
142. zk., 2026ko uztailaren 28a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (995 KB - 95 orri.)
- EPUB (3174 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3357
116/2026 DEKRETUA, uztailaren 14koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoko funtzionarioen lanpostuen zerrenda onartzen duen dekretua.
Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, besteak beste ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez eta maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez (dekretu horiek aldatzen dituzte funtzionarioentzat eta langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrendak, hurrenez hurren, batzuen zein besteen analisi funtzionalak egiteko prozesuak amaitu eta gero).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legea argitaratu zen 2021eko azaroaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
7/2021 Legeak xedatzen dituen kidego eta eskaletarako lanpostuen egokitzapena egin zen, zeina gauzatu baitzen maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartutako LPZan. Dekretu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioen lanpostu-zerrenda, eta 2022ko maiatzaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
Uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez onetsi zen Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa. Erabaki horrek 2021eko urriaren 1etik aurrera izan ditu ondorioak.
Eskualdatze hori indarrean sartutakoan, trantsizio-aldia hasi zen, zeina amaitu baita, langileak Euskal Autonomia Erkidegoko kidego eta eskala propioetan txertatu eta lanpostuen zerrenda onartu ondoren eta EAEko Espetxe Administrazioan zerbitzua ematen duten langileen baldintza espezifikoak mahai delegatuan negoziatu ondoren. Negoziazio horri amaiera eman zitzaion Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 10eko 102/2025 Ebazpenarekin, zeinak xedatzen baitu argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialaren Akordioa, EAEko espetxe-administrazioan zerbitzua ematen duten langileen ordutegien eta lan baldintza espezifikoen gainekoa. 102/2025 Ebazpena 2026ko urtarrilaren 5ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
EAEko espetxe-administrazioko langileentzat adostutako ordutegiak eta lan-baldintza espezifikoak txertatu ahal izateko, indarrean den lanpostuen zerrendaren aldaketa egin behar da ex lege.
Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak; beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetuta, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak aldian-aldian sartu behar dira lanpostu-zerrendetan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. eta 46. artikuluetan agindutakoa betetzeko.
Horiek horrela, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko uztailaren 14an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketa onartzea. Zerrenda hori dekretu honen eranskinean jasotzen da, eta maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu zen, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko dekretuaren bidez. Zehazki, aipatutako lanpostu-zerrendaren aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialaren Akordioaren 5.1.1, 5.2 eta 5.3 artikuluetan adierazten diren lanpostuari lotutako osagarriak jasotzen ditu, EAEko Espetxe Administrazioan zerbitzuak ematen dituzten langileen ordutegiei eta lan-baldintza espezifikoei dagokienez, aipatutako erabakiaren 5.4 artikuluan jasotzen den legezko agindua betez.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Ondorio ekonomikoak.
Erabaki horren 5. artikuluan jasotako osagarrien zenbateko ekonomikoak 2025eko apirilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko uztailaren 14an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS