
145. zk., 2026ko uztailaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3433
6/2026 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Trafiko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2026ko uztailaren 1eko Ebazpena, Euskal Autonomia Erkidegoan trafikoa arautzeko neurri berezi osagarriak ezartzen dituena, 2026ko abuztuaren 12an egongo den eguzki-eklipse osoa dela-eta.
Trafiko Zuzendaritzak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5. artikuluaren n) letran esleituta dituen eskumenak baliatuz, ebazpen bat onartzen du urtero, trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzeko. Neurri horiek ibilgailu eta ibilbide jakin batzuei eragiten diete, eta zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko hartzen dira; izan ere, segurtasuna eta arintasuna arriskuan egon daitezke, ekitaldi oso garrantzitsuak egingo diren lekuetara ziur aski egingo diren joan-etorri masiboak direla-eta edo garraiatzen den kargak berez duen arriskugarritasuna dela-eta.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan (EAE), Trafikoko zuzendariari dagokio neurri horiek hartzea, urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuaren eranskineko B.1.g) apartatuan eta urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 17.3.d) artikuluan xedatutakoaren arabera (3256/1982 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaion trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko Estatuko legeriaren betearazpena, eta 3256/1982 Errege Dekretuaren bidez, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zen).
Eguzkiaren eklipse osoa dela-eta, 2026ko abuztuaren 12an, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan ibilgailuen joan-etorriak eta zirkulazioa nabarmen handituko dela aurreikusten da, eta horrek trafikoa itotzea ekar dezake, eta, ondorioz, zirkulazioaren arintasuna larriki arriskuan jartzea. Ebazpen honen eranskinean aurreikusitako zirkulazio-murrizketa osagarriak justifikatuta daude, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-segurtasuna bermatzea eta trafikoaren arintasuna hobetzea baita helburua.
Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluak trafiko-agintaritzari esleitzen dio trafikoa arautzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazioaren segurtasun- edo arintasun-arrazoiengatik edo ingurumen-arrazoiengatik gomendagarria denean. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluek, besteak beste, neurri horietako batzuk zehazten dituzte, eta horiek hartzeko prozedura arautzen dute.
2026ko uztailaren 1eko Ebazpena aldatzeko den ebazpen honen bidez, bateragarri egin nahi dira 2026ko uztailaren 1eko Ebazpenaren eraginpean dauden ibilgailuen zirkulazioa eta aipatu ebazpenean jasotako neurri berezi osagarriak, Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailu edo ibilgailu-talde jakin batzuentzat trafikoa arautzekoak, 2026ko abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoaren ondorioz izango diren joan-etorriek eragina izan baitezakete bide-segurtasunean, mugikortasunean eta zirkulazioaren arintasunean.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean jasotako zirkulazio-murrizketa osagarriak ezartzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Hirugarrena.– Zehapen-araubidea eta ibilgailua kendu eta gordailutzea.
Baldin eta ebazpen honetan jasotzen diren neurriak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera arau-haustetzat jotzen direnak, betetzen ez badira, aipatutako arauan aurreikusitako moduan zehatuko da.
Trafikoa kudeatzeaz arduratzen diren agintaritza-agenteek, horretara behartuta dagoenak egiten ez badu, ibilgailua bidetik kendu eta adierazitako lekuan utzi ahal izango dute, betiere ibilgailuak ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen badu edo nahasmendu larriak eragiten baditu, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 105. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Laugarrena.– Murrizketak kentzeko salbuespenezko kasua.
Salbuespen gisa, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak zirkulatzeko baimena eman ahal izango die ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpean dauden ibilgailuei. Neurri hori salbuespen gisa emango da, zirkulazioaren egoeraren arabera, eta, ondorioz, Ertzaintzari dagozkion jarraibideak emango zaizkio. Neurri hori Trafiko Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko da, eta garraiolarien elkarte nagusiei edo baliokideei jakinaraziko zaie.
Bosgarrena.– Murrizketa osagarriak.
Ezusteko edo salbuespenezko egoeretan zirkulazioaren arintasun edo segurtasun handiagoa lortzeko beharrezkotzat jotzen denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketak, beharrezko den arte, neurri egokiak hartuta. Hori guztia Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Seigarrena.– Trafiko Zuzendaritzaren 2026ko uztailaren 1eko Ebazpenaren eranskina aldatzea. Ebazpen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan trafikoa arautzeko neurri berezi osagarriak ezarri ziren, 2026ko abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipse osoa dela-eta.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 24a.
Trafiko zuzendaria,
ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.
ERANSKINA
ZIRKULAZIORAKO MURRIZKETA OSAGARRIAK
Debekatuta dago 7.500 kg-tik gorako gehieneko masa baimendua (GMB) edo ibilgailu-taldearen gehieneko masa (GMB) duten ibilgailuek edo ibilgailu-taldeek Euskal Autonomia Erkidegoko errepide guztietan zirkulatzea, 2026ko abuztuaren 12ko 17: 00etatik 23:59ra.
Murrizketa horretatik salbuetsita daude autobusak eta autokarrak eta 2026an Euskal Autonomia Erkidegoan trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri zituen Trafikoko zuzendariaren 2026ko urtarrilaren 9ko Ebazpenaren III. eta IV. eranskinetan jasota dauden ibilgailuak.
RSS