
160. zk., 2026ko abuztuaren 24a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (205 KB - 12 orri.)
- EPUB (610 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3678
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 22koa, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeak aitortzen baitira eta ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzak esleitzen baitira 2026-2029ko aldirako, «Zientzia esperimentalak» arloan.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren 2025eko irailaren 2ko Aginduaren bidez (EHAA, 178. zk., 2025eko irailaren 19koa), euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen 2026-2029 urteetarako jarduera babesteko laguntzetarako deialdia egin zen.
Hautaketa Batzordeak txostena helarazi zion Zientzia Politikarako zuzendariari, ebazpen-proposamena egin dezan. Ebazpen-proposamen hori 2026ko ekainaren 26an eman zen.
Aginduaren 15.1 artikuluak ezartzen duenez, 2. artikuluan ezarritako ikerketa-arlo bakoitzean, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak ebatzi behar du dagokion prozedura.
Horregatik, agindu horretan ezarritako prozeduraren gainerako arauak bete direnez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal unibertsitate-sistemako «Zientzia esperimentalak» arloko ikerketa-taldeak aitortzea 2026-2029rako. Talde horiek I. eranskinean daude zerrendatuta («Egiaztatutako taldeak»).
Bigarrena.– «Zientzia esperimentalak» arloko euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzak ematea 2026-2029 urteetarako. Jarduera horiek II. eranskinean zerrendatuta daude («Laguntzaren guztizko zenbatekoa, kontzeptuen araberako xehetasuna eta denbora-banakapena»).
Hirugarrena.– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa ezartzea diruz lagundutako euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeei «Zientzia esperimentalak» arloan 2026-2029rako; III. eranskinean daude zerrendatuta («Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa»).
Laugarrena.– Laguntzaren onarpena eredu normalizatu baten bidez formalizatuko da, aginduaren 17. artikuluan ezarritako eran.
Bosgarrena.– Entitate onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta deialdi-aginduaren 18. artikuluan adierazitakoak ere.
Seigarrena.– Entitate onuradunek laguntza nola erabili den argitzen duen segimendu ekonomikoari buruzko txostenak aurkeztu beharko dituzte urtero, eta entregatzeko azken eguna hurrengo urteko martxoaren 31 izango da. Halaber, entitate onuradunek 2028. eta 2030. urteetako lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen eguneratu beharko dituzte ekoizpen zientifikoaren datuak.
Zazpigarrena.– Aginduaren 17. artikuluan deskribatutako onarpen-prozedura bete ondoren ordainduko dira laguntzak, honela:
– Lehenengo urtekoa ordaintzeko, bi ordainketa egingo dira: lehenengoa, aldez aurretik, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa; bigarrena, gainerako % 50a, hurrengo urtean, 19. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan adierazitako txosten ekonomiko eta zientifikoak aurkeztu direla egiaztatu ondoren.
– Bigarren urtekoa ordaintzeko, bi ordainketa egingo dira: lehenengoa, aldez aurretik, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa; bigarrena, gainerako % 50a, hurrengo urtean, 19. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan adierazitako txosten ekonomiko eta zientifikoak aurkeztu direla egiaztatu ondoren. Bigarren ordainketa osorik egingo da, baldin eta entitate onuradunak egiaztatzen badu 2026. eta 2027. urteetarako emandako zenbatekoaren % 70 bete dela gutxienez. Bestela, justifikatutako zenbatekoarekin egingo da ordainketa, eta emandako zenbatekoa aldatu egingo da, eta aurreratu diren eta itzuli behar diren kopuruak itzuli.
– Hirugarren urtean ere berdin jokatuko da: lehenengo ordainketa aurreratuko da, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa; bigarrena, gainerako % 50a, hurrengo urtean, 19. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan adierazitako txosten ekonomiko eta zientifikoak aurkeztu direla egiaztatu ondoren. Bigarren ordainketa osorik egiteko, lehenengo hiru urteetarako emandako laguntzaren gutxienez % 80 gauzatuta egon beharko da. Bestela, justifikatutako zenbatekoarekin egingo da ordainketa, eta emandako zenbatekoa aldatu egingo da, eta aurreratu diren eta itzuli behar diren kopuruak itzuli.
– Laugarren urtean, lehenengo ordainketa aurreratuko da, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarren ordainketa hurrengo urtean egingo da, 19. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan adierazitako txosten ekonomiko eta zientifikoak aurkeztu direla egiaztatu ondoren, eta 2026-2029 laurtekoaren likidazioaren emaitzara egokituko da.
Dirulaguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.
Zortzigarrena.– Entitate onuradunak aginduaren 21. artikuluan adierazten den kasuren batean badaude, ezin izango da eskatu laguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzultzea eta laguntza ordaindu zenetik aplikatu beharreko legezko interesak eskatzea.
Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 22a.
Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea,
ADOLFO MORAIS EZQUERRO.
RSS