
144. zk., 2026ko uztailaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (338 KB - 38 orri.)
- EPUB (143 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3397
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, zeinaren bidez agindua eman baita teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen 2023 eta 2024ko lan eskaintza publikoen oinarri orokorrak argitaratzeko, bai funtzionarioen eskaintzakoak, bai funtzionarioen barne promoziokoak.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2023ko abenduaren 22ko EHAA). Era berean, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2024ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2024ko abenduaren 26ko EHAA).
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2026ko uztailaren 15eko Erabakiaren bidez onartu dira prozesu horien oinarri orokorrak eta kasuan kasuko hautaketa prozesuen deialdiak, horien gutxieneko irizpideak aldez aurretik alde sindikalarekin negoziatuta (2025eko irailaren 26ko Akordioa); betiere urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratua onartzen duenak, IV. Tituluaren I. Kapituluan xedatutakoaren arabera, eta Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legean, abenduaren 1ekoan, ezarritakoa kontuan hartuta (52. eta 63. artikuluak, V. Tituluko II. Kapitulua eta VI. Tituluko I. eta II. Kapituluak).
Horrela bada, eta UPV/EHUko Estatutuetako 59., 60. eta 61. artikuluak direla bide, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen 2023. eta 2024. urteetako lan eskaintza publikoen oinarri orokorrak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu daitezela agintzea, bai funtzionarioen eskaintzakoak, bai funtzionarioen barne promoziokoak. Dokumentu honi erantsita daude denak.
– Langile funtzionarioen eskaintzari dagozkion oinarri orokorrak (I. eranskina).
– Langile funtzionarioen barne promozioari dagozkion oinarri orokorrak (II. eranskina).
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Administrazioarekiko Auzien Bilboko Epaitegietan / Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluan eta Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoa betez.
Leioa, 2026ko uztailaren 15a.
UPV/EHUko errektorea,
JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.
I. ERANSKINA
OINARRI OROKORRAK: FUNTZIONARIOAK
Lehenengoa.– Helburua.
1.1.– Oinarri hauen bidez arau orokorrak ezarriko dira lan eskaintza publikoetan UPV/EHUko funtzionarioen plazak betetzeko deialdi espezifikoak gidatzeko. Hautaketa prozesuak egingo dira deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan adieraziko diren plazak betetzeko, dagozkien kupoak gordeta.
Barne promozioak bere oinarri orokor propioak izango ditu, eta eskaletako deialdi espezifikoak ez dira egingo modalitate orokorrekoekin batera.
1.2.– Oinarri orokorretan zein espezifikoetan ez badatoz bat gaztelaniazko eta euskarazko bertsioa, gaztelaniazkoa hartuko da aintzat.
1.3.– Halaber, konpromisoa adierazten da generoen arteko aukera berdintasunarekin, langileak Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzura sartzeko prozeduraren beraren oinarrian baitago.
Bigarrena.– Plazak banatzeko arau orokorrak.
2.1.– UPV/EHUren 2023 eta 2024ko lan eskaintza publikoak prozesu orokor bakar batean egingo dira, eta deitutako plaza guztietatik ehuneko zazpi (% 7) gordeko dira desgaitasuna duten pertsonek betetzeko, eta halakotzat hartuko dira Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateratuaren 4. artikuluko 2. paragrafoan definitutakoak, betiere probak gainditu eta desgaitasun maila eta dagozkien zereginak betetzeko gaitasuna egiaztatzen badituzte.
Gutxieneko ehuneko zazpi (% 7) hori gordetzeko orduan, eskainitako plazen ehuneko bia (% 2), gutxienez, adimen desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonek bete beharko dute, eta eskainitako gainerako plazak beste edozein desgaitasun mota egiaztatzen dutenek. Hori guztia egingo da urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratua onartzen duena (59. artikulua).
2.2.– Aurreko apartatuetan ezarritako plazen erreserba aplikatuko da oinarri espezifikoetan hala adierazten duten talde eta eskaletan, eta sarbide orokorreko modalitatea edo desgaitasuna duten pertsonentzako sarbidearen modalitatea ezarriko da, hala badagokio.
Bermatuko da desgaitasuna duten pertsonek gainerako hautagaien baldintza berdinetan egingo dituztela probak.
2.3.– Desgaitasuna duten pertsonentzako txandan gordetako plazak agortzen badira, ariketak gainditu dituzten pertsonen kopurua gordetako plazak baino gehiago izan direlako, probak gainditu eta plazarik lortu ez dutenek modalitate orokorreko plazak lortu ahal izango dituzte puntuen araberako hurrenkerari jarraikiz.
2.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazak bete gabe geratzen badira, hala hautagairik ez dagoelako, nola hautagaiek kasuan kasuko hautaketa prozesua gainditu ez dutelako, plaza horiek modalitate orokorrari gehituko zaizkio. Barne promozioko plazak bete gabe geratuz gero, hutsik geratu diren plazak txanda librera pasatuko dira, oinarri orokorretan adierazitako moduan.
Hirugarrena.– Hautaketarako baldintza orokorrak.
3.1.– Lanpostua jabetzan hartzean, hautatutako pertsonak Euskal Herriko Unibertsitateko karrerako funtzionarioak izango dira, eta arlo horretan indarrean dauden xedapenek emandako eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte.
3.2.– Prozesu honen ondorioz UPV/EHUko funtzionario bihurtzen direnei alta emango zaie Gizarte Segurantzan, dagozkien lanpostuak jabetzan hartzen dituzten egunetik aurrera.
3.3.– Izendapenak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Izendatutako hautagaiek hilabeteko (1) epea izango dute plaza jabetzan hartzeko, izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Zehaztutako epean plaza jabetzan hartu ezean (ezinbesteko kasuetan izan ezik), hautagaiak deialdi honen bidez Euskal Herriko Unibertsitateko funtzionario izendatua izateko eskubide guztiak galduko ditu.
Horrelakoetan, 10.3 oinarrian zehaztutakoa ezarriko da.
Era berean jokatuko da lanpostuen zerrendan plaza horiek zehaztuta dituzten gainontzeko betebehar espezifikoekin.
Laugarrena.– Hautagaiek bete beharreko baldintzak.
4.1.– Hautagaiek hurrengo puntuetan adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen –oinarri hauen 8.3 atalean ezarritakoaren arabera hizkuntza eskakizuna egiaztatzeari buruzkoa salbuetsita–, eta, lanposturik esleituz gero, lanpostua jabetzan hartu arte mantendu beharko dituzte baldintzok.
4.2.– Honako hauek dira hautaketa probetan onartua izateko baldintzak:
a) Espainiako edo Europar Batasuneko estatu kideetakoren bateko herritarra izatea.
Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte har dezakete, (baldin eta zuzenbidez banaturik ez badaude), bai eta euren ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere (baldin eta era berean zuzenbidez banaturik ez badaude), baldin eta ondorengook 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik goragokoak izan arren, mendekotasuna duten pertsonak badira.
Era berean, Europar Batasunak hitzartu eta Espainiak berretsi dituen nazioarteko hitzarmenak direla bide, langileen zirkulazio askea aplikatzen den herrialderen bateko herritarrek ere parte hartu ahalko dute.
Atzerritarrek ere enplegu publikoan sartzeko aukera izango dute, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratuaren arabera (5/2015 ED, urriaren 30ekoa).
b) Hamasei (16) urte beterik izatea eta nahitaezko erretirorako adina bete gabe izatea.
c) Lortu nahi den plazan egin beharreko lanak egiteko gaitasun funtzionala izatea. Edozelan ere, beti aplikatuko da Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa).
Hautaketa prozesua behin gaindituta, hautagaiak gaitasun funtzionala duela egiaztatu beharko du medikuaren ziurtagiria aurkeztuz edo osasun azterketa eginez. Baldintza hori bete beharko du lanpostuaz jabetzeko.
d) Diziplina espediente baten ondorioz desgaikuntzarik ez izatea funtzio publikoak betetzeko edo aldenduta ez egotea administrazio publikoen zerbitzutik. Beste estatu batzuetako nazionalitatea dutenen kasuan, desgaikuntzan edo pareko egoera batean ez egotea, eta diziplina zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan enplegu publikora sartzea eragozten dionik.
e) Deialdian eskatutako titulu ofiziala edo homologatua edukitzea edo ordainduta izatea titulua jasotzeko eskubideak, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria edukitzea, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofizial bat izatea, kasu guztietan eskariak aurkezteko epearen barruan. Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala izatea.
f) Indarreko legeriari jarraituz, legezko ezgaitasuna edo bateraezintasuna dakarren egoera batean ez egotea; edozelan ere, legeak ematen duen aukeratzeko eskubidea errespetatuko da.
g) Kasuan kasuko deialdian izena emateko ordaindu beharreko tasa ordainduta izatea, indarreko arauei eta haien eguneratzeei jarraituz, 5.4 oinarrian aipatutako salbuespenarekin. Zenbatekoak deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko dira.
h) Lanpostuen zerrendak dena delako plaza edo postuetarako zehaztutako gainerako eskakizun guztiak betetzea, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazitakoaren arabera.
i) Ez izatea karrerako funtzionarioa UPV/EHUko eskala berean.
Bosgarrena.– Eskariak aurkeztea.
5.1.– Eskariak aurkezteko epea eta era.
Oinarri orokor hauetatik sortutako deialdi espezifikoetan parte hartzeko eskariak hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, 2026ko irailaren 1ean hasita.
Eskariak eredu ofizial eta arautuan aurkeztu beharko dira bitarteko elektronikoen/Interneten bidez; horretarako, eskari eredua Interneteko helbide honetan egongo da eskuragarri: https://gestion-enplegu.ehu.es/jobsite_g/euskera/generico_login.jsp (Lan Eskaintzen Ataria), eta oinarri hauetako 5.2 apartatuan zehazten den bezala bete eta bidali beharko da.
Eskaria aurkeztean, programak eskaria hartu izanaren egiaztagiria emango du, erreferentzia zenbaki batekin; era berean, tasak ordaintzeko jarraibideak emango ditu, eta ordainketa pasabidera zuzenean joateko aukera, tasok pasabidearen bidez ordaintzeko.
5.2.– Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte hautaketa prozesuan onartuak izateko:
1) Eskaria osorik bete, eskatutako eskakizunak betetzen dituztela aitortuz.
2) Dagokion tasa ordaindu.
3) Eskaria ezarritako epearen barruan aurkeztu.
Era berean, hautagaiek baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete ere; salbuespena da 8.3 oinarrian zehaztutako baldintza.
Eskarian honako datu hauek eman beharko ditu hautagaiak:
a) Datu pertsonalak, prozesua behar bezala gestiona dadin.
b) Sarbidearen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzako plazak), oinarri espezifikoetan zehaztutakoaren arabera. Deialdi espezifiko bakoitzean hautagaiek modalitate bakarrean hartu ahal izango dute parte, salbuespena delarik oinarri hauetako 2.3 atalean adierazitakoa.
c) Zein eskalatan hartu nahi duen parte.
d) Oposizio faseko ariketak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi diren: euskaraz ala gaztelaniaz.
e) Dagokionean, desgaitasuna edo premia bereziak justifikatuta dituen pertsona izatea.
Desgaitasuna duten pertsonen sarbiderako modalitatea aurreikusi bada oinarri espezifikoetan, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela adierazi beharko dute, kasuan kasuko administrazioko organo eskudunak aitortua (foru aldundietako organo eskudunak, IMSERSOk edo pareko organoak), eta aitorpen horrek indarrean egon behar du eskariak aurkezteko epearen azken egunean.
Era berean, adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek egoera hori aitortua dutela adierazi behar dute, eta aitorpen horrek indarrean egon behar du eskariak aurkezteko epearen azken egunean.
Epaimahaiak neurri egokiak hartuko ditu desgaitasuna duten hautagaiek –eskarian hala adierazi badute– gainerako hautagaien baldintza berberetan parte hartu ahal izan dezaten hautaketa prozesuko probetan, abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuan zehaztutakoarekin bat etorriz (2271/2004 Errege Dekretua, abenduaren 3koa, Enplegu publikora sartzea eta desgaitasuna duten pertsonek lanpostuak betetzea arautzen duena).
Desgaitasunak edo justifikatutako bestelako premiak dituztenentzako egokitzapenak.
Desgaitasunak edo premia bereziak dituztela justifikatu dutenek probak egin ahal izateko denborari eta baliabideei dagozkien egokitzapenak egiteko eskatu ahal izango dute eskarian, berdintasunezko baldintzetan parte hartuko dutela bermatzeko.
Epaimahaiak baloratu ahal izateko eskatutako egokitzapena bidezkoa den ala ez, interesdunak desgaitasun maila kalifikatzeko organo teknikoak emandako irizpen tekniko fakultatiboaren kopia aurkeztu beharko du. Bertan, aitortutako desgaitasun maila eragin duen egoera iraunkorra modu frogagarrian egiaztatu beharko da, eta ondorio horietarako, ez da baliozkoa izango bestelako dokumenturik.
Denboraren egokitzapenean ariketak egiteko denbora gehiago emango da, uztailaren 23ko PJC/804/2025 Aginduari jarraituz, zeinaren bidez irizpide orokorrak ezartzen diren desgaitasuna duten pertsonei sektore publikoan sartzeko hautaketa prozesuetan baliabideak eta denbora egokitzeko.
Hautagai bakoitzaren behar espezifikoak aztertu ondoren, epaimahaiak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, halakoen beharra dagoen kasuetan.
f) Eskatutako titulazioa.
Unibertsitateko administrazioak bere kabuz egiaztatutako du eskatutako titulazioa. Egiaztapen hori egitea ezinezkoa denean edo berariaz aurka egiten zaionean, honako agiri hauen fotokopia aurkeztu beharko da: deialdi bakoitzaren oinarrietan eskatutako tituluarena edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiriarena, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiriarena, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofizialarena.
g) Tasak ordaintzea.
Tasaren ordainketa, ahal dela, ordainketa pasabidearen bidez egingo da. Ordainketa beste modu batera egiten denean, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da.
h) Erantzukizunpeko adierazpena.
Eskaera egiteko unean, interesdunek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute, deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela adierazteko.
i) Oposizio faseko nota mantentzeko aukera.
2019/20/21/22 LEPetara aurkeztu ziren hautagaiek ez dute deialdi honetan oposizio faseko azterketarik egin beharko, baldin eta orduko hartan, oposizio fasean gehienez lor zitekeen puntuazioaren % 70etik gorako nota lortu arren, eskalan plazarik lortu ez bazuten lehiaketa fasean merezimendu nahikorik ez izateagatik. Hori horrela izango da, betiere, deialdi honetan eskala eta txanda berean aurkezten badira eta gai zerrendaren edukia, ariketak eta kalifikatzeko modua berberak badira. Hala ere, nota hobetu nahi izanez gero, aurkezteko aukera izango dute. Horrela eginez gero eta hautagaiak lortutako nota txikiagoa bada edo oposizio fasea gainditzen ez badu, 2019/20/21/22 LEPetako deialdiko nota gordeko zaio. Aurretik lortutako nota gorde nahi duten hautagaiek nahitaez eman beharko dute izena hautaketa prozesurako.
Onartutakoen behin-behineko zerrendak argitaratzen diren momentutik aurrera, interesdunek kontuan hartzea nahi duten merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko dute.
Unibertsitateko administrazioak bere kabuz egiaztatuko du alegatutako informazioa, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez, non eta ez den interesduna berariaz aurka agertzen edo kontsulta hori egiteko ezintasun teknikoa dagoen. Egiaztapen hori egin ezin denean, dagokion akreditazioa eskatu ahal izango da.
5.3.– Eskariak aurkezteko lekuak:
Prozesuan parte hartzeko eskaria UPV/EHUko Lan Eskaintzen Atarian soilik aurkeztu ahal izango da.
Edozelan ere, eskariari erantsi beharreko dokumentuak UPV/EHUko egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.ehu.eus) aurkeztu beharko dira, kontuan hartuta urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 14.e) artikuluan xedatutakoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiaren 2024ko irailaren 11ko Ebazpena, UPV/EHUko bitarteko elektronikoekin funtzionatzeko eta jarduteko arautegia argitaratzen duena.
Horretarako, ziurtagiri hauetako bat erabili beharko da: UPV/EHUko langileen ziurtagiri elektronikoa, Izenperen ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES). Bestalde, sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikotan ere aurkeztu ahal izango dira agiriok.
Eskaria behar bezala aurkeztu ondoren, ziurtagiria eskuratuko da.
5.4.– Eskariak aurkezteko ordaindu beharreko tasak:
Oinarri hauetako 5.2. h) atalean zehaztutako eskakizuna betetzeko, eskariak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira tasak (ikus 5.1 oinarria). «Ordainketa pasabidea» erabiliz egingo da tasen ordainketa, sisteman adierazi legez, edo, bestela, sistemak ematen duen abonu agiria inprimatuta.
Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko da azterketa eskubideengatik ordaindu beharreko kopurua.
Hautagaiei ez zaie tasen dirua itzuliko prozesutik kanporatuak badira beren jokabideagatik edo dokumentuen bidez ez egiaztatzeagatik benetan betetzen dituztela oinarrietan eskatutako baldintzak, nahiz eta hala egiten dutela ziurtatu eskariarekin batera aurkeztutako adierazpenean.
Eskariak aurkezteko epean tasak ordaindu ezean, hautagaia prozeduratik kanpo geratuko da, oinarri hauetako 5.2. h) atalean prozesuan onartua izateko zehaztutako eskakizunak ez betetzeagatik. Aurrekoa gorabehera, ordaindutako kopuruan ageriko akats nabarmena badago, akatsa zuzendu ahal izango da 6.6.2 oinarrian zehaztutako moduan.
Tasa ordaindu eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; ezinbestekoa izango da eskaria behar den epean eta eran aurkeztea, 5.1 oinarrian zehazten den bezala.
Tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) Enplegu bulegoetan lana bilatzeko izena emanda dauden eta inongo prestaziorik jasotzen ez duten pertsonak. Horretarako, eskariarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: eskariak aurkezteko epearen barruan lan bila dabiltzala egiaztatzeko administrazio eskudunak emandako ziurtagiria eta prestaziorik jasotzen ez dutela egiaztatzeko Estatuko Enplegu Zerbitzuak (SEPE) emandako ziurtagiria.
b) % 33ko desgaitasuna edo handiagoa daukaten hautagaiak, egoera hori egiaztatzeko agiria eskariari erantsita.
c) Familia ugariko kide diren hautagaiak, Familia Ugaria Babesteari buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12.1c) artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskaria aurkezten duten egunean familia ugariko kide izan behar dira eta eskariari erantsi beharko diote familia ugariko kide direla egiaztatzeko agiria.
Salbuespen horiek izateko eskubidea eskarian alegatuko da.
Unibertsitateko administrazioa bere kabuz egiaztatzen ahaleginduko da, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez, non eta ez den interesduna berariaz aurka agertzen edo kontsulta hori egiteko ezintasun teknikoa dagoen.
Egiaztapen hori egin ezin denean, dagokion akreditazioa eskatu ahal izango da.
Seigarrena.– Hautagaiak onartzea eta erreklamazioak.
6.1.– Eskariak aurkezteko epea behin amaituta, UPV/EHUko gerenteak ebazpena emango du prozesuko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzeko, baztertuen kasuan horretarako arrazoiak adierazita.
Hautagaiek egindako erantzukizunpeko adierazpenean oinarrituta egingo da onarpena, alde batera utzi gabe ondoren eskatutako eskakizunak betetzen direla egiaztatzea.
6.2.– Baztertutakoek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute eta, halakorik bada, akatsak zuzendu ahal izango dituzte; horretarako epea hamar egun (10) baliodunekoa izango da, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita. Egitatezko errakuntzak edozein unetan zuzendu ahal izango dira, administrazioak bere kabuz edo interesdunek eskaturik.
6.3.– Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horien inguruko erabakia hartu ondoren, UPV/EHUko gerenteak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzeko.
6.4.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko ebazpenaren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko gerenteari; horretarako hilabeteko epea egongo da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Errekurtsoari egoitza elektronikoan emango zaio hasiera horretarako ezarritako prozedura espezifikoaren bidez: berraztertze errekurtsoa.
6.5.– Oinarri hauetan aipatutako ebazpenak unibertsitatearen webgunean argitaratuko dira (www.ehu.eus), bai eta Lan Eskaintzen Atarian ere.
6.6.– Zerrenda horietan hautagaien izen-abizenak agertuko dira, NANaren, atzerritarren nortasun agiriaren, pasaportearen edo dokumentu baliokidearen ausazko lau digitu gehituta. Hala behar denean, ez onartzearen arrazoia agertuko da.
6.7.– Prozeduraren edozein unetan hautagai batek hautaketa prozesuan parte hartzeko eskatutako eskakizunen bat ez duela betetzen egiaztatuko balitz, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio dagozkion egiaztagiriak aurkezteko.
Ez badu hori egiten, behin betiko baztertuko da hautaketa prozesutik.
6.8.– Hautagaiek zein hurrenkeratan hartuko duten parte probetan: deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan hala aurreikusten denean, UPV/EHUk egingo duen zozketan ateratzen den letratik hasiko da hautagaiek probak egiteko hurrenkera.
Zazpigarrena.– Epaimahaia.
7.1.– Izendapena.
UPV/EHUko gerentearen ebazpenaren bidez izendatuko dira hautaketa probak kalifikatuko dituzten epaimahaietako kideak.
7.2.– Epaimahaien osaera.
Epaimahaiek kide kopuru bakoitia izango dute, eta, betiere, epaimahaiburu bat eta epaimahaikideak izango dituzte. Epaimahaikideetako bat idazkari izendatuko da.
Epaimahaiko kide guztiek ordezko bana izango dute. Epaimahaiak edo probetako hautaketa organoak osatzean, inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak bete beharko dira, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko paritate printzipioa bete beharko da; gainera, ezin izango dira epaimahaikide izan hautespen edo izendapen politikoko langileak, bitarteko funtzionarioak, ez lan kontratudun behin-behineko langileak edo aldi baterakoak. Hautaketa organoetako kideak norberaren izenean arituko dira beti, eta ezin izango dira inoiz inoren ordezkari izan edo inoren kontura jardun hautaketa organoetako partaide. Hori guztia bat etorrita urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratua onartzekoak, 60. artikuluan eta Euskal Enplegu Publikoaren Legeak 81. artikuluan zehaztutakoarekin.
Era berean, ezin izango dira epaimahaikide izan deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaketa probetarako hautagaiak prestatzen ibilitako plantillako langile finkoak edo karrerako funtzionarioak.
Epaimahaia osatzen duten guztiek izan beharko dute deialdian ateratako plazetarako eskatzen den titulazioaren maila bereko edo goragoko titulazioa, eta gainera administrazio publikoko langile finkoak edo karrerako funtzionarioak izan beharko dute. Epaimahaikide gehienak ezin izango dira izan hautaketa prozesuko plazaren eskala bereko langileak edo funtzionarioak.
Zailtasun teknikoengatik edo bestelakoengatik hala komeni denean, epaimahaiek aholkularien laguntza baliatu ahal izango dute, proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulariok beren espezialitate teknikoaz baino ez diote lagunduko epaimahaiari, eta hitza izango dute, baina ez botorik.
Era berean, epaimahaiek laguntzaileak eduki ahal izango dituzte probak aurrera eramateko. Organo eskudunari proposatu beharko diote aldez aurretik, hark baimendu dezan laguntzaile kopurua. Aholkulari espezialisten eta laguntzaileen izendapena iragarki baten bidez argitaratuko da erakundearen webgunean.
7.3.– Abstentzioa eta errekusazioa.
Epaimahaikideak, aholkulariak eta laguntzaileak prozeduran parte hartzetik abstenituko dira, eta deialdia egin duen agintariari emango diote horren berri, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. artikuluan aipaturiko egoeraren batean badaude (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa). Era berean, abstenitu egingo dira deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautagaiak trebatzen aritu badira deialdiko plazaren edo plazen eskala bereko edo pareko eskalako hautaketa probetarako, edo epe horretan moduren batean kolaboratu badute deialdiko plazen eskalako oposizioetarako prestakuntza ematen duten zentroekin.
Epaimahaia eratzeko egiten den bileran, epaimahaiko buruak epaimahaikideei eskatuko die adierazpen formal baten bidez ziurtatu dezaten ez daudela halako egoeraren batean. Adierazpen hori bera egin beharko dute aholkulari espezialistek eta laguntzaileek ere. Era berean, epaimahaikideak, aholkulariak eta laguntzaileak goian aipatutako egoeretakoren batean daudenean, hautagai interesdunek errekusatu ahal izango dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. artikuluaren babespean eta 24. artikuluan zehaztutako prozedura betez (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
7.4.– Jarduteko arauak.
Epaimahaiek beti jokatuko dute administrazio prozedurari buruzko legeetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, epaimahaia bilduko da epaimahaiko buruaren aginduz idazkariak horretarako deia egiten duenean. Epaimahaia balioz eratzeko ezinbestekoa izango da epaimahaiko burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez epaimahaikideen erdiak bertaratzea.
Erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoaz hartuko dira. Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta botoa. Berdinketak epaimahaiko buruaren kalitate botoarekin hautsiko dira. Epaimahaiak gardentasun printzipioari jarraikiz arituko dira. Kalifikazioetan eraginik daukan erabakirik hartuz gero, erabaki horiek guztiak jasota ageri beharko dira bileretako eta ariketetako aktetan.
Epaimahaiaren erabakien kontra egin ahal izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako kasuetan eta moduan (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
7.5.– Epaimahaiaren ahalmenak.
Epaimahaikideek erabateko autonomia funtzionalaz jardungo dute, prozeduraren legezkotasuna zainduta eta objektibotasuna bermatzeko erantzukizuna beren gain hartuta. Bestalde, ordenamendu juridikoari jarraituz, oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantza eta gorabehera guztiak argituko dituzte, prozesu bakoitza zuzen betetzeko behar diren erabakiak hartu, eta irizpideak ezarriko dituzte deialdietan jasota ez dauden kasuak sortzen direnean.
Epaimahaietako buruek behar diren neurriak hartuko dituzte oposizio faseko ariketen edukiaren konfidentzialtasuna bermatzeko. Osasuna babesteko eskubidea eta funtzio publikoan sartzea arautzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bateratze aldera, eta, era berean, hautaketa prozesuen garapena ordenatzeko azkartasun printzipioa bateratze aldera, epaimahaiei gaitasuna ematen zaie probak edo faseetakoren bat (forma, prozedura eta hautagaien parte hartzeko ordena barne) garatzean beharrezkoak diren jarraibide edo ebazpen guztiak eman ditzaten, lehia askearen, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betetzen direla eta hautaketa prozesua normaltasunez garatzen dela bermatzeko.
Hautagaiak azterketetan onartzearen inguruan sor litezkeen gorabeherak epaimahaiak ebatziko ditu, eta organo eskudunari jakinaraziko dizkio bere erabakiak. Epaimahaiek, prozesuaren edozein unetan, deialdian eskatutako betekizunen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkiete hautagaiei. Epaimahaiak jakingo balu hautagairen batek ez duela baldintza bat edo gehiago betetzen, lehendabizi interesdunari entzun beharko lioke, eta gero, hala badagokio, pertsona hori hautaketa prozesutik kanporatzeko proposamen arrazoitua helarazi beharko lioke hautagai onartuen behin betiko zerrenda onartu duen organoari, eta, era berean, hautagaiak eskarian emandako datu okerrak edo faltsuak jakinaraziko lizkioke, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Administrazio organo eskudunaren erabakiaren kontra administrazioarekiko kasuan kasuko errekurtsoak jarri ahal izango dira.
Epaimahaiek prozesutik kanpo utzi ahal izango dituzte probetan edozein iruzur egiten saiatzen diren hautagaiak, ariketak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz egingo baitira; kanpo utzi ahal izango dira, era berean, epaimahaiak ariketak egiteko emandako jarraibideak betetzen ez dituzten hautagaiak.
Era berean, hautaketa prozesuko edozein proba egiten den bitartean, ezin izango da eduki edo erabili lehenago aipatutako printzipioak saihesteko erabili ahal den gailu edo baliabide teknologikorik. Hautagairen batek agindu horiek betetzen ez baditu, probatik eta hautaketa prozesutik kanporatua izango da, berehala, eta, beraz, ez da sartuko prozesu horretatik sortzen den lan poltsan.
Epaimahaien erabakiak lotesleak dira administrazioarentzat, nahiz eta administrazioak, egoki deritzonean, berrikusi ahal izango dituen erabaki horiek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 106. artikulua eta hurrengoak). Hori gertatzen denean, berriz egin beharko dira kasuan kasuko probak edo tramiteak.
7.6.– Egoitza.
Jakinarazpen eta gainontzeko gorabeheretarako, hau izango da epaimahaien egoitza: Pertsonaleko Gerenteordetza, Sarriena auzoa z. g., 48940, Leioa.
7.7.– Zerbitzu ordainak.
Epaimahaietako kideek zerbitzu ordainak jasoko dituzte egindako lanengatik (bertaratzea barne), arlo horretan indarrean dauden arauei jarraikiz.
Zortzigarrena.– Hautaketarako prozedura.
8.1.– Hautaketa sistema.
Hautaketa sistema lehiaketa-oposizioan oinarrituko da, eta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak betez egingo da.
Hautaketa prozesuko gai zerrendan zehaztutako araudiak, hautagaiek jakin beharrekoak, deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean indarrean daudenak izango dira.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek oinarri orokor hauek osatu eta garatuko dituzte. Oinarri orokor hauek arautuko dute oinarri espezifikoetan beste era batera arautzen ez den guztia.
Hautaketa prozesu bakoitzeko zehaztasunak (plazen izaera eta ezaugarriak, eduki beharreko titulazioa eta lehiaketa faseko merezimenduen balorazioa eta egiaztatzea), prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira.
Hautaketa prozesu bakoitzean bereziki zainduko da gainditu beharreko probak bat etortzea lanpostuko plazetan bete beharreko zereginekin, eta, hala dagokionean, behar diren proba praktikoak egingo dira.
8.2.– Hautaketa sistemak fase hauek izango ditu:
8.2.1.– Oposizio fasea. Oposizio faseak deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutako ariketak izango ditu.
8.2.2.– Lehiaketa fasea. Lehiaketaren fasean oposizio fasea gainditu duten hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak alegatu eta baloratuko dira, eta merezimendu bakoitzari dagozkion puntuak emango zaizkio, deialdi bakoitzaren baremo espezifikoaren arabera.
Deialdi guztietan, merezimenduen baremoak bi zati izango ditu: merezimendu profesionalak eta merezimendu akademikoak. Merezimenduak eskariak aurkezteko azken eguna baino lehen lortuak izan behar dira; ez dira aintzat hartuko baldintza hori betetzen ez dutenak. Edozelan ere, salbuespena izango dira 8.3 oinarrian zehaztutakoak.
Ez da baloratuko, inolaz ere, epez kanpo alegatu eta egiaztatutako merezimendurik. Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta fase horretan lortutako puntuazioa ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.
8.3.– Euskara.
Hautagaiek, nahi izanez gero, euskara maila egiaztatu ahal izango dute, hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko proba eginez parte hartzen ari diren hautaketa prozesuaren barruan. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko proba bakar batera aurkeztu ahal izango dira LEP honen barruan, hainbat deialdi espezifikotan parte hartzen badute ere.
TEKAZELen Erregistroan eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden egiaztagiriak ez dira aurkeztu beharko berriro, baina alegatu egin beharko dira. Erregistro horretan ez dagoen euskarako beste edozein titulu edo ziurtagiri aurkeztu egin beharko da, betiere baliozkotuta badago azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan zehaztutakoaren arabera (euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena), eta titulu edo ziurtagiri hori lortu bada hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko LEP honen deialdi espezifikoen barruan deitutako proben behin betiko emaitzak argitaratu baino lehen.
Bestalde, kasuan kasuko ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko da hizkuntza eskakizuna egiaztatu nahi bada apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren babesean (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena), dekretu hori aldatu egin delarik hauen bidez: 28/2019 Dekretua, otsailaren 26koa, zeinaren bidez aldatzen baita euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den Dekretua; eta 65/2023 Dekretua, apirilaren 18koa, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua.
Puntuazioa oinarri espezifikoetan zehaztuko da.
8.4.– Lehiaketa-oposizio bidezko sistemaren hasiera eta garapena:
8.4.1.– Oposizio fasea. Hautaketa prozesuan oposizio fasea egingo da lehenengo. Fase hau gainditzeko, fase honetako ariketa guztiak gainditu behar dira.
Erakundearen webgunean jakinaraziko dira oposizio faseko ariketa egiteko lekua, data eta ordua, kasuan kasuko epaimahaiak hartarako iragarkia argitaratuta. Deialdi bakarra egingo da oposizio faseko ariketarako, baina baliteke ariketa saio batean baino gehiagotan banatzea, dagokion epaimahaiaren irizpidearen arabera. Hautagai bakoitzak deitu zaion saiora agertu beharko du.
Bere burua identifikatzeko, hautagaiak ariketara eraman beharko du nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo epaimahaiak onartzen duen beste edozein agiri. Ariketetara agertzen ez diren hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira, baldin eta ez badute aldez aurretik alegatzen eta justifikatzen ariketara joan ezina. Epaimahaiak erabaki arrazoitu bat eman beharko du halakoen inguruan. Hautagaia nahitaezko ariketara deitzen zaionean agertzen ez bada, automatikoki galduko du ariketa hori egiteko eskubidea, eta, hortaz, hautaketa prozesutik kanpo geratuko da.
Hautagairen batek ezin badu hautaketa prozesuarekin jarraitu arriskuko haurdunaldiagatik, erditzeagatik edo bestelako osasun egoera oso larri batengatik, eta hori behar bezala egiaztatzen badu eta epaimahaiak ontzat ematen badu, atzeratu egingo zaizkio falta zaizkion faseak, eta horiek gainditzearen baldintzapean geratuko da. Dena dela, atzerapenak ezin izango dio kalterik egin beste hautagaiek prozesua arrazoizko epean ebatzia izateko duten eskubideari. Epaimahaiak baloratu beharko du hori, eta, edozelan ere, atzeratutako probak beti egin beharko dira prozesua gainditu duten hautagaien zerrenda argitaratu aurretik.
Aurreko atalean adierazitako egoeraren batean dauden hautagaiek beren egoeraren berri eman beharko dute, egoera hori ezagutu bezain laster, eta, nolanahi ere, azterketaren eguna eta ordua baino lehen; eta egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote epaimahaiari, eskuratu bezain laster eta gehienez ere bi egun balioduneko epean, egoera jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Epaimahaiak egoera baloratuko du eta, ontzat emanez gero, beste data baterako deituko du hautagaia azterketa egiteko. Azterketaren hasiera ordua baino beranduago jakinarazitako egoerak ez dira baloratuko, ezta egiaztagiriak epearen barruan aurkezten ez dituzten hautagaienak ere (bi egun balioduneko epea egoeraren berri ematen denetik hasita).
Epaimahaiek ariketak egiteko denbora eta/edo baliabideak egokituko dituzte desgaitasuna duten hautagaientzat eta haurdun edota erditzen daudenentzat, edo ezinbesteko egoeraren batean daudenentzat, baldin eta egokitzapena behar badute eta hala adierazi eta egiaztatu badute eskarian. Hartara, azterketak gainerako parte hartzaileen baldintza berberetan egingo dituzte, betiere horrek proben edukia desitxuratu barik eta probetan eskatzen den gaitasun maila jaitsi gabe.
Oposizio faseko ariketak deialdiaren oinarri espezifikoetan zehazten denaren arabera kalifikatuko dira. Oposizio faseko ariketa behin zuzenduta, epaimahaiak, kalifikazioak aintzat hartuta, ariketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrendak egingo ditu, puntuazioaren arabera ordenatuta:
a) Txanda librean ariketa gainditu dutenen behin-behineko zerrenda.
b) Desgaitasuna duten pertsonentzako modalitatean onartutako pertsonen behin-behineko zerrenda, baldin eta oinarri espezifikoetan halako modalitaterik aurreikusten bada.
Ariketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, interesdunek hamar (10) egun balioduneko epea izango dute honetarako:
a) Erreklamazioak jartzeko. Erreklamazio horiek behin ebatzita, oposizio fasea gainditu duten pertsonen behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
b) Merezimenduak alegatzeko eta, hala badagokio, egiaztatzeko.
b.1.– Interesdunek baloratuak izatea nahi duten merezimenduak alegatu beharko dituzte horretarako prestatutako izapidean sartuta.
Unibertsitateko administrazioak bere kabuz egiaztatuko ditu alegatutako merezimenduak, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez, non eta ez den interesduna berariaz aurka agertzen.
Egiaztapen hori egitea ezinezkoa denean edo berariaz aurka egiten denean soilik eskatuko da dagokion egiaztagiriak aurkeztea, 5.3 oinarrian edo horretarako prestatutako izapidean aurreikusitako moduan.
1.1.– Merezimendutzat alegatutako titulu akademikoak: Unibertsitateko administrazioak bere kabuz egiaztatuko ditu. Egiaztapen hori egitea ezinezkoa denean edo berariaz aurka egiten zaionean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: titulua edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiria, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofiziala.
1.2.– Esperientzia profesionala, emandako zerbitzuena: UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina ez da ziurtagiririk aurkeztu beharko, administrazioak bere kabuz zenbatuko baititu alegatu diren zerbitzuok.
Beste Administrazio Publikoetan eskainitako zerbitzuak administrazioak bere kabuz egiaztatuko ditu, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez. Egiaztapen hori egin ezin denean edo berariaz aurka egiten denean, dagozkion egiaztagirien bidez egiaztatu beharko da, eta bereizi egin beharko dira lan egindako aldiak eta zehaztu egin beharko da taldea eta eskala edo kategoria profesionala eta espezialitatea, UPV/EHUn jasota daudenean izan ezik. Horrez gain, lanpostuaren edo lanpostuen monografia edo eginkizunen ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko langileen arloko zuzendaritzak emandakoa.
1.3.– Hizkuntzak. Alegatutako tituluak edo ziurtagiriak administrazioak bere kabuz egiaztatuko ditu ahal duenean. Bestela, edo berariaz aurka eginez gero, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara eta Hizkuntza Plangintzako errektoreordearen 2026ko martxoaren 16ko Ebazpenean maila bakoitzerako jasotzen diren tituluak eta ziurtagiriak soilik baloratuko dira. Ebazpen hori UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko ekainaren 24ko bileran adostutako erabakiari, 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenari eta 2017ko maiatzaren 22ko Ebazpenari edo hori ordezkatzen duen araudiari erantsitako hizkuntza ez ofizialen baliokidetasun taula eguneratzeari buruzkoa da, eta kontuan hartuko dira CRUEk eta ACLES elkarteak baliokidetza tauletan ezarritako gomendioak.
Balorazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen denean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.
Oposizio fasea gainditu ez dutenek errekurtsoa jarri badute, kautela neurri gisa, dokumentuak baldintza berberetan aurkeztu ahal izango dituzte, errekurtsoaren ebazpenak hasierako fasea gainditzea ekar dezake eta.
b.2.– Merezimenduak ez alegatzea edo agiriak ez aurkeztea: Ez bada merezimendurik alegatzen edo, alegatu arren, ez badira merezimendu horiek egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak epe barruan aurkezten, ez dira merezimenduok baloratuko.
Era berean, dokumentu horiek aztertuta, ikusiz gero hautagaiak ez duela alegatutako merezimenduren bat, ez da baloratuko merezimendu hori, gainontzekoak bai baloratuko diren arren.
39/2015 Legearen 68. artikuluak adierazitakoarekin bat etorrita, aurkeztutako dokumentazioak akatsen bat badu, edo NISAEren bidez kontrastatu ezin izan bada, UPV/EHUk iragarki bat argitaratuko du webgunean interesdunei jakinarazteko hamar (10) egun balioduneko epea daukatela kasuan kasuko akatsa zuzentzeko, eta, horrela egin ezean, merezimenduok ez direla kontuan hartuko lehiaketa fasean.
8.4.2.– Lehiaketa fasea. Lehiaketa fasea oposizio fasea amaitu ondoren hasiko da. Lehiaketa fasean merezimenduak baloratuko dira deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztutako baremoen arabera: puntuak esleituko zaizkio merezimenduen atal bakoitzari, eta atal guztietako puntuen batura izango da fase honetako balorazio orokorra.
Merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratu ondoren, hautagaiek zazpi (7) egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak jartzeko. Erreklamazio horiek merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratzearekin ebatziko dira.
8.5.– Deialdi espezifiko bakoitzeko azken kalifikazioa.
Behin-behineko azken kalifikazioa izango da oposizio fasean eta lehiaketa fasean lortutako puntuazioen batura gehi euskaragatiko puntuazioa.
Behin-behineko azken kalifikazio hori erakundearen webgunean argitaratuko da lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako zerrendan, eta adierazita izen-abizenak eta NANaren edo atzerritarren, pasaportearen edo agiri baliokidearen identifikazio zenbakiaren ausazko lau zifra.
Hautagaien artean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek ordena honetan aplikatuz erabakiko da hurrenkera:
1) Emakumeek izango dute lehentasuna beren presentzia % 40ren azpitik dagoen administrazioko kidego, eskala, maila eta kategorietan, salbu eta beste hautagai bat badago, neurri hau ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituena, adibidez, sexu diskriminazioaz bestelako arrazoiengatik lana lortzeko edo lanean gora egiteko oztopo bereziak dituen talde bateko kidea dena.
2) Puntuaziorik handiena EHUko lan esperientzian, deialdiko eskala berean, egunka kontatuta eta mugarik gabe.
3) Puntuaziorik handiena EHUko lan esperientzian, egunka kontatuta eta mugarik gabe.
4) Puntuaziorik handiena administrazio publikoetako lan esperientzian, deialdiko eskala berean, egunka kontatuta eta mugarik gabe.
5) Puntuaziorik handiena merezimenduen ataletako bakoitzean, deialdiko oinarrietan zehaztutako hurrenkerari jarraikiz, eta kontuan hartu gabe horietako bakoitzerako zehaztutako puntuazio mugak.
6) Oposizio fasean lortutako puntuaziorik handiena.
7) Berdinketak jarraituz gero, hau izango da berdinketa apurtzeko irizpidea: hautagaiak UPV/EHUn noiz hasi ziren zerbitzuak ematen, lehenago hasitakoak izango duelarik lehentasuna.
Behin-behineko azken kalifikazioarekin batera, deialdi bakoitzean eskaintzen diren lanpostuen zerrenda argitaratuko da. Eskainitako lanpostuen zerrendan zehaztuta egongo dira: eskala, lanpostuaren izena, atxikipenez dagokion zentro organikoa, lanpostua zein udalerritan dagoen, sailkapen mailak, hizkuntza eskakizuna, derrigortasun data, lanaldia eta lanpostuaren betebehar espezifikoak.
Prozesuko behin-behineko azken kalifikazioa argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, zazpi (7) egun balioduneko epea egongo da erreklamazioak jartzeko. Erreklamazioak aurkezteko epea behin amaituta, eta erreklamazioak ebatzi ondoren, halakorik balego, argitara emango dira deialdi bakoitzeko behin betiko azken kalifikazioak.
8.6.– Lanpostuak aukeratzea. Lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek beren lehentasunen araberako hurrenkeran jarriko dituzte nahi dituzten lanpostuak, betiere kontuan izanda lanpostuen hizkuntza eskakizuna eta lanpostuei esleitutako betebehar espezifikoak (halakorik balego). Zazpi (7) lan egun balioduneko epea egongo da lanpostuak aukeratzeko, izapide horri ekiteko gerenteak emango duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
8.6.1.– Lanpostua aukeratzeko eskariak. Lanpostuak bitarteko elektronikoen bidez eskatu behar dira, Lan Eskaintzen Atarian eskuragarri dagoen eskabidea beteta. Eskaria behin beteta, egiaztagiria eskuratuko da. Eskariarekin batera lanpostuaren betebehar espezifikoak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira. Adierazitako epearen barruan betebehar espezifikoak egiaztatzeko agiriak ez aurkezteak hautaketa prozesutik kanpo geratzea ekarriko du.
8.6.2.– Oinarri honetan zehazten den epean eta eran lanposturik aukeratzen ez duten pertsonek galdu egingo dituzte hautaketa prozesuan parte hartzeagatik lortutako eskubideak.
Bederatzigarrena.– Hautatuen zerrenda eta lanpostuen esleipena.
9.1.– Lanpostuak hautatzeko epea amaituta, hautatutako pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta hautagai bakoitzaren puntuazio hurrenkera eta adierazitako lehentasunak, betiere lanpostuan aritzeko baldintzak betetzen badituzte. Hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko, baina bakarrik hautagaiek eskatutako lanpostuei dagozkien betebehar espezifikoetarako.
Erreklamazioetarako epea amaituta, eta erreklamazioak ebatzi ondoren, hautatutako pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Epaimahaiak ezin izango ditu deialdian ateratako plazak baino hautagai gehiago aukeratu, eta muga hori gainditzen duten proposamenak erabat deusezak izango dira.
Dena den, eta bat etorrita urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak 61.8 artikuluan zehaztutakoarekin eta deitutako plaza huts guztiak bete egiten direla bermatzeko, deialdi espezifikoetan jasota egon behar da deialdia egin duen organoak eskatu egin behar diola hautaketa organoari hautagaien zerrenda osagarri bat, proposatutako hautagaienaz gain –karrerako funtzionarioak izendatzeko–, lanposturik hutsik gera ez dadin arrazoi hauengatik: aukeratutako hautagaiek lanpostua jabetzan hartu aurretik lanpostuari uko egin diotelako, aurkeztutako dokumentuetan ikusten delako hautagaiek ez dituztela betetzen eskatutako baldintzak, edo hautagaietako batzuek ezin dituztelako hartu lanpostuak ezusteko arrazoiengatik.
Plaza huts berririk sortu bada, deialdian zehaztutako plaza kopuruari plaza gehiago gehitu ahal izango zaio, gehienez ehuneko hamar. Lanpostu horiek eskainitako lanpostuen zerrendan sartuko dira.
Lanpostuak aukeratzeko prozesu honetara deituko den pertsona kopurua epaimahaiak zehaztutako kopuru bera edo txikiagoa izango da, betiere, hurrenkerari jarraituz eta kontuan hartuta hizkuntza eskakizuna. Kopuru horrek bermatu egin behar du aukeran dauden plaza guztiak esleitu egingo direla.
Hautaketa prozedurari amaiera ematen dion egintza arrazoitua izan beharko da. Epaimahaiak bere diskrezionalitate teknikoa erabiliz balorazioak egiten dituenean, legeen, arautegien eta deialdiaren oinarrien arabera emango du bere egintzen arrazoibidea.
9.2.– Gerentziak esleituko ditu lanpostuak, hautatuko pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin betiko zerrendari jarraituta.
9.3.– Epaimahaiak ezin izango ditu deialdian ateratako plazak baino hautagai gehiago aukeratu, eta muga hori gainditzen duten proposamenak erabat deusezak izango dira, salbuespen hauekin:
Honelako egoeraren bat gertatzen denean:
– Hautatuek uko egitea izendapena sinatu baino lehen, edo
– Hautagaiei eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea, oinarrietan xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzea laugarren oinarrian eskatutako eskakizunen bat ez dutela betetzen edo zereginak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisikorik edo psikikorik ez dutela.
– Lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskariak izendapena sinatzeko garaian.
Kasu horietan, aipatutako inguruabarrengatik hutsik geratu diren plazen kopuru berarekin honako hauek hautatutzat joko dira: hasiera batean esleitu zen txanda, modalitate eta hizkuntza eskakizunaren arabera onartutakoen zerrendako puntuazio hurrenkeraren arabera eta lanpostuak aukeratzeko izapidean hautagaiek adierazitako lehentasunen arabera dagokien hautagaiak.
Lanpostu baten lehen esleipendunak sektore publikoan jarduteagatik eszedentzia eskatzen badu, ez du lanpostua gordetzeko eskubiderik izango. Gainera, lanpostu bakoitzeko gehienez bi eszedentzia baino ezingo dira eman.
9.4.– Hautaketa prozesuan plazarik eskuratu ez, baina oposizio fasea gainditu duten pertsonak (baldin eta dagokien deialdiko oinarri espezifikoetan adierazitako nota bera edo handiagoa lortu badute) kasuan kasuko lan poltsan sartuko dira, eta UPV/EHUn aldi baterako zerbitzuak emateko deituak izan ahalko dira, aipatutako oinarri espezifikoetan ezarri diren baldintzetan.
Lan poltsen kudeaketa sinplifikazio administratiboko printzipioen, eraginkortasunaren eta baliabide elektronikoen erabileraren arabera egingo da, eta lehentasuna emango zaio lan poltsa osatzen dutenek alegatutako datuak eta merezimenduak administrazioak bere kabuz egiaztatzeari.
Ondorio horietarako, Unibertsitateko administrazioak bere kabuz egiaztatuko du lan poltsak kudeatzeko beharrezkoa den informazioa, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez, non eta ez den interesduna berariaz aurka agertzen.
Egiaztapen hori egitea ezinezkoa denean edo berariaz aurka egiten denean soilik eskatuko da dagokion egiaztagiriak aurkeztea.
Lan poltsetako kideek eguneratuta izan beharko dituzte beren datuak eta eskatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte lan poltsetan dauden bitartean, eta Unibertsitateak edozein unetan eskatu ahal izango du dagokion egiaztagiriak aurkezteko adierazitako kasuetan.
Hamargarrena.– Dokumentazioa aurkeztea.
10.1.– Aurkeztu beharreko agiriak.
10.1.1.– Hautatuen behin betiko zerrendako pertsonek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren gaitasuna egiaztatzeko eta deialdian eskatutako eskakizunak betetzen dituztela frogatzeko. Hala ere, ez dituzte aurkeztu beharko administrazioak jada baldin baditu:
a) Indarreko NANaren, pasaportearen edo nazionalitatea egiaztatzen duen beste edozein dokumenturen fotokopia, salbu eta UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzan dagoeneko dokumentu hori badute, interesdunak lehenagotik aurkeztu duelako.
b) Lanpostua lortzeko ezarritako arautegian eskatzen den titulazioa, hau da, deialdiko oinarri espezifikoetan adierazitakoa, edo titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren agiria, edo titulua jasotzeko beharrezkoak diren ikasketak osorik egin eta gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa, edo, bestela, titulua edukitzea egiaztatzen duen agiri ofiziala, salbu eta UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzan dagoeneko dokumentu hori badute, interesdunak lehenagotik aurkeztu duelako.
c) Atzerriko hautagaiek administrazioaren jakinarazpen bat jasoko dute, esateko zein dokumentu zehatz aurkeztu behar duten, beren egoera dela eta.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, non interesdunak ziurtatzen duen ez duela desgaikuntzarik funtzio publikoak betetzeko eta ez dela diziplina espediente baten bidez aldendua izan administrazio publikoetatik, eta ez dagoela legezko desgaitasuna edo bateraezintasuna dakarren inongo egoeratan (53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoetako Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 598/1985 ED, apirilaren 30ekoa, Estatuaren Administrazioaren, Gizarte Segurantzaren eta beraien menden dauden ente, erakunde eta enpresen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzkoa).
Espainiar nazionalitatea ez dutenek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, non ziurtatzen duten ez daukatela diziplina zehapenik edo kondena penalik edo horren parekorik, beren estatuko funtzio publikora sartzea eragozten dienik.
e) UPV/EHU bertako Osasun Zerbitzuak edo hark izendatutakoak emandako medikuaren ziurtagiria, dioena interesdunak ez duela gaixotasunik edo arazo fisikorik, eskatu duen lanpostuko zereginak betetzea eragozten dionik.
f) Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan eskatzen diren gainerako eskakizunen egiaztagiriak, besterik eskatuko balitz.
g) Desgaitasun maila frogatzen duen indarreko ziurtagiria, halakorik izanez gero, kasuan kasuko organo eskudunak egina.
10.1.2.– Oinarri honetako aurreko puntuetan adierazitako dokumentuak jatorrizkoak izan beharko dira, edo lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa daukaten dokumentuak (aldaezinak izan daitezen), edo kopia konpultsatuak. Kopia horietan, balioa izan dezaten, informazio hau agertu beharko da: konpultsaren data eta dokumentua konpultsatu duen pertsonaren izen-abizenak, NANa eta sinadura irakurgarria.
10.1.3.– Hautagaiak ezin baditu dokumentu horiek aurkeztu eta hala justifikatzen badu, zuzenbidean onartzen den beste edozein modutan frogatu ahal izango du deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela.
10.2.– Dokumentuak aurkezteko tokia eta epea. Aipatutako dokumentuak hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, aukeratutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, UPV/EHUko Leioako Pertsonaleko Gerenteordetzan (Sarriena auzoa z. g., 48940, Leioa).
10.3.– Dokumentazioa ez aurkeztea. Ezinbesteko kasuak alde batera utzita, hautagaiek epe horretan dokumentazioa aurkezten ez badute edo dagozkien zereginak betetzeko eska daitekeen gaitasun fisiko edo psikikorik ez badute, ez dute jasoko UPV/EHUko karrerako funtzionario izateko izendapenik eta haien ekintza guztiak deuseztatuta geratuko dira, eskarian gezurra esateagatik eska lekiekeen erantzukizuna ezertan eragotzi gabe.
Halakoetan, epaimahaiak ondoren sailkatutako pertsona proposatuko du, prozesua gainditu duten hautagaien behin betiko zerrendako hurrenkerari jarraituta, zortzigarren oinarrian adierazitako irizpideen arabera. Horretarako, epaimahaiak hautatutzat joko ditu aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiengatik hutsik geratu diren plaza adina hautagai.
Hamaikagarrena.– Karrerako funtzionarioen izendapena eta lanpostua jabetzan hartzea.
Errektoreak ebazpena emango du aukeratutako hautagaiak karrerako funtzionario izendatzeko, esleitutako lanpostua zehaztuta.
Lanpostuaren jabetza hartzeko epea hilabetekoa izango da (luzaezina), izendapenen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
Pertsona bakoitzak esleitutako lanpostuaren jabetza hartuko du eta titularrak postua betetzea ekarriko du horrek.
Hamabigarrena.– Komunikazioak eta gorabeherak.
12.1.– Hautaketa prozesu bakoitzari lotutako egintza eta akordio guztiak erakundearen webgunean argitaratuko dira. Argitaratze horiek lotesleak izango dira oposizio faseko ariketak egiteko deialdietarako, bai eta, hala dagokionean, lehiaketarako ere. Era berean, argitaratze horien datak emango die hasiera deialdian ezarritako epeei, baita oinarrien eta epaimahaiaren ohiko jardunaren arabera ireki beharko diren gainerako epe guztiei ere.
12.2.– Hautagaiek epaimahaiari eta UPV/EHUko organo eskudunari eman ahal izango diete epaimahaiko kideen edo gainerako hautagaien egintzen inguruan sor litezkeen gorabeheren berri. Era berean, hautaketa prozesuaren inguruko erreklamazioak, kexak, eskariak edo iradokizunak ere helarazi ahal izango dizkiete.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalak babestea hautaketa prozesuaren kudeaketan.
Datuen tratamendurako, honako dokumentu hauek ezarriko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/CE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta gai horretaz indarrean dauden gainerako arauak.
Izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia pseduanonimizatuta argitaratuko dira, abenduaren 5eko 3/2018 Legeak, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoak, agindu bezala.
13.1.– Oinarri hauen xede den edozein hautaketa prozesutan parte hartzeak berez dakar hautagaiak baimena ematea eskarian jasotako bere datu pertsonalak erabil daitezen eskaria izapidetzeko eta deialdia ebazteko. Datu pertsonalak argitaratu ahal izango dira aldizkari ofizialetan eta UPV/EHUren webgunean eta, oro har, hautaketa prozesuaren emaitzak komunikatzeko erabilitako beste edozein bitartekotan; era berean, datuok erabili ahal izango dira IVAPek edo erakunde eskudunak euskara mailaren akreditazioa egiazta dezan, eta epaimahaiak berak edo hark aukeratutako erakundeak edo enpresak hautaketa prozesua zuzen prestatu eta egin dezan.
Oinarri hauen xede diren hautaketa prozesuak publikotasun printzipioak gobernatzen ditu; beraz, eskaria ez da onartuko, baldin eta hautagaiak bere datuak ematea onartzen ez badu aurreko paragrafoan adierazitako helburuetarako.
Oinarri hauetan aipatutako hautaketa prozesuen bidez eratuko diren lan poltsen ondorioetarako (ikusi 9.3 oinarria), prozesuetan parte hartzeko eskarian hautagaiek adierazi beharko dute baimena ematen duten administrazio publikoko beste erakunde batzuei datu hauek emateko: izen-abizenak, NANa, helbidea, harremanetarako telefonoa eta prestakuntza maila. Datu horiek emango zaizkie, soil-soilik, legez aurreikusitako baldintzetan administrazio horien lan eskaintzak jasotzeko; eta hautagaiak berariaz adierazi ezean baimena ematen duela, ulertuko da ez duela onartzen datu horiek ematerik.
13.2.– Hautaketa prozesuen kudeaketan, datu pertsonalen tratamendua honen arabera egingo da: TG0009 Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko prozesua.
13.3.– Eskarian (5. oinarrian zehaztutakoan) horri buruzko informazio ohar bat egongo da jasota.
13.4.– Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioko langileek, epaimahaietako kideek eta horiei laguntza emango dieten adituek (aditurik egonez gero) isilpean gordeko dituzte hautaketa prozesuen gestioan zehar euren eskuetara heltzen diren datu pertsonalak.
13.5.– Oinarriei jarraituz, deialdi espezifikoetan argitara ematen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan gutxieneko datu pertsonalak agertuko dira, publikotasun printzipioa betetzeko beharrezkoak direnak baino ez. Zerrenda horiek prozesua amaitu arte egongo dira ikusgai eta, era berean, erreklamazioak edo errekurtsoak jartzeko beharrezkoa izan daitekeen denbora guztian.
Zerrenda horietan klausula bat jarriko da, esaten duena datu pertsonalak dauzkatela, zerrendak bete egiten duela datuak babesteko alorrean indarreko legeriak dioena, eta zerrendaren helburu bakarra dela hautaketa prozesuko kasuan kasuko fasearen berri ematea eta parte hartzaileak jakinaren gainean jartzea. Era berean, paragrafo batean adieraziko da zerrenda horiek ez direla egongo herritarren esku; ezingo direla kopiatu, ez osorik ez zati batean; eta ezingo direla ez transmititu ez erregistratu informazioa berreskuratzeko inolako sistemarik erabilita, baldin eta interesdunek horretarako baimenik ematen ez badute.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Oinarriok indarrean sartzea.
Oinarri orokor hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean jarriko dira indarrean.
II. ERANSKINA
OINARRI OROKORRAK: FUNTZIONARIOEN BARNE PROMOZIOA
Lehenengoa.– Xedea.
1.1.– Oinarri hauen bidez, arau orokorrak ezarriko dira lan eskaintza publikoetan UPV/EHUko langile funtzionarioen barne promoziorako deialdi espezifikoen alderdi komunak arautzeko, bat etorriz enplegu publikora sartzeko printzipio gidariekin.
1.2.– Oinarri orokor hauek eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek arautuko dute hautaketa prozesua, eta lotesleak izango dira administrazioarentzat, epaimahaientzat eta hautagaientzat.
Oinarrietako testuak, orokorretakoak zein espezifikoetakoak, bat ez badatoz euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, gaztelaniazkoa hartuko da aintzat.
1.3.– Oinarri hauetan zehaztu gabeko guztian, kontuan izango dira karrerako funtzionarioak hautatzeko UPV/EHUk egingo dituen deialdi espezifikoak arautuko dituzten oinarri orokorrak.
1.4.– Halaber, aintzat hartuko da generoen arteko aukera berdintasuna, langileak UPV/EHUra sartzeko prozeduraren printzipioetako bat dena.
Bigarrena.– Plazak banatzeko arau orokorrak.
2.1.– UPV/EHUren 2023 eta 2024ko lan eskaintza publikoak prozesu orokor bakar batean egingo dira, eta deitutako plaza guztietatik ehuneko zazpi (% 7) gordeko dira desgaitasuna duten pertsonek betetzeko, eta halakotzat hartuko dira Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 4. artikuluaren 2. paragrafoan definitutakoak, betiere probak gainditzen badituzte eta desgaitasun maila eta dagozkien zereginak betetzeko gaitasuna egiaztatzen badituzte.
Gutxieneko ehuneko zazpi horretan, plazen ehuneko bia gutxienez adimen desgaitasuna duten pertsonentzat izango da; gainerako plazak, beste desgaitasun mota bat duten pertsonentzat. Hori guztia egingo da urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena (59. artikulua). Aurreko atalean aipatutako erreserba funtzionarioen talde eta eskaletan da aplikatzekoa, kasuan kasuko oinarri espezifikoetan zehaztutako banaketaren arabera. Bermatuko da desgaitasuna duten pertsonek gainerako hautagaien baldintza berdinetan egingo dituztela probak.
2.2.– Aurreko apartatuetan ezarritako plazen erreserba aplikatuko da oinarri espezifikoetan hala adierazten duten talde eta eskaletan, eta sarbide orokorreko modalitatea eta desgaitasuna duten pertsonentzako modalitatea ezarriko dira, hala badagokio.
Hautagaiek, eskala bereko plazetarako, aukeratu egin beharko dute barne promozioko modalitate orokorrean ala desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazei dagokien modalitatean parte hartu, batean ala bestean, eta eskaeran adierazi beharko dute. Aukera zehaztu ezean, edo eskala bererako aukera bat baino gehiago jarriz gero, ulertuko da hautagaiak modalitate orokorra aukeratu duela.
2.3.– Desgaitasuna duten pertsonen modalitateko plazak agortuta, modalitate horretan pertsona gehiago badaude, dagokion proba gainditu dutelako, baina plaza lortu gabe, txanda irekiko sarbide orokorreko modalitateko plaza lortu ahal izango dute, puntuazio ordenaren arabera.
2.4.– Desgaitasuna duten pertsonen modalitatean adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazak bete gabe geratuz gero, plaza horiek eskainiko zaizkie adimenekoaz bestelako desgaitasuna duten pertsonei. Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitateko plazak bete gabe geratzen badira, hala hautagairik ez dagoelako, nola hautagaiek kasuan kasuko hautaketa prozesua gainditu ez dutelako, plaza horiek barne promozioko modalitate orokorrari gehituko zaizkio.
Barne promozioko txandarako gordetako plazak bete gabe geratuz gero, hutsik geratu diren plazak ohiko prozesuko txanda librera pasatuko dira.
Hirugarrena.– Hautaketarako baldintza orokorrak.
3.1.– Lanpostua jabetzan hartzean, hautatutako pertsonak UPV/EHUko karrerako funtzionarioak izango dira, kasuan kasuko titulazio taldean eta eskalan, eta arlo horretan indarrean dauden xedapenek emandako eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte.
3.2.– Izendapenak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Izendatutako hautagaiek hilabeteko (1) epea izango dute plaza jabetzan hartzeko, izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Zehaztutako epean plaza jabetzan hartu ezean (ezinbesteko kasuetan izan ezik), hautagaiak deialdi honen bidez UPV/EHUko funtzionario izendatua izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakoetan, 10.3 oinarrian zehaztutakoa ezarriko da.
Era berean jokatuko da lanpostuen zerrendan plaza horiek zehaztuta dituzten gainontzeko betebehar espezifikoekin.
Laugarrena.– Hautagaiek bete beharreko baldintzak.
4.1.– Hautagaiek hurrengo puntuetan adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen –oinarri hauen 8.3 atalean ezarritakoaren arabera hizkuntza eskakizuna egiaztatzeari buruzkoa salbuetsita–, eta, lanposturik esleituz gero, lanpostua jabetzan hartu arte mantendu beharko dituzte baldintzok.
4.2.– Honako hauek dira hautaketa probetan onartua izateko baldintzak:
a) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estatu kideetakoren bateko herritarra izatea.
Europar Batasuneko herrialdeetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, non eta ez dauden legez bananduta, eta baita ezkontideon oinordekoek ere, baldin eta ezkontideak ez badaude legez bananduta eta oinordekoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izan arren, ezkontideen mende bizi badira.
Era berean, Europar Batasunak hitzartu eta Espainiak berretsi dituen nazioarteko hitzarmenak direla bide, langileen zirkulazio askea aplikatzen den herrialderen bateko herritarrek ere parte hartu ahalko dute.
Atzerritarrek ere enplegu publikoan sartzeko aukera izango dute, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren arabera (5/2015 ED, urriaren 30ekoa).
b) Hamasei (16) urte beterik izatea eta nahitaezko erretirorako adina bete gabe izatea.
c) Egin beharreko lanak egiteko gaitasun funtzionala izatea. Edozelan ere, beti aplikatuko da Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa). Hautaketa prozesua behin gaindituta, hautagaiak gaitasun funtzionala duela egiaztatu beharko du medikuaren ziurtagiria aurkeztuz edo osasun azterketa eginez. Baldintza hori bete beharko du lanpostuaz jabetzeko.
d) Diziplina espediente baten ondorioz desgaikuntzarik ez izatea funtzio publikoak betetzeko edo aldenduta ez egotea administrazio publikoen zerbitzutik.
Beste estatu batzuetako nazionalitatea dutenen kasuan, desgaikuntza edo pareko egoera batean ez egotea, eta diziplina zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan enplegu publikora sartzea eragozten dionik.
e) Deialdian eskatutako titulu ofiziala edo homologatua edukitzea edo ordainduta izatea titulua jasotzeko eskubideak, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria edukitzea, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofizial bat izatea, kasu guztietan eskaerak aurkezteko epearen barruan. Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala izatea.
f) Indarreko legeriari jarraituz, legezko ezgaitasuna edo bateraezintasuna dakarren egoera batean ez egotea; edozelan ere, legeak ematen duen aukeratzeko eskubidea errespetatuko da.
g) Deialdi espezifikoan izena emateko ordaindu beharreko tasa ordainduta izatea, indarreko arauei eta haien eguneratzeei jarraituz. Zenbatekoak prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko dira.
h) Lanpostuen zerrendak dena delako plaza edo postuetarako zehaztutako gainerako betebehar guztiak betetzea, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazitakoaren arabera.
i) Karrerako funtzionario izatea UPV/EHUn, zerbitzu aktiboan edo lanpostua gordetzea dakarren beste administrazio egoera batean; egoera horretan mantendu beharko da, harik eta lanpostua jabetzan hartu arte.
j) Lortu nahi den plazari dagokion sailkapen taldearen azpitik hurrena dagoen taldeko eskalaren batekoa izatea, bat etorrita deialdiko oinarri espezifikoekin.
k) Jatorrizko eskalan bi urteko zerbitzuak beteta edukitzea UPV/EHUko karrerako funtzionario gisa.
Bosgarrena.– Eskaerak aurkeztea.
5.1.– Eskaerak aurkezteko epea eta era.
Barne promoziotik sortutako deialdi espezifikoetan parte hartzeko eskaerak hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, 2026ko irailaren 1ean hasita.
Eskaerak eredu ofizial eta arautuan aurkeztu beharko dira bitarteko elektronikoen/Interneten bidez; horretarako, eskaera eredua Interneteko helbide honetan egongo da eskuragarri: https://gestion-enplegu.ehu.es/jobsite_g/espanol/generico_login.jsp (Lan Eskaintzen Ataria), eta oinarri hauetako 5.2 apartatuan zehazten den bezala bete eta bidali beharko da.
Eskaera aurkeztean, programak eskaera hartu izanaren egiaztagiria emango du, erreferentzia zenbaki batekin; era berean, tasak ordaintzeko jarraibideak emango ditu, eta ordainketa pasabidera zuzenean joateko aukera, tasok pasabidearen bidez ordaintzeko.
5.2.– Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:
1) Eskaera osorik betetzea, eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraziz.
2) Dagokion tasa ordaintzea.
3) Eskaera ezarritako epearen barruan aurkeztea.
Era berean, hautagaiek baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete ere; salbuespena da 8.3 oinarrian zehaztutako baldintza.
Eskaeran honako datu hauek eman beharko ditu hautagaiak:
a) Datu pertsonalak, prozesua behar bezala gestiona dadin.
b) Sarbidearen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzako plazak), oinarri espezifikoetan zehaztutakoaren arabera. Deialdi espezifiko bakoitzean hautagaiek modalitate bakarrean hartu ahal izango dute parte, salbuespena delarik oinarri hauetako 2.3 atalean adierazitakoa.
c) Zein eskalatan hartu nahi duen parte.
d) Oposizio faseko ariketak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi diren: euskaraz ala gaztelaniaz.
e) Hala badagokio, desgaitasuna duen pertsona edo premia bereziak dituen pertsona izatea.
Desgaitasuna duten pertsonen sarbiderako modalitatea aurreikusi bada oinarri espezifikoetan, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izan beharko dute, kasuan kasuko administrazioko organo eskudunak aitortua (foru aldundietako organo eskudunak, IMSERSOk edo pareko organoak), eta aitorpen horrek indarrean egon behar du eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
Era berean, adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek egoera hori aitortua izan behar dute, eta aitorpen horrek indarrean egon behar du eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
Epaimahaiak neurri egokiak hartuko ditu desgaitasuna duten hautagaiek –eskaeran hala adierazi badute– gainerako hautagaien baldintza berberetan parte hartu ahal izan dezaten hautaketa prozesuko probetan, abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuan zehaztutakoarekin bat etorriz (2271/2004 Errege Dekretua, abenduaren 3koa, Enplegu publikora sartzea eta desgaitasuna duten pertsonek lanpostuak betetzea arautzen duena).
Desgaitasuna edo justifikatutako beste premia batzuk dituzten pertsonentzako egokitzapenak.
Desgaitasun edo premia berezi justifikatuak dituzten pertsonek probak egiteko behar diren denbora eta bitartekoak egokitzeko eskatu ahal izango dute eskaeran, berdintasunean parte hartuko dutela bermatzeko.
Epaimahaiak baloratu ahal izateko eskatutako egokitzapena bidezkoa den ala ez, interesdunak, eskaerarekin batera, desgaitasun maila kalifikatzeko organo teknikoak emandako irizpen tekniko fakultatiboaren kopia aurkeztu beharko du nahitaez. Bertan, aitortutako desgaitasun maila eragin duen egoera iraunkorra modu frogagarrian egiaztatu beharko da, eta ondorio horietarako, ez da baliozkoa izango bestelako dokumenturik.
Denboraren egokitzapenean ariketak egiteko denbora gehiago emango da, uztailaren 23ko PJC/804/2025 Aginduari jarraituz, zeinaren bidez irizpide orokorrak ezartzen diren desgaitasuna duten pertsonei sektore publikoan sartzeko hautaketa prozesuetan baliabideak eta denbora egokitzeko.
Hautagai bakoitzaren premia espezifikoak aztertu ondoren, epaimahaiak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, halakoen beharra dagoen kasuetan.
f) Eskatutako titulazioa.
Unibertsitateak ofizioz egiaztatuko du titulazioa. Egiaztapen hori egiterik ez badago edo berariaz aurka egiten bazaio, aurkeztu beharko dira tituluaren kopia, titulua lortzeko ordaindutako eskubideak edo titulua lortzeko proposatutako ziurtagiri edo ziurtagiri akademikoak, edo titulua duela egiaztatzen duen agiri ofiziala, deialdi bakoitzeko oinarrietan eskatzen dena.
g) Tasak ordaintzea.
Ahal dela, tasa ordainduko da ordainketa pasabidearen bidez. Ordainketa beste bide batzuetatik egin bada, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da.
h) Baloratu beharreko merezimenduak.
Eskaera egiteko unean, interesdunek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute, deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela adierazteko.
i) Oposizio faseko nota mantentzeko aukera.
Salbuespen gisa, hautagaiak LEP honetan oposizio faseko ariketak egiteaz salbuetsita geratuko dira, baldin eta lehiaketa-oposizio bidezko 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetako LEPetako prozesu orokorrean funtzionarioen eskaletarako gordetako plazetarako deialdian oposizio fasean gehienez lor daitekeen puntuazioaren % 70etik gorako nota lortu badute, eta, betiere, talde, eskala eta txanda berean aurkeztu badira. Hala ere, nota hobetu nahi izanez gero, aurkezteko aukera izango dute. Kasu horretan, nota txikiagoa lortuz gero edo oposizio fasea gainditu ezean, 2019-2020-2021 eta 2022ko lan eskaintza publiko bateratuko deialdian lortutako nota gordeko zaio hautagaiari. Aurretik lortutako nota gorde nahi duten hautagaiek nahitaez eman beharko dute izena hautaketa prozesurako.
Aurrera egin dutenen behin-behineko zerrendak argitaratzean, interesdunek alegatu nahi dituzten merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko dute.
Unibertsitateak ofizioz egiaztatuko du alegatutako informazioa, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez, salbu eta interesduna berariaz aurka agertzen bada edo kontsulta hori egiteko ezintasun teknikoa badago. Egiaztapen hori egin ezin denean, dagokion akreditazioa eskatu ahal izango da.
Eskaerak eredu ofizial eta arautuan aurkeztu beharko dira bitarteko elektronikoen/Interneten bidez; horretarako, eskaera eredua Interneteko helbide honetan egongo da eskuragarri: https://gestion-enplegu.ehu.es/jobsite_g/espanol/generico_login.jsp (Lan Eskaintzen Ataria), eta oinarri hauetako 5.2 apartatuan zehazten den bezala bete eta bidali beharko da.
Eskaera aurkeztean, programak eskaera hartu izanaren egiaztagiria emango du, erreferentzia zenbaki batekin; era berean, tasak ordaintzeko jarraibideak emango ditu, eta ordainketa pasabidera zuzenean joateko aukera, tasok pasabidearen bidez ordaintzeko.
5.2.– Onartuak izateko eta probetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Eskaerako atal guztiak betetzea, eta aurkeztu beharreko agiriak eranstea. Adierazitako epearen barruan baldintzak egiaztatzeko agiriak ez aurkezteak hautaketa prozesutik kanpo geratzea ekarriko du, euskarako eskakizuna egiaztatzeko aurreikusitakoaren kasuan izan ezik.
2) Eskaera epe barruan aurkeztea.
3) Tasak ordaintzea.
Era berean, hautagaiek baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete ere; salbuespena da 8.3 oinarrian zehaztutako baldintza.
Eskaeran honako datu hauek eman beharko ditu hautagaiak:
a) Datu pertsonalak, prozesua behar bezala gestiona dadin.
b) Zein modalitatetan hartu nahi duen parte, bat etorrita oinarri espezifikoekin:
– Modalitate orokorra.
– Desgaitasuna duten pertsonentzako modalitatea.
Deialdi espezifiko bakoitzean hautagaiek modalitate bakarrean hartu ahal izango dute parte, salbuespena delarik oinarri hauetako 2.3 atalean adierazitakoa.
c) Zein eskalatan hartu nahi duen parte.
d) Oposizio faseko ariketak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituen: euskaraz ala gaztelaniaz. Atal hori bete ezean, probak gaztelaniaz egitea aukeratu duela ulertuko da.
e) Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izan beharko dute, kasuan kasuko administrazioko organo eskudunak aitortua (foru aldundiko sail eskudunak, IMSERSOk edo pareko organoak), eta aitorpen horrek indarrean egon behar du eskaerak aurkezteko epearen azken egunean. Hori egiaztatzeko, desgaitasuna aitortzen duen ebazpenaren kopia aurkeztu beharko da eskaerari erantsita, baldin eta onartzen ez bada UPV/EHUk administrazioen arteko elkarreragingarritasunaren bidez kontsultatzea agiriok, edo hautagaia beste autonomia erkidego batekoa bada.
Era berean, adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek egoera hori aitortua izan behar dute, eta aitorpen horrek indarrean egon behar du eskaerak aurkezteko epearen azken egunean. Hori egiaztatzeko, adimen desgaitasuna aitortzen duen ebazpenaren kopia aurkeztu beharko da, kasuan kasuko administrazioko organo eskudunak emandakoa (foru aldundiko sail eskudunak, IMSERSOk edo pareko organoak). Agiri hori eskaerari erantsita aurkeztu beharko da, baldin eta onartzen ez bada UPV/EHUk administrazioen arteko elkarreragingarritasunaren bidez kontsultatzea agiriok, edo hautagaia beste autonomia erkidego batekoa bada.
Epaimahaiak neurri egokiak hartuko ditu desgaitasuna duten hautagaiek –eskaeran hala adierazi badute– gainerako hautagaien baldintza berberetan parte hartu ahal izan dezaten hautaketa prozesuko probetan, abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuan zehaztutakoarekin bat etorriz (2271/2004 Errege Dekretua, abenduaren 3koa, Enplegu publikora sartzea eta desgaitasuna duten pertsonek lanpostuak betetzea arautzen duena).
Desgaitasuna duten pertsonek beren eskaeran zehaztu beharko dituzte ariketak egiteko beharrezkotzat hartzen dituzten egokitzapen teknikoak eta zentzuzko egokitzapenak, hautaketa prozesuaren denbora eta baliabideak aintzat hartuta, berdintasun baldintzetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori guztia proben izaera hutsaldu gabe egingo da, haien helburua baita hautagaien gaitasuna baloratzea eskuratu nahi duten plazaren zereginak betetzeko.
Epaimahaiak baloratu ahal izateko eskatutako egokitzapena bidezkoa den ala ez, interesdunak, eskaerarekin batera, desgaitasun maila kalifikatzeko organo teknikoak emandako irizpen tekniko fakultatiboaren kopia aurkeztu beharko du nahitaez. Bertan, aitortutako desgaitasun maila eragin duen egoera iraunkorra modu frogagarrian egiaztatu beharko da, eta ondorio horietarako, ez da baliozkoa izango bestelako dokumenturik.
Denboraren egokitzapenean ariketak egiteko denbora gehiago emango da, uztailaren 23ko PJC/804/2025 Aginduari jarraituz, zeinaren bidez irizpide orokorrak ezartzen diren desgaitasuna duten pertsonei sektore publikoan sartzeko hautaketa prozesuetan baliabideak eta denbora egokitzeko. Hautagai bakoitzaren premia espezifikoak aztertu ondoren, epaimahaiak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, halakoen beharra dagoen kasuetan.
f) Alegatutako titulazioa. Eskaerari erantsi behar zaio honako agiri hauen fotokopia: deialdian eskatutako tituluarena edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiriarena, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiriarena, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofizialarena.
g) Tasak ordaindu izanaren egiaztagiria.
h) Zinpeko adierazpena, non hautagaiak ziurtatuko duen baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete ere.
i) Aukeran, eskaeran adieraztea baliabide edo denbora egokitzapenik behar den probarako.
5.3.– Eskaerak aurkezteko lekuak.
Prozesuan parte hartzeko eskaera UPV/EHUko Lan Eskaintzen Atarian soilik aurkeztu ahal izango da.
Hala ere, aurkeztu beharreko edozein dokumentazio aurkeztuko da kontuan hartuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.e) artikulua, eta UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2024ko irailaren 11ko Ebazpena, UPV/EHUn bitarteko elektronikoen bidez funtzionatzeko eta aritzeko araubidea argitaratzeari buruzkoa. Eskaera aurkeztuko da UPV/EHUren erregistro elektronikoan (https://egoitza.ehu.eus).
Horretarako, ziurtagiri hauetako bat erabili beharko da: UPV/EHUko langileen ziurtagiri elektronikoa, Izenperen ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES). Bestalde, sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikotan ere aurkeztu ahal izango dira agiriok.
Eskaera behar bezala aurkeztu ondoren, ziurtagiria eskuratuko da.
5.4.– Eskaerak aurkezteko ordaindu beharreko tasak.
Oinarri hauetako 5.2. g) oinarrian zehaztutako baldintza betetzeko, tasa ordainduko da eskaerak aurkezteko epearen barruan (ikus 5.1 oinarria). Tasak ordainduko dira «Ordainketa pasabidea» erabilita, sisteman adierazi bezala, edo, bestela, sistemak ematen duen abonu agiria inprimatu ahal izango da.
Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko da azterketa eskubideengatik ordaindu beharreko kopurua.
Hautagaiei ez zaie tasen dirua itzuliko prozesutik kanporatuak badira beren jokabideagatik edo dokumentuen bidez ez egiaztatzeagatik benetan betetzen dituztela oinarrietan eskatutako baldintzak, nahiz eta hala egiten dutela ziurtatu eskaerarekin batera aurkeztutako adierazpenean.
Eskaerak aurkezteko epean tasak ordaindu ezean, hautagaia prozeduratik kanpo geratuko da, oinarri hauetako 5.2.g) atalean prozesuan onartua izateko zehaztutako baldintzak ez betetzeagatik.
Aurrekoa gorabehera, ordaindutako kopuruan ageriko akats nabarmena badago, akatsa zuzendu ahal izango da 6.2 oinarrian zehaztutako moduan. Tasa ordaindu eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; ezinbestekoa izango da eskaera behar den epean eta eran aurkeztea, 5.1 oinarrian zehazten den bezala.
Tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira:
a) % 33ko desgaitasuna edo handiagoa daukaten hautagaiak, egoera hori egiaztatzeko agiria eskaerari erantsita.
b) Familia ugariko kide diren hautagaiak, Familia Ugaria Babesteari buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskaera aurkezten duten egunean familia ugariko kide izan behar dira eta eskaerari erantsi beharko diote familia ugariko kide direla egiaztatzeko agiria.
Salbuespen hauetarako eskubidea eskaeran alegatuko da.
Unibertsitateak ofizioz egiaztatuko du alegatutako informazioa, erabilgarri dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez, salbu eta interesduna berariaz aurka agertzen bada edo kontsulta hori egiteko ezintasun teknikoa badago.
Egiaztapen hori egin ezin denean, dagokion akreditazioa eskatu ahal izango da.
Seigarrena.– Hautagaiak onartzea eta erreklamazioak.
6.1.– Eskaerak aurkezteko epea behin amaituta, UPV/EHUko gerenteak ebazpena emango du prozesuko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzeko, baztertuen kasuan horretarako arrazoiak adierazita.
Onarpena oinarrituko da hautagaiek eginiko erantzukizunpeko adierazpenean, hargatik eragotzi gabe ondoren eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
6.2.– Baztertutakoek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute eta, halakorik bada, akatsak zuzendu ahal izango dituzte; horretarako epea hamar egun (10) baliodunekoa izango da, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita. Egitatezko errakuntzak edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz edo interesdunek eskaturik.
6.3.– Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horien inguruko erabakia hartu ondoren, UPV/EHUko gerenteak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzeko.
6.4.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko ebazpenaren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko gerenteari; horretarako hilabeteko epea egongo da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Errekurtsoa egoitza elektronikoan hasiko da, horretarako ezarritako prozedura espezifikoaren bidez: berraztertzeko errekurtsoa.
6.5.– Oinarri hauetan aipatutako ebazpenak unibertsitatearen webgunean argitaratuko dira (www.ehu.eus), bai eta Lan Eskaintzen Atarian ere.
6.6.– Zerrenda horietan hautagaien izen-abizenak agertuko dira, NANaren, atzerritarren nortasun agiriaren, pasaportearen edo dokumentu baliokidearen ausazko lau digitu gehituta. Hala behar denean, ez onartzearen arrazoia agertuko da.
6.7.– Prozeduraren edozein unetan egiaztatzen bada hautagai batek ez duela betetzen hautaketa prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzetako bat, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio, dagokion egiaztagiriak aurkezteko.
Ez badu hori egiten, behin betiko baztertuko da.
6.8.– Hautagaiek zein hurrenkeratan hartuko duten parte probetan: deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan hala aurreikusten denean, UPV/EHUk egingo duen zozketan ateratzen den letratik hasiko da hautagaiek probak egiteko hurrenkera.
Zazpigarrena.– Epaimahaia.
7.1.– Izendapena.
UPV/EHUko gerentearen ebazpenaren bidez izendatuko dira hautaketa probak kalifikatuko dituzten epaimahaietako kideak.
7.2.– Epaimahaien osaera.
Epaimahaiek kide kopuru bakoitia izango dute, eta, betiere, epaimahaiburu bat eta epaimahaikideak izango dituzte. Epaimahaikideetako bat idazkari izendatuko da. Epaimahaiko kide guztiek ordezko bana izango dute.
Epaimahaiak edo probetako hautaketa organoak osatzean, inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak bete beharko dira, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko paritatea lortzeko ahalegina egin beharko da; gainera, ezin izango dira epaimahaikide izan hautespen edo izendapen politikoko langileak, bitarteko funtzionarioak, lan kontratudun behin-behineko langileak, ez konfiantzako langileak. Hautaketa organoetako kideak norberaren izenean arituko dira beti, eta ezin izango dira inoiz inoren ordezkari izan edo inoren kontura jardun hautaketa organoetako partaide. Hori guztia bat etorrita urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzekoak, 60. artikuluan eta Euskal Enplegu Publikoaren Legeak 81. artikuluan zehaztutakoarekin.
Era berean, ezin izango dira epaimahaikide izan deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaketa probetarako hautagaiak prestatzen ibilitako plantillako langile finkoak edo karrerako funtzionarioak.
Epaimahaia osatzen duten guztiek izan beharko dute deialdian ateratako plazetarako eskatzen den titulazioaren maila bereko edo goragoko titulazioa, eta gainera administrazio publikoko langile finkoak edo karrerako funtzionarioak izan beharko dute.
Epaimahaikide gehienak ezin izango dira izan hautaketa prozesuko plazaren eskala bereko langileak edo funtzionarioak.
Zailtasun teknikoengatik edo bestelakoengatik hala komeni denean, epaimahaiek aholkularien laguntza baliatu ahal izango dute proba batzuetarako edo guztietarako, deialdiko oinarri espezifikoen arabera. Aholkulariok beren espezialitate teknikoaz baino ez diote lagunduko epaimahaiari, eta hitza izango dute, baina ez botorik.
Era berean, epaimahaiek laguntzaileak eduki ahal izango dituzte probak aurrera eramateko. Organo eskudunari proposatu beharko diote aldez aurretik, hark baimendu dezan laguntzaile kopurua. Aholkulari espezialisten eta laguntzaileen izendapena iragarki baten bidez argitaratuko da erakundearen webgunean.
7.3.– Abstentzioa eta errekusazioa.
Epaimahaikideak, aholkulariak eta laguntzaileak prozeduran parte hartzetik abstenituko dira, eta deialdia egin duen agintariari emango diote horren berri, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. artikuluan aipaturiko egoeraren batean badaude (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa). Era berean, abstenitu egingo dira deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautagaiak trebatzen aritu badira deialdiko plazaren edo plazen eskala bereko edo pareko eskalako hautaketa probetarako, edo epe horretan moduren batean kolaboratu badute deialdiko plazen eskalako oposizioetarako prestakuntza ematen duten zentroekin.
Epaimahaia eratzeko egiten den bileran, epaimahaiko buruak epaimahaikideei eskatuko die adierazpen formal baten bidez ziurtatu dezatela ez daudela halako egoeraren batean. Adierazpen hori bera egin beharko dute aholkulari espezialistek eta laguntzaileek ere.
Era berean, epaimahaikideak, aholkulariak eta laguntzaileak goian aipatutako egoeretakoren batean daudenean, hautagai interesdunek errekusatu ahal izango dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. artikuluaren babespean eta 24. artikuluan zehaztutako prozedura betez (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
7.4.– Jarduteko arauak.
Epaimahaiek beti jokatuko dute administrazio prozedurari buruzko legeetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, epaimahaiko buruak agindurik eta idazkariak aldez aurretik deituta, epaimahaia probak hasi aurretik bilduko da, behar besteko tarteaz. Epaimahaia balioz eratzeko ezinbestekoa izango da epaimahaiko burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez epaimahaikideen erdiak bertaratzea.
Erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoaz hartuko dira. Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta botoa. Berdinketak epaimahaiko buruaren kalitate botoarekin hautsiko dira.
Epaimahaiak gardentasun printzipioari jarraikiz arituko dira. Kalifikazioetan eraginik daukan erabakirik hartuz gero, erabaki horiek guztiak jasota ageri beharko dira bileretako eta ariketetako aktetan. Epaimahaiaren erabakien kontra egin ahal izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako kasuetan eta moduan (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
7.5.– Epaimahaiaren ahalmenak.
Epaimahaikideek erabateko autonomia funtzionalaz jardungo dute, prozeduraren legezkotasuna zainduta eta objektibotasuna bermatzeko erantzukizuna beren gain hartuta. Bestalde, ordenamendu juridikoari jarraituz, oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantza eta gorabehera guztiak argituko dituzte, prozesu bakoitza zuzen betetzeko behar diren erabakiak hartu, eta irizpideak ezarriko dituzte deialdietan jasota ez dauden kasuak sortzen direnean.
Epaimahaietako buruek behar diren neurriak hartuko dituzte oposizio faseko ariketen edukiaren konfidentzialtasuna bermatzeko.
Osasuna babesteko eskubidea eta funtzio publikoan sartzea arautzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bateratze aldera, eta, era berean, hautaketa prozesuen garapena ordenatzeko azkartasun printzipioa bateratze aldera, epaimahaiei gaitasuna ematen zaie probak edo faseetakoren bat (forma, prozedura eta hautagaien parte hartzeko ordena barne) garatzean beharrezkoak diren jarraibide edo ebazpen guztiak eman ditzaten, lehia askearen, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betetzen direla eta hautaketa prozesua normaltasunez garatzen dela bermatzeko.
Hautagaiak azterketetan onartzearen inguruan sor litezkeen gorabeherak epaimahaiak ebatziko ditu, eta organo eskudunari jakinaraziko dizkio bere erabakiak. Epaimahaiek, prozesuaren edozein unetan, deialdian eskatutako betekizunen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkiete hautagaiei.
Epaimahaiak jakingo balu hautagairen batek ez duela baldintza bat edo gehiago betetzen, lehendabizi interesdunari entzun beharko lioke, eta gero, hala badagokio, pertsona hori hautaketa prozesutik kanporatzeko proposamen arrazoitua helarazi beharko lioke hautagai onartuen behin betiko zerrenda onartu duen organoari, eta, era berean, hautagaiak eskaeran emandako datu okerrak edo faltsuak jakinaraziko lizkiokete, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Administrazio organo eskudunaren erabakiaren kontra administrazioarekiko kasuan kasuko errekurtsoak jarri ahal izango dira. Epaimahaiek prozesutik kanpo utzi ahal izango dituzte probetan edozein iruzur egiten saiatzen diren hautagaiak, ariketak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz egingo baitira; kanpo utzi ahal izango dira, era berean, epaimahaiak ariketak egiteko emandako jarraibideak betetzen ez dituzten hautagaiak.
Era berean, hautaketa prozesuko edozein proba egiten den bitartean, ezin izango da eduki edo erabili lehenago aipatutako printzipioak saihesteko erabili ahal den gailu edo baliabide teknologikorik. Hautagairen batek agindu horiek betetzen ez baditu, probatik eta hautaketa prozesutik kanporatua izango da.
Epaimahaien ebazpenak lotesleak dira administrazioarentzat, nahiz eta administrazioak, egoki deritzonean, berrikusi ahal izango dituen ebazpen horiek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 106. artikulua eta hurrengoak). Hori gertatzen denean, berriz egin beharko dira kasuan kasuko probak edo tramiteak.
7.6.– Egoitza.
Jakinarazpen eta gainontzeko gorabeheretarako, hau izango da epaimahaien egoitza: Bibliotekaren eraikina, Pertsonaleko Gerenteordetza, Sarriena auzoa z. g., 48940, Leioa.
7.7.– Zerbitzu ordainak.
Epaimahaietako kideek zerbitzu ordainak jasoko dituzte egindako lanengatik (bertaratzea barne), arlo horretan indarrean dauden arauei jarraikiz.
Zortzigarrena.– Hautaketarako prozedura.
8.1.– Hautaketa sistema.
Hautaketa sistema lehiaketa-oposizioan oinarrituko da, eta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak betez egingo da.
Hautaketa prozesuetan hautagaiek ezagutu beharreko araudia izango da deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean indarrean dagoena.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek oinarri orokor hauek osatu eta garatuko dituzte. Oinarri orokor hauek arautuko dute oinarri espezifikoetan beste era batera arautzen ez den guztia.
Hautaketa prozesu bakoitzeko zehaztasunak (plazen izaera eta ezaugarriak, eduki beharreko titulazioa, hautaketa probaren nondik norakoak, oposizio faseko ariketa edo probak kalifikatzeko sistema, eta lehiaketa faseko merezimenduen balorazioa eta egiaztatzea), oinarri espezifikoetan zehaztuko dira.
Hautaketa prozesuan bereziki zainduko da gainditu beharreko probak bat etortzea lanpostuan bete beharreko zereginekin. Hala ere, barne promozioko txandako hautagaiak ezagutza egiaztatzeko probak egitetik salbuetsita egon ahal izango dira, baldin eta proba horien bidez jatorrizko eskalan sartzeko eskatu ziren ezagutza berak egiaztatzeko badira.
8.2.– Lehiaketa-oposizio bidezko hautaketa sistemak fase hauek izango ditu:
8.2.1.– Oposizio fasea Oposizio faseak deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutako ariketak izango ditu.
8.2.2.– Lehiaketa fasea. Lehiaketaren fasean oposizio fasea gainditu duten hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak alegatu eta baloratuko dira, eta merezimendu bakoitzari dagozkion puntuak emango zaizkio, deialdi bakoitzaren baremo espezifikoaren arabera.
Deialdi bakoitzean, merezimenduen baremoak atal hauek izango ditu:
a) Merezimendu profesionalak.
b) Merezimendu akademikoak.
Merezimendu horiek kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik lortu direnean, 8.3 oinarrian aipatutako merezimenduaren kasuan izan ezik.
Ez da baloratuko, inolaz ere, epez kanpo alegatu eta egiaztatutako merezimendurik. Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta fase horretan lortutako puntuazioa ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.
8.3.– Euskara.
Hautagaiek, nahi izanez gero, euskara maila egiaztatu ahal izango dute, hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko proba eginez parte hartzen ari diren hautaketa prozesuaren barruan. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko proba bakar batera aurkeztu ahal izango dira LEP honen barruan, hainbat deialdi espezifikotan parte hartzen badute ere.
TEKAZELen Erregistroan eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden egiaztagiriak ez dira aurkeztu beharko berriro, baina alegatu egin beharko dira. Erregistro horretan ez dagoen euskarako beste edozein titulu edo ziurtagiri aurkeztu egin beharko da, betiere baliozkotuta badago azaroaren 297/2010 Dekretuan zehaztutakoaren arabera (euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena), eta titulu edo ziurtagiri hori lortu bada hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko LEP honen deialdi espezifikoen barruan deitutako proben behin betiko emaitzak argitaratu baino lehen.
Bestalde, kasuan kasuko ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko da hizkuntza eskakizuna egiaztatu nahi bada apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren babesean (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena), dekretu hori aldatu egin delarik hauen bidez: 28/2019 Dekretua, otsailaren 26koa, zeinaren bidez aldatzen baita euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den Dekretua; eta 65/2023 Dekretua, apirilaren 18koa, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua.
Puntuazioa oinarri espezifikoetan zehaztuko da.
8.4.– Lehiaketa-oposizio bidezko sistemaren hasiera eta garapena.
8.4.1.– Oposizio fasea Hautaketa prozesuan oposizio fasea egingo da lehenengo. Fasea gainditzeko, fase honetako ariketa guztiak gainditu behar dira.
Erakundearen webgunean jakinaraziko dira oposizio fasea egiteko lekua, data eta ordua, kasuan kasuko epaimahaiak hartarako iragarkia argitaratuta. Deialdi bakarra egingo da oposizio faseko ariketarako, baina baliteke ariketa saio batean baino gehiagotan banatzea, dagokion epaimahaiaren irizpidearen arabera. Hautagai bakoitzak deitu zaion saiora agertu beharko du.
Bere burua identifikatzeko, hautagaiak ariketara eraman beharko du nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo epaimahaiak onartzen duen beste edozein agiri. Ariketetara agertzen ez diren hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira, baldin eta ez badute aldez aurretik alegatzen eta justifikatzen ariketara joan ezina. Epaimahaiak erabaki arrazoitu bat eman beharko du halakoen inguruan. Hautagaia nahitaezko ariketara agertzen ez bada deitzen zaionean, automatikoki galduko du ariketa hori eta hurrengoak egiteko eskubidea, eta, hortaz, hautaketa prozesutik kanpo geratuko da.
Hautagairen batek ezin badu hautaketa prozesuarekin jarraitu arriskuko haurdunaldiagatik, erditzeagatik edo bestelako osasun egoera oso larri batengatik, eta hori behar bezala egiaztatzen badu eta epaimahaiak ontzat ematen badu, atzeratu egingo zaizkio falta zaizkion faseak, eta horiek gainditzearen baldintzapean geratuko da. Dena dela, atzerapenak ezin izango dio kalterik egin beste hautagaiek prozesua arrazoizko epean ebatzia izateko duten eskubideari. Epaimahaiak baloratu beharko du hori, eta, edozelan ere, atzeratutako probak beti egin beharko dira prozesua gainditu duten hautagaien zerrenda argitaratu aurretik.
Aurreko atalean adierazitako egoeraren batean dauden hautagaiek beren egoeraren berri eman beharko dute, egoera hori ezagutu bezain laster, eta, nolanahi ere, azterketaren eguna eta ordua baino lehen; eta egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote epaimahaiari, eskuratu bezain laster eta gehienez ere bi egun balioduneko epean, egoera jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Epaimahaiak egoera baloratuko du eta, ontzat emanez gero, beste data baterako deituko du hautagaia azterketa egiteko.
Azterketaren hasiera ordua baino beranduago jakinarazitako egoerak ez dira baloratuko, ezta egiaztagiriak epearen barruan aurkezten ez dituzten hautagaienak ere (bi egun balioduneko epea egoeraren berri ematen denetik hasita).
Epaimahaiek ariketak egiteko denbora eta/edo baliabideak egokituko dituzte desgaitasuna duten hautagaientzat eta haurdun edota erditzen daudenentzat, edo ezinbesteko egoeraren batean daudenentzat, baldin eta egokitzapena behar badute eta hala adierazi eta egiaztatu badute eskaeran. Hartara, azterketak gainerako parte hartzaileen baldintza berberetan egingo dituzte, betiere horrek proben edukia desitxuratu barik eta probetan eskatzen den gaitasun maila jaitsi gabe.
Oposizio faseko ariketak deialdiaren oinarri espezifikoetan zehazten denaren arabera kalifikatuko dira. Oposizio faseko ariketa behin zuzenduta, epaimahaiak, kalifikazioak aintzat hartuta, ariketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrendak egingo ditu, puntuazioaren arabera ordenatuta:
a) Sarbide orokorreko modalitatean ariketa gainditu dutenen behin-behineko zerrenda.
b) Desgaitasuna duten pertsonentzako modalitatean onartutako pertsonen behin-behineko zerrenda, baldin eta oinarri espezifikoetan halako modalitaterik aurreikusten bada.
Ariketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, interesdunek hamar (10) egun balioduneko epea izango dute honetarako:
a) Erreklamazioak jartzeko. Erreklamazio horiek behin ebatzita, oposizio fasea gainditu duten pertsonen behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
b) Merezimenduak alegatzeko eta, egoki denean, merezimendu horien egiaztagiriak aurkezteko.
b.1.– Hautagaiak ez badu onartu egiaztagiriak NISAEren bidez (Euskadiko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragingarritasunerako Nodoa) kontsultatzea edo kontsulta egitea ezinezkoa bada, merezimenduak alegatu eta aurkeztu beharko ditu 5.3 oinarrian zehaztutako eran, eta agiri hauen kopia aurkeztu beharko du:
1.1.– Merezimendutzat alegatutako titulu akademikoak: titulua, edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izanaren dokumentua, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu bat.
1.2.– Hizkuntzak. Soilik baloratuko dira Ebazpen honetan maila bakoitzerako aipatutako tituluak eta ziurtagiriak: UPV/EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordearen 2026ko martxoaren 16ko Ebazpena, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetasun taula eguneratzeari buruzkoa, erantsia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2010eko ekainaren 24ko Erabakiari, 2012ko martxoaren 8ko Erabakiari eta 2017ko maiatzaren 22ko Erabakiari edo hura ordezten duen araudiari, eta aintzat hartuko dira ere CRUE eta ACLES erakundeek baliokidetasun tauletan ezarritako gomendioak.
Balorazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.
1.3.– Esperientzia profesionala. UPV/EHUk dagokion ziurtagiria aurkeztuko du ofizioz, hautagaiek unibertsitatean zerbitzuak eman dituzten kasu guztietan.
Beste administrazio publiko batean emandako zerbitzuen kasuan, hautagaiak ez badu onartu UPV/EHUk egiaztagiriak NISAEren bidez (Euskadiko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragingarritasunerako Nodoa) kontsultatzea, edo kontsulta egitea ezinezkoa bada, beren-beregi egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira, zeinean bereizi egin beharko dira lan egindako aldiak eta zehaztu egin beharko da taldea eta eskala, UPV/EHUn hirurtekoen ondorioetarako jasota daudenean izan ezik.
Fasea gainditu ez dutenek errekurtsoa jarri badute, kautela neurri gisa, dokumentuak baldintza berberetan aurkeztu ahal izango dituzte, errekurtsoaren ebazpenak hasierako fasea gainditzea ekar dezake eta.
b.2.– Dokumentazioa ez aurkeztea: Alegatutako merezimenduak egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak horretarako epean aurkeztu ezean, ez dira merezimenduok baloratuko.
Era berean, egiaztagiriak aztertuta ikusiz gero hautagaiak ez duela alegatutako merezimenduren bat, ez da baloratuko merezimendu hori, baina bai gainerako guztiak.
39/2015 Legearen 68. artikuluak adierazitakoarekin bat etorrita, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko dokumenturik falta bada, edo egiaztagiriren bat NISAEren bidez kontsultatu ezin bada, UPV/EHUk iragarki bat argitaratuko du webgunean interesdunei jakinarazteko hamar (10) egun balioduneko epea daukatela falta diren dokumentuak bidaltzeko, eta, horrela egin ezean, merezimenduok ez direla kontuan hartuko lehiaketa fasean.
8.4.2.– Lehiaketa fasea. Lehiaketa fasea oposizio fasea amaitu ondoren hasiko da. Lehiaketa fasean merezimenduak baloratuko dira deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztutako baremoen arabera: puntuak esleituko zaizkio merezimenduen atal bakoitzari, eta atal guztietako puntuen batura izango da fase honetako balorazio orokorra.
Merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratu ondoren, hautagaiek zazpi (7) egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak jartzeko. Erreklamazio horiek merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratzearekin ebatziko dira.
8.5.– Deialdi espezifiko bakoitzeko azken kalifikazioa.
Deialdi espezifiko bakoitzeko behin-behineko azken kalifikazioa izango da oposizio fasean eta lehiaketa fasean lortutako puntuazioen batura gehi euskaragatiko puntuazioa.
Deialdi espezifiko bakoitzeko behin-behineko azken kalifikazioa Lan Eskaintzen Atarian argitaratuko da lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako zerrendan, eta adierazita izen-abizenak eta NANaren edo atzerritarren, pasaportearen edo agiri baliokidearen identifikazio zenbakiaren ausazko lau zifra.
Hautagaien artean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek ordena honetan aplikatuz erabakiko da hurrenkera:
1) Emakumeek izango dute lehentasuna beren presentzia % 40ren azpitik dagoen administrazioko kidego, eskala, maila eta kategorietan, salbu eta beste hautagai bat badago, neurri hau ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituena, adibidez, sexu diskriminazioaz bestelako arrazoiengatik lana lortzeko edo lanean gora egiteko oztopo bereziak dituen talde bateko kidea dena.
2) Puntuaziorik handiena EHUko lan esperientzian, deialdiko eskala berean, egunka kontatuta eta mugarik gabe.
3) Puntuaziorik handiena EHUko lan esperientzian, egunka kontatuta eta mugarik gabe.
4) Puntuaziorik handiena administrazio publikoetako lan esperientzian, deialdiko eskala berean, egunka kontatuta eta mugarik gabe UPV/EHUn.
5) Puntuaziorik handiena merezimenduen ataletako bakoitzean, deialdiko oinarrietan zehaztutako hurrenkerari jarraikiz, eta kontuan hartu gabe horietako bakoitzerako zehaztutako puntuazio mugak.
6) Oposizio fasean lortutako puntuaziorik handiena.
7) Berdinketak jarraituz gero, hau izango da berdinketa apurtzeko irizpidea: hautagaiak UPV/EHUn noiz hasi ziren zerbitzuak ematen, lehenago hasitakoak izango duelarik lehentasuna.
Behin-behineko azken kalifikazioarekin batera deialdi espezifiko bakoitzean eskaintzen diren lanpostuen zerrenda argitaratuko da. Eskainitako lanpostuen zerrendan zehaztuta egongo dira: eskala, lanpostuaren izena, atxikipenez dagokion zentro organikoa, lanpostua zein udalerritan dagoen, lanpostu mailako osagarria eta osagarri espezifikoa, hizkuntza eskakizuna, derrigortasun data, lanaldia eta lanpostuaren betebehar espezifikoak.
Prozesuko azken kalifikazioa argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, interesdunek zapi (7) egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak jartzeko. Erreklamazioak aurkezteko epea behin amaituta, eta erreklamazioak ebatzi ondoren, argitara emango dira hautaketa prozesuko behin betiko kalifikazioak.
8.6.– Lanpostuak aukeratzea.
Deialdi espezifiko bakoitzeko hautagaien behin betiko azken kalifikazioa argitaratu ondoren, lanpostuak aukeratu beharko dira, eta horretarako epea zazpi (7) egun baliodunekoa izango da.
8.6.1.– Lanpostua aukeratzeko eskaerak. Lanpostuak bitarteko elektronikoen bidez eskatu behar dira, Lan Eskaintzen Atarian eskuragarri dagoen eskaera beteta. Eskaera behin beteta, egiaztagiria eskuratuko da. Eskaerarekin batera lanpostuaren betebehar espezifikoak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira, halakorik behar izanez gero. Adierazitako epearen barruan betebehar espezifikoak egiaztatzeko agiriak ez aurkezteak hautaketa prozesutik kanpo geratzea ekarriko du.
8.6.2.– Oinarri honetan zehazten den epean eta eran lanposturik aukeratzen ez duten pertsonek galdu egingo dituzte hautaketa prozesuan parte hartzeagatik lortutako eskubideak.
Bederatzigarrena.– Hautatutako pertsonen zerrenda. Lanpostuak esleitzea.
9.1.– Lanpostuak hautatzeko epea amaituta, hautatutako pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta hautagai bakoitzaren puntuazio hurrenkera eta adierazitako lehentasunak, betiere, lanpostuan aritzeko baldintzak betetzen badituzte, eta kontuan hartuta, era berean, 8.6.2 atalean zehaztutakoa. Hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko, baina bakarrik hautagaiek eskatutako lanpostuei dagozkien betebehar espezifikoetarako.
Erreklamazioetarako epea amaituta, eta erreklamazioak ebatzi ondoren, hautatutako pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Epaimahaiak ezin izango ditu deialdian ateratako plazak baino hautagai gehiago aukeratu, eta muga hori gainditzen duten proposamenak erabat deusezak izango dira. Hala ere, gerta liteke aukeratutako hautagairen batek uko egitea plazari, edo aurkezten duen dokumentazioan agerian geratzea ez dituela eskatutako betekizunak betetzen, edo ezusteko arrazoiengatik plaza ezin betetzea. Hori dela eta, epaimahaiak proposatutako izendapenen kopurua deialdian eskainitako plazen kopuru bera denean, plaza guztiak beteko direla ziurtatzeko, plazaz jabetu aurretik organo eskudunak epaimahaiari eskatu ahal izango dio proposatu dituen hautagaien ondoren geratu diren pertsonen zerrenda emateko; hartara, hala behar izanez gero, horiek ordezkatuko dituzte hasieran proposatutako hautagaiak.
Hautaketa prozedurari amaiera ematen dion egintza arrazoitua izan beharko da. Epaimahaiak bere diskrezionalitate teknikoa erabiliz balorazioak egiten dituenean, legeen, arautegien eta deialdiaren oinarrien arabera emango du bere egintzen arrazoibidea.
9.2.– Lanpostuak Pertsonaleko Gerenteordetzak esleituko ditu, hautatutako pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin betiko zerrendari jarraituta, betiere kontuan hartuta kasuan kasuko hautagaiak Lanpostuen Zerrendan lanposturako zehaztutako baldintzak betetzen dituela eta, era berean, kontuan hartuta eskainitako lanpostu guztietatik hautagaiak egindako aukera eta hautagai horrek hautaketa prozesuko behin betiko zerrendan daukan hurrenkera. Hautagai nahikoa ez dagoenean edo hautagai horiek gai izateko ezarritako gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiak proposamena egingo dio organo eskudunari bete gabeko lanpostuak bete gabe gera daitezen.
Hamargarrena.– Dokumentazioa aurkeztea.
10.1.– Aurkeztu beharreko agiriak.
10.1.1.– Hautatuen behin betiko zerrendako pertsonek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren gaitasuna egiaztatzeko eta deialdian eskatutako eskakizunak betetzen dituztela frogatzeko. Hala ere, ez dituzte aurkeztu beharko administrazioak jada baldin baditu:
a) Indarreko NANaren, pasaportearen edo nazionalitatea egiaztatzen duen beste edozein dokumenturen fotokopia, salbu eta UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzan dagoeneko dokumentu hori badute, interesdunak lehenagotik aurkeztu duelako.
b) Lanpostua lortzeko ezarritako arautegian eskatzen den titulazioa, hau da, deialdiko oinarri espezifikoetan adierazitakoa, edo titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren agiria, edo titulua jasotzeko beharrezkoak diren ikasketak osorik egin eta gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa, edo, bestela, titulua edukitzea egiaztatzen duen agiri ofiziala, salbu eta UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzan dagoeneko dokumentu hori badute, interesdunak lehenagotik aurkeztu duelako.
c) Lortu nahi den lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisikorik ez izatearen ziurtagiri medikoa, UPV/EHUko Zerbitzu Medikoak edo hark izendatzen duenak emana.
d) Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan eskatzen diren gainerako betekizunen egiaztagiriak, besterik eskatuko balitz.
e) Desgaitasuna duten eta deialdietan parte hartu duten hautagai guztiek aurkeztu beharko dute beren desgaitasun maila frogatzen duen indarreko ziurtagiria, kasuan kasuko organo eskudunak egina.
10.1.2.– Oinarri honetako aurreko puntuetan adierazitako dokumentuak jatorrizkoak izan beharko dira, edo lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa daukaten dokumentuak (aldaezinak izan daitezen), edo kopia konpultsatuak. Kopia horietan, balioa izan dezaten, informazio hau agertu beharko da: konpultsaren data eta dokumentua konpultsatu duen pertsonaren izen-abizenak, NANa eta sinadura irakurgarria.
10.1.3.– Hautagaiak ezin baditu dokumentu horiek aurkeztu eta hala justifikatzen badu, zuzenbidean onartzen den beste edozein modutan frogatu ahal izango du deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela.
10.2.– Dokumentuak aurkezteko tokia eta epea. Dokumentuak hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, hautaketa prozesuaren azken eta behin betiko kalifikazioa argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Pertsonaleko Gerenteordetzan (UPV/EHUko Errektoregoko eraikina, Sarriena auzoa z/g, 48940, Leioa).
10.3.– Dokumentazioa ez aurkeztea. Ezinbesteko kasuak alde batera utzita, hautagaiek epe horretan dokumentazioa aurkezten ez badute edo dagozkien zereginak betetzeko eska daitekeen gaitasun fisiko edo psikikorik ez badute, deuseztatu egingo dira haien ekintza guztiak, eskaeran gezurra esateagatik eska lekiekeen erantzukizuna ezertan eragotzi gabe.
Halakoetan, epaimahaiak ondoren sailkatutako pertsona proposatuko du, prozesua gainditu duten hautagaien behin betiko zerrendako hurrenkerari jarraituta, zortzigarren oinarrian adierazitako irizpideen arabera. Horretarako, epaimahaiak hautatutzat joko ditu aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiengatik hutsik geratu diren plaza adina hautagai.
Hamaikagarrena.– Karrerako funtzionarioen izendapena eta lanpostua jabetzan hartzea.
Errektoreak ebazpena emango du aukeratutako hautagaiak karrerako funtzionario izendatzeko, esleitutako lanpostua zehaztuta. Lanpostuaren jabetza hartzeko epea hilabetekoa izango da (luzaezina), izendapenen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
Pertsona bakoitza esleitu zaion lanpostuaz jabetuko da, eta haren titular bihurtuko da. Ez da derrigorrezko zerbitzu betekizunik ezarriko Lan Eskaintza Publiko horretako lanposturen bat betetzen zuten langileentzat.
Hamabigarrena.– Komunikazioak eta gorabeherak.
12.1.– Hautaketa prozesu bakoitzari lotutako egintza eta akordio guztiak erakundearen webgunean argitaratuko dira. Argitaratze horiek lotesleak izango dira oposizio faseko ariketak egiteko deialdietarako, bai eta, hala dagokionean, lehiaketarako ere. Era berean, argitaratze horien datak emango die hasiera deialdian ezarritako epeei, baita oinarrien eta epaimahaiaren ohiko jardunaren arabera ireki beharko diren gainerako epe guztiei ere.
12.2.– Hautagaiek epaimahaiari eta UPV/EHUko organo eskudunari helarazi ahal izango diete epaimahaiko kideen edo gainerako hautagaien egintzen inguruan sor litezkeen gorabeheren berri. Era berean, hautaketa prozesuaren inguruko erreklamazioak, kexak, eskaerak edo iradokizunak ere helaraziko dizkiete.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalak babestea hautaketa prozesuaren kudeaketan.
Datuen tratamendurako, honako dokumentu hauek ezarriko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/CE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta gai horretaz indarrean dauden gainerako arauak.
Izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia pseudoanonimizatuta argitaratuko dira, abenduaren 5eko 3/2018 Legeak, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoak, agindu bezala.
13.1.– Oinarri hauen xede den edozein hautaketa prozesutan parte hartzeak berez dakar hautagaiak baimena ematea eskaeran jasotako bere datu pertsonalak erabil daitezen eskaera izapidetzeko eta deialdia ebazteko.
Datu pertsonalak argitaratu ahal izango dira aldizkari ofizialetan eta UPV/EHUren webgunean eta, oro har, hautaketa prozesuaren emaitzak komunikatzeko erabilitako beste edozein bitartekotan; era berean, datuok erabili ahal izango dira IVAPek edo erakunde eskudunak euskara mailaren akreditazioa egiazta dezan, eta epaimahaiak berak edo hark aukeratutako erakundeak edo enpresak hautaketa prozesua zuzen prestatu eta egin dezan.
Oinarri hauen xede diren hautaketa prozesuak publikotasun printzipioak gobernatzen ditu; beraz, eskaera ez da onartuko, baldin eta hautagaiak bere datuak ematea onartzen ez badu aurreko paragrafoan adierazitako helburuetarako.
13.2.– Hautaketa prozesuen kudeaketan, datu pertsonalen tratamendua honen arabera egingo da: TG0009 Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko prozesua.
13.3.– Eskaeran (5. oinarrian zehaztutakoan) horri buruzko informazio ohar bat egongo da jasota.
13.4.– Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioko langileek, epaimahaietako kideek eta horiei laguntza emango dieten adituek (aditurik egonez gero) isilpean gordeko dituzte hautaketa prozesuen gestioan zehar euren eskuetara heltzen diren datu pertsonalak.
13.5.– Oinarriei jarraituz, deialdi espezifikoetan argitara ematen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan gutxieneko datu pertsonalak agertuko dira, publikotasun printzipioa betetzeko beharrezkoak direnak baino ez. Zerrenda horiek prozesua amaitu arte egongo dira ikusgai eta, era berean, erreklamazioak edo errekurtsoak jartzeko beharrezkoa izan daitekeen denbora guztian.
Zerrenda horietan klausula bat jarriko da, esaten duena datu pertsonalak dauzkatela, zerrendak bete egiten duela datuak babesteko alorrean indarreko legeriak dioena, eta zerrendaren helburu bakarra dela hautaketa prozesuko kasuan kasuko fasearen berri ematea eta parte hartzaileak jakinaren gainean jartzea.
Era berean, paragrafo batean adieraziko da zerrenda horiek ez direla egongo herritarren esku; ezingo direla kopiatu, ez osorik ez zati batean; eta ezingo direla ez transmititu ez erregistratu informazioa berreskuratzeko inolako sistemarik erabilita, baldin eta interesdunek horretarako baimenik ematen ez badute.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean sartzea.
Oinarri orokor hauek indarrean jarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean.
RSS