
144. zk., 2026ko uztailaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (172 KB - 7 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3395
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, zeinaren bidez agindua eman baita teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak karrerako funtzionario gisa E taldean sartzeko hautaketa prozesua arautzeko ezarri ziren oinarri espezifikoak argitaratzeko.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2023ko abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.). UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez 2024ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2024ko abenduaren 26ko EHAA, 250. zk.).
Kontuan izanik enplegatuen hautaketari buruz Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 52. artikuluan, 63. artikuluan, I. tituluko II. kapituluan eta VI. tituluaren I. eta II. kapituluetan eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluko I. kapituluan xedatutakoa, eta kontuan izanik 2025eko irailaren 26ko Akordio bateratua, AZPko lan kontratudun eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaiena (2023/2024ko LEPetako sarrera prozesuetako deialdiak arautzeko gutxieneko irizpideei buruzkoa),eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdi hau 2026ko uztailaren 15eko bileran onartu aurretik, UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluek ezarri bezala,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak UPV/EHUko karrerako funtzionario gisa, sailkapeneko E taldean, menpekoen eskalan, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez sartzeko hautaketa prozesuari dagozkion plazen deialdia egitea; plazak honela banatzen dira:
– Bederatzi (9) plaza txanda librean; hain zuzen ere:
• Sei (6) plaza, 2. HE derrigorrezkoa izanik.
• Hiru (3) plaza, 1. HE derrigorrezkoa izanik.
– Plaza bat (1), 2. hizkuntza eskakizuna ez-derrigorrezkoa izanik, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan.
Plaza deialdi honek txertatuta du Generoaren araberako eraginaren aldez aurreko ebaluazio txostena.
Bigarrena.– Deialdietan parte hartu ahal izateko eskakizunak.
Oinarri Orokorretako 4.2 apartatuan xedatutako eskakizunez gain, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 56. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen arabera, hautagaiek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Eskatutako titulua izatea: eskola ziurtagiria.
b) Nolanahi ere, eskuratu nahi den postuari dagozkion eskakizunak bete beharko dira, baita indarreko arauetan xedatutako bestelakoak ere.
c) Tasak ordaintzea Administrazioan sartzeko hautaprobak egiteagatik:
Oinarri Orokorretako 5.2.3) oinarrian aurreikusitako baldintza betetze aldera, 5.1 oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barruan ordaindu beharko da tasa, 5.4 oinarri orokorrean adierazitako moduan.
Tasa horren zenbatekoa 20,68 euro da.
Hirugarrena.– Lehiaketa-oposizio bidezko hautaketa sistema.
3.1.– Oposizio fasea: proba teoriko-praktiko bat egingo da.
Proba teoriko-praktikoak 20 puntu izango ditu, guztira, eta 10 puntu atera behar dira, gutxienez, gainditzeko.
Ariketa bakarra idatzizkoa eta baztertzailea izango da, eta test moduko 40 galderari erantzun beharko zaie (gehi beste 20, erreserbakoak); galdera bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeran, erantzun bakarra izanik zuzena. Gehienez 400 galderako galdetegi batetik aterako dira galderak, eta bazpen honen eranskinean zehaztutako Programako gaiekin (20 gai) lotura duten eduki teorikoei nahiz praktikoei buruzkoak izango dira.
Proba egiteko 60 minutu utziko dira. Kalifikazioa 0 puntutik 100 puntura bitarte izango da.
Erantzun okerrek eta erantzun gabeko galderek ez dute penalizaziorik izango.
Hautaketa prozesuko gai zerrendan zehaztutako araudiak izango dira indarrean daudenak iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
400 galderako galdetegia ariketa hori egin baino hiru (3) hilabete lehenago, gutxienez, argitaratuko da.
Azterketa egin ostean, Epaimahaiak galdera arrunt bat edo gehiago baliogabetu behar izanez gero, Erabaki berean xedatuko du baliogabetutako galderen ordez erreserbakoak hartuko direla kontuan, dagokion ordenari jarraikiz.
Deialdiko plaza kopurua baino hautagai gehiagok gainditu ahal izango dute fase hori.
3.2.– Lehiaketa fasea: Lehiaketa fasearen kalifikazioan, merezimenduen baremoari dagozkion puntuen batura erabiliko da, eta 9 puntu lortu ahal izango dira gehien jota.
Merezimenduen baremoak atal hauek izango ditu:
A) Merezimendu profesionalak.
B) Merezimendu akademikoak.
Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango, eta ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.
Oro har, merezimendu hauek baloratuko dira, eskaerak aurkezteko epearen amaiera datan egiaztatu beharko direnak; hona hemen baloratzeko baremoa:
A) Merezimendu profesionalak:
Instantziak aurkezteko epea amaitu bitarte Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak; egindako zerbitzuak izango dira bitarteko funtzionarioaren izendapenean jasotako edo egiaztatutako zerbitzu profesionalak. Zerbitzu betekizunean egindako zerbitzuak baloratu beharreko aldi horretan izendatuta duen postuan egindakotzat hartuko dira.
Atal honetan 9 puntu lortu ahal izango dira, gehien jota, irizpide hauen arabera:
a) Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen Laugarren Xedapen Iragankorraren arabera, UPV/EHUn eta deialdiari dagokion eskalan egindako zerbitzuengatik, 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko, gehienekoa 9 puntu izanik.
b) Beste unibertsitate publikoren batean eta deialdiari dagokionaren eskala baliokide batean egindako zerbitzuengatik, 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko, gehienekoa 6 puntu izanik.
c) Gainerako administrazio publikoetan eta deialdiari dagokionaren eskala baliokide batean egindako zerbitzuengatik, 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko, gehienekoa 4,5 puntu izanik.
Zenbaketa egiteko, lan egindako aldien batuketa egingo da eta, batura horretatik, 30 egun naturaletik beherako zatiak kenduko dira. Edonola ere, lanaldi partzialean jardundako aldiak lanaldi osoan lan egindakotzat zenbatuko dira.
B) Merezimendu akademikoak:
B.1.– Titulu akademikoak: Eskuratu nahi den postuari dagokion sailkapen taldean sartzeko alegatutako tituluaz bestelako titulu akademikoei 1,5 puntu emango zaizkie, gehienez, baremo honen arabera:
– Eskuratu nahi den postuaren Sailkapen Taldean sartzeko eskatutakoen gainetik dagoen tituluren bat izatea: 1,5 puntu.
Goi mailako tituluak baloratzen diren kasuetan, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila beheragoko tituluak.
B.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak: Gehienez ere 1,50 puntu, baremo honen arabera:
– Europako Marko Bateratuko frantseseko, ingeleseko edo alemaneko B2 mailako edo goragoko titulua edo akreditazio ziurtagiria: puntu 1 hizkuntza bakoitzeko.
– Europako Marko Bateratuko frantseseko, ingeleseko edo alemaneko B1 mailako edo goragoko titulua edo akreditazio ziurtagiria: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– Europako Marko Bateratuko frantseseko, ingeleseko edo alemaneko A2 mailako edo goragoko titulua edo akreditazio ziurtagiria: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Ondorio horietarako, honako Ebazpen hau hartuko da kontuan (edo horren ordezko arautegia): Ebazpena, 2026ko martxoaren 16koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordearena, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetza-taula eguneratzeko dena. Taula hori agertzen da eranskin moduan UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2010eko ekainaren 24ko Erabakian, 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenean, eta 2017ko maiatzaren 22ko Ebazpenean. Halaber, kontuan hartuko dira EUEBk eta ACLES elkarteak baliokidetza tauletan ezarritako gomendioak.
Balorazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen bada, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.
Laugarrena.– Merezimenduak egiaztatzea.
Interesdunek merezimenduak egiaztatu behar dituzte eta, horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, oinarri orokorretan zehaztutako baldintzak eta epeak betez, salbu eta UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzan dagoeneko dokumentu hori badute:
4.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina interesdunek ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Administrazioak bere kabuz zenbatuko ditu.
4.2.– Beste administrazio publiko batean emandako zerbitzuen kasuan, administrazio bakoitzak horretarako duen ereduaren arabera egiaztatuko da; hori guztia ez da beharrezkoa izango baldin eta UPV/EHUk hirurtekoen ondorioetarako aitortuta badu. Dena den, lan egindako aldiak banan-banan adierazita eta aldi bakoitza zein talde eta eskalatan egin den zehaztu beharko da. Halaber, lanpostuaren edo lanpostuen monografia edo eginkizunen ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko langileen arloko zuzendaritzak emandakoa.
4.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, Foru Administrazioan eta Toki Administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, betiere Euskal Administrazio Publikoen Kidego eta Eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duen uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuaren arabera.
4.4.– Tituluak egiaztatzeko, titulua bera edo titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu behar da, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofizial bat; titulu horiek kontuan hartuko dira bakar-bakarrik instantziak aurkezteko epea amaitu aurretik lortu direnean.
4.5.– Hizkuntzaren ezagutza maila egiaztatzeko, eskatutako tituluak edo hizkuntza ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta kontuan hartuko da bakar-bakarrik instantziak aurkezteko epea amaitu aurretik lortu denean. Ez da probarik egingo hizkuntzen ezagutza maila egiaztatzeko.
Bosgarrena.– Euskara.
5.1.– Eskainitako plazen derrigortasun data iraungita baldin badagodeialdia egin den egunean, dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa izango dute.
5.2.– Eskainitako plazen derrigortasuna ez bada iraungi deialdia egin den egunean, puntuazio hauek lortuko dira, tarteko puntuaziorik eskuratzeko aukerarik izan gabe:
2. HE derrigorrezkoa ez duten postuetarako:
– 1. HE egiaztatzeagatik: 1,45 puntu.
– 2. edo 3. HE edo goragokoa egiaztatzeagatik: 2,90 puntu.
Seigarrena.– Azken kalifikazioa.
6.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da lortutako puntuazioen batura.
6.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak UPV/EHUren Lan Eskaintzen Atarian argitaratuko dira.
Zazpigarrena.– Argitaratzen den Erabakiaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke dagokion Administrazio Auzietarako Epaitegian, bi hilabeteko epean; kasu batean zein bestean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da epea zenbatzen, eta ezin izango dira aurkaratzeko bi bideak aldi berean aplikatu.
Leioa, 2026ko uztailaren 15a.
UPV/EHUko errektorea,
JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.
ERANSKINA
OPOSIZIO FASERAKO PROGRAMAK
MENPEKOEN ESKALAKO GAI ZERRENDA
1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak, egitura eta erreforma. Konstituzioko printzipioak. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa. Espainiako Konstituzioaren balio gorenak. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak. Gorte Nagusiak. Legeak egitea. Gobernua eta Administrazioa. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak. Estatuko Lurralde Antolamendua.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua. Nozio orokorrak. Atariko Titulua: izena eta eraketa; lurraldea: kontzeptua, beste lurralde batzuen integrazioa; erakunde komunen egoitza; euskara; euskal hiritarren eskubide eta betebeharrak. Euskal Herriaren botereak: parlamentua, Lehendakaria, gobernua.
3.– UPV/EHUren Estatutuak: izaera eta helburuak. Unibertsitateko kideak. Unibertsitateko jarduera. Egitura. Gobernu organoak. Gizarte Kontseilua. Unibertsitateko Klaustroa. Gobernu Kontseilua. Campuseko Batzarra.
4.– UPV/EHUren Estatutuak: Kide bakarreko organoak. Administrazio zerbitzuen egitura. Unibertsitateko ikastegietako eta Sailetako gobernu organoak. Sailen esparru arautegia.
5.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
6.– Enplegu publikoa eta funtzio publikoa. 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratua onartzen duena. 11/2022 Legea, Euskal Enplegu Publikoarena.
7.– UPV/EHUko funtzionarioen lan baldintzak arautzeko akordioa eta lan kontratudun administrazioko eta zerbitzuetako langileen III. hitzarmen kolektiboa.
8.– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.
9.– Menpekoen eskala UPV/EHUn. Berezko funtzioak. Sarbideen kontrola eta bisitak kontrolatzeko sistemak. Bilerako eta komunikazioko jarduerei laguntzea: aretoak eta barrunbeak, altzariak (bilera mahaiak, mahaiburukoak, aulkiak, etab.) eta bitarteko materialak (arbelak, papelografoak, errotuladoreak) prestatzea. Ikus-entzunezko bitartekoak funtzionamenduan jartzea: proiektoreak, audio sistemak (bozgoragailuak eta mikrofonoak), etab.
10.– Komunikazioaren eta jendaurreko arretarako oinarrizko arauak. Herritarrarentzako arreta eta informazioa. Herritarra zerbitzu eta prestazio publikoen jasotzaile. Harrera eta telefonia. Jendaurreko arretarako irizpide orokorrak. Elementu beharrezkoak. Bulegoa: Korrespondentzia jasotzea eta banatzea.
11.– Korrespondentzia. Posta tarifak. Frankeoa. Ziurtatuak. Jaso izanaren adierazpenak. Telegramak. Diru itzultzeak. Estatuko diru igorpenak.
12.– Materialen biltegiratzea: apalategiak, kakoak, espazioak, etab. Gai arriskutsuak biltegiratzea. Material izakinen kontrola. erregistroak, fitxak, albaranak, etab.
13.– Material eta ekipamenduen mugimendua: erabili beharreko makinak eta beste tresna batzuk. Hondakinak botatzea eta birziklatzea.
14.– Ekipamendu eta instalazioen mantentze lana eta konponketa. Zurgintza, sarrailagintza, iturgintza, saneamendua, elektrizitatea, berokuntza eta aire girotua.
15.– Segurtasun gaien mantentze-laneko eta berrikuspeneko irizpideak: itzalgailuak, suebaki ateak.
16.– Bulegoko material eta makineriarekiko lanak: fotokopiatzea, dokumentazioaren suntsitzea, gutun-azaleratzea, etiketatzea, gillotinatzea, enkoadernatzea, grapatzea eta zulatzea. Paper motak: neurri arautuak, paper jarraitua.
17.– Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izatea. Iradokizunak eta erreklamazioak: jasotzea, erregistroa, izapidetzea eta kudeaketa.
18.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.
19.– Berdintasunari eta Generoari buruzko araudia. Genero Berdintasuna: kontzeptu orokorrak. Genero indarkeria: kontzeptu orokorrak. Publizitate instituzionala eta irudi publiko ez-sexista. Genero Berdintasuna politika publikoetan: genero ikuspegiaren kontzeptua eta zeharkakotasuna.
20.– Laneko Arriskuen Prebentzioaren oinarrizko printzipioak. Lege araudia. Enpresan prebentzioa antolatzeko modalitateak. Prebentzio jardueraren kudeaketa. Eraikinak ebakuatzeari buruzko oinarrizko alderdiak: larrialdiei aurre egiteko planak.
RSS