
150. zk., 2026ko abuztuaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 5 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
3528
AGINDUA, 2026ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea sortzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoak gaur egun egiturazko erronka garrantzitsuak ditu, besteak beste faktore hauen ondorioz: biztanleriaren zahartzea, kronizitatearen emendatzea, asistentzia-presio gero eta handiagoa, teknologia berrien sarrera azkarra, osasun-zerbitzuak eskuratzeko ekitatea bermatu beharra eta sistemaren ekonomia- eta antolakuntza-arloko epe ertain eta luzerako jasangarritasuna.
Testuinguru horretan, osasun-sistema publikoaren eraldaketa digitala eta antolakuntza-arlokoa interes orokorreko jarduketa da, ezinbestekoa baita osasun-arreta kalitatezkoa, segurua, irisgarria, efizientea eta pertsonak ardatz dituena eskaintzeko. Prozesu konplexua denez, gobernantza irmoa, bertan parte hartzekoa eta adituen ezagutzan oinarritua behar da, erabaki estrategikoak bideratu daitezen eta ekimenak zatikatu ez daitezen edo baliabide publikoen erabileran efizientzia-akatsik edo gainjartzerik egon ez dadin.
Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren eraldaketa, berez, xede bat da, eta xede horrekin onartu zen Euskadiko Osasun Ituna; Eusko Jaurlaritzak 2024ko irailean sustatu eta Osasun Sailak koordinatutako akordio estrategikoa. Antolaketa-berrikuntza eta eraldaketa digitala dira Euskadiko Osasun Itunak diseinatutako hogeita lau ildo estrategikoetako bi, eta osasun-sistemaren kalitatearen, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren esparruan daude txertatuta.
Osasun-eraldaketa Euskadiko Osasun Ituneko ildo estrategiko guztietan zeharkako ardatz gisa konfiguratu da. Ikuspegi eraldatzaile horrek antolaketa-berrikuntzaren sustapena eta asistentzia-ereduen bilakaera eskatzen ditu, eredu proaktiboago baterantz egiteko, hau da, arreta integral eta integratu baterantz aurrera egiteko. Arreta horrek prebentziora, asistentziaren jarraitutasunera eta osasunean balioa sortzera egon behar du bideratuta. Era berean, emaitzetan eta efizientzian oinarritutako ebaluazio-irizpideak sistematikoki txertatzea sustatzen du, sistemaren etengabeko hobekuntza indartuz jarduteko printzipio gisa.
Testuinguru horretan, Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea tresna egokia da osasun-eraldaketarekin zerikusia duten antolaketa-berrikuntzako prozesuak sustatu eta ordenatzeko, hurrenez hurreneko osasun-planen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan sustatutako osasun-arloko ekimen eta politikak estrategian bateratzen laguntzen duena, eta ezarpena koherentea, segurua eta interes orokorrera bideratua izan dadin laguntzen duena, Euskadiko Osasun Ituneko helburu eta printzipioekin bat etorrita.
Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea sortzea, beraz, behar baten ondorioa da, Osasun Sailak kontsultarako organo espezializatu bat behar baitu berrikuntza digitalarekin eta antolakuntza-arlokoarekin zerikusia duten erabaki estrategikoen kalitatea areagotzen laguntzeko, erabaki estrategiko horiek osasun-politika publikoetako helburuekin eta herritarren nahi eta beharrekin bat etortzeko.
Ekimen horrek berariazko arau-esparrua du 121/2005 Dekretuan (maiatzaren 24koa, Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzkoa), zeinak aholku-batzordeen esku uzten duen Osasun Sailari Osasun Planaren garapen eragingarria ahalbidetzen duten helburuekin, estrategiekin, programekin eta jarduerekin zerikusia duten intereseko gaietan adituen aholkularitza eskaintzeko egitekoa.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legeak xedatutakoa betez egindako jarduketen ondorioa da agindu hau onartzea.
Horiek horrela, administrazio-xedapen orokorrak emateko Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ematen didan eskumena baliatuta, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 4.1 artikuluarekin bat etorrita eta nahitaezko txostenak eginda, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea sortzea Osasun Saileko Aholku Batzordeen Araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuan xedatutakoaren esparruan.
2. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.
1.– Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea kide anitzeko organoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean osasun-arloko eskumenak eta egitekoak esleituak dituen sailari atxikita dago, haren egitura hierarkikoan parte hartzen ez duen arren.
2.– Erabateko autonomia organikoa eta funtzionala du agindu honetan berariaz esleitzen zaizkion aholkularitza-, proposamen-, jarraipen- eta kontrol-arloko egitekoak betetzeko, baita maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuak osasun-arloan eskumena duen saileko aholku-batzorde guztientzat ezarritako araubidearen ondoriozkoak betetzeko ere.
3.– Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea 121/2005 Dekretuan (maiatzaren 24koa, Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzkoa) ezarritako araubide juridiko espezifikoaren mende dago, bai eta dekretu horren esparruan agindu honetan araututakoaren mende ere.
Berariazko araudian aurreikusi gabeko guztian, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan ezarritakoa beteko beharko da, bai eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko 3. ataleko 1. azpiatalean (15. artikulutik 18.era) ezarritakoa ere.
Eratu ondoren, Batzordeak bere barne-funtzionamenduko arauak ezarri ahal izango ditu; arau horiek antolamendu juridikoa errespetatu beharko dute.
3. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Osasun Saileko Aholku Batzordeen Araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako egitekoez gain, honako hauek izango dira Osasun Eraldaketarako Euskadiko Aholku Batzordearen eginkizunak:
a) Informazioa ematea eta aholku ematea Osasun Sailarentzat interesgarri diren eta berrikuntzaren eta antolakuntza-arloko eraldaketaren gaian Euskadiko Osasun Itunaren garapen eragingarria ahalbidetzen duten helburuekin, estrategiekin, programekin eta jarduerekin zerikusia duten gaiei buruz.
b) Euskadiko Osasun Itunean aurreikusitako helburu orokorren eta ekintza-ildoen esparruan, osasunaren arloko antolaketa-berrikuntzari, asistentzia-ereduei eta digitalizazioari lotutako programak eta jardun-ildoak proposatzea eta, hala badagokio, lankidetzan aritzea Osasun Sailarekin.
c) Erabilera-kasuak eta eraldaketa-proiektu estrategikoak lehenesteari buruz informatzea eta aholkatzea, baita horien jarraipenaren eta ebaluazioaren emaitzei buruz ere.
d) Ezagutzaren eta praktika onen koordinazioa eta trukea sustatzea osasun-sistema publikoko tokiko ekimenen eta ekimen korporatiboen artean.
e) Abian diren edo etorkizunean aurreikusten diren ikerketa-ildoei buruz informatzea eta aholkatzea, baita osasun-eraldaketarako teknologia eta asistentzia-modalitate berriei buruz ere.
2.– Dena dela, Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeak esleitzen zaizkion aholkularitza-, proposamen-, jarraipen- eta kontrol-arloko egitekoak betetzearen emaitzak kontsultarako balio du, eta ez da loteslea izango.
4. artikulua.– Batzordearen osaera eta kideak izendatzeko irizpideak.
1.– Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea presidente batek, idazkari batek eta hamabost kidek osatuko dute, eta Osasuneko sailburuak izendatuko ditu.
2.– Osasun Saileko Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea izango da Batzordeko buru.
3.– Osasun Saileko Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria izango da idazkaria.
4.– Osasun Saileko titularraren aginduaren arabera izendatutako dira batzordekideak, ordezkaritza-irizpide hauek kontuan izanda:
a) Bi batzordekide, Osasun Sailaren ordezkari.
b) Zortzi batzordekide, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren ordezkari, Zuzendaritza Orokorrak proposatuta.
c) Batzordekide bat, Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuaren ordezkari, haren zuzendaritzak proposatuta.
d) Bi batzordekide, elkarte zientifikoen eta osasuneko profesionalen elkarteen ordezkari.
e) Bi batzordekide, pazienteen elkarteen ordezkari.
5.– Organoko kide izendatzen diren pertsonak hautatzeko, irizpide hauek izango ditu kontuan: egokitasun profesionala, egiaztatutako esperientzia eta osasun-sistemaren eraldaketa-prozesuei diziplina anitzeko ikuspegia emateko gaitasuna. Izendatu ahal izateko, kontrastatutako ezagutzak izan beharko dituzte funtsezko esparruetan, hala nola osasun-sistemetako antolaketa-berrikuntzan, osasun-plangintza eta -ebaluazioan, asistentzia-kudeaketan, digitalizazioan eta ikerketan, eta, era berean, sistemaren ikuspegi guztien ordezkaritza nabarra bermatu beharko da.
6.– Presidentearen eta idazkariaren izendapenaren iraupena izendapenaren oinarri diren karguetan irauten duten denboraren araberakoa izango da.
Kideen izendapena bi urtekoa izango da, eta ez da eragozpenik izango kide horiek berriro hautatu eta izendatzeko.
7.– Batzordean ordezkariren bat duen erakunde edo organo bakoitzak ordezko bat proposatu ahal izango du titular bakoitzeko, tokia hutsik dagoenean, titularra ez dagoenean edo gaixo dagoenean haren tokia har dezan.
8.– Batzordeko izendatutako kide guztiek hitza eta botoa edukiko dituzte. Berdinketa gertatuz gero, presidenteak ebatziko du bere kalitatezko botoarekin.
9.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, ahalegina egingo da emakumeen eta gizonen berdintasunean aditua den pertsona batek parte hartzeko eta sexu bakoitzaren ordezkaritza orekatua lortzeko (gutxienez, % 40).
10.– Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 5.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, kide anitzeko organoaren saioetara joan ahal izango dira eta jardueren garapenean lagundu ahal izango dute aztertuko diren gaietan jakintza handia aitortua duten beste pertsona batzuek, baldin eta horien ekarpenak interesekotzat jotzen badira, betiere Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordearen irizpideen arabera eta hark zehaztutako eran.
Pertsona horiek ez dira izango batzordekide. Gonbidatu gisa hartuko dute parte, horien bertaratzea ez da kontuan izango organoa balio osoz eratzeko, eta ez dute bozkatzeko eskubiderik izango.
5. artikulua.– Bileren aldizkakotasuna.
Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordearen ohiko bilerak sei hilean behin egingo dira, baina, kide anitzeko organoak bere egitekoak behar bezala betetzeko beharrezkotzat jotzen badu, sarriago egin ahal izango dira.
6. artikulua.– Urteko memoria, publizitatea eta gardentasuna.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18.5 artikuluarekin bat etorriz, urtero kudeaketa-memoria bat idatzi behar du Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeak, eta haren berri eman behar du jendaurrean, Gardena Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atariaren bidez.
7. artikulua.– Administrazio-laguntza.
Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeak funtzionatzeko behar duen laguntza teknikoa eta administratiboa izango du, eta Osasun Saileko Plangintza Zerbitzuak eta Osakidetza Euskal osasun zerbitzuak emango diote laguntza hori, maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.
8. artikulua.– Euskararen erabilera.
1.– Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeak hizkuntza-eskubideak errespetatzen direla zainduko du, eta euskara erabiltzeko aukera bermatuko du euskararen erabilera normalizatzeko legediarekin bat etorriz.
2.– Deialdiak, aktak eta ziurtagiriak bi hizkuntzetan idatzi beharko dira.
9. artikulua.– Kalte-ordainen araubidea.
1.– Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeko kide izateagatik ez da ordainsaririk jasoko, hargatik eragotzi gabe dietak edo kalte-ordainak jasotzea Zerbitzuen Ondoriozko Kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta gainerako arau osagarrietan eta garapenekoetan aurreikusitako kontzeptuengatik eta aurreikusitako gainerako baldintzetan eta neurrian.
Goi-karguak dituzten kideei dagokienez, dieten eta kalte-ordainen tratamendua Goren Kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 3. artikuluan arautuaren araberakoa izango da.
2.– Nolanahi ere, kide anitzeko organoaren bileretara joateagatiko kalte-ordainen eta dieten sortzapena salbuespenezkoa izango da, eta zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren 21. artikuluan xedatutako baldintzen mende geratuko da.
3.– Kalte-ordainak eta dietak ordaindu ahal izateko, aipatutako 21.1 artikuluan aurreikusitako baimena lortu ondoren, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudiaren garapena.
Eusko Jaurlaritzan osasun-arloan eskumena duen sailburuak emango ditu agindu hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 28a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
RSS