
164. zk., 2026ko abuztuaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 5 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3725
AGINDUA, 2026ko abuztuaren 10ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira zigor betearazpeneko laguntzaileen kidegoko (C1 azpitaldea) funtzionarioak bizikidetza kontrolatzeko agente lanpostura egokitzeko berariazko tutoretzak egiteko baldintzak 2026. urterako.
Uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia onartu zen, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa, 2021eko urriaren 1etik aurrerako ondorioekin.
Ondoren, 2021eko azaroaren 2an, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren 2021eko urriaren 18ko Erabakia onartu zuen, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoei aplikatu beharreko salbuespenezko eta aldi baterako baldintzak ezarri baitziren.
Transferentzia gauzatu zenetik, espetxeetan lanpostu hutsak zeudela egiaztatu zen, eta, horregatik, salbuespenezko neurriak hartu behar izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko hiru espetxeetan zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzeko. Neurri horien artean, lanpostuak betetzea aldi baterako langileak kontratatuz.
Testuinguru horretan, eta erakunde sindikalekin lortutako akordioaren ondorioz, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2022ko abuztuaren 30eko Ebazpena eman zen, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako espetxeetako laguntzaileen lanposturako (C1 azpitaldea) lan-poltsa eratzeko hautaketa-prozesurako deialdia egin baitzen. Ebazpen horrek hautaketa-prozesu bat eratu zuen, horrela egituratuta: merezimenduak baloratzeko fase bat eta prestakuntza teoriko-praktikoko ondorengo fase bat, izendapenak eraginkorrak izateko baldintza gisa.
Espetxe Administrazioaren esparruan, eta sortzen ari ziren premiak kontuan hartuta, orduko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak – gaur egun Justizia eta Giza Eskubideen Saila –, Justizia Administrazioko zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 12ko Ebazpenaren bidez, Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko langileak lanpostura egokitzeko berariazko tutoretzen sistema ezarri zuen.
Ondoren, 2024ko azaroan, Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioan zerbitzuak ematen dituzten langileen lanpostu-zerrendak aldatu ziren, eta Estatuko 2025eko martxoko lekualdatze-lehiaketa amaitu zen. Horren ondorioz, langileen barne-mugimenduak egin ziren, eta, espetxeetan lanpostu hutsak egotearekin batera, salbuespenezko jarduketak egin behar izan ziren, zerbitzua behar bezala ematen zela bermatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko hiru espetxeetako edozeinetan. Horregatik, 2025eko martxoaren 25ean, Espetxe Zerbitzuen zuzendariak dagokion ebazpena eman zuen, «Espetxe Administrazioko Zigor Betearazpeneko Laguntzaileen eskalako lanpostura egokitzeko tutoretza espezifikoei buruzko jarraibideak emateko».
Deskribatutako aurrekariek agerian uzten dute ezen, Euskal Autonomia Erkidegoak espetxe-arloko eskumenak bere gain hartu zituenetik, bitarteko funtzionarioen bidez lanpostuak betetzeko eta eremu horretan aldez aurreko esperientziarik ez duten pertsonak sartzeko, tresna iragankorren eta antolamendu-ebazpenen bidez kudeatu izan direla, konplexutasun bereziko zerbitzu publiko baten jarraitutasuna bermatzeko.
Hala, espetxeetan zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioek ingurune espezializatu batean egiten dute lan, ezaugarri hauekin: askatasunik gabeko pertsonekin harreman zuzena eta jarraitua izatea, zentro itxietan eta segurtasun-protokolo espezifikoen mende jardutea, eta tentsio-, gatazka- eta arrisku-egoeren eraginpean egotea. Inguruabar horiek direla eta, espetxean sartzen den unetik, gaikuntza praktikoa eta espetxe-eremuko prozedura operatiboen eta dinamiken ezagutza behar dira, eta horiek ezin dira soilik eskuratu aldez aurreko prestakuntza teorikoaren bidez.
Testuinguru horretan, lanpostura egokitzeko berariazko tutoretzak ezartzea funtsezko tresna da zerbitzuan mailaka eta segurtasunez sartzea bermatzeko, behar diren gaitasun praktikoak eskuratzea erraztuz, arriskua murriztuz eta espetxe-zerbitzu publikoa behar bezala ematen dela bermatuz.
Premia hori indartu egiten da Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 88.6 artikuluan xedatutakoaren arabera. Artikulu horrek karrera profesionala araudi espezifikoaren arabera garatzea aurreikusten du, eta, horrela, neurri bereiziak hartzea legezkotzat jotzen du prestakuntzaren, lanpostura egokitzearen eta laguntza profesionalaren arloan.
Bestalde, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 124. artikuluan ezartzen duenez, euskal administrazioetako enplegatu publikoek eskubidea dute zerbitzuagatiko kalte-ordainak jasotzeko, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan, Administrazioaren prestakuntza-jardueretan lankidetzan aritzeagatik, ez modu iraunkorrean ez ohikoan, eta jarduera horien artean sartzen dira agindu honetan araututako tutoretzak. Era berean, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak Administrazioak antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzeagatiko konpentsazioa jasotzen du, eta sail eskudunari esleitzen dio kalte-ordain horien zenbatekoa zehaztea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, eskumen hori, gaur egun, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailari eta Ogasun eta Finantza Sailari dagokie.
Ondorioz, neurri iragankorrak hartu diren hasierako fasea gainditu ondoren, eta tutoretza espezifikoak praktika beharrezko eta errepikakor gisa finkatu direla kontuan hartuta, 2026ko ekitaldian egokitzat eta beharrezkotzat jotzen da baterako agindu baten onarpena bultzatzea, lanpostura egokitzeko tutoretzen sistema normalizatu ahal izateko, arau-esparru homogeneo eta egonkor bat emanez.
Espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzko ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuan eta eskualdatzea bere gain hartzeari buruzko uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuari dagokionez, sail honi dagokio, Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzaren bidez, espetxeetako giza baliabideak planifikatzea eta kudeatzea, bai eta langileen prestakuntza- eta hobekuntza-planak egitea eta betearaztea ere, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera.
Azaldutakoa kontuan hartuta, eta tutoretza horiei lotutako araubideari arau-estaldura egokia emateko, ondorengoa
XEDATU DUGU:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako Zigor Betearazpeneko Laguntzaileen Kidegoko funtzionarioen (C1 azpitaldea) bizikidetza kontrolatzeko agentearen lanpostura egokitzeko berariazko tutoretzak egiteko baldintzak ezartzea 2026ko ekitaldirako.
2. artikulua.– Helburua.
1.– Tutoretza prestakuntza pertsonalizatua da, eta Zigor Betearazpeneko Laguntzaileen Kidegoko Bizikidetza Kontroleko agenteak (C1 azpitaldea) sartu ondoren ematen da, langile horiek EAEko Espetxe Administrazioan aurretiazko esperientziarik ez dutenean, bete beharreko lanpostuaren berezko trebetasun praktikoak eskuratu, garatu eta finkatzeko.
2.– Helburua da lanbide-ingurunean mailaka sartzen laguntzea, lanpostuari dagozkion zereginak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren gaitasun praktikoak eskuratuz, garatuz eta finkatuz.
3. artikulua.– Tutorea.
1.– Tutorea funtzionario hauen artean izendatuko da:
a) Tutoretzapeko pertsonak betetzen duen maila eta izaera bereko edo handiagoko lanpostu batean jardutea.
b) Oro har, tutoretzapeko pertsonak betetzen duen maila eta izaera bereko edo handiagoko lanpostu batean gutxienez bi urteko esperientzia duela egiaztatzen badu.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona bat baino gehiago egonez gero, bete beharreko lanpostuan edo funtzioetan esperientzia handiagoa izatearen arabera egingo da izendapena, bai eta prestasun- eta antolaketa-irizpideen arabera ere.
3.– Tutoretzak ematea borondatezkoa izango da.
4. artikulua.– Hartzaileak.
Tutoretza bidezko prestakuntzaren hartzaile izan ahalko dira Espetxe Administrazioan sei hilabetetik gorako aldi batean (jarraituak edo etenak) zerbitzurik eman ez duten funtzionarioak, baldin eta aldez aurretik eremu horretan lanpostura egokitzeko berariazko tutoretzarik jaso ez badute.
5. artikulua.– Eskaera.
1.– Dagokion espetxeko zuzendaritzak zehaztuko du tutoretza-premia, lanpostuaren ezaugarriak eta sartutako langileen inguruabarrak kontuan hartuta.
2.– Espetxeko zuzendaritzak dagokion tutoretza-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta espetxeko langileak kudeatzeko organo eskudunari helaraziko zaio.
3.– Tutoretza hasteko, espetxeko langileen kudeaketaren arloan eskumena duen organoaren berariazko baimena beharko da. Organo horrek tutoretza emateko ebazpena emango du, eta behar bezala jakinarazi beharko zaio tutoreari eta tutoretzapekoari.
4.– Eduki bera edo antzekoa duten lanpostuetan tutore bera tutoretzapeko bati baino gehiagori esleitu ahal izango zaio, betiere jarraipen egokia bermatuta.
6. artikulua.– Iraupena eta ordutegia.
1.– Tutoretzak lanaldian zehar egingo dira, eta hilabete eta erdiko iraupena izango dute. Hasieran, laguntza intentsiboko hamabost eguneko epean egituratuko dira, eta, ondoren, hilabeteko epean, aldizkako jarraipena eta ikuskapena egingo da.
2.– Astero, tutorearen eta tutoretzapeko pertsonaren arteko jarraipen-bilerak egin ahal izango dira, tutoretzaren garapena eta aurrerapen-maila aztertzeko. Hamabostean behin, jarraipen-bilerak egingo dira, kasuan kasuko zerbitzuaren arduradun funtzionala barne, aurrerapena ebaluatzeko edo ikaskuntza indartzeko.
7. artikulua.– Baimenak tutoretzan zehar.
1.– Tutoretza borondatezkoa eta ordaindua denez, tutorearen dedikazio eraginkor eta jarraitua behar da, lortu nahi den prestakuntza-helburua betetzen dela bermatzeko.
2.– Tutoreak edo tutoretzapekoak baimenak, lizentziak, oporrak edo legez onartutako beste edozein absentzia baliatzeko, araudi espezifikoa bete beharko da beti. Absentzia horiek eragin nabarmena badute tutoretzaren garapenean (tutoretza baimendu duen organoak aintzat hartuko du hori), prestakuntza-aldia luzatu edo birprogramatu egingo da, 6. artikuluan aurreikusitako iraupena benetan betetzen dela bermatzeko behar den denboran. Ez dira inola ere zenbatuko tutoretzapeko egun gisa baimen-egunak, lizentziak, oporrak edo legez aitortutako beste edozein absentzia.
3.– Tutoretza egiten ari den bitartean tutoretza jasotzen ari den pertsona aldi baterako ezintasun-egoeran jartzen bada, tutoretza etenda geratuko da egoera horrek irauten duen bitartean. Lanean berriro hasten denean berrekingo zaio tutoretza-aldiari, eta, hala badagokio, 6. artikuluan aurreikusitako benetako iraupena osatzeko behar den denboraz luzatuko da. Aldi hori ez da zenbatuko tutoretzapeko egun gisa.
4.– Aldi baterako ezintasun-egoerak tutoreari eragiten dionean, zuzendaritza eskudunak behar diren antolaketa-neurriak hartuko ditu, arrazoiak emanez, eta, hala badagokio, tutoretza-aldia benetako iraupena osatzeko behar den denboraz luzatuko da.
8. artikulua.– Kalte-ordaina.
1.– Tutoretza-eginkizunak betetzen dituen pertsonak 350 euro gordineko kalte-ordaina jasoko du, prestakuntza-jarduera ez-iraunkor ezta ohikoetan laguntzeagatik, tutoretzapeko pertsona bakoitzeko, honela banatuta:
a) 150 euro tutoretza trinkoko lehen 15 egunengatik.
b) 200 euro, hurrengo hilabetean egindako jarraipen- eta gainbegiratze-lanagatik.
2.– Prestakuntza-jarduerak osorik garatzen ez direnean, arrazoia edozein dela ere, adierazitako zenbatekoak hainbanatu egingo dira, benetan egindako tutoretza-denboraren arabera.
3.– Zenbateko horiek sortzeko, espetxe-arloan eskumena duen sailak tutoretza horietarako ezarritako baldintzak bete beharko dira.
9. artikulua.– Izapidetzea eta justifikazioa.
1.– Espetxe-arloan ardura duen saileko organo eskudunak justifikazio-memoria bat igorriko dio enplegu publikoaren arloan eskumena duen zuzendaritzako Nomina Zerbitzuari. Memoria horretan egiaztatuko da prestakuntza-ekintza behar bezala gauzatu dela, eta banan-banan adieraziko dira tutoretza-eginkizunak bete dituzten pertsonak, tutoretza benetan zenbat egunetan egin den, tutoretza noiz egin den eta kasu bakoitzean ordaindu beharreko zenbatekoa, hala badagokio, dagozkion murrizketa proportzionalak aplikatuta.
2.– Era berean, organo horrek ordainketak Ogasun eta Finantza Sailean izapidetzea sustatuko du, ezarritako prozedura arruntaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arau-garapena.
Espetxeen arloan eskumena duen zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu honetan aurreikusitakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 10a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS