Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2026ko abuztuaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3536

AGINDUA, 2026ko uztailaren 23koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Elciego udalerrian araubide orokorreko babes ofizialeko 14 etxebizitza errentamenduan adjudikatzeko prozedurari.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza horiek adjudikatzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoari jarraituko dio, zeina baita etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak adjudikatzeko prozedurei buruzkoa; izan ere, hala xedatuta dago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu III. kapituluan (alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien adjudikazioak arautzekoa), abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eragindakoak (210/2019 Dekretua, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).

Era berean, nahitaezkoa da aipatzea urriaren 10eko 147/2023 Dekretua, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta, bestetik, azken xedapenetako bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Azkenik, 2026ko apirilaren 21eko 55/2026 Dekretuak, Etxebizitzaren arloko erregelamenduzko xedapenak presaz aldatzeari buruzkoak, 2012ko urriaren 15eko Agindua aldatzen du bere VIII. kapituluan.

Bigarrena.– 2019ko apirilaren 15ean, alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta, bestetik, Elciegoko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten, Elciego udalerriko SR-1 sektorean alokairuko araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko.

Aipatutako hitzarmenaren bosgarren klausulan ezartzen da alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Elciego dela eta udalerri horretako herritarrak izango direla lehentasunezko hartzaileak. Halaber, etxebizitzaren bat adjudikatu gabe geratuko balitz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko ditu interesdun diren dagokion eremu funtzionaleko pertsonak edo udalerriak, horretarako emango duen aginduaren bidez.

Hirugarrena.– Arabako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez Elciego udalerriko 14 etxebizitzaren sustapenak araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen. Eusko Jaurlaritzak sustatzen ditu etxebizitza horiek eta EB1-0610/21-LP-000 da espediente zenbakia.

Laugarrena.– Agindu honen bidez adjudikatuko diren 14 etxebizitza horietatik 1 egokituta dago mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat; bi logela ditu eta 89,50 m2-ko azalera du. Gainerako 13 etxebizitzetatik, 3 logela bakarrekoak dira eta 50,11 m2-ko azalera dute; eta 10 etxebizitza bi logelakoak dira eta 63,74 m2 eta 68,15 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da. Etxebizitza horiek kupotan bananduko dira, seigarren ebazpen-zatian ezartzen den bezala.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak du eskumena agindu hau emateko, bat etorrita xedapen hauetan ezarritakoekin: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa –12. artikulua, zehazki–, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak adjudikatzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua) –48. artikulua, zehazki–.

Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren arloko finantza-lankidetzari buruzkoa), azken xedapenetako zazpigarrenean aldatu zuen Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua, 47 bis artikulua gehituz, etxebizitza babestuen eta errentamendu-araubideko zuzkidura-bizitokien sustapenetako etxebizitza-kupoei buruzkoa. 47 bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutakoak izan ezik–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauentzat: desgaitasuna duten pertsonak, 36 urtetik beherakoak, etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak eta gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. Aipatutako 47 bis artikuluko 4. puntuan adierazitako ehunekoak errespetatu behar dituzte etxebizitza-kupoek.

Era berean, 2026ko apirilaren 21eko 55/2026 Dekretuak (Etxebizitzaren arloko erregelamenduzko xedapenak presaz aldatzekoa) aldaketa bat sartu zuen 47 bis artikuluan, 2. eta 5. apartatuei eragin ziena. Aldaketa horren bidez, adjudikatzeko lehentasun-irizpide bat ezartzen da zenbait taldetako kide diren pertsonentzat edo bizikidetza unitateentzat, honako hurrenkera hau finkatuz: eskubide subjektiboa, 36 urtetik beherakoak, premia berezia eta kupo orokorra. Bestalde, 36 urtetik beherako pertsonen taldeari erreserbatutako egokitu gabeko etxebizitzen gehieneko portzentajea ere aldatzen da, eta % 40tik % 50era igarotzen da.

Hirugarrena.– 2026ko apirilaren 21eko 55/2026 Dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 25. artikuluko 3. apartatua ere aldatu zuen, etxebizitza babestuak adjudikatzeko prozeduretan parte hartzeko erroldatze baldintzei buruzkoa. Aldaketaren arabera, errentamendu erregimeneko prozeduretan, titularretako batek gutxienez hiru urteko errolda izan beharko du Euskal Autonomia Erkidegoan.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, dio ezen etxebizitzak adjudikatuko direla 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikuluak baremoa arautzen du kontuan izanik zein diren eskatzaileen diru-sarrerak, zenbat kide dituen bizikidetza-unitateak, zer antzinatasun duten etxebizitza-eskatzaileek erregistroan eta nolakoa den etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide kopuruagatik ematen den puntuazioa jartzeko, kontuan izango da zenbat logela duten sustapeneko etxebizitzek. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Bosgarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du noiz den egokia etxebizitza bat, kontuan izanik zenbat kidek osatzen duten bizikidetza-unitatea eta zenbat gela dituen adjudikatu beharreko etxebizitzak.

Seigarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan zehazten da noiz egongo den gainokupatuta etxebizitza edo bizitoki bat (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).

Zazpigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten du zein diren gehienez ere babes publikoko etxebizitzen prezioak eta errentak, eta zein den zuzkidura-bizitokien kanona.

Zortzigarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatzen du, eta dekretu horren 19. artikuluari 3. apartatua gehitzen dio, zeinak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei eragiten baitie.

Horrenbestez, aztertu ondoren aipatutako legezko manuak, haiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Elciegon araubide orokorreko babes ofizialeko 14 etxebizitza errentamenduan adjudikatzeko prozedurari. Sustapenaren espedientea EB1-0610/21-LP-000 da.

Bigarrena.– Sustapen horretako etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da.

Hirugarrena.– Adjudikazio-prozeduran lehentasuna izango dute Agindu hau argitaratzen den egunean Elciego udalerrian erroldatuta dauden eta Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileek.

Pertsona horiei etxebizitzak adjudikatu ondoren etxebizitzaren bat hutsik geratzen bada, etxebizitza horiek Arabako Errioxako eremu funtzionala osatzen duten udalerrietan erroldatutako Elciegoko eskatzaileen artean adjudikatuko dira, baldin eta ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Alde batetik, etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 4 kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.

Bosgarrena.– 14 etxebizitza adjudikatzeko prozedura honetan parte hartzeko, honako betekizun hauek bete beharko dira agindu hau argitaratzen den egunean:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Elciegon. Dena dela, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen duten pertsonek parte hartu ahal izango dute, edozein delarik eskaera-udalerria.

b) Titularretako batek behintzat Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, gutxienez, hiru urteko antzinatasunarekin.

c) Agindu hau argitaratzen den egunean, titularretako batek behintzat erroldatuta egon beharko du Elciego udalerrian edo Arabako Errioxako eremu funtzionala osatzen duten udalerrietako edozeinetan (Bastida, Bilar, Elciego, Eskuernaga, Iekora, Kripan, Laguardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Mañueta, Moreda Araba, Navaridas, Oyon-Oion, Samaniego). Mugikortasun murriztua egiaztatzen duten eta kupo honetan parte hartzen duten pertsonek zein emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima direla egiaztatzen dutenek ez dute zertan bete errolda-betekizun hori.

d) 2025. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 46.463,29 euro baino handiagoak. Desgaitasuna izanik mugikortasun urria duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo emakumeen aurkako indarkeria matxisten biktimek ez dituzte egiaztatu beharko gutxieneko diru-sarrerak. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko. Alokairuko etxebizitzak eskuratzeko, diru-sarrera konputagarrien hartzailetzat joko dira adin nagusiko pertsona guztiak, baldin eta ez bazaie judizialki aldatu gaitasuna eta bizikidetza-unitatearen parte badira.

e) Bizikidetza-unitateek ez dituzte izango 4 kide baino gehiago.

f) Agindu hau argitaratzen den egunean, bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ezin du izan ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera- edo gozamen-eskubiderik. Dena dela, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz, etxebizitza-gabeziaren eskakizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira; artikulu hori Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi zuen.

Seigarrena.– Adjudikatu beharreko 14 etxebizitza horietatik, honako kupo hauek gordeko dira:

a) 1 etxebizitza, desgaitasuna izanik mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei egokitua. Etxebizitza hori adjudikatzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):

Lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak adjudikatuko zaizkie Desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

Mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra egiaztatu duten pertsonek kupo honetan parte hartuko dute.

b) 13 etxebizitza gainerako eskatzaileentzat; kupo hauen artean banatuko dira:

– 6 etxebizitza adjudikatuko dira (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 46,16) 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateen artean.

– 1 etxebizitza adjudikatuko da (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 7,69) agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duina eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileen artean.

– 1 etxebizitza adjudikatuko da (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 7,69) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.

– 5 etxebizitza adjudikatuko dira (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 38,46) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra).

Zazpigarrena.– Kuporen batean egokitu gabeko etxebizitzak geratuko balira adjudikatu gabe dagokien multzoko pertsonei edo bizikidetza-unitateei, etxebizitza horiekin handitu egingo litzateke kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

Era berean, kupo orokorreko eskaeren artetik etxebizitzarik adjudikatu gabe geratuko balitz, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, soberako etxebizitza horiek adjudikatuko dira eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean.

Adjudikazio-prozedura bukatu ondoren adjudikatu gabeko etxebizitzak geratuko balira, bigarren adjudikazioetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez adjudikatuko lirateke.

Bestalde, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen dutenen artean etxebizitza egokituak adjudikatu gabe geratuko balira, zuzenean bigarren adjudikazioetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez adjudikatuko lirateke.

Zortzigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2 artikuluak xedatzen duenari jarraituz, kolektibo batekoak baino gehiagokoak diren pertsona edo bizikidetza-unitateak lehentasun-hurrenkera honen arabera sartuko dira kupoetan: eskubide subjektiboa izatea, 36 urtetik beherakoak izatea, premia berezia izatea eta kupo orokorrekoak izatea.

Aurreko paragrafoan araututakoaz salbuetsita daude mugikortasun urri iraunkorra egiaztatu duten pertsonak. Haiek mugikortasun urriko kupoan baino ez dute parte hartuko, hain zuzen, etxe egokitu bat eskuratzeko.

Bederatzigarrena.– Agindu honetako baldintzak eta gainerako arau aplikagarrietakoak betetzen dituzten pertsonek parte hartu nahi badute sustapen honetako adjudikazio-prozeduran, dagokion eskaera aurkeztu beharko dute 2026ko abuztuaren 11tik irailaren 11ra bitartean (biak barne), bide hauetako baten bitartez:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Aurrez aurre: Zuzenean Zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Ramiro de Maeztu kalea 10, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.

– Postaz: bidali dokumentazioa Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara (Samaniego kalea 2, 1. solairua. 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba). Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan hartu dadin.

Hamargarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, eskaerak barematze-irizpide hauen arabera puntuatuko dira:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 10.722,29 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 10.722,30 eta 17.870,49 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 17.870,50 eta 29.784,16 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 29.784,17 eta 46.463,29 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, kontuan hartuko da zenbat logela duten sustapeneko etxebizitzek. Logela bakarreko etxebizitzak: 1 puntu emango zaie bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bestalde, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: 1 puntu emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, espedienteei 4 puntu emango zaizkie, bizikidetza-unitatean kideren bat badago egoera hori egiazta dezakeena. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Hamaikagarrena.– Baremazioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer egunetan argitaratzen den agindu hau. Berdinketarik badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenago sartu zena aukeratuko da.

Hamabigarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak adjudikatuko zaizkie gehienez ere bi kide dituzten bizikidetza-unitateei adjudikatuko zaizkie. Bi logelako etxebizitzak, berriz, gehienez lau kide dituzten bizikidetza-unitateei adjudikatuko zaizkie.

Hamahirugarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazketa berrian xedatu bezala, etxebizitzak adjudikatzeko orduan, irizpidetzat joko dira agindu horren 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena; betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamalaugarrena.– Adjudikazioa amaitutakoan, zenbat kupo dauden, hainbat itxaron-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenentzat. Itxaron-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluaren idazketa berrian ezarritakoari jarraituko zaio etxebizitzak adjudikatzeko.

Hamabosgarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-adjudikazioak eta itxaron-zerrendak argitara emango dira Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-tauletan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (www.euskadi.eus – egoitza elektronikoa – iragarki taula).

Hamaseigarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea hasiko da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 23a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala