Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2026ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3469

ERABAKIA, 2026ko uztailaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez zenbait neurri espezifiko onartzen baitira medikuen eta fakultatibo espezialisten jardun profesionalaren baldintzei buruz.

Osasun-sistema publikoaren iraunkortasuna da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat. Azken urteotan, egiaztatu da bereziki zaila dela medikuak eta fakultatibo espezialistak erakartzea eta fidelizatzea; bai faktore demografikoen ondorioz, bai kualifikazio handiko profesionalak erakartzeko eta mantentzeko dagoen osasun-zerbitzuen arteko lehia gero eta biziagoaren ondorioz.

Egoera horrek eskatzen du medikuen eta fakultatibo espezialisten jardun profesionalaren baldintzak hobetzera bideratutako neurri espezifikoak sustatzea; horrek, gainera, plantillen egonkortasuna, jarraitutasun asistentziala eta herritarrei emandako arretaren kalitatea handituko du.

Akordio honetan jasotako neurriek profesionalen eskuragarritasun-arazo estruktural bat zuzentzeko behar objektiboari erantzuten diote; izan ere, arazo horren iraupenak asistentzia sanitario egokia ematea zailtzen du, eta itxarote-zerrendak handitzea eragiten du.

Asistentziaren jarraitutasuna, osasun-zerbitzuen kalitatea eta profesionalen egonkortasuna bermatzeko, negoziazio-prozesu bat garatu da Osasuneko Mahai Sektorialean, eta akordio bat lortu da honako hauei buruzko neurrien inguruan: guardia-erregimena, horietatik eratorritako librantzak, pizgarri profesionalerako sistemak, asistentzia-antolamendua eta medikuen eta fakultatibo espezialisten lan-baldintzak hobetzeko beste jarduera batzuk.

Kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak.

Ondorioz, dagozkion eztabaidak egin ondoren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamena eta Osasuneko Mahai Sektorialean lortutako akordioa ikusita, honako hau

ERABAKI DA

Lehenengoa.– Mediku eta fakultatibo espezialisten lanbide-jardunaren baldintzei buruzko neurri espezifikoak onartzea, baita asistentzia-prestazioa hobetzekoak ere. Neurri horiek erabaki honen eranskin gisa jaso dira.

Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari baimena ematea erabaki hau betearazteko eta garatzeko beharrezkoak diren ebazpen, jarraibide eta egintza guztiak eman ditzan.

Hirugarrena.– Ordainsariei buruzko neurriak eta eragin ekonomikoa dutenak kreditu egoki eta nahikoa egotearen mende egongo dira, eta, hala badagokio, indarrean dagoen araudiaren arabera nahitaezkoak diren baimenen mende.

Laugarrena.– Eranskinean aurreikusitako Jarraipen Batzordea eratzea.

Bosgarrena.– Organo eskudunak onartzen duenetik aurrera izango ditu ondorioak akordio honek, eranskinean jasotako neurri bakoitzean zehazten denari kalterik egin gabe.

Seigarrena.– Akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 21a.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluko presidentea,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala