
167. zk., 2026ko irailaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (211 KB - 12 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3768
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Santurtzi eta Zierbenako (Bizkaia) «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC linea elektrikoa berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2026ko maiatzaren 21ean, Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean Santurtzi eta Zierbenako (Bizkaia) «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC linea elektrikoa berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko eskaera egin zuen. Prozedura hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean dago araututa.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz, 2026ko maiatzaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen kontsultak egiteko eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, II.E. eranskineko E4 taldeko 4.b) epigrafean deskribatutakoarekin bat etor daitekeelako: 15 kV-ko edo tentsio handiagoa eta 1 km-eko edo gehiagoko luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak eraikitzea, oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik igarotzen direnean izan ezik, bai eta haiekin loturiko azpiestazioak ere.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Santurtzi eta Zierbenako (Bizkaia) «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC linea elektrikoa berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea. Honela:
A) Proiektuaren xedea da «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa berrindartzeko behar diren lanak egitea 2300 zenbakiko (Santurtziko STR banaketa-estazioa) eta 2604 zenbakiko euskarrien artean, Bilboko porturako hornidura-ahalmena handitzeko.
B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez egiten baita Santurtzi eta Zierbenako (Bizkaia) «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC linea elektrikoa berrindartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena (aurrerantzean, Proiektua), proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Ordeztu beharreko linea elektrikoak 2.868 m-ko luzera du guztira airean. Proiektuak jarduketa hauek jasoko ditu:
– Lehendik dauden LA 180 motako eroaleak LA 280 motako eroaleekin ordeztuko dira.
– Zortzi euskarri ordeztuko dira: 9030 zk.; 9033 zk.; 9034 zk.; 9038 zk.; 9040 zk.; 9042 zk.; 9043 zk.; eta 9044 zk. Halaber, 9041 zk. euskarria desmuntatuko da.
– 9038N zenbakiko euskarri berriak maniobra-euskarri gisa funtzionatuko du, eta, bertan, gaur egun 9038 zenbakiko euskarrian dauden bi OCRak (Sarea Eteteko Organoak) instalatuko dira, azken hori desegitea aurreikusi baita. Kontaktu-tentsioaren arriskua minimizatzeko, hormigoizko espaloi perimetral bat egingo da euskarri berriaren inguruan.
– Gaur egun, lineak FOADK motako zuntz optikozko kablea du 2300 zenbakiko (Santurtzi STR (4558)) eta 9038 zenbakiko euskarriaren artean. Euskarria aldatzen den baoetan erregulatu egin beharko da.
– Gainera, 9038N zenbakiko eta 9011 zenbakiko euskarrien arteko tarteetan dauden eroale elektrikoak arautu beharko dira, bai eta 9044N euskarri berriaren eta 9045N euskarriaren artekoak ere.
– Aireko linea berrindartzeko 22 lerrokadura egingo dira.
Proiektuak barne hartzen du abifauna babesteko elementuak instalatzea, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuz, goi-tentsioko linea elektrikoen kontra talka egitearen eta elektrokutatzearen kontra hegazti-fauna babesteko neurriak jartzen dituena.
Aurreikusitako gurutzadurak 132 kV-ko eta 400 kV-ko aireko linea elektrikoetan eta N-639 errepidean izango dira.
Sarbideei dagokionez, eremu berriak ireki eta lehendik daudenak egokitu beharko dira. «Sarbideetan aurreikusitako jarduketak obrak egiteko ezinbestekoak diren gutxienekoak izango dira. Puntu jakin batzuetan, sarbideak ireki edo egokitu beharko dira unean-unean, eta, horretarako, lur-mugimendu txikiak egin beharko dira, sastrakak kendu, lursailaren gainazala erregularizatu eta material granularra eraman».
Ingurumen-dokumentuak Hondakinak Kudeatzeko Azterlan bat jasotzen du eta horren bidez zehazten dira euskarriei lotutako hondeaketek sortutako bolumenak.
Proiektua osorik egikaritzeko 5 hilabeteko epea aurreikusten da.
286.813,41 euro da proiektua egikaritzeko guztizko aurrekontua (BEZa barne).
Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba aurkeztu da, hau da, proiektua ez gauzatzearena, eta, horrez gain, proiektua gauzatzeko beste bi alternatiba.
0 alternatiba baztertu egin da, proiektatutako jarduketa beharrezkoa baita Bilboko portuaren hornidura areagotuko dela bermatzeko.
1. alternatiba apartatu honetan aztertutako proiektua da, eta lehendik dagoen linea berrindartzea barne hartzen du, egungo trazadurako zenbait euskarri berrerabilita.
2. alternatiban linearen zatiren bat lurpetzeko aukera aurreikusten da; hala ere, egungo hirigintza-baldintzatzaileek zein eremuan garatzen ari direnek proposamen bideragarri bat definitzea eragotzi dute, bereziki kontuan hartuta egungo trazadura berrindartu daitekeela.
1. alternatiba hautatu da; izan ere, egungo trazaduraren gainean berritze-lanak egitea bideragarria da, horretarako zenbait euskarritan jarduketa puntualak bakarrik egin behar direlako, eta, era berean, kontuan hartu behar da planteatutako alternatibek ingurunean inpaktu berriak sortuko lituzketela. Alternatiba horrek aukera ematen du lotutako afekzioak jaso ohi dituen eremu baten barruan lehendik dauden azpiegituren ahalmena hobetzeko.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremua Zierbenako eta Santurtziko udal-mugarteetan dago, Bizkaian, eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH). Trazadura 7075 izenik gabeko isurketaren polizia-eremuan dago, eta 2604 euskarria (hurbilen dagoena) aipatutako korrontetik 25 metro ingurura dago. Proiektuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko (EBE) elementurik.
Eremuan ez dago Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babesturik, ez naturagune babesturik, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako gunerik ere. Hala ere, LAGek definitutako azpiegitura berdearen biodibertsitate-erreserben barruan dagoen Zierbenako eremuari eragiten dio, baina ez dago bilbe urdinaren edo hari lotutako korridore ekologikoetan kokatuta. Zierbenako eremua ere jasota dago naturaguneen katalogo irekian. Gainera, jarduketa-eremua partzialki bat dator «Serantes eta beste batzuk» (297 kodea) eta «Serantes»» (326 kodea) onura publikoko mendiarekin (OPM).
Bestalde, proiektuan ez dago zuzeneko bat-etortzerik EAEko Interes Geologikoko Lekuen inbentarioan jasota dauden interes geologikoko puntu edo lekuekin, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariatuekin ere, edo EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekiaren Aurreproiektuan (EJ, 2005) inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-balioekin; hala ere, Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoaren arabera, eremua «AEIP01» Serantes mendia eta Montańoko mendi-hegalen paisaia-interes bereziko eremuen barruan dago.
2501 eta 2604 euskarrien artean, proiektua Itsasertza Babestu eta Antolatzeko LPSk antolatutako espazio batean kokatuta dago, eta linearen trazadurak eta euskarriek «Nekazaritza nahiz Abeltzaintza eta Landazabala» eta «Hirigunea» gisa kategorizatutako lurzoruetan daude; Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, berriz, trazadura «Ingurumen-hobekuntza» gisa eta «Nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-paisaia» eta «Bizitegikoa; industriala; ekipamendua eta azpiegiturak» kategoriatan kategorizatutako lurzoruetan kokatuta dago. Proiektua 119 eta 66 OPMetan kokatuta dago.
EUNIS 2019ko habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), proiektuaren eremua mosaiko bat da, hauek osatutakoa: bazka-belardien eta manipulatu gabeko belardiak; iratzedi atlantiko eta subatlantiko muinotarrak; Erica vagans kostaldeko txilardia; Quercus robur nagusi duen baso azidofiloa; Pinus radiata landaketak; koniferoen landaketa gazteak; beste fruta-arbola batzuen landaketak; asfaltatutako lurrei lotutako landaredia; dentsitate txikiko eraikuntzak eta espezie autoktonoen heskaiak. Jarduketak bat datoz Erica vagans 4040* Kostaldeko txilardi lehor atlantikoko Batasunaren intereseko habitatarekin (BIH).
Ingurumen-dokumentuak adierazten du proiektuaren eremuan flora mehatxatuaren honako espezie hauek daudela (Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda): genista legionensis «galzorian»; Trichomanes speciosum «kaltebera» eta Silene uniflora, eskualdean desagertuta. Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemak eremuan geoerreferentziatuta dauden Genista legionensis erregistro batzuk daude, zehazki 9047N euskarritik eta eraiki beharreko linea elektrikotik 175 metrora.
Proiektua ez dago onartutako kudeaketa-plana duten mehatxatutako faunaren interes bereziko eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, adierazi behar da desmuntatu behar den 9030 euskarriak muga egiten duela Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko 48082-00134 eremuarekin (industriala). Halaber, linea elektrikoaren zati bat baso-sutearen arrisku oso handia duen landarediarekiko mugakidea da, eta, gainera, linea elektrikoa SEVESO III Zuzentarauaren (Exolum Corporation; Repsol Butano; Bilboko Portua-1. sektorea; Bilboko Portua-2. sektorea eta Petronor) mendeko enpresei lotutako arrisku kimikoak eragindako eremu batean dago. Bestalde, ez da hauteman uholde-arriskurik, ez eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia ere. Era berean, ez da hauteman sismikotasunaren ondoriozko arriskurik, eta ez da identifikatu errepide edo trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arrisku handirik edo oso handirik. Lurzoruen higadura hidrikoaren gaineko kartografiari (RUSLE) dagokionez, eremuaren higatze-arrisku potentziala oso txikia da, eta lurzoruaren galera onargarria da (GeoEuskadin kontsulta daiteke).
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, lan-plataformak sortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan eta sarbide berriak ireki eta egungo bideak egokitu beharko dira; hortaz, lur-mugimenduak egongo dira, eta lurzorua okupatu eta trinkotu egingo da makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz.
Zortzi euskarri berri zimendatzeko 97,37 m3-ko lur-mugimenduen bolumena eragingo da. Proiektuaren RBD taulen arabera, 284,6 m2-ko aldi baterako okupazioa zenbatuko da (lan-plataformak, aldi baterako bilketa-eremuak...), eta ingurumen-dokumentuan garrantzi txikikotzat jotzen da horren eragina.
Sarbideei dagokienez, trazadura berrien kasuan 3.013 m2 sortzea eta 3.124 m2 gehiago egokitzea aurreikusten da. Bidalitako dokumentazioaren arabera, jarduketa horietarako ez da lur-mugimendurik egin beharko; azaleko belar-sastrakak garbitu eta egokitzapen arinak egingo dira. Aldi baterako esku-hartzeak dira, obrak egin bitartean egikarituko direnak, eta, beraz, ingurumen-dokumentuan kontuan hartu da haien eragina txikia dela.
Landarediari dagokionez, ingurumen-dokumentuan 307m2-ko eragina aurreikusten da zuhaitzak moztean, eta pinu-aleei soilik eragingo die. Proiektu honetan ez da aurreikusten mantentze-inausketarik; izan ere, landareak linearen azpian baimendutako gehieneko altuerara iristen direnean soilik egingo dira inausketak. Ingurumen-dokumentuak eragin hori ertaintzat jotzen du, baina ez da oso nabarmena landaredi-unitateen hedadurari dagokionez.
Batasunaren intereseko habitaten kasuan, 4040* habitataren aldi baterako okupazioa 478 m2-koa da. Ingurumen-dokumentuan jasota dagoenez, eremuan ez dirudi flora-espezie mehatxaturik dagoenik, baina obrak egiten diren bitartean kontu handiz ibili beharko da Genista legionensis eta Trichomanes speciosum espezieekin. Batasunaren intereseko habitataren eta flora mehatxatuaren gaineko eraginak txikiak dira.
«Zierbenako eremuak» 284m2-ko aldi baterako okupazio-azalera izango du, 9040N eta 9043N euskarrien arteko baoetan. Habitat honetan zuhaitzak moztean 223 m2-ko azalerari eragingo zaio (pinuak).
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahalko dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua irekitzeko edo mantentzeko ebaketa- edo inausketa-lanak egingo dira. Proposatutako jarduketen garrantzia kontuan hartuta, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.
Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak hegazti-faunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Jarduketaren oinarria lehendik dagoen trazadura bat egokitzean eta euskarrietan dagozkion babes-neurriak txertatzean datza, eta, hortaz, ingurumen-dokumentuaren arabera, aurreikusitako inpaktuak txikitzat jotzen dira.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Santurtzi eta Zierbenako (Bizkaia) «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC linea elektrikoa berrindartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira atal hauetan adierazitako neurriak.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin bat:
• Ingurumena lehengoratzeko proiektu bat idatziko da, eta obrek eragindako eremu guztien (pilaketa-eremuak, laneko eremuak, sarbideak, etab.) ingurumen-lehengoratzea jasoko du. Ingurumena lehengoratzeko proiektuan, gainera, lehentasunezko BIHaren (4040*, kostaldeko txilardi lehorrak) eragina konpentsatzeko neurriak jasoko dira. Landarediari eragiteagatiko ohiko konpentsazio-irizpidea gainazalekoa da, eta 1:2 beharko luke (kendu den azalera: leheneratutakoa), nahiz eta beste konpentsazio-neurri mota batzuk har daitezkeen (ibai-ibilguen, kostaldeko itsaslabarren eta abarren ingurumen-hobekuntza), betiere zero oreka lortzen bada; hau da, natura-ondarearen galera garbirik ez badago.
Ingurumena lehengoratzeko proiektuan, alderdi hauek zehaztuko dira, besteak beste: lehengoratu beharreko eremuak (kartografian jaso beharrekoa); erabili beharreko espezieak, landatzeko metodologia eta esparrua, mantentze-lanak; landaketen bermealdia (3 urtekoa izan beharko du, landareak behin betiko errotzea bermatzeko); aurrekontua, etab. Zaharberritze-proiektu hori Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak baliozkotu beharko du, proiektua behin betiko onartu aurretik.
Era berean, leheneratze-proiektuan kontuan hartuko da linea elektrikoaren azpiko ingurumen-leheneratzea, baldin eta eroaleak ordezteko operazioaren ondorioz eremuak kaltetu badira.
• Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko plan bat egingo da. Plan horren helburua izango da, batetik, daudenak ezabatzea eta kontrolatzea, eta, bestetik, proiektua egin bitartean mota horretako espezieen foku berriak ager daitezen saihestea, bereziki aireko linea elektrikoaren segurtasun-kalean.
– Landareztatze-lanak inguruko habitatetako espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, haizearen higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko.
– Landareztatu beharreko eremuaren antzeko klima- eta lurzoru-baldintzak izan eta barietate autoktonoak ekoizten dituzten tokiko haztegi egiaztatu eta akreditatuetatik datozen haziak eta landareak erabiltzea aholkatzen da.
– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen leheneratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Ondoren, beheragoko geruzetan jarri gabe, ahal den neurrian, jatorrizko lekuan kokatuko da. Landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie inbaditzaile exotikoak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
– Espezie inbaditzaileak dituzten eremuetan hondeaketak egitekotan, hondeatutako landare-lurra ezin izango da landareztatzeko erabili, eta baimendutako betelanetan erabiliko da. Halaber, betelanetan landare-espezie aloktono inbaditzaileen propaguluak haz daitezen ekiditeko, espezie horiek dituzten eremuetako lur-soberakinak kudeatzean bermatuko da beste lur batzuekin estalita gelditzen direla (espezie inbaditzaileen propagulurik gabe) eta gutxienez azaleratik 3 metrora gelditzen direla.
– Erabiltzen diren makinek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, ez izateko arriskurik inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak proiektuaren eragin-eremura hedatzeko.
– Gainera, sustatzaileak ingurumen-zaintza egin beharko du landaketen bermealdian zehar (3 urte), obrako lanen ondoren eremu osoan finka daitezkeen espezie exotiko inbaditzaileak identifikatzeko eta ezabatzeko helburuarekin, bereziki batasunaren intereseko habitatetan.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta soiltze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta uholde-eremuei eragitea saihestuko da.
Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.
– Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin bat, botanikako teknikari espezialistek prospekzio bat egingo dute, obrak hasi aurretik, oro har flora mehatxatuaren presentzia detektatzeko, eta, bereziki, Genista legionensis espeziearena. Espezie horrek ekainaren 19ko 115/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako kudeaketa-plana du, zeinaren bidez Bizkaiko Lurralde Historikoko Kudeaketa Plana onartzen baita. Gainera, ingurumen-zaintza ezarriko da, espezie horretan eraginik ez duela bermatzeko.
– Jarduketa-eremuetan flora mehatxatuko aleak aurkitzen badira, aldez aurretik balizatuko dira eta baztertze-eremuak ezarriko dira, teknikari espezialisten jarraibideak kontuan hartuta.
– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi autoktonoa.
– Proiektuaren baitan 307 m2 pinu moztea aurreikusi da. Edonola ere, kontuan hartuko da espezie autoktonoetako zuhaitzak hautematen direnean, ahal den guztietan, inausteari lehentasuna emango zaio, moztearen aurretik.– Landaredi autoktonoa geldialdi begetatiboan inausiko da (neguan), eta zuhaitzaren alde guztiak inausi ahalko dira, orekatuta gera dadin.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren arabera:
• Kentzen diren euskarriak erretiratu egin beharko dira, makina astunentzako sarbide berririk ireki gabe. Ezinezkoa bada lehendik dauden sarbideetatik arrastaka eramatea aireko edo eskuzko bitartekoen bidez, Natura Ondarearen Zerbitzuari kontsultatu beharko zaio, jarduteko modua zehazteko.
• Txilarra ez da kenduko, eta zuhaitz-landaredi autoktonoa proiektua segurtasunez gauzatzeko moztu eta inausi beharko da.
– Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eduki beharko da lurzoru ez-urbanizagarrian mozketak egiteko.
Fauna babesteko neurriak.
– Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ezarri bezala, proiektuaren eremutik gertu dagoenez Kostaldea-Barbadun izeneko abifauna ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko babesteko eremua eta usapal arruntaren (Streptopelia turtur) 2. mailako esku-hartze eremua, talken aurkako gailuak (txoriak babestekoak) jarri behar dira linea elektrikoaren aireko zati osoan.
– Lehen bi urteetan, talken ondoriozko hilkortasunaren jarraipen espezifikoa egingo da, eta, horretarako, txoriak babesteko gailuak dituzten tarteetan aldizkako ikuskapenak egingo dira.
– Ikuskapen horiek sei hilean behin egingo dira gutxienez, eta ezarritako neurrien eraginkortasuna baloratzeko aukera emango dute. Gorabehera garrantzitsurik antzemanez gero, ingurumen-organoak gailu gehigarriak instalatzeko edo daudenak indartzeko eskatu ahal izango du.
Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.
– JPHan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Era berean, baimen horren esparruan zorrotz aztertuko dira ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko dira. Oro har, ezin da makinarik eta ibilgailurik igaro ur-ibilguetan. Ezin izango da egin sare hidrografikoari eragiten dion sarbiderik.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
– Desmuntatu beharreko 9030 euskarria Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko 48082-00134 eremuarekin muga egiten du (industriala); inbentario horretan jasotako partzeletan lur-mugimenduak egiten badira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da.
– Edonola ere, kontuan hartuko da 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 5. apartatuaren arabera, proiektu bat egiteko kutsatuta egon daitezkeen partzeletan hondeatu behar bada, aurreikusitako jarduketak ingurumen-organoari jakinarazi beharko zaizkiola, eta hondeaketa-bolumena 500 m3-tik gorakoa bada (zolatak barne), indusketa selektiborako plan bat aurkeztu beharko dela.
Landa-ingurunea babesteko neurriak.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak ezarri bezala, 119. OPMari eragiten dion eremuan obra egiteko moztu behar diren zuhaitzak administrazio horrek baloratuko ditu. Obra amaitu ondoren amaierako okupazioa ezarritakoa ez bezalakoa bada, doitzea baloratuko da.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
– Proiektuan beharrezko neurriak ezarriko dira obra-faseetan istripuz gertatutako isurtze edo jariatzeak saihesteko, eta lurrazpiko fluxuetara infiltratzea ekiditeko. Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Obraren makina-parkera bideratutako azalera, hala badagokio, eta haren mantentze-gunea drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Arreta berezia jarri beharko da hormigoirik edo deribaturik ez isurtzeko inguruko sare hidrografikora irits daitekeen ezein puntutara; horregatik, hormigoi-ontziak edo bestelako makinak garbitzeko leku espezifiko bat planifikatzea gomendatzen da.
– Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zonifikazio akustikoaren, kalitate helburuen eta emisio akustikoen esparruan Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraituz, obra-fasean erabilitako makinek nahitaez bete behar dute kanpoan lan egiten duten makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen legeria eta, zehazki, aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, zeinaren bitartez kanpoan erabiltzen diren hainbat makinek ingurura igortzen dituzten zaratak arautzen baitira, eta arau osagarriak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinik ez sortzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, hondakinok kudeatu daitezela apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.
– Neurri orokor gisa, teknikoki eta ekonomikoki balorizazio bideragarria duten hondakin guztiek behar duten baimena daukan hondakin balorizatzaileari igorri beharko zaizkio. Premisa hori betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Sistema horiek obrako langile guztiek ezagutu eta nahitaez bete beharko dituzte, eta obrako jardunbide egokien eskuliburuan egon beharko dute jasota.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Bi dekretu horien helburu nagusia da hondakin horien sorrera prebenitzea, eta berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk bultzatzea. Ondorioz, sor daitezkeen hormigoi-hondakinak zabortegian ezabatu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada hondakin horiek ezin direla balorizatu hondakin horietatik agregakin sekundarioa lortzeko baimendutako instalazioren batean.
– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.
– Obren indusketako soberakinei dagokienez, lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Betelanetarako edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetarako erabiltzen badira, APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da (urriaren 10ekoa, Induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa), apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz (7/2022 Legea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa).
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio-adierazleetan (A-EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
– Gune espezifikoak egokituko dira, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakin arriskutsuak teilapeko gune itxi batean kokatu beharko dira, sarbidea mugatua dela bermatzeko. Gainera, hondakinei eusteko gai diren atxikipen-ontzien gainean jarriko dira, ustekabeko isurketak gertatuta ere.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatu ere egingo dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.
– Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Batasunaren intereseko habitaten eta arriskuan dauden fauna-espezieen gaineko eraginak kontrolatzea.
– Hondakinen isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatearen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak eraginpeko eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Obrak egin bitartean, baso-suteak prebenitzeko protokolo espezifiko bat ezarriko da, eremuko baldintza meteorologikoen araberakoa.
– Erakunde eskudunek aitortutako arrisku handiko edo oso handiko egoeretan, txinpartak edo su-fokuak sor ditzaketen makinak erabiltzea eskatzen duten operazioak aldi baterako eten beharko dira.
– Makinek su-itzalgailu operatiboak eta suteen aurrean lehenengo esku-hartzea egiteko materiala izango dute.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Obrak amaitu ondoren, lurra harrotu, soberako materialak kendu eta linea ustiatzeko beharrezkoak ez diren aldi baterako sarbide guztien geomorfologia leheneratuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat izan beharko du; hain zuzen, ingurumenaren, eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan gaitua dagoena.
Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eginkizunak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta adierazitako kontrolak ezartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen Santurtzi eta Zierbenako (Bizkaia) «Abanto-Santurtzi 1 eta 2» 30 kV DC linea elektrikoa berrindartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS