
167. zk., 2026ko irailaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3767
EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 27koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Bilboko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarreko idazkariari laguntzeko organoaren titularraren lanpostua sailkatzen baita. Lanpostua gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.
Bilboko Udalak, 2026ko apirilaren 27ko justifikazio-txostenaren bidez, erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Tokiko Gobernu Batzarreko idazkariari laguntzeko organoaren titular-lanpostuaren sailkapena, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordeta dagoena.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92.bis artikuluaren lehenengo apartatuan xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL, aurrerantzean) emandako idazkeran, Toki Korporazio guztietan beharrezko diren hainbat egiteko publiko daude eta horien erantzukizun administratiboa estatu-mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; eta funtzio horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.
Horrela, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duenak, laugarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, biztanle askoko udalerrietan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen X. tituluan eta zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera beteko dira fede publikoaren eta nahitaezko lege-aholkularitzaren funtzioak, bai eta ekonomia- eta finantza-kudeaketaren eta aurrekontu-kudeaketaren kontrolaren eta barne-fiskalizazioaren eginkizunak ere, eta kontabilitatearen, diruzaintzaren eta diru-bilketaren eginkizunak.
Laugarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuak ezartzen du TAOLen X. tituluaren aplikazio-eremuko udalerrietan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena dagokion autonomia-erkidegoak egingo duela; eta 2.b) atalean ezartzen du Tokiko Gobernu Batzarrari laguntzeko organoaren titularraren lanpostua Idazkaritzaren azpieskalan egongo dela, goragoko kategorian, eta 1. mailan sailkatu beharko dela.
Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Bilbaoko Udalaren eskaerari dagokionez. Eskaera hori dela eta, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak txostena jaso du. Horren bidez, Foru Aldundiak aldeko txostena egin du Bilbaoko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko idazkariari laguntzeko organoaren titularraren lanpostua sailkatzeko eskaerari buruz.
Horregatik guztiagatik, Udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLaren 92.bis artikuluarekin eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriaz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilbaoko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko idazkariari laguntzeko organoaren titularraren lanpostua Idazkaritza azpieskalako, goragoko maila, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea.
Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema izendapen askea izango da.
Hirugarrena.– Bilbaoko Udalak lanpostu hori bere lanpostu zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 27a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
LORETO OSA OCÓN.
RSS