
144. zk., 2026ko uztailaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (166 KB - 5 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3394
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, zeinaren bidez agindua eman baita UPV/EHUko administrari laguntzaile eskalan barne promozio bidez sartzeko hautaketa prozedura arautzeko ezarri ziren oinarri espezifikoak argitaratzeko.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2023ko abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.). UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez 2024ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2024ko abenduaren 26ko EHAA, 250. zk.).
Kontuan izanik enplegatuen hautaketari buruz Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 52. artikuluan, 63. artikuluan, I. tituluko II. kapituluan eta VI. tituluaren I. eta II. kapituluetan eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluko I. kapituluan xedatutakoa, eta kontuan izanik 2025eko irailaren 26ko Akordio bateratua, AZPko lan kontratudun eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaiena (2023-2024ko LEPetako sarrera prozesuetako deialdiak arautzeko gutxieneko irizpideei buruzkoa), eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdi hau 2026ko uztailaren 15eko bileran onartu aurretik, UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluek ezarri bezala,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– UPV/EHUko D taldeko administrazio eta zerbitzuetako langileen administrari laguntzaileen eskalan lau (4) plaza barne promozio bidez betetzeko hautaketa proben deialdia egitea; plazak honela banatzen dira:
– Hiru (3) plaza txanda librean. 2. hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa da plaza guztietan.
– Plaza bat (1), 2. hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izanik, adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan.
Hautaketa prozesua lehiaketa-oposizio bidez egingo da, Ebazpen honetan zehaztutako baldintzen arabera.
Plaza deialdi honek txertatuta du Generoaren araberako eraginaren aldez aurreko ebaluazio txostena.
Bigarrena.– Deialdian parte hartu ahal izateko eskakizunak.
Oinarri orokorren laugarren oinarrian xedatutako eskakizunez gain, hautagaiek eskakizun espezifiko hauek ere bete behar dituzte:
2.1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo baliokidea izatea.
2.2.– Karrerako funtzionario gisa, UPV/EHUko E taldeko menpekoen eskalan egotea eta jatorrizko eskalan bi urteko zerbitzuak beteta edukitzea UPV/EHUko karrerako funtzionario gisa.
Bigarren oinarri honetan zehaztutako eskakizunak beteta izan behar dira eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta hautaketa prozesu honi dagokion Eskalako karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartzen den egunera arte bete beharko dira. Dena dela, ezin izango dute proba hauetan parte hartu instantziak aurkezteko epea amaitzen den egunean eginkizun gabetze irmoaren edo, hala badagokio, enplegu eta soldata gabetzearen administrazio egoeran daudenek.
2.3.– Eskaera aurkezteko ordaindu beharreko tasak:
Oinarri Orokorretako 5.2.3) oinarrian aurreikusitako baldintza betetze aldera, 5.1 oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barruan ordaindu beharko da tasa, 5.4 oinarri orokorrean adierazitako moduan.
Tasa horren zenbatekoa 20,68 euro da.
Hirugarrena.– Oposizio fasea.
Proba teoriko-praktiko bat egingo da, eta ariketa bakarra izango du.
Oposizio faseko kalifikazioa 20 puntu izango dira.
Oposizio fasea gainditzeko, gutxienez 10 puntu lortu behar dira.
Ariketa bakarra idatzizkoa izango da, eta test moduko 30 galderari erantzun beharko zaie (gehi beste bost, erreserbakoak); galdera bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeran, erantzun bakarra izanik zuzena. Gehienez 200 galderako galdetegi batetik aterako dira galderak, eta Ebazpen honen eranskinean zehaztutako Programako gaiekin (15 gai) lotura duten eduki teorikoei nahiz praktikoei buruzkoak izango dira.
Proba egiteko 35 minutu utziko dira. Kalifikazioa 0 puntutik 100 puntura bitarte izango da.
Erantzun okerrek eta erantzun gabeko galderek ez dute penalizaziorik izango.
Oposiziorako gai zerrendaren edukia bat etorriko da deialdi honi dagokion egunean «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratutako arauekin.
200 galderako galdetegia ariketa hori egin baino hiru (3) hilabete lehenago, gutxienez, argitaratuko da.
Azterketa egin ostean, Epaimahaiak galdera arrunt bat edo gehiago baliogabetu behar izanez gero, Erabaki berean xedatuko du baliogabetutako galderen ordez erreserbakoak hartuko direla kontuan, dagokion ordenari jarraikiz.
Deialdiko plaza kopurua baino hautagai gehiagok gainditu ahal izango dute fase hori, baina horrek ez du esan nahi poltsan sartuko direnik.
Laugarrena.– Lehiaketa fasea.
Lehiaketaren fasean hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira, eta merezimendu bakoitzari dagozkion puntuak emango zaizkio, baremo jakin baten arabera; fase honetan gehienez ere bederatzi (9) puntu lortu ahal izango dira.
Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.
4.1.– Merezimendu profesionalak.
Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
Instantziak aurkezteko epea amaitu bitarte Administrazio Publikoan izandako antzinatasunari gehienez ere 9 puntu emango zaizkio, zerbitzuan emandako hilabete oso bakoitzeko 0,04 puntu.
UPV/EHUk hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna soilik zenbatuko da.
Zenbaketa egiteko, lan egindako aldien batuketa egingo da eta, batura horretatik, 30 egun naturaletik beherako zatiak kenduko dira.
4.2.– Merezimendu akademikoak.
4.2.1.– Titulu akademikoak.
Eskuratu nahi den postuari dagokion Sailkapen Taldean sartzeko alegatutako tituluaz bestelako titulu akademikoei 1,5 puntu emango zaizkie, gehienez, baremo honen arabera:
– Eskuratu nahi den postuaren Sailkapen Taldean sartzeko eskatutakoen gainetik dagoen tituluren bat izatea: 1,5 puntu.
– Eskuratu nahi den postuaren Titulazio Taldean sartzeko eskatutako beste tituluren bat izatea: 0,75 puntu.
Goi mailako tituluak baloratzen diren kasuetan, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila beheragoko tituluak.
4.2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.
Gehienez ere 1,50 puntu, baremo honen arabera:
– Europako Marko Bateratuko frantseseko, ingeleseko edo alemaneko B2 mailako edo goragoko titulua edo akreditazio ziurtagiria: puntu 1 hizkuntza bakoitzeko.
– Europako Marko Bateratuko frantseseko, ingeleseko edo alemaneko B1 mailako edo goragoko titulua edo akreditazio ziurtagiria: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– Europako Marko Bateratuko frantseseko, ingeleseko edo alemaneko A2 mailako edo goragoko titulua edo akreditazio ziurtagiria: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Ondorio horietarako, honako Ebazpen hau hartuko da kontuan (edo horren ordezko arautegia): Ebazpena, 2026ko martxoaren 16koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordearena, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetza-taula eguneratzeko dena. Taula hori agertzen da eranskin moduan UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2010eko ekainaren 24ko Erabakian, 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenean, eta 2017ko maiatzaren 22ko Ebazpenean. Halaber, kontuan hartuko dira EUEBk eta ACLES elkarteak baliokidetza tauletan ezarritako gomendioak.
Balorazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen denean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.
Bosgarrena.– Merezimenduak egiaztatzea.
Interesdunek merezimenduak egiaztatu behar dituzte eta, horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, oinarri orokorretan zehaztutako baldintzak eta epeak betez, salbu eta UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzan dagoeneko dokumentu hori badute:
5.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina interesdunek ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Administrazioak bere kabuz zenbatuko ditu.
5.2.– Beste administrazio publiko batean emandako zerbitzuen kasuan, administrazio bakoitzak horretarako duen ereduaren arabera egiaztatuko da; hori guztia ez da beharrezkoa izango baldin eta UPV/EHUk hirurtekoen ondorioetarako aitortuta badu. Dena den, lan egindako aldiak banan-banan adierazita eta aldi bakoitza zein talde eta eskalatan egin den zehaztu beharko da.
5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, Foru Administrazioan eta Toki Administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, betiere Euskal Administrazio Publikoen Kidego eta Eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duen uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuaren arabera.
5.4.– Tituluak egiaztatzeko, titulua bera edo titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu behar da, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo titulua daukala egiaztatzen duen dokumentu ofizial bat; titulu horiek kontuan hartuko dira bakar-bakarrik instantziak aurkezteko epea amaitu aurretik lortu direnean.
5.5.– Hizkuntzaren ezagutza maila egiaztatzeko, eskatutako titulua edo hizkuntza ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta kontuan hartuko da bakar-bakarrik instantziak aurkezteko epea amaitu aurretik lortu denean. Ez da probarik egingo hizkuntzen ezagutza maila egiaztatzeko.
Seigarrena.– Euskara.
6.1.– Kasuan kasuko hizkuntza eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa jasoko dute, baldin eta lanpostuak derrigorrezko hizkuntza eskakizuna badu.
Zazpigarrena.– Azken kalifikazioa.
7.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da hautaketa prozesu osoan lortutako puntuazioen batura.
7.2.– Lehiaketa-oposizioaren emaitza eta kalifikazio guztiak argitaratu egingo dira, bai UPV/EHUren iragarki tauletan, baita www.ehu.eus webgunean ere.
Funtzionario batek lanpostuak aukeratzeko eskaeran adierazten badu ez duela jarraitu nahi gaur egun titular gisa betetzen duen lanpostuan, postu hori lanpostuen adjudikazioan eskainiko da, betiere funtzionarioak hautaketa prozesua gainditu badu. Era berean, prozesuaren ondoriozko puntuazioaren ordenaren arabera aukeratuko du pertsona horrek lanpostua.
Zortzigarrena.– Argitaratzen den Erabakiaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke dagokion Administrazio Auzietarako Epaitegian, bi hilabeteko epean; kasu batean zein bestean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da epea zenbatzen, eta ezin izango dira aurkaratzeko bi bideak aldi berean aplikatu.
Leioa, 2026ko uztailaren 15a.
UPV/EHUko errektorea,
JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.
ERANSKINA
OPOSIZIO FASERAKO PROGRAMA
1. gaia.– Espainiako 1978ko Konstituzioa eta Euskal Herriko Autonomia Estatutua.
2. gaia.– UPV/EHUren Estatutuak eta UPV/EHUko funtzionarioen lan baldintzak arautzeko akordioa.
3. gaia.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
4. gaia.– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bateratua onartzen duena; eta 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal funtzio publikoarena.
5. gaia.– Berdintasunari eta Generoari buruzko araudia, Estatukoa eta Autonomia Erkidegokoa.
6. gaia.– Komunikazioa. Komunikazioaren elementuak. Komunikazio motak: hitzezkoa; hitzik gabeko transmisio bideak. Jendearentzako arreta, informazio, eskaera eta parte hartze eskubideak. Harremanetarako bitarteko eta kanalak: herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak, gardentasuna eta informazio publikoa eskuratzea. Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izatea. Iradokizunak eta erreklamazioak: jasotzea, erregistroa, izapidetzea eta kudeaketa.
7. gaia.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.
8. gaia.– Laneko Arriskuen Prebentzioaren oinarrizko printzipioak. Lege araudia. Enpresan prebentzioa antolatzeko modalitateak. Prebentzio jardueraren kudeaketa.
9. gaia.– Administrazio kontratazioa. Motak: elementuak eta subjektuak, kontratu publikoen xedea eta kausa. Kontratazioaren forma eta kontratistak hautatzeko sistemak. Kontratuak formalizatzea.
10. gaia.– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena.
11. gaia.– Sistema informatikoak: kontzeptu orokorrak. Hardwarea. Ordenagailuaren osagaiak. Periferikoak. Sare Lokalak.
12. gaia.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegia.
13. gaia.– Artxiboa. Kontzeptua. Artxibo motak. Artxiboaren antolaketa. Artxiboa zentralizatzea edo deszentralizatzea. Artxiboen sarbideko eta segurtasuneko arauak. Artxibatze prozesua. Administrazio dokumentuak artxibatzea. UPV/EHUko kudeatzeko artxibo edo bulegoko artxiboari buruzko eskuliburua.
14. gaia.– Sistema eragileak: kontzeptu orokorrak. Fitxategi arakatzailea. Bulegotika sistemak. Bulegotikako aplikazioak: funtzioak eta erabilgarritasunak. Nabigatzaileak eta posta elektronikoa.
15. gaia.– Azaleztatzea: erabiltzen diren teknikak eta horietako bakoitzaren ezaugarriak. Papera: formatuak eta motak. Manipulatuak: gillotinatzea, tolestea, alboz/barnean jarrita elkartzea, jostea, trokelaketa, estanpatzea, glasofonatzea.
RSS