
167. zk., 2026ko irailaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 13 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3769
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita: zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» aireko linea aldatzea eta lurperatzea 9044. eta 9050. euskarrien artean, Zierbenako udalerrian (Bizkaia).
AURREKARIAK
2026ko maiatzaren 21ean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazio Zuzendaritzan zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto – Santurtzi 1 eta 2» aireko linea 9044. eta 9050. euskarrien artean aldatzeko eta lurperatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren esparruan (prozedura hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautzen da). Gero, 2026ko ekainaren 11n, dokumentazio osagarria aurkeztu zuen.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz, 2026ko maiatzaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen kontsultak egiteko eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, nahitaez jarri behar dira bidezko ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planak, programak eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 76.2 artikuluan xedatzen duena aplikatuz, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar da, bat datorrelako II.E eranskineko E4 taldeko 4.b) epigrafean deskribatutakoarekin: 15 kV-ko edo tentsio handiagoa eta 1 km-ko edo gehiagoko luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak eraikitzea, oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik igarotzen direnean izan ezik, bai eta haiekin loturiko azpiestazioak ere.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto – Santurtzi 1 eta 2» aireko linea 9044. eta 9050. euskarrien artean aldatzeko eta lurperatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea; honela egingo da:
A) Proiektuaren helburua da zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto – Santurtzi 1 eta 2» aireko linea 9044. eta 9050. euskarrien artean aldatzeko eta lurperatzeko lanak egitea, Zierbenako udalerriko (Bizkaia) hornidura elektrikoa bermatzeko eta hobetzeko.
B) Ebazpen honen bidez zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto – Santurtzi 1 eta 2» aireko linea 9044. eta 9050. euskarrien artean aldatzeko eta lurperatzeko proiektuaren (hemendik aurrera Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematen da. Horrez gainera, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideen arabera:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Zirkuitu bikoitzeko linea elektriko berria 1.378 m luze izango da guztira: 517 m lurpean egongo dira eta 861 m airean. Lehenengo tartea airekoa izango da, 9044N eta 9047N euskarrien artean, 795 metrokoa. Hortik aurrera lurpeko tartea egongo da, 517 metrokoa; 9049 N euskarriraino helduko da, eta handik aurrera aireko beste tarte bat egongo da, 66 metrokoa.
Proiektuko aldaketarako jarduketa hauek egingo dira:
Aireko tartea:
– Euskarri berriak ipiniko dira. 9045N, 9046N, 9047N eta 9049N. (9044N euskarri berria beste proiektu batean ipiniko da).
– LA-180 motako eroale berriak (147-AL1/34-ST1A) ipiniko dira tarte hauetan:
• 9044N eta 9047N euskarrien artean. Guztira zirkuitu bikoitzeko 795 metro eroale ipiniko dira.
• 9049N eta 9050. euskarrien artean. Guztira zirkuitu bikoitzeko 66 metro eroale ipiniko dira.
– 9047N eta 9049N euskarri berriak maniobra-euskarriak izango dira; bi SMO (sarea mozteko organoak) edukiko dituzte, bai eta autobalbulak eta igotzea eragozteko gailuak ere. Euskarri horietan linea airetik lurpera pasatuko da.
– Kontaktu-tentsioaren arriskua saihesteko, 9047N eta 9049N maniobra-euskarri berrien inguruan hormigoizko espaloia eraikiko da.
Egungo 9045., 9046., 9047., 9048., 9051. eta 9049. euskarriak desegingo dira, eta 9044. eta 9050. euskarrien arteko LA 180 motako eroaleak (147 AL1/34 ST1A) kenduko dira. Desegingo den zirkuitu bikoitzeko linearen tartea 1.290 metrokoa da.
Zirkuitu bikoitzeko linearen lurpeko tarte berria 9047N eta 9049N euskarrien artean egongo da. Guztira zirkuitu bikoitzeko 517 metro eroale ipiniko dira.
Proiektuaren arabera, hegaztiak babesteko elementuak ipiniko dira, hain zuzen ere 1432/2008 Errege Dekretuan ezartzen dena betetzen duten elementuak (1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, goi-tentsioko linea elektrikoen kontra talka egitearen eta elektrokutatzearen kontra hegazti-fauna babesteko neurriak jartzen dituena).
Euskarri berrien zimenduak honelakoak izango dira: 9045N euskarriarena 62E248/B15 motakoa, 1,20 m-ko zabalerakoa eta 3,15 m-ko sakonerakoa oin bakoitzean (21,04 m3 hondeatuko dira); 9046N euskarriarena 62E248/B18 motakoa, 1,20 m-ko zabalerakoa eta 3,25 m-ko sakonerakoa oin bakoitzean (21,28 m3 hondeatuko dira); 9049N euskarriarena C-9.000-20E motakoa, 2,04 m-ko zabalerakoa eta 3,14 m-ko sakonerakoa (13,07 m3 hondeatuko dira); 9047N euskarriarena C-9.000-22E motakoa, 2,22 m-ko zabalerakoa eta 3,116 m-ko sakonerakoa (15,56 m3 hondeatuko dira).
Lurpeko kanalizazio berria 0,80 m-ko sakoneran egingo da, lurreko sestratik hodiaren goialderaino neurtuta, galtzadan, eta 0,60 m-ko sakoneran, espaloian edo lur naturaletan. Kanalizazioan 315 mm-ko diametroko lau hodi eta 4×40 mm-ko diametroko hiru tutuko hodi bat egongo dira.
Proiektuari atxikitako hondakinak kudeatzeko azterlanaren arabera, 452,85 m3 hondakin utziko dituzte hondeaketa-lanek eta zanga egiteko lanek.
Aireko tarteen eta lurpeko tartearen lotuneetan tximistorratz-instalazioa ipiniko da. 9045N eta 9046N euskarrien arteko linea bi tokitan linea telefonikoarekin gurutzatuko da, beste leku batean El Morterillo errekarekin eta beste batean zirkuitu bakarreko 13,2 kV-ko «Santurtzi-Zierbena 1. zirk.».aireko linearekin.
Proiektuaren planoen arabera, linea elektrikoaren trazadura berria ez dator bat oraingoarekin, ez aireko tartean, ez lurpekoan. Aireko tartean, euskarri berrien kokapenak apur bat aldentzen dira lehengo euskarrien kokapenetatik. Alderik handiena lurpeko tartean dago, linearen trazaduraren zati bat bide baten ondotik egitea hautatu baita.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, ez dago sarbide berririk egin beharrik, eta, beraz, lur-mugimendurik egin beharrik ere ez. Gainera, 6 euskarri kendu eta 4 berri eraikiko direnez gero, modu iraunkorrean okupatutako lurren guztirako azalera murriztuko da. Euskarri berrietan izan ezik, beste inon ez da lurrik okupatuko modu iraunkorrean.
Aurreikusten da proiektua erabat gauzatuko dela 5 hilabetean. Proiektuaren guztirako aurrekontua 262.884,90 euro da (BEZa barne).
Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba aurkeztu da, hau da, proiektua ez gauzatzearena, eta, horrez gain, proiektua gauzatzeko beste bi alternatiba.
0 alternatiba baztertu da, proiektatutako jarduketa beharrezkoa baita linearen hornidura elektrikoaren jarraitutasuna bermatzeko eta kalitatea hobetzeko.
1. alternatiba da linea gaur egungo trazaduran berritzea dauden euskarriak berrerabilita. Ingurumen-dokumentuaren arabera, alternatiba hau ez da egokia hornidura bermatzeko eta hobetzeko, baina ez da eman horren aldeko argudiorik.
2. alternatiba aztertzen ari garen proiektua da, hau da, linea tarte batean lurperatzea. Linea osoa lurperatzea baztertu da, ez delakoan bideragarria orografiaren poderioz.
Ingurumen-dokumentuan 2. alternatiba hautatzen da. Espedienteko dokumentazioa eta izapidetan eman diren txostenak aztertu dira, eta ondorioztatu da 1. alternatiba baino hobea dela 2. alternatiba: linea tarte batean lurperatuta aireko trazadura laburtzen da eta euskarri gutxiago behar dira.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektua Zierbenako udalerrian egingo da, Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. Trazadura El Morterillo errekaren gainetik pasatuko da. Proiektua Molino del Puerto ustezko eremu arkeologikotik 90 metrora egingo da. Eremu hori Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan (EBE) ageri da urari lotutako ondare arkeologiko gisa.
Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babesturik, ez naturagune babesturik, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako gunerik ere. Nolanahi ere, proiektuko alde batzuk Zierbenako eremuaren barruan daude (LAGetako azpiegitura berdearen biodibertsitate-erreserbetako bat da), baina, dena den, ez du ukitzen horko bilbe urdina, ez eta horrekin lotutako pasabide ekologikorik ere. Zierbenako eremua EAEko Naturaguneen Katalogo Irekian ere badago, eta herri-onurako 66. mendiaren alde batzuk hartzen ditu.
Beste alde batetik, proiektuak ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioko parajerik, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuan (EJ, 2005) inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-balioko tokirik ere. Hala ere, Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoaren arabera, proiektua Seranteseko eta Montañoko hegaletako paisaia interes bereziko «AEIP01» eremuaren barruan egingo da.
Kultura-ondarea dela eta, linea elektrikoak ez du zuzenean ukituko kalifikatutako edo inbentariatutako kultura-ondareko elementurik, baina aipatu behar da hurbil dagoela Molino del Puerto ustezko eremu arkeologikoa: 90 metrora.
EUNIS 2019ko (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, proiektua egingo den eremuan badaude albitz-larreak eta Mesobromiom larreak, Quercus robur nagusi den baso azidofiloa, Pinus radiata sailak, hostozabal-baso natural gazteak, kostaldeko Erica vagans txilardiak, muinoetako iratzedi atlantiarrak eta subatlantiarrak, dentsitate handiko herri eta hiri batzuetako eraikinak, eta heskai-espezie autoktonoak. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuan era askotako landareak daude, eta beraren interesa baxua da eskualderako. Lanak egingo diren eremuan Batasunaren intereseko bi habitat daude): belardi lehor erdinaturalak eta kare-lurren gaineko zuhaixka-geruza (Festuco-Brometalia) (*orkidea bereziko parajeak) «6210*» eta kostaldeko txilardi lehorrak (Erica vagans) «4040*». Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, oraintsu egindako ortoargazkiek erakusten dute Cortaderia selloana landare exotiko inbaditzailea asko zabaldu dela, batez ere 9045. euskarriaren inguruko lurretan.
Ingurumen-dokumentuan adierazten denez, proiektuaren eremuan landare-espezie mehatxatu batzuk daude (Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda): Genista legionensis «galtzeko arriskuan»; Trichomanes speciosum eta Iris latifolia, biak «kalteberak»; Silene uniflora, eskualdean desagertuta eta Convolvulus lineatus, galtzeko arrisku txikiagoa. Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren arabera, Genista legionensis georreferentziatutako zenbait tokitan dago, hain zuzen ere 9047N euskarritik eta linea elektrikoa egongo den tokitik 120 metrora. Eremu hau Genista legionensis espeziearen kudeaketa planean ezarritako kontserbazio eta suspertzeko eremuaren barruan dago (115/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Genista legionensis (Pau) M. Laínzen Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, desagertzear dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik; 2006ko uztailaren 6ko BAO).
Faunari dagokionez, El Morterillo erreka, linea elektrikoak airetik zeharkatzen duena, Bisoi Europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planaren barruan dago (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bisoi Europarraren -Mustela lutreola, Linnaeus 1761- Kudeaketa Plana onartzen duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik). Horren arabera, «hobetu beharreko tartea» da. Gainera, proiektuak usapal europarrarekin lehentasunez esku hartzeko 2. mailako eremu bat ere ukitzen du. Espezie hori EAEn kudeatzeko plana onartu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko martxoaren 13ko aginduaren bidez (Agindua, 2024ko martxoaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Usapal Europarraren (Streptopelia turtur) Kudeaketa Plana onartzen duena). Eremu horietan epe ertainean edo luzean esku hartu behar da, animalia habiagileen eta migrazioan pasatzen direnen kontserbazio-egoera hobetzeko jarduketak edo kudeaketa-neurriak ezartzeko. Proiektuak ez du ukitzen EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planeko eremurik, ez eta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremurik ere (agindu horren bidez arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira; 2016-05-23ko EHAA).
Ingurumenaren gaineko arriskuak direla eta, linea elektrikoa pasatuko den toki batzuetan baso-sutea izateko arrisku oso handiarekin lotutako landareak daude; gainera, linea elektrikoa egongo den eremua arrisku kimikoa dago, SEVESO III Zuzentaraua aplikatzen zaien enpresak daude eta (Exolum Corporation, Repsol Butano, Bilboko Portua-1. sektorea, Bilboko Portua-2. sektorea eta Petronor).
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez dago ibai-uholderako arriskurik, ez akuiferoak kutsatzeko arrisku handirik ez oso handirik, ez Ihobek egindako lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden lurzoruen inbentarioko tokirik. Halaber, ez dago salerosgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzearen ondoriozko arrisku handirik ez oso handirik, eta lurrikara-arriskuak baztertzen dira.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektua gauzatzeko jarduketetarako, lan-plataforma bat beharko da euskarri bakoitzaren inguruan, materialak metatu beharko dira, orain dauden bideak atondu beharko dira, lurzorua okupatu beharko da eta makinen eta materialen joan-etorrien eraginez trinkotu egingo da.
Ingurumen-dokumentuan okupatuko diren eremuen azalerak zehazten dira: lau euskarri berri zimenduak, 70,95 m2); 6 euskarri zaharrak kentzeko lanak, 106 m2; gainera, lur batzuk aldi batez okupatuko dira: lan-plataformak, materialak metatzeko eremuak eta abar, 348 m2. Ingurumen-dokumentuaren arabera, euskarri berrietan baino ez da okupatuko lurra modu iraunkorrean; gainera, eroale zaharrak kentzeko eta berriak ipintzeko lanetan ez da egingo lur-mugimendurik dauden bideak atontzeko, eta euskarri zaharrak kentzeko eta berriak eraikitzeko lanetan ere ez.
Landaretza dela eta, ingurumen-dokumentuaren arabera, 3.033 m2-tan zuhaitzak moztuko dira, eta zuhaitzen % 75 autoktonoak izango dira (haritzak, sahatsak, hurritzak, arteak eta abar). Proiektu honetan ez dago aurreikusita mantentze-inausketak egitea: landareak lineapean baimendutako gehieneko altuerara heltzen direnean baino ez dira egingo. Dokumentuaren arabera, afekzio hori moderatua izango da; nolanahi ere, adierazten da txikia dela landaretza-unitateen hedadurarekin alderatuta. Ingurumen-dokumentuan landaretza-mota bakoitzaren gaineko afekzio-azalera zehazten da: landaretza autoktonoa, 2.284 m2; autoktonoa ez den landaretza, 749 m2.
Beste alde batetik, 9047N eta 9049N euskarrien arteko linearen lurpeko tartearen zatirik handiena lehentasunez esku hartzeko 2. mailako eremuaren barruan dago, eta hortxe daude eraikiko diren euskarri berrietako bi ere.
Hondakinak kudeatzeko azterlanaren arabera, lur-mugimenduetako soberakinak 452,85 m3 izango dira.
Batasunaren intereseko 6210* habitatean (Larre mesofitikoak Brachypodium pinnatum espeziearekin) 168 m2 okupatu beharko dira aldi batez obra-fasean, 9047N eta 9049N euskarrien artean. Habitat horretako 879 m2 -tan moztuko dira zuhaitzak (haritzak, hurritzak eta abar). Habitat horretan egoten diren zuhaitzak dira. Beraz, ez da aurreikusten horko balioetan eraginik edukitzea.. 9045N eta 9046N euskarrien artean, Batasunaren intereseko 4040* habitatean (Kostaldeko txilardi lehorrak) 84 m2 okupatuko dira aldi batez. Habitat horretako 291 m2-tan moztuko dira zuhaitzak, hain zuzen ere basoberritzeko pinuak.
Gainera, eremuan landare aloktono inbaditzaileak daude, eta lanek horiek zabaltzeko arriskua handituko dute; beraz, obra-fasean kontu handiarekin jardun beharko da. Zabaltzeko arriskurik handiena Genista legionensis espeziearena da.
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahalko dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua irekitzeko edo mantentzeko ebaketa- edo inausketa-lanak egingo dira. Proposatutako jarduketen garrantzia kontuan hartuta, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.
Proiektuak bisoi europarrarentzat «hobetu beharreko tarte» bat ukitzen du (espezie horrek kudeaketa-plana dauka Bizkaian). Hori dela eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, obrak bateragarriak dira espeziearen kontserbazioarekin, zeren eta ez baita galduko habitata, populazioak ez baitira bereiziko eta ez baita eraginik sortuko animaliak sakabanatzeko bideetan ez ugaltzeko eremuetan (Serantes mendiaren inguruan). Linea elektrikoak 99 metroko distantzia horizontala mantenduta zeharkatuko du El Morterillo erreka; beraz, ez da egongo urertzeko landaretza kendu, moztu ez inausi beharrik.
Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak hegaztiek jasango dute, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaiak ere. Ingurumen-dokumentuaren arabera, jarduketaren funtsa lehendik dagoen trazadura bat egokitzea denez eta linea berrian behar diren babes-neurriak aplikatuko direnez, gertatuko diren inpaktuak txikiak izango dira.
Bigarrena.– Ebazpen honetan babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto – Santurtzi 1 eta 2» aireko linea 9044. eta 9050. euskarrien artean, Zierbenako udalerrian (Bizkaia), aldatzeko eta lurperatzeko proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak aplikatzen badira.
Babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera aplikatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere eduki beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin bat:
• Ingurumena lehengoratzeko proiektua idatziko da; bertan zehaztu beharko da nola lehengoratuko diren obren eraginpeko eremu guztiak (materialak pilatzeko lekuak, lanlekuak, sarbideak eta abar). Gainera, ingurumena lehengoratzeko proiektuan zuhaizti helduen eta eremuko funtzionaltasun ekologikoaren gaineko eragina konpentsatzeko neurriak bilduko dira. Neurrien helburua izan behar da balantzea zero izatea, hau da, ez gertatzea natura-ondarearen galera garbirik. Landaretzaren gaineko afekzioaren konpentsaziorako irizpidea azalera izan ohi da; honako hau izan behar litzateke: 1:2 (ezabatutako azalera: lehengoratutako azalera). Kontuan edukita proiektuak afekzioa edukiko duela 2.284 m2-tan, gutxienez aurreikusi behar litzateke 4.568 m2 lehengoratzea. Konpentsazio-lehengoratzeak desegingo den linea elektrikoaren eraginpeko eremuetan egin litezke, esaterako. Beste konpentsazio-neurri batzuk ere ezar litezke (ibai-erreken ingurumen-hobekuntza...), baina kontuan edukita aurrean aipatutako zero balantzea lortu behar dela.
Ingurumena lehengoratzeko proiektuan honako hauek ere zehaztuko dira: lehengoratu beharreko eremuak (planoetan), erabiliko diren espezieak, landatzeko metodoa eta esparrua, mantentze-lanak, landaketen bermealdia (3 urtekoa izan behar da, behin betiko errotuta gera daitezen), aurrekontua eta abar. Ingurumena lehengoratzeko proiektua ontzat eman beharko du Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuak, behin betiko onartu baino lehen.
• Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta suntsitzeko plana idatziko da; helburu hauek edukiko ditu: dauden espezie inbaditzaileak ezabatzea eta kontrolatzea, eta proiektuaren lanetan espezie horiek beste toki batzuetan haztea, batez ere aireko linea elektrikoaren segurtasun-zerrendan.
– Landareztatzeko lanak ahalik azkarren egingo dira, haizeteek lurra ez higatzeko eta jariatze-urek solidoak eraman ez ditzaten. Inguruko habitateko berezko espezie autoktonoak landatuko dira.
– Landareztatu beharreko eremuaren antzeko klima- eta lurzoru-baldintzak izan eta barietate autoktonoak ekoizten dituzten tokiko haztegi egiaztatu eta akreditatuetatik datozen haziak eta landareak erabiltzea aholkatzen da.
– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen leheneratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Ondoren, beheragoko geruzetan jarri gabe, ahal den neurrian, jatorrizko lekuan kokatuko da. Landare-estalkia leheneratzeko erabiltzen diren lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie exotiko inbaditzaileak kutsatuta dagoen lurrik ez erabiltzeko.
– Espezie inbaditzaileak dituzten eremuetan hondeaketak egitekotan, hondeatutako landare-lurra ezin izango da landareztatzeko erabili, eta baimendutako betelanetan erabiliko da. Halaber, betelanetan landare-espezie aloktono inbaditzaileen propaguluak haz daitezen ekiditeko, espezie horiek dituzten eremuetako lur-soberakinak kudeatzean bermatuko da beste lur batzuekin estalita gelditzen direla (espezie inbaditzaileen propagulurik gabe) eta gutxienez azaleratik 3 metrora gelditzen direla.
– Erabiltzen diren makinek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, ez izateko arriskurik inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak proiektuaren eragin-eremura hedatzeko.
– Gainera, sustatzaileak ingurumen-zaintza egin beharko du landareztatutako sailen bermealdian (3 urte), obretako lanen ondoren eremu osoan finkatzen diren espezie exotiko inbaditzaileak identifikatzeko eta ezabatzeko, bereziki obrek eragindako intereseko habitatetan.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta soiltze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta uholde-eremuei eragitea saihestuko da.
Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.
– Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin adostuta, lanak hasi baino lehen prospekzioa egingo dute botanikan espezializatutako teknikariek, jakiteko mehatxatutako landarerik dagoen ala ez, eta batez ere Genista legionensis. Izan ere, espezie hori Bizkaiko Lurralde Historikoan kudeatzeko plana onartu zen 115/2006 Foru Dekretuaren bidez (115/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Genista legionensis (Pau) M. Laínzen Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, desagertzear dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik). Gainera, obrak egiten diren artean ingurumen-zaintza egongo da, espezie horri kalterik egiten ez zaiola bermatzeko.
– Mehatxatutako landare-espezie bateko alerik aurkituz gero jarduketa-eremu batean, balizatu egingo da eta gero lanik egin ezin den eremuak mugatuko dira teknikari espezialisten jarraibideen arabera.
– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, eragina proiektua egiteko beharrezkoa den azalerara mugatu dadin.
– Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eduki beharko da lurzoru urbanizaezinean mozketak egiteko.
– Kontu handia izan beharko da proiektuaren afekzio-eremutik kanpo gelditzen diren zuhaitzei kalterik ez egiteko, ahalik eta gehien errespetatuz urriaren 14ko 11/97 Foru Arauak, bertoko zenbait zugaitz-motaren jaurpide bereziari buruzkoak, 1. artikuluan arautzen dituen hostozabalak.
– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak beti moztuko dira era zuzenduan, gainerako landare autoktonoei kalterik ez egiteko.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarekin adostuta:
• Euskarriak kentzen direnean, ez da egin behar bide berririk makina astunak sartzeko. Erabakitzen bada ezinezkoa dela euskarriak kentzea dauden bideetatik arrastaka, airez edo eskuz, aurrean aipatutako zuzendaritzako Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuari galdetu beharko zaio zer egin.
• Zuhaitz autoktonoak ahalik gutxien moztu eta inausi behar dira, proiektua segurtasunarekin egiteko behar beste baino ez.
Fauna babesteko neurriak.
– Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ezartzen duen bezala:
• Proiektuaren eremua hurbil dago hegaztiak talketatik eta elektrokuziotik babesteko Kosta-Barbadun eremutik; horregatik, hegaztiek talka ez egiteko gailuak ipini behar dira linea elektriko berriaren aireko tarteko lur-konexioko kable guztietan.
• Zuhaitzak moztuko diren eremuko mendebaldeko muturra usapal europarrarekin (Streptopelia turtur) lehentasunez esku hartzeko 2. mailako eremuaren barruan dagoenez gero, ezinbestekoa da proiektuari ekin baino lehen fauna-espezialistek alde hori arakatzea, habiarik, ohantzerik eta antzekorik balego ere, zeren eta, egonez gero, gerta bailiteke obren garapena eta/edo kronograma aldatu behar izatea.
– Linea funtzionamenduan dagoen lehen bi urteetan talken ondorioz hiltzen diren hegaztien jarraipena egingo da; horretarako, aldian-aldian ikuskapenak egingo dira hegaztiak babesteko gailuak dauden tarteetan.
– Ikuskapenak gutxienez sei hilabetetik behin egingo dira. Horrela neurriak eraginkorrak izan diren erabaki ahal izango da. Gorabehera larririk detektatuz gero, ingurumen-organoak eskatu ahal izango du gailu gehiago ipintzeko edo daudenak hobetzeko.
Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.
– JPHan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Era berean, baimen horren esparruan zorrotz aztertuko dira ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko dira. Oro har, ezin da makinarik eta ibilgailurik igaro ur-ibilguetan. Ezin izango da egin sare hidrografikoari eragiten dion sarbiderik.
– Obrak egiten diren bitartean laneko plataformak, materialak biltzeko eremuak eta aldi baterako beste okupazio-eremuak ere ibilguen 5 metroko zortasun-eremuetatik kanpo kokatu beharko dira. Hori dela eta, gomendatzen da obratik hurbilen dauden ibilguen zortasun-eremuak balizatzea gomendatzen da, eremu horretatik besteak beste ibilgailurik ez igarotzeko eta materialik, etxerik edo ontzirik ez pilatzeko.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Debekatuta daude urak uhertzea eragin dezaketen jarduerak, eta obrak geldiarazi egin beharko dira meteorologiak premisa hori betetzea eragozten badu.
– Proiektuan beharrezko neurriak ezarriko dira obra-fasean istripuz gertatutako isurtze edo jariatzeak saihesteko, eta lurrazpiko fluxuetara infiltratzea ekiditeko. Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Beharrezkoa bada, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira obra-eremuetan. Gailuen neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
– Obrako makinak gordetzeko eremua, egonez gero, eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik ez tailerreko jarduerarik horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Arreta berezia jarri beharko da hormigoirik edo deribaturik ez isurtzeko inguruko sare hidrografikora irits daitekeen ezein puntutara; horregatik, hormigoi-ontziak edo bestelako makinak garbitzeko leku espezifiko bat planifikatzea gomendatzen da.
– Baimen administratiborik eduki ezean, debekaturik dago ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.
– Lanak egiten diren artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zonifikazio akustikoaren, kalitate helburuen eta emisio akustikoen esparruan Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraituz, obra-fasean erabilitako makinek nahitaez bete behar dute kanpoan lan egiten duten makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen legeria eta, zehazki, aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, zeinaren bitartez kanpoan erabiltzen diren hainbat makinek ingurura igortzen dituzten zaratak arautzen baitira, eta arau osagarriak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraikiz, hondakinik ez sortzea sustatu behar da, edo, bidezkoa bada, hondakinok kudeatu daitezela apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.
– Neurri orokor gisa, teknikoki eta ekonomikoki balorizazio bideragarria duten hondakin guztiek behar duten baimena daukan hondakin balorizatzaileari igorri beharko zaizkio. Premisa hori betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Sistema horiek obrako langile guztiek ezagutu eta nahitaez bete beharko dituzte, eta obrako jardunbide egokien eskuliburuan egon beharko dute jasota.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Bi dekretu horien helburu nagusia da hondakin horien sorrera prebenitzea, eta berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk bultzatzea. Ondorioz, sortzen diren hormigoi-hondakinak zabortegian ezabatu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada hondakin horiek ezin direla balorizatu hondakin horietatik agregakin sekundarioa lortzeko baimendutako instalazioren batean.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.
– Hondeatze-lanetan soberakinik sortuz gero, lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Betelanetarako edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetarako erabiltzen badira, APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da (urriaren 10ekoa, Induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa), apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz (7/2022 Legea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa).
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio-adierazleetan (A-EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
– Gune espezifikoak egokituko dira, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakin arriskutsuak teilapeko gune itxi batean kokatu beharko dira, sarbidea mugatua dela bermatzeko. Gainera, hondakinei eusteko gai diren atxikipen-ontzien gainean jarriko dira, ustekabeko isurketak gertatuta ere.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Sortzen den olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isurketei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatu ere egingo dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.
– Egonez gero, hondeaketa-materiala hezetasun-egoera egokienetan garraiatuko da, hau da, zama-estalkia duten ibilgailuetan, lohiak eta partikulak ez barreiatzeko.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Batasunaren intereseko habitaten eta mehatxatutako fauna-espezieen gaineko afekzioa kontrolatzea.
– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin bere eraginpeko herriguneetako biztanleei.
– Obrak egiten diren bitartean, baso-suteak prebenitzeko protokoloa aplikatuko da; protokoloa aldeko ezaugarri meteorologikoetara moldatu behar da.
– Erakunde eskudun batek adierazten badu su-arriskua altua edo oso altua dela, aldi batez bertan behera utzi beharko dira txinpartak edo su-eragileak sor ditzaketen makinak.
– Makinetan su-itzalgailu operatiboak eta lehen esku-hartzeko materiala egon beharko dira.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Obra amaitu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruko aholkularitza kualifikatua eduki beharko du.
Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta adierazitako kontrolak ezartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkoa egitea zirkuitu bikoitzeko 30 KV-ko «Abanto – Santurtzi 1 eta 2» aireko linea 9044. eta 9050. euskarrien artean, Zierbenako udalerrian (Bizkaia), aldatzeko eta lurperatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 30a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS