Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2026ko uztailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3393

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, zeinaren bidez agindua eman baita teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen A1 taldean karrerako funtzionario gisa sartzeko hautapen prozesuaren oinarri espezifikoak argitaratzeko.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 14ko Erabakiak onartu egin zuen teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2023ko lan eskaintza publikoa (EHAA, 2023ko abenduaren 22a); 2024ko abenduaren 17ko Erabakiak, 2024ko lan eskaintza publikoa (EHAA, 2024ko abenduaren 26a).

Kontuan izanik Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 52. eta 63. artikuluak, I. tituluko II. kapitulua eta VI. tituluko I. eta II. kapituluak, langileak hautatzeari buruzkoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluko I. kapitulua, eta administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen eta lan kontratuko langileen Negoziazio Mahaien 2025eko irailaren 26ko Akordioa, 2023-2024 LEP deialdiak arautu behar dituzten gutxieneko irizpideei buruzkoa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2026ko uztailaren 15eko bileran deialdi hau onartu ondoren, UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluetan ezartzen den bezala,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Ondoren aipatutako lanpostuaren deialdia egitea, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen A Sailkapen Taldean sartzeko UPV/EHUko karrerako funtzionario gisa, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez, honela banatuta:

– Gestioko Teknikaria Eskalako lanpostu bat (1), Psikologia prozesu espezifikoa, 3. HE, nahitaezkoa, Psikologiako, Pedagogiako edo Psikopedagogiako Graduko edo Lizentziaturako titulazioa izateko eskakizunarekin.

Lanpostu deialdi honen barruan sartu da Generoaren araberako Eraginaren Aldez Aurreko Ebaluazio Txostena.

Bigarrena.– Deialdian parte hartzeko eskakizunak:

Oinarri orokorren 4.2 atalean ezarritako baldintzez gain, kontuan izanik Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 56. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidego eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legea, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskatzen den titulazioa izatea: gradua edo lizentziatura Pedagogian, Psikologian edo Psikopedagogian.

b) Lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, bai eta indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozein ere.

c) Administrazioan sartzeko hautaproben tasak ordaintzea:

Oinarri orokorren 5.2.3) oinarrian ezarritako baldintza betetzeko, tasa ordaindu beharko da 5.1 oinarrian eskariak aurkezteko ezarritako epean, 5.4 oinarrian azaldutako moduan.

Tasen zenbatekoa 20,68 euro dira.

Hirugarrena.– Lehiaketa-oposizio hautapen-sistema.

3.1.– Oposizio fasea: proba teoriko-praktiko bat egingo da.

Proba teoriko-praktikoak 20 puntu izango ditu gehienez, eta 10 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Ariketa bakarra idatzizkoa izango da, eta 100 galderako test motako galdetegi bat bete beharko da (20 erreserba galdera). Lau erantzun posible egongo dira, eta horietatik bakarra zuzena. Galderak aterako dira 700 galderako multzo batetik, eta Erabaki honen eranskinean jasotako programako eduki teorikoei edo praktikoei buruzkoak izango dira (50 gai).

Probak 120 minutu iraungo du eta 0-100 puntuazio eskala batean kalifikatuko da.

Galdera okerrek edo erantzun gabeek ez dute penalizaziorik izango.

Hautapen prozesuetan hautagaiek kontuan hartu beharreko araudia izango da deialdiaren iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean indarrean dagoena.

700 galderen multzoa argitaratuko da ariketa egin baino gutxienez hiru (3) hilabete lehenago.

Azterketa egin ondoren, epaimahaiak galdera bat edo gehiago baliogabetu behar baditu, Erabakian bertan ezarriko du horiek nola ordezkatu, erreserbako galderen bidez, dagokion hurrenkeran.

Fase hau gainditu ahal izango du deialdiko plaza kopurua baino hautagai kopuru handiago batek.

3.2.– Lehiaketa fasea: lehiaketa fasearen kalifikazioan erabiliko da merezimenduen baremoari dagozkion puntuen batura, eta bederatzi (9) puntu lortu ahal izango dira gehien jota.

Merezimenduen baremoak atal hauek izango ditu:

A) Merezimendu profesionalak.

B) Merezimendu akademikoak.

Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango, eta ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.

Oro har, ondoren aipatzen diren merezimenduak baloratuko dira, eta eskaerak aurkezteko epearen amaiera datan egiaztatu beharko dira:

A) Merezimendu profesionalak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik administrazio publikoetan emandako zerbitzuak. Emandako zerbitzutzat hartuko dira bitarteko funtzionario izendapenean jasotako edo egiaztatutako zerbitzu profesionalak.

Zerbitzu betekizunetan emandako zerbitzuak aplikatzean, erreferentziatzat hartuko da hautagaiak hasierako titulartasuna duen lanpostua.

Atal honetan, bederatzi (9) puntu lortuko dira gehienez, irizpide hauen arabera:

a) Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen Laugarren Xedapen Iragankorraren arabera, UPV/EHUn deialdiari dagokion eskalan emandako zerbitzuengatik, 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko, 9 puntu arte.

b) Beste unibertsitate publiko batzuetan deialdiari dagokion eskalan emandako zerbitzuengatik, 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko, 6 puntu arte.

c) Beste erakunde publiko batzuetan deialdiari dagokion eskalan emandako zerbitzuengatik, 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko, 4,5 puntu arte.

Zenbaketa egingo da lan eginiko aldiak batuz, eta behin hori eginda, alde batera utziko dira 30 egun natural baino gutxiagoko frakzioak. Nolanahi ere, lanaldi partzialean aritutako aldiak zenbatuko dira lanaldi osoan eginiko aldi gisa.

B) Merezimendu akademikoak.

B.1.– Titulazio akademikoak: kontuan hartuko dira lortu nahi den lanpostuaren sailkapen taldean sartzeko alegatutakoaz bestelako titulazio akademikoak, 1,5 puntu gehienez, baremo honen arabera:

– Lortu nahi den lanpostuaren titulazio taldean sartzeko eskatzen den beste titulazio bat izateagatik: 0,75 puntu.

Maila handiagoko titulu bat baloratzen denean, ez dira kontuan hartuko hura lortzeko behar diren maila txikiagoko tituluak.

B.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak: gehienez 1,50 puntu, irizpide hauen arabera:

– Frantseseko, ingeleseko edo alemaneko tituluak edo egiaztagiriak, Europako Esparru Bateratuko C1 mailakoak edo hortik gorakoak: 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.

– Frantseseko, ingeleseko edo alemaneko tituluak edo egiaztagiriak, Europako Esparru Bateratuko B2 mailakoak: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

– Frantseseko, ingeleseko edo alemaneko tituluak edo egiaztagiriak, Europako Esparru Bateratuko B1 mailakoak: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hori horrela, kontuan hartuko da UPV/EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordearen 2026ko martxoaren 16ko Erabakia, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetasun taula eguneratzeari buruzkoa, erantsia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2010eko ekainaren 24ko Erabakiari, 2012ko martxoaren 8ko Erabakiari eta 2017ko maiatzaren 22ko Erabakiari edo hura ordezten duen araudiari, eta aintzat hartuko dira ere CRUE eta ACLES erakundeek baliokidetasun tauletan ezarritako gomendioak.

Balorazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.

Laugarrena.– Merezimenduak egiaztatzea.

Merezimenduak egiaztatzeko, interesdunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, oinarri orokorretan ezarritako moduan eta epeetan, dokumentazioa UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzaren esku dagoenean izanik ezik:

4.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egingo dira, baina interesdunek ez dituzte egiaztatu egin beharko. Ofizioz zenbatuko dira.

4.2.– UPV/EHUk hirurtekoen ondorioetarako jada aitortu duenean izan ezik, gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzu denbora egiaztatu egingo da administrazio bakoitzak horretarako ezarrita duen ereduaren bidez. Nolanahi ere, banakatu egin beharko dira lan eginiko aldiak, dagozkien Taldea eta Eskala zehaztuta. Gainera, aurkeztu beharko da ere lanpostuaren edo lanpostuen monografia edo eginkizunen ziurtagiria, kasuan kasuko pertsonaleko zuzendaritzak emandakoa.

4.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, Foru Administrazioan eta Toki Administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, Euskal Administrazio Publikoetako Kidego eta Eskalen arteko baliokidetasuna ezartzen duen uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuaren arabera.

4.4.– Titulazioak egiaztatzeko, aurkeztu beharko da titulua edo titulua emateko eskubideak ordaindu izana egiaztatzen duen agiria; bestela, titulua lortzeko bidean egotea egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa, horretarako proposatua izan ondoren, edo tituluaren jabe dela egiaztatzen duen dokumentu ofiziala, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortu badira.

4.5.– Hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko, aurkeztu beharko dira eskatutako hizkuntzen tituluak edo ziurtagiriak, eta ez da inolako probarik egingo. Kontuan hartuko dira soil-soilik eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortu badira.

Bosgarrena.– Euskara.

5.1.– Dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatzen dutenek ‘Gai’ kalifikazioa jasoko dute.

Seigarrena.– Azken kalifikazioa.

6.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da puntuazioen batura.

6.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak argitaratuko dira UPV/EHUren Lan Eskaintzen Atarian.

Zazpigarrena.– Argitaratuko den erabakiaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa, dagokion Administrazio Auzietarako Epaitegian, bi hilabeteko epean, bi kasuetan kontatzen hasita EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik. Ezingo dira bi errekurtsoak aldi berean egin.

Leioa, 2026ko uztailaren 15a.

UPV/EHUko errektorea,

JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.

ERANSKINA
OPOSIZIO FASEAREN PROGRAMAK
PSIKOLOGIAKO GESTIOKO TEKNIKARIARENTZAKO GAITEGIA

1.– 1978ko Espainiako Konstituzioa: ezaugarriak, egitura eta erreforma. Konstituzio printzipioak. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa. Espainiako Konstituzioaren balio gorenak. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak.

2.– 1978ko Espainiako Konstituzioa: Gorte Nagusiak. Legeak egitea. Nazioarteko tratatuak. Gobernua eta Administrazioa. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak. Estatuaren Lurralde Antolamendua. Konstituzio Auzitegia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskal Autonomia Erkidegoaren aginteak. Ogasuna eta Ondarea. Estatutuaren erreforma.

4.– Europar Batasuneko Zuzenbidea. Erakundeen deskribapen laburra: Europako Kontseilua, Europar Batasuneko Kontseilua, Batzordea, Parlamentua eta Auzitegia. Egintza juridikoak. Erregelamenduak eta Zuzentarauak.

5.– Administrazio Zuzenbidearen iturriak: legea: kontzeptua eta motak. Lege indarra duten arau xedapenak: Lege Dekretuak eta Legegintzako Dekretuak. Erregelamendua. Erregelamendu motak. Erregelamendu ahalaren oinarriak eta mugak. Legez kanpoko erregelamenduak. Lege erreserba eta erregelamendu erreserba.

6.– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

7.– 11/2022 Legea, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa.

8.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Eremu subjektiboa. Prozeduran interesdun direnak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio egintzak. Administrazio prozedura erkidea. Egintzak administrazio bidetik berrikustea: administrazio errekurtsoak. Legegintza ekimena eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahala.

9.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Xedapen Orokorrak. Administrazio Publikoen organoak: administrazio organoak, Eskumena, Administrazio Publikoetako kide anitzeko organoak, Abstentzioa eta Errekusazioa.

10.– 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena: legearen xedea eta aplikazio eremua. Sektore Publikoko kontratuak. Itunak egiteko askatasuna eta kontratuaren gutxieneko edukia. Kontratua burutzea eta kontratuaren forma: kontratazio organoa. Objektua, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, balio zenbatetsia, kontratuaren prezioa eta haren berrikuspena.

11.– Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen araubide juridikoa: 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.

12.– Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra: aplikazio esparrua, afiliazioa eta kotizazioa; ekintza babeslea (aldi baterako ezintasuna eta baliaezintasuna. Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko, haurdunaldi arriskuagatiko eta edoskitzeagatiko baimena. Erretiroa). Muface araubidea eta Klase Pasiboak: aplikazio esparrua, afiliazioa eta kotizazioa; ekintza babeslea (aldi baterako ezintasuna eta baliaezintasuna. Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko, haurdunaldi arriskuagatiko eta edoskitzeagatiko baimena. Erretiroa).

13.– Laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemak unibertsitatean. Prebentzioa kudeaketan txertatzea. Erantzukizunak banatzea. Langileen parte hartzea laneko arriskuen prebentzioan. Ordezkaritza eta partaidetza organoak.

14.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzekoa. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta erantzulea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.

15.– 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeko bideari eta Gobernu Onari buruzkoa.

16.– 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako. Arauaren objektua eta xedea. Printzipio orokorrak. Administrazio araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

17.– 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena.

18.– 2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitate sistemaren eginkizunak eta unibertsitateen autonomia. Unibertsitateen sorrera eta onarpena, eta unibertsitate sistemaren kalitatea. Unibertsitate publikoen araubide juridikoa eta egitura.

19.– 2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitate publikoen gobernantza. Lankidetza, koordinazioa eta partaidetza unibertsitate sisteman.

20.– 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Euskal unibertsitate sistemaren printzipioak, helburuak eta eginkizunak. Unibertsitateen araubide juridikoa. Unibertsitatean erabiltzen diren hizkuntzak.

21.– 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Euskal unibertsitate sistemaren antolakuntza. Kalitatea ebaluatzea eta egiaztatzea.

22.– 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitateko kideak eta irakaskuntza, ikasketa eta ikerketa.

23.– UPV/EHUren Estatutuak: izaera eta helburuak. Unibertsitateko kideak. Unibertsitate jarduera. Egitura. Gobernu organoak. Gizarte Kontseilua. Unibertsitateko Klaustroa. Gobernu Kontseilua. Campuseko Batzarra.

24.– UPV/EHUren Estatutuak: kide bakarreko organoak. Administrazio zerbitzuen egitura. Unibertsitateko ikastegietako eta sailetako gobernu organoak. Sailen esparru arautegia.

25.– Euskal Unibertsitate Sistemaren 2023-2026 Plana. Euskal Unibertsitate Ekosistemaren egitura. Unibertsitate planaren oinarri estrategikoak eta arkitektura, plana ardatzen arabera hedatzea. Planaren gobernantza.

26.– UPV/EHUren 2026/2028 Plan Estrategikoa: Egitekoa, Ikuspegia eta Balioak. Ardatz estrategikoak. Ardatz Nagusia.

27.– UPV/EHUren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana (2024-2028).

28.– Genero indarkerien aurkako UPV/EHUren protokoloa.

29.– INDARTU eta ERALDATZEN programak.

30.– UPV/EHUn pertsona transen eta ez-bitarren izena aldatzeko protokoloa.

31.– Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Gradu, Master eta Doktorego ikasketak. UPV/EHUren eskumen esparrua. Unibertsitatearen beste ikasketa ez-ofizial batzuk eta unibertsitatearen berezko tituluak.

32.– Unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzea. Sartzeko probak eta unibertsitatera sartzeko beste bide batzuk. Unibertsitate publikoetan onartua izateko prozedurak. UPV/EHUren berezko arautegia.

33.– UPV/EHUren arautegiak: Graduko eta Lehen eta Bigarren zikloko ikasketak Kudeatzeko Araudia. UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak. Graduko ikasketetan kredituak aitortzeko eta transferitzeko araudia.

34.– Hezkuntza orientazioa: kontzeptua, printzipioak eta egungo eta etorkizuneko funtzioak.

35.– Orientazio psikopedagogikoko ereduen tipologia eta sailkapenak.

36.– Orientazio arloak: irakatsi eta ikasteko prozesuetan; aniztasunarekiko arretan; arlo profesionalean; eta prebentzioan eta giza garapenean.

37.– Programen araberako esku hartzea orientazio psikopedagogikoan: ezaugarriak eta lantze prozesua (diseinuaren, garapenaren eta ebaluazioaren faseak).

38.– Orientazioaren profesionalak: prestakuntza, rola eta funtzioak.

39.– Unibertsitate orientazioa Europan.

40.– Unibertsitate orientazioa Estatuan: bilakaera historikoa eta orientazio zerbitzuen ereduak.

41.– Aholkularitza funtzioa orientazioan: banakako aholkularitza, aholkularitza instituzionala eta komunitarioa.

42.– Tutoretza ekintza. Orientazioa eta tutoretza goi-mailako hezkuntzan.

43.– Ikuspegi berriak orientazioan: informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak.

44.– Orientazio profesionalen etika profesionala eta kode deontologikoa.

45.– Unibertsitate orientazioa Unibertsitate Ikasleen Estatutuan eta UPV/EHUko Ikasleen Erregelamenduan.

46.– UPV/EHUko ikasleentzako planak: Partaidetza Plana, Kirolarientzako Tutoretza Plana.

47.– UPV/EHUko Ikasleen Argibide Zerbitzua: organigrama, objektua, egitura eta eginkizunak. Beste unibertsitate zerbitzu batzuekiko koordinazioa. UPV/EHUtik kanpoko sare eta erakundeekiko harremana.

48.– UPV/EHUko unibertsitate orientazioaren esku-hartze faseak: unibertsitate aurreko etapa eta unibertsitate etapa. Jardun eremuak eta ildoak.

49.– Desgaitasuna hezkuntzaren eremuan: hezkuntza premia bereziak. Desgaitasuna duten pertsonek goi-mailako ikasketetan.

50.– Desgaitasuna duten pertsonen inklusioa unibertsitateetan, UPV/EHUren Estatutuen arabera.


Azterketa dokumentala