Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2026ko abuztuaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3693

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 28koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) Esteban Pérez de Yerobi kalearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko abenduaren 11n, Irungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Irungo Esteban Pérez de Yerobi kalearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko urtarrilaren 15ean eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion Irungo Udalari.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunak ikusita, eta planaren ezaugarriak eta haren ingurumen-inpaktuak kontuan hartuta, txosten honen xedea da zehaztea ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, balitekeelako ingurumenean eragin nabarmenak izatea, edo, bestela, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Hiri-antolamenduko plan berezia jasota dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan, eta haren bidez ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira; hain zuzen ere, c) letran: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez badituzte.

Gainera, Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 3) apartatuko kasuen barruan dago; izan ere, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezarrita, II.A eranskineko 6. eta 7. apartuetako gainerako baldintzak betetzen ez dituzten planak eta programak aipatzen ditu.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta aintzat harturik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txostenean, aztertzen da ea planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Manu hauek kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Irungo (Gipuzkoa) Esteban Pérez de Yerobi kalearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia»ren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Kokalekua.

Planaren xede den guneak Esteban Perez de Yerobi kaleko 2.021 m2 betetzen ditu; kalea Dunboa kanalaren eskuinaldean dago, Irungo udal-mugartean, Gipuzkoan. Iparraldean nahiz hegoaldean muga egiten du etxebizitza blokeekin, ekialdean Arbesko Errota kalearekin eta mendebaldean Dunboa kanalarekin berarekin.

Irungo hiri-bilbean dago, guztiz antropizatutako gune batean, eta ez du landarerik. Itxura laukizuzena du, eta egungo egoeran hiri-kale baten ohiko elementuak ditu: autoentzako galtzadak, aparkalekuak eta bi espaloi alboetan. Gainera, sestraren azpitik hiri-zerbitzuen hainbat azpiegitura mota doaz.

HAPBa egitearen helburua da Esteban Pérez de Yerobi kalearen antolamendu xehearen erregimena aldatzea, Uranzu-Uztapide-Nafarroa arroaren uholde-arriskuari erantzuteko. Azaldutako arazoari erantzuteko, honako hauek justifikatuta daude:

– Drainatze-sarearen edukiera handitzea, eurite bortitzak daudenean hobeto funtziona dezan.

– Ekaitzen tanga instalatzea (sestraren azpian), sestraren gainean etxola batekin osatuz, tangaren zerbitzu osagarriak edukiz, euri-ura etortzeagatik edo arroan ura gainezkatzeagatik gunean urak gainezka egin ez dezan.

Ekaitzen tangak (sestraren azpian) eta bere etxola osagarriak (sestraren gainean) osatutako multzoaren proiektua egiteak eta ezartzeak, horrek indarreko antolamendu xehean duen edo izan dezakeen eraginak edo eragiten dituen edo eragin ahal dituen aldaketek barne, Plan Berezia egitea justifikatzen dute.

Testuinguru horretan, aurreikusten da Plan Berezia eta bertan planteatuko diren proposamenak egokitzea, esku hartzeko irizpide hauen arabera:

– Azpiegitura eta instalazio horiek ezartzeko dagozkion hirigintza-parametroak zehaztea: kokapena, eraikuntza-parametroak, eraikigarritasuna, etab.

– Instalazio horiek modu osagarrian honako baldintza hauek beteko dituen toki batean jartzea:

• Uranzu-Uztapide-Nafarroa arroan egotea.

• Arro horren barruan, instalazioen berezko helburuei erantzuteko arlo hidraulikoan egokia den tokian jartzea. Horrek justifikatzen du arroaren behealdean jartzea.

• Eraginpeko hiri-inguruan ahalik eta gutxien eragitea, arloa edo esparrua edozein dela ere, honako hauek barne: oinezkoen, txirrindularien eta motor-gidarien mugikortasuna; aparkalekuak; espazio libreak eta antzeko beste zuzkidura batzuk; hiri-zerbitzuen azpiegiturak; zarata; paisaia; obrak egikaritzeari lotutako ondoreak; etab.

– Aurreko helburu eta irizpideak honako hauek lortzeko behar direnekin osatzea:

• Kentzen diren autoentzako aparkalekuak konpentsatzea bizikleta eta/edo motorrentzako aparkalekuekin.

• Hiri-hondakinak biltzeko instalazioak (edukiontziak) jartzeko toki egokia gaitzea.

– Hiri-emaitzaren kalitatea bermatzea, orokorra nahiz estetikoa eta paisaiarena.

Aztertutako aukerak.

Aurretik aipatu den moduan, Plan Bereziaren helburu nagusia da Uranzu-Uztapide-Nafarroa arroaren uholde-arriskuak murriztea, ekaitzen tanga eta beste instalazio osagarri batzuk ezarriz. Zehaztutako helburuak betetzeko, ingurumen-dokumentuak hiru aukera jasotzen ditu, 0. edo «esku-hartzerik ez» aukeraz gain. Proposatutako aukeren ingurumen-analisia egin da:

0 aukera edo Esku-hartzerik ez egitekoa eremuan indarreko hirigintza-erregimena dagoen moduan mantentzean datza; hortaz, ez litzateke jarduketarik egingo. Aukera horrek ez du arroan dagoen uholde-arriskuaren arazoa konpontzen; hortaz, baztertu egin da, urak gainezka egiteko arazoarekin jarraitzea dakarrelako, inolako erantzunik eman gabe.

1. aukera arazo horri erantzuteko arroko beste lurzati edo lursail pribatu batzuetan behar diren azpiegitura eta instalazioak ezartzean datza. Eraiki den lurzatiei eragingo lieke; hortaz, obren eta jarduketen egikaritze materialari lotutako hainbat eragin egongo lirateke edo egon ahalko lirateke: ekonomikoak (lurrak erosteko kostuak, etab.), sozialak (biztanleak eta jarduera ekonomikoak mugitu eta birkokatzea) eta programaziokoak (aipatutako arazoen ondoriozko atzerapenak). Aukera hori baztertu da, 2. eta 3. aukerek ez dituztelako arazo horiek sortzen.

2. aukera arazo horri erantzuteko Esteban Pérez de Yerobi kalean behar diren azpiegitura eta instalazioak ezartzean datza. Aukera horrek egokia den hiri-ingurune bati eragiten dio, arlo hidraulikoan ere egokia denari. Gainera, kalearen hirigintza-baldintzatzaileak aintzat hartuta, hainbat arlotan eraginak murriztea ahalbidetzen du, hala nola oinezkoen, txirrindularien eta motor-gidarien mugikortasuna, aparkalekuak, beste zuzkidura publiko batzuk (espazio libreak, etab.) eta dagozkien berezko zerbitzuak.

3. aukera arazo horri erantzuteko behar diren azpiegitura eta instalazioak beste gune publiko batzuetan instalatzean datza, hala nola Uranzu, Dunboa, Uztapide Bertsolari, Arbesko Errota, Enkartia kaleetan, Nafarroa etorbidean, Leandro Agirretxe plazan eta abarretan, zeinak Uranzu-Uztapide-Nafarroa arroan baitaude. 2. aukerarekin alderatuta, iritzi zaio aukera okerragoa dela. Alde batetik, arlo hidraulikoan egokiak ez direlako eta/edo Esteban Pérez de Yerobi kaleko 4. zenbakia bezain egokiak ez direlako. Bestalde, hirigintzaren arloan ere kale hori bezain egokia ez delako, aipatutako arlo guztietan edo batzuetan aurkako eraginak baititu.

Horregatik guztiagatik, iritzi zaio 2. aukera dela egokiena ezarritako helburuak betetzeko, orokorrean arrazoizkoa eta orekatua baita, ikuspegi hidraulikotik nahiz beste arlo batzuen eraginak murrizteari dagokionez (oinezkoen, txirrindularien eta motor-gidarien mugikortasuna; aparkalekuak; beste zuzkidura publikoak, hala nola espazio libreak, hiri-zerbitzuen azpiegiturak... eta horien berezko zerbitzuak; etab.).

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko alderik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: uste da plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko, bai eta klima-aldaketa gutxitzeko eta aldaketa horretara egokitzeko neurriak ere.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: ez da antzeman ingurumenean arazo nabarmenik sortuko denik plana egikaritzearen ondorioz, baldin eta eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste, arlo hauetan: lurzoruak, uholde-arriskua, jabari publiko hidraulikoaren edo haren babes-guneen gaineko eragina, zarata, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Irun udal-mugartearen hirigunean dago, eta hiri-lurzoru sailkapena du.

Eremuaren klimari dagokionez, ingurumen-agiriak adierazten du udalerrian dagoen C084 – Behobia instalazio-meteorologikoaren datuen arabera, udan batez besteko tenperatura 18 eta 21 ºC artekoa dela, eta neguan 6 eta 10 ºC artekoa. Urteko batez besteko tenperatura 14,3 ºC da. Zenbatetsi da urtean prezipitazioak 1 682,9 l/m2-koak direla.

Eremutik gertuen dagoen airearen kalitatea kontrolatu eta zaintzeko estazioan (Lezokoa) jasotako datuen arabera, airearen kalitatea ona da.

Eremuaren geologiari dagokionez, EAEren oinarrizko ingurumen-kartografiatik lortutako informazioaren arabera, eremu osoan Dunboako kanalari lotutako metakin alubialak daude. Bestalde, GEIKERek 2007. urtean egindako azterlan geoteknikoaren arabera, eremua dagoen esparru geologikoa Kretazeoan (Flysch deitritiko – karetsua Campaniarra-Maastrichtiarra) eta Kuaternarioan osatu zen.

Plan Bereziaren eremuak mendebaldean Dunboako kanalarekin egiten du muga, zeina Bidasoaren arro hidrografikokoa baita. Era berean, eremua itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuaren pean dago (20 m kanalaren mugatik); jabaria kosten arloko indarreko lege-xedapenetan dago araututa (22/1988 Legea, Kostena, Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzko 2/2013 Legeak aldatua; Kosten 876/2014 Erregelamendu Orokorra, abuztuaren 1eko 668/2022 Errege Dekretuaren bidez aldatua). Uraren egoera ona da, ikuspegi ekologikotik nahiz kimikotik. Euskadiko Mapa Hidrogeologikoaren datuak (Energiaren Euskal Erakundearena – EEE) oinarri hartuta, Plan Bereziaren eremua Kostako mendikatea/Goi kretazeoa jabari hidrogeologikoari dagokio (Zumaia-Irun lurrazpiko ur-masa). Akuiferoen inguruko zaurgarritasuna oso txikia da, zorupearen materialak ez direlako hain iragazgaitzak.

Edafologiari eta gaitasun agrologikoari dagokienez, eremua oso-osorik urbanizatuta dago. Jatorrizko baldintza naturalak duela hainbat urte aldatu ziren, eta eraginpeko eremuek ez dute nekazaritza-baliorik.

Plan Bereziaren eremua Dunboa kanalaren inguruan dago, eta, horren ondorioz, EAEren ibai eta erreken bazterrak antolatzeko LPSaren mende dago. LPS horren arabera, Dunboa kanala, ingurune horretatik igarotzen denean, 0 mailako ibai-ibilgua da, eta eremuaren zatirik handiena 500 urteko aldiko uholde-eremuan dago.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremuan ez dago gune natural edo artifializaturik, multzoa urbanizatuta eta/edo antropizatuta baitago. Eremuan ez dago landare edo zuhaitz aipagarririk.

Lurzoruaren erabilerari dagokionez, eremuak egun hiri-kale baten berezkoak ditu: motordun ibilgailuentzako galtzadak, ibilgailu horietarako aparkalekuak eta oinezkoentzako espaloiak alboetan (sestraren gainean); ura, saneamendua eta abar banatzeko hiri-zerbitzuen azpiegiturak (sestraren azpian). Eremuan ez da hauteman kutsatuta egon litezkeen lurzorurik, kutsakorrak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurren inbentarioaren edukiaren arabera.

Aldaketaren eremuan ez da Batasunaren intereseko habitatik hauteman, eta ez dago intereseko faunarik (babestua edo sailkatua). Hala ere, eremuaren zatia abifaunarentzako babes-eremua da.

Eremua ez dago ez eremu babestu baten barruan, ez natura-intereseko eremu inbentariatu baten barruan, kategoria gorabehera: parke naturala, biotopo babestua, zuhaitz apartekoa, Natura 2000 Sareko (BGL) gunea edo lekua, KBE, BBE, ibai-erreserba naturalak, etab. Ez da EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen parte.

Eremuko paisaia hiri-paisaia da, guztiz antropizatua, eta hiri-kale gisa erabiltzeko antolatuta dago (bi espaloi ditu, bi galtzada eta azalerako aparkalekua), eta altuerako eraikinez inguratuta dago, mendebaldeko mugan salbu, bertan Dunboa ibaia edo kanala baitago. Hori dela eta, eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan.

Kultura-ondareari dagokionez, Plan Bereziak eragindako eremu osoa Irungo indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren katalogoan jasotako paduren eremu arkeologikoaren parte da. Hala ere, eremuan ez dago arlo arkitektonikoan, arkeologikoan edo beste batean sailkatutako eraikin edo elementurik, jarraian jasotako salbuespenari kalterik egin gabe.

Egon litezkeen ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua 500 urteko errepikatze-denbora duen uholde-arriskua du, kutsadura oso txikiarekiko zaurgarriak diren akuiferoak eta lurrikara-arrisku ertaina. Ez da erosio-arrisku nabarmenik hauteman, ezta baso-suteena ere. Inguruan ez dago SEVESO araudian jasota dagoen industriarik. Eta, amaitzeko, ez da salgai arriskutsuak garraiatzeko arriskurik hauteman.

Erantsitako azterlan akustikoaren arabera, ekaitzen tanga eta etxola osagarria mantentzeko lanek Pelegrin de Uranzu 18-32 eta Uztapide 3-9 zenbakietan dauden bizitegi-eraikin gertuenen fatxadetan sortzen duten soinu-inpaktuaren mailak egun, arratsalde eta gaueko aldietan etorkizuneko jarduerarako muga-balioak errespetatzen ditu, 213/2012 Dekretuaren arabera. Hala ere, kasurik okerrenean ere, euria edo ekaitza 24 orduz etengabe dagoenean, ekaitzen tangak eta etxola osagarriak sortutako soinu-inpaktuak ez ditu errespetatzen egun, arratsalde eta gaueko aldietan etorkizuneko jarduerarako muga-balioak, 213/2012 Dekretuaren arabera. Hortaz, aintzat hartuta gerta litekeela 24 orduz etengabe funtzionamenduan egotea eta kasu horretan ez direla muga-balioak errespetatzen, soinu-azterlanak adierazi du neurri zuzentzaileak ezarri beharko direla gertuko bizitegi-eraikinen inguruko soinu-inpaktua murrizteko, hala nola etxola osagarriaren paramentuetan isolamendu akustiko gehiago jartzea (hormak eta teilatua) eta aireztapen-saretetan eta sarrera-atean isolamendu-neurri zehatzagoak ezartzea, sareta eta ate akustikoak jarriz.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, Plan Bereziak honako ingurumen-ondorio hauek sor ditzake.

– Lur-mugimenduak.

– Berrurbanizatzeko obrak (bide-sarea, hiri-zerbitzuen azpiegiturak...).

– Proiektatutako azpiegitura eta instalazio berriak eraikitzea.

– Planteatutako proposamenak paisaian txertatzea.

– Plan Bereziaren esparruan garatutako jardueraren funtzionamendua (ustiapena).

Ez da eragin eta inpakturik sortu intereseko fauna-espezieetan, faunarako habitatetan, espazio natural babestuetan, igarobide ekologikoetan eta kutsatuta egon litezkeen lurretan, ez baitago horrelakorik edo Plan Bereziaren esparruan ez direlako elementu horiek identifikatu.

Ingurumen-agiriak iritzi dio inpaktu nagusiak obra-fasean sortutakoak izango direla, balitekeelako esekita dauden material batzuk arrastaka eramatea indusketetan edo olioak edo karburanteak isurtzean, eta baliteke material horiek euri-uren saneamendu-sisteman amaitzea. Zuzeneko eragin negatiboa da, epe laburrekoa eta behin-behinekoa. Magnitude ertaina izatera iritsiko da, eta prebentzio-neurriak har daitezke.

Obra-fasean eta ustiapen-fasean ez da ingurumen-eragin nabarmenik egongo zuhaitzen gainean.

Aurreikusitako obrak egikaritzean, eta, zehazki, sestraren azpian ekaitzen tanga ezartzeko behar direnetan, hiri-zerbitzuen azpiegiturak planteatutako eskari berrietara egokitzean eta sestraren gainean Esteban Pérez de Yerobi kalea berrurbanizatzean paisaiari eragin negatiboak sortuko zaizkio, zuzenekoak, epe laburrekoak eta behin-behinekoak. Eragin bateragarria da, eta ez dagokio prebentzio- edo zuzenketa-neurriak ezartzea.

Era berean, aurreikusitako obrak egikaritzean oztopoak eragingo dira, nagusiki zarata handiagoa egongo delako eta eraginpeko eremuan partikulak esekiduran egongo direlako. Hiri-ingurunean dagoenez, agiriaren arabera eragin horiek murrizteko neurri egokiak hartu beharko dira, eta, orokorrean, bermatu beharko da obrak ingurumen-jardunbide egokien arabera egikaritzen direla. Neurri horietan eguneko lanen ordutegia zehaztu, kamioien abiadura mugatu, garbiketa-lanak eta makinen igarobideetan arriskuak murrizteko neurri zorrotzak ezarri beharko dira, baita justifikatuta dauden beste edozein neurri ere.

Bestalde, ustiapen-faseari dagokionez, Inpaktu Akustikoaren Azterlanean azaldutako kontuak aintzat hartu beharko dira. Zehatzago esanda, eta azterlan horretan adierazitakoarekin bat, zenbatetsi da ekaitzen tangaren eta etxola osagarriaren etorkizuneko jarduerak berekin ekarriko duela 213/2012 Dekretuan gaueko ordutegian bizitegi-eremu akustikoetarako ezarritako helburu akustikoak ez betetzea, inguruan dauden bizitegi-eraikinei dagokienez, aurretik aipatu den moduan. Halaber, aurreikusi da dekretu horretan bertan egun eta arratsaldeko aldietarako ezarritako helburu akustikoak beteko direla.

Soilik aintzat hartuta zein izan daitezkeen Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatu dituen aldaketen ondoriozko eraginak, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

Ingurune sozioekonomikoaren gaineko eraginak, egun Uranzu-Uztapide-Nafarroa arroari eragiten dioten uholde-arriskuen arazoak konponduko direnez, positibotzat jo dira.

Mugikortasunari dagokionez, aurreikusten da aldi baterako eremuan egun dauden autoen aparkalekuen kopurua murriztuko dela hein batean. Iritzi zaio ondorio bateragarria dela. Hala ere, zarataren, atmosferarako emisioen eta abarren arloan ondorio positiboak ere izan ditzake.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

C) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezarri behar dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Irungo (Gipuzkoa) Esteban Pérez de Yerobi kalearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia»ri ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar ez dakion, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak plangintzan txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duen ebazpenean ezarritakoen arabera, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoa babestearekin loturiko neurriak.

– URAren txostenak adierazi duen moduan, iritzi zaio behar bezala justifikatu dela Babeseko Zortasun Eremua zati batean okupatzea eta azpiegitura eremutik kanpo jartzea ezintasuna izatea, Itsasertzaren eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi behar zaionari kalterik egin gabe.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

– Aintzat hartuko da jarduketa-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 52. artikuluan, I. eranskinean eta II. eranskinean ezarritako muga-balioak errespetatu beharko direla.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuaren txostenaren arabera, Irungo HAPOaren arabera Plan Bereziaren eremua paduren eremu batean dagoenez, ekaitzen tanga eta aurreikusitako gainerako jarduketak egitean zorrotz jarraitu beharko zaio aplikatu beharreko babes arkeologikoko araudiari; zehatz esanda, aplikatu behar den oinarrizko babes-neurria da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuari helarazi beharko zaizkiola lur-mugimenduak barne hartzen dituzten obra-lizentziak. Beraz, hala badagokio, departamentu hori izango da sustatzailearekin batera obren jarraipen arkeologikorako plana ezarriko duena.

– Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren txostenari jarraikiz, etorkizunean ekaitzen tanga eta lotutako obrak egikaritzen direnean, bermatu beharko da edozein ezinbesteko aurkikuntza edo arrisku potentziala dagoenean dagokion langile arkeologikoek identifikatuko dutela eta haiek berrikusita kudeatuko dela, bermatuz eremuaren zorupean dagonen kultura-ondarean behar bezala babesten dela.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak aldi baterako eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, zer neurri hartu adieraz dezan.

Beste prebentzio-eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak egikaritzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek erantsi beharko zaizkie planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei:

– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak ez sortzea sustatu behar da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudea daitezela, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta antzekoak) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Lur-soberakinak sortzen badira, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari.

Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden aukerak aztertuko dira ingurumen-irizpideekin, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta arau hauen arabera kudeatuko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-guneak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoetarako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak edukiko dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez garraiatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketa-materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, hau da, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

– Obrek ateratako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko, bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko orduan.

Eguneko lan-ordutegia errespetatuko da.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikuntza sentikorretan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi eduki beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauek hartu beharko dituzte kontuan, gutxienez:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak murriztea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta, biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Irungo (Gipuzkoa) Esteban Pérez de Yerobi kalearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia»k ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Irungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean ez bada «Irungo (Gipuzkoa) Esteban Pérez de Yerobi kalearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia» onartzen. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 28a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala