioak onartzeko IVAPeko zuzendariak emandako ebazpenean jasoko dira.

Proba horietarako, deialdi bakarra egingo zaie hautagaiei. Epaimahaiak, hautaproben garapenean aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, probetarako deialdien baldintzak egokitu ahal izango ditu, hautagairen bat bertaratu ezin bada haurdunaldia, erditzea edo ezinbesteko kasuak direla eta. Halaber, arrazoi hauengatik proba egokitzea eskatu ahal izango da: haurdunaldi amaieran edo arrisku-haurdunaldian egoteagatik, erditu aurreko edo osteko aldian egoteagatik, edoskitzaroan egoteagatik, tratamendu onkologikoan egoteagatik, gerora sortutako nahiz izaera bereziko egoerengatik, edo bestelako egoerengatik, epaimahaiaren aburuz antzeko beharrizanak dakartzaten heinean. Ahal dela, proba egin baino lehen eman beharko zaio epaimahaiari egoera horien berri, eta justifikazio-agiriak erantsi, bai eta Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri egongo den eskabide bat ere.

Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapena behar duten eta eskabidean hala adierazi duten hautagaiei, gainerako parte-hartzaileekin aukera-berdintasunean aritu daitezen; hala ere, horrek ez du probaren edukia desitxuratu beharko, ezta eskatutako gaitasun-maila jaitsi edo urritu ere. Legez desgaitasunik ez duten hautagaiek egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte probak egiteko, arrazoi medikoengatik. Horretarako, dagokion egiaztagiri medikoa aurkeztu beharko dute, dagokion epaimahaiak balora dezan. Agiriok epaimahaiak@ivap.eus helbide elektronikora bidali beharko dira.

Aurrenik egitekoak diren hautaprobak egiteko aukera izango dute bai prozesuan onartuta daudenek, bai, baztertu gisa azaldu arren, egiaztatzen dutenek gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela eta errekurtso hori oraindik ebazteke dagoela. Hurrengo probetara, berriz, aurreko probak gainditu dituztenak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, salbu eta probak egun berean egitekoak badira edo egiaztatzen badute gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela eta errekurtso hori oraindik ebazteke dagoela.

Nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute probetara.

ii) 3. proba.

Azkenik egindako probaren azken kalifikazioak onartzeko IVAPeko zuzendariak emandako ebazpenean jasoko da 3. probarako deia. Ebazpen horretan, hirugarren proba egiteko deitutakoen izenen zerrenda agertuko da, eta horietako bakoitzak gaitasun fisikoaren proba zer leku, egun eta ordutan egingo duen adieraziko da.

Arrazoi hauengatik proba atzeratzea eskatu ahal izango da: haurdun egoteagatik, erditu aurreko edo osteko aldian egoteagatik, edoskitzaroan egoteagatik edo tratamendu onkologikoan egoteagatik, gerora sortutako nahiz izaera bereziko egoerengatik, edo bestelako egoerengatik, epaimahaiaren aburuz antzeko beharrizanak dakartzaten heinean. Ahal dela, proba egin baino lehen eman beharko zaio epaimahaiari egoera horien berri, eta justifikazio-agiriak erantsi, bai eta Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri egongo den eskabide bat ere.

8.1.3.– Oposizio-faseko puntuazioen zerrenda.

Oposizio-faseko probetako bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak proben behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu, eta 10 egun balioduneko epea emango du erreklamazioak egiteko. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, erreklamaziorik egon bada, haiek ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu epaimahaiak.

Era berean, 1. probako emaitza zuzenak ere argitaratuko ditu epaimahaiak.

Emaitzak 4. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko dira.

8.1.4.– Oposizio-faseko kalifikazioak gordetzea.

Lehenengo probako bi zatietako bakoitzean lortutako kalifikazioak gorde ahal izango dira, eta Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan sartzeko hurrengo prozesuetan baliarazi. Horretarako, hurrengo deialdi horrek aurrekoaren parekoa izan beharko du gai-zerrendari zein kalifikazio-moduari dagokienez (araudi-eguneraketa salbuespentzat hartuta).

Era berean, konpetentziak ebaluatzeko proban lortutako kalifikazioa ere gorde eta baliarazi ahal izango da hurrengo prozesuetan, baldin eta eskala honetako lanpostuetan balioetsitako konpetentzia-profila aldatu ez bada.

Hurrengo deialdi horietan zehaztuko da ea aukerarik ematen den onartutako hautagaien kalifikazioak gordetzeko aipatutako irizpideetan oinarrituta. Aukera hori baliatzeko baldintzak ere zehaztuko dira orduan.

8.2.– Lehiaketa-fasea.

Lehiaketa-fasean, gehienez 45 puntu lor daitezke, baremo honen arabera lortutako puntuak batuta:

a) Emandako zerbitzuengatiko esperientzia. Beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuak ulertzen dira esperientziatzat:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren administrazio instituzionalean Espetxe Administrazioko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalari atxikitako postuetan emandako zerbitzuak.

– Gainerako administrazio eta entitateetan emandako zerbitzuak: Kidego/eskala/aukerako izendapenarekin edo deialdiko eskalaren pareko funtzioak dituen lan-kategoriako kontratuarekin emandako zerbitzuak.

Zenbaketa egiteko, eskatutako betekizunak betetzen dituzten azken 10 urteetako lan-aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

Esperientzia hori baloratzeko, 0,72 puntu emango dira lan egindako hilabete bakoitzeko, eta gehienez 27 puntu lortu ahal izango dira.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzian, senideak zaintzeko eszedentzian eta genero-indarkeriagatiko eszedentzian igarotako denbora esperientzia gisa baloratuko da erreserbako lanpostuan.

b) Tituluak, gehienez 18 puntu.

Ez dira merezimendu gisa baloratuko sartzeko beharrezko betekizun den goi-mailako titulu bat erdiestera bideratutako tituluak, edo goi-mailako titulu hori jada merezimendu gisa baloratu bada. Aurreikuspen horretatik salbuetsita daude lanbide-heziketako espezializazioko ikastaro ofizialetan sartzeko behar diren titulazioak.

– 10,80 puntu emango dira espezializazioko ikastaro ofizial hauetako bakoitzeko:

Posizionamendua bilatzaileetan (SEO/SEM) eta komunikazioa sare sozialetan.

Marketinerako eta salmentetarako eduki digitalak idaztea.

– 10,80 puntu emango dira Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren titulu hauetako bakoitzeko:

Zuzendaritzari Laguntzeko goi-mailako teknikaria.

Administrazio eta Finantzetako goi-mailako teknikaria.

Animazio Soziokulturaleko eta Turistikoko goi-mailako teknikaria.

Gizarteratzeko goi-mailako teknikaria.

Komunikazio Bitartekotzako goi-mailako teknikaria.

Genero Berdintasuna Sustatzeko goi-mailako teknikaria.

Marketineko eta Publizitateko goi-mailako teknikaria.

Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi-mailako teknikaria.

Plataforma Anitzeko Aplikazioak Garatzeko goi-mailako teknikaria.

Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikaria.

Web Aplikazioen Garapeneko goi-mailako teknikaria.

Arrisku Profesionalen Prebentzioko goi-mailako teknikaria.

– 7,20 puntu emango dira Lanbide Heziketako teknikariaren titulu hauetako bakoitzeko:

Administrazio Kudeaketako teknikaria.

Merkataritza-jardueretako teknikaria.

Mendetasun-egoeran dauden Pertsonei Arreta Emateko teknikaria.

Segurtasuneko teknikaria.

Titulu bakoitzaren baliokideak zein diren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren webgunean kontsulta daitezke (https://www.todofp.es/convalidaciones-equivalencias-homologaciones/equivalencias.html).

8.3.– Euskara jakitea.

Euskara jakitea betekizun gisa eskatzen ez den lanpostuetan –derrigortasun-data igarota ez izateagatik– bakarrik baloratuko da; baremo honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokide diren ziurtagiri eta tituluak dekretu hauetan zehaztuta daude: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

9.– Azken kalifikazioa.

9.1.– Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuen baturak zehaztuko du, bai eta euskararen jakintza egiaztatuaren balorazioak ere, azken hori merezimendua bada eta ez betekizuna.

9.2.– Lehentasun-klausula.

Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 21.1.a) artikulua betetze aldera, aplikatu egingo da artikulu horretan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, emakumeak gutxiegi baitaude ordezkatuta Espetxe Administrazioko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan; lehentasuna emango zaie, beraz.

9.3.– Berdinketak hausteko irizpideak.

Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da lehentasun-hurrenkera:

1. Puntu gehiago izatea, guztira, oposizio-fasean.

2. Puntu gehiago izatea 1. probako A zatian.

3. Puntu gehiago izatea 1. probako B zatian.

4. Puntu gehiago izatea 2. proban.

5. Puntu gehiago izatea esperientziaren ondorioz.

6. Esperientzia konputagarriko egun gehiago izatea balora daitekeen aldian.

7. Puntu gehiago izatea tituluen ondorioz.

8. Ordena alfabetikoa, Hezkuntza Sailak 2026-2027 ikasturterako egindako zozketatik ateratako letratik hasita (zozketaren emaitza Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2025eko urriaren 28ko Ebazpenean argitaratu zen, 2025eko azaroaren 5eko EHAA).

9.4.– Prozedura eta erreklamazioak.

Merezimenduen balorazioa egin ondoren, IVAPeko zuzendariak gainditu dutenen behin-behineko kalifikazioen zerrendak argitaratzeko aginduko du.

Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazio-epea amaituta, eta aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, IVAPeko zuzendariak gainditu dutenen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

Zerrenda horietan, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketak hausteko irizpideak aplikatuz.

10.– Lanpostuak aukeratzea.

Merezimenduak alegatzeko ezarritako epean aukeratu beharko dira lanpostuak.

10.1.– Parte-hartzaileak.

Merezimenduak alegatzeko deitzen diren parte-hartzaile guztiek aukeratu beharko dituzte lanpostuak.

Lanpostuak aukeratzeko deia jaso eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera lanpostuak garaiz eta behar bezala aukeratzen ez dituztenak ezin izango dira, inola ere, hautatutzat hartu.

10.2.– Eskainitako lanpostuen zerrenda.

Kidego eta eskala bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan, datu hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, saila edo organismoa, zentro organikoa, destinoko udalerria, esleitutako destino-osagarriaren eta berariazko osagarriaren mailak, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta lanpostuaren betekizun espezifikoak.

10.3.– Lanpostuak aukeratzeko eskabideak.

Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

10.4.– Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.

Lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek, beren lehentasunekin bat etorriz, hurrenkeran ipini beharko dituzte hizkuntza-eskakizunaren arabera eta, hala badagokio, lanpostuei esleitutako betekizun espezifikoen arabera aukeratu ditzaketen lanpostuak.

11.– Hautatutakoen zerrenda.

Merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda argitaratu ostean, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako betekizunak betetzen diren, hautagai bakoitzak zer puntuazio-hurrenkera duen eta zer lehentasun adierazi dituen.

Hautatutakoen behin betiko zerrenda onartuko duen IVAPeko zuzendariaren ebazpenaren 4. oinarrian zehaztutako lekuetan argitaratuko da. Ebazpen horretan, gaitasun medikoaren proba egiteko deia jasoko da, eta aukeratutako bakoitzari proba egiteko lekua, eguna eta ordua adieraziko zaizkio.

12.– Praktikaldia.

12.1.– Gaitasun medikoaren proba.

Proba honen bidez egiaztatu nahi da hautatutakoek ez dutela inolako baztertze-arrazoi medikorik (III. eranskinean ageri dira). «Gai» edo «ez-gai» kalifikazioa emango zaie, eta «gai» kalifikazioa lortu beharko da praktiketako funtzionarioen izendapena lortzeko.

Ezarritako proba medikoak zehaztuko den pertsonal fakultatiboak gainbegiratuta egingo dira, eta hautatutakoen ebazpenean adierazten diren bulegoetan egingo dira.

Arrazoi hauengatik proba atzeratzea eskatu ahal izango da: haurdun egoteagatik, erditu aurreko edo osteko aldian egoteagatik, edoskitzaroan egoteagatik edo tratamendu onkologikoan egoteagatik, gerora sortutako nahiz izaera bereziko egoerengatik, edo bestelako egoerengatik, epaimahaiaren aburuz antzeko beharrizanak dakartzaten heinean. Ahal dela, proba egin baino lehen eman beharko zaio epaimahaiari egoera horien berri, eta justifikazio-agiriak erantsi, bai eta Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri egongo den eskabide bat ere.

IVAPeko zuzendariaren ebazpenaren 4. oinarrian aipatzen diren lekuetan argitaratuko da. Ebazpen horren bidez, jendaurrean jarriko dira gaitasun medikoaren probaren emaitzak, eta 10 eguneko epea irekiko da praktiketako funtzionario izendatzeko egin behar diren gainerako izapideak egiteko.

Emaitzak ikusi ondoren, hautatutako gisa aitortuko dira, «ez gai» kalifikazioa lortzen duten pertsonen kopuru berean, gainditutakoen zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera eta izangaiek lanpostuak hautatzeko izapidean adierazitako lehentasunen arabera, hala egin behar diren izangaiak.

12.2.– Praktiketako funtzionario izendatzeko egin beharreko izapideak.

Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, zeregin hauek egin beharko dituzte hautatutakoek:

– Zerbitzutik bereizteko bateraezintasunik, desgaikuntzarik edo zehapenik ez dutela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu.

– Hala badagokio, izendapena egiteko eta Gizarte Segurantzan alta emateko beharrezkoak diren datuak eta dokumentazioa aurkeztu, bai, halaber, lanerako emango zaien arropa egokitzeko behar den informazioa ere.

12.3.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.

Ezin izango da inor praktiketako funtzionario izendatu –ezinbesteko kasua gertatu ezean– prozeduran zehar betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko fasean zuzenketak egiteko epearen barruan ez baditu dokumentuak aurkezten, edo, aurkeztutako dokumentuak aztertuta, ondorioztatzen bada oinarrietan eskatutako betekizunen bat ez duela betetzen, edo ez baditu aurkezten alegatutako merezimenduen egiaztagiriak, edo ez badauka dagozkion zereginetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa. Kasu horietako bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak baliogabetuko dira, hargatik eragotzi gabe eskabidea faltsutzeagatik erantzukizunak izatea.

12.4.– Praktiketako funtzionario izendatzea.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautatutako izangaiak, baldin eta gaitasun medikoaren proban «gai» kalifikazioa badute eta 12.2 apartatuan jasotako beharrezko izapideak egin badituzte.

Izendatze-agindu horretan jasota geratuko da zer datatan hartuko duten izendatuek jabetzan esleitu zaien lanpostua eta noiz hasi behar duten lanpostu horretan lanean.

12.5.– Praktikaldiaren iraupena eta garapena.

Praktikaldia lau hilabetekoa izango da, eta, gutxienez, 265 orduko presentzia efektiboa bete beharko da dagokion lanpostuan jardunda.

Laneko ordutegian egindako prestakuntza-ikastaroak benetan egindako lan-jarduntzat hartuko dira.

Praktiketako funtzionario izendatzeko aurreikusitako datan hautatutakoa aldi baterako ezintasun-egoeran edo gurasotasun-baimenean badago, izendapena atzeratu egingo da harik eta medikuaren alta jaso arte edo baimen-aldia amaitu arte.

Hautatutako pertsonek praktikaldia atzeratu behar badute aldi baterako ezintasun-egoeran daudelako, seme-alaba jaio, adopzioan hartu edo harreran hartzeagatik baimen-aldian daudelako edo ezinbesteko kausengatik praktikaldia egokiro bete ezin dutelako –epaimahaiak hala balioetsita–, eskaera egin ahal izango dute –behin bakarrik– praktikaldia atzeratu dakien harik eta medikuaren alta jaso arte, baimen-aldia amaitu arte edo ezinbesteko kausaren egoera amaitu arte. IVAPeko zuzendariari egingo zaio praktikaldia atzeratzeko eskaera, eta, eskaerarekin batera, behar diren egiaztagiriak aurkeztuko dira. Ondoren, IVAPeko zuzendariak emango du eskaera onesteko edo ukatzeko ebazpena.

12.6.– Praktikaldia ebaluatzea.

Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan karrerako funtzionario izateko praktikaldia ebaluatzeko orduan, alderdi hauek hartuko dira aintzat:

– Zereginak eta betebeharrak betetzea.

– Laneko kalitatea.

– Ikasteko jokabideak.

– Ekimena.

– Erantzukizuna eta egokitzapena.

– Lankidetzarako jokabideak.

– Giltzapetuekiko, herritarrekiko eta laguntzaileekiko harremanak.

Hierarkian gorago dagoen norbaitek –edo hark eskuordetzen duenak– gainbegiratuko du Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalan karrerako funtzionario izateko praktikaldia, zeinak tutore-lana egingo baitu, eta laguntza eta orientazio profesionala emango baitio praktikaldian den funtzionarioari; horrez gain, txosten bat egingo du epaimahaiarentzat, hartan azaltzeko ea hautagaia aproposa den lanpostuko zereginak betetzeko.

Praktikaldian edo probaldian direnei aldi horren hasieran azalduko zaie zer neurri, metodo eta irizpide erabiliko diren ebaluazioa egiteko.

Praktikaldia amaitzean, epaimahaiak, igorri zaizkion txostenak aintzat hartuta, hautagai bakoitza ebaluatuko du, «gai» edo «ez-gai» kalifikazioa emateko. «Ez-gai» kalifikazioa lortuz gero, karrerako funtzionario izendatua izateko eskubide guztiak galduko ditu hautagaiak.

12.7.– «Gai» kalifikazioa lortzen duten hautagaiek egokitutako lanpostuetan jardungo dute praktikaldiko funtzionarioaren izendapena luzatuta, behar beste denboran, Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako karrerako funtzionarioaren izendapena eta lanpostua jabetzan hartzeko izapideak izapidetu bitartean.

12.8.– Praktikaldia Enplegu Publikoko sailburuordearen ebazpen baten bidez arautuko da.

Ebazpen horrek praktika-fasera osorik edo partez egokitzeko edo salbuesteko neurriak ezarri ahal izango ditu, bertan ezarriko diren kasu eta baldintzetan.

13.– Azken izapideak.

Praktiketan gai deklaratutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, pertsona horiek behar diren izapideak egin beharko dituzte karrerako funtzionario izenda ditzaten.

Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, zeregin hauek egin beharko dituzte hautatutakoek:

– Ordenamendu juridikoa betetzen dutela dioen erantzukizunpeko adierazpena sinatu.

– Esleitutako lanpostuan hasteko aukera hautatu.

14.– Karrerako funtzionario izendatzea eta nor bere lanpostuaz jabetzea.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako karrerako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Izendapenaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko karrerako funtzionario izango dira pertsona hautatuak, eta arlo honetan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta eginbehar guztiak izango dituzte.

Izendatuek izendapen-aginduan adierazitako egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Ezarritako egunean lanpostuaz jabetzen ez denak, ezinbesteko kasuetan izan ezik, galdu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionario izateko eskubide guztiak, deialditik eratorriak, hain zuzen.

15.– Epaimahaia.

15.1.– Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izango ditu: epaimahaiburua, hiru epaimahaikide edo gehiago –betiere, kopuru bakoitia izaki– eta idazkaria, eta horien ordezkoak.

Epaimahaia modu orekatuan egongo da osatuta trebakuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonekin, salbu eta behar bezala justifikatzen bada hori egitea ez dela egokia. Lau kide baino gehiago dituzten hautaketa-organoetan, ordezkaritza orekatutzat joko da sexuetariko bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 81.4 artikuluan ezartzen duenaren arabera.

Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aukera izango du adituei aholkua eskatzeko. Pertsona horiek, epaimahaiarekin lankidetzan aritzen direnean, beren espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo.

Epaimahaiko kideen lana modu indibidualean egingo da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari gisa aritu.

15.2.– Izendapena.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez izendatuko dira epaimahaiko kideak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Izendatutakoek egokitu zaizkien epaimahaiak osatu beharko dituzte, salbu eta desgaitasun, ezintasun edo legezko bateraezintasunen bat, abstentzio-kausaren bat edo ezinbesteko kausaren bat ikusten badu Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak.

15.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.

Epaimahaiko kideak jardutetik abstenituko dira, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari jakinarazita, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako kasuetan. Orobat, jardutetik abstenitu beharko dira hautaprobetan parte hartuko duen hautagairen bat prestatzen jardun badute deialdia argitaratu aurreko bost urteetan.

Aurreko kasuren bat gertatzen denean ere, interesdunek noiznahi izango dute aukera epaimahaiko kideak errekusatzeko, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

15.4.– Jarduteko arauak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Nolanahi ere, epaimahaiburuak aginduta eta idazkariak bilerarako deia eginda bilduko da epaimahaia, hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago, eta, balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzea.

Epaimahaiko kide guztiek izango dituzte hitza eta botoa.

Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bidez ebatziko dira berdinketak.

Epaimahaiburua (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.

Idazkaria (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, epaimahaiaren gehiengoaren erabakiz aukeratutako epaimahaikideak hartuko du haren kargua.

15.5.– Ahalmenak.

Epaimahaia arduratuko da oposizio-faseko probak prestatzeaz, balorazio-irizpideak ezartzeaz eta parte-hartzaileei dagokien puntuazioa esleitzeaz.

Halaber, balorazio-iritzia agertzea eskatzen duten merezimenduak baloratzeaz ere arduratuko da, diskrezionalitate teknikoan oinarrituta eta deialdian ezarritakoarekin bat etorriz. Horretarako, merezimenduak baloratzeko proposamen bat helaraziko dio IVAPek epaimahaiari, organismo horren irizpide teknikoetan oinarrituta.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da, bere jardun-eremuan, prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, proben eduki eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

Bere jardun-eremuan eta ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, eta, azkenik, behar diren irizpideak ezarriko ditu oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako.

Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-faseko ariketen edukia isilpean gordetzen dela bermatzeko, eta gauza bera egingo du azterketak zuzentzean azterketa bakoitza norena den ez jakiteko.

15.6.– Egoitza.

Erreklamazioak elektronikoki aurkeztuko zaizkio epaimahaiari, eta, horretarako, Enplegu Publikoaren Atarian, helbide elektroniko honetan dagoen inprimakia bete beharko da: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

15.7.– Egindako zerbitzuagatik jaso beharreko kalte-ordainak.

Epaimahaiko kideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, bat etorriz arlo honetako indarreko araudiarekin.

Dagozkion kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, epaimahaiari aholkularitza ematen dioten edo zaintzan edo laguntza materialean laguntzen dioten pertsonek.

16.– Lan-poltsak.

Hautaketa-prozesua amaitzean, lan-poltsak berrantolatu egingo dira.

Lan-poltsa berrantolatzeko irizpideak Enplegu Publikoko Sailburuordetzaren ebazpen bidez zehaztuko dira, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren. Bien bitartean, egun indarrean dauden lan-poltsei eutsiko zaie.

17.– Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.

Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra)–, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa –Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa– eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia, datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

– Tratamenduaren arduraduna: Enplegu Publikoko Zuzendaritza. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila.

– Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzen lan-poltsak nahiz lan-kontratudun langileak kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa).

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko eta lan-zuzenbidearen arloko eta segurtasun eta babes sozialaren arloko betebeharrak betetzeko (11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 9.2.b artikulua).

– Informazio-hartzaileak:

– Sindikatuak eta langileen batzordeak.

– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

– Lan-poltsetan dauden langileen datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei eta sektore publikoko entitateei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuetarako irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea eta beste zenbait eskubide (informazio gehigarrian azalduta daude).

– Informazio gehigarria: Webgune honetan kontsultatu dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
ZIGORRAK BETEARAZTEKO LAGUNTZAILEEN ESKALAN SARTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAREN GAI-ZERRENDA

1.– Konstituzioa: oinarrizko eskubide eta askatasunak eta horien bermeak. Herritarren eginbeharrak. Administrazio-jardunaren printzipio konstituzionalak.

2.– Estatuaren lurralde-antolamendua. Alderdi orokorrak. Autonomia-erkidegoak; horien antolaketa eta eskumena. Autonomia-estatutuak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko antolaketa politiko eta administratiboa. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren printzipio orokorrak. Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Eusko Legebiltzarra. Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria.

4.– Euskararen erabileraren hizkuntza-normalizazioa administrazio orokorrean. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren printzipio orokorrak. Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna. Euskararen erabilera normalizatzeko planak.

5.– EAEko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileak. Enplegatu publikoen motak, langile horien eskubideak, langile horien etika- eta jokabide-kodea inspiratzen duten printzipioak, eta diziplina-araubidea.

6.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko alderdiak: kontzeptuak, printzipioak eta datuen tratamendua legitimatzeko oinarriak, pertsonen eskubideak. Datuen kategoria bereziak.

7.– Herritarren eskubideak administrazio publikoekiko harremanetan. Artxibo eta erregistro publikoetara irispidea izateko eskubidea. Kexa eta erreklamazioei erantzutea. Desgaitasuna dutenak. Kulturarteko arreta EAEko administrazioan.

8.– Administrazio publikoen eta haien agintarien eta langileen erantzukizuna.

9.– Zigor-zuzenbidearen esparru orokorra. Kontzeptua eta iturriak. Printzipio orokorrak, egitura eta edukia. Delitua. Arau-hauste penala: kontzeptua eta motak (dolozkoa/zuhurtziagabekeriazkoa; egitezkoa/ez-egitezkoa). Delituaren betearazpen-maila. Auditoretza eta partaidetza. Erantzukizun penala baztertzeko arrazoiak eta inguruabar aldarazleak.

10.– Zigorrak: motak, iraupena eta ondorioak. Aipamena espetxealdi iraunkor berrikusgarriari. Zigorrak ezartzeko erregela orokorrak eta bereziak. Erantzukizun penala azkentzea.

11.– Zigor-arloko prozesua: kontzeptua, xedea eta motak. Jurisdikzio penala: epaitegiak eta auzitegiak. Prozesuko alderdi eta egintzak. Defentsa-eskubidea eta errugabetasun-presuntzioa. Zigor-arloko prozeduraren faseak. Prozedurak: arrunta, zinpekoen epaimahaia, laburtua, delitu arinak. Errekurtsoak: kontzeptua, motak eta ondorioak. Habeas corpus prozedura.

12.– Kautelazko neurriak. Atxiloketa. Prebentziozko espetxeratzea eta behin-behineko askatasuna. Urruntze- eta babes-aginduak.

13.– Espetxe-zuzenbidearen kontzeptua, edukia eta iturriak. Estatuko espetxe-araudia. Nazioarteko eta Europako esparrua; Europako espetxe-arauak.

14.– Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-jarduera. Estatua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-banaketa. EAEko egitura organikoa: zuzendaritza zentroa; espetxeak; zigorrak eta neurri alternatiboak kudeatzeko euskal zerbitzua. Aplikatzekoak diren Justizia Zuzendaritzaren instrukzioak eta ebazpenak.

15.– Espetxe-jardueraren izaera, helburuak eta printzipioak. Barneratuen eskubideak: motak, mugak, babesa eta bermeak. Barneratuen betebeharrak. Espetxeko fitxategietako datu pertsonalen babesa.

16.– Espetxe-establezimenduak: kontzeptua. Eremuak eta zerbitzuak. Establezimendu polibalenteak. Gizarteratze-zentroak. Ziega indibiduala izateko printzipioa eta bizigarritasun-baldintzak.

17.– Espetxearen antolaketa. Kide anitzeko organoak: osaera eta eginkizunak; erabakien efikazia eta araubide juridikoa. Kide bakarreko organoak: eginkizunak eta eskudantziak. EAEko Espetxe Administrazioko lanpostuak: helburuak eta eginkizunak.

18.– Espetxe-erregimena: kontzeptua eta printzipio inspiratzaileak. Espetxeratzeak, aske uzteak, eramate eta lekualdatzeak; komunikazioa eta betearazpen materiala; kasu espezifikoak (desgaitasuna dutenak, haurdunak, seme-alabak dituzten amak, gaixotasun mentala dutenak).

19.– Espetxe-segurtasuna. Kanpoko segurtasuna: eskumena eta helburuak. Barneko segurtasuna: prebentzio- eta kontrol-neurriak; erregistroak, miaketak, konfiskazioak; debekatutako objektuen kontrola; bideozaintza; drogak konfiskatzea; pekulioaren eta ondasunen kontrola; arrisku-eremuak. Baliabide hertsatzaileak; erregimen-mugak; prozedurak jazoera oso larrietan: ihesak, matxinadak, giltzen zaintza, langileen aurkako erasoak.

20.– Diziplina-araubidea. Diziplina-ahalaren oinarria, aplikazio-eremua eta printzipioak. Falten sailkapena eta zehapenak erabakitzea. Preskribatzea eta ezereztea. Zehapen-prozedura. Zehapenak betearazi eta betetzea. Sariak.

21.– Erregimenaren tipologia. Erregimen arrunta: printzipioak eta ezaugarriak. Erregimen itxia: aplikazio-irizpideak, modalitateak eta ezaugarriak. Erregimen irekia: irizpideak, helburuak, modalitateak. Prebentiboen erregimena.

22.– Espetxe-tratamendua: kontzeptua, helburuak eta printzipio inspiratzaileak; barne-banaketa. Gradutan sailkatzea eta indibidualizazio zientifikoaren printzipioa. Espetxe-behaketa eta Behaketarako Espetxe Zentralaren zeregina; barne-zerbitzuko langileen rola behaketan.

23.– Programak eta jarduerak: irizpide orokorrak. Tratamenduaren metodoak, jarduerak eta elementuak. Prestakuntza, kultura eta kirola: nahitaezko irakaskuntzak eta bestelakoak; giza baliabideak eta baliabide materialak; erregimenaren eta tratamenduaren arteko koordinazioa. Hirugarren sektorearen partaidetza. Barneratuek tratamendu-jardueren programazioan parte hartzea.

24.– Espetxe-lana. Lan-harremana espetxe-eremuan: ezaugarriak, lan motak, etetea eta azkentzea. Aukerak (Gizarteratzearen Euskal Agentzia): estatutua, eginkizunak; langile barneratuen nominen eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa.

25.– Baimenak eta programatutako irteerak: Kontzeptua eta izaera. Motak, iraupena eta betekizunak. Emateko prozedura.

26.– Askatasuna eta espetxetik ateratzea. Atxilotuak, presoak eta zigortuak: ziurtagiria eta espetxetik ateratzeko laguntzak. Baldintzapeko askatasuna: modalitateak, betekizunak, izapidetzea, errebokatzea eta kontrola. Espetxe-onurak eta zigorraren betearazpenean duten eragina.

27.– Betearazteko modu bereziak. Barneratze-modalitateak: gizarteratze-zentroak, mendeko unitateak, sail mistoak, gazteentzako sailak, amen unitateak, espetxeez kanpoko unitateak eta espetxeetako unitate psikiatrikoak. Gizartearentzako lana. Kondenak etetea eta zaintzapeko askatasuna. Gailu telematikoak instalatzea eta desinstalatzea.

28.– Prestazioak eta zerbitzuak: osasun-laguntza; higienea eta elikadura; hezkuntza. Espetxeko gizarte-ekintza. Laguntza erlijiosoa. Komunikazioak eta bisitak. Kirola, aisia eta kultura.

29.– Kudeaketa Bulego Bakarra: osaera, egitekoen eta zereginen banaketa (erregimenaren eta tratamenduaren arteko koordinazioa). Barneratuen administrazio-espedientea/protokoloa: egitura eta dokumentazioa. Informazioaren kudeaketa, identifikazioa eta dokumentazioa.

30.– Espetxe-zigorren kudeaketa. Espetxe-eragina duten denborak eta betetze-datak zenbatzea. Bat-egite eta metatze juridikoa; behin-behineko espetxealdiaren denbora kentzea. Delituetatik eratorritako erantzukizun zibila: betetzean duen garrantzia. Atzerritarrak: nazioarteko lankidetza; komunikazioak kontsulatuekin; zigorra ezarri ordez kanporatzea; estradizioa/aldi baterako entrega.

31.– Ekonomia- eta ondare-kudeaketa. Araubide ekonomikoaren printzipio orokorrak. Ondare-araubidea. Ekonomatuen, kafetegien eta sukaldeen kudeaketa. Elikadura-gastuen kudeaketa ekonomiko-administratiboa; jantziak, ekipoa eta tresnak. Balio handiko gauzak eta pekulioa zaintzea.

32.– Espetxe-jardueraren kontrola: espetxe-zaintzako epailea. Eginkizun eta eskudantzia nagusiak Espetxeen Lege Organiko Orokorraren eta Zigor Kodearen arabera. Ebazpenen aurkako errekurtsoak.

33.– Tratu-berdintasuna espetxe-testuinguruan. Berdintasun-printzipioak Konstituzioan, Espetxeen Lege Organiko Orokorrean eta Europako araudian. Generoagatik, jatorriagatik, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, erlijioagatik, desgaitasunagatik edo beste baldintza batzuengatik ez diskriminatzea. Ikuspegi intersekzionala. Emakume barneratuen tratamendu espezifikoa. Diskriminazioaren aurkako protokoloak: prebentzioa, detekzioa eta jarduketa; salaketa- eta babes-mekanismoak; esku-hartzeko prozedurak; koordinazioa zerbitzu espezializatuekin. Espetxeko langileen berdintasun-neurriak. Indarkeria matxisten prebentzioa. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako araudi autonomikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez: xedea; printzipio orokorrak; eskumenak eta eginkizunak.

34.– Pertsonen jokabideen elementuak. Estimuluak eta erantzunak. Indartzea eta zigortzea. Pertsonen jokabidea ebaluatzeko teknikak. Behaketa, autobehaketa, autoerregistroa, autotxostenak eta erregistro psikofisiologikoak. Ebaluazioaren datuak txertatzea eta txostenak egitea. Portaera soziala. Trebetasun sozialak eta horien gabeziak ebaluatzea eta neurtzea.

35.– Espetxearen gizarte-antolakuntza: Kontrol formala eta informala. Giltzapetuaren kodea, jargoia eta hizkera. Espetxeetako azpikulturak. Pilaketaren eta giltzapetuaren jokabidearen fenomenoak. Giltzapetzearen ondorio psikologikoak. Faktore erabakigarriak. Ondorio fisikoak eta psikosozialak. Espetxekotzea eta sozializatzea. Trebetasun sozialetan trebatzeko programak eta horien aplikazioa espetxe-eremuan.

III. ERANSKINA
BAZTERTZE-ARRAZOI MEDIKOEN KOADROA

IKUSMENA

Ikusmen-zolitasunean balio hauetakoren bat dutenak ez-gai izango dira:

1.– 0,33 baino gutxiagoko ikusmen-zolitasun binokularra, betaurrekorik edo lentillarik gabe.

2.– 0,2 baino gutxiagoko ikusmen-zolitasuna, ikusmen moteleneko begian, betaurrekorik edo lentillarik gabe.

3.– 0,8 baino gutxiagoko ikusmen-zolitasun binokularra, betaurreko edo lentillekin.

Era berean, afekzio hauek dituztenak ere baztertu egingo dira:

4.– Erretina-askatzea edo erretinosi pigmentarioa.

5.– Diplopia. Estrabismoa.

6.– Glaukoma. Hemianopsia.

7.– Kristalinoaren subluxazioa. Afakia.

8.– Ikusmena moteltzen duen korneako distrofia. Keratitis kronikoa.

9.– Hemeralopia.

10.– Begietako beste gaixotasun batzuk, Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko zereginetan aritu ahal izatea galarazten dutenak (dagokion mediku-zerbitzuak egoera jakin horren gaineko proposamena egingo du aurrez).

ENTZUMENA

Afekzio hauek dituztenak ez-gai izango dira: bi belarrietatik erabat gor badaude edo erabatekoa ez den gorreria iraunkorra badute eta, ondorioz, entzumen-zolitasun txikieneko belarrian 35 dezibel baino gehiagoko murrizketa badute 1.000 eta 3.000 hertz bitarteko frekuentzietan edo 45 dezibelekoa 4.000 hertzeko frekuentzian.

LOKOMOZIO-APARATUA

Afekzio hauek dituztenak ez-gai izango dira:

1.– Malformazioak edo lesioak, baldin eta iraunkorki ezgaitzen, mugatzen edo baldintzatzen badute artikulazioak lasai mugitu ahal izateko, edo indarra eta malgutasuna murriztu badezakete eskuetan, gorputz-adarretan, gorputz-enborrean eta lepoan, edo ondorio estatikoak badituzte.

2.– Eskoliosia, flexio-luzaketak nabarmen mugatzen dituen heinean. Diskoko hernia.

SISTEMA ENDOKRINOA

Hauek baztertu egingo dira:

1.– Muturreko argaltasuna dutenak: 18tik beherako gorputz-masaren indizea (GMI).

2.– Obesitatea dutenak: 34tik gorako gorputz-masaren indizea (GMI).

3.– Sistema endokrino-metabolikoko beste gaixotasun batzuk dituztenak, gaixotasun horiek Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko zereginetan aritu ahal izatea galarazten duten heinean (dagokion mediku-zerbitzuak egoera jakin horren gaineko proposamena egingo du aurrez).

DIGESTIO-APARATUA

Afekzio hauek dituztenak ez-gai izango dira:

1.– Gibeleko zirrosia.

2.– Hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoa.

3.– Pankreatitis kronikoa.

GERNU-APARATUA

Giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa dutenak ez-gai izango dira.

ZIRKULAZIO-APARATUA

Afekzio hauek dituztenak ez-gai izango dira:

1.– Bihotz-gutxiegitasuna.

2.– Miokardio-infartua edo koronariopatia izan izana.

3.– Arritmiak: Fibrilazio aurikularra. Aurrekitzikapen-sindromea.

4.– Balbulopatiak eta balbula-protesiak.

5.– Odol-hodi nagusien aneurismak.

6.– Bena-gutxiegitasun periferikoak, barize-alterazioen eta alterazio trofikoen zantzuak dakartzatenak.

ARNAS APARATUA

Arnas funtzioan eragina duten gaixotasun pneumologikoak (biriketakoak) dituztenak ez-gai izango dira.

Birika funtzioa espirometriaren edo birika-auskultazio fakultatiboaren bidez definituko da. Baztertuak izango dira erreferentziako zifren % 80tik beherako aireztapen-gaitasuna dutenak.

NERBIO-SISTEMA ZENTRALA

Afekzio hauek dituztenak ez-gai izango dira:

1.– Parkinsona.

2.– Dardara kronikoak.

3.– Epilepsia.

4.– Esklerosi anizkoitza.

5.– Ataxia.

ALTERAZIO PSIKIATRIKOAK

Afekzio hauek dituztenak ez-gai izango dira:

1.– Eskizofrenia.

2.– Nahasmendu bipolarra.

3.– Depresio nagusia.

4.– Izu- edo larritasun-krisia.

5.– Trauma osteko estresaren nahasmendua.

6.– Nortasunaren nahasmenduak: paranoidea, eskizoidea, antisoziala edo mugako nahasmendua.

7.– Afektibitate-nahasmenduak. Distimiak.

KONTROL ANALITIKOAK

Odolekoak eta gernukoak.

1.– Hautagaia baztertzeko kausa izango da alkohola abusuz kontsumitzea. Odol-analisian hautematen diren asalduak aztertuko dira: gibeleko transaminasak (GOT, GPT, GGT) igotzea, eta batez besteko bolumen korpuskularra erreferentziako zifra arruntetatik gora izatea. Halako asalduak agertuz gero, proba osagarriak egingo dira.

2.– Substantzia toxikoak kontsumitzea: opiazeoak, kalamua, kokaina, anfetaminak eta metanfetaminak, psikodisleptikoak, bentzodiazepinak eta abusuzko beste droga batzuk, osasun-azterketan analisien bidez hautemangarriak (substantziak berak edo haien metabolitoak).

3.– Medikuak preskribatuta medikazioren bat hartzen ari direnek, medikazio horrek eragina izan badezake abusuzko drogak hautemateko analisien emaitzetan, medikuaren txosten ofiziala aurkeztu beharko dute tratamendu hori justifikatzeko.

BAZTERTZEKO BESTE KAUSA BATZUK

Afekzio hauek dituztenak ere baztertu egingo dira: hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak edo edozein organo edo sistematako patologiak, baldin eta, epaimahaiaren aburuz eta dagokion medikuaren txostenak aurrez hala proposatuta, Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko zereginetan aritu ahal izatea galarazten badute.


Azterketa dokumentala