Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2026ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3479

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 15ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetako eta foru-administrazioetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako dirulaguntzak erregulatzeko oinarriak onartzen dituena eta dirulaguntza horien deialdia egiten duena.

2023ko irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onartu zen, eta, haren 4. artikuluaren arabera, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren xedea hau da, besteak beste: «Euskal Administrazio Autonomoko funtzionarioen edo kontratatuen prestakuntza eta trebakuntza, bai eta beste edozein administrazio publikok edo ordenamendu juridikoak agintzen diotena ere».

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege hori garatzen duen 887/2006 Errege Dekretuak oinarrizko arauak dituzte administrazio publikoek ematen dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruz. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak Euskal Autonomia Erkidegorako oinarrizko erregulazioaren egokitzapena ezartzen du. Eta azken lege horrek arautzen du, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen sistema.

2012. urteaz geroztik aurrekontuen legeetan egin den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak partida batzuk bereizi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Partida horiek Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzen dira, zeinak, besteak beste, berariazko esleipenak baititu helburu hauetarako: Foru-administrazioaren prestakuntza-planak (43. atala, 1216 programa, 02 zerbitzua, 420 kontzeptua, 19/1320 partida) eta toki-administrazioaren prestakuntza (43. atala, 1216 programa, 02 zerbitzua, 421 kontzeptua, 19/1321 partida).

Abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren lehenengo apartatuaren arabera, euskal administrazio publikoetako enplegatuak enplegurako prestatzeko IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

Deialdi honek indarrean dagoen Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren dirulaguntza lerro bat gauzatzen du. Plan Estrategikoa IVAPen webgunearen gardentasun atalean eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta. Plan horren helburu estrategikoa da euskal administrazio publikoetako enplegatu publikoentzako berariazko prestakuntza-programak ezar daitezen bultzatzea.

2026ko ekitaldian, guztira eskaturiko diru kopuruak aurreikusitako diru-hornidura gainditzen badu, entitate eskatzaile bakoitzean prestakuntza jaso dezaketen langileen kopuruaren arabera hainbanatuko dira diru kopuru horiek foru- eta toki-administrazioen artean.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua ahaleginduko da baliabideak ematen interesa duten organismo publiko guztiei, prestakuntza-beharren analisiak edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egin ditzaten.

2026ko ekitaldian, ez dira aldatu Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatiko dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak. 15.000 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalek bakarrik izango dute dirulaguntza horiek jasotzeko aukera, 15.000 biztanletik gorako udalek Prestakuntza Beharren Diagnostiko batean oinarritutako prestakuntza-plana aurkezteko baliabide nahikoak dituztela iritzi baitzaio. Dirulaguntza-modalitate horrek indarrean jarraitzen du mankomunitateetarako eta kuadrilletarako ere, arrazoi berberengatik.

Era berean, gizartean gertatzen ari diren aldaketa digitaletara egokitzeko, uste dugu behar den garrantzia eman behar zaiola herritarrentzako zerbitzu publiko digital inklusiboagoak, efizienteagoak, pertsonalizatuagoak, proaktiboagoak eta kalitatezkoagoak garatzeari. Helburu nagusia prozesuak optimizatzea eta herritarrei balio erantsi berri bat eskaintzea da. Ikuspegi horretatik, ikusi da digitalizazioari buruzko prestakuntza-ekintzak hurrengo deialdietako prestakuntza-planetan txertatu behar direla. Beraz, IVAPek gomendatzen du prestakuntza-planetan digitalizazio-ikastaroak egitea.

Prestakuntza-planetan eta dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak bete direla justifikatzen duen memorian, prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, bai eta entitate onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera banakatuta, genero-berdintasunari buruzko azterlanak eta estatistikak egin ahal izateko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– dirulaguntzak erregulatzeko oinarriak onartzea, eta oinarri horien araberako deialdia egitea. Finantzatuko dena Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetako eta foru-administrazioetako enplegatuen prestakuntza izango da. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 29/1998 Legeak 46. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

Hala ere, aldez aurretik, IVAPi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza erreboka dezan. Errekerimendua egiteko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratzen denetik aurrera. Errekerimendua Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua ezetsitzat joko da, jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bada (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea berariazko erabakia jasotzen denetik edo isilbidez ezeztatuta jo eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 15a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZEN OINARRI ERREGULATZAILEAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko dirulaguntzak ematea 2026ko ekitaldian.

Hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2026ko ekitaldirako prestakuntza-planak edo -programak.

Prestakuntza-planek edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, ekintza hauetako bat edo batzuk ere jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo lantzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, lantzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, entitateak garatzen duen prestakuntzari buruzkoak.

b) 2026an Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Dirulaguntza ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea izango da.

15.000 biztanle baino gutxiagoko udalek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatik finantzatzeari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez, baldin eta oinarri honen a) letran ezarritako laguntzen onuradunak izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko oinarri hauetako a) edo b) idatz-zatietatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta pertsona haiek ordezkatzeko gastuak ere.

Deialdi honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko Legean ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak dituen oinarrizko arauak aplikatu behar zaizkio.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, definizio hauek kontuan izango dira betiere:

a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua eraginkortasunez betetzeko egiten jakin beharko lukeenaren eta egiten dakienaren arteko aldearen azterketa.

b) Prestakuntza-plan edo -programatzat prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat hartzen da; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukiak garatzeko erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehieneko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, arlo edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza emateko edozein jarduera.

d) Entitatearen langile kopurua: entitatearen guztizko plaza kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren entitateak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira hemen zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak udalak, mankomunitateak eta kuadrillak hartzen ditu barruan, baina ez foru-administrazioak.

b) Euskadiko Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

2.– Entitate horiek prestakuntza-plan edo -programa bana aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileentzat. Plan edo programa horrek aukeran dauka entitate bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

Horietaz gainera, udalez gaineko entitateek ere haiek osatzen dituzten entitateetako batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

3.– Prozedura kudeatzen duen organoak, IVAPeko Prestakuntza eta Hautaketa Zuzendariordetzak, ofizioz egiaztatuko du baldintzak betetzen direla, agiriak edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea eskatzen den kasuetan izan ezik, hurrengo ataletan adierazten den moduan. Deialdiko laguntzen onuradun izateko, parte hartzen duten entitateak ezin izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuen eraginpean egon, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Zehazki, hauek:

– Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 9.2 artikulua betez, ez da egiaztatu behar betebehar horiek betetzen direla.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea. Entitate interesdunak baldintza hau bete izanaren egiaztagiria edo, hala dagokionean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du. Adierazpenak bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren edukiarekin.

– Aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak zehatz-mehatz jaso beharko du baldintza guztiak betetzen direla, eta 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutako debekuetako bat ere ez duela adierazi beharko du.

Laugarrena.– Laguntzen diru-hornidura.

Dirulaguntza hauen diru-hornidurak, gehienez ere, diru-zenbateko hauek izango ditu, entitate motaren arabera banatuta:

Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak: 185.000,00 euro.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak: 410.000,00 euro.

Guztira, 595.000,00 euro.

Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 30.000 euro gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) idatz-zatian aurreikusitako dirulaguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea).

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko, entitate interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, oinarri hauetan zehaztutako eran.

Eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 30ean amaituko da, 24:00etan.

Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin behar izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak IVAPen webgunean aurkeztu beharko dira (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096414), Sariak eta Dirulaguntzak atalean.

Entitate interesdun bakoitzak, deialdi hau izapidetzeko eta betearazteko ondorioetarako, haren izenean jardungo duen pertsona edo pertsonak inskribatuko ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan. Helbide honen bidez sar daiteke Erregistrora:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Prozedura honen izapide guztiak bide telematikoen bitartez egin ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen dituen ziurtagiri elektronikoetako edozein erabil dezakete entitate eskatzaileek. Onartzen diren ziurtagiri elektroniko horiek zein diren jakiteko, esteka hau kontsultatu daiteke:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin beharko dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak 2026ko ekitaldian antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik dirulaguntza eskatzen duten entitateek behar bezala bete beharko dute eskabidea, barnean direla aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpenak.

Seigarrena.– Prestakuntza-plan edo -programa aurkezten duten administrazio publikoek eskabidearekin batera aurkeztu behar duten dokumentazioa.

a) Dirulaguntzak eskatzeko aurkeztu den prestakuntza-plan edo -programa; prestakuntza-beharren analisi bati lotu beharko zaio. Analisi hori IVAPek zehaztua duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke, eta ondorioztatzen diren prestakuntza-lehentasunak jaso behar ditu. Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek eduki hau izan behar dute gutxienez:

– Planaren helburu nagusia(k).

– Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, haien sexua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen azken aurrekontu-plantillako langile kopuruari buruzko ziurtagiria.

c) Eskabidea lehenengo oinarriaren a) idatz-zatian aurreikusitako ekintzaren bati edo gehiagori badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

d) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazten dutenak.

Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, prestakuntza-planaren eredu bat kontsulta daiteke IVAPen webguneko egoitza elektroniko honetan (https://www.ivap.euskadi.eus/diru_dirulaguntza/2026/2026-euskal-autonomia-erkidegoko-enplegatuen-prestakuntza-finantziatzeko-diru-dirulaguntza-toki-administrazioak-eta-foru-administrazioak/z16-h2home/eu/), «Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea» ataleko «Betekizunak» izeneko zabalgarrian.

Aurkezten diren dokumentuek deialdi honetan ezartzen diren baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela iritziko zaiola. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zazpigarrena.– Laguntzak esleitzea eta ordaintzea.

Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzak IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez esleituko dira. Ebazpen horrek diruz lagundutako entitateen zerrenda bilduko du, bai eta entitate horietako bakoitzari dagozkion diru kopuruak eta kontzeptuak ere. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta eskuragarri egongo da, halaber, helbide elektroniko honetan: www.ivap.euskadi.eus. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzak ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten bitartez esleituko dira. Ebazpen horrek diruz lagundutako entitateen zerrenda bilduko du, eta entitate bakoitzari egokitu zaion guztizko diru zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpena aurreko paragrafoan adierazi diren hedabideetan argitaratuko da, sinatzen den egunean.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak printzipio eta arau hauen arabera emango dira:

a) Lehenik eta behin, aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen dirulaguntzak esleituko dira, entitate bakoitzari eman dakiokeen gehieneko diru zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik entitate bati esleitzen zaion dirulaguntzak ezin du gainditu entitate horrentzat kontzeptu horiek duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Horren ondorioz, hau izango da dirulaguntzak esleitzeko prozedura:

Deialdiko talde bakoitzari esleitutako diru zenbatekoak taldeak aurkeztutako plan guztien kostuaren % 50 hartzen badu, entitate onuradun bakoitzari % 50 emango zaio.

Hona zein izango den diru-funtsak banatzeko irizpideen oinarria: finantzatzea eskatzen den prestakuntza-jardueraren kostuak. Eta, kredituak ez badira eskatutako guztizko diru kopurura iristen, administrazio bakoitzari dagozkion diru kopuruak hainbanatuko dira, kontuan hartuta entitate bakoitzeko langile kopurua mota bereko entitate eskatzaileetako langile kopuru osoarekiko. Hori guztia EAEko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, justifikatu aurretik funtsak ematea dakarten ordainketa aurreratuak egin ahal izango dira, baldin eta dirulaguntza dela-eta justifikatzen bada.

b) Bigarrenik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen dirulaguntzak esleituko dira, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan –hau da, deialdi honen babesean dirulaguntzarik jaso ez denean–,arau hauen arabera:

– 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalek bakarrik heldu ahalko diote modalitate horri, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langileei dagokienez.

– Dirulaguntza matrikularen zati bat finantzatzeko izango da, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik, 2026an sortua bada eta entitateak abenduaren 15a baino lehen ordaindu badu.

– Matrikula bakoitzeko esleitutako dirulaguntzak ezin izango du gainditu matrikularen kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Hona zein izango den diru-funtsak banatzeko irizpideen oinarria: finantzatzea eskatzen den prestakuntza-jardueraren kostuak. Eta kredituak ez badira eskatutako guztizko diru kopurura iristen, administrazio bakoitzari dagozkion diru kopuruak hainbanatuko dira, kontuan hartuta entitate bakoitzeko langile kopurua mota bereko entitate eskatzaileetako langile kopuru osoarekiko. Hori guztia EAEko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Foru-aldundietarako dirulaguntza lehenengo oinarriko a) idatz-zatian ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da.

Zortzigarrena.– Entitate esleipendunen betebeharrak.

Deialdiaren xedea lortzeko, entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezartzen diren obligazioak bete behar dituzte. Zehazki, hauek:

a) Dirulaguntza ematea justifikatzen duen prestakuntza-jarduera gauzatzea.

b) Prestakuntza-planak egin eta gauzatzen badituzte, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan dagoen lanpostu-tipologia bakoitzerako beharrezkoak diren gaitasunak kontuan hartzea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 18. artikulua betez.

c) IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete direla, bai eta dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dela ere. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da prestakuntza-ekintza guztietan, dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak betetzen direla justifikatzeko memorian, baita entitate onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera bereizita.

d) IVAPek egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagokion ikuskaritzaren mende egotea Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzei eta bestelako laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko da.

e) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, IVAPi, aditzera ematea beste zernahi administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek xede bera duen dirulaguntzarik edo bestelako dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eman dion.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea IVAPi.

g) Jasotako dirulaguntzaren publizitate egokia egitea eta beharrezkoak diren zabalkunde-neurriak hartzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.3 eta 18.4 artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, onuradunek nahitaez eman behar dute jasotako dirulaguntzaren berri Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean 5.4 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan.

h) Prestakuntza-planak egiten eta gauzatzen badituzte, ikuspegi intersekzionala errespetatzen duten hizkuntza eta irudiak erabiltzea, bereziki sexuari eta generoari dagokienez, diruz laguntzen den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.

i) Prestakuntza-planak egiten eta gauzatzen badituzte, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean euskararen erabilera bermatzea.

Beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuetatik aldi berean helburu bera duen bestelako dirulaguntza edo diru-sarrera edo -eskuarterik jasoz gero, eta, horren ondorioz, azkenean, ebazpen honen babesean jasotako dirulaguntzari gehituta, diru kopuru horrek gainditzen badu laguntzeko moduko edozein kontzepturen kostua, aldatuko da dirulaguntza ematen duen ebazpena. Kasu horretan, dirulaguntza murriztu egingo da, eta murriztu, gehienez ere, kostu guztiaren zenbatekoraino.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-plan edo -programa bat aurkezten duten administrazio publikoen dirulaguntzen justifikazioa.

Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatik dirulaguntzak behin betikoz esleitzen duen ebazpena ematea entitateen justifikazioa egin ondoren.

Planaren edo programaren betearazpena justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute entitate esleipendunek:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko memoria. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, prestakuntza-ekintza guztietan, parte hartzen dutenen sexua identifikatu beharko da dirulaguntzak ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko memorian, baita entitate onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera bereizita.

– Entitateak gauzatutako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, entitateko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

– Ziurtagiri bat, adierazten duena planak edo programak ez duela jasotzen, oinarri hauen arabera esleitutako dirulaguntzekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren dirulaguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik.

– Ziurtagiri bat, adierazten duena ez daukala Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren inguruko gorabeheraren batengatik itzuli beharreko dirulaguntzarik itzuli gabe.

– Ziurtagiri bat, azaltzen dituena diruz lagundutako jardueretarako erabili diren diru-funts propioen edo beste dirulaguntza edo eskuarteren diru zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, baldin eta jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira. Justifikazioan, egiaztatu beharko dira funts horien zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana ere. Halaber, hala badagokio, jaulkitako funtsek sortutako finantza-etekinak egiaztatu beharko dira.

Dirulaguntza Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez justifikatu beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2026ko azaroaren 30ean amaituko da.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, dagokion likidazioa egingo da, gauzatutako betearazpena eta kontura jasotako diru kopuruak kontuan hartuta. Gertatuko balitz entitateak azkenean egokituko zaion diru zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez bezala jaso diren kopuru horiek.

Ordaindutako matrikulen zenbatekoaren zati bat finantzatzeko laguntzen ordainketa laguntza horiek esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamargarrena.– Esleitutako dirulaguntzari behin-behinean edo behin betiko uko egitea.

Entitate esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien dirulaguntzari. Dirulaguntzari uko egiten zaiola idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko egiten zaion dirulaguntza zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. IVAPek beti onartuko du aurkeztutako uko-egitea.

Hamaikagarrena.– Dirulaguntza itzultzea.

Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dagozkion interesak. Bereziki, kasu hauetan itzuli behar da dirulaguntza:

a) Justifikazio-betebeharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, dirulaguntza beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2003 Legearen 27. artikuluak ezartzen dituzten zabaltze-neurriak ez betetzea.

e) Dirulaguntza edo dirulaguntza emateko erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

f) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

g) Dirulaguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako dirulaguntza itzuli behar denean, 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera itzuli beharko da.

Ez-betetzea partziala bada, itzuli beharreko zenbatekoa prestakuntza-jardueraren gauzatu gabeko zatiarekiko proportzionala izango da.

Hamabigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean jartzen denetik sei hilabete igaro eta deialdiaren Interneteko helbidean dirulaguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamahirugarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Dirulaguntza hauek izapidetzean, IVAPek ez ditu prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen datu pertsonalak tratatu behar; beraz, entitate eskatzaileek ez dute beren langileei buruzko datu pertsonalik bidali behar. Hala ere, IVAPek prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datu pertsonalak tratatzera behartuta badago, datu horiek tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Prestakuntza eta hobekuntza.

– Arduraduna: IVAP.

– Helburua: EAEko administrazioetako langileen prestakuntza eta hobekuntza ikastaroen jarraipena eta kudeaketa (eskaeren kudeaketa, bertaratze-kontrola, ziurtagiriak egitea); hirugarrenentzako prestakuntza-ekintzak; azterlanak eta estatistikak egitea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: foru-aldundiak eta toki-administrazioko beste organo batzuk.

– Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: interesdunak gure webgunean kontsultatu dezake datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021300-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Hamalaugarrena.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna.

Laguntzen entitate onuradunek konpromisoa hartzen dute Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua benetan betetzeko, bai eta hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazioa aurkezteko eta justifikatzeko eta irizpide sozial horiei buruzko egiaztapen-jarduketak egitea baimentzeko ere.


Azterketa dokumentala