Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2026ko abuztuaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3676

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 29koa, HABEko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2026-2027 ikasturtean A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten diren ikasleei eta C1C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Bestalde, XIII. legegintzaldi honetako gobernu-programaren 43. konpromisoaren 1. ekimena hau da: «Edozein pertsonari euskara doan ikasteko aukera eskaintzeko prozesuari ekitea, pixkanaka, maila guztietan, A1etik C2ra».

Ildo horretatik, 2026ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2026ko otsailaren 17ko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, Sailaren webgunean kontsulta daitekeenak, Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du.

Eta hain zuzen ere, euskara gero eta jende gehiagok jakin eta gero eta jende gehiagok erabiltzeko xede garbiarekin, euskararen erabilera sozialerako bidean jauzi bat eginez, Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den JAUZIA GARA estrategiaren barruan, EUSKARA BONUA izeneko doakotasun-eredu berria ezarriko da ikasturte honetan, eta horren bitartez, hasierako ordainketa bakarra eginez, euskararen ezagutza-prozesuan ibilbide osoa bermatu nahi zaio ikasleari, benetako erabilera-gaitasuna lortu arte.

Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartu zituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatu duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2026-2027 ikasturtean A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten diren ikasleei eta C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu eta deialdia egitea.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2026ko uztailaren 29a.

HABEko zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Oinarri hauen xedea da 2026-2027 ikasturtean A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten diren ikasleei eta C1C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei laguntza eskaintzea 2026-2027 ikasturteko ikastaroen matrikula-prezioan Ebazpen honetako baldintzei jarraikiz.

2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2026-2027 ikasturtean 7.000.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Honela banatuko da kopuru hori:

– 2026an hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat: 4.819.607 euro.

– 2027an hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat: 2.180.393 euro.

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, % 80eraino handitu ahal izango da, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-partiden izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori dirulaguntzen esleipen-ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketa HABEko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onartu eta EHAAn argitaratu beharko da.

3.– Dirulaguntza hau eskuratzeko, lehenik eta behin, A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten den ikasle bakoitzak 120 euro ordainduko ditu euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan matrikulatzen den lehen aldian. Behin diru-kopuru hori ordainduta, ikaslearen abiapuntuko mailaren arabera ordu-kreditu edo ordu-poltsa bat esleituko zaio, eta ikasleak dohainik izango ditu ordu-kreditu hori agortu arteko ikastaroetako ordu guztiak, baita maila/azpimaila bera errepikatuz ere, urtez urte hainbat ikastaro eginez B1A2 maila lortu arte, betiere epemuga baten barruan.

Dirulaguntza honetara lehen aldiz jotzen duen ikaslearen abiapuntuaren arabera, beraz, ondorengo ordu-kredituak eta epemugak finkatzen dira azpimailako, aurrez aurreko ikastaroetan, jardun bikoetan eta autoikaskuntzakoetan; autoikaskuntzan, halaber, gehieneko diru-muga batzuk ere ezartzen dira abiapuntuko azpimailaren arabera, eta diru-muga horretara iritsitakoan, agortu egingo da dirulaguntza. Hots:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Horrez gain, autoikaskuntzan matrikulatzen den ikasleak ezingo du ikasturte bakoitzean 750 euro baino gehiago jaso, ezta 265 ordu baino gehiago erabili ere.

Bestetik, 2025-26 ikasturtean A1 edo A2 mailako dirulaguntzara jo zuten ikasleek ere baliatu ahal izango dute dirulaguntza-lerro berri hau, inolako diru-ordainketarik egin beharrik gabe, baina, hain juxtu ere, 2025-2026 ikasturtean dagoeneko dirulaguntzaz baliatu direlako, beren epemuga urtebete laburragoa izango da A0A0, A1A0 eta A1A1 abiapuntuko azpimaila duten ikasleen kasuan; ez, ordea, A2A1 edo A2A2 abiapuntua dutenen kasuan, hauek lehen aldiz hasten diren ikasleen epemuga bera izango baitute.

Hots:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

C1 mailako dirulaguntzaz baliatu nahi duen ikasleak, aldiz, matrikularen ordainketa partzial gisa, aukeratutako ikastaroaren ordu bakoitzagatik 0,60 euro ordainduko dizkio euskaltegiari edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuari, eta ikastaro bakarra egin ahal izango du dirulaguntza honen babesean.

C1C1 helburu-maila duten aurrez aurreko ikasleek 350 orduko muga izango dute eta C1C1 helburu-maila duten autoikaskuntzako ikasleek, berriz, 750 euroko muga izango dute.

Bestalde, 2025-2026 ikasturtean euskaltegian mailaren bat aitortu zaien ikasleen kasuan edo 2025-2026 ikasturteko azterketa-deialdietan mailaren bat egiaztatu duten ikasleen kasuan, aitortutako edo egiaztatutako maila/azpimaila hori izango da gutxieneko abiapuntua dirulaguntza-lerro honetaz baliatzeko.

4.– Eskaerak segidako lehiaketaren araubidea erabiliz emango dira. Kreditua agortuko balitz, une horretan bertan amaituko litzateke eskaerak egiteko epea. Funtsak agortzen direnean, EHAAn argitaratuko den HABEko zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez jakinaraziko da, eta horrek berarekin ekarriko du dirulaguntza berriak bertan behera uztea. 2026ari dagokiona agortzen bada, 10.2 oinarriaren arabera jokatuko da.

Bigarren oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) A1, A2 eta B1 mailetako ikasleen kasuan, A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin matrikulatu izana. C1 mailako ikasleen kasuan, berriz, C1C1 helburu-mailarekin eta abiapuntu-maila jakin batekin matrikulatuko dira eta, oro har, C1B2 abiapuntua izango dute. Dena den, C1 mailako ikasleek B2B2 abiapuntua izan dezakete, gutxienez 330 orduko aurrez aurreko ikastaro batean edo 190 orduko autoikaskuntzako ikastaro batean matrikulatuz gero.

HABEko erregistroan inskribatutako euskaltegi batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean aurrez aurreko ikastaroren batean edota autoikaskuntzako nahiz jardun biko ikastereduko ikastaroren batean matrikulatu beharko da 2026-2027 ikasturtean. 2025-2026an B1A2 azpimaila lortua dutenek ezingo dute aurtengo dirulaguntza-deialdi honetan parte hartu.

Horrez gain, eta C1 mailako ikasleen kasuan bakarrik, 16-18 urte bitarteko adina eduki beharko dute, eta deialdi honen ondoriotarako, jarraian adierazitako urte-tarteetan jaiotakoak izan daitezke onuradun:

– 2026. urtean: 2008., 2009. eta 2010. urteetan jaiotakoek egin ahal izango dute matrikula deialdi honen babesean.

– 2027. urtean: 2009., 2010. eta 2011. urteetan jaiotakoek egin ahal izango dute matrikula deialdi honen babesean.

b) Matrikularen ordainketa: onuradun izateko baldintzak betetzen dituen eskari-egileak, baldin eta A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten bada, 120 euro ordainduko dizkio euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuari. C1 mailako ikasleen kasuan, berriz, matrikulatzen den ikastaroaren ordu bakoitzeko 0,60 euro ordainduko ditu.

A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten den ikasleak matrikulatzen den lehen aldian bakarrik ordainduko ditu 120 euro horiek, diru horren truke bere abiapuntuko azpimailaren arabera ordu-poltsa jakin bat izango du erabiltzeko, eta ordu-poltsa hori hainbat urtetako ikastaroetan baliatu ahal izango du, harik eta B1A2 mailara edo laguntzaren epemugara iritsi arte.

Dena den, eskari-egilearen inguruabar pertsonalak tarteko eta euskaltegiak hala ziurtatuta, ordaindu beharreko zenbatekoa 120 euro baino gutxiago bada –A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten diren ikasleen kasuan–, edo orduko 0,60 euro baino gutxiago bada –C1C1 helburu-maila duten ikasleen kasuan–, baldintza betetzat emango da, baldin eta eskaera-egileak ordaindu badu kasuan kasuko egoeraren ondorioz ordaindu behar duen zenbatekoa. Azken aukera hau, edonola ere, betekizuna betetzat jotzera soilik bideratzen da eta ez du dirulaguntzaren kopurua areagotuko.

c) Ikastaroen moduluak: ikasleak matrikula egiteko hautatzen duen ikastaroak nahitaez bete beharko ditu 2026-2027 ikasturtean udal euskaltegiei eta euskaltegi pribatu edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzak arautzen dituzten Ebazpenetan ezarritako moduluen baldintzak. 2026-2027 ikasturterako HABEko zuzendari nagusiak onartzen dituen ebazpenetan aldaketarik badago ikastaroen moduluetan, aldaketa horiek aintzat izango dira ikastaroak antolatzerakoan.

d) C1 mailako dirulaguntza eskatzen duten ikasleen kasuan, ikastaroan, gutxienez, HEOCaren C1 komunikagaitasun-mailetako trebetasunetako batean azpimaila bat aurrera egitea eta ikastaroan emandako orduen % 75era joatea. Trebetasunen bat aurreratu izana euskaltegiko zuzendariaren adierazpen baten bidez jasoko da.

e) Administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edota emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).

f) Zigor eta administrazio arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne, betiere martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).

g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea, eta bereziki, zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak egunean eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Horretarako, ikasleak eskari-formularioaren baitan erantzukizunpeko adierazpena egingo du, adieraziz egunean dituela zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak eta konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzen jarraitzeko diruz lagundutako ikastaroaren iraupena bukatu arte. Betiere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzearekin loturikoak ere betetzen direla egiaztatzeari buruzko Aginduaren 8. artikuluaren gerizpean.

h) Zigor penalik edo administratiborik ez izatea LGTBIfobia egiteagatik, bultzatzeagatik edo sustatzeagatik, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoak eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoak, 82. artikuluan ezartzen duen bezala.

2.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

Hirugarren oinarria.– Dirulaguntzarako eskariak (I. eta II. eranskinak) aurkeztea.

1.– Eskari-egileak eskabide-formularioa (I. eta II. eranskinak) bete beharko du erakunde laguntzaile gisa hautatzen duen euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan. Formulario hori betetzen lagunduko diote euskaltegietako langileek. Eskabide-formulario horretan honakoak jasoko dira:

– Eskari-egilearen datuak eta NANa; eskari-egilea adin txikikoa bada, aitak, amak edo tutoreak sinatu behar du.

– Matrikularen prezioa edo zenbateko osoa (dirulaguntzaz baliatzeko eskubidea emango dion zenbatekoa kendu gabe).

– Aukeratutako ikastaroak izango duen ordu-kopurua; ikaslea matrikulatzen den unean ikastaroa hasia baldin badago, matrikulatzen den unetik ikastaroaren amaiera arteko ordu-kopurua adieraziko da.

– Ikasleak bere ordu-poltsan duen ordu-kopuruaren zehaztapena (hasieran esleitutako ordu-poltsa osoa eta erabilitako orduak kenduta geratzen zaion ordu-kopuru erabilgarria).

– Eskari-egilearen izenpea edo sinadura (eskuzkoa edo elektronikoa). Eskari-egilea adin txikikoa bada, aitak, amak edo tutoreak sinatu behar du.

Eskari-formularioa euskaltegietan eskuratu ahalko du ikasleak zuzenean edo modu elektronikoan.

2.– A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten diren ikasleei dagokienez, baldin eta 2026-2027 ikasturtea dirulaguntza-lerro honetaz baliatuko diren lehen urtea bada, eskari-egileek dagokion ordainketaren agiria (120 eurokoa) aurkeztu beharko dute eskabide-orriarekin batera. Aldiz, 2025-2026 ikasturtean dirulaguntza-lerro honetaz baliatu baldin baziren, ez dute ordainketarik egin beharko eta, jakina, ez dute ordainagiririk aurkeztuko. Era berean, dirulaguntzaz baliatuko den hurrengo urteetan beste ordainketarik egin beharrik izango ez dutenez, urte horietan ere ez dute ordainagiririk aurkeztuko. Halere, ikastaro batean matrikulatzen diren bakoitzean bete beharko dute ikasleek dirulaguntzaren eskari-formularioa.

Ikasleak duen edo geratzen zaion ordu-poltsa baino ordu-kopuru handiagoa baldin badu egin nahi duen ikastaroak, ordu-poltsatik gorako ordu horiei dagokien prezioa euskaltegiari ordaindu eta dagokion ordainagiria erantsi beharko du. Ordu-poltsatik gorako ordu horiek euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak duen ohiko ordu-prezioaren arabera ordainduko ditu ikasleak.

Matrikularen ordainketa ikastetxearen bitartez ala euskaltegiak edo autoikaskuntza-zentro homologatuak egindako banku-kargua dela medio gauzatzen den kasuetan, legezko froga-balioa duten bestelako dokumentu kontableak aurkeztu eta txertatu beharko dituzte erakunde horiek HABEren Q87 izeneko sistema informatikoan.

Ikaslea matrikulatzen den unean, euskaltegiak ziurtatu egin beharko du, HABEk eskainitako datu-basea erabiliz, ikasle horrek 2025-2026 ikasturtean dirulaguntza-lerro honetan laguntzarik eskuratu zuen ala ez.

Bai euskaltegiak eta bai ikasleak ere Q87 aplikazioaren bitartez jakin ahal izango dute esleitutako ordu-kreditu horretatik ikasleari erabilgarri geratzen zaion ordu-kopurua zenbatekoa den, eta geratzen zaion ordu-kreditua ez bada aski matrikulatu nahi duen ikastaroa osatzeko, ordu-kreditutik gorako eskola-orduak euskaltegiaren orduko prezioan ordaindu beharko dizkio euskaltegiari.

3.– Dirulaguntzaren eskari-formularioa eta arestian aipatutako ordainketa-agiriak ikaslea matrikulatuko den euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan aurkeztuko ditu eskari-egileak.

Laugarren oinarria.– Dirulaguntza-eskaria aurkezteko epea.

Eskari-egileak egin nahi duen ikastaroan matrikula egiten duenean aurkeztu beharko du dirulaguntza-eskaria.

Bosgarren oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Eskari-egileak aurkeztutako eskari-formularioan okerren bat badago edo agiriren bat ekarri ez badu, hala jakinaraziko zaio eskari-egileari, eta 10 eguneko epea emango zaio okerrak zuzen ditzan. Akatsak zuzendu ezean, eskabidean atzera egin dela ulertuko da eta horrelaxe jasoko da bederatzigarren oinarrian aipatutako ebazpenean.

Seigarren oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEren Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitateari eta Ikuskatzailetzari dagokie deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

Zazpigarren oinarria.– Erakunde laguntzaileak.

1.– HABEko euskaltegien erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak izenda daitezke erakunde laguntzaile, aldez aurretik, horretarako eskaria eginez gero (III. eranskina) eta hitzarmena (IV. eranskina) izenpetuz gero, eta betiere, zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak egunean edukiz gero.

2.– Deialdi honen babesean erakunde laguntzaileek eskainiko dituzten ikastaroek ondoren zehaztutako orduko prezioak izango dituzte:

a) Aurrez aurreko ereduan:

– Udal-euskaltegi publikoen kasuan, udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle/orduko).

– Euskaltegi pribatuen aurrez aurreko ikastereduan orduko prezioa euskaltegi bakoitzak duen ikasle/orduko tasa izango da. Prezio horiek ezin izango dira ezaugarri bereko ikastaroetakoak baino garestiagoak izan.

b) Autoikaskuntza ikastereduan ikasten duten ikasleek ordainduko duten prezioa, gehienez, ikasteredu honetako gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina izango da.

– Udal-euskaltegi publikoen kasuan, udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle/orduko).

– Euskaltegi pribatuen autoikaskuntza-ikastereduan eta autoikaskuntza-zentro homologatuen kasuan, ikasle horiek ordainduko duten orduko prezioa, gehienez, gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina izango da.

Autoikaskuntzako ikasleek, gehienez, lehenengo oinarrian ezarritako dirulaguntza jasoko dute.

3.– Erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko dute HABErekin, non arautuko baitira erakunde laguntzaileek bere gain harturiko baldintza eta betekizunak. Horretarako, deialdi honetako III. eta IV. eranskinak beteta aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko erregistroaren bidez.

4.– Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez matrikulatu diren euskara-ikasleen dirulaguntza-eskaerak kudeatu eta izapidetuko dituzte erakunde laguntzaileek. Deialdi honen hirugarren oinarriko dokumentazioa jaso eta baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, dagokion dirulaguntza aplikatuko dute matrikulan. Dirulaguntza-eskabidearen formulario-inprimakia (I. eta II. eranskinak) eskatzaileak sinatu beharko du, eta adin txikikoa izanez gero, baita haren tutoreak ere, eskuz edo elektronikoki. Ondoren, jasotako eskabide-formularioak eta ordainagiriak (edo honen ordez, legezko froga-balioa duten bestelako dokumentu kontableak) HABEri igorriko dizkiote erakunde laguntzaileek Q87 aplikazio edo programa informatikoaren bidez, ondoren ezarritako epeetan.

– 2026ko azaroaren 6a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena abenduaren 11 baino lehen gauzatu ahal izateko).

– 2027ko apirilaren 16a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena maiatzaren 21a baino lehen gauzatu ahal izateko).

– 2027ko irailaren 17a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena urriaren 23a baino lehen gauzatu ahal izateko).

Halaber, aipatutako data horietarako (2026ko azaroaren 6a, 2027ko apirilaren 16a eta irailaren 17a) euskaltegi bakoitzak, arduradunak sinatuta, epe horretan dirulaguntza eskatu duten ikasleen zerrenda bidaliko dio HABEri. Zerrenda horretan ondoko hauek agertuko dira: ikaslearen izen-abizenak, NANa, ikastaroaren truke ikasleak ordaindu beharko lukeena (udal-euskaltegietan, udalak onartutako prezio publikoen arabera), ikasleak ordaindu duen kopurua, eta ikasleak HABEtik jaso beharko lukeen dirulaguntza.

Ez da onartuko epe horiek igaro ondoren bidaltzen den aurretiazko matrikularik. Halakoetan, euskaltegiaren edota euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuaren kontura izango da matrikula horri dagokion dirulaguntza, eta ezingo zaio kostu hori ikasleari jasanarazi.

5.– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, erakunde laguntzaile izendatzeko egintza eman aurretik. Betetze horri eutsi beharko zaio lankidetza zehazteko sinatzen den hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.

HABEk, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, dokumentu horiek zuzenean eskatuko dizkie organo eskudunei. Erakunde interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

6.– Erakunde laguntzaileek ezin izango dute zehapen penal edo administratiborik jaso LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzeagatik, bihurketa-terapiak sustatu edo egiteagatik, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan ezartzen den bezala.

Zortzigarren oinarria.– Ikastaroen dirulaguntza.

Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak ezarria duen matrikula-prezio osoari 2. oinarriaren 1.b) atalean ezarritako 120 euro horiek (A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailarekin ikasten hasten diren ikasleen kasuan) eta 0,60 euro/orduko diru-kopurua (C1C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleen kasuan) kenduko zaio, ikaslearen aurretiazko ekarpen gisa, kontuan hartuta matrikula-prezioak 7.2 oinarrian aurreikusitako mugen barruan ezarri behar direla.

Barnetegiek antolatutako ikastaroetako pentsio-gastuak ez dira dirulaguntzetan sartuko.

Bederatzigarren oinarria.– Ikasleen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena.

1.– Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendari nagusiak euskara-ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko ditu, eskabide-formularioan zehaztutako zenbatekoari jarraikiz (3. oinarriaren 1. puntua), zazpigarren oinarriaren 2. puntuan jasotako prezio-mugen baitan dauden matrikula-prezioak oinarritzat hartuz eta erakunde laguntzaileek onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Ebazpenak epe hauetan eman eta jakinaraziko ditu HABEko zuzendari nagusiak:

2026. urtean abiatutako ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak 2026ko abenduaren 11 baino lehen ebatziko dira. Horretarako, zazpigarren oinarriaren 4. atalean ezarritako epeen barruan igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen datuak eta azken oinarri horretan aipatutako ikasleen zerrenda HABEren Q87 sistema informatikora.

2026. urtean hasitako ikastaroetan beranduago matrikulatu diren ikasle berrien dirulaguntza-eskariak eta 2027. urtean zehar abiatu diren ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak 2027. urtean ebatziko dira, zazpigarren oinarriaren 4. atalean adierazitako egunetan (hau da, maiatzaren 21ean eta urriaren 23an). Horretarako, laugarren oinarrian ezarritako epeen barruan igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen eta azken oinarri horretan aipatutako ikasleen zerrenda datuak HABEren sistema informatikora (Q87).

Ebazpen hauek interesdunei jakinaraziko zaizkie Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa eta Q87ko aplikazioan ikasle bakoitzaren esparruan argitara emanez. Emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, HABEren webgunean argitaratuko da (www.habe.euskadi.eus).

2.– Dirulaguntzaren esleipen-ebazpenean eskari-egileari eman zaion dirulaguntza-kopurua zehaztu behar da eta arrazoituta adierazi behar da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, hala gertatuz gero.

Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web-orrian argitaratuko dira Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitara ematen diren egun berean.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen eta interesdunek horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Hamargarren oinarria.– Matrikula-dirulaguntzaren kudeaketa ekonomikoa.

1.– Ikasleak egindako matrikula bakoitzagatik ikastaroa eman duen erakunde laguntzaileak jasoko du zuzenean HABEtik matrikula-prezioaren dirulaguntzari dagokion zatia, ikasle onuradunaren kontura eta haren izenean.

2.– Lehenengo oinarrian ezarritako zuzkidura, edo, hala badagokio, oinarri horretan aurreikusitako gehikuntzaren ondoriozkoa, ez bada nahikoa 2026ko azaroaren 6an egindako eskabideei dagozkien laguntza guztiei erantzuteko, hala ezin direnak 2027an esleituko dira, lehenengo oinarrian jasotako zuzkiduraren kontura edo, hala badagokio, oinarri horretan aurreikusitako gehikuntzaren ondoriozkoaren kontura.

Ordainketa hori ikasleek HABErekin edo Eusko Jaurlaritzarekin egiteke dituzten prozedura betearazleen ondorioz konpentsatzen bada, HABEk egoera horren berri emango dio eragindako euskaltegiari eta konpentsatutako kopurua ikasleari ordaindu beharreko guztizko kopurutik kenduko da eta ikasleak euskaltegiari ordaindu beharko dio.

Laguntza-eskaria aurkezteak euskaltegiari egoera horren berri ematea onartzea dakar.

Euskaltegiek eta autoikaskuntza-zentro homologatuek HABEtik hiru alditan jasoko dituzte ikasleen matrikula-prezioaren dirulaguntzari dagokion zatiaren zenbatekoak, ikasleen kontura eta haien izenean, 7.4 oinarrian zehaztutako epeetan, betiere 9. oinarrian adierazitako dirulaguntza esleitzeko ebazpenak eman eta jarraian. Horietako ordainketa bakoitza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez.

Hamaikagarren oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

– Errendimendu akademikoari buruz ikasleak konpromisoa hartuko du matrikulatu den ikastaroko klaseetara joateko eta bertaratzeko, ikastereduaren arabera proportzio ezberdinetan, bigarren oinarriaren d) atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

Orohar, ikastaroa amaitu aurretik ikasle batek baja ematen baldin badu, ikastaroan izena eman duenetik ikastaroaren amaiera arteko ordu-kopuru osoa deskontatuko zaio ordu-poltsatik, salbu eta ikastaroan jarraitzea ezinezko egiten duen egoeraren bat suertatzen ez bada (lan-egoera berri batekin bateraezintasuna, osasun-arrazoiak...); horrelakoetan baja izan arteko orduak hartuko dira aintzat ordu-poltsan ordu-kenketa egiteko orduan.

Ikastaroan jarraitzea ezinezko egiten duen arrazoiaren justifikazioa (lan-egoera berri batekin bateraezintasuna, osasun-arrazoiak...) ikasleak berak bere euskaltegian aurkeztu eta erakunde laguntzaileak Q87 aplikazio informatikora igo beharko du. HABE erakundearen Kudeaketa Zerbitzuko Ikuskatzailetzak ebatziko du aurkeztutako agiriak onargarriak diren ala ez.

– Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeei eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzari men egin beharko dio, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurriei ere men egin beharko die.

– Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

– Era berean eskari-egileak baimena ematen dio HABEri bere datu akademikoak euskaltegiei emateko deialdi honen kudeaketa bideratzeko.

Hamabigarren oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta horiek ebatzi ondoren kanpoko beste dirulaguntzarik eskuratzeak HABEri horren berri ematea ekarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntza aldatzea ere, betiere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko besteko proportzioan, edo onuradun izateko baldintzak mantendu ez diren proportzioan.

Hamahirugarren oinarria.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEko zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita horien tratamendua mugatzeko nahiz horien aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, onuradunek beren datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala