
166. zk., 2026ko irailaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (376 KB - 24 orri.)
- EPUB (380 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
3750
AGINDUA, 2026ko uztailaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Hezkuntza Sailari atxikitako sukaldeko eta garbiketako lan-kategorietako lan-kontratuko langile finkoen lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egiten baita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2023., 2024. eta 2025. urteetarako Enplegu Eskaintza Publikoak Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 19ko, 2024ko abenduaren 17ko eta 2025eko abenduaren 16ko erabakien bidez onartu ziren, eta 2023ko abenduaren 27ko EHAAn (245. zk.), 2024ko abenduaren 31ko EHAAn (253. zk.) eta 2025eko abenduaren 30eko EHAAn (251. zk.) argitaratu ziren.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lan Kontratudun langileen XII hitzarmen kolektiboaren 12.5 artikulua betetze aldera, aldi baterako langileek elkarren segidako hiru ikasturtetan betetako lanpostu hutsak lan-eskaintza publikoetan deituko dira. Behin-behinekotasun tasa gehienez % 5ekoa izango da.
Horregatik, hiru urtean behin, hitzarmen horren mendeko langile hitzarmen horretako kategorietarako lanaldi osoko plazetarako hautaketa prozesuak deituko dira. Prozesu horien bidez lan-kontratudun hauen kategoria bakoitzeko bitartekotasun-tasa ez da izango % 5etik gorakoa EPE bakoitza egiten den ikasturtean.
Hitzarmenaren indarraldian, hautaketa-prozesu bat behintzat deituko da, eta gutxienez 55 lanpostu oso eskainiko dira.
Deialdi honetan eskainitako plaza-kopurua kolokan egon liteke Hezkuntza Sailari atxikitako sukaldeko eta garbiketako lan-kategorietako lan-kontratudun langileek aurkeztutako finkotasuna deklaratzeko prozedura judizialen ondorioz. Hori kontuan hartuta, eta eman daitezkeen ebazpen judizialak behar bezala betearazten direla bermatzeko, berariaz aurreikusi behar da deitutako plazen kopurua aldatzeko edo murrizteko aukera, baldin eta hautaketa-prozesuan zehar ebazpen judizial irmoak ematen badira deialdiaren xede diren plazetan eragina duten finkotasun-demandak baiesteko.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluan eta VI. tituluaren I. kapituluan ezarritakoaren arabera, eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hezkuntza Sailari atxikitako sukaldeko eta garbiketako lan-kategorietako lan-kontratuko langile finkoen plazak betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egitea.
Bigarrena.– Agindu honen xede diren hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarriak onartzea. Oinarri horiek agindu honen I. eranskinean daude.
Hirugarrena.– Agindu honetan deitutako lanpostuei dagozkien gai-zerrendak eta meritu-baremoak onartzea. Eranskinak honakoak dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 21a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.– Xedea, parte hartzeko txandak, plazak eta aplikatu beharreko araudia.
1.1.– I. eranskinaren xedea da Hezkuntza Sailari atxikitako sukaldeko eta garbiketako lan-kategorietako lan-kontratuko langile finkoen plazak lehiaketa-oposizio bidez betetzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten arau orokorrak ezartzea.
1.2.– 55 plazarako deialdia egin da. Lanpostu horiek, kategoriaren eta txandaren arabera, honela banatzen dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Agindu honetan deitutako plazen kopurua murriztu ahal izango da hautaketa-prozesuan destinoak esleitu arte, hau da, hautatuen behin betiko zerrendak argitaratu arte, finkotasun-demanda judizialak baiesten dituen Justizia Auzitegien ebazpen irmoa ematen bada.
1.3.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandarako deitzen diren plazak onartutako plaza guztien % 7 dira, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 74. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
1.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako lanpostuak bete gabe geratzen badira, inor ez dagoelako edo dagokion hautaketa-prozesua gainditu ez dutelako, sarbide orokorreko modalitatean eskainitakoei gehituko zaizkie dagokion prozesuaren barruan.
Hala ere, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako eta betetako plazak ez badira deialdiko plazen % 3ra iristen, bete gabeko plazak hurrengo enplegu publikoaren eskaintzaren % 7ko kupoari gehituko zaizkio, % 10eko gehieneko mugarekin, Desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikora iristea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren arabera.
1.5.– Indarrean dagoen araudiaren arabera, plaza hutsak egonez gero, plazen guztizko kopurua % 10era arte edo arauak ezartzen duen gehienekora arte handitu ahal izango da, lanpostuak hautatuko diren unean.
1.6.– Aplikatu beharreko araudia.
– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
– 240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak eta Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioan zehaztutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, aske ibili eta bizitzeari buruzkoa.
– 581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, Espainiako ordenamendu juridikoan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua txertatzen duena; zuzentarau horrek 2005/36/EE Zuzentaraua –lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa– eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua –Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidezko Administrazio Lankidetzari buruzkoa (IMI Erregelamendua)– aldatzen ditu.
– 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.
– 187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko den Dekretua aldatzen duena.
– Aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, bai eta deialdi honetan xedatutakoa ere.
2.– Parte-hartzeko baldintzak.
2.1.– Betekizun orokorrak.
Hautaketa-prozesuan onartuak izan nahi dutenek betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea izatea. Halaber, Europar Batasuneko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, nazionalitatea edozein dela ere, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, eta haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira. Era berean, Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.
b) Hamasei urte beteta eta nahitaezko erretirorako ezarritako adina ez izatea.
c) Lortu nahi den kategoriari dagozkion eginkizunak betetzearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
d) Diziplina-espediente bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ez egotea, eta funtzio publikoak betetzeko desgaituta ez egotea.
e) Epai irmo bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa).
f) Lan-kontratudun langile finkoa ez izatea dagokion lan-kategorian.
g) Deialdi honetan izena emateagatiko tasa ordaindu izana, parte hartzen duen prozesu eta kategoria bakoitzari dagokiona.
2.2.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzeko baldintzak.
Txanda horretan parte hartu ahal izango dute, eskatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, foru-aldundietako gizarte-ongizateko sailetako, dagokion autonomia-erkidegoko, edo, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta duten pertsonek.
Erreserba-aukera parte hartzeko eskabidean zehaztu beharko da, eta berariaz adierazi beharko da horretarako eskatzen den baldintza betetzen duela. Lanpostua lortuz gero, organo eskudunen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
2.3.– Baldintzak betetzea.
Alegatzen diren 2.1 eta 2.2 puntuetan aurreikusitako betekizunak izateko erreferentzia-data 3.1 oinarrian eskabideak aurkezteko adierazitako epea amaitzen den eguna izango da, eta betetzen jarraitu beharko da dagokion lan-kontratua formalizatu arte.
3.– Eskabideak aurkeztea.
Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko. Onartzeko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, eskabidearen atal guztiak bete beharko dira, eredu normalizatuaren arabera, epe barruan aurkeztu beharko da eta dagozkion tasak ordaindu beharko dira, jarraian zehazten den moduan.
Izangaiek txanda bakarrean parte hartu ahal izango dute (irekia edo desgaitasuna), eta horren ondoren ezin izango da txanda aldatu.
3.1.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 21ean hasiko da, eta 2026ko urriaren 19an amaituko da.
3.2.– Eskabideak aurkezteko modua.
Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskabidea bide elektronikoz aurkezteko, Enplegu Publikoaren Atarira jo beharko da, helbide elektroniko honetara (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/). Eskabidea bete ahala adieraziko diren jarraibideak bete beharko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartutako bitarteko baten bidez identifikatu beharko da (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).
Enplegu Publikoaren Ataritik aurkezteak aukera emango du elektronikoki betetzeko izapide hauek:
– Parte hartzeko eskabidea.
– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasak ordaintzea.
– Eskabidearen erregistro elektronikoa.
– Datu pertsonalak aldatzea hautaketa-prozesu osoan.
– Eskabidea zuzentzea, hala badagokio, zuzentzeko epean.
– Enplegu Publikoaren Atarian argitaratzen den prozesuari buruzko informazioa eskuratzea eta haren jarraipena egitea.
– Erreklamazioak aurkeztea, horretarako ezartzen diren epeetan.
– Lehiaketa-faseko merezimenduak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.
– Lanpostuak aukeratzea.
– Hala badagokio, eskatutako dokumentazioa erantsi.
Eusko Jaurlaritzaren KZgune zentro publikoetan ere egin ahal izango da eskabidea bide elektronikoz. KZgunea zentroen zerrenda eta kokapena helbide honetan daude eskuragarri: www.kzgunea.eus
Izen-emate prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Enplegu Publikoaren Atarian horretarako adieraziko den telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango dute: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
3.3.– Bi hautaketa-prozesuetan eskabideak aurkeztea.
Izangaiek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko, eta bi kategorietan hautatuak izan ahal izango dira.
3.4.– Tasak.
Martxoaren 20ko 1/2025 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izangai bakoitzak inskripzio-tasa ordaindu beharko du eskabide bakoitzeko.
Tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da, eta ordaindu beharreko zenbatekoa 8,18 eurokoa izango da.
Diru-zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa
Ordaintzeko aukera hori egunean 24 orduz egongo da erabilgarri eskabideak aurkezteko epean, baina, horretarako, ezinbestekoa izango da banka elektronikoko bezero izatea atxikitako finantza-entitateetakoren batean. Bizum bidez edo banku-txartel bidez ere ordaindu ahal izango da.
Ez da beharrezkoa izango tasa ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztea.
Ez ordaintzeak edo epez kanpo ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du. Ordaindutako zenbatekoan egindako akatsa hamar egun balioduneko epean zuzendu ahal izango da, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Tasa hori ez da itzuliko baldin eta hautaketa-probetatik kanporatzen bada interesdunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, ez eta proba egitera joaten ez bada edo hautaketa-prozesuan izena ematean huts egiten badu ere.
Banketxean ordaintzeak ez du inola ere ordezkatuko eskabidea oinarri honetan aurreikusitako epean eta moduan betetzeko izapidea.
3.5.– Betekizunak eta merezimenduak kontsultatzeko baimena.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek berariazko baimena eman ahal izango dute Hezkuntza Sailak elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bidez datuak kontsulta ditzan. Kontsulta horiek betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko egingo dira.
3.6.– Probak egiteko egokitzapenak.
Eskabideak aurkezteko epea hasten denetik aurrera, izangaiek probetan egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte, hala nola bitartekoak eta denborak egokitzea. Eskaera hori egin ahal izango dute desgaitasuna duten pertsonek edo amatasunarekin edo osasun-arazoekin lotutako salbuespenezko kasuak dituztenek, betiere gerora sortutakoak eta eragindako pertsonaren beraren borondatearekin zerikusirik ez dutenak. Eskabidean, berariaz adierazi beharko da zer egokitzapen egin behar den, eta premia hori egiaztatzen duen dokumentazioa erantsi beharko da.
Desgaitasuna duten izangaiek egokitzapenak eskatzen badituzte probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: minusbaliotasun-maila kalifikatzeko organo tekniko eskudunak emandako irizpen tekniko fakultatiboa, aitortutako minusbaliotasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak modu frogagarrian egiaztatuz, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, irakaskuntzakoa ez den beste lanbide batean ezintasun iraunkor osoa deklaratzen duena.
4.– Izangaien onarpena.
4.1.– Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, gehienez ere hilabeteko epean, eta onartutzat joko du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Zerrendan izangai bakoitzak zer kategoria eta txandatan parte hartzen duen agertuko da, bai eta, baztertua izanez gero, baztertzeko arrazoia ere.
Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsitzat jotzen duen ebazpena adierazitako lekuan argitaratzen denean, interesdunei behar den jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, hamar egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, hala badagokio, zuzendu ahal izango da baztertzea eragin duen akatsa. Dagokion tasa ez ordaintzea ez dago akats zuzengarritzat hartuta.
Erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta bertan adierazten den lekuan aurkeztuko dira.
Interesdunak ez badu adierazitako epean zuzentzen kanporatzea eragin duen akatsa, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta prozesutik kanpo geratuko da.
4.2.– Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda.
Aurkeztutako erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez onartu edo ezetsiko dira. Ebazpen horren bidez, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartuko da.
Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarako adierazitako leku berean argitaratuko dira.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Onartutako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela aitortzen zaienik. Beraz, onartutako pertsonek prozedura honetan parte hartzetik eratorritako eskubideak izateko, baldintza izango da 9. oinarrian jasotako dokumentuak aurkeztea eta, ondorioz, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
5.– Hautaketa-organoa.
5.1.– Izendapena.
Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez izendatuko dira hautaketa-probak kalifikatuko dituzten epaimahaikideak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendarekin batera.
5.2.– Osaera.
Epaimahaiak bost kide izango ditu: epaimahaiburua eta lau epaimahaikide. Bost kideek karrerako funtzionarioak edo lan-kontratuko langile finkoak izan beharko dute.
Gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Honela eratuko dira:
Epaimahaiburua:
– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak izendatutako kidea.
Epaimahaikideak:
– Administrazio Publikoen zerbitzura dauden bi langilek.
– Lan-kontratudun langile finkoen bi kide, bat sukalde kategoriakoa eta bestea garbiketa kategoriakoa.
Epaimahaikide izatea norberaren izenean izango da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren kontura jardun.
Epaimahaikide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, prozedura bera erabiliz.
Epaimahaiak, egoki iritziz gero, espezialisten aholkularitza izan dezake. Pertsona horiek, epaimahaiarekin lankidetzan, beren espezialitate teknikoetan aholku ematera mugatuko dira.
5.3.– Hautaketa-organoko kideen abstentzioa eta errekusazioa.
Hautaketa-organoko kideek ezin izango dute parte hartu prozeduran, eta behar bezala justifikatu beharko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan kategoria bereko hautaketa-probetarako izangaiak prestatzeko lanak egin badituzte.
Epaimahaiburuak epaimahaikide guztiei eskatuko die aurreko paragrafoan aurreikusitako egoeretan ez daudela adierazten duen berariazko adierazpena.
Era berean, aurreko arrazoietako bat gertatzen denean, interesdunek edozein unetan errekusatu ahal izango dituzte hautaketa-organoko kideak, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.4.– Jarduteko arauak.
Epaimahaiburuak deialdia egin ondoren, Epaimahaia eratuko da, ahal dela izendatutako kide guztiak bertan direla, titularrak zein ordezkoak. Batzordea eratzeko, beharrezkoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, epaimahaikideen erdiak bertan izatea.
Epaimahaiburuaren ordezkapena Langileriaren Kudeaketako zuzendariak baimenduko du; epaimahaikideen ordezkapena, berriz, epaimahaiburuak, kontuan hartuta izendatu dituen xedapenean agertzen den ordezko bokalen batek egin beharko duela.
Eratze-saioa aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera. Egintza horretan bertan izendatuko da idazkaria.
Antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, hautaketa-organoak bestela erabaki ezean.
Epaimahaia eratu ondoren, eraketa-akta bidaliko dio, kide guztiek sinatuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, ahalik eta lasterren.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluetan zehaztutako arauen arabera jardungo du epaimahaiak.
Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketak epaimahaiburuaren kalitatezko botoarekin ebatziko dira.
5.5.– Eskumenak.
Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da prozeduraren gardentasunaren eta objektibotasunaren eta deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.
Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, oinarri hauek aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, deialdia behar bezala garatzeko behar diren erabakiak hartuko ditu, eta oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako irizpideak ezarriko ditu.
5.6.– Egoitza.
Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian izango du helbidea, Vitoria-Gasteizen.
5.7.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainak.
Epaimahaikideek zerbitzuagatik dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu hori osagarri gisa aplikatuko da.
6.– Hautaketa-prozedura.
6.1.– Hautaketa-prozedura oposizio-lehiaketa izango da, txanda hauetan: irekia eta desgaitasuna.
6.2.– Oposizio-fasea:
6.2.1.– Oposizio-fasean proba bat egin beharko da, nahitaezkoa eta baztertzailea.
Aukerako erantzunak dituen 20 galderako galdetegi bati erantzun beharko zaio, idatziz, epaimahaiak ezarritako gehieneko epean. Epe hori ezin izango da bi ordutik gorakoa izan. Galdetegi horrek 10 galderetako lehenengo ariketa teorikoa izango du, dagokion kategoriaren eranskinean adierazitako gai-zerrenda orokorrari buruzkoa, eta bigarren ariketa teoriko-praktikoa, 10 galderetakoa dagokion kategoriaren eranskinean adierazitako gai-zerrenda espezifikoari buruzkoa. Ariketa bakoitzak erreserbako 3 galdera izango ditu.
Zero (0) puntutik hogei (20) puntura kalifikatuko da – zero (0) puntutik hamar (10) puntura ariketa bakoitzean –. Baztertu egingo dira bi ariketen artean hamar (10) puntu lortzen ez dituztenak, eta ariketa bakoitzean gutxienez 3 galdera zuzen erantzun beharko dira. Ariketa horien zuzeneko puntuazioa formula honen emaitza izango da: erantzun zuzen bakoitzari 0,5 puntu emango zaizkio, eta okerreko erantzunek ez dute puntuaziorik kenduko.
Lortutako nota etorkizuneko hautaketa-prozesuetan gorde ahal izango da. Kasu horretan, guztira 10 punturen gainean lortutako nota haztatuko da, hurrengo hautaketa-prozesuetan negoziatuko den puntuazioarekin parekatu ahal izateko.
6.2.2.– Hautaprobak ez dira 2026ko abendua baino lehen hasiko. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean zehaztuko dira ariketak egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizio-faseko ariketetarako deialdi bakarra egingo zaie kategoria bakoitzean lehiatzen diren izangaiei. Izangai bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiria, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.
6.2.3.– Kalifikazio-epaimahaiak denbora eta ariketak egiteko baliabideak egokituko dizkie egokitzapenik behar eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei, gainerako parte-hartzaileekiko aukera-berdintasuna izan dezaten, betiere horrek probaren edukia desitxuratzen ez badu eta eskatutako gaitasun-maila murrizten edo kaltetzen ez bada.
Eskabide horiek onartu edo ezetsi egingo dira, uztailaren 23ko PJC/804/2025 Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, irizpide orokorrak ezartzen dira desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikora iristeko hautaketa-prozesuetan bitartekoak eta denborak egokitzeko eta beste arrazoizko doikuntza batzuk egiteko.
6.2.4.– Oposizio-fasean lortutako behin-behineko kalifikazioak argitaratzea.
Probak amaitu ondoren, epaimahaiak, jakinarazpen-ondorioetarako, izangaiek lortutako behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Enplegu Publikoaren Atarian, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Kalifikazio horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote izangaiek epaimahaiari, hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, epaimahaiak adierazitako lekuan.
6.2.5.– Oposizio-fasean lortutako behin betiko kalifikazioak argitaratzea.
Oposizio-fasean lortutako behin-behineko kalifikazioak erreklamatzeko epea amaitutakoan, epaimahaiak lortutako behin betiko kalifikazioak azalduko ditu, eta erreklamazioak ezetsitzat joko dira puntuazioak aldatu ez badira.
Ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, oposizio-fasean lortutako behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira.
Kalifikazio horien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, eta, hala badagokio, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute deialdi honen 8.3 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.
6.3.– Lehiaketa-fasea.
6.3.1.– Merezimenduak alegatzea eta egiaztatzea.
Oposizio-faseko behin betiko kalifikazioak argitaratu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez 10 egun balioduneko epea ezarriko da merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko. Ebazpen hori Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Epe horretan, agindu honetako hautaketa-prozesu bakoitzari dagokion eranskinean aurreikusitako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioaren kopia aurkeztu beharko da.
Merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko izapidean, izangaiei Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan jasota dauden merezimenduak aurkeztuko zaizkie, bai eta beste administrazio batzuetatik elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bidez jaso ahal izan direnak ere, 3.5 oinarrian aipatzen den baimena eman denean, baldin eta oinarrietan baloratuak izateko aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Enplegu Publikoaren Atarian agertzen ez diren merezimenduen egiaztagiriak soilik alegatu eta aurkeztu beharko dira, bai ofizioz konputagarriak izan arren Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan jasota ez daudelako, bai elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bidez kontsultatu ezin izan direlako, nahiz eta 3.5 oinarrian aipatzen den adostasuna eman, edo baimen hori dagokion izapidean eman ez delako.
Horretarako, merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko izapidean, izangaiek Enplegu Publikoaren Atarian jasota dauden merezimenduak egiaztatu beharko dituzte.
6.3.2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu arte egindako merezimenduak baino ez dira barematuko.
Era berean, oposizio-fasea gainditu duten izangaien merezimenduengatik esleitutako puntuazioak baino ez dira barematuko eta argitaratuko.
6.3.3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango. Izangai bakoitzak gehienez 20 puntu lor ditzake merezimenduen balorazioagatik.
Lehiaketa-faseko puntuazioa merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioen batura izango da, kategoriaren arabera dagozkion eranskinetan zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.
6.3.4.– Lehiaketa-fasean lortutako behin-behineko puntuazioen publizitatea.
Merezimenduak baloratu ondoren, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak merezimenduen baremoan lortutako puntuazioen behin-behineko zerrendak argitaratzeko aginduko du. Puntuazio horiek Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko dira, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko, adierazten den lekuan.
6.3.5.– Lehiaketa-fasean lortutako behin betiko puntuazioen publizitatea.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak merezimenduen baremoan lortutako puntuazioen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.
Puntuazio horien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, eta, hala badagokio, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute deialdi honen 8.3 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.
6.4.– Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioen haztapena eta azken puntuazioa.
Azken puntuazioa oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioaren batura da, dagokion haztapena egin ondoren. Horrela, azken puntuazioa osatzeko haztapena honako hau izango da: % 55 oposizio-faserako eta % 45 lehiaketa-faserako.
7.– Izangaiak ordenatzea eta plazak hautatzea.
7.1.– Jarduketa horiek egin ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez argitaratuko da hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien ordenatzea, kategoriaren eta puntuazioaren arabera. Ebazpen hori Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Ebazpen horren aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, eta, hala badagokio, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute deialdi honen 8.3 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.
7.2.– Lehentasun-klausula.
Euskal Enplegu Publikoaren Legeak aurreikusitakoarekin bat etorriz, trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie lehentasuna, emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den plaza edo kategorietan egiten diren deialdietan. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean.
Ondorio horietarako, izangaien artean gaitasun bera dagoela ulertuko da hautaketa-prozesuen azken puntuazioan berdinketa gertatzen denean, hau da, merezimendu guztiak baloratu ondoren.
7.3.– Izangaiak azken puntuazioen arabera ordenatzean berdinketarik gertatuz gero, honako irizpide hauen arabera ebatziko dira, hurrenez hurren:
1.– Puntuazio handiagoa oposizio-fasean.
2.– Puntuazio handiagoa lehiaketa-faseko merezimenduen ataletan (III. eta V. eranskinak), atal horiek deialdi honetan agertzen diren hurrenkeran.
3.– Puntuazio handiagoa lehiaketa-faseko merezimenduen azpiataletan (III. eta V. eranskinak), azpiatal horiek deialdi honetan agertzen diren hurrenkeran.
4.– Berdinketak jarraitzen badu, lehen abizenaren ordena alfabetikoa, R letratik hasita, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2025eko urriaren 28ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da 2026-2027 ikasturtean ordezkapenak egiteko izangaiak kudeatzeko prozesuan ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza, bai eta ikasturte horretan zehar dei daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ere (2025eko azaroaren 5eko EHAA, 213. zk.).
7.4.– Ebazpen horren bidez, plazak hautatzeko epea ere irekiko da.
Hautaketa-prozesu bakoitzerako eskainitako plazei dagokienez, honako hauek adieraziko dira: plazaren izena, ikastetxea, destinoko herria eta esleitutako ordainsari-maila.
Lanpostuak elektronikoki aukeratzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Hautaketa-prozesuetan parte hartzetik eratorritako eskubideak galduko dituzte oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua garaiz eta behar bezala hautatzen ez dutenek. Ondorioz, ez da inolako eskubiderik aitortuko hautatzeko eskabidean berariaz hautatu ez diren plazei dagokienez.
7.5.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko hautagaientzako arau espezifikoa.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen duten pertsonek, lanpostuak aukeratzeko eskabideetan, aukera izango dute egokitzapenak eskatzeko dagokien lanpostuan edo lanpostuetan. Eskatutako egokitzapena egokia den eta eskatutako lanpostuek esleituta dituzten zereginekin bateragarria den zehazte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren organismo autonomoen Prebentzio Zerbitzuak dei egin ahal izango die hautagaiei.
Era berean, lanpostuak aukeratzeko izapidean lehentasun-hurrenkera aldatzeko eska diezaiokete epaimahaiari. Horretarako:
– Agiri bidez justifikatu beharko dituzte haien arrazoiak, hau da, zer mugikortasun- edo mendekotasun-arrazoitan oinarritzen den haien eskaera (foru-aldundietako sail eskudunaren, Imsersoren edo erakunde baliokidearen txostena).
– Argi zehaztu beharko dute zer-nolako lanpostuak eskatzen dituen lehentasunez esleitzeko (lantoki zehatza, udalerria, etab.).
– Eskabidearen lehenengo lekuetan eskatu beharko dituzte betekizunak betetzen dituzten eta eskatutako esleipen-lehentasunaren ezaugarriei erantzuten dieten eskainitako lanpostu guztiak.
8.– Hautatutako pertsonak.
8.1.– Destinoak esleitzea.
Zerrenda bat egingo da deialdi bakoitzeko, eta zerrenda horretan jasoko dira desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko parte-hartzaileak, prozesuan lortutako azken puntuazioaren arabera, handienetik txikienera. Zerrenda horren hurrenkera erabakigarria izango da lanpostuak esleitzeko, 7.5 oinarrian aurreikusitakoa izan ezik.
Epaimahaiak hala erabakitzen duenean (behar bezala justifikatuta dagoelako), beharrezkoak diren gutxieneko aldaketak egingo dira lehentasun-hurrenkeran, desgaitasuna duten pertsonek lanpostu jakin batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, betiere 7.5 oinarrian xedatutakoaren arabera, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin. Hori guztia, baldin eta desgaitasunak ez badie eragozten lanpostuko zereginak betetzea.
8.2.– Hautatutako pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratzea.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, hautatutako pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratzeko. Ebazpen hori Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Hasiera batean txanda irekiari esleitutako plazei desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan bete gabe geratu direnak gehituko zaizkie.
Behin-behineko zerrenda horien aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, zerrenda horietan egon daitezkeen akatsengatik, 5 egun balioduneko epean.
8.3.– Hautatutako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratzea.
Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez argitara emango dira puntuazioaren arabera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian hautatutako izangaien behin betiko zerrendak.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hautatutako izangaien behin betiko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 egun balioduneko epean, bi kategorietan hautatuak izan diren pertsonek adierazi beharko dute zer plazatan sartuko diren benetan zerbitzu aktiboan, eta beste kategorian eszedentzia-egoeran geratuko dira destinoa galduta, dagozkion legezko izapideak bete ondoren. Aukera egin ezean, puntuaziorik handiena lortu duten kategoriako plaza aukeratzen dutela ulertuko da, eta, puntuazio bera lortuz gero, merezimenduen baremoaren eranskineko I. atalean puntuaziorik handiena lortu duten kategorian.
Epe berean, hautatutako pertsonek uko egiten dutela jakinarazi ahal izango diote Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari. Uko egiteak irmoak izango dira ondorio guztietarako.
8.4.– Ordezkoak.
Kategoria bakoitzean hautatutako izangaien behin betiko zerrendekin batera, hautatutako ordezko izangaien zerrenda ordenatua egingo da, kopuru berean.
Hautatutako ordezkoen zerrenda hori erabiliko da aldez aurretik hautatutako hautagairen batek izaera hori galtzen badu, arrazoi hauengatik:
– 8.3 oinarrian adierazitako datara arte Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan aurkeztutako hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egiteagatik.
– egon daitezkeen errekurtsoak zenbatetsita.
– 9. oinarrian eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik edo aurkeztetik 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ondorioztatzeagatik.
Bi kategorietan hautatutako izangaiei buruzko 8.3 oinarrian adierazitako kasuan ere erabiliko da, benetan lanean hasten ez diren lanpostuei dagokienez.
Aipatutako kasuren bat gertatuz gero, ordezkoen zerrendan agertzen den puntuazio-ordenaren arabera hautatutako pertsonen zerrenda osagarri bat argitaratuko da, eta adierazitako inguruabarren ondorioz hutsik geratu diren plazak adina izangai hautatuko dira.
Ezarritako epea baino geroago egindako uko-egiteengatik, edo hautatutako pertsonen zerrenda osagarria argitaratu ondoren 9. oinarrian eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik betetzen ez diren lanpostuak, edo 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, hurrengo enplegu publikoaren eskaintzari gehituko zaizkio.
9.– Dokumentuen aurkezpena.
9.1.– Hautatutako pertsonek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Nortasun Agiri Nazionala indarrean, salbu eta berariazko baimena ematen badute Hezkuntza Sailak nortasun-datuak kontsultatzeko, nortasun-datuak egiaztatzeko sistema elektronikoen bidez. Espainian bizi diren atzerriko izangaiek nortasun-agiria edo pasaportea aurkeztu beharko dute, bai eta Europako Erkidegoko egoiliarraren edo Europako Erkidegoko egoiliarraren senidearen indarreko txartela edo, hala badagokio, Europar Batasuneko egoiliarraren edo mugako langile komunitarioaren aldi baterako indarreko txartela ere. Izangaiek nortasun-agiria edo pasaportea aurkeztu beharko dute, baldin eta Europar Batasuneko gainerako estatu kideren bateko nazionalitatea badute edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalitatea badute eta Espainian bizi ez badira, dela atzerrian bizi direlako, dela Espainian egonaldi-araubidean daudelako.
Izangai atzerritarrak Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalen ezkontideak badira, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaien estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideak badira, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, eta haien ondorengoak eta ezkontidearenak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak eta mendekoak badira, pasaportea edo bisa aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, txartela eskatu izanaren edo bisatutik eta txartel horretatik salbuetsita egotearen frogagiria. Dokumentu horiek eskatu ez badira, agintaritza eskudunek emandako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, ahaidetasun-lotura egiaztatzen dutenak, bai eta zinpeko adierazpen bat edo hitzemate bat ere, Europar Batasuneko nazionalitatea duen pertsonarena edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen batena, adierazten duena ez dagoela zuzenbidez bananduta haren ezkontidearengandik, eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo haren kargura dagoela.
b) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, honako hauek adieraziz: diziplina-espediente baten bidez ez dutela inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu, ez dutela funtzio publikoak egiteko desgaitu, eta ez dagoela Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasunen legezko inolako kausatan sartuta. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.
c) Desgaitasun-egoera baliatu duenak aurkeztu beharko du foru-aldundietako gizarte-ongizateko sailetako organo eskudunen ziurtagiria, dagokion autonomia-erkidegokoa, edo, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorrekoa, baldin eta % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortzen bazaio.
d) Sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa barne) epai irmo bidez kondenatua izan ez izanaren ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emana. Hala ere, ez dute halakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailak elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bidez datu hori kontsultatzeko berariazko baimena eman dutenek.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek beren jatorrizko herrialdeetan aipatutako izaera bereko delituei buruzko kondenarik ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
9.2.– Dokumentuek bete beharreko baldintzak.
Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, aldatu ezin direnak.
Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumenturen bat beste hizkuntza batean idatzita badago, zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio dokumentu horri.
9.3.– Aurkezteko lekua eta epea.
Hogei egun balioduneko epean, hautatutako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, pertsona horiek Hezkuntza Sailak eskatutako dokumentuen kopia aurkeztu beharko dute, «Hautatuek dokumentazioa entregatzea» ereduarekin batera.
9.4.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.
Adierazitako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiriak aurkezten ez dituztenak, edo, agiriak aztertuta, 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ikusten bada, ezin izango dira lan-kontratudun langile finko bihurtu, eta, beraz, egindako jarduketa guztiak baliogabetuko dira, eskabidea faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.
10.– Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzea.
Dokumentazioa aurkezteko epea amaituta eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpen bidez ezarriko da lan-kontratudun langile finko izateko nahitaezko izapideak formalizatzeko epea.
Ezarritako egunetan kontratua sinatzen ez dutenek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte.
11.– Lan-poltsa.
Hautaketa-prozesuak amaitzean, sukaldeko eta garbiketako langileen zerrendak mantenduko dira.
Hautaketa-prozesua gainditzen duten baina plazarik lortu ez duten pertsonei 365 puntu emango zaizkie zerrendetan.
12.– Txanda-kontratua.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, hautaketa-prozesuak amaitzean, oposizio-fasea gainditzen duten eta kategoria bakoitzean eta puntuazio-ordenaren arabera hautatzen ez diren pertsonen zerrenda bat sortuko da. Pertsona horiek txanda-kontratu baten esleipendun izan ahalko dira, lanpostu hutsak badaude. Esleipen horiei uko egiteak, hala badagokio, ez du inolako zigorrik izango.
13.– Datu pertsonalen tratamendua.
Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.
Datu horiek tratatu egingo dira, eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko, «Hautaketa- eta hornikuntza-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran (Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza da erregistro horren arduraduna), prozedura horren kudeaketaren ondoriozko administrazio-izapideak egiteko eta aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko behar den tratamendua emateko.
Hala badagokio, datu-lagapenaren hartzaile izan daitezke Estatuko Administrazioko organo eskudunak, Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, sindikatuak eta langileen batzordeak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dute, bai eta webgune honetan kontsulta daitezkeen beste eskubide batzuk ere:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/049100-capa2-eu.shtml
Bai datu pertsonalen tratamendua, bai datu horiek hirugarrenei lagatzea eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, datuen aurka egiteko eta datu horiek transferitzeko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (2018ko abenduaren 6ko BOE), Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.
II. ERANSKINA
SUKALDARIA
GAITEGI OROKORRA
1.– Euskal Autonomia Erkidegoa. Antolaketa politikoa eta administratiboa.
2.– Euskal eskola publikoa. Ikastetxeak. Antolaketa eta funtzionamendua.
3.– Administrazio publikoetako langileak: kontzeptua eta tipologia; eskubideak eta betebeharrak.
4.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lan-kontratuko langileentzako hitzarmen kolektiboa.
GAITEGI ESPEZIFIKOAK
1.– Sukaldearen kontzeptua. Sukaldeko lokalak bete behar dituen baldintza fisikoak eta ingurunekoak. Autokontrol-programa. Garbiketa-, desinfekzio- eta mantentze-kontrola.
2.– Prestatutako janariak prestatzeko, banatzeko eta merkaturatzeko higiene-arauak. Instalazioen eskakizunak. Jantoki kolektiboaren kontzeptua. Janari-lekukoen kontzeptua eta erabilgarritasuna. Egosteko sistemak: lerro beroa, mistoa eta hotza.
3.– Sukaldeko teknologia: baskulagarriak, kazolak, labeak, frijigailuak eta abar. Makineria: bero-sorgailuak (gas naturala, lurruna eta elektrizitatea), hotz-sorgailuak eta makina txikiak. Sukaldeko tresnak: kontzeptua eta motak. Laneko arriskuen prebentzioa sukaldean.
4.– Sukaldaritzako terminologia: kontzeptua eta terminoak (distira ematea, karamelatzea, adobatzea, aromatizatzea, braseatzea, lurrunetan egostea, enpanatzea, etab.).
5.– Jeneroak kontserbatzearen kontzeptua. Kontserbatzeko moduak: bitarteko fisikoak, kimikoak eta biologikoak.
6.– Kozinatzeko teknikak sailkatzea. Bide hezeko prozedura. Egostea eta frijitzea. Bide lehorreko prozedurak: errekiak.
7.– Funtsaren kontzeptua. Oinarrizko funtsak eta osagarriak: kontzeptua eta motak. Funtsak kontserbatzea.
8.– Barazkiak: kontzeptua, sailkapena eta kozinatzeko teknikak. Arroza eta patatak: kontzeptua, ezaugarriak, nolakotasunak eta kozinatzeko teknikak. Lekaleak: kontzeptua, propietateak, aurretiazko elaborazioa eta kozinatzea.
9.– Koipeak eta olioak: kontzeptuak, motak eta kontserbazioa. Oreak: kontzeptua, motak, formaren araberako sailkapena eta kontserbazioa. Esnekiak: kontzeptua, osaera, kontserbazioa, sukaldean erabiltzea eta eratorriak.
10.– Arrautzak: osaera, balorazioa eta kontserbazioa. Erabilera orokorra. Kozinatzeko oinarrizko metodoak.
11.– Ongailuak: kontzeptua. Landare jatorria: espeziak eta belar aromatikoak. Jatorri minerala: gatza. Askotariko ongailuak: patttarrak, likoreak, ozpinak, azukrea eta bestelakoak.
12.– Arrainak: kontzeptua, sailkapena, freskotasun-maila, nutrizio-propietateak eta kozinatzeko oinarrizko metodoak.
13.– Haragiak: kontzeptua, kalitatea, errendimendua, propietate nutritiboen araberako sailkapena eta kozinatzeko oinarrizko metodoak.
14.– Artikuluak txandakatzea eta iraungitzea. Hondakinak kontrolatzeko plana.
15.– Elikagaiak manipulatzeari buruzko arauak. Manipulazioko jardunbide egokiak. Arriskuen analisiaren kontzeptua.
16.– Elikadura berezia eta dieta terapeutikoak. Menuak egokitzea alergietarako, intolerantzietarako, patologia espezifikoetarako (diabetesa, zeliakia, hipertentsioa) eta nutrizio-premia berezietarako. Kutsadura gurutzatuak.
17.– Elikagaien kontserbazioari buruzko arauak.
18.– «Kostu-dokumentua» ezagutzea (kontsumoa pertsonako). Kantitateak zentzuz banatzea. Eguneroko kontsumoak.
19.– Gastronomiako joera berriak. Abangoardiako sukaldaritza, sukaldaritza jasangarria eta sukaldaritza kolektibora egokitutako sukaldaritza-teknika berriak.
20.– Ingurumen-kudeaketa sukaldean. Energia aurrezteko eta hondakinak kudeatzeko jardunbide egokiak. Baliabideen erabilera eraginkorra eta jasangarritasuna sukaldaritza profesionalean.
21.– Komunikazioa eta talde-lana sukaldean. Langileak koordinatzeko, gatazkak kudeatzeko, lidergorako eta komunikazio eraginkorrerako trebetasunak sukaldaritza profesionaleko inguruneetan.
RSS