Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2026ko irailaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3755

AGINDUA, 2026ko uztailaren 28koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialentzako 2026ko ekitaldirako laguntzak arautzeko oinarriak onartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren lehentasunezko jardun-arloetako bat da nekazaritza, elikagaigintza eta basogintzaren ekoizpen-eremuetan sektorea egituratzeko bultzada ematea, azpisektore bakoitzaren aholkularitza eta interesak indartzeko artikulazio-elementu gisa, nekazaritzako elikagaien balio-katearen barruan negoziatzeko duten gaitasunean.

Hortik dator Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei laguntzeko «Elkarteak» programa, honako gastu hauek finantzatzeko: funtzionamenduko gastuak, azoketara joatea eta azokak antolatzea, azterlanak eta prestakuntza-jarduerak egitea, jarduerak sustatzeko eta zabaltzeko ekintzak egitea, eta azpisektoreko jarduera-eremu bakoitzean ekoizpena hobetzeko proiektu esperimentalak egitea.

Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026., 2027. eta 2028. ekitaldietarako dirulaguntzen plan estrategikoan daude aurreikusita. Plan hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen. Plana helbide honetan dago eskuragarri: (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/elikadura-landa-garapen-nekazaritza-eta-arrantza-sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2026-2028/). Bestalde, programa honi jarraituz emango diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubideari atxikita daude.

Agindu honen xedea da euskal nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei dirulaguntzak emateko mekanismo bat ezartzea, entitate horiek funtsezkotzat jotzen baitira azpisektore jakin batzuk beren jarduerak sustatuz egituratzeko.

Aginduan aintzat hartu da genero ikuspegia, bai agindua bera egitean, bai aplikatzean, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen arabera, bai eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera ere.

Deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Eta bat etorriz ekainaren 30eko 7/1981 Gobernu Legearekin (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia eta oinarri arautzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialentzako 2026rako laguntzen oinarri arautzaileak deitzea eta onartzea. Agindu honen eranskinean daude jasota.

Azken xedapenetako lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Azken xedapenetako bigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 28a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialentzako dirulaguntzak arautzea.

2.– Laguntza hauen bidez, diruz lagundu nahi da sozietatearen helburuak betetzeko beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak ordaintzeko, elkartekideak sustatzeko azokak eta lehiaketak antolatzeak edo haietan parte hartzeak eragindako gastuak ordaintzeko, bai eta 2026. urtean azterlanak eta prestakuntza-jarduerak egiteak, jarduerak sustatzeko eta zabaltzeko ekintzak egiteak eta jarduera-eremu azpisektorialean ekoizpena hobetzeko proiektu esperimentalak egiteak eragindako gastuak ordaintzeko ere.

2. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Laguntzak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kredituetatik aterako dira soilik, eta guztira 350.000,00 (hirurehun eta berrogeita hamar mila) euro izango dira; haietatik 250.000,00 (berrehun eta berrogeita hamar mila) euro nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan erabiliko dira, eta 100.000,00 (ehun mila) euro elikadura sektorean.

2.– Laguntza-deialdi honen kontura emango diren laguntzen kopuru osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan izendatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean den legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada, zenbateko hori egokitzetik ateratzen dena ere. Aurrekontu-gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 40 handitu ahal izango da gehienez– deialdiaren ebazpena eman baino lehen, eta horren berri emango da Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, baina horrek ez du esan nahiko eskaera berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.

3. oinarria.– Definizioak.

Oinarri hauen ondorioetarako, honela ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:

1.– Elkartea: jarduera kolektibo bat modu egonkorrean egiteko eratutako pertsona-taldeak, demokratikoki antolatuta daudenak, irabazi-asmorik gabeak eta independenteak, nortasun juridiko propioa dutenak, ekoizleek, eraldatzaileek edo lehen sektoreko, basogintzako edo elikagaigintzako agenteek osatuak, borondatez antolatzen direnak nekazaritzako, elikagaigintzako edo basogintzako produktuak ekoiztearekin, eraldatzearekin, merkaturatzearekin edo balorizatzearekin lotutako interes komunak defendatzeko eta sustatzeko, eta haien funtzionamendua arautzen duten estatutuak dituztenak.

2.– Federazioa: bigarren mailako entitatea da, lehen sektoreko, elikagaigintza-sektoreko edo basogintza-sektoreko zenbait elkarte, talde edo entitate adierazgarrik osatua, zeinak bat eginda baitaude estrategia komunak koordinatzeko, ordezkaritza sektoriala indartzeko eta irismen handiagoko jarduketa bateratuak sustatzeko.

3.– Nekazaritza-sektorea: ekonomiaren sektorea, landare- eta animalia-jatorriko ekoizpen primarioko jarduerek osatua, barne hartzen dituena nekazaritza, abeltzaintza eta beste jarduera batzuk, zeinak zuzenean lotuta baitaude lehengaiak eta elikagaiak lortzeko baliabide naturalen ustiapenarekin.

4.– Elikagaigintza-sektorea: giza kontsumorako elikagaiak eraldatzeko, egiteko, kontserbatzeko, ontziratzeko, banatzeko eta merkaturatzeko jarduerek osatzen dute ekonomiaren sektore hau.

5.– Basogintza-sektorea: ekonomiaren sektorea, baso-antolamenduko jarduerek eta zuraren lehen transformazioko industriak bultzatzeko eta sustatzeko jarduerek osatua.

4. oinarria.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izan daitezke beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarte profesionalak eta haien federazio eta konfederazioak.

2.– Kanpoan geratzen dira sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea helburu dutenak.

5. oinarria.– Onuradun izateko betekizun espezifikoak eta debekuak.

1.– Eskabideak aurkezteko epean betekizun espezifiko hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

a) Legez eratuta eta inskribatuta egotea dagokion erregistroan, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Diruz lagundu daitezkeen jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira.

c) Bere helburu soziala soilik nekazaritza-, elikagaigintza- edo basogintza-sektorearen interesak defendatzeari eta ordezkatzeari lotuta egotea.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.

e) Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.

2.– Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:

a) Egunean ez daudenak indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharretan ere.

b) Egunean ez daudenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitatek emandako dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketetan, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen edo dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da). Pertsona edo entitate eskatzaileek edo onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean dutela onartuko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitaterekin zorrik ez badute, dirulaguntzak betearazpen-aldian itzultzearekin lotuta, edo, premiamendu-bidea ezarri ezin zaien pertsona edo entitateen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik ez badute. Era berean, ulertuko da pertsonek edo entitateek egunean dituztela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak, zorrak zatituta edo geroratuta eta bermatuta badaude, edo haiek bertan behera uztea erabaki bada dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta.

c) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzur eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.

d) Epai irmo bidez zehatuta daudenak eta, beraz, legeetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

e) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua zein publikoa izan, zehatuta badago Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.

f) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.

g) Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, ez badaude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legean; edo ez direnak Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

i) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta ez egotea, edo hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatuta izatea.

k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahastuta egotea. Halaber, inskripzioa egiteko administrazio-prozedura eten ez izana ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.

l) Otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, LGTBI-fobia egin, zirikatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

3.– 1. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, dagokion erregistro-ziurtagiria, eratze-akta eta estatutuak aurkeztuko dira, eta haiek dagokion administrazio-organoak ikus-onetsita egon behar dira.

4.– 2. apartatuan adierazitako debekurik ez dagoela egiaztatzeko, a) azpiapartatuan ezarritakoa izan ezik, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, I. eranskineko ereduaren arabera. Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde bat bada, kide guztiek banaka sinatu beharko dute eranskin horretan jasotako adierazpena.

5.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak edo Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, bai eta nortasun-egiaztapena, NANa, erroldatzea eta bizileku-baimena ere –hala dagokionean–, eskatzaileak berariaz aurka egiten ez badu; kasu horretan, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola laguntza jasotzeko, eta, hortaz, egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.

6.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi errekeritu ahal izango du aurkez dakizkiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak jakinarazi behar du eman zaion laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri.

7.– Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikulua betez, ezin izango zaie ez laguntzarik ez dirulaguntzarik eman nekazaritzaren arloan diharduten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da eskakizun hori betetzen dela.

6. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntza jaso ahal izango da jarraian aipatzen diren gastuengatik, 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egindakoak badira, % 70eko gehieneko mugarekin:

a) Nekazaritza-, elikagaigintza- eta/edo basogintza-sektoreko jardueraren baldintzak sustatzeko eta hobetzeko azterlanak eta prestakuntza-jarduerak, presentzialak zein telematikoak, egiteko gastuak.

b) Azpisektorearen eremuan ekoizpena hobetzeko proiektu esperimentalak egiteko diren gastuak.

c) Elkartearen jarduerak sustatzeko eta zabaltzeko ekintzetarako gastuak.

d) Nekazaritzako, abeltzaintzako, elikadurako edo basogintzako azokak eta lehiaketak antolatzeko edo haietan parte hartzeko gastuak, aurrez aurrekoak edo telematikoak, bai autonomikoak, bai estatukoak. Ekitaldi bakoitzeko, gehienez ere, bi ordezkari izango dira.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izango da jarraian aipatzen diren gastuengatik, 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egindakoak badira, % 50eko gehieneko mugarekin:

a) Nominako langileen gastuak, salbu eta kaleratzeagatiko eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak. Ezin izango da inolaz ere diruz lagundu beste ekitaldi batzuetako gasturik.

b) Ordezkaritzako langileen gastuak: bidaietatik, ostatutik, garraiotik eta dietetatik eratorritakoak izango dira, baldin eta diruz lagundutako jardueretarako beharrezkoak izan badira.

c) Helburuak lortzearekin lotutako funtzionamendu-gastu hauek:

– Alokairuak, entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzena bakarrik.

– Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak, baldin eta entitate eskatzailearen funtzionamendurako beharrezkoak badira (lege-aholkularitza, gestoria, informatika...).

– Hornidurak, soilik entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzetako ur korrontearen, elektrizitatearen, gasaren eta telefonoaren gastuei dagozkienak.

– Zainketa- eta konponketa-gastuak, ibilgailuenak izan ezik.

– Mezularitza- eta komunikazio-gastuak, bulegoko materiala, erreprodukzioak eta inprimategia.

– Argitalpenen harpidetza-kuotak.

– Beste entitate batzuetako kide izateagatik ordaindutako kuotak.

3.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute gastuek. Onuradunak dirulaguntzaren xede diren ekintzak erabat azpikontratatu ahal izango ditu, aipatutako lege-xedapenaren 31. artikuluan ezartzen diren mugekin.

4.– Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko aurkeztutako gastuengatik ordaindutako BEZari dagokion zatia, ez eta, oro har, beste edozein zergari dagokiona ere, eta, oro har, argi eta garbi definituta ez dauden eta 6. oinarriaren 1. eta 2. apartatuetan jasotakoekin zuzenean identifikatu ezin diren gastu guztiak.

7. oinarria.– Kuantifikazio-irizpideak.

Onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbateko zehatza zehazteko, aurkeztutako memoria teknikoari puntuazio metagarria aplikatuko zaio, honako irizpide hauen arabera:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere 5 puntu).

b) Entitate eskatzaileak aldezten dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere 15 puntu).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere 25 puntu).

d) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan entitateak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere haren arloa modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere 15 puntu).

e) Lanbideko azoketan izan duen parte-hartzea (gehienez ere 10 puntu).

f) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (gehienez ere 15 puntu).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (gehienez ere 15 puntu).

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari, Elikagaien Sektoreari eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzenduko zaie laguntza-eskabidea, oinarri honen 8. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

2.– Hilabeteko epea egongo da 2026ko laguntza-deialdi honetarako eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Interesdunek eskuragarri izango dute laguntza hau eskatzeko inprimakia, oinarri honen 8. eta 9. apartatuetan adierazitako helbidean, eta haren edukia I. eranskinean agertzen da. Eskabide-inprimakian, baldintza guztiak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren xehetasuna jasotzen dira.

4.– Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzeko, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako eskabide-inprimakia behar bezala beteta aurkeztu beharko da. Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Gastuen xehetasuna, II. eranskineko ereduaren arabera.

b) Entitateak 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako edo egitea aurreikusitako jardueren eta ekimenen edukia deskribatzen duen memoria xehatua, eskatutako gastuen eta jardueren arabera. Jarduera bakoitzerako honako eduki hauek zehaztu beharko dira: egutegia (datak) eta egiteko lekua, parte-hartzaileen kopurua eta ekintzen xedea, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), helburu bererako lortutako laguntzak, bai eta laguntzaren beharra eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste alderdi guztiak ere, III. eranskineko ereduaren arabera.

c) Hala badagokio, entitatea batasun, federazio edo bestelako entitate baten barruan dagoela egiaztatzen duen agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Erakundeak edo elkarteak laguntzak eskuratzeko hartu duen erabakiaren ziurtagiria, IV. eranskineko ereduaren arabera.

f) Dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

g) Hala badagokio, BEZaren aitorpena egitetik salbuetsita dagoela dioen ziurtagiria, foru-aldundiak eginikoa.

h) Hirugarrenen alta-agiria, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean. Elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/). Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta entitateek hirugarrenaren alta lortzeko erabili beharko dute zerbitzu hori.

i) Entitatearen eraketaren eta estatutuen akta, dagokion administrazio-organoak ikus-onetsiak, eta, hala badagokio, eskatzaileak jarduteko duen ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa.

5.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak dagokion arloan eskumena duen zuzendaritzari baimena ematen diola zuzenean eskuratu ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.

6.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eta Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak eskatu ahal izango dute aurkeztu den eskabidea behar bezala ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten bestelako dokumentazio edo informazio osagarria.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, helbide hauetan:

– Elikagaigintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083407

– Nekazaritza- eta basogintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113512

8.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide hauetan eskuratu daitezke:

– Elikagaigintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083407

– Nekazaritza- eta basogintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113512

9.– Eskaeraren osteko izapideak, jakinarazpenak barne, honen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

10.– Helbide honetan daude zehaztuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

11.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta oinarri hauen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza ez badago erregistro horretan inskribatuta, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

12.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatu denean eta eskatzaileak espresuki deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

13.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9. oinarria.– Agiriak zuzentzea.

Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela joko dela, hirugarrenaren altari dagokionez izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

10. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari eta Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari dagokie prozedura hau kudeatzea, eta txosten bat egin beharko dute espedienterako, non jasota geratuko baita eskura duten informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek betetzen dituztela laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak. Txosten hori ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.

2.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Prozedura horretan, aurkeztutako eskabideak alderatu ondoren, oinarri hauetan aurreikusitako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.

11. oinarria.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru kidek osatua. Hiru kide horiek bokal izango dira. Kide bat Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak izendatuko du, beste bat Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, eta hirugarrena aholkularitza juridikoko kide bat izango da. Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak batera emandako ebazpen baten bidez izendatuko da Batzordea. Ebazpen horretan zehaztuko da nor izango den idazkaria eta batzordeburua, eta batzordekide guztien ordezkoak izendatuko dira.

2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaio laguntzaren eskatzaile bakoitzari, https://www.euskadi.eus/micarpeta eta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbideen bidez, lehenengo bilera egin aurretik, bilera egin baino bost egun lehenago gutxienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako eskubideak (abstenitzekoa eta errekusatzekoa) baliatzen direla bermatzeko.

3.– Balorazio Batzordeak, dagozkion eginkizunak betetzearren, aztergai den gaiko adituak bileretara bertaratu daitezela eskatu ahalko du, baita aholku eman dezatela ere. Batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

4.– Balorazio-batzordearen egitekoak honako hauek izango dira:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Balorazio Batzordeak proiektuak aztertuko ditu, adierazitako irizpideei jarraikiz, eta puntuak esleituko ditu, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera.

5.– Ondoren, txosten bat egingo du, non zehaztuko baita egindako ebaluazioaren emaitza. Txostenak pertsona eskatzaileen zerrenda jasoko du, sektorearen eta eskatzaile bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera.

6.– Sektore bakoitzerako aurreikusitako zenbateko ekonomikoa iristen bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie laguntza, aurrez erabakitako zenbatekoan. Gehieneko zuzkidura globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, eskatzaile bakoitzari zenbat dagokion kalkulatuko da, sektore bakoitzean erabilgarri dagoen zuzkidura ekonomikoa sektore horretako onuradunen artean hainbanatuta, lortutako puntuen arabera, funtsak erabat agortu arte.

7.– Sektore batean soberakinik badago, besteari egotziko zaizkio, erabat agortu arte.

8.– Batzordeak funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era arteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

12. oinarria.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak eta Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo dute, behar bezala arrazoituta. Proposamen horretan, adierazi beharko dute zer eskatzailerentzat proposatzen den dirulaguntza, zenbatekoa den eta zeinentzat proposatzen den ukatzea.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzaile horren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 1. apartatuaren arabera emandako behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz. Behin betiko ebazpen-proposamena Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari helaraziko zaio.

13. oinarria.– Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea.

1.– Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak du laguntzak ebazteko eskumena, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren eta Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariaren proposamena entzunda, eta aldez aurretik txosten bat izanik, non adieraziko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatutako pertsona eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa.

2.– Laguntzak esleitzeko ebazpenean, laguntza esleitu zaien hautagaien zerrenda identifikatuko da, haien puntuazioa adierazita, baita baztertutako eskatzaileen zerrenda ere, eta baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira.

Era berean, honako hauek jaso beharko ditu: ordainketaren xedea eta zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenetan oinarrituta eman den, eta dirulaguntza arautzen duten oinarriek eskatzen dituzten gainerako baldintzak eta betekizunak.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluak xedatzen duenaren arabera, gehieneko epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek administrazioaren isiltasunez ezetsitzat jo beharko dute dirulaguntza emateko eskabidea.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari jarraikiz. Argitaratzeaz gain, interesdun bakoitzari ebazpen osoa banan-banan jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko pertsonari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuta agertuko dira.

5.– Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen emate- edo ukatze-ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.

14. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntzaren xede diren gastu guztiak behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da laguntza. Horretarako, gastuaren egiaztagiriez gain, I. eranskinean adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, 8. oinarrian adierazitako web-helbidean eskuragarri dauden ereduei jarraikiz. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko memoria deskribatzaile xehatua, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita, gastuen xehetasun xehatuarekin, III. eranskineko ereduaren arabera.

b) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak benetan egin direla egiaztatzen duten dokumentuak: material grafikoa eta fotografikoa, prentsa-oharrak, liburuxkak, kartelak, sare sozialetako jarraipena. Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, ikusteko modu argian adierazi beharko da haiek Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan ezarritakoaren arabera.

c) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data, V. eranskinean agertzen den gastuak justifikatzeko ereduaren arabera. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

e) Horrez gain, behin betiko fakturak edo diruz lagundu daitekeen gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira, gastuaren frogagiriekin batera.

2.– Egindako gastuak justifikatzeko azken eguna, beranduenez ere, 2026ko azaroaren 10a izango da. Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

3.– Gastua egiten ez bada edo gastua egin izana egiaztatzen duen agiririk aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da. Baldin eta justifikatutako gastuaren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, 16. oinarriaren 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuko da, eta laguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da.

15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza eman izanaren ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari beren-beregi uko egiten ez badio, onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo jarrera hartzea.

c) Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari justifikatzea dirulaguntza emateko bete beharrekoa: eskakizunak eta baldintzak betetzea eta jarduera gauzatzea. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

d) Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren esku jartzea inbertsioa edo gastua egin dela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, oinarri hauen kontura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia ematea.

f) Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzari idatziz jakinaraztea, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jaso dituztela beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik, horren berri izan bezain laster, eta, edonola ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo une horretan bertan.

g) Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela, horren berri izan bezain laster, eta, edonola ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo une horretan bertan.

h) Egiaztatzea, emate-ebazpena proposatu baino lehen eta hura ordaintzeko unean, egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

i) Jasotako funtsak edo gauzatutako jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

j) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen dokumentu eta material guztietan.

k) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

l) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa adieraztea.

m) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Pertsona onuradunak oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo proiektua partzialki betetzen ez badu eta, ondorioz, laguntza ematea eragin zuen xedea osorik indargabetzen badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat gertatzen bada, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesdunari entzun ondoren, ebazpen baten bidez adieraziko du dirulaguntza jasotzeko eskubide osoa edo partziala galdu duela eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzultze-prozedura gertatzen bada administrazioko arau-hauste baten ondorioz, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, dagokion zehatze-prozedura hasteko.

3.– Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako gaikuntzaren arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak edo Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak hasi, bideratu eta ebatziko ditu itzulketa-prozedurak. Administrazioaren ebazpenak eskuordetzaz baliatuz ematen badira, espresuki adierazi behar da ebazpen horiek eskuordetzaz baliatuz eman direla, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira. Horregatik, itzulketa-prozeduraren ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari.

17. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntzen arauan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen badira. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2.– Gastuaren behin betiko kostu erreala onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada (laguntza zehazteko baliatu zen aurrekontu hori), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren edo Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

3.– Onartutako proiektua bere osotasunean itxuragabetzen duen ez-betetzeren bat eginez gero, emandako dirulaguntza ezeztatu egin ahal izango da.

18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du, eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Atzera egin nahi bada, jasota geratzeko aukera ematen duen edozein bitarteko erabili ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak gehitzen badira. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak edo Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta amaitutzat emango du prozedura.

2.– Pertsona onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio laguntza onartu ondoren ere, 15. oinarrian ezarritako betebeharrarekin bat etorrita. Uko-egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion izenpeak baditu. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat deklaratuko du. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen baten bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

19. oinarria.– Bateragarritasun-araubidea.

Oinarri hauetan araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin. Muga hori gaindituz gero, programa honen babespean emandako laguntzari kenduko zaio gaindikinari dagokion zenbatekoa. Hala ere, laguntza hauek bateraezinak dira urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren babesean emandakoekin (240/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena).

20. oinarria.– Datuen babesa.

Oinarri hauek aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

I. ERANSKINA
ELKARTEAK 2026, ELKARTE ETA FEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZAK
ESKABIDE-INPRIMAKIA, ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

a) Eskabide-inprimakia.

Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragai:

– Elikagaigintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083407

– Nekazaritza- eta basogintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113512

Hau da inprimakiaren oinarrizko edukia:

Kodea. Nekazaritzako 0113512/Elikagaigintzako 1083407

– Organo kudeatzailea: Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritza/Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.

– Nortasun-datuak.

• Titularra.

• Ordezkaria.

– Abisuak jasotzeko datuak.

• Helbide elektronikoa.

• SMS.

• Jakinarazpenetako hizkuntza.

• Adostasuna.

– Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Zerga-egoitza.

– Jarduera zer udalerritan gauzatuko den. Lurralde Historikoa/udalerria.

– Pertsona juridikoak: sozietate-izena, kapital sozialaren egungo egitura, IFZ eta sozietate-partaidetza.

– Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan: parte-hartzaileen izen-abizenak eta IFZ.

– Emakumeek zuzendaritza-organoetan nolako presentzia duten, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 19. artikulua aplikatuz:

• Emakumeak daude:

• Zuzendaritza-organoa osatzen duten pertsonen kopurua:

• Emakumeen kopurua:

b) Erantzukizunez adierazten du:

1.– Egunean dagoela kantitateen ordainketari dagokionez, baldin eta halakorik zehaztu bada EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruko itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean.

2.– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik, penalik edo epai irmo bidezko kondenarik, ezta horretarako inolako legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zeinaren testu bategina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen.

3.– Ez duela eskatu konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, ez dagoela esku-hartze judizialaren mende edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitzealdia amaitu gabe.

4.– Ez duela jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez.

5.– Ez duela Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.

6.– Ez duela urratu Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).

7.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo ez dutela Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan erregulatutako hautapen bidezko karguren bat, lege horretan edo arlo hau erregulatzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

8.– Ez duela zehapenik ebazpen irmo baten bidez, jasotako laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzur eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak.

9.– Ez duela egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

10.– Elkarteen kasuan, ez daude sartuta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan. Administrazio-prozedura ez da eten ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

11.– Administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, ez dutela zehapenik jaso Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko ingurumen-administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

12.– Ez duela LGTBI-fobia gauzatu, bultzatu edo sustatu, horren barruan sartuta konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

13.– Ez duela urratu desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

14.– Ez duela jaso enpresa-deslokalizazioaren deklaraziorik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

15.– Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, ez dago gainfinantzaketarik. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen dituenak jakinarazi beharko ditu, laguntza likidatu arteko aldian.

16.– Diruz lagundu daitekeen proiektu bererako, eskatu dio/ez dio eskatu bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen bati de minimis araubidearen pean, eta halakorik eskuratu du/ez du eskuratu. Erantzuna baiezkoa bada, taula hau bete beharko da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Betekizunak betetzeari eta aurkeztutako datuak zehatzak izateari buruz, hau erantzukizunez adierazten dut:

– Betetzen ditut indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

– Entitatea osatzen duten enpresen fakturazioaren zenbateko osoa _________ eurokoa da.

– _______. urtean eratu da elkartea/federazioa.

– Eskaera hau aurkeztu aurreko urteko abenduan, elkartea/federazioa __________ bazkidek osatzen zuten (kopurua).

– Bazkide bakoitzak emandako ekarpena (urteko kuota, eskaera aurkeztu aurreko urtean) _____________ eurokoa da.

– Elkartearen/federazioaren helburu sozial bakarra nekazaritza-, elikagaigintza- eta/edo basogintza-sektorearen interesak defendatzea eta ordezkatzea dela.

– Elkarteak/federazioak ez duela irabazi-asmorik.

– Entitateak zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua izateko baldintza betetzen duela, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan dokumentu guztiak ere, eta neure gain hartzen dudala horren erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo adierazten dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, orduan ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betekizuna eta nortasunaren egiaztapena ofizioz egiaztatuko ditu Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak, salbu eta eskatzaileak berariaz uko egiten badio; kasu horretan, betekizun hori betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola laguntza jasotzeko, eta, hortaz, egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.

Azkenik, azaltzen dut konpromisoa hartzen dudala enpresa ez deslokalizatzeko –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan–, bai eta gainfinantzaketarik ez izateko ere –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera–.

c) Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

c.1.– Eskaera-fasean:

– Eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena.

– Eskatutako laguntzaren xede diren gastuen zenbateko xehatua, II. eranskineko ereduari jarraikiz. (Gastu-mota).

– Entitateak 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako edo egitea aurreikusitako jardueren eta ekimenen edukia deskribatzen duen memoria xehatua, eskatutako gastuen eta jardueren arabera. Jarduera bakoitzerako honako eduki hauek zehaztu beharko dira: egutegia (datak) eta egiteko lekua, parte-hartzaileen kopurua eta ekintzen xedea, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), helburu bererako lortutako laguntzak, bai eta laguntzaren beharra eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste alderdi guztiak ere, III. eranskineko ereduaren arabera.

– Erakundeak edo elkarteak oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eskatzeko hartu duen erabakiaren ziurtagiria, IV. eranskineko ereduari jarraikiz. (Sozietatearen erabakia).

– Dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

– Entitatearen eraketa-akta eta estatutuak, dagokion organo administratiboak ikus-onetsiak.

– Hala badagokio, entitatea batasun, federazio edo bestelako organismo baten barruan dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio fiskaleko txartela.

– Ez bada baimenik ematen laguntza hauek kudeatzen dituen organoak egiaztapen hori automatikoki egin dezan, Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko ordainketetan egunean dagoela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dira.

– Nominako langile-gastuak eta ordezkaritza bidezko langile-gastuak justifikatzeko dokumentazioa (bidaietatik, ostatutik, garraiotik eta dietetatik eratorritakoak, baldin eta diruz lagundutako jardueretarako beharrezkoak izan badira).

– Hala badagokio, BEZaren aitorpena egitetik salbuetsita dagoela dioen ziurtagiria, foru-aldundiak eginikoa.

– Hirugarrenen alta- edo aldaketa-fitxa: lehen aldiz aurkezten diren edo banku-datuetan aldaketak dituzten pertsona eskatzaileak soilik. Elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

c.2.– Justifikazio-fasean:

Dirulaguntzaren xede diren gastu guztiak behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da laguntza. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko memoria deskribatzaile xehatua, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita, gastuen xehetasun xehatuak barne, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak benetan egin direla egiaztatzen duten dokumentuak: material grafikoa eta fotografikoa, prentsa-oharrak, liburuxkak, kartelak, sare sozialen jarraipena. Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, ikusteko modu argian adierazi beharko da haiek Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan ezarritakoaren arabera.

– Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, honako hauek adierazten dituena: hartzekodunak eta dokumentuak, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data, V. eranskinean agertzen den gastuak justifikatzeko ereduari jarraikiz. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira. (Gastuak justifikatzeko inprimakia).

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– Horrez gain, behin betiko fakturak edo diruz lagundu daitekeen gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira, gastuaren frogagiriekin batera.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala