Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2026ko abuztuaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
3455

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu edo baimendutako prestakuntza egiaztagarriari lotutako prestakuntza-praktikak finantzatzeko 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak, 2026ko uztailaren 23ko Ebazpenaren bidez, 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia onartu du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu edo baimendutako prestakuntza egiaztagarriari lotutako prestakuntza-praktikak finantzatzeko, Lanbideren Estatutuen 14.2 artikuluko g) letran xedatutakoaren arabera (apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuok).

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu edo baimendutako prestakuntza egiaztagarriari lotutako prestakuntza-praktikak finantzatzeko 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak 2026ko uztailaren 23ko ebazpenean onartutakoa, ebazpen honen eranskin gisa jasotzen dena.

Bigarrena.– Jakinaraztea 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
2026KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAK FINANTZATU EDO BAIMENDUTAKO PRESTAKUNTZA EGIAZTAGARRIARI LOTUTAKO PRESTAKUNTZA-PRAKTIKAK FINANTZATZEKO

Lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak nahiz enpresak jakintzan oinarritutako gaur egungo gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko, Enplegurako Europako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.

Martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarri berria sartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua). Hala, prestakuntza-programetan sartutako kanpoko prestakuntza-praktikak edo praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartu behar zirela arautu zen. Xedapen hori 2024ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.

Xedapen horren arabera, nahitaezkoa da enpresetan prestakuntza-praktikak (prestakuntza-modulua enpresa edo organismo parekatu batean) egiten dituzten ikasleei Gizarte Segurantzaren Sisteman alta eman eta kotizatzea. Hala, Araubide Orokorrean sartutzat jotzen dira, besteren konturako langileen antzera. Betebehar horiek, ordaindu gabeko praktiken kasuan, praktikak egiten diren lekuko enpresari edo prestakuntza-zentroari esleitzen zaizkio, enpresarekin hala adostuz gero.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera-eremuan, betebehar horiek eragina dute aipatutako zuzenbide pribatuko erakunde publikoak finantzatu eta baimendutako prestakuntza egiaztagarriari (profesionaltasun-ziurtagiriak, lanbide-ziurtagiriak edo C graduak) lotutako lantokiko prestakuntza-moduluan.

Araudi berria aplikatzean, arazo bat sortu zen, Espainian legez bizi ez diren ikasle atzerritarrei ezin zaielako Gizarte Segurantzaren Sisteman alta eman eta, horrenbestez, ezin dituztelako prestakuntza amaitzeko beharrezkoak diren prestakuntza-praktikak egin.

Egoera horri aurre egiteko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko otsailaren 13ko, martxoaren 19ko eta apirilaren 23ko bilkuretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu edo baimendutako prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruzko salbuespenezko neurri batzuk onartu zituen. Neurri horien bidez, prestakuntza osatzeko eta titulazioa lortzeko aukera emango zuten prestakuntza-praktikak egitea lehenetsiz, egoitza legeztatzea posible zen kasuetan, prestakuntza-ekintzak gauzatzeko baldintzak egokitu ziren, eta prestakuntza praktikoko modulua prestakuntza-zentroetan egiteko aukera jarri zen, dagokion prestakuntza egiaztagarria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako ordu-kopuruaren arabera.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ustez, prestakuntza egiaztagarriaren tituluak lortzeko beharrezkoak diren prestakuntza-praktikak egiteko modua ematen duten enpresek eta prestakuntza-entitate laguntzaileek, erakunde autonomo horrek finantzatu edo baimendutako prestakuntzaren eremuan, ez dute osorik bere gain hartu behar praktika horiek egiten dituzten pertsonak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen ondoriozko gastua, ez Gizarte Segurantzarekin egin behar diren izapideen kudeaketa-gastuak, ez kotizazioa bera, ez eta bizileku-baimenik ez izateagatik Gizarte Segurantzan alta eman ezin zaien ikasle atzerritarrek prestakuntza-zentroan bertan praktikak egiteari lotutako gastuak ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak era honetako ekimenak aurreikusten ditu V. kapituluko 1. atalean, zeinetan «Prestakuntzari laguntzeko ekintzak» arautzen diren, eta, horien artean, 32 a) artikuluan, azterketa eta ikerketarako ekintzak. Ekintza horien helburua zera da, produkzio-sisteman dagoen Enplegurako Lanbide Heziketaren eskaria egituratzen duten faktoreak aztertzea. Horrela, aurre hartu ahal izango zaie aurrerapen teknikoaren eta lan-antolamenduaren ondorioz lanbide-kualifikazioetan gertatzen diren aldaketei, hainbat sektore ekonomikotan eta lurralde-eremutan dauden prestakuntzako arazo eta beharrizan berezien ezagutzan sakondu ahal izango da, eta hainbat ekimen garatu ahal izango dira enplegurako prestakuntza-eskaintza lanbideen edukiek izandako bilakaerara egokitzeko.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta «enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Zeregin horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak ente publiko horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Ekimen hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago, 2. helburu estrategikoan (Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea), 2.2. gako estrategikoan (Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharrizanetatik hurbilagoa, eskumen profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena); plan estrategiko hori onartu zen bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez. Hala, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratu da, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 14.2 g) artikuluaren arabera, entearen zuzendari nagusia da programa honetako dirulaguntzen deialdia onartzeko organo eskuduna.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren 2026ko uztailaren 23ko ebazpenaren bidez, 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia onartu da, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu edo baimendutako prestakuntza egiaztagarriari lotutako prestakuntza-praktikak finantzatzeko, baldintza hauetan:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu edo baimendutako prestakuntza-ekintza egiaztagarrietako (profesionaltasun-ziurtagiriak, lanbide-ziurtagiriak edo C graduak) ikasleen prestakuntza-praktikek eragindako gastuak finantzatzea 2026ko ekitaldian, bi dirulaguntza-lerroren bidez:

a) Enpresa eta prestakuntza-entitateentzako laguntzak, kotizazio-kostua eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagozkion kudeaketa-gastuak finantzatzeko (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapenean xedatutakoa aplikatuz).

b) Prestakuntza-entitateentzako laguntzak, Espainian legez ez egoteagatik edo ez bizitzeagatik Gizarte Segurantzan alta eman ezin zaien ikasleek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimenarekin beren zentroetan egindako prestakuntza-praktiken tutoretzarengatik.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko, guztira 640.000 euroko baliabide ekonomikoak emango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.

Baliabide horiek bi dirulaguntza-lerroetan banatzen dira, honela:

a) 500.000 euro, 1.a) artikuluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.

b) 140.000 euro, 1.b) artikuluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.

2.– Baldin dirulaguntza-lerroetako batean kreditua amaitzen ez bada, beste lerroko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da gerakina.

Kopuru horiek % 25 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek egiten badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emango dira ezagutzera.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzekotan, enpresek edo prestakuntza-entitateek beren gain hartu behar dituzte Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta kotizazioaren ordainketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzei lotutako prestakuntza praktikoko modulua enpresa edo organismo parekatu batean egiten duten ikasleei dagokienez, praktikak egiteko enpresa edo organismo parekatua izan zein prestakuntza-ekintzak eman dituen prestakuntza-entitatea izan, hala hitzartu badute bien artean sinatutako hitzarmenean edo akordioan.

Laguntza horietatik kanpo daude Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuak ere, baldin eta sail horrek kudeatu eta ordaindu baditu Gizarte Segurantzako kotizazioak.

2.– 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak, lanbide-ziurtagiriak edo C graduak lortzeko prestakuntza-ekintzak eman dituzten prestakuntza-entitateak, baldin eta beren prestakuntza-zentroan eta beren bitartekoekin kudeatu eta egin badituzte Espainian legez bizi ez diren ikasleei dagozkien praktikak, Lanbideren aldez aurreko baimenarekin.

Laguntza horietatik kanpo daude Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak.

3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Epai irmo bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea eta horren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana eta kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egotea.

c) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita izatea, honako hauek barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barnean direla:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dauzkan legeek ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak ez hartzea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

p) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitateaz bestelakoa, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Baldintza hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egin beharreko ordainketa guztietatik fakturen % 90 ordainduta, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako betekizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da p) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

4. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko moduko jarduketak.

Deialdi honen babesean, jarduera hauek lagundu daitezke diruz:

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagokionez, gastu hauek dira diruz lagungarriak:

– Entitateak 2026an ordaindutako Gizarte Segurantzako kotizazioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagirien, lanbide-ziurtagirien edo C graduen prestakuntza-modulua enpresa edo pareko organismoko batean egiten duten ikasleek 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egindako praktika-egunei dagokiena.

– Aurreko paragrafoan aipatutako prestakuntza-praktikak egiteko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko izapideen kudeaketa-gastuak.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagokionez, diruz laguntzeko modukoa izango da prestakuntza-zentroan bertan legez Espainian bizi ez diren ikasleek prestakuntza praktikoko modulua egiten duten bitartean enpresako tutore-lana egiten duen profesionalaren edo irakaslearen lana, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimenarekin.

Diruz lagunduko dira 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean egindako prestakuntza-praktiketako orduak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman badu praktika horiek eskabidea aurkeztu aurretik hasteko.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 4. artikuluko a) apartatuan deskribatutako jarduketa eta gastu diruz lagungarriei dagokienez, hauek dira dirulaguntzen zenbatekoak:

a) Gizarte Segurantzarekiko kotizazioa: 0,46 euro, kontratatutako pertsona eta praktika-egun bakoitzeko.

b) Kudeaketa-gastuak: 40 euro, pertsona bakoitzeko eta egiten duen prestakuntza praktikoko modulu bakoitzeko. Nolanahi ere, dirulaguntza hori ezin da izan eskabidean justifikatutako jarduera horren kostua baino handiagoa, 6. artikuluaren 3.2 apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz; beraz, justifikatutako benetako gastua txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa hari egokituko zaio.

2.– 4. artikuluko b) apartatuan deskribatutako diruz lagun daitekeen jarduerari dagokionez, laguntzaren zenbatekoa 2,25 eurokoa da prestakuntza-praktiken ordu bakoitzeko.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean.

Gizarte Segurantzarekiko izapideen kotizazioagatik eta kudeaketa-gastuengatik 1 a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroko laguntzak finantzatzeko izapideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia egiteko jarraibideak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1060701

Prestakuntza-zentroan egindako prestakuntza-praktiken tutorizaziorako 1 b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen lineako laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia honako helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1060702

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

2.– Eskaera bakarra aurkeztuko da prestakuntza-enpresa edo -entitate bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko, 2025ean eta 2026an diruz lagundu daitekeen aldi osorako, zeina 4. artikuluan adierazten baita kasu bakoitzerako.

3.– 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroko laguntzei dagokienez, eskabide-inprimakiaz gain (osorik bete beharko da), dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

3.1.– Gizarte Segurantzan kotizatzeagatiko laguntzei dagokienez:

a) Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak, «Kotizazioen likidazio-agiria» eta «Langileen izen-zerrenda», prestakuntza-praktikak egiten dituzten pertsonei alta eman zaien kotizazio-kontuaren kodeari dagozkionak.

b) Gizarte Segurantzari egindako ordainketen egiaztagiriak.

3.2.– Gizarte Segurantzarekin egin beharreko izapideak kudeatzeko laguntzei dagokienez:

a) Dirulaguntza eskatu duen enpresatik edo entitatetik kanpoko enpresa batek egiten badu kudeaketa: fakturaren kopia, honako hauek zehaztuta: zenbat pertsonarengatik egin dituen kudeaketak, fakturatutako pertsona bakoitzeko zenbatekoa eta zer eperi dagokion, bai eta faktura ordaindu izanaren egiaztapena ere.

b) Kudeaketa dirulaguntza eskatzen duen enpresak edo prestakuntza-entitateak berak egiten badu: ziurtagiri bat, honako hauek adieraziko dituena: kudeaketak egiten dituen langilearen nortasuna, langile horren urteko ordainsari gordinaren zenbatekoa eta enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kotizazioaren kostua, urteko lanaldiaren orduak, bai eta dirulaguntzaren xede diren prestakuntza-praktikak egin bitartean jarduera horretan eman dituen orduak ere.

4.– 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari lotutako laguntzei dagokienez, prestakuntza-zentroan bertan egindako prestakuntza-praktikei buruzko eskaera-inprimakian jasotako informazioa ofizioz egiaztatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak.

5.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean iritziko zaiola atzera egin duela, horretarako emandako ebazpenaren bidez.

6.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko azaroaren 5ean amaituko.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.

2.– Bi dirulaguntza-lerroei dagozkien laguntzak emateko prozedura ondoz ondoko konkurrentziakoa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira, espedientea noiz osatu den, 2. artikuluan dirulaguntza-lerro bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak emango du laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena, eta banan-banan jakinaraziko da, egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da deialdi honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren erakundeen zerrenda, jasotako zenbatekoak adierazita.

8. artikulua.– Enpresa eta prestakuntza-entitate onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak; zehazki, hauek:

a) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueretan behar badira ere.

b) Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-egintzen mende jartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea, edozein administrazioren edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu baditu deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea, dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeretakoren bat aldatu bada.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako finantzaketaren berri berariaz ematea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik sortzen diren ekintzetan ere.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza aldi bakar batean ordainduko da, hura emateko ebazpenaren ostean.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du. Helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1060701 edo https://www.euskadi.eus/servicios/1060702

10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei.

Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40 h) artikuluarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman ditzakeen beste dirulaguntzekin, Gizarte Segurantzako kotizazioaren murrizketak izan ezik.

12. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren atzerapen-interesak ere bai, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntza itzuli egin behar dela erabakitzen den datara arte, edo zordunak itzulketa egin duen datara arte, data hori erabakia baino lehenagokoa bada, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Bereziki, hauetakoren bat:

a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Ez betetzea deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak.

e) Ez betetzea deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

13. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistika helburuekin erabiltzea. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/074300-capa2-es.shtml.

14. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Agindu honetan adierazitako laguntzek honetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen duen «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluak.

2.– Dirulaguntza jasotzen duen prestakuntza-enpresak edo -entitateak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, frogatzeko minimis laguntza berriak ez duela aipatutako araudian ezarritako gehieneko muga gaindituko.

15. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren kontuetan, hauek aplikatuko zaizkio laguntza-programa honi: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko arauak (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).


Azterketa dokumentala