
157. zk., 2026ko abuztuaren 19a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 3 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
3652
AGINDUA, 2026ko uztailaren 29koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzaren egitura onartzen duen 2024ko azaroaren 28ko Agindua aldatzen duena.
Ertzaintzaren indarreko egitura Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen (2025eko otsailaren 26ko EHAA, 39. zk.). Honen bidez, egituraren lehenengo aldaketa onartzen da, antolaketa- eta garapen-beharretara egokitzeko.
Ertzaintzako fakultatiboen eta teknikarien eskala arautzaileari buruzko abenduaren 20ko 156/2022 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren arabera, polizia-kidego horren egituran sartzen dira fakultatiboen eta teknikarien unitateak, eta lanpostu-zerrendaren aldaketa batekin osatuko da.
Fakultatiboen eta teknikarien unitate horiek Polizia Zientifikoaren Burutzan, Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutzan, Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialeko Unitatean eta Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzuan integratzen dira, eta haien eginkizun nagusia da arlo polizial, funtzional eta organikoei estaldura ematea, horretarako titulazio akademiko espezifikoak behar dituzten zeregin bereziak burutuko dituztela.
Aldi berean, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren mende, Emakumeen Aurkako Indarkeriako eta Berdintasuneko Burutza sortzen da eta, Ertzaintzaren Burutzaren mende, Plangintza Estrategikoaren Arloa.
Azkenik, ETEN zerbitzua kentzen da, eta haren zereginak Trafikoko Lurralde Unitateei atxikitako bide-segurtasuneko espezialistek hartuko dituzte beren gain, eta zenbait aldaketa aurreikusten dira zerbitzu-eginkizunetan dauden langileek irakaskuntza-, hautaketa- eta ikerketa-funtzioekiko duten mendekotasuna argitzeko.
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 47.2 artikuluan aurreikusitako eskumenaren arabera, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko I.– Ertzaintzaren Zuzendaritza atalaren c) letrako bigarren paragrafoa aldatzen da, Prestakuntza eta Hobekuntzako Burutzari buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:
«c) (...)
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egiten den irakaskuntza-, hautaketa- edo ikerketa-jardueraren berezko funtzioak eta zereginak betetzeko, bai eta segurtasun publikoarekin lotutakoak ere, Akademiaren jarduerarekin zerikusirik ez dutenak, organikoki Prestakuntza eta Hobekuntzako Burutzaren pean, barne-araubidea zaintzeaz arduratzen diren Ertzaintzako karrerako funtzionarioak atxikitzen dira, bai eta, zerbitzu-eginkizunetan, irakaskuntza-, hautaketa- eta ikerketa-eginkizunak betetzeko ere.»
Bigarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko I. Ertzaintzaren Zuzendaritza atalean, d) letra gehitzen da, honela idatzita:
«d) Emakumeen Aurkako Indarkeriako eta Berdintasuneko Burutza. Indarkeriaren biktima diren emakumeen babes-sistema hobetzera, berdintasunerako eskubidera eta aniztasunera bideratutako eginkizunak izango ditu, eta emakumearen aurkako indarkeria mota guztiei aurre egiteko neurriak sustatuko ditu, arauen harmonizazioaren, polizia-lankidetzaren eta kanpoko erakundeekiko lankidetzaren bidez.
Burutza horrek bi atal izango ditu: Prestakuntzako, Araudiko eta Biktimei Babesa Emateko Atala eta Koordinazioko, eta Lankidetzako eta Berdintasuneko Atala. Lehenengo atalaren esku-hartze eremua izango du biktimei arreta integrala ematea, prozedura tekniko-polizialak hobetzea, etengabeko hobekuntza-ziklo bat ezartzea, Ertzaintzako langileen prestakuntza eta sentsibilizazioa, teknologian eta efizientzian aurrerapenak bultzatzea. Bigarrenarena, berriz, herritarrentzako prebentzio-kanpainak gauzatzea, kanpoko erakundeekin eta entitateekin lankidetzan arituz, eta emakumeen aurkako indarkeriaren eta berdintasunaren arloko proiektuak etengabe ebaluatzea.»
Hirugarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko II.– Ertzaintzaren Burutza atalaren c) Ertzaintzaren Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutza letran, iii) apartatua gehitzen da, honela idatzita:
«iii) Bai Koordinazio eta Berrikuntza Atalean, bai Ikerketa Atalean, fakultatiboen eta teknikarien eskalako langileak sartuko dira, azterlanak, txostenak, koordinazioa eta proposamenak egiteko, izan ere, eskatutako titulazio akademiko ofizialak horretarako gaitzen ditu, eta dagokien zerbitzuaren eskumen-eremuko delitu-jardueraren prebentzioan, ikerketan eta jazarpenean lagunduko dute, unitateari hierarkikoki dagokion burutzaren pean.»
Laugarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko II.– Ertzaintzaren Burutza atalaren d) Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzua letran, bigarren paragrafo bat gehitzen da, honela idatzita:
«Fakultatiboen eta teknikarien eskalako langileak sartuko dira. Langile horiek lagunduko dute herritarrekiko transmisioa eta komunikazioa behar bezalakoa eta eraginkorra izateko informazio-produktuak egiten, unitateari hierarkikoki dagokion burutzaren pean.»
Bosgarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko II.– Ertzaintzaren Burutza atalean, e) apartatua gehitzen da, Plangintza Estrategikoaren Arloari buruzkoa, honela idatzita:
«e) Plangintza Estrategikoaren Arloa organo tekniko nagusia da, eta xede hauek ditu: Ertzaintzaren egiturazko eraldaketak aurreikustea, planifikatzea eta kudeatzea; Plan Estrategikoa egitea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea, eta ekipamenduen eta baliabideen antolamendu- eta teknologia-berrikuntza bultzatzea, kanpoko agenteekin eta eragile teknologikoekin koordinatuta, barne-efizientzia bultzatzeko eta plangintza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza finkatzeko.»
Seigarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko IV.– Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza atalaren 2. zenbakiaren a) Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutza letran, laugarren paragrafo bat gehitzen da, honela idatzita:
«Fakultatiboen eta teknikarien eskalako langileak sartzen dira delitu ekonomikoak eta ingurumenaren aurkakoak prebenitzen, ikertzen eta jazartzen laguntzeko, azterketak eginez eta txostenak eta proposamenak eginez eskatutako titulazio akademiko ofizialek ahalbidetzen dieten eremuan, unitateari hierarkikoki dagokion burutzaren pean.»
Zazpigarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, A) Antolamendu zentrala apartatuko IV.– Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza atalaren 2. zenbakiaren b) Polizia Zientifikoaren Burutza letran, hirugarren paragrafo bat gehitzen da, honela idatzita:
«Fakultatiboen eta teknikarien eskalako langileak sartzen dira. Eskatutako titulazio akademiko ofizialen eremuetan, Polizia Zientifikoaren Burutzak esku hartzen duen delituak ikertzen eta jazartzen lagunduko dute, azterketak, txostenak eta peritu-txostenak eginez, unitateari hierarkikoki dagokion burutzaren pean.»
Zortzigarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, B) Lurralde-antolamendua apartatuko 3. zenbakia ezabatzen da.
Bederatzigarren artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren eranskinean, B) Lurralde-antolamendua apartatuan, 4. eta 5. zenbakiak 3. eta 4. zenbaki bihurtzen dira.
Hamargarren artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira errekurtsoak jartzeko epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 29a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS