
166. zk., 2026ko irailaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (272 KB - 16 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3752
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 15ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deitzen baita 2026. urtean lan-arriskuen prebentzioarekiko eta prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokiekiko saria.
Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak 5.3 artikuluan ezartzen du administrazio publikoek jarduerak sustatuko dituztela laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko, lan-arriskuak murrizteko, eta prebentziorako egitura efikazak sustatzeko. Horretarako, programa espezifikoak garatu ahalko dituzte, horren barruan sartuta bereziki enpresa txiki eta ertainei bideratutako pizgarri eta aitortzak.
Era berean, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiak, Osalanen kudeaketa-planen bidez gauzatzen denak, lehentasunezko helburutzat dauka prebentzio-kultura unibertsal bat finkatzea, enpresa-kudeaketan integratua, ezagutza erabilgarria sortzeko prebentzio-sistemako enpresentzat, profesionalentzat eta agenteentzat. Bere lerro estrategikoen artean dago prebentzioarekiko konpromiso aktiboa sustatzea, bai zuzendaritzatik, bai langileen partaidetzatik.
Esparru horretan, Osalanen ustez beharrezkoa da bere kalitateagatik, berrikuntzagatik eta eraginagatik langileen segurtasun eta osasunaren babesa sustatzeko konpromiso argia duten esperientziak bultzatu eta aitortzea. Horregatik, ebazpen honen bidez, prebentzioarekiko konpromisoaren 2026. urterako saria deitu da, EAEn garatutako prebentzio-kudeaketako jardunbide egokiak bereizteko.
Laguntza hau, zehazki, hemen sartzen da: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren (DPE) 4. helburu estrategikoa (4. Dirulaguntza-lerroa. Lan-arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokien saria) eta haren aldaketa, zeina Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko otsailaren 12ko Aginduaren bidez onartu baitzen.
Printzipio horiekin bat, eta gastu-kredituaren gaikuntzan oinarrituta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea, I. eranskinean jasotzen diren baldintzetan, 2026. urtean lan-arriskuen prebentzioarekiko eta prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokiekiko konpromisoaren saria emateko oinarriak eta deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzek arau hauetan xedatutakoa beteko dute: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Hala ezartzen dute urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 123. eta 124. artikuluetan, eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak) 8.3 eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Barakaldo, 2026ko uztailaren 15a.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MARÍA LOURDES ISCAR REINA.
I. ERANSKINA
2026. URTEAN LAN-ARRISKUEN PREBENTZIOAREKIKO ETA PREBENTZIOA ENPRESAREN KUDEAKETA-SISTEMAN INTEGRATZEKO JARDUNBIDE EGOKIEKIKO KONPROMISOAREN SARIA EMATEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea eta eremua.
Ebazpen honen xedea da deitzea Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeak eman beharreko sariko dirulaguntzak, 2026. urtean, lan-arriskuen prebentzioarekiko eta prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokiekiko konpromisoari, lehiaketa bidezko norgehiagoka-araubidean.
Baloratuko da genero-ikuspegia zeharka sartzea laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketan, bat etorriz Berdintasunaren 1/2023 Legegintza Dekretuan ezarritakoarekin eta 20/2023 Legean aurreikusitako berdintasunaren gaineko betebeharrekin. Ikuspegi hau funtsezko elementua da jarduketa bat prebentzioaren arloko jardunbide egokitzat jotzeko.
20/2023 Legean xedatutakoaren arabera, sari hau gauzazko dirulaguntza bat da, norgehiagoka-araubidean emana, eta haren oinarriek lege honetan aurreikusitakoa bete behar dute.
Bigarrena.– Sariaren ezaugarriak eta baliabide ekonomikoak.
Sariak bi kategoria izango ditu:
A kategoria: 50 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo entitateak.
B kategoria: 50 langile edo gehiago dituzten enpresak edo entitateak.
Ez du diru-zuzkidurarik izango. Sari hau gauzazko dirulaguntza da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Saria hauxe izango da:
1.– Aitortza egiaztatzen duen diploma.
2.– Oroitzapenezko plaka, figura edo elementua.
Hautagaitzen kalitatearen arabera, epaimahaiak gehienez ere bi accesit eman ahalko ditu kategoria bakoitzeko.
Accesitak ematearen ondorioz sor daitezkeen jarduera edo gastuak bost mila euroko partida batetara egotziko dira, 2026ko aurrekontuetan: 3113 programa, laneko segurtasuna eta osasuna, 01 zerbitzua, Zuzendaritza Nagusia, II. kapitulua, funtzionamendu-gastuak, 244. artikulua, PEP 25/0358 elementua.
Hirugarrena.– Entitate partaideak.
Beren jarduera ekonomikoa EAEn duten eta bertako lantokietan prebentzioko jardunbide egokiak garatu dituzten enpresa edo entitateek eskuratu ahalko dute saria, baldin eta konpromiso argia badute prebentzioarekin eta bertan genero-ikuspegia sartzearekin, kasuan kasuko araudia hertsiki betetzeaz harago.
Laugarrena.– Entitate eskatzaileen betekizunak.
Entitate eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
1.– Entitate onuradunek ebazpen honen II. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpenean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
2.– Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 16. artikuluan eta entitate horri aplikatzen zaion gainerako prebentzio-araudian ezarritako betekizun guztiak bete behar dituzte.
Bosgarrena.– Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek ondoreak dituenetik hasita; hau da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.
Seigarrena.– Eskaerak bete eta aurkeztea.
1.– Interesa duten entitateek eskaera bakarra aurkeztuko dute, eta dagokion sari-kategorian sartuko da.
2.– Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.
3.– Izapidetze elektronikoa erregulatuta dago Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan.
4.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskaerak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoen erregistro elektronikoetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
5.– Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidetzea eta jarraipena) «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
6.– Dirulaguntza-eskaera eta ondorengo izapideak entitate eskatzailearen ordezkari batek egin ahalko ditu, elektronikoki; horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/erregistroa/ahalerr/web01-sede/eu/
7.– Eskaera eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira. Halaber, prozedura guztian zehar, entitate eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 76-79. artikuluetan xedatutako moduan.
8.– Eskaera inprimaki elektroniko normalizatuan betetzen bada, laguntza eskatzen duten entitateek baimena eman dezakete nortasun-agiri nazionalari (NAN) edo identifikazio-fiskaleko zenbakiari eta erregistro ofizialei buruzko datuak organo kudeatzaileak har edo egiazta ditzan, laguntza hauek kudeatzeko ondorioetarako (ez besterik). Edonola ere, administrazio publikoak dagozkion ahalmenak baliatu ahalko ditu datuok egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko. Hala ere, entitate eskatzaileak espresuki uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isibildez eman dela ulertuko da, espresuki kontra egiten ez bazaio.
9.– Laguntza-eskaera aurkeztean, entitate eskatzaileak baimen espresua ematen du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeak zuzenean eskuratu ahal izan ditzan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako inguruabarren egiaztagiriak, onuradun edo entitate kolaboratzaile izateko debekuei buruzkoak, ziurtagiri telematikoen bidez. Hala eginez gero, entitate eskatzaileak ez du izango dagokion ziurtagiria aurkeztu beharrik. Hala ere, espresuki ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, deialdi honen II. eranskinean aurreikusitako baldintzetan.
Dagoeneko Administrazioaren esku dauden dokumentuak ez dira aurkeztu beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
10.– Dirulaguntza-eskaerarekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira:
a) Entitatearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia kautoa eta erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.
b) Dokumentu publiko edo pribatuaren kopia kautoa, notarioan legitimatutako sinadura eta guzti, entitate eskatzailearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duena. Entitatearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den entitatearen izenean egiteko.
c) Garatzen den jardueraren deskribapena (sariari lotuta), egindako ekintzaren edukia garatuta (gehienez ere 30 orri DIN A-4an, lerroarte bakuna eta 11 letra-tipoa jarrita), puntu hauek azalduz:
1) Enpresaren izena, eta zein saritan parte hartzen den (50 langile baino gutxiago, edo 50 langile edo gehiago).
2) Jardunbidearen eta helburuen laburpena.
3) Prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman eraginkortasunez integratzeko egindako jardueren deskribapen zehatza.
4) Jarduera hau egiteko beharraren justifikazioa, eta zein herritarri zuzentzen zaion.
5) Genero-ikuspegia (nola sartu den genero-ikuspegia eta zein eragin aurreikusten den emakumeen eta gizonen artean, garatutako jardueretan; LAPen genero-arrakala murriztu den, edo murrizten lagundu den; laneko segurtasun eta osasunean berdintasuna sustatu den).
6) Emaitzak eta haien bilakaera.
7) Ondorioak.
8) Bermeak eta erreferentziak, baldin badagozkie.
Gomendioa egiten da, deskribapenarekin batera, interesgarriak izan daitezkeen prentsa-artikuluak, argitalpenak, argazkiak, material grafikoak, foiletoak edo antzeko materialak ere emateko, eskaera baloratu asmoz.
Zazpigarrena.– Eskaerak zuzentzea eta jakinarazpenak egitea.
1.– Baldin eta dirulaguntza-eskaerak edo harekin batera doan dokumentazioak ez badituzte betetzen oinarri hauetan ezarritako betekizunak, edo haien edukia ez bada aski, entitate eskatzaileari errekerimendua egingo zaio 10 eguneko epean akatsak zuzendu ditzan edo aurkeztu ez diren dokumentuak aurkez ditzan, eta, halaber, adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpena eman ondoren. Ebazpen horretan, inguruabar hori adieraziko du, bai eta zer gertatu den eta zein arau aplikatu behar diren ere, eta hori guzti hori entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio.
2.– Aurreko apartatuko jakinarazpena eta zazpigarren oinarriko organo kudeatzaileak gauzatutakoa elektronikoki egingo zaizkie entitate eskatzaileei eta onuradunei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Zortzigarrena.– Entitate onuradun izateko debekuak.
1.– Ezingo dira dirulaguntzen entitate onuradun izan 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetako inguruabarren bat dutenak. Inguruabar horietakoren batean sartuta ez dagoela justifikatzeko, entitateak eskaerarekin batera aurkeztu ahalko ditu lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datuen transmisioak, edo ziurtagiri administratiboa.
2.– Agintaritza eskudunak ezin badu eman aurreko apartatuko justifikazio-dokumentazioren bat, haren ordez entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da, II. eranskinean jasotako ereduaren arabera (Entitate eskatzaile bihurtzeko debekuetako baten ere ez dagoela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpenaren eredua).
Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpenean sartzen duen datu edo informazioren bat ez bada zehatza, faltsua bada edo falta bada, edo Administrazio honetan ez bada aurkezten adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezingo da entitate onuradun bihurtu, halaxe ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 69.4 artikuluan.
Bederatzigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak, eta haiek gauzatzeko epeak.
Kontuan hartuko dira 2023ko urtarrilaren 1aren eta eskaerak aurkezteko epemugaren artean garatu dira jardunbide, programa eta ekintza prebentibo guztiak, haien artean sartuta arlo hauek, besteak beste:
a) Prebentzioa enpresa-kudeaketan integratuta izatea.
b) Berrikuntza ezartzea prozesuetan, tresnetan, lanpostuen diseinuan edo prebentzioari aplikatutako digitalizazioan.
c) Arrisku ergonomiko eta muskulueskeletikoak prebenitzea.
d) Arrisku psikosozialak prebenitzea.
e) Lidergotza prebentiboko ekintzak gauzatu eta langileen partaidetza sustatzea.
f) Lanean osasuna sustatzeko programak garatzea.
g) Arriskuak murrizteko, antolaketan hobekuntzak sartzea.
h) Prestakuntza-, komunikazio- edo sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea.
i) Aniztasun-ikuspegia sartzea (adina, gaitasunak eta abar) lan-arriskuen prebentzioaren eremuan.
j) Genero-ikuspegia sartzea, kontuan hartuta zein alde dagoen lan-arriskuen esposizioan eta emakume eta gizonen gaineko ondorioetan.
Hamargarrena.– Organo kudeatzailea eta balorazio-batzordea.
1.– Osalaneko Zuzendariordetza Teknikoak kudeatuko du saria emateko prozedura.
2.– Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, sexu-parekotasuna izango duena eta Osalaneko pertsona hauek osatuko dutena:
Batzordeburua:
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariorde teknikoa.
Batzordekideak:
a) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintzako zuzendariordea.
b) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Laneko Osasunaren Unitatearen arduraduna.
c) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeko Arlo Juridikoaren arduraduna, zeina batzordeko idazkaria izango baita.
d) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko berdintasun-teknikaria.
3.– Plangintzako zuzendariordeak batzordeburua ordezkatuko du baldin eta kargua hutsik badago, hura falta bada, gaixo badago edo beste edozein legezko kausa dela-eta beharrezkoa bada.
Zuzendariorde-kargua hutsik badago edo titularra ez badago, gaixo badago, edo legezko kausa bat dela-eta batzordeburua ordezkatu ezin badu, hierarkia, antzinatasun eta adin altuena duen kideak ordezkatuko du (ordena horretan) balorazio-batzordeko burua.
4.– Batzordeko idazkaria ordezkatu behar bada haren kargua hutsik dagoelako, hura ez dagoelako, gaixo dagoelako edo beste legezko kausaren bat gertatzen delako, edozein kidek ordezkatu ahalko du.
5.– Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, hitzarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, lan-arriskuen prebentzioaren arloan daukaten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.
6.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna publiko egingo da, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. EHAAn edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
7.– Batzordeak bete egingo du 40/2015 Legearen 15-19 artikuluetan xedatutakoa, eta bitarteko elektronikoen bidez eratu ahalko da, eta erabakiak hala hartu. Batzordea eratzeko, bertan izan beharko dira batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta kideen gutxienez erdia.
Hamaikagarrena.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
Balorazioan, 100 puntu emango dira, gehienez, honela banatuta:
1.– Berrikuntza: Jardunbidearen izaera berritzailea baloratuko da (gehienez, 10 puntu), baremo honen arabera:
0-2 puntu: Jarduketa estandarrak edo derrigorrezkoak aurkezten ditu, elementu bereizgarririk gabeak.
3-5 puntu: Ezagunak diren jardunbideetan hobekuntza partzialak edo egokitzapen sortzaileak sartzen ditu.
6-8 puntu: Irtenbide orijinalak proposatzen ditu, edo metodologiak modu berritzailean uztartzen ditu.
9-10 puntu: Berrikuntza disruptiboa sustatu, teknologia berriak erabili edo sektorean aurretik aplikatu ez diren ikuspegiak txertatzen ditu.
Adierazleak:
a) Teknologiaren erabilera (AA, digitalizazioa, sentsoreak eta abar).
b) Ikuspegi prebentibo berriak (partaidetza, jarrera eta abar).
c) Izaera aitzindaria bere inguruan.
2.– Jardunbidearen jasangarritasuna eta jarraitutasuna: Denboran irauteko gaitasuna (gehienez 10 puntu):
0-2: Ekintza puntuala da, etorkizuneko plangintzarik gabea.
3-5: Jarraitutasun mugatua du, edo kanpoko baliabideen araberakoa da.
6-8: Barne-prozesuetan integratuta dago, eta jarraipena planifikatuta dauka.
9-10: Guztiz finkatuta dago, baliabide propioak baliatzen ditu, eta aldian-aldian ebaluatzen da.
Adierazleak:
a) Ohiko prozeduretan duen integrazioa.
b) Esleitutako baliabideak (giza baliabideak eta ekonomikoak).
c) Luzetarako jarraipen-tresnak.
3.– Beste antolakunde batzuetara esportatzeko aukera: Errepikatzeko erraztasuna (gehienez 10 puntu):
0-2: Zaila da testuinguru espezifikotik kanpo aplikatzea.
3-5: Egokitzapen esanguratsua behar du.
6-8: Doikuntza txiki batzuekin esportatu daiteke.
9-10: Erraz errepikatu daiteke beste sektore eta enpresa batzuetan.
Adierazleak:
a) Dokumentazio erabilgarria.
b) Ezarpen-kostua.
c) Testuinguruarekiko edo egiturarekiko mendetasuna.
4.– Lan-osasunaren gaineko eragina eta hobekuntza frogatua: Emaitza benetakoak eta neurgarriak (gehienez 20 puntu):
0-5: Ez dago ebidentziarik, edo eragina ezohikoa da.
6-10: Hobekuntza antzeman da, baina datuak mugatuak dira.
11-15: Adierazle gakoetan duen eragina frogatu da.
16-20: Hobekuntza esanguratsua, iraunkorra eta solidoa dakar (ebidentzietan oinarritua).
Adierazleak:
a) Ezbehar-tasen murrizketa.
b) Gorabehera psikosozialen murrizketa.
c) Laneko giroaren ebaluazioa aurretik eta ostean.
5.– Enpresaren jardueraren prebentzioaren integrazioa: Prebentzioa zein mailatan den enpresa-sistemaren parte (gehienez 15 puntu):
0-3: Jarduketa bakana da.
4-7: Integrazio partziala du arlo espezifikoetan.
8-11: Zeharkako integrazioa du hainbat prozesutan.
12-15: Prebentzioa guztiz integratuta dago enpresaren kulturan eta kudeaketan.
Adierazleak:
a) Plangintza estrategikoan duen tokia.
b) Tarteko agintarien partaidetza.
c) Sailen arteko koordinazioa.
6.– Langileen partaidetza: Benetako inplikazio-maila (gehienez 10 puntu):
0-2: Ez dute parte hartzen.
3-5: Kontsultak egiten parte hartzen dute, mugatuta.
6-8: Diseinuan edo egikaritzan aktiboki parte hartzen dute.
9-10: Baterako sorkuntza, lidergotza partekatua edo egiturazko inplikazioa daude.
Adierazleak:
a) Lantaldeak.
b) Kontsulta-kanalak.
c) Plantillak sortutako proposamenak.
7.– Memoriaren argitasuna, koherentzia eta kalitate teknikoa: Aurkeztutako dokumentuaren argitasuna eta zorroztasuna (gehienez 10 puntu):
0-2: Desordenatua, osatu gabea edo ulergaitza da.
3-5: Oinarrizko informazioa jasotzen du, baina hutsuneekin.
6-8: Argia eta egituratua da, eta eduki tekniko egokia jasotzen du.
9-10: Bikaina eta zehatza da, eta ebidentziak, adierazleak eta koherentzia orokorra jasotzen ditu.
Adierazleak:
a) Egitura logikoa.
b) Datuen/adierazleen erabilera.
c) Azalpenen argitasuna.
d) Justifikazio teknikoa.
8.– Langileen aniztasuna eta genero-ikuspegia kontuan hartzea jardunbide prebentiboan: Ikuspegi inklusiboa benetan sartzea (gehienez 15 puntu):
0-3: Ez dago halakorik.
4-7: Oinarrizko edo azaleko aipamena egiten da.
8-11: Analisi bereizia egin, eta neurri espezifikoak hartzen dira.
12-15: Guztiz integratuta dago diagnostikoan, diseinuan, egikaritzan eta ebaluazioan.
Adierazleak:
a) Sexuaren, adinaren eta abarren arabera bereizitako datuak.
b) Kolektibo desberdinen arabera egokitutako neurriak.
c) Eragin diferentzialaren ebaluazioa.
d) Kolektibo zaurgarrien inklusioa.
Saria huts deklaratu ahalko da, kategoria bakoitzean, baldin eta aurkeztutako proposamenetako batek ere ez baditu 50 puntu lortzen. Era berean, eskaeren kalitatea ikusita, kategoria bakoitzeko 2 accesit eman ahalko dira.
Hamabigarrena.– Eskaeren balorazioa eta behin betiko ebazpen-proposamena.
1.– Organo kudeatzailea arduratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeaz, eta, balorazio-batzordea deitu aurretik, egiaztatuko du ea betetzen diren deialdi honen betekizun espezifikoak, hau da, ea diruz lagundu beharreko proposamena egokia den deialdiaren xede eta eremurako, dirulaguntzaren jomuga zuzena den, entitate onuradun izateko baldintzak bete diren, eskaera denbora eta modu egokian aurkeztu den, eskatutako dokumentazioa aurkeztu den, eta aplikagarriak diren beste alderdi batzuk zaindu diren. Beharrezkoa bada, eskaerak zuzentzeko eskatuko da.
2.– Organo kudeatzaileak baloratuko ditu eskaerak, aurreko apartatuan ezarritako baldintzetan, eta, hala egindakoan, hamargarren oinarriko balorazio-batzordea deituko du, diruz lagundu daitezkeen eta aurretiazko administrazio-betekizunak betetzen dituzten eskaera guztiak ebalua ditzan, hamabigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
Eskaerak ebaluatzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkez dezatela eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei.
3.– Eskaerak ebaluatu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egin beharko du, ebaluazio horren emaitza zehazteko.
4.– Aurreko apartatuko txostena aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den entitate eskatzaileen zerrenda adieraziko da, saria edo accesitak bi kategoriatan esleituta, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta erabilitako balorazio-irizpideak zehaztuko dira.
Ebazpen horretan, zilegi izango da kategorietako edozeinetako saria huts deklaratzea.
Hamahirugarrena.– Behin betiko ebazpena jakinaraztea eta dirulaguntza onartzea.
1.– Kudeaketa-fasean onuradun izateko proposatu direnei behin betiko ebazpen-proposamena jakinaraziko zaie. Lehiaketan parte hartuz gero, saria onartzen da, hura ematen bada; halaber, plaka jasotzean, hura isilbidez onartzen dela ulertzen da.
2.– Aurkeztutako eskaerak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez, ebazpenak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ez bada eman ez jakinarazi, ulertuko da eskaerak ezetsi egin direla, 39/2015 Legeak 25. artikuluan ezarritakoari dagokionez. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra ez duenik.
3.– Entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, gainera, egoitza elektronikoan argitaratuko da emandako dirulaguntzen zerrenda, bertan adierazita haien zenbateko ekonomikoa (kasu honetan, 0 euro), finantzatutako jarduketa, eta pertsona edo entitate onuraduna.
Behin betiko ebazpen-proposamenek ez diote onuradun gisa proposatuari inolako eskubiderik ematen Administrazioaren aurrean, 20/2023 Legearen 21.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hamalaugarrena.– Prozedura ebaztea eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartutakoan, Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura ebatziko du.
2.– Ebazpenean, eskatzaile onuradunen zerrenda jasotzeaz gain, espresuki adieraziko dira laguntzaren xedea, zenbatekoa (kasu honetan, 0 euro), emakidaren oinarri den xedapena, eta oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak; halaber, adierazi egingo da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Deialdiaren oinarrietan jada jaso diren edukien erreprodukzioari buruzko baldintzak eta betekizunak ebazpenean aipatu gabe utzi ahal izango dira, eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jarri daitezke, deialdia eta oinarriak haietan kontsultatzeko, 20/2023 Legearen 22.3 artikuluari jarraituz.
3.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legeak 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Ebazpen espresurik egon ezean, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
4.– Jakinarazpen elektronikoak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpetan» atalean egingo dira: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Hamabosgarrena.– Baliogabetzea.
Baldintzak betetzen ez badira edo datu faltsuak aurkezten badira, saria jasotzeko eskubidea galduko da, eta jasotako bereizgarria itzuli beharko da.
Hamaseigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Datu pertsonalak tratamendu-jarduera honetan sartu eta tratatuko dira: laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.
Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.
Helburua: Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsonei edo entitateei. Ikerketa-lanen zabalkundea egitea, zenbait euskarritan argitaratuz haiek. Deialdiak ezagutaraztea.
Legitimazioa:
– Interesdunaren adostasuna. (DBEO, 6.1.a artikulua).
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. (DBEO, 6.1.e artikulua).
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa.
– Interesdun legitimoak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
Eskubideak: eskubidea daukazu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/162100-capa2-eu.shtml
Arauak:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
(http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
(http://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDUA
Dirulaguntzak eskatzeko inprimakietan sartutako legezko debekuren bat urratu ez izana ziurtatzen duten erantzukizunpeko adierazpenak.
XXXXXXXXXX [Nire izenean] / [Ordezkatzen dudan entitatearen izenean],
nire erantzukizunpean ADIERAZTEN DUT betetzen ditudala laguntzaren onuradun izateko betekizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoak, eta ez dudala jarraian aipatzen diren gainerako legezko debekurik.
– Ez galdu izana dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, eta ez egotea kondenatuta delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez egin izana borondatez konkurtsoa deklaratzeko eskaerarik; ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan; ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), eta ez egotea esku-hartze judizialaren mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Egoitza fiskala ez edukitzea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.
– Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan agintzen den eran (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzearen ingurukoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
– Epai irmo bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zehapen administratiboa edo penala jasotzea sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako legearen testu bateginean xedatutakoa ez betetzeagatik (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuaren bidez onartua), dagokion zehapenean ezarritako aldian.
– Ez betetzea estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plana izateko betebeharra, ezta, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere ez (50 langile baino gehiagoko enpresak).
– Elkarte ordezkatuak ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan adierazitako debeku-kausen eraginpean.
– Ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, etenda ez egotea entitate ordezkatua inskribatzeko administrazio-prozedura, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte inskripzioa egin ahal izateko dagokion erregistroan.
– Ez egin, bultzatu edo sustatu izana LGTBIfobia, horren barruan sartuta konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
– Ez egotea zigortuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
– Ez urratzea desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
– Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitzea, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).
– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko deklaraziorik ez jasotzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, legez ezarritako baldintzetan.
– Eskatutako laguntza jarduketa beretarako aitortutako edo ordaindutako beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izanik, gainfinantzaketarik ez izatea. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen diren laguntzen berri eman beharko da, laguntza likidatu arteko aldian.
– Aurreko hiru ekitaldietan jasotako laguntzek, guztira, ez dute gainditzen 300.000 euroko muga laguntza hau eman aurreko hiru urteetan, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, ez eta gainerako arauetan minimis mekanismo honetarako espezifikoki eskatzen diren beste muga batzuk ere.
Betekizunak betetzeari eta emandako datuen zehaztasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak:
– Betetzen ditut indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
– Bermatzen dut bete egiten ditudala berdintasunaren gainean indarrean den araudian ezarritako betebeharrak; tartean, berdintasun-plan bat edukitzea, hala izatea beharrezkoa bada.
– Eskabide honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, baita aurkezten ditudan dokumentu guztiak ere, eta nire gain hartzen dut dagokidan erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen jarraitzea edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
RSS