
150. zk., 2026ko abuztuaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (248 KB - 15 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3533
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilboko metropoli-trenaren 4. linearen Informazio Azterlanaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2026ko martxoaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Bilboko metropoli-trenaren 4. linearen Informazio Azterlanaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz, 2026ko apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen kontsultak egiteko eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, II.E. eranskineko E7 taldeko 7. f) epigrafean deskribatutakoarekin bat etor daitekeelako: Tranbiak, zutabe gaineko eta lurpeko metroak, linea esekiak edo antzekoak, soil-soilik edo, batez ere, bidaiariak garraiatzeko baldin badira. Era berean, proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan sartzen da, II. eranskineko 7. taldeko f) epigrafean (Tranbiak, zutabe gaineko eta lurpeko metroak, linea esekiak edo antzekoak, soil-soilik edo, batez ere, bidaiariak garraiatzeko baldin badira) kokatzen baita.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, Bilboko metropoli-trenaren 4. linearen Informazio Azterlanerako, honako hauen arabera:
A) Proiektuaren xedea da Metroko 4. linea egitea, 3. linea Errekalde auzoarekin konektatzeko, Bilbo udalerriko Matiko ingurunean.
B) Bilboko metropoli-trenaren 4. linearen Informazio Azterlanaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea (aurrerantzean, Proiektua) xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Metroaren 4. linea berriak 6,22 km-ko trazadura du, eta trazadura osoa lurpekoa izango da, lehenengo 77 metroak izan ezik; horiek tunel faltsuan eraikiko dira, eta leize gisako sei geltoki izango ditu: Deusto-Unibertsitatea, Parkea, Moyua, Zabalburu, Irala eta Errekalde. Aurreikusten da 74.331 biztanleri emango zaiela zerbitzua.
Obrak egikaritzeari dagokionez, Proiektuak lau tartetan banatzen du jarduketa, eta horietan zortzi ekite-arrapala jarriko dira. Arrapala horietako hiru egokitu egingo dira gerora, linea berriaren larrialdietako irteera edo larrialdietako aireztapen gisa funtziona dezaten.
– Ekite-arrapala Matikotik: 0+000 eta 0+076 KPen arteko tarterako sarbidea izango da. Trenbidearen kota dela eta, indusketa aire zabalean egin beharko da piloteen eta mikropiloteen pantailen artean.
– Artxandako ekite-arrapala: 0+076 eta 1+556 KPen arteko tarterako sarbidea izango da. Arrapala horrek larrialdietako irteera eta larrialdietako aireztapen funtzioa beteko du ustiapen-fasean. Ekite-arrapalara Bilbo-Plentzia trenbidearen plataforma zaharretik sartzen da.
– Abandoibarrako ekite-arrapala: 1+556 eta 3+300 KPen arteko tarterako sarbidea izango da. Arrapala horrek haizagailu-ganbera gisa funtzionatuko du, eta, obrak amaitutakoan, bete egingo da egindako indusketa. Gainazalean parkeko berdegune batean integratutako aireztapen-sareta baino ez da geldituko.
– Bertendona kaleko ekite-arrapala: 1+556 eta 3+300 KPen arteko tarterako beste sarbide bat da. Kalea moztu egingo da, eta, obrak amaitutakoan, leheneratu.
– Trenbide etorbideko ekite-arrapala: 3+300 eta 4+000 KPen arteko tarterako sarbidea izango da. Obrak amaitutakoan, kaltetutako urbanizazioa berritu egingo da, tunelaren puntu honetan aurreikusitako azpiestazioan sartzeko bidea izan ezik.
– Eskurtze parkeko ekite-arrapala: 4+000 eta 6+220 KPen arteko tarterako sarbidea izango da. Ekite-arrapala gisa duen eginkizuna amaituta, putzu bertikal bat eraikiko da ahokaduran, aireztapen-sekzioa gainazalera eramateko. Horrez gain, tunel faltsu bat egingo da, larrialdietako irteeraren oinezkoentzako ibilbideari Medina de Pomar Kaleraino jarraipena emateko. Ondoren tunel faltsua estaliko da Eskurtze Parkearen jatorrizko kotak leheneratzeko.
– Errekaldeko bihurguneko ekite-arrapala: 4+000 eta 6+220 KPen arteko tarterako sarbidea izango da, zehazki, Errekaldeko eta Iralako geltokien artean lanak egiteko. Obrak amaitutakoan, gainazalean, ahokaduraren parean, arrapalaren itxitura baino ez da geldituko, eta dauden urbanizazioa eta aparkalekuak leheneratuko dira. Arrapala hori, beharrezkoa izanez gero, lineako tuneleko sarbide gisa, larrialdietako irteera gisa edo, behar izanez gero, larrialdiko aireztapen gisa erabili ahal izango da etorkizunean.
– Masustegiko ekite-arrapala: 4+000 eta 6+220 KPen arteko tarterako sarbidea izango da. Obrek dirauten bitartean, Basurturako irteera duen tunelaren azken zatiaren zati bat induskatzeko erabiliko da. Horiek amaitu ondoren, larrialdietako aireztapen edo larrialdietako irteera gisa baliatu ahal izango da.
Proiektuan aurreikusten da zenbait instalazio jartzea trazaduran zehar eta elementu berezien inguruan, hau da, jarduketa-eremuan banatutako 11 esparru. Instalazio osagarriak hemen daude: Salbe kalea eta Artatzamina kalea arteko parkean; Deustuko ahokaduraren eta arrapalaren eremuan; Deustuko geltokiaren inguruan; Abandoibarra etorbideko arrapalan; Moyuako geltokiaren inguruan; Trenbidearen etorbideko arrapalan; Eskurtze parkean; Errekaldeko arrapalan; eta Masustegiko ahokaduraren eta arrapalaren eremuan.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, lur-mugimenduen bolumen osoa 705.555,64 m3-koa da.
Proiektua gauzatzeko sei urteko epea aurreikusten da.
Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba aztertu da, baina baztertu egin da Errekalde, Irala eta Zabalburun konektibitate, intermodalitate eta mugikortasun jasangarriaren gabeziak dituelako. Horrez gain, bi proiektu-alternatiba aztertu dira: 1. alternatiba eta 2. alternatiba.
1. alternatiba 2016ko Informazio Azterlanean aztertu zen, eta baztertu egin da, besteak beste, Unibertsitateko sifoiarekin, Euskadi plazako lurpeko aparkalekuarekin, aparkaleku gatazkatsuak dituzten oin berriko hainbat eraikinekin eta Deustuko zubiarekin lotutako baldintza tekniko eta eraikuntza-baldintzak direla eta.
2. alternatiba, deskribatutako proiektuari dagokiona, aukeratu da funtzionaltasun handiagoa duelako; izan ere, ahalbidetu egiten du zerbitzua jasoko duen biztanleria nabarmen handitzea eta etorkizunean beste korridore eta lineekin konektibitatea hobetzea. Horrez gain, trafiko pribatua murrizten laguntzen du, nahiz eta haren kostua eta ingurumen-eragina 1. alternatibaren antzekoak izan.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremua Bilboko udal-mugarteko auzo hauek osatzen dute: Matiko, Deustu, Indautxu, Abando, Irala, Iralabarri, Basurtu eta Errekalde.
Proiektua Ibaizabal Unitate Hidrologikoaren barruan dago (Kantauri Ekialdeko Demarkazioa), eta, ukitu egiten ditu Nerbioi Barne Trantsizioko ur-masa eta lurpeko hainbat jariatze-ur (Elgera, Masustegi eta Eskurtze).
Proiektuaren eremuari itsas-lehorreko jabari publikoak eta bide-zortasunaren eremuak eragiten diote, eta ez du ukitzen Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Landarediaren ikuspegitik, eta EUNIS (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremuaren zatitik handiena dentsitate handiko herri eta hiren eraikuntza gisa dago identifikatuta. Horrez gain, honako hauek identifikatzen dira: albitzak eta Mesobromion taldeko larreak, parke eta lorategi apaingarriak, asfaltatutako lurrei lotutako landaredia, lahardi kaltzikolak (Rubus ulmifolius), larratu gabeko sega-belardi atlantikoak belardi larratuak eta manipulatu gabeko larreak, eta Quercus robur nagusi den baso azidofiloak. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, horiek oso banaketa urria dute eremuan. Ingurumen-dokumentuak adierazten du Quercus robur nagusi den baso azidofiloek oso banaketa urria dutela eremuan, eta zuhaizti batzuetan baino ez daudela. Hurbilen dagoena Errekaldeko geltokirako aurreikusitako sarreratik 60 metro baino gehiagora dago. Belardi eta laborantza atlatiarrei dagokienez, Masustegiko ekite-arrapala, teorikoki, lurzoruaren okupazio mota horren gainean dago. Hala ere, landa-behaketek erakusten dute ahokaduraren inguruko landaredia batez ere honako hauek osatzen dutela: sahats ilunek (Salix atrocinerea), lizarrek (Fraxinus excelsior) eta iratzeek eta sasiek; horrek adierazten du bertako landaredia bigarren mailakoa edo ordezkapen-landaredia dela. Azterketaren eremuan Batasunaren Intereseko hainbat Habitat (BIH) identifikatzen dira. Nolanahi ere, ingurumen-dokumentuak adierazten du trazadura une oro igarotzen dela lurpean, eremu horien azpitik, eta, beraz, ez dela sortzen habitat horien gaineko zuzeneko eraginik. Horrez gain, Deustuko ekite-arrapalaren ahokaduratik 70 metro ingurura, altitude txikiko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) 6510 BIH gisa katalogatutako azalera bat identifikatzen da. GeoEuskadiren kartografiaren arabera, ez dago flora babestuko espezierik.
Faunari dagokionez, proiektuaren eremua bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) «hobetu beharreko tarte» gisa sartuta dago espezie horren kudeaketa-planean (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu). Nolanahi ere, eremu hori erabat lurpeko trazadura baten bidez zeharkatzen da. Proiektua ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA).
Proiektuak ez die eragiten Natura 2000 Sareko guneei, naturagune babestuei, interes geologikoko guneei, hezeguneei, azpiegitura berdeko elementuei edo onura publikoko mendiei. Hala ere, haren iparraldeko muturrak ukitu egiten du Bizkaiko Azpiegitura Berde-Urdineko «Ibaizabal» konektore urdina.
Kultura-ondareari dagokionez, ez da identifikatu babestutako arkeologia elementurik proiektuaren eraginpeko eremuan. Aldiz, proiektuaren inguruan, 50 metroko eragin-eremuaren barruan, babestutako hainbat elementu arkitektoniko identifikatu dira: Arte Ederren Museoa (365. fitxa), Montero Etxea (412. fitxa), Foru Aldundiko Jauregia (212. fitxa) eta Deustuko Unibertsitate Komertziala (193. fitxa).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuen kartografiaren arabera, trazadurak lurpetik zeharkatzen ditu Bilboko Itsasadarraren Uholde Arrisku Potentzial Esanguratsuko Eremua (ARPSI, kodea: ES017-BIZ-IBA-01) eta Ibaizabalen Lehentasunezko Fluxu Gunea. Horrez gain, Abandoibarrako ekite-arrapala lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan 48020 00105 kodea duen kokagunean dago (Ihobe, 2022). Gainera, inbentariatutako 34 kokagune identifikatu dira ekite-arrapalen, geltokien eta Instalazio Osagarrien Eremuen (IOE) inguruko 50 metroko erradioan. Bestalde, metroaren trazadura eta zenbait geltoki A-8 autobidearen 100, 200 eta 600 metroko afekzio-banden barruan daude, zeinak istripuak izateko arrisku handia baitu salgai arriskutsuak errepide bidez garraiatzean. Gainera, trazadura ADIFen trenbideen 100, 200 eta 600 metroko afekzio-banden barruan dago, zeinek istripuak izateko arriskua ertaina edo handia baitute salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzean.
Gainerako ingurumen-arriskuez ari garela, baztertu egin dira sismikotasunarekin, baso-suteekin, edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremuei lotutako arrisku handiak, eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa.
Bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanarekin, obren fasean gainditu egin litezke Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH) bizitegi-eraikin eta eraikin sentikor batzuen fatxadetan. Bibrazioei dagokienez, hainbat eremu sentikor identifikatu dira, eta gomendatzen da horiek monitorizatzea bai obra-fasean bai ustiapen-fasean.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektuaren garapen-jarduketak egiteko, lurpeko egiturak eta geltokiak eraiki beharko dira, lur-mugimenduak egin, obrarako instalazioak jarri, materialak pilatu, beharrezko drainatze-sarea egin, sastrakak kendu eta zuhaitzak mozteko hainbat lan.
Jarduketa horien ondorioz, eragin potentzial nagusiak, ziur aski, honako hauek izango dira: soberakinak sortzea, lurzorua eraldatzea, landarediaren gaineko eragina, ustekabeko isurketen ondorioz lurzoruen eta uren kalitatea kaltetzea, eta isuri atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenak, besteak beste.
Ingurumen-dokumentuak zenbatesten du lur-mugimenduen bolumen osoa 705.555,64 m3-koa izango dela. Aurreikusten da soberakinak obran bertan edo ETSren nahiz hirugarrenen beste obra batzuetan baliatzea, edo baimendutako soberakin-biltegi batera bidaltzea; hala nola, Iurretako (Bizkaia) Orozketa auzoan dagoen Lurra Lantzen S.L. biltegira, Artxanda-Enekurin dagoen Artxandako (Amenabar) biltegira edo Arantzazuko (Bizkaia) Badayako betelanera.
Bestalde, proiektuaren eremuan Eskurtze, Elgera eta Masustegiko lurpeko jariatze-urak daude, eta horietan eragina izan dezakete indusketek nahiz lurpeko egiturak egiteak. Horri dagokionez, bete egin beharko da Kantauriko Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022–2027) arau-xedapenetan eta berariazko araudian ezarritakoa.
Ingurumen-dokumentuak eta haren 13.3 eranskinak (kutsadura akustikoari eta bibrazioei buruzko azterlana) zenbatesten dute obren fasean, egunez, zarata-mailak 5-6 dB(A)tan gaindituko duela 65 dB(A)ko atalasea, eremu sentikorretan, hau da, arrapalak egiteko eremuetan eta sarbide-arroiletan. Aintzat hartuta aurreikuspen horiek eta obrak aldi baterako eta toki-mailakoak direla, planteatzen da kokaleku horietan Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH) aldi baterako etetea eskatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera.
Bibrazioei dagokienez, ez da aurreikusten metroaren tunela inguruko eraikinen zimendatze-eremuetatik 2 metrora baino gutxiagora igaroko denik; eta horixe da, hain zuzen ere, azterlanaren arabera, bibrazioen ondoriozko eraginak saihesteko gutxieneko distantzia. Hala ere, azterlanak gomendatzen du monitorizazio-neurriak ezartzea bai obren fasean bai ustiapen-fasean, bereziki azterlanean identifikatutako sentikortasun handieneko eremuetan (La Salve-Begońa biaduktuaren azpiko tunel faltsua, Deustuko Unibertsitatea geltokia, Parkea geltokia eta Errekalde geltokia).
Bestalde, Abandoibarrako ekite-arrapala lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko 48020 00105 kodeko kokagunean dago (Ihobe, 2022); beraz, bete egin behar da ekainaren 25eko 4/2015 Legea, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa. Era berean, baliteke lurrazaleko aldi baterako nahiz behin betiko okupazio-eremuetatik hurbil dauden beste partzela batzuk ere kaltetzea.
Proiektua garatzeko, landaredia kendu beharko da, batez ere hiriko parke eta lorategietako landaredi apaingarria, geltokien eta ihes-arrapalen inguruan, egiturak eta sarbideak ezartzeko sastrakak kentzearen eta zuhaitzak moztearen ondorioz. Eragin hori, nahiz eta lokalizatua eta azalera nahiko txikikoa izan, inpaktu ertaintzat hartzen da. Ingurumen-dokumentuak 13.2 eranskinean jasotzen du Landareztatze Proiektua.
Kultura-ondareari dagokionez, ez da aurreikusten zuzeneko inpakturik proiektuaren inguruan dauden babestutako ondasun arkitektonikoen gainean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazi bezala, zenbait jarduketak eragina izan dezakete; besteak beste, honako jarduketa hauek: Deustuko Unibertsitateko «Unibertsitate Komertziala» eta «Unibertsitate Literarioa» eraikinen atzealdeko ekite-arrapala egiteak (bi eraikinak dira babes bereziko kultura-ondasunak), Arte Ederren Museoaren inguruko obrek (babes bereziko kultura-ondasuna) eta Zabalburu geltokiaren inguruko jarduketek, Donejakue Bideko erromesen igarobidea oztopa baitezakete. Bestalde, ez da aurreikusten 4. linearen eremuko elementu arkeologikoei eragingo zaienik.
Ustiapen-fasean, baliabideen eta energiaren kontsumoa areagotzearekin eta inguruko mugikortasuna handitzearekin lotutako eraginak espero dira. Fase honetan, Proiektuak eragin positiboa izango du, sektorearen produktibitateari, hiri-garraioaren irisgarritasunari eta erabilgarritasunari, eta mugikortasunaren hobekuntzari dagokienez.
Proiektuak bermatu beharko du bete egiten dela aplikatu beharreko zaratari eta bibrazioei buruko araudia.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bilbo metropoli-trenbidearen 4. Linearen Informazio Azterlanaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari, ondare naturala babeste aldera:
– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Obren mugaren zuinketa egingo da, eta saihestu egingo da obrako makinak eta ibilgailuak aurreikusitako mugetatik kanpo ibiltzea.
– Obra-eremuaren mugaketa zehatza, eremu horretarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua, eta indusketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua eraikuntza-proiektuan zehaztu beharko dira, ingurumen-dokumentuan ezarritako baldintzak aintzat hartuta, eta betiere ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.
– Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko. Kontratistaren instalazio-eremuen mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, ebazpen honetan aurrerago obrako ingurumen-aholkularitzarako ezarritakoaren arabera.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatutakoa eta foru-organo eskudunak zehazten duena galarazi gabe, dokumentuan aurreikusitako babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatu beharko dira.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ezarritakoaren arabera, beharrezkoak diren prebentzio- eta zuzenketa-neurri guztiak hartuko dira eraikinen egonkortasunari eragin diezaioketen barneko lur-irristatzeak saihesteko, bai eta obren fasean, bereziki beharrezkoak diren hondaketen ondorioz sor daitezkeen bibrazioak saihesteko.
4. linea berriaren trazadura egingo den hiri-eremuko lurrazalari zuzenean eragiten dioten lanekin lotuta, prebentzio-neurri hauek ezarriko dira:
• Deustuko Unibertsitateko «Unibertsitate Komertziala» eta «Unibertsitate Literarioa» eraikinen atzealdeko ekite-arrapala (bi eraikinak dira babes bereziko kultura-ondasunak): arrapalaren trazadura –ustiapen-fasean larrialdietako irteera eta aireztapen gisa erabiliko dena– urrundu egingo da, ahal den neurrian, unibertsitate-esparruaren hormaren eta itxitura-elementuen babes-eremuaren mugatik (babes-araubidean sartuta daudenak). Nolanahi ere, arreta berezia jarriko zaio arrapalaren indusketari, «Komertziala» eraikinaren egonkortasuna edo osotasuna ez kaltetzeko.
Era berean, obren fasean, neurriak ezarri beharko dira eraikin horietako erabiltzaileak kutsadura akustikotik eta bibrazioek eragindako eragozpenetatik babesteko.
Ustiapen-fasean, arreta berezia jarriko zaio larrialdietako irteera izango den azalera paisaian egoki integratzeari.
– Bilboko Arte Ederren Museoa (babes bereziko kultura-ondasuna): museoaren azpialdean aurreikusitako indusketa-obrak eraikinaren inguratzailearen osotasuna eta egitura bermatzeko moduan egin beharko dira, bai eta erakusgai dauden artelanena ere. Bilboko Arte Ederren Museoaren txostenaren arabera, F6+F8 iragazkiak instalatu beharko dira airearen kalitate ona bermatzeko. Iragazki horiek presostato-sistema dute, haien zikinkeria-maila adierazteko.
– Zabalburu geltokia: prebentzio-neurri espezifikoak hartuko dira obrek Donejakue Bideko erromesen igarobidea oztopa ez dezaten. Obrak egitean, aztarna arkeologikoa izan daitekeen aurkikuntzarik eginez gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.
– Eraikuntza-fasean, ingurumen-dokumentuan aurreikusitako obrako babes-neurri guztiak aplikatu beharko dira, besteak beste, honako hauei dagokienez: obrako makineriaren ezaugarriak, pantaila akustiko mugikorrak, ahalik eta eraikuntza-material isilena erabiltzea, zarata egiteko ordutegia mugatzea, eta abar.
Zonakatze akustikoaren, kalitate helburuen eta emisio akustikoen esparruan Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraituz, obra-fasean erabilitako makinek nahitaez bete behar dute kanpoan lan egiten duten makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen legeria eta, zehazki, aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, zeinaren bitartez kanpoan erabiltzen diren hainbat makinek ingurura igortzen dituzten zaratak arautzen baitira, eta arau osagarriak.
Leherketak eginez gero, UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eremuko eraikin eta instalazioetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte gainditu arau horretan ezarritako mugak. Eraikuntzen agerieneko fatxadan, aireko uhinaren presioak ezingo du 128 dB(L) gainditu, balio handiena baita hori. Hala badagokio, indusketa-eremuaren inguruko biztanleei jakinaraziko zaie, zehatz jakin dezaten zer-nolako neurriak hartuko diren leherketek eragiten dituzten bibrazioen eta aire-uhinaren ondorioak murriztu eta kontrolatzeko.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35. bis artikuluan (Ohiz kanpoko baimenak) aurreikusitakoa.
Sei hilabetetik gorako epea aurreikusten denez obrak gauzatzeko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera soinu-inpaktuari buruzko azterketa bat egin beharko da dagozkion neurri zuzentzaileak definitzeko.
– Trenbide-azpiegiturak neurriak hartu beharko ditu kasuan kasuko eremu akustikoen kanpo- eta barne-ingurumenera igaro ez dadin urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarritako immisioko muga-balioak gainditzen dituen zaratarik.
Era berean, beharrezko neurriak hartu beharko dira, tranbiaren funtzionamendutik zuzenean edo zeharka eratorritako efektu gehigarrien ondorioz ez daitezen gainditu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zaratari dagokionez ezarritako kalitate akustikoko helburuak. Neurri horiek kalitate akustikoko helburuak mantentzeko beharrezkoak diren moteltze-mailak bermatu beharko dituzte.
– Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, emisioak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.
Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 B) zatian. Beste neurri batzuen artean, makinek moteltze-sistema zehatzak izan beharko dituzte, eragina minimizatzeko.
Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, betearazpen-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
– URAren txostenaren arabera, beharrezkotzat jotzen da hainbat putzutako maila freatikoen jarraipena egitea obrak hasi aurretik, obrak egiten diren bitartean eta, halaber, trenbide-azpiegituraren ustiapen-fasean, bereziki itsasadarraren inguruan.
– URAren txostenaren arabera, eta aintzat hartuta diseinuan aurreikusitako ponpaketa-emari osoa (500 l/s ingurukoa), isurketa-baimena eskatu aurretik, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) «Bilboko metropoli-trenbidearen 4. linearen Informazio Azterlana» proiektuari buruzko txostena eman beharko du. Txosten horretan baloratu beharko du ea hain emari handiek Galindoko HUAren funtzionamendua arriskuan jar dezaketen, ea egungo azpiegitura nahikoa den zenbatetsitako kargei zerbitzua emateko eta, horiek nahikoak ez badira, zein diren arazo horiei irtenbidea emateko aurreikuspenak.
– Aurrekoari gehituta, eta URAren txostenarekin bat etorriz, BBUPk isuri nahi diren uren kalitatearen berri eman beharko luke, kontuan hartuta litekeena dela lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruekin lotutako urak irits daitezkeela. Kasu guztietan eman beharko du iritzia BBUPk, bai tunelen eraikuntzan sortutako isuriei buruz, bai trenbide-azpiegituraren ustiapen-fasean sortutakoei buruz.
– Uraren Txostenaren arabera ez dago baimenduta ingurune hidrikoa kutsa dezaketen substantziak zuzenean edo zeharka isurtzea, ez Jabari Publiko Hidraulikora (JPH), ez lurzorura, ez eta Itsas Lehorreko Jabari Publikora (ILJP) ere, Uraren Euskal Agentzia honen nahitaezko baimenik gabe. Isuri orok behar diren baldintzak bete beharko ditu, isurketa egiten den ur-masarako ezarritako ingurumen-arauak eta -helburuak puntu guztietan bete daitezen, banaka zein ibilgu berera egiten diren gainerako isurketekin batera kontuan hartuta.
– Txostenari dagokionez, Jabari Publiko Hidraulikoari eragiten dioten edo haren zortasun-eremuetan nahiz zaintza-eremuan kokatzen diren jarduketa guztiek, bai eta Itsas Lehorreko Jabari Publikoaren Babes Zortasunaren eremuan egiten direnek ere, aldez aurretik URA Uraren Euskal Agentziaren administrazio-baimena beharko dute. Era berean, Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko dute itsas-lehorreko jabari publikoan egingo diren edo hari eragiten dioten jarduketek.
– URAren txostenetik ondorioztatzen denez, gainazaleko asentu diferentzialak eta horien ondorio nabarmenak zaindu beharko lirateke; izan ere, maila freatikoen eraispenek murriztu egin dezakete lurzoruaren sostengu-ahalmena.
– Eraikuntza-fasea drainatze-sarera ahalik eta jalkin xehe gutxien isuriz egin beharko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren arabera, tunelen indusketa-lanei dagokienez, indusketan sortutako hondakin-uren azterketa xehatua egin beharko da, eta horiek tratatzeko soluzio zehatzen diseinu egokia, isurketak hartuko dituen ingurunearen uraren kalitatean eraginik izango ez dutela bermatzeko.
– Instalazio lagungarrien, obrako makineria-parkearen eta mantentze-lanen eremu izatera zuzendutako azalerak isolatu egingo dira drainatze naturaleko saretik, eta zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, olioen eta erregaien eraginez lurzorua eta urak kutsa ez daitezen. Eremu horietan, dekantazio-putzuak jarriko dira, edota solidoak atxikitzeko eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak, hidrokarburoak bereizteko sistemez hornituta. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Proiektatutako tunel eta sarbideak egiteko ekite-arrapaletan, prentsa-iragazkiak dituzten dekantagailu lamelarrak jarriko dira, indusketatik datozen efluenteak tratatzeko.
Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko diren kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta betiere bermatuko da isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako hondakin-urak tratatzeko sistemak aldian-aldian mantendu beharko dira, une oro ahalmen erabilgarri nahikoa izan dezaten eta tratamendu-sistemaren errendimendu optimoa berma dadin.
– Itsasadarraren inguruetan egiten diren lur-mugimenduek isuri zehaztugabeak sor baditzakete, iragazkiak jarriko dira obrak eragindako eremuan zehar.
– Itsasadarraren ibilguaren ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere.
– Lanen zein ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isuriak isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
– Bermatu beharko da makineria egoera onean eta garbi dagoela, lurzoruaren eta lurpeko eta lurrazaleko uren kalitateari eragin diezaieketen ustekabeko isuriak izateko arriskua minimizatzeko.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako.
– Obra-eremuetako irteeretan ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Indusketa-lurrak eta hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Neurri orokor gisa, teknikoki eta ekonomikoki balorizazio bideragarria duten hondakin guztiek behar duten baimena daukan hondakin balorizatzaileari igorri beharko zaizkio. Premisa hori betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Sistema horiek obrako langile guztiek ezagutu eta nahitaez bete beharko dituzte, eta obrako jardunbide egokien eskuliburuan egon beharko dute jasota.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Bi dekretu horien helburu nagusia da hondakin horien sorrera prebenitzea, eta berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk bultzatzea. Ondorioz, sor daitezkeen hormigoi-hondakinak zabortegian ezabatu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada hondakin horiek ezin direla balorizatu hondakin horietatik agregakin sekundarioa lortzeko baimendutako instalazioren batean.
Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikuntza- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikuntza-proiektuari, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola betetzen dituen azaltzeko.
105/2008 Dekretuaren arabera, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen edukitzaileak, hondakinak berak kudeatzen ez baditu, eta hargatik eragotzi gabe onartutako proiektuaren eskakizunak, hondakinak hondakin-kudeatzaile baimendu bati entregatzeko betebeharra izango du, edo haien kudeaketarako borondatezko akordio edo lankidetza-hitzarmen batean hartu beharko du parte. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, lehenik eta behin eta hurrenkera honetan, berrerabiltzeko eta birziklatzeko jardueretarako edo beste balorizazio-modu batzuetarako erabiliko dira.
Bete egin beharko da Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko urtarrilaren 12ko Aginduan jasotakoa. Agindu horren bidez ezartzen dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizaziotik sortutako agregakin birziklatuak EAEn erabiltzeko baldintzak.
Otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, eta hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Planak hondakinak kudeatzeko azterlanaren alderdiak xedatuko ditu, eta hura modu egokian gauzatzeaz arduratuko den pertsona zehaztuko du. Zuzendaritza fakultatiboak onartu eta jabetzak onetsi ondoren, plana obraren kontratu-dokumentuetako bat izango da. Plan hori lanen programan txertatu beharko da.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
– Obren indusketako soberakinei dagokienez, lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Betelanetarako edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetarako erabiltzen badira, APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da (urriaren 10ekoa, Induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa), apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz (7/2022 Legea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa).
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio-adierazleetan (A-EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena egin beharko du, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara bideratutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.
– Obra honetan induskatutako lurzoru kutsatu gabeak eta material naturalak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera erabiliko dira.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Gune espezifikoak egokituko dira, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakin arriskutsuak teilapeko gune itxi batean kokatu beharko dira, sarbidea mugatua dela bermatzeko. Gainera, hondakinei eusteko gai diren atxikipen-ontzien gainean jarriko dira, ustekabeko isurketak gertatuta ere. Dagokion bilketa-zerbitzua antolatuko da, behar besteko maiztasunarekin, eta zerbitzu horrek berezko seinaleztapena izango du. Kontratistak garbigunearen kokapenari buruzko txostena aurkeztuko du, eta obraren Zuzendaritzak onartu beharko du. Edukiontziak bereizi ahal izango dira, jasotzen duten hondakin motaren arabera. Hondakin mota edozein dela ere, edukiontzien hondoa eta alboak iragazgaitzak izango dira. Horiek estalkirik gabekoak (irekiak) edo estalkidunak (hermetikoak) izan daitezke.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
Obrak egin bitartean, debekatuta egongo da makinetako olio erabiliak isurtzea, eta horiek 679/2006 Errege Dekretuaren arabera (ekainaren 2koa, industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duena) kudeatuko dira.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Ustekabeko isuriren bat gertatzen bada ere, beharrezkoak diren larrialdi-planak eta -neurriak aurreikusi beharko dira, eta isurketa horiek lurzoruei eragiten badie, berehala kendu eta zoladura iragazgaitzen gainean biltegiratuko dira, hondakinen enpresa kudeatzaile batek kudeatu ditzan; enpresa horrek erakunde eskudunek behar bezala baimenduta egon beharko du.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
– Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazio eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrak hartzen duen lekuan zehar, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak eta abar), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatu garbigunean aldi baterako pilatu aurretik.
– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legeriak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
– Instalazio osagarrien eremua erabiltzeari utzi ondoren, horiek erabat desmuntatu beharko dira, eta kaltetutako eremua garbitu eta bertatik hondakinak kendu. Hondakinak kontrolatutako zabortegi batera eman beharko dira edo hondakin arriskutsuen eta lurzoru kutsatuen kudeaketa egokia egingo da.
Lurzoruaren kalitatea eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izango direla bermatzeko neurriak.
Proiektuak inbentariatutako kokalekuekin bat etortzeei dagokienez (48020-00174, 48020-00104, 48020-00156, 48020-00102, 48020-00157, 48020-00158, 48020-00162, 48020-00207, 48020-00128, 48020-00234, 48020-00237, 48020-00523, 48020-00842, 48020-00841, 48020-00836, 48020-01041, 48020-00953, 48020-00952, 48020-00951, 48020-01022, 48020-01019, 48020-01018, 48020-00783, 48020-00782, 48020-00827, 48020-00826, 48020-00790, 48020-00789, 48020-00642, 48020-00668, 48020-00699, 48020-01079, 48020-01096), eta bereziki lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioko 48020-00105 kodeko kokalekuarekin bat etortzeari dagokionez (Abaindoibarrako ekite-arrapalarekin bat datorrena), bete egin beharko da 4/2015 Legean (ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta 209/2019 Dekretuan (abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa.
– Bestalde, ekite-arrapalen, geltokien eta instalazio osagarrien eremuen inguruan, inbentariatutako hainbat partzela daude. Horri dagokionez, zorrotz kontrolatuko dira inbentariatutako kokalekuen inguruan egiten diren indusketak, eta kutsadura-arrastoren bat atzemanez gero, materialok atera aurretik, haien ezaugarriak aztertu eta erabilera- eta kudeaketa-proposamen bat egingo da. Azterketa eta proposamen horiek Ingurumen Sailburuordetzara igorriko dira, onartu ditzan.
– Aurrekoak gorabehera, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten kokalekuak aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da, halaber.
Obrak integratzera eta leheneratzera bideratutako zuzenketa-neurriak.
– Obrak ukitutako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Leheneratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan berriro jarriko dira lorategi-elementuak.
– Proiektuaren 13.2 eranskinaren arabera (Leheneratzeko Proiektua), ingurumena leheneratzeko behar den landare-lurra obrako lurra edo mailegatutako lurra izango da.
Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere ukitutako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera. Gerora landareztatze-lanetan erabiltzeko kendutako landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, eta saihestu egingo da hura trinkotzea, era desegokian pilatzea eta euria egiten duen egunetan manipulatzea. Gainera, metatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.
– Bestalde, maileguei dagokienez, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste espezie inbaditzaile batzuen propaguluekin edo haziekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu beharko da.
Kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.
– Proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioak dioenaren arabera egingo da leheneratzea.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.
– Obretan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.
– Proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea.
Garbiketa eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu bitartean eta berme-aldiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, txosten honetan eta ingurumen-dokumentuan zehaztutakoaren arabera.
Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta kultura-ondarea babestea.
Jarduera uztea.
Jarduera bertan behera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako, obra-faseetarako ezarri zirenen antzekoak, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako eremu guztiak leheneratu beharko dira.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta adierazitako kontrolak ezartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bilboko metropoli-trenbidearen 4. linearen Informazio Azterlanari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS