Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2026ko abuztuaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3531

73/2026 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Donostiako Udalarekin sinatutako jarduteko protokolo orokorra, babes publikoko etxebizitzak eta/edo zuzkidura-bizitokiak sustatzekoa dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den jarduteko protokolo orokorra sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Donostiako Udalarekin sinatutako jarduteko protokolo orokorra, babes publikoko etxebizitzak eta/edo zuzkidura-bizitokiak sustatzeko. Jarduteko protokolo orokorra hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 29KO 73/2026 EBAZPENARENA
JARDUTEKO PROTOKOLO OROKORRA, DONOSTIAKO UDALAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO ETXEBIZITZA ETA HIRI-AGENDA SAILAREN ARTEKOA, DONOSTIAN BABES PUBLIKOKO ETXEBIZITZAK EDO ZUZKIDURA-BIZITOKIAK SUSTATZEKO
HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Denis Itxaso González jauna, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua.

Eta bestetik, Donostiako Udaleko alkate Jon Insausti Maisterrena jauna.

HAUEK PARTE HARTU DUTE:

– Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburua gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, egintza honetarako baimendua, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2026ko maiatzaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez.

– Bigarrenak, Donostia / San Sebastiango Udaleko alkate gisa, legez dagozkion Udalaren ordezkaritza-funtzioak betetzeko baimendutako Udalaren ordezkari gisa, eta Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2026ko ekainaren 16an hartutako Erabakia, agiri hau formalizatzea onartzen duena.

Bakoitzak duen posiziotik, biek aitortzen diote elkarri dokumentu hau emateko gaitasuna, Jarduteko Protokolo Orokor gisa, eta horretarako,

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak adierazten dira; honako hauek, besteak beste:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta euskal sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Espainiako Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan diskriminazio oro desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzukidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-plangintza bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta egikaritzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Printzipio gidari horiek administrazioen arteko lankidetza aktiboa eskatzen dute, biztanleriaren sektore garrantzitsuek etxebizitza duina eskuratzeko etxebizitzaren merkatuak dituen zailtasunen aurrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren bidez, eta Donostiako Udalak, biek ala biek, borondatea eta interesa dute hirian babes publikoko etxebizitzak eta ostatuak sustatzeko aukera emango duen politika aktiboa, bateratua eta lankidetzakoa gauzatu ahal izateko baldintzak sortzeko.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari dagokionez, Etxebizitza Plan Zuzentzailea 2025-2027 da EAEk aldi horretarako dituen etxebizitza-politika publikoak definitzen dituen dokumentu estrategikoa. Dokumentu horren helburu nagusia da etxebizitzaren arloko gizarte-larrialdiko egoera itzulikatzea, etxebizitza eskuragarria, duina eta egokia izateko baldintzak hobetzeko, batez ere behar handiena duten kolektiboentzat.

Horrela, eta erabaki honekin lotura zuzena duen guztian, plan horren 1. ardatzak, 1.1 estrategia zehatzaren barruan, babes publikoko etxebizitzaren tipologia guztiak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzea jasotzen du.

Hirugarrena.– Donostiako Udalari dagokionez, bat etorriz Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.1 (etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa) eta 17.1.9 (hirigintza arloko ordenamendua, kudeaketa, egikaritzea eta diziplina) artikuluek edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.a) artikuluak ematen dizkien eskumenekin, udalerriko biztanle guztien beharrak asetzeko eta gizarte-interesak babesteko borondatea du, bai eta etxebizitza babestuak eta errentamendu-araubideko zuzkidura-bizitokiak sustatzeko politikak aurrera eramateko bitartekoak jartzeko asmoa ere, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin lankidetzan aritzekoa.

Laugarrena.– Testuinguru horretan, eta azaldutako guztiagatik, bi aldeek helburu partekatu bat dute, hots, planifikazio, sustapen eta esku-hartze bateratu gisa balioko duten oinarriak ezartzea, Donostian babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko jarduketa publiko garrantzitsu bat etorkizunean garatzeko eta egikaritzeko.

Horretarako, hainbat hirigintza-eremu edo -azpieremu identifikatu dira hirian, zeinetan aurreikusita baitago Donostiako Udalak, etorkizun hurbilean, babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak egiteko egokiak diren lurzatiak eta alderdi sinatzaileen ustez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sustatzeko egokiak diren lurzatiak izan ahal izatea.

Identifikazio horri dagokionez, Donostian indarrean dagoen HAPOren hirigintza-aurreikuspenak oinarri hartuta, jarraian adierazten da protokolo honen xede diren eremu edo azpieremu nagusien gaineko babes publikoko etxebizitza-unitateen edo zuzkidura-bizitokien gehieneko kopurua. Informazio-erreferentzia gisa, plangintzan aurreikusitako etxebizitza libreak ere sartzen dira.

1. taula: epe labur-ertainean egikaritzeko edo garatzeko lurzoruak:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Gainera, aurreko taulan adierazitakoez gain, beste eremu batzuk ere badaude, hala nola Altza auzoko «AL.20 Auditz Akular», Loiola auzoko «LO.04 Loiolako kuartelak», Martutene auzoko «MA.06 Sarrueta» eta «Amarako trenbide-zabaltza». Horien hirigintza-plangintzak behar bezala planifikatu, garatu, osatu edo egokitu beharra dago, baina, era berean, aurreikusita dago Donostiako Udalak etorkizunean beste lurzati batzuk eduki ahal izatea, babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak, bi administrazioen arteko lankidetza-politika bat (protokolo honetan jasotakoak) eramateko egokiak. Informazio huts gisa, azken eremu horietan egon daitezkeen etxebizitza-kopuruaren lehen zenbatespenak aipatuko ditugu jarraian.

2. taula: epe ertain-luzean hirigintzaren aldetik garatu beharreko lurzoruak:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Bosgarrena.– Kontuan hartuta babes publikoko etxebizitzetarako edo zuzkidura-bizitokietarako udal-titulartasuneko aprobetxamenduen etorkizuneko erabilgarritasunari buruzko aurreikuspenak, aldeek zenbait printzipio eta irizpide ezartzea aurreikusten dute, etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki horiek errentamendu babestuko araubidean sustatu ahal izateko oinarri gisa.

Testuinguru horretan, protokoloak jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak har ditzaketen lurzatiak doan emateko Udalak duen asmoa. Era berean, Administrazio autonomiko horrek adierazi du prest dagoela lurzati horiek onartzeko, errentamendu babestuko araubidean sustatzeko ahalik eta lasterren, lagapena formalizatu ondoren, betiere.

Konpromiso horiei dagokienez, komeni da gogoratzea Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 118. artikuluak berariaz jasotzen duena, hots, lurzoru-ondare publikoko ondasunak doan edo balioaren azpitik laga ahal izango direla lagapen-hartzailea administrazio publikoa edo haren erakunde instrumentalak badira eta xedea babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzea bada. Era berean, kontuan izan behar da aipatu lege beraren 117. artikuluak ahalbidetzen duela administrazio publikoen arteko besterentzeetan edo administrazio publikoen eta erakunde instrumentalen arteko besterentzeetan, zuzenean eskualdatzea, lehiaketarik behar izan gabe.

Ildo horretan, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 24. artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak eraikitzera bideratutako lurzorua eskuratzeko esparru juridikoa. Agindu horren arabera, udal-plangintzak zuzkidura-bizitokietarako zuzkidura publiko gisa kalifikatutako lurrak nahitaezko eta doako lagapenaren bidez lortu ahal izango ditu administrazio eskudunak, jarduketa integratuetan sartuta edo horiei atxikita badaude, edo, bestela, nahitaezko desjabetzearen bidez. Lurzoru horietan altxatzen diren eraikinak, lege horretan eta lege hori garatzeko arauetan jasotako baldintzak betetzen badituzte, betiere, zuzkidura-bizitokitzat joko dira.

Era berean, lursailak nahiz eraikinak dagokien lurzoru-ondare publikoan sartuko dira, eta zerbitzu publiko bati atxikitako herri-jabariko ondasun bihurtuko dira. Horiek ezin izango dira eskualdatu, salbu eta administrazio publikoen edo etxebizitzaren arloan eskumenak dituzten sektore publikoko erakundeen arteko zuzeneko lagapenen kasuetan, aplikatzekoa den araudian aurreikusitakoaren arabera. Lurzoruaren titularra den administrazioak zuzenean eraiki eta kudeatu ahal izango ditu zuzkidura-bizitokiak, edo hirugarren batzuei emakida-eskubidea eman ahal izango die, haiek eraiki eta kudea ditzaten.

Seigarrena.– Aurreko guztia azalduta, eta behar bezala atontzeko lortu nahi diren helburuak lortzera bideratutako norberaren interesak, ekarpenak eta lankidetza-borondateak, horiek dokumentu honetan formalizatzen dira, jarduteko protokolo orokor gisa, honako klausula hauen arabera:

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Xedea.

Dokumentu honen xedea da lankidetza-esparru orokor bat ezartzea EAEko Administrazio Orokorreko Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Donostiako Udalaren artean, EAEko Administrazioak Donostian babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak sustatzeko jarduketa garrantzitsu bat sustatu eta garatu ahal izateko.

Helburu partekatu horretatik abiatuta, jarraian jasotzen diren hizpaketek alderdien artean adostutako printzipio orokorrak eta jarduteko asmoak deskribatzen dituzte. Horiek berariaz zehazteko, alderdiek lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatuko dituzte etorkizunean, aurreko laugarren adierazpenean identifikatutako eremu edo azpieremu bakoitzerako, edo, hala badagokio, etorkizunean adostu daitezkeen beste eremu batzuetarako.

Bigarrena.– Protokolo honen oinarriak eta printzipioak.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Donostiako Udalak adierazi dute bi administrazioen artean lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatu nahi dituztela aurreko laugarren adierazpenen identifikatutako eremu edo azpieremu bakoitzerako, edo, hala badagokio, etorkizunean adostu daitezkeen beste eremu edo lurzati batzuei dagokienez. Bi alderdiek adierazi dute asmoa dutela horiek sinatzeko aplikatu beharreko araudian aurreikusitako beharrezko izapide eta neurri guztiak egiteko.

Etorkizuneko lankidetza-hitzarmenak bi aldeen artean negoziatu eta adostuko dira, oinarri edo irizpide hauen arabera:

2.1.– Donostiako Udalak adierazi du asmoa duela etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari doan eta dokumentu publiko baten bidez eskualdatzeko laugarren adierazpenean zerrendatutako eremuetako –edo etorkizunean adostu daitezkeen beste eremu batzuetako– lurzati eraikigarrien jabari osoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari erraztasunak emateko helburuz, hirian babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak errentamendu-erregimenean sustatzeko eta gauzatzeko eragiketa garrantzitsu bat bultza eta garatu dezan.

Dokumentu honetan aurreikusitako helburu eta xedeekin egingo dira lurzatien eskualdaketak, hau da, hirigintza-eremu edo -azpiesparru bakoitzean plangintzak aurreikusitako babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko eta alokairu iraunkorrean erabiltzeko. Egoera horiek lagapenen baldintza izango dira.

Baldin eta eskura jarritako lurzatiak protokolo honetan aurreikusitako helburuetarako erabiltzen ez badira, aldeek adierazten dute protokolo hau garatzeko sinatzen diren hitzarmen espezifikoek ezarriko dituztela lurzati horiek Donostiako Udalari itzultzeko epeak eta baldintzak, kasuan kasuko inguruabarren arabera eta Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onartzen duen ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuaren 111. artikuluan aurreikusitakoa betez.

2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adierazi du, errentamendu iraunkorreko modalitateari dagokionez, asmoa duela Donostiako Udalak haren esku jartzen dituen lurzatietan gara litezkeen babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak sustatu, egikaritu eta kudeatzeko, protokolo hau garatzeko izenpetzen diren lankidetza-hitzarmenen esparruan.

Autonomia-erkidegoko administrazio horrek ordainduko ditu, sustapenari dagozkion gastu guztiez gain (proiektuak, lizentziak, obrak eta abar), finkak eskualdatzeak sortutako notario- eta erregistro-gastuak eta zergak.

2.3.– Lurzatiak eskualdatzeko baldintza zehatzak, urbanizazio-kargak bere gain hartzeari edo ez hartzeari dagokionez, jarduketa-eremu bakoitzeko dagokion lankidetza-hitzarmenean zehaztuko dira, aldez aurretik aztertuta eremu bakoitzak izan ditzakeen urbanizazio-kargak, lurzatien jatorria eta jarduketa bakoitzak izan lezakeen finantza-oreka.

2.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adierazi du Donostiako Udalak bere esku jartzen dituen lurzatietan babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak benetan eraikitzea bultzatu asmo duela, lagapena formalizatzen denetik aurrera ahalik eta lasterren egikaritzeko xedez, baldin eta lurzatien hirigintza-egoerak horretarako aukera ematen badu. Protokolo hau garatzeko sinatzen diren hitzarmen espezifikoek obrak hasteko gehieneko epeak jasoko dituzte, bai eta obrak kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan egikaritzeko aurrekontu-baliabide nahikoak daudela bermatzeko mekanismoak ere. Nolanahi ere, aurreikusitako jarduketak egikaritzeko baldintza izango da aurretik aurrekontu-kontsignazio egokiak izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoak baliabideak izatea, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak betez.

Bestalde, Donostiako Udalak adierazten du prest dagoela behar diren eraikuntza-obren proiektuetarako administrazio-baimenak ahalik eta lasterren eta arreta handienarekin izapidetzeko.

2.5.– Sinatzaileek badakite Donostiako Udalak, azken aldian, EIOZ arautzen duen udal-ordenantzaren aldaketa bat sustatu eta bultzatu duela, hain zuzen ere, ahalbidetzeko Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko zergan (EIOZ) % 95eko hobaria aplikatzea gutxienez 50 urteko epean alokairura bideratzen diren babes publikoko etxebizitzen edo zuzkidura-bizitokien sustapenei.

Aldaketa hori duela gutxi onartu zen behin betiko, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (2025-12-10, 236. zk.). Beraz, Donostiako Udalak adierazi du hobari hori aplikatzeko asmoa duela erabaki honetan aipatzen diren sustapenetan. Era berean, adierazi du asmoa duela protokolo hau garatuz egikaritzen diren sustapenak zerbitzu publikoak emateari eta administrazio-jarduerak egiteari buruzko tasetatik salbuesteko, indarrean dagoen toki-araudian jada aurreikusita dagoena.

Azkenik, eta erabaki honen ondoriozko sustapenetan, Donostiako Udalak adierazten du ez diola Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari inolako finantza-bermerik eskatu nahi –administrazio publikoa baita–, udal-eskumeneko fidantza edo abal gisa, bereziki hondakinen kudeaketari edo udal-titulartasuneko ondasun higigarri edo higiezinak itzultzeari dagokionez.

2.6.– Protokolo honetan aipatzen diren alokairuko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak etorkizunean esleitzeari dagokionez, alderdiek adierazi dute borondatea dutela etxebizitzaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak eta betekizunak errespetatzeko, hala nola etxebizitza-premia, diru-sarreren maila, erroldatzea eta errentaren gehieneko prezioak, besteak beste. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adierazi nahi du protokolo hau garatzeko izenpetuko diren hitzarmen espezifikoetan, esleipendunek, erreferentziatzat hartuko den egunean, egiaztatu behar dutela Donostiako udalerrian gutxienez hiru urtez erroldatuta egon direla, etenik gabe, edo orotara bost urtez azken hamar urteen.

2.7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adierazi du, protokolo honetan aurreikusitako jarduketei buruzko lankidetza-hitzarmen bakoitza formalizatzean, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SAk (VISESA) edo eskubidez esleitzen zaion erakundeak bere gain hartu ahal izango duela lurzatiren baten edo batzuen sustapena, betiere lurzoruaren titulartasun publikoari eta haren destinoari, hots, alokairuko etxebizitza babestu izateari eutsita, dagokion araubidean, alokairu eskuragarrirako defini litekeena barne, Administrazioak berak horretarako formalizatutako programa-kontratu edo gomendio baten esparruan.

Hirugarrena.– Protokolo honi dagokionez.

Jarduketa-protokoloa denez, dokumentu hau sinatzeak alderdi bakoitzari ez dakarkio eska dakizkiokeen konpromiso juridiko zehatzak formalizatu beharra, eta formalizazio hori babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien sustapen bakoitzari dagokionez etorkizunean sinatuko diren lankidetza-hitzarmen guztietan gauzatuko da.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarduketa Protokolo Orokor honetan parte hartzen duten administrazio publikoek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipenerako Batzorde Misto bat eratzea, haien hiruna ordezkarik osatuko dutena.

Batzordearen zeregina izango da dokumentu hau garatzeko jarduera espezifikoen jarraipena eta proposamena egitea, bai eta dokumentu honetan ezarritako aurreikuspenen eta konpromisoen egikaritzea betetzea ere. Era berean, bere eginkizunen artean, honako hauek daude, besteak beste: hura zorrotz betetzeko neurriak proposatzea; neurri horiek interpretatzean, aldatzean edo konpontzean sor daitezkeen gatazkek edo interferentziek eragin ditzaketen arazoak konpontzea, eta, orokorrean, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Honako hauek osatuko dute Jarraipen Batzorde Mistoa:

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak:

Etxebizitzako sailburuordea.

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria.

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako zerbitzuburu bat.

Donostiako Udalaren ordezkariak:

Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkaria.

Hirigintza Jasangarriko zuzendaria.

Donostiako Etxegintza erakunde publikoaren gerentea.

Donostiako Etxegintza erakunde publikoaren gerentziak egingo ditu idazkari-lanak.

Erabakiak bilera bakoitzean dauden batzordeko kideen gehiengo osoz hartuko dira, eta akta batean jasoko dira. Akta hori idazkariak idatziko, gordeko eta zainduko du, hots, ardura idazkaritza-eginkizunak bere gain hartuko dituenarena izango da.

Dokumentu honetan jasotako jardueren jarraipen instituzional eta publiko egokia bermatzeko xedez, Jarraipen Batzorde Misto hau gutxienez ohi bezala, urtero ala alderdi sinatzaileetako batek hala eskatzen duenean bilduko da.

Hitzarmen honetan planteatu ez diren gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko da Jarraipen Batzorde Mistoa.

Bosgarrena.– Administrazio-izaera.

Jarduketa Protokolo Orokor honek administrazio-izaera dauka, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio hura interpretatu, aplikatu eta egikaritzearekin edo haren ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitzen denean.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikulua betez (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora), hitzarmen hau ez dago lege horren eraginpean. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Seigarrena.– Indarraldia.

Jarduketa Protokolo honen indarraldia zortzi urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez noiznahi adostu ahalko dute edo hura luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hura azkentzea.

Zazpigarrena.– Berrikustea.

Jarduketa-protokolo hau noiznahi berrikusi ahal izango da aldeetako batek eskatuta, eta, hala badagokio, aldatu egin ahal izango da sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute, protokoloari egindako gehigarria sinatuta.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, izenpetu dute.

Egoitza elektronikoa, 2026ko ekainaren 22a.

Donostiako udaleko alkatea,

JON INSAUSTI MAISTERRENA.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala