
153. zk., 2026ko abuztuaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (221 KB - 4 orri.)
- EPUB (288 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3601
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 24koa, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, Mantle8 Iberia S.L. sozietateari «Aralar I 3.608» esplorazio-baimena ematen diona. Baimenak Nafarroa eta Gipuzkoa ukitzen ditu.
Ikusirik Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2026ko ekainaren 5eko Ebazpena, Mantle8 Iberia S.L. sozietateari Nafarroa eta Gipuzkoa ukitzen dituen «Aralar I 3.608» esplorazio-baimena ematen diona.
Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorra onartzen duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.
Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 12. artikuluren bidez Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari esleitzen zaizkion eskumenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren aipatu Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin xedatzea. Ebazpenaren testua dokumentu independente gisa argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 24a.
Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
JOSE LUIS AZKUE ARRASTOA.
ERANSKINA
Ebazpena, 2026ko ekainaren 5ekoa, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiarena, zeinaren bidez Nafarroari eta Gipuzkoari eragiten dien 3.608 zenbakiko «Aralar I» esploratzeko baimena ematen zaion Mantle8 Iberia S.L.ri.
Aztertu da Nafarroari eta Gipuzkoari eragiten dien 3.608 zenbakiko «Aralar I» esploratzeko baimenaren eskaera, «Mantle8 Iberia S.L.» sozietateak egindakoa, eta aurrekari hauen arabera:
AURREKARIAK
2025eko uztailaren 9an «Mantle8 Iberia S.L.» sozietateak 3.608 zenbakiko «Aralar I» esploratzeko baimena eskatu zion Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eremuak 2.996 mehatze-lauki dauzka, eta Nafarroari eta Gipuzkoari eragiten die. Baimenaren xedea da hidrogeno naturala eta helioa esploratzeko azterlanak eta azterketak egitea.
2025eko azaroaren 13an, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu horrek errekerimendu bat helarazi zion «Mantle8 Iberia S.L.» enpresari, esploratzeko baimenaren eskaera zuzendu eta eguneratu zezan. Errekerimendu horretan, sozietate horri jakinarazi zitzaion egiaztatu egin behar zuela hidrogenoa eta helioa baino ez dituela esploratuko, eskatutako epea urtebetera egokitu behar zuela eta eskatutako azaleraren zabalera teknikoki eta xehetasunez justifikatu behar zuela. Halaber, eskatu zion metodologiaren egoera argitzeko, aurrekontua zehazteko, aplikatu beharreko ingurumen-araudia betetzeko eta dagozkion tasak ordaintzeko.
2025eko abenduaren 17an, «Mantle8 Iberia S.L.» enpresak Nafarroako Gobernuak egindako errekerimenduari erantzun zion, eta dokumentazio osagarria eta izapidetze-tasen ordainagiria aurkeztu zituen.
2026ko apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 3.608 zenbakiko «Aralar I» esploratzeko baimenaren eskaeraren aldeko txostena egin zuen.
2026ko apirilaren 29an, Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak 3.608 zenbakiko «Aralar I» esploratzeko baimenaren eskaeraren aldeko txostena egin zuen.
2026ko apirilaren 30ean, Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, 3.608 zenbakiko «Aralar I» esploratzeko baimenaren eskaera izapidetu ondoren, zuzendaritza-zentro honi espediente osoa helarazi zion, behin betiko ebatz zezan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 40. artikuluan eta abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59. artikuluan (zeinaren bidez Meatze-erregimenaren Erregelamendu Orokorra onartzen den) ezarrita dago «...Industria eta Energia Ministerioak esplorazio-baimenak eman ahalko dituela...».
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 60.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta baimenaren eremu geografikoak bi autonomia-erkidego hartzen dituenez, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honi dagokio esplorazio-baimen hau ematea.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, esplorazio-baimenaren titularrak «...eremu jakin batzuetan azterlanak eta azterketak egin ahal izango ditu, lursailaren konfigurazioa funtsean aldatzen ez duten edozein motatako teknikak aplikatuz...». Hala, espediente honen esplorazio-programan jasotako jarduerak honako hauek izango dira: kabinete-lanak; kartografia geologikoa; eremuko datuak modu ez-inbaditzailean eskuratzea; lagin puntualak hartzea laborategian aztertzeko; eta 2D/3D eredu geologikoak egitea. Ez da aurreikusten lursailean edo lurpean funtsezko aldaketak eragingo dituen erauzketa-jarduerarik edo jarduketarik, lurrazpiko irudiak lortzea ahalbidetzen duen teknologia pasiboa (geofonoak) erabiliko baita.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59.2 artikuluak honako hau dio: «Esplorazio-baimenak emango dira, hargatik eragotzi gabe beste pertsona batzuek lursail eta lauki horien gainean bereganatutako eskubideak, eta jasota geratuko da baimen horiek emateak ez duela esan nahi eskabidea aurkezten den egunean lursail franko eta erregistragarriak daudenik».
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 61.1 artikuluan ezarritakoaren arabera: «...esplorazio-baimena emango da proiektatutako azterlanen eta azterketen ezaugarrien arabera beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen bada, eta, hala badagokio, egokitzat jotzen diren baldintza bereziak finkatuko dira». Beraz, kontuan hartu behar da esplorazio-baimen honek inguruabar hori betetzen duela; izan ere, hidrogeno naturala aldez aurretik esploratu ez den baliabide bat da, eta, hortaz, horrek justifikatu egiten du azterketa berriak egiteko interesa. Era berean, kontuan hartu da eraginpeko autonomia-erkidegoek baimena ematearen aldeko txostena egin dutela, eta horrek esplorazioaren bideragarritasuna indartzen duela, azalera zabala hartu arren. Hala izan ez balitz, zalantzan jar zitekeen esplorazio-baimenaren figura baliatzea, uztailaren 21eko 22/1973 Legeak aurreikusten duen ikerketa-baimenaren kalterako; izan ere, okupazio-azalera oso handia da, eta azken 50 urteetan erakunde ofizialek (hala nola IGMEk eta hainbat unibertsitate-sailek) bildutako ezagutza geologiko orokorra eta eskualdekoa dela eta, sustatzaileari eskatu beharko litzaioke ez dadila mugatu azaleko lanetara eta agerian utz dezala balizko baliabide geologiko bat dagoela, zundaketen, laginketen, zuloen eta lan geofisikoen bidez, zeinak nabarmen alda baitezakete lursailaren konfigurazioa.
Ez dira aplikatu behar abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua (erauzketa-industrien hondakinak kudeatu eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta birgaitzeari buruzkoa); izan ere, bete egin dira Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 40., 41. eta 42. artikuluetan eta abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59., 60. eta 61. artikuluetan aurreikusitako izapideak. Halaber, aztertu dira Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren txostenak; hortaz, zuzendaritza nagusi honek honako hau ebazten du: esplorazio-baimen hau ematea «Mantle8 Iberia S.L.» enpresari (IFK: B21981287; helbidea: Principe de Vergara kalea 109, 2. solairua, 28002 Madril):
Izena: Aralar I.
Espediente-zenbakia: 3.608.
Aztertu beharreko baliabideak: c) atala.
Iraupena: 1 urte.
Azalera: 2.996 meatze-lauki.
Probintziak: Nafarroa eta Gipuzkoa.
Azalera: bi mila bederatziehun eta laurogeita hamasei (2.996) meatze-lauki (krokisa erantsi da). Hauek dira koordenatuak:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
BALDINTZA BEREZIAK
Lehenengoa.– Lan guztiak lursailaren konfigurazioa funtsean aldatzen ez duten tekniken erabiliz egingo dira, eta ezingo da biderik edo sarbiderik ireki esplorazio-lanak egiteko.
Bigarrena.– Baimen honek ez du salbuesten indarreko legediaren arabera proiektatutako jarduera baliozkoa izan dadin lortu beharreko gainerako txosten lotesleak, baimenak, lizentziak edo onarpenak eskuratzetik.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan xedatutakoaren arabera; eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Energiaren Estatu Idazkaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu eta errekurtsorik jarri ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako. Hilabeteen araberako epeak zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
Madril, 2026ko ekainaren 5a.
Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusia,
MANUEL GARCÍA HERNÁNDEZ.
RSS