Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2026ko uztailaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
3379

AGINDUA, 2026ko uztailaren 8koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez onartzen diren gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduerak 2026an garatzeko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia.

Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9.1.i) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dio plazak trukatzea dakarten programak betetzea eta pertsona fisiko eta juridikoei, publiko zein pribatuei, dirulaguntzak ematea, lurralde, erkidego eta herrialdeen arteko gazteen mugikortasuna sustatzeko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio gazteriaren eta emantzipazioaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak beste erakunde batzuekin partekatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren eremuan jarduera sustatzeko lana. Horretarako, agindu honen bidez, laguntza eraginkorra emateko bideak ezartzen ditu, pertsona juridiko publiko zein pribatuei, baldin eta beren helburuen artean deialdi honek zehazten dituen eremuetako batean kokatutako jarduera bat garatzea badute.

Gazteen mugikortasuna edo gazte-trukea helburu duten jarduerak garatzen laguntzea Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak planteatzen du, gazteak gizartean integratzen lagunduko duen tresna gisa. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduerak gauzatu ahal izango dituzte, erakunde horiek askatasunez egindako diseinuaren arabera, eta beren ekimen sortzailea mugatu dezaketen muga zorrotzak ezartzea saihestuz.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasota daude Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan, eta gazteen mugikortasuna sustatzearen arloan ezarritako helburuak lortzen laguntzen dute. Plan hori 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen.

Azaldutakoaren arabera, dirulaguntzen araubidea eskuratzeko aukera emango dien laguntza-esparru zabala diseinatu da gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduera bat egin nahi duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko, publiko edo pribatu guztientzat.

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea eta 2026. urtean gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 8a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

I. ERANSKINA
DIRULAGUNTZA HAUEK EMATEKO ERREGIMENA EZARTZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK: 2026. URTEAN GAZTEEN MUGIKORTASUNERAKO EDO GAZTE-TRUKERAKO JARDUERAK ANTOLATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2026an gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea eta dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, ondoren zehazten diren baldintza eta betekizunen arabera.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Lehenengo oinarrian aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta horien guztizko zenbatekoa 175.000 eurokoa izango da.

Hirugarrena.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta bosgarren oinarrian zehazten diren eremuetan sustapen eta zabalkunde jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.

Irabazi-asmorik eza erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da, hargatik eragotzi gabe Administrazioak estatutuen edo bestelako egiaztagirien bidez egiaztatzea.

Laugarrena.– Erakunde onuraduna izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek betebehar hauek izango dituzte:

a) Beren araudi espezifikoaren arabera balio osoz eratuta egotea, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna izanik, aplikagarri zaien ordenamendu juridikoaren arabera.

Forma juridikoaren edo araubide aplikagarriaren arabera, erregistroko inskripzioa eska badaiteke edo hirugarrenen aurrean ondorioak sortzeko edo eskubideak edo onurak eskuratzeko oinarri gisa jarduten badu, erakundea erregistro publiko eskudunean inskribatuta agertu beharko da.

2.– Ezingo dute deialdi honetako laguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean daudenek.

3.– Era berean, eta hargatik eragotzi gabe aurreko apartatuan xedatutakoa, ezingo zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuagatiko bereizkeria eragiten duen ezein jarduerari, ezta sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

4.– Erakunde onuradun izateko eta bertan jarraitzeko, dirulaguntza likidatu arte, erakundeak egunean izan beharko ditu indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Bosgarrena.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak.

1.– Honako eremu hauetan egiten diren jarduera zehatzak eta urteko programak lagundu ahal izango dira:

a) Gazte-taldeen arteko mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduerak.

b) Gazte-taldeen arteko mugikortasunarekin edo gazte-trukearekin loturiko lurraldez gaindiko sustapen, zabalkunde edo prestakuntza jarduerak.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasunerako edo gazte-trukerako jardueratzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko gazte-taldeen artean egiten direnak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izatea.

b) Interes orokorreko gaiak izatea, garrantzitsuak parte hartzaileentzat. Jardueren gai-kontzeptuak argia behar du izan, parte hartzaileek batera lantzeko erakargarria. Gaia adostasunez aukeratu behar da, eta parte hartzaileen interesak eta beharrak bildu behar ditu. Gaia gazte-trukaketaren eguneroko jardueretan islatu behar da.

c) Ikaskuntza ez-formalaren metodoak aplikatzea. Jarduerek gaitasunak eskuratzea edo hobetzea izango dute helburu (ezagutza, trebetasunak eta jarrerak), hartara garapen pertsonala, gizarte-heziketakoa eta profesionala lortzeko, ikaskuntza ez-formal eta informalaren bitartez. Jardueren abiapuntuan, sormena, parte hartze aktiboa eta ekimena (gogo ekintzailea) sustatuko dituen ikaskuntza-prozesua egongo da. Ikaskuntza-prozesu hori mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduera osoan zehar planifikatu eta aztertu behar da: hausnarketarako espazio bat eskaini behar zaie parte hartzaileei, ikaskuntzarekin loturiko esperientziez eta emaitzez gogoeta egiteko.

d) Parte hartzaileen inplikazio aktiboa proiektuan. Eguneroko jarduera-programak eta lan-metodoek ahalik eta inplikaziorik handiena sorrarazi behar dute parte hartzaileen artean, eta ikaskuntza-prozesurako akuilua izan. Parte hartzaileak inplikatuta egongo dira, baita ere, proiektua prestatzeko eta ebaluatzeko faseetan.

e) Parte hartzaileen garapen soziala eta kulturala sustatzea. Jarduerek lagundu egin behar diete parte hartzaileei beren buruan ziurtasuna izaten, horrela esperientzia, jarrera eta jokamolde berriei aurre egiteko; eta lagundu behar diete beren garapen soziala edo pertsonala sendotuko duten trebetasunak, gaitasunak eta ezagutza eskuratzen edo lantzen.

f) Kulturartekotasuna. Mugikortasunerako edo trukerako jarduerek gazteek beste kultura batzuenganako duten sentiberatasun positiboa areagotu behar dute, eta ingurune eta kultura ezberdinetatik datozen gazteen arteko elkarrizketa eta kultura-arteko elkarguneak bultzatu behar dituzte. Horretaz gainera, laguntza eman behar dute aurreiritziak, arrazismoa eta bazterkeriak prebenitzen eta horiei aurre egiten, eta, aldiz, tolerantzia eta dibertsitatearen ulerbideak zabaltzen.

g) Europartasuna eta nazioartekotasuna. Mugikortasunerako edo trukerako jarduerek balio behar dute gazteen hezkuntza-prozesua indartzeko eta haiek bizi diren ingurumari europarrarekiko eta nazioartekoarekiko kontzientziazioa handitzeko.

h) Iraupena. Trukaketa-jarduera bakoitzaren iraupena (bai joanekoa, bai harrerakoa) 6 eta 21 egun artekoa izango da, egun jarraituak alegia. Horretan ez dira zenbatuko prestakuntza-egunak, trukaketaren helmugarainoko bidaia, ezta jarduerak ebaluatzeko fasekoak ere.

i) Parte hartzaileen kopurua. Talde bakoitzetik gutxienez 6 partaide egongo dira, eta gehienez 15. Dena den, gehienezko kopurua beti izango da 60koa. Talde bakoitzak, gainera, monitore bat izango du gutxienez; monitore-kopurua, baina, gehienez ere bat lau pertsonako izango da, salbu eta parte hartzaileren baten beharrizan espezifikoak direla-eta monitore gehiago behar direla justifikatzen bada.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasunarekin edo gazte-trukearekin loturiko sustapen, zabalkunde edo prestakuntza jardueratzat hartuko dira EAEn egiten diren mintegi, prestakuntza-ikastaro edo zabalkunde-kanpainak, baldin eta hartzaileen artean etorkizunean bestelako mugikortasun edo truke proiektuak egiteko xedea badute. Jarduera horiek lurraldez gaindikoak izango dira, hau da, Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko hartzaileak izango dituzte jomuga. Hori dela eta, ustekabe hutsez Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.

4.– Eskaera batean berez izaera aldetik ezberdinak diren jarduera bat baino gehiago sartzen badira, banaka-banaka adierazi beharko da zeintzuk diren jarduera bakoitzaren helburuak, hartzaileak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua. Horretarako, izaera aldetik ezberdintzat joko dira, xede edo hartzaile ezberdinak dituzten jarduerak ez ezik, finantzabide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak ere.

Seigarrena.– Dirulaguntzaren helburutik kanpo dauden jarduerak.

Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Ikasketa akademikoetarako bidaiak.

b) Etekin ekonomikoa bilatzen duten elkartruke-jarduerak.

c) Turismotzat jo daitezkeen elkartruke-jarduerak.

d) Jaialdietan parte hartzea edo bertaratzea.

e) Opor-bidaiak.

f) Hizkuntza-ikastaroak.

g) Ikuskizun-birak.

h) Eskola-elkartrukeak.

i) Kirol-lehiaketak.

j) Erakundeen arauzko bilerak.

k) Bilera politikoak.

l) Auzolandegiak.

m) Autofinantzaketa kostu osoaren % 20 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 20 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko da administrazio publikoak partaide ez dituzten erakunde pribatuek emandako diru-ekarpenak.

n) Gainfinantzaketa ezabatze aldera eskatutako diru-kopurua zuzentzearen ondorioz kopuru hori erabat desagertzen denean. Gainfinantzaketatzat hartuko da aurreikusitako gastuak gainditzen duen aurreikusitako diru-sarreren zatia (eskatutako dirulaguntza guztiak barne).

o) Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-programa, non egingo diren, egikaritze-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.

Zazpigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izan ahal izango.

2.– Gazteen arteko mugikortasunerako edo gazte-trukerako jardueretan, honako gastu hauek baino ez dira diruz lagunduko:

a) Eskaera egiten bada bakarrik gazteak Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetara bidaltzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira EAEko gazte taldeari dagozkion bidaia-gastuak, jarduerak prestatzeko eta egitekoak, eta proiektua gauzatzen den tokiko ostatu eta mantenu gastuak.

b) Eskaera egiten bada bakarrik Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira gazte haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak, eta ostatu eta mantenu gastuak ere.

c) Eskabide berean EAEko gazte-talde bat kanpora bidaltzeko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko laguntza eskatzen denean, diruz laguntzeko modukotzat joko dira bai EAEko gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak bai Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak Euskadin hartzeko gastuak, alegia, haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak eta ostatu eta mantenu gastuak.

d) Aurreko hiru kasuetan, honako muga hauek hartuko dira kontuan:

d.1.– Bidaia-gastuak direla eta, jatorrizko herrialdetik jarduerak egiten diren tokirainoko joan-etorriko bidaia hartuko da aintzat, eta bitarte eta tarifa merkeenak erabiliko dira.

d.2.– Jarduera prestatzeko eta egiteko gastuei dagokienez, gaueko gehieneko kopurua 125 eurotan ezartzen da gazte parte hartzaile bakoitzeko.

d.3.– Ostatu eta mantenu gastuei dagokienez, pertsonako eta gaueko gehieneko kopuru bat ezartzen da, jarduera egiten den herrialdearen arabera, Agindu honen V. eranskineko taulan xedatutakoaren arabera.

3.– Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean eta berreskuratu edo konpentsatu ezin badira.

4.– Ez da laguntzarik emango erakunde eskatzailearen zeharkako gastuetarako edo egitura-gastuetarako.

5.– Halaber, ez da laguntzarik emango inbertsio-gastuekin lotutako diru-kopuruak ordaintzeko.

6.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko zereginaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.

7.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak kontratatzeari dagokionez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa sektore publikoko kontratazioaren araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoetara iristen bada edo zenbateko hori gainditzen badu, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko, hornitzeko edo materiala entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina erakunderik ez badago, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean. Gainera, eskaintzak justifikazioan aurkeztu beharko dira.

8.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, balorazio batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

9.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, eta inola ere ezin izango da dirulaguntzaren xede den jarduera pertsona edo erakunde hauekin azpikontratatu:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko debekuren baten eraginpean dauden pertsona edo erakundeak.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko bestelako dirulaguntzak jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen dituztenak, ordainketa hori egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatu-balioaren arabera justifikatuta ez badago.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsonak edo erakundeak, egoera hauetan izan ezik:

d.1.– Organo emailearen aldez aurreko berariazko baimena lortzea, arrazoitutako ebazpen baten bidez.

d.2.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberak bete beharko dira.

e) Deialdi eta programa berean dirulaguntza eskatu eta baldintzak ez betetzeagatik edo behar besteko balorazioa ez lortzeagatik dirulaguntzarik jaso ez duten pertsonak edo erakundeak.

Zortzigarrena.– Dirulaguntzen izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak jasotzen dituena, eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102413

3.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

5.– Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» erabiliz egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Bederatzigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidearen edukia II. eranskinean dago, eta hamargarren oinarrian adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen ditu. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioan beteko da.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu erakunde onuradun izateko baldintzak eta inguruabarrak, eskura dauden elkarreragingarritasun-sistemen bidez, besteak beste, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagozkionak, bai eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatutako ordezkaritza ere.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz egin dezake egiaztapen horren aurka; kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuaren inguruko memoria zehatza, programaren edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne. Memoria horren edukia III. eranskinean dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioan beteko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0102412

b) Erakundea dagokion erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiri eguneratua.

c) Beren izaera juridikoaren arabera dagokien erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia, baldin eta inskripzio hori nahitaezkoa bada beren araudi espezifikoaren arabera eratzeko.

Erakunde eskatzaileak lehenago aurkeztu badu dokumentazio hori Administrazio honetan eta indarrean badago, ez da beharrezkoa izango berriro aurkeztea, betiere dagokion prozedura amaitu zenetik 5 urte baino gehiago igaro ez badira. Kasu horretan, administrazioak ofizioz egiaztatuko du. Horretarako, nahikoa izango da agiri horiek zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren edo, hala badagokio, zein organo edo bulegotan eman ziren adieraztea.

3.– Halaber, proiektua hobeto baloratzeko, erakunde eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentazio osagarri aurkeztu ahal izango da.

4.– Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

Hamargarrena.– Erakunde eskatzailearen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskaera aurkezteak organo kudeatzaileri baimena ematea ekartzen du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen automatikoki egiaztatzeko, eskatzaileak baimen hori emateari berariaz uko badio salbu. Kasu horretan, onuradunak Ogasun administrazio-erakundeek eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da laguntza edo dirulaguntza emateko onarpen-proposamena eman aurretik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 5.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

2.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu ordez, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo da:

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako batean ere ez egotea.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta deialdia ebazteko unean izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea. Bestela, dagokion prozedura edo prozedurak adierazi beharko dira.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrean egunean egotea.

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen jarduerarik ez egitea, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik jaso ere, zehapenean ezarritako aldian.

– Berdintasun-plan bat eduki behar ez izatea.

– 50 langiletik gorako enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluak xedatutakoarekin bat.

– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu betekizunak, salbu eta eskatzaileak berariaz uko egiten badio egiaztapen horri; kasu horretan, betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, erakunde eskudunek emanak. Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu baldintza hauek:

– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra ez urratzea, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ez urratzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

Hamaikagarrena.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez. Zuzenketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» ren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidea aurrez aurre eta paperean aurkezten bada, interesdunari adieraziko zaio elektronikoki aurkeztu behar duela.

Hamabigarrena.– Dirulaguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Deialdi honi norgehiagokako prozeduraren lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Dirulaguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, hamalaugarren oinarrian ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, balorazio batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:

100 x (puntu kopurua-40) / 20

Lortutako puntu-kopurua 60 edo gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da hamabosgarren oinarrian dirulaguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa.

Lortutako emaitza zenbaki hamartarra bada, hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.

2.– Dirulaguntzak emateko egiten duen proposamenean, balorazio batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu banaturik. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, balorazio batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

Hamahirugarrena.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Hauek osatuko dute Batzordea:

– Batzordeburua: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako arduraduna edo teknikaria.

– Batzordekidea: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako arduraduna edo teknikaria.

– Idazkaria: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria.

Uneoro errespetatuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak 3.10 artikuluan «ordezkaritza orekatua» xedatutakoa.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.– Hamabosgarren oinarrian ezarritako balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak ebaluazio-txosten bat aurkeztuko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari, hau da, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari.

Hamalaugarrena.– Balorazio-irizpideak.

Eskabideek lortzen duten puntuazioa, 12.1 oinarrian aipatua, jarraian adierazten diren irizpideak aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:

1.– Erakunde eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, eskatzailearen baliabideak portzentaje handiagoan baloratuko dira, ondorengo eran, gehienez ere 10 puntu:

1.1.– % 20etik % 40ra bitarteko autofinantzaketa, 0 puntu.

1.2.– % 40tik gorako eta % 60ra bitarteko autofinantzakeeta, 5 puntu.

1.3.– % 60tik gorako autofinantzaketa, 10 puntu.

2.– Programa edo jardueraren egokitasuna. Programa edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden eta gazte onuradunen beharren azterketan oinarrituta dauden hartuko da kontuan. Gehienez ere 5 puntu.

3.– Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren kalitatea. Proposatzen den proiektuaren fase guztien (prestakuntzaren, jardueren eta ebaluazioaren) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea hartuko dira aintzat, bai eta nahi diren emaitzak lortzeko metodologia egokia erabil dadila ere, edota proiektuaren xedeen, proposatzen diren jardueren eta jarduerak egiteko aurrekontuaren artean koherentzia egotea ere. Era berean, gazte parte-hartzaileen babesa eta segurtasuna ziurtatuko dituzten neurri zehatzak egotea ere kontuan hartuko da, eta proiektua bera zein proiektuaren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen azken ebaluazio-prozesua egotea. Gehienez ere 25 puntu.

4.– Euskararen erabilera programa edo jarduera garatzean, bai giza-baliabideen alorrean bai baliabide materialen alorrean. Gehienez ere 12 puntu:

4.1.– Proiektuaren garapenean ez dago euskararen erabilera bermatuko duen berezko neurririk, 0 puntu.

4.2.– Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50etik beherakoa izatea, gehienez ere 2 puntu.

4.3.– Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50a izatea, gehienez ere 5 puntu.

4.4.– Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50etik gora eta % 100etik behera izatea, gehienez ere 10 puntu.

4.5.– Proiektua bere osotasunean euskaraz garatzen da, gehienez ere 12 puntu.

5.– Generoaren ikuspegia, hots, proiektuaren garapenean sistematikoki aintzat hartzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak, ezberdintasunak ezabatzera eta berdintasuna sustatzera zuzendutako helburu eta jarduketa zehatzak txertatuz. Gehienez ere 12 puntu.

6.– Jardueren parte-hartzaile eta onuradunen gutxi gorabeherako kopurua eta profila. Horretarako, jardueren parte-hartzaile eta onuradunen kopurua baloratuko da, bai eta aukera gutxien dituzten gazteek horietan parte hartzea ere; hau da, egoera sozial, ekonomiko, hezitzaile, kultural edo geografiko ahuleko gazteek, edo jarduerak egitea eragozten ez dien desgaitasunaren bat duten gazteek. Gehienez ere 15 puntu.

7.– Proiektuaren inpaktua eta zabalkundea. Proiektuak parte-hartzaileengan, erakundeetan eta garatuko den inguruan eduki dezakeen inpaktua baloratuko da, edota emaitzak zabaltzeko nahiz ustiatzeko aurreikusten diren neurrien egokitasun eta kalitatean. Gehienez ere 6 puntu.

7.1.– Proiektuaren inpaktua eta emaitzak zabaltzeko eta ustiatzeko neurriak ez dira garatzen, 0 puntu.

7.2.– Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena proiektuan jasotako jardueretan parte hartzen duten pertsonentzat baino ez dira, gehienez ere 2 puntu.

7.3.– Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena parte-hartzaileen eremutik gorakoa da, eta oro har, gazteen kolektiboari edo gazteriaren eremuan jarduten duten beste erakunde batzuei eragiten die, gehienez ere 4 puntu.

7.4.– Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena herritar guztiengana iristen da, gehienez ere 6 puntu.

8.– Proposamenaren irismena: baloratuko da jarduerak zenbateraino lagun dezakeen Europako kide izatearen sentimendua indartzen, bai eta gazteen ikaskuntza informala indartzen ere, jarduera-tipologiaren araberako lehentasun honen arabera:

8.1.– Gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduera, bidalketa eta harrera barne: 15 puntu.

8.2.– Gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako soilik joaneko jarduera: 12 puntu.

8.3.– Harrerako gazteen mugikortasunerako edo gazte-trukerako jarduera: 8 puntu.

8.4.– Gazteen mugikortasunarekin edo gazte-trukearekin lotutako zabalkunde- edo prestakuntza-jarduerak: 3 puntu.

Hamabosgarrena.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Onartutako aurrekontuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 80era artekoak izan ahalko dira deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak, baina inola ere ezingo dute ehuneko hori gainditu.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean erakunde eskatzaile bakoitzari emandako dirulaguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.

Hamaseigarrena.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza edo diru-sarrerekin, betiere 6.m) oinarrian aurreikusitako autofinantzaketa-muga errespetatuta eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzea.

Aurkeztutako espedienteak eta Balorazio Batzordeak egindako txostena aztertu ondoren, Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.

Behin-behineko ebazpen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta, hala badagokio, 10 egun balioduneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

Epe hori igaro eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, eta erakunde interesdunei jakinaraziko die.

Epe horretan ezer jakinarazi ez bada, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.

Hamazortzigarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Behin ebazpen-proposamena onartu ondoren, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea izango da dirulaguntzak emateko ebazpena emango duen organoa.

Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez egingo dira.

Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira erakunde onuradunen zerrenda eta emandako laguntza, denek jakin dezaten.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Lehenengo kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuradunen identitatea eta bakoitzari esleitutako dirulaguntza osoaren zenbatekoa. Ukatutakoen kasuan, ukatzeko arrazoiak jasoko dira.

3.– Sei hilabeteko epea amaituta, erakunde interesdunak ez badu jakinarazpenik jasotzen, bere uzia administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

4.– Emakidaren ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Hemeretzigarrena.– Dirulaguntza jasotzen duten erakundeen betebeharrak.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebehar orokorrak bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza berariaz onartzea 5 egun balioduneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

b) Dirulaguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

d) Agindu honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonak edo erakundeak behartuta dira Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta dirulaguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, zeintzuk Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko baitute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Betebehar honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta dirulaguntza jasotzen duten erakundeak, baita dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

e) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari.

f) Diruz lagundutako jarduketa, programa edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

2.– Administrazioak dirulaguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuna Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota egon beharko da.

Erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, helbide honetan https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Hogeigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa emandako dirulaguntzaren ehuneko berrogeita hamarrekoa izango da, eta ordainketa aurreratua izan daiteke, diruz lagundutako jarduera gauzatzea bideragarria dela bermatzeko beharrezkoa denean.

Erakunde onuradunen hasierako finantzaketa erraztu beharra dago ordainketa hori aldez aurretik egiteko, baldin eta erakunde horiek, beren izaera edo ahalmen ekonomikoa dela-eta, ez badute baliabide nahikorik diruz lagundutako jarduerak gauzatzearen ondoriozko kostuei aurre egiteko.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.3 artikuluan aurreikusitako ordainketa aurreratuen salbuespenezko izaera kontuan hartuta, organo kudeatzaileak aurrerakin hori modulatu ahal izango du erakunde onuradunaren ezaugarrien eta finantza-gaitasunaren arabera, eta, hala dagokionean, konturako ordainketekin ordeztu ahal izango da, egindako gastua justifikatu ondoren.

b) Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzaren erabilera Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzan justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa, hurrengo oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, dirulaguntza ordainketa bakar batean ere eman ahal izango da, hamazortzigarren oinarrian aipaturiko Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearen ebazpenaren ondoko bi hilabeteetan, betiere eskabidearekin batera aurkezten bada jardueraren aurrekontuaren exekuzioa egiaztatzen duen dokumentazioa, Agindu honen 21. oinarrian xedatutako eran justifikatuta.

Hogeita batgarrena.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere 2027ko urtarrilaren 6a baino lehen, dirulaguntzen erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta:

a) Justifikazio-kontu erraztua, honako informazioa jasoko duena: buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontua eta diruz lagundutako jarduerari dagokion gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontuan zehaztuta jasoko dira diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzak. Era berean, gastuen zerrenda sailkatuan hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen- eta ordainketa-data jasoko dira. Justifikazio-kontu erraztuaren eredua, bere edukia IV. eranskinean jasota dagoena, euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102412

b) Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren zuriketarako inprimaki-eredua erabilita. Inprimakia eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102412

3.– Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak jarraian zehazten den laginketa-prozedura aplikatuz hautatutako diruz lagundutako proiektuen gastu-egiaztagiriak egiaztatuko ditu. Laginketa egiteko, diruz lagundutako proiektuen zerrenda alfabetikoki ordenatuko da, erakunde onuradunen izenaren arabera, eta zenbaki korrelatibo bat esleituko zaie. Diruz lagundutako proiektuari esleitutako zenbakiaren azken digitua Agindu hau argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren zenbakiaren azken digituarekin bat datorrenean, erakunde onuradunek hautatutako proiektuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte (adibide gisa, Agindua 234 zenbakia duen aldizkarian argitaratzen bada, 4., 14., 24., 34. eta abarren zenbakiak esleitu zaizkien diruz lagundutako proiektuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkezteko eskatuko da).

Hogeita bigarrena.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira – betiere dirulaguntzaren helburua bete bada – edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituz.

Zenbatekoak berregokitzeko, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da, eta kontuan hartuko da betetze-maila nabarmen hurbiltzen dela erabateko betetzera, eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzen dutela beren konpromisoak betetzeko jardun bat izan dutela. Kasu horretan, helburu partzialak edo jarduera zehatzak betetzen ez badira, horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia itzuli beharko da soilik.

Hogeita hirugarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako beste edozein ez-betetze.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez. Honela, helburu partzialen edo proiektuaren jarduera zehatzak ez betetzeak, beraiei zuzendutako dirulaguntzaren zatia itzultzea ekarriko du.

4.– Dirua itzultzeko prozedura hasten bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, prozedura hasteko erabakiak eragindako dirulaguntzari dagozkion ordaintzeke dauden zenbatekoen igorpenak etetea ekarriko du.

Hogeita laugarrena.– Datu pertsonalak.

Diruz lagundutako jarduerak datu pertsonalen tratamendua badakar, dirulaguntzaren onuraduna izango da tratamenduaren arduraduna, eta berak bete beharko ditu arau hauetan xedatutakoa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteko 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua –45/96/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena– eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta hura garatzeko araudian xedatutakoa. Dirulaguntzaren onuradunaren betebeharren artean sartzen da arriskuari egokitutako segurtasun-maila bermatzeko neurri tekniko eta antolakuntzakoak aplikatzeko betebeharra, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Gazteriako laguntzak eta dirulaguntzak.

• Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

• Helburua: Gazteriaren arloan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzak izapidetzea eta ematea.

• Legitimazioa:

* Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

* Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

• Hartzaileak:

* Ekonomia eta Ogasun Saila (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa).

• Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

• Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ID: 1247

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala