
143. zk., 2026ko uztailaren 29a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (2342 KB - 268 orri.)
- EPUB (16349 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3368
84/2026 DEKRETUA, ekainaren 2koa, zeinaren bidez onartzen baita 2026ko Urteko Estatistika Programa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Estatistika Plana da jarduera hori aldi batez antolatzeko tresna. Gaur egungo plana azaroaren 9ko 10/2023 Legearen bidez onartu zen (10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa), eta barnean hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak 2023-2026 aldian egin beharreko eragiketa estatistikoak.
Apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 7. artikuluan xedatzen du urteko estatistika-programak direla plana garatzeko eta gauzatzeko tresnak, eta Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu behar direla. Programa horiek zerrenda batean biltzen dituzte eragiketa estatistikoak eta izaera horretako beste jarduketa batzuk, eta aipatutako legearen 7.4 artikuluan zehazten diren ezaugarriak jasotzen dituzte eragiketa horietako bakoitzari buruz, banakako fitxetan jaso ere.
Era berean, 4/1986 Legearen 7.3 artikuluak dioenez (azaroaren 9ko 10/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren zortzigarren puntuak aldatu zuen apartatu hori), plana garatzeko eta gauzatzeko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartzen diren urteko estatistika-programek arau-izaera dute.
4/1986 Legearen 7.1 artikuluak aukera ematen dio Jaurlaritzari planean aurreikusi gabeko eragiketak sartzeko urteko estatistika-programetan. Bada, artikulu horren babesean, hasiera batean 2023-2026 aldirako Euskal Estatistika Planean sartu gabeko bi eragiketa estatistiko erregulatu dira: bata, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak proposatuta (069041 – Adinekoentzako egoitza-zentroetako kalitate-adierazleei buruzko estatistika), eta, bestea, Segurtasun Sailak proposatuta (080103 – Delitu-estatistikak).
Bestalde, sektore publikoko informazioa aparteko datu-iturria da, eta, datu horiei esker, aukera egon daiteke merkatu bakarra hobetzeko eta pertsona fisiko eta juridikoentzako aplikazio berriak garatzeko. Datuak adimenez erabiltzeak, adimen artifizialeko aplikazioen bidezko tratamendua barne, aldakuntzak eragin ditzake ekonomiaren sektore guztietan.
Datu irekiei eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko (EB) 2019/1024 Zuzentarauak adierazten du balio handiko datu-multzoen zerrenda bat izateak onura sozioekonomiko handiak sortzen dituela. Balio handiko datu-multzoen zerrenda ezarriz, batez ere bermatu nahi da potentzial handieneko datu publikoak erabiltzaileen eskura jartzen direla, berrerabil ditzaten.
Batzordearen 2022ko abenduaren 21eko 2023/138 Exekuzio Erregelamenduak balio handiko datu-multzo espezifikoen zerrenda bat ezartzen du; eranskinean zehaztutako gaikako kategorien barruan sartzen dira, eta horien artean daude datu estatistikoak, 4. apartatuan. Dekretuaren 3.4 artikuluan zehazten da zein diren Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez eskuragarri egon beharko duten balio estatistiko handiko datuak.
Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluan agindutakoa betez, Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak landu du 2026ko Urteko Estatistika Programaren proiektua. Proiektuaren edukia Euskal Estatistika Kontseiluak aztertu du, eta Euskal Estatistika Batzordeak, bestalde, apirilaren 23ko 4/1986ko Legearen 34.b) artikuluak aipatzen duen nahitaezko txostena eman du.
Horren ondorioz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 2an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– 2026ko Urteko Estatistika Programa onartzea.
4/1986 Legearen 7. artikuluak xedatu duenarekin bat etorriz, 2026ko Urteko Estatistika Programa onartzen da, zeina dekretu honen eranskin gisa doan eragiketa-multzoak osatzen baitu.
2. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, dekretu honen IV. eranskineko eragiketa estatistiko bakoitzaren fitxan informatzaile gisa ageri direnek nahitaez bete behar dituzte 2026ko Urteko Estatistika Programan sartutako estatistikak.
3. artikulua.– Estatistika ofizialen emaitzak argitaratzea eta zabaltzea.
1.– 2026ko Urteko Estatistika Programan sartzen diren estatistiken emaitzak Eustat – Euskal Estatistika Erakundearen web-zerbitzarian argitaratu eta zabalduko dira, gutxienez. Gainera, sail bakoitzaren eskumeneko estatistiken emaitzak sail horien atarietan argitaratu eta zabalduko dira, Eustat – Euskal Estatistika Erakundeari edukiaren berri eman eta gero.
2.– Eragiketa estatistiko bakoitzaren ardura duen organismoak Eustat – Euskal Estatistika Erakundera bidali behar ditu lortu dituen emaitza nagusiak; bidali ere, argitaratzen diren egunean.
3.– Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du emaitza horiek badaudela adierazten duen iragarkia.
4.– 4/1986 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren balio handiko datu estatistikoak –10/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren hogeita bigarren puntuak aldatu zuen xedapen gehigarri hori (azaroaren 9ko 10/2023 Legea, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa)– zehaztuta daude Batzordearen 2022ko abenduaren 21eko (EB) 2023/138 Exekuzio Erregelamenduaren 4. eranskinean (Estatistikak), eta datu horiek, baldin eta aldagaiak egokiak badira Euskal Autonomia Erkidegorako, Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak zabalduko ditu bere datu estatistikoen bankuan, aplikazioen programazio-interfazeen bitartez, eta, hala badagokio, deskarga masiboaren bidez. Batzordearen erregelamendu horren bitartez, balio handiko datu-multzo espezifikoen zerrenda bat eta haiek argitaratzeko eta berrerabiltzeko modalitateak ezartzen dira. Xehatuko den lurralde-desagregazioa izango da Euskal Autonomia Erkidegokoa, lurralde historikoetakoa eta, hala badagokio, lurralde historikoa baino txikiagoak diren eremuen araberakoa.
Sailetako estatistika-organo espezifikoak lankidetzan arituko dira Eustat – Euskal Estatistika Erakundearekin, balio handiko estatistika-datuen zerrenda hori lantzeko.
4. artikulua.– Eustat – Euskal Estatistika Erakundeari informazioa ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako organismoek estatistikarako informaziorik emanez gero Estatuko Administrazio Orokorreko organismoei eta sektore publiko instituzionalari, emandako informazioaren kopia bat bidaliko diote Eustat – Euskal Estatistika Erakundeari.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Indarraldia.
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta 2026ko abenduaren 31ra arte izango du indarra.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia luzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, programa honen indarraldia amaitzen denerako onartu gabe badago urteko estatistika-programa berria, luzatutzat joko da, besterik gabe, programa berria indarrean jarri arte, salbu eta ezarritako epeak edo aldiak direla-eta kanpoan utzi beharreko estatistika-jarduketak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 2an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
RSS