Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2026ko irailaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3754

AGINDUA, 2026ko uztailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuentzat, 2026-2027ko ikasturtean STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak egiteko, eta dirulaguntza horien oinarri arautzaileak onartzen baitira.

UNESCOk Science Education izeneko programan adierazten duenez, zientziaren eta teknologiaren arloko gaikuntza funtsezko elementua da ekonomia eta gizartea garatzeko. Ildo horretan, gaikuntza hori osatzeko, funtsezkotzat jotzen du zientziaren eta teknologiaren arloko hezkuntza sustatzea hezkuntza-maila guztietan, eta gizarte osoaren alfabetatze zientifikoa hobetzea. Nabarmentzen du, halaber, oso gogoan izan behar dela gazteak –bereziki emakumeak– zientziaren eta teknologiaren arloko karrera profesionalak egitera bultzatzeko premia.

Horizonte Europa programan –2021-2027 aldirako EBren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programa–, funtsezko hiru zutabe proposatzen dira: lehenengoa, zientzia bikaina sustatzea; bigarrena, erronka global handiei aurre egitea (osasuna, klima-aldaketa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, segurtasuna, digitala, materialak, etab.); eta hirugarrena, Europa berrikuntzan aitzindari izatea.

2018ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi hezkuntza-estrategia aurkeztu zuen, zeinaren bidez helburu hauek sustatzen baitira:

• Heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntza-etapa guztietan, eragile sozioekonomikoak inplikatuz.

• Bokazio eta helburu profesionalak inspiratzea STEAM esparruan, aniztasun pertsonala eta kulturala kontuan hartuta, eta neska ikasleengan arreta berezia jarriz, etorkizuneko erronken aurrean prestakuntza egokia jaso dezaten.

• EAEko herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Estrategia horren helburua da diziplinarteko proiektuak garatzea, STEAMen konpetentzia nagusiak garatzen direla bermatuko duten curriculum-alderdi guztiak aldi berean eta era integratuan ikasi ahal izateko; pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatu nahi da, eta ikasleak bultzatu ebidentzian oinarritutako arrazoiketa erabiltzera erabakiak hartzeko orduan, diziplina horiekin lana sustatzeko eta ikaslea ardatz duten hezkuntza-prozesu sortzaile eta berritzaileak gauzatzeko beharrezkoa den aldaketa metodologikoa sustatzeko; horretarako, metodologia aktiboak baliatuko dira –hala nola elkarlana, arazoen ebazpena eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL/POI)–, eta ahalegina egingo da ekintzailetza, pentsamendu kritikoa, sormena eta jasangarritasunaren kultura sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak jasotzen duenez, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuen artean dago hezkuntza-eredu bat ezartzea, arteekin eta teknologiarekin batera kultura zientifikoa eta humanitateak behar bezala uztartzen dituena –jakintzaren bidez sormena, talentua, ekimen pertsonala eta espiritu ekintzailea garatuz– eta etengabeko hobekuntzaren, berrikuntzaren eta ebaluazioaren alde egiten duena.

Ildo horretan, maiatzaren 30eko 75/2023, 77/2023 eta 76/2023 dekretuek ezartzen dutenez –hurrenez hurren, Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoren curriculuma zehazten dituzte eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen–, matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia funtsezko konpetentziak dira, eta horiei esker ulertzen dugu mundua, metodo zientifikoak, pentsamendu eta irudikapen matematikoak, teknologia eta ingeniaritza-metodoak erabiliz, ingurunea modu konprometituan, arduratsuan eta jasangarrian eraldatzeko.

Horrela, proposatzen da STEAM proiektuak garatzea, lagunduko dutenak kultura zientifiko zabala eta ahalduntze teknologikoa hedatzen eta haien inplikazio etiko, politiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa hedatzen. Ekimen horiek diziplinarteko ikuspegia izango dute irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan, ikasleentzat esanguratsuak diren testuinguru eta eguneroko bizitzako egoerak txertatuz, irakasgai horien curriculuma garatu ahal izateko, beharrezkoak diren tresna digitalak eta teknologikoak erabiliz, bai eta pentsamendu konputazionala ere, arazo konplexuak konpontzeko aukera ematen baitigu, konputazio-zientziak eta pentsamendu kritikoa baliatuta.

Orain arte bultzatutako neurriak eta konpetentzia zientifiko eta matematikoko emaitzak hobetzeko egindakoak kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak STEAM proiektuak aurkezteko deia egiten die itunpeko ikastetxe pribatuei, helburu hauekin: pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatzea, eta ikasleak, erabakiak hartzeko orduan, ebidentzietan oinarritutako arrazoibidea erabil dezaten bultzatzea, arazoak ebatziz (PBL) eta lan kooperatiboaren bidez, jasangarritasun-irizpideak kontuan hartuta eta genero-ikuspegia txertatuta.

Dirulaguntza hau Hezkuntza Sailaren 2026. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez onartu baitzen.

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretua, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen 2025eko abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen araberako aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da oinarri arautzaileak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak edo laguntza publikoak emateko, 2026-2027 ikasturtean STEAMen (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak finantzatzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

2026-2027 ikasturtean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) esparruan hezkuntza berriztatzeko proiektuak garatzen dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuak izan daitezke agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun.

3. artikulua.– Deialdiaren kreditua.

Helburu hori lortzeko, orotara 350.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura. Proiektu bakoitzeko diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa agindu honen 17. artikuluan ezarritakoa da.

4. artikulua.– Ikastetxeen baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektua aurkeztea, agindu honetako 5.2 artikuluan adierazitako puntuak zehaztuta.

b) Koordinatzaile bat izendatzea, proiektuaren jarraipena egiteko.

c) Irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea gastu gisa egotziz gero, proiektua egiteko behar diren irakasleek konpromiso espresua hartu beharko dute, eta hor adieraziko dute parte hartuko dutela ikastetxeak antolatu duen prestakuntzan –zeina dirulaguntzaren xedea baita–.

2.– Egoera hauetako batean dauden ikastetxeek ezingo dute onuradun izatea eskatu, ez eta lortu ere:

a) Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean egotea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratibo bat izatea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuren bat izatea, barne direla sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik jarri direnak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

c) Dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak egunean ez izatea. Betekizun hau eskatuko da bai onuradun bihurtzeko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

d) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten enpresak eta 50 langiletik gorako enpresa izanik Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez dutenak.

Horri dagokionez, ikastetxeek onuradun-izaera lortzeko debekurik ez dutela justifikatzeko –artikulu honetako 1. paragrafotik 4.era bitartean zehaztu dira debeku horiek–, lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa baliatu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzko erregelamenduzko araudian ezarritakoaren arabera; bestela, administrazio-ziurtagiria balia dezakete, kasuaren arabera, eta, agiri hori agintaritza eskudunak eman ezin duenean, horren ordez administrazio-agintaritza edo notariotza publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan-hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun-planen Erregistroa izatea adierazi behar da. Otsailaren 14ko 20/2023 Dekretua onartu eta indarrean sartu ondoren, erregistro horren xedea da lan-hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak inskribatzea, erregistratzea eta gordailutzea, Langileen Estatutuaren III. tituluaren eta 901/2020 Errege Dekretuaren arabera, betiere haien lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada (20/2023 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko Dekretua aldatzen duena). Erregistro hori izateari esker, kasu batzuetan, aipatu eskakizuna betetzen dela ofizioz egiazta daiteke, entitate interesdunari erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko eskatu beharrik gabe.

Sustatzaileari dagokio aukera hori egiaztatzea –adibidez, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioaren REGCONen kontsulta eginez (https://expinterweb.mites.gob.es/regcon/) edo horretarako dauden beste bide operatibo batzuen bidez–, eta baiezkoa bada, eskakizuna ofizioz egiaztatu dela adieraztea oinarrietan.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla berretsi beharko da, dirulaguntza emateko prozedura ebatzi baino lehen egiaztagiriak aurkeztuz.

3.– Artikulu honen hirugarren puntuan adierazitakoa ezertan eragotzi gabe, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileak zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko egiaztapena, eskatzaileak espresuki aurka egiten duenean salbu, eta betetze hori automatikoki egiazta dezan, behar beste aldiz. Ikastetxe eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena, II. eranskinean hala adierazita. Hala ere, aurka egiteko eskubidea erabiliz gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten dion zehapen penalik nahiz administratiborik, eta ez duela horretarako ezgaitzen duten lege-debekurik –sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne–, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

b) Eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan adierazitako edukiak egiazkoak direla.

c) Ikastetxeak betetzen dituela indarrean den legedian laguntza hauen onuradun izateko ezarrita dauden eskakizunak.

d) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zehaztutako egoeretako batean.

e) Ikastetxe eskatzailearen eskola-kontseiluak aurkeztutako proiektua ezagutzen duela eta onartu egin duela.

f) Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115604

g) 50 langiletik gorako enpresa izanik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana onartu duela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzen arabera.

h) 50 langiletik gorako enpresa izanik, sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzen arabera.

5.– Iragarritako dirulaguntzen onuradun izateko galdatutako eskakizunak emandako dirulaguntza likidatu arte bete behar dira; beraz, eskakizunak betetzen direla egiaztatuko da bai dirulaguntza emateko orduan, bai ordainketak egiteko orduan.

5. artikulua.– Proiektuaren ezaugarriak.

1.– Ikastetxe bakoitzak STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektu bakarra aurkeztuko du, eta bost diziplinetako gutxienez bitan hainbat ikuspegi hartu ahal izango ditu modu bateratuan, STEAM ereduko bokazioak eta helburuak genero-ikuspegiarekin sustatuz.

2.– Proiektua zehaztuko dutenak izango dira curriculum-edukia, landuko diren gaitasunak, erabiliko den metodologia, proiektuaren jomuga diren etapa, ziklo eta kurtsoak, eta lortu nahi diren helburuak, eta zehaztuta egon beharko da zer neurri aurreikusten diren ikasleek beren konpetentzien garapenean lortutako maila ebaluatzeko.

STEAM hezkuntza-estrategiaren gomendioek honako hauek ere sustatzen dituzte:

• Ikastetxeak berak edo STEAM diziplinekin lotutako beste entitate batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa eta/edo topaketak antolatzea eta/edo horietan parte hartzea,

• Elkarlanerako mekanismoak ezartzea gizarte- eta ekonomia-sarearekin eta hezkuntza-entitateekin, proiektuak garatzeko (unibertsitateak, online hezkuntza-proiektuak, Europako programak, berrikuntza-zentroak, teknologia-zentroak, enpresak, etab.),

• STEAM jardueretan emakumezko ikasleen parte-hartzea areagotzeko ekintza espezifikoak.

Proiektuak bizitzaren eremuen inguruan (eremu pertsonala, soziala, globala eta lanekoa) erronka edo arazo bat sortzen duten egoeratan oinarrituko dira; eta, ahal den neurrian, honako printzipio hauek hartu beharko dituzte kontuan: irakasgaien irakaskuntza integratua, STEAM ereduarekin lotutako konpetentzien garapena, ikerketan oinarritutako ikaskuntza, eta STEAM arloko bokazio eta helburu profesionalen sustapena.

Beraz, genero-berdintasuna sustatu beharko dute, eta ikasgeletan hainbat modutara txertatu beharko dute genero-ikuspegia, hala nola rolak era berdinean banatuz, zientziaren zein ingeniaritzaren arloko lanbideen inguruko estereotipoak deseginez, haurrei era berdinean garatzeko aukera ematen dieten espazioa sortuz, eta abar.

Hezkuntza Sailak STEAMGUNEA webgunea jarri du ikastetxeen eskura, zeinak STEAM proiektuak diseinatzeko informazio interesgarria eskaintzen baitu: https://steamgune.euskadi.eus/eu/inicio

Gutxienez 30 ordu aurreikusiko dira proiektu bakoitza garatzeko eta egikaritzeko. Eskabidean, irakasleek proiektuari eskainitako ordu kopurua zehaztuko da, eta, horretarako, kontuan izango dira bai ikasleekin proiektua garatzeko behar diren orduak, bai koordinazio eta ebaluaziorako behar direnak.

STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak adierazi beharko du zein irakaslek parte hartuko duten proiektuan, eta zer diziplina ematen duten.

3.– Proiektuan puntu hauek sartuko dira:

a) Proiektuaren egokitasuna (zein arazori erantzun nahi zaion justifikatu, eragin-mota, berrikuntza, originaltasuna).

b) Proiektuaren deskribapena eta helburuak. Zertan laguntzen dien proiektuak garapen jasangarriaren helburuei.

c) Erabili behar den estrategia eta STEAM proiektuaren diziplinarteko tratamendua.

d) Proiektua zein etapa, ziklo edo kurtsotan garatuko den zehaztea.

e) STEAM proiektuaren curriculum-justifikazioa.

f) Erabili beharreko material eta baliabide pedagogikoen plangintza eta justifikazioa (jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda material horien kudeaketan eta jarduera pedagogikoen garapenean).

g) Sistemaren deskribapena eta proiektuaren beraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak, bai eta lorpenen adierazleak eta horien denboralizarioa ere (kronograma).

h) Ikasleengan –eta, bereziki, neska ikasleengan– STEAM arloetako bokazio zientifikoak sustatzeko prestatutako jardueren eta ekintzen deskribapena.

i) Proiektua garatzeko ikastetxeak aurreikusten dituen koordinazio- eta antolaketa-ekintzak zehaztea. Proiektuaren koordinatzailea zergatik izendatu den azaltzen duten arrazoiak (prestakuntza, esperientzia, ikastetxearen ezagutza eta STEAM konpetentziekin lotutako merezimenduak).

j) Proiektua eskola-inguruan eta gizartean zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien partaidetza aktiboa sustatzeko neurriak.

4.– Hezkuntza zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikorako berrikuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak behar bezala bete beharko dira, ikastetxeek esteka honetan eskura duten aplikazio informatikoan: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Zuzkidurak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektu horiek garatzeari eta egikaritzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-kopuruak, eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua beteko dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2026ko irailaren 1etik 2027ko ekainaren 1era bitartean egin beharko dira.

2.– Gastutzat egotzi ahal izango dira proiektua egiteko ezinbestekoak diren materialak erosteko gastuak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inoiz ere ezingo da izan merkatuaren balioa baino handiagoa.

3.– Informazio- eta komunikazio-gailuak (IKT) erostea gastu egozgarritzat onartuko da, baldin eta gailu horiek erabiltzea ezinbestekoa bada proiektua garatzeko, eta ikastetxeak aurkeztutako proiektuan hala azaltzen bada espresuki. Nolanahi ere, egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa, eta, dena dela, ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

4.– Halaber, gastutzat egotzi ahal izango dira ikastetxeak berak antolatu edo ikastetxeak aurkeztu duen STEAM proiektuarekin zuzenean lotutako beste entitate batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa edo topaketak antolatzeko gastuak edo proiektuan parte hartzen duten ikasleek horietan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

5.– Ikastetxeak berak jardunbide egokiak zabaltzeko tailerrak antolatzen baditu, horiek ere gastutzat egotzi ahal izango dira. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

6.– Gastutzat egotzi ahal izango da irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea, baldin eta prestakuntza-jarduera horiek ezinbestekoak badira proiektua garatzeko. Proiektuarekin batera, prestakuntza-jarduera horien aurrekontuaren kopia aurkeztu beharko da nahitaez (emailearen izena, ordu kopurua eta prezioa). Nolanahi ere, kontzeptu horri aurkeztutako proiektua garatzeko aurrekontuaren % 30 egotzi ahal izango zaio gehienez, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 900 eurotik gorakoa. Halaber, 100 euroko muga ezarriko da eskola-ordu bakoitzeko. Atal honetan sartu ahal izango dira bai prestakuntza-jardueraren kostua (prestakuntza emango duen entitateak aurkeztutako aurrekontuaren arabera), bai eskola-emailearen joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, pertsona hori prestakuntza-entitatetik kanpokoa bada, baldin eta prestakuntza-saio horiek aurrez aurrekoak badira eta berrikuntza-proiektua garatzeko ezinbestekoak direla justifikatuta badago. Hizlariaren joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen 121/2006 Dekretuan ezarritako irizpide ekonomikoak aplikatuko dira. Ez dira inola ere prestakuntza-jarduerari egotz dakizkiokeen gastutzat hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleek joan-etorriengatik edo mantenuagatik egiten dituzten gastuak.

7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azkenekoa bakarrik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ez dira onartuko.

2.– Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https:euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

3.– Ikastetxe eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeratzen duten hizkuntzan. Proiektua beste artxibo batean erantsiz gero, gehienez 40 orrialde izango ditu, eta Calibri letra-mota, 11 tamaina eta 1,5 lerroartekoa erabiliko da. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidearen osteko tramiteak –laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena eman arte– eta justifikazioaren tramitea eta egon litezkeen errekurtsoak web-orri honen bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

5.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi hau zehazten duten baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

8. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Ikastetxe interesdunetako titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-baliabideak eta sinadura elektronikoa erabiliz egingo dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta tramite guztiak. Helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Tramitazio elektronikoa arautzen dutenak dira 91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzkoa, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duena.

3.– Erantsi beharreko eskabide-ereduak eta erantzukizunpeko adierazpena agindu honi erantsi zaizkio.

4.– Eskabideak bide elektronikoz nola tramitatu, zer dokumentazio-eredu erantsi eta deialdi honekin lotutako gainerako tramiteak nola egin azaltzen duten zehaztapenak helbide elektroniko honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

5.– Eskabidearen osteko tramiteak, baita justifikazioa ere, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura kudeatzea.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da; batzordeak bi sexuen ordezkaritza orekatua izango du, gutxienez % 40koa, eta kide hauek izango ditu:

Presidentea: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko teknikaria, programaren arduraduna.

Epaimahaikideak: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko teknikari bat; idazkari-lanak egingo ditu.

Hezkuntzan Laguntzeko Zerbitzu eskuduneko bi aholkulari, hezkuntza zientifikoaren, hezkuntza teknologikoaren eta ekintzailetzaren arlokoak.

Laguntza-zerbitzuen jasangarritasunerako hezkuntzan aditu den aholkulari bat.

11. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.

1.– Dirulaguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, lehiaketa bidez. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasuna ezartzeko, I. eranskinean ezarritako balorazio-irizpide objektiboak kontuan hartuta, eta agindu honek ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoa 12.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu dutenen artean balorazio handiena lortu dutenei bakarrik adjudikatuko zaie, balorazio-fasearen lortutako puntuazioaren beheranzko hurrenkerari jarraituz, dagokion prozedura bideratutako diru-kopurua agortu arte. Berdinketarik badago, ataletan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, I. eranskinean agertzen diren balorazio-irizpide objektiboetan jasotako hurrenkerari jarraituz.

Berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eranskin horretan bertan agertzen den hurrenkeraren arabera. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, batzordea batzartu egingo da, puntuazio berdina duten proiektuak baloratzeko eta berdinketa ebazteko.

2.– Proiektuak I. eranskinean ezarritako balorazio-baremoaren arabera hautatuko dira.

3.– Gutxienez 18 puntu lortzen ez dituzten proiektuak kanpoan geratuko dira.

4.– Balorazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkio dagokion hezkuntzarako laguntza-zerbitzuari.

5.– Balorazio-batzordeak txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten horretan oinarrituta, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, eta ikastetxe onuradunek beharrezko diren eskakizunak betetzen dituztela adieraziko du.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak behin-behineko ebazpena egingo du, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren proposamenean oinarrituta. Ebazpen horretan, onartutako eskabideen zerrenda adieraziko da –xedea, zenbatekoa, eta ordaintzeko eta justifikatzeko moduak zehaztuta–, bai eta ezetsitako eskabideen zerrenda ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun naturaleko epea izango dute, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpena Hezkuntzako sailburuordeak emango du, eta behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei, behin-behineko ebazpena argitaratu eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

5.– Ebazpena EHAAn argitaratuko da, deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko.

6.– Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.– Proiektua garatzeko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeari dagokio STEAM berrikuntza-proiektua abian jartzen dela zaintzea, eta ikasketaburuari, berriz, proiektu horren garapen osoa koordinatzea, bai berak zuzenean, bai eginkizun hori irakasle baten esku utzita; irakasle horrek koordinatzaile lanak egingo ditu, hala badagokio. Hala bada, irakasle hori arduratuko da aldian-aldian ikasketa-burutzari proiektuaren garapenaren berri emateaz, bai eta gauzatutako ekintza bakoitzaren berri emateaz ere, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da proiektuarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak proiektuetan duten eginkizunera egokitu ahal izango ditu, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.– Ikastetxeek, deialdi honi lotuta proiekturen bat onartzen zaienean, eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuaren laguntza eta aholkularitza izango dute, onartutako proiektuaren prestakuntza-jarduerak, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, ikastetxean proiektuaren koordinatzaile izendatutako pertsonari lagunduz zereginotan.

14. artikulua.– Ziurtatzea.

Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko ditu, ofizioz, hautatutako berrikuntza-proiektuak garatuko dituzten ikastetxeetako irakasleentzat. Horretarako, irakasle bakoitzak proiektura xedaturiko ordu kopuruak ikastetxe bakoitzean egindako lanorduen % 80tik gorakoa izan behar du. Hala ere, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso dezake ikasturte akademiko bakoitzeko, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

15. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izango da beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua. Horrelakorik gertatuz gero, eskabidean bertan adierazi beharko da, eta, hala badagokio, gainfinantzaketarik izan ez dela egiaztatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioan.

16. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen betebehar espezifikoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte beti, eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere bai, lege beraren 27. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz. Betebehar horiez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, bost eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– ikastetxe onuradunek espresuki eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea, hau da, onartutako STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektua eta haietan jasotako jarduerak egiteko.

c) Proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan, elkarlanean aritzea eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuarekin, Hezkuntzako Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzarekin.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

e) Ezarritako epean eta moduan aurkeztea proiektua gauzatu izana justifikatzeko dokumentazioa. Aplikazio informatikoan bertan jarraipena egiteko ezarritako inprimaki guztiak bete beharko dira (Excel formatuan).

f) Ikastetxean berriztatzeko prestakuntza-proiektua egiteko dirulaguntza jaso duten ikastetxeek hitza ematen dute hurrengo ikasturteko ikastetxearen urteko planean jasoko dutela deialdi honetan onartutako proiektuaren inplementazioa.

17. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektuari lotutako diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko dira diruz, eta gehienez 3.000 euro emango zaizkie, baldin eta aurrez ezarritako baldintzak betetzen badira.

18. artikulua.– Azpikontratazioaren ehunekoa.

Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa, kontratu guztien prezioak batuta, diruz lagundutako guztizko zenbatekoaren % 50era artekoa izango da, baldin eta zentroek ez badute kudeaketarako langile kualifikaturik, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan.

19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi zatitan ordainduko zaizkie:

a) Lehenengoa, hautatutako partaidetza-proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 80, adjudikazio-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, baldin eta laguntzari espresuki uko egiten ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa 2027an egingo da; zenbatekoa hurrengo apartatuan aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ostean egindako likidaziotik ateratzen dena izango da.

20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek proposatutako helburuen garapen, egikaritze eta lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko txosten bat aurkeztu beharko dute, bai eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua ere, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ webgunean. Horiek aurkezteko azken eguna 2027ko ekainaren 15a izango da. Dirulaguntzak justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatua beteko da.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako dagoen atari hau baliatuta: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115604 eta aplikazio horretako inprimakiak beteko dira (III. eranskina).

3.– Proiektuaren garapenari eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

4.– Justifikazio-kontuan, jarduerak eragindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da, honako hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz egin den, eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adierazi egingo da zer desbideratze egon den aurrekontu horrekiko, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste sarrera batzuen xehetasunak ere, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horren berri eman beharko zaie hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei eta Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari, planteatzen den aldaketa zehatz batek baldintza horiek errespetatzen dituen ala ez zehazteko parametro objektiboak aurreikusteko, eta tratu desberdina saihesteko, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar baitezake.

2.– Aldaketa hori gerora sortutako egoera batengatik gertatu behar da, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatu baino lehen jakinarazi behar da. Ezin du ekarri zenbatekoa handitzea edo hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

3.– Proiektuari egotz dakizkiokeen gastu justifikatuak emandako dirulaguntzaren zenbatekora iristen ez badira, zuzkidura murrizteko ebazpena emango da, eta, hala badagokio, ikastetxe onuradunari soberan emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio.

22. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak hautatutako berrikuntza-proiektuen garapenari buruzko txosten bat eska diezaioke arlo horretan eskumena duen hezkuntzari laguntzeko zerbitzuari, ikasturtea amaitzean. Txosten hori dagokion lurralde-burutzara bidaliko da, eta, egokitzat jotzen bada, ikastetxe onuradunen eskura jarriko da.

2.– Ikasturtean zehar proiektuaren garapenean gorabehera esanguratsurik gertatuz gero, eremu horretan eskumena duen hezkuntzari laguntzeko zerbitzuaren zuzendaritzak horren berri emango die lurralde-burutzari eta Ikaskuntza eta Berrikuntzaren Zuzendaritzari, aipatu zuzendaritzak neurri egokiak har ditzan deialdi hau behar bezala bete dadin.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, diruz lagundutako proiektua zenbateraino betetzen den kontrolatuko du –proiektua ikastetxeko urteko planean jasota egon behar da–, eta ez-betetzea gertatuz gero, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

23. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Dirulaguntzen ikastetxe onuradunak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezarritako zehapen-araubideari lotuta egongo dira, eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, emandako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, aplika daitezkeen legezko interesez gainera (barne direla berandutze-interesak, besteak beste), kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazio nahikoa ez izatea, lege honetan eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritako baldintzen arabera.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsutuz, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.

c) Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea, edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.

d) Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, proiektuan aurreikusitako jarduerak zati batean ez betetzea dirulaguntzaren baldintzen ez-betetze partziala izango da. Oinarri arautzaileetan ezarritako graduazio-irizpideak aplikatuz, ez-betetze horrek ekarriko du egin ez den jarduerari dagokion zenbatekoa STEAM proiektuan sartzea, ezertan eragotzi gabe sor daitezkeen erantzukizunak.

e) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea.

f) 36. artikuluan jasotako gainerako baldintza edo kasu guztiak.

2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Proiektua egin eta ikastetxeak hari egotzitako gastu justifikatuak esleitutako zuzkidura adinakoak edo gehiagokoak ez badira, bigarren ordainketan esleitutako zuzkiduraren eta proiektuan egindako gastuaren arteko aldea ordainduko da. Aldea negatiboa izanez gero, kopuru hori itzultzeko prozesua hasiko da.

24. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

• Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehatua gure web-orrian kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen mende eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen mende daude.

Agindu honetan araututako laguntzek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala