
145. zk., 2026ko uztailaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (106 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3435
AGINDUA, 2026ko uztailaren 22koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez baliozkotzen baita Justiziako zuzendariaren 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena. Ebazpen horren bidez ebazten da dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen arabera emateko 2026-2027ko deialdia, proiektu komunitario hauek egiteko: EAEko espetxeetan askatasunaz gabetuta dauden zigortuak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektuak, bai eta zigorrak betearazten eta zigortuak espetxean, ingurune irekian eta ingurune komunitarioan tratatzen laguntzeko proiektuak ere.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko abenduaren 17ko Aginduaren bidez (2026ko urtarrilaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 10. zk.), 2026-2027 biurtekorako dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezarri ziren. Dirulaguntza horien xedea da EAEko espetxeen mende dauden eta askatasunaz gabetuta dauden zigortuak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektu komunitarioak egitea, bai eta zigorrak betearazten eta zigortuak espetxean, ingurune irekian eta ingurune komunitarioan tratatzen laguntzea ere.
Bigarrena.– Agindu horren arabera, Justiziako zuzendariaren 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena eman zen (2026ko ekainaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 109. zk.), zeinaren bidez ebazten baita dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen arabera emateko deialdia, 2026-2027ko ekitaldietarako, proiektu komunitario hauek egiteko: EAEko espetxeetan askatasunaz gabetuta dauden zigortuak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektuak, bai eta zigorrak betearazten eta zigortuak espetxean, ingurune irekian eta ingurune komunitarioan tratatzen laguntzeko proiektuak ere.
Hirugarrena.– 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena argitaratu ondoren, ohartarazi da ebazpen hori onartzeko eskumena Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justiziako sailburuordeari zegokiola, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.1 artikuluan eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko abenduaren 17ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera, eta ez Justiziako zuzendariari.
Laugarrena.– Antzemandako akatsa 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena eman zuen organoaren eskumenik ezari buruzkoa da soilik, eta ez dio eragiten haren eduki materialari, ez eta hura hartzeko jarraitutako prozedurari ere.
Bosgarrena.– 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta ondorio juridikoak izan ditu. Ez dago jasota haren deuseztasun- edo deuseztapen-deklaraziorik.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari dagokio agindu hau ematea, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak emandako eskumenen arabera.
Halaber, sailburua hierarkian gorago dagoen organoa da Justizia Sailburuordetzarekiko eta Justizia Zuzendaritzarekiko, zeinak sailaren egitura organikoaren barruan baitaude.
Bigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52.1 artikuluak ezartzen duenez, Administrazioak egintza deuseztagarriak baliozkotu ahal izango ditu, egintza horien akatsak zuzentzen baditu.
Lege horren 52.3 artikuluak, bere aldetik, xedatu duenez, akatsa eskumenik eza denean, deuseztasunik ez dakarrena, eskumena duen organoak baliozkotu ahal izango du egintza, egintza eman zuenaren goragoko organoa denean.
Hirugarrena.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.1 artikuluaren eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko abenduaren 17ko Aginduan xedatutakoaren arabera, deialdia ebazteko eskumena Justiziako sailburuordeari zegokion.
Hala ere, 2026-2027 ekitaldietarako dirulaguntzen deialdia ebatzi zuen Justiziako zuzendariaren 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena prozedura arautzen duen araudian aurreikusitakoaz bestelako organo batek eman zuen.
Inguruabar hori hierarkia dela-eta eskumenik ezaren kasu bat da, eta ez dakar egintzaren erabateko deuseztasuna, eta, ondorioz, baliozkotu egin daiteke, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Laugarrena.– Antzemandako akatsak 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena eman zuen organoaren eskumenari soilik eragiten dio, eta ez dio eragiten haren eduki materialari, ez eta hura hartzeko jarraitutako prozedurari ere.
Ondorioz, zuzentzeko moduko deuseztagarritasun-akats bat dagoela ikusita, eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburua hierarkian goragoko organoa denez 39/2015 Legearen 52.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da aipatutako ebazpena baliozkotzea.
Era berean, ebazpena argitaratu denez eta ondorio juridikoak izan dituenez, baliozkotzea mekanismo egokia da haren babesean egindako jarduketen baliozkotasuna babesteko.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Baliozkotzea Justiziako zuzendariaren 2026ko maiatzaren 29ko Ebazpena, 2026ko ekainaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (109. zk.) argitaratua, zeinaren bidez ebazten baita dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen arabera emateko deialdia, 2026-2027ko ekitaldietarako, proiektu komunitario hauek egiteko: EAEko espetxeetan askatasunaz gabetuta dauden zigortuak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektuak, bai eta zigorrak betearazten eta zigortuak espetxean, ingurune irekian eta ingurune komunitarioan tratatzen laguntzeko proiektuak ere.
Bigarrena.– Baliozkotze honek zuzendu egiten du hierarkia dela-eta eskumenik ez duen organo batek aipatu ebazpena hartzearen ondoriozko akatsa. Antzemandako eskumen-akatsa zuzentzera mugatzen da baliozkotzea, ebazpenaren eduki materiala eta deialdiaren baldintzak aldatu gabe.
Hirugarrena.– Baliozkotutako ebazpenaren edukia osorik berrestea, eta haren babesean egindako jardueren baliozkotasunari eta eraginkortasunari eustea.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 22a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS