
145. zk., 2026ko uztailaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3414
128/2026 DEKRETUA, uztailaren 28koa, zeinaren bidez aldatzen baita Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Estatutuen Dekretua.
Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak, aipatu institutua erakunde autonomo administratibo gisa eratzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionalaren barruan. Institutuak nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu, deszentralizazio-erregimenean, politika publikoaren garapenari dagokion administrazio-jarduna gauzatzeko. Politika publiko hori giza eskubideak bermatzean, bultzatzean eta garatzean, memoria sustatzean eta bizikidetza demokratikoaren aurrerapenean eta garapenean datza, lege horretan esleitzen zaion helburuari dagozkion baldintzetan.
Azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bidez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuak onartu ziren. Haiek arautzen dituzte institutuaren izaera, helburuak eta eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendua, organoak eta zerbitzuak, institutuaren zerbitzura dauden langileak, baliabide ekonomikoak eta aurrekontuak, bai eta institutuaren araubide juridikoa ere. Institutuari Gogora ere esaten zaio.
Dagoeneko 10 urte igaro dira Institutua sortu zenetik, eta euskal gizartean nahikoa finkatuta dago. Horregatik, urte hauetan hasitako lan-ildoak indartzeko eta sakontzeko unea iritsi da. Gainerako instituzioekin, institutuekin, memoria-zentroekin eta memoria-entitateekin egiten duen lankidetza-lanaren ondorioz, ezinbestekoa da zuzendariondoko-lanpostu bat sortzea, zuzendari-figura bakar batek nekez hartu baitezake bere gain lan hori. Gainera, Institutuak erakunde autonomo gisa duen izaera juridikoa dela eta, organigraman figura bat egotea eskatzen da, eta figura horri egokituko zaio zuzendariak Institutuari esleitzen dizkion zenbait eginkizunen garapen tekniko eta espezializatua.
Aurreko guztiaz gain, 2023ko irailaren 28an, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko 9/2023 Legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Lege horrek betebehar berriak ezarri zizkion Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko 2014ko azaroaren 27ko 4/2014 Legean jasota ez zeudenak.
Legea onartzearen ondoriozko betebehar horiei guztiei erantzuteak koordinazio- eta plangintza-premia handiagoa dakar, bai edukiei dagokienez, bai Institutuaren antolaketa-egiturari berari dagokionez.
Dekretu honen bidez estatutuak aldatu dira, eta, horren bidez, lehenik eta behin, Institutuaren zuzendariondokoari dagokion dotazioa sortu da, goi-karguduntzat eta zuzendari-mailakotzat hartuta. Bigarrenik, Institutuaren zuzendariaren egungo maila sailburuordearenera igotzea, maila bereko bi goi-kargudun aldi berean egotea saihesteko. Hirugarrenik, lehendakariari ahalmena ematea Institutuaren zuzendariak emandako egintza eta ebazpenetako gora jotzeko errekurtsoei buruzko eskumena eskuordetzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluaren arabera.
Zuzendari-kargua goi-kargu gisa sortzeak berekin dakar Gogora Institutuan maila bereko bi goi-kargudun batera egotea, nahiz eta eginkizun desberdinak esleituta izan. Zuzendariondokoaren dualtasun horrek eskatzen du egungo zuzendaria administrazioko goi-kargudun izatetik sailburuorde izatera pasatzea.
Era berean, urte hauetako praktika administratiboari dagokionez, beharrezkotzat jotzen da Institutuaren zuzendariak emandako egintza eta ebazpenen gora jotzeko errekurtsoei buruzko honako zehaztapen hau sartzea. Errekurtso horiek, gaur egun, Institutuaren lehendakariaren aurrean errekurritu daitezke, eta zuzendariari eskumen hori eskuordetzeko ahalmena ematen zaio, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluaren arabera.
Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzunda eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2026ko uztailaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bidez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Estatutuen 11. artikulua («Institutuaren zuzendaria») aldatzea.
Aldatu egiten da 11. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Institutuaren zuzendaria Administrazioko goi-karguduna izango da, sailburuorde-mailakoa, eta haren izendapena, kargugabetzea, zerbitzu-harremana eta araubide juridiko aplikagarria Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluan eta Administrazioarekin zerbitzu-harreman hori duenari aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren araberakoak izango dira.
2.– Institutuaren zuzendariari eginkizun hauek garatu eta gauzatzea dagokio:
a) Institutuaren jarduera zuzentzea.
b) Erakunde-harremanak eta memoriari lotutako politiken integrazioa.
c) Akordioak eta hitzarmenak sinatzea.
d) Institutuak hurrengo ekitaldian izango duen jardueraren argitalpena prestatzea eta Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea (urteko azken bilkuran).
e) Institutuaren aurrekontuen aurreproiektua egitea eta Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea.
f) Institutuaren proiektu eta jarduketak lantzea, haiei buruzko informazioa edo erabaki-proposamena aurkeztea Zuzendaritza Kontseiluari, baldin eta hark aldez aurretik ezagutu edo ontzat eman beharrekoak badira.
g) Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak gauzatzea eta betetzea, hartarako beharrezkoak diren ebazpen edo egintza administratiboen bidez.
h) Institutuaren zerbitzuen zuzendaritza eta ikuskapena, eta haren langileriaren antolaketa, kontrol eta zuzendaritza, langileak motibatuta egon daitezen eta institutuaren helburuetan parte hartu dezaten saiatuz.
i) Laguntzak eta dirulaguntzak arautzea, haietarako deialdiak egitea eta ematea.
j) Institutuaren gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea.
k) Ordenamendu juridikoaren arabera organismo autonomoek ondareaz eta kontratazioaz dituzten eskumenak erabiltzea, eta, bereziki, Institutuaren kontratazio-organo gisa jardutea. Hori gorabehera, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzkoa) Gobernu Kontseiluari eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eman dizkien eskumenak erabiliko dira.
l) Institutuaren helburuak lortzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun, baldin eta beste organo bati berariaz esleitu ez bazaio, eta orobat lehendakariak edo Zuzendaritza Kontseiluak berariaz agintzen dizkion egintza zehatzen gauzatze materiala».
Bigarren artikulua.– Azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bidez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Estatutuen 12. artikulua («Zuzendariondokoa») aldatzea.
Aldatu egiten da 12. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Zuzendariondokoa Administrazioko goi-karguduna izango da, zuzendari mailakoa, eta haren izendapena, kargugabetzea, zerbitzu-harremana eta araubide juridiko aplikagarria Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluan eta Administrazioarekin zerbitzu-harreman hori duenari aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren araberakoak izango dira.
2.– Zuzendariondokoari dagokio institutuaren titularrak esleitzen dizkion egitekoetako baten garapen tekniko eta espezializatua egitea, eta, bereziki, honako eginkizun hauek betetzea:
a) Institutuaren zuzendaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, arau honetan organo horrentzat ezarritako eginkizunak eta eskumenak bere gain hartzea, egoerak dirauen bitartean.
b) Institutuaren zuzendariari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea, hark komenigarritzat jotzen dituen gaietan, eta berariaz eskuordetzen dizkion eginkizunak betetzea».
Hirugarren artikulua.– Azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bidez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Estatutuen 21. artikulua («Araubide juridikoa») aldatzea.
Aldatu egiten dira 21. artikuluaren 2. eta 4. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:
«1.– Organismoaren araubide juridikoa Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoa da.
2.– Institutuaren lehendakariak eta zuzendariak bakarrik eman ditzakete ebazpenak eta egintza administratiboak.
3.– Institutuaren lehendakariak emandako egintzen eta ebazpenen bidez administrazio-bidea amaituko da. Haien aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarrai ahal izango zaio organo berari.
4.– Institutuaren zuzendariak emandako egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Institutuaren lehendakariari. Eskuordetzea Institutuaren zuzendariak kontratazio publikoaren arloan emandako egintza eta ebazpenetara zabalduko da, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotako errekurtsoak jar badaitezke.
5.– Institutuaren lehendakariak berrikusiko ditu, ofizioz, haren organoek emandako egintzak.
6.– Institutuaren zuzendariak ebatziko ditu auzibidera jo aurreko erreklamazioak, arlo zibileko eta lan arloko gaietan».
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko uztailaren 28an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS