
167. zk., 2026ko irailaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 9 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3770
EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Bilboko HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena, Olabeagan espazio libreen toki-sistema zabaltzeko.
AURREKARIAK
Bilboko Udalak, 2026ko maiatzaren 13an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko «Bilboko HAPOren aldaketari, Olabeagan espazio libreen toki-sistema zabaltzeko» (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko ekainaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako inguruabarren artean dago. Bertan, ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa izan behar duten planak eta programak ezartzen dira, zehazki, a) apartatuan: Aurreko paragrafoan aipatutako plan eta programetan aldaketa txikiak egitean eta Euskadiko Ingurumen-administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II. B eranskinaren 2. apartatuan: II.A eranskineko plan eta programa txikien aldaketak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea Olabeagan espazio libreen toki-sistema zabaltzeko, baldintza hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Aldatuko den eremua Bilboko Basurtu-Zorrotza 8. barrutian dago, zehazki, Olabeaga Kaia 22. zenbakian. «L» forma duen 130,93 metro karratuko lurzati bat da, «Hirigintza-eremuen hirigintza-arau bereziak. Basurtu-Zorrotza» agirian definituta dagoen «BZ.06. Olabeaga» eremuaren barnean dago, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) «Eraikin Irekiko bizitegi (a.3 zonakatze xehatua)» moduan kalifikatuta dago eta hiri-lurzoru finkatuaren parte da.
Aldatuko den lurzatiaren iparraldeko mugan Olabeaga Kaia dago, hegoaldean Olabeagako San Nikolas kalea, ekialdean Olabeagako San Nikolas kaleko 12. zenbakiko lurzati pribatu bat eta mendebaldean berdeguneen espazio libre publikoak daude. Gaur egun, lurzatian erabilera ezberdineko zenbait espazio daude: Olabeaga Kaia kaletik ibilgailuekin sartzeko gune asfaltatu bat; harlangaitz-murru bat eta berdegune bat asfaltatutako gunearen azken zatiraino eta eraikin bat beheko solairuan, zaharkitua eta egoera txarrean dagoena, gutxi gorabehera 40 metro karratu dituena. Gaur egun merkataritza-lokalaren erabilera du, Olabeagako San Nikolas kaletik sartzen da bertara eta Olabeaga Kaia kaleko 22. zenbakiko eraikinera atxikita dago. Azken hori HAPOn babestuta dago, D-1 mailako toki-intereseko kultura-ondasunen inbentarioan jasota baitago.
Planaren xedea «Eraikin Irekiko bizitegi (a.3)» erabilera duen lurzatiaren kalifikazioa aldatu eta «Toki-espazio libreen (d.1.2)» erabilera duen lurzati moduan kalifikatzea da. Modu horretan, oinezkoentzat komunikatuta egongo dira Olabeaga kaia eta Olabeagako San Nikolas kalea. Azken hori lur-maila ezberdinean dago (lursailak 8 m inguruko desnibela du). Planean lurzatian dagoen eraikina eraistea planteatzen da, eta horrenbestez, antolamenduz kanpo geratzen da. Gero, ingurua berrurbanizatu nahi da, oinezkoentzat ibilbide irisgarri bat eta espazio libre publiko bat sortzeko.
Hala, atxikitako eraikina desagertzean aukera sortuko litzateke oinezkoen mugikortasuna hobetzeko eta Olabeaga Kaia kaleko 22. zenbakiko eraikinari balioa emateko. Azken horretatik desagertu egingo litzateke bere fatxadari atxikita dagoen elementu narriatzailea.
Horretarako, lursaila zatitu egingo da eta udalak egungo jabeari erosi egingo dio.
Plana onetsi eta gero, dagokion hirigintza-proiektua egin beharko da.
Aztertu diren aukerak.
Ingurumen-agiri estrategikoan bi aukera hauek daude: 0. aukera edo «ezer ez egitea» eta 1. aukera, goiko apartatuan xehatu dena. 0. aukera baztertu egin da. Izan ere, lurzatiaren egungo egoera mantenduko litzateke eta ez litzateke oinezkoen komunikazioa hobetuko eta ez litzaioke baliorik emango babestutako eraikin mugakideari. Beraz, 1. aukera hautatu da.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei ere bai: planak Bilboko indarreko HAPO aldatzen du, «Eraikin Irekiko bizitegi (a.3)» lurzati baten erabilera «Toki-espazio libreen (d.1.2.)» erabilerara aldatzen duelako. Horrela, bi kaleren artean oinezkoentzat ibilbide irisgarri bat ezartzea posible izango litzateke. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondore nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: zarata, lurzoruak, ura, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legedia ezartzeko.
Kokapena, eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen tamaina kontuan hartuta, planari ez zaio zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar, berezitasunik ez duela uste da eta.
2.– Ondoreen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planak Bilbao udal-mugarteko 130,93 metro karratuko lurzati bat antolatzen du. Udalplanaren arabera, finkatutako bizitegi-lurzoru hirikoa da. Litologiari erreparatuz, lurzatia eratzen dute porositatea dela-eta iragazkortasun handia duten alubioi-metaketek. Planaren xede diren lursailak ez daude antolatuta nekazaritza eta basogintzako LPSn.
Eremua Ibaizabalen unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, barneko Nerbioi drainatze-trantsizioko (ES111O000030) ur-masaren isuri-arroan dago, batasunaren arroen eremuan. Aztertu den lursaila partzialki Itsas eta Lurreko Jabari Publikoaren (aurrerantzean, I-LJP) babes-zortasun zonan dago eta gertuen dagoen ibilgua Ibaizabal Nerbioi/Trantsizioa da. Eremuak ez du bat egiten Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementu batekin ere.
Hidrogeologiari dagokionez, aztertu den gunea hegoaldeko antiklinorioa (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean dago, Sopuerta Kuaternarioa sektorean. Lurzatia ez dago EAEko interes hidrogeologikoko zona baten barnean ere eta akuiferoak kutsatzeko zaurgarritasun txikia du.
Eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko natura gune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntuekin edo lekuekin, ezta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin ere. Hala eta guztiz ere, Nerbioi ibaia Lurralde Antolamendurako Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdearen sare hidrografikoan kokatuta dago. Ez du bat egiten, ezta ere, espazio naturalen katalogo irekiaren barneko guneekin.
Eunis habitaten (geoEuskadi) kartografiarekin bat etorriz, eremua eratzen dute dentsitate handiko herriek, eta hiriek eta ez dator bat Batasunaren Intereseko Habitatekin (BIH).
Lurzatia hirigune batean dagoenez, eremuan dagoen fauna antropizatutako eremuetako espezieak dira. Lurzatia ez dator bat mehatxatutako faunaren edo batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen kudeaketa-planetako espazioekin. Hala eta guztiz ere, Ibaizabal trantsizioa hobetu beharreko tarte gisa jasota dago bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planean (Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua), galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita. (2006ko uztailaren 6ko BAO).
Aldatuko den gunea mugan dago Kooperatibaren Etxearekin (46. fitxa), eta eraikitako kultura-ondarearen babestutako elementua da.
Lurzatian ez dago EAEren lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokapenik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatian ez dago sismikotasunaren, baso-suteen edo higaduraren ondoriozko arrisku handirik, ezta ere Seveso zuzentarauaren mendeko enpresak gertu izateagatik eratorritako arriskuengatik. Salgai arriskutsuak garraiatzearen arriskuari dagokionez, lurzatia arrisku handiko Bilbao-Santurtzi trenbidearen 100 metroko eragin-bandan dago.
Uholde-arriskuari dagokionez, eremuan partzialki eragiten dute 100 eta 500 arteko itzulera-arriskua duten uholde-orbanek, lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo eta partzialki baita ere I. taldeko Bilbao-Erandio (ES017-BIZ-IBA-01) Uholde-arrisku potentzial handiko eremuetan (aurrerantzean, UAPHE).
Aurrekoa ikusirik, eta eremuaren nolakotasuna eta proiektuaren ezaugarriak aintzat hartuta, aldaketaren inpaktu handienak obra-fasean gauzatuko dira, beheko solairua eraisten dutenean eta oinezkoentzat ibilbide irisgarria sortzeko berrurbanizazio-lanak egiten dituztenean. Obrak direla-eta, hauen ondoriozko eraginak kontuan hartu beharko dira: eraiste- eta eraikuntza-hondakinak sortzea, makinak atzera eta aurrera ibiltzea, lurzorua okupatzea, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk aireratzearen ondorioz atmosferaren kalitatea gutxitzea, zaratak, istripuz gertatutako isurketek eta partikulak arrastatzeak uren kalitateari eragiteko arriskuak eta abar.
Ustiapen-fasean, beharbada eraginak sortuko dira guneko mugikortasuna handituko delako eta Bilboko HAPOk babestutako «46. Kooperatibaren etxea» Olabeaga kaleko 22. eraikinaren egoera hobetuko delako.
Lurzatiaren uholde-arriskuari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak jakinarazi du «Toki-espazio libreen (d.1.2)» eremuari esleitutako erabilera berria bat datorrela uholde-arrisku horrekin, Ibai eta errekastoen ertzetako lurralde-plan sektorialarekin eta uholde-arriskuari buruzko gainerako sektore-araudiarekin bat etorriz.
Indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturiko prebentzio, babes- eta zuzenketa-neurriak, hasiera batean ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
B) Ebazpen honetan honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin «Olabeagan espazio libreen toki-sistema zabaltzeko Bilboko HAPOren aldaketarako» ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnen arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotzen denarekin bat etorriz.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Ondare historikoa babesteko neurriak.
Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroak xedatutakoari erreparatuz:
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obraren kontrol- eta jarraipen-fasean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Planean esplizituki jasoko da HAPOn D1 (ED-D1-396) babes-maila duen eraikinari atxikitako eraikina eraitsi eta gero fatxada tratatu egingo dela.
Uholde-arriskuari lotutako neurriak.
Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, planaren garapen-proiektuek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.
Itsas eta Lurreko Jabari Publikoa (I-LJP) babesteko neurriak.
Aldaketa jasango duen lurzatia partzialki kokatuta dago itsas eta lurreko jabari publikoaren babeseko zortasun-gune batean. Horrenbestez, planean jasotako esku-hartzeak egiten direnean Kostaldeen 1988ko uztailaren 28ko Legean xedatutakoa beteko da. Aurreko legea aldatu zuten Kostaldea babesteko eta erabilera jasangarrirako 2013ko maiatzaren 29ko Legeak eta Kostaldeen 2014ko urriaren 10eko arautegi orokorrak.
Aurreikusten baldin bada inguru hidrikoa kutsatu dezaketen substantziak zuzenean edo zeharka isuriko direla I-LJPn edo lursailean, URAren Euskal Agentzian izapidetu beharreko nahitaezko baimena beharko da.
Bilboko Portuari lotutako neurriak.
Planak kontuan izan beharko du portuko jabari publikoko espazioak okupatuko baldin badira beharrezkoa dela Bilboko Portuko Agintaritzak nahitaezko baimena edo emakida ematea. Baimen hori emateko baldintzetako bat da portuko lanetan eta ustiapenetan enbarazurik ez sortzea eta horren guztiaren aurretik Estatuko portuen eta merkataritzako ontzidiaren legearen testu bategina onesten duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintza Errege Dekretuan xedatutako izapideak egin beharko dira.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
Planaren garapen-proiektuan lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuari. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak), ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinik ez sortzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, hondakinok kudeatu daitezela apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baloratzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean biltegiratuko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isurketei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Istripuzko isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Iragazgaitzak ez diren eremuetan makinen mantentze-lanak egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluaren arabera.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Birlandaketetan erabiliko diren espezieak bat etorriko dira gune horretako landaredia potentzialarekin.
– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua murrizteko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez da sekula ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Olabeagan espazio libreen toki-sistema zabaltzeko Bilboko HAPOren aldaketak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onetsiko ez balitz «Olabeagan espazio libreen toki-sistema zabaltzeko Bilboko HAPOren aldaketa». Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehazten den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS