
141. zk., 2026ko uztailaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (282 KB - 21 orri.)
- EPUB (758 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3328
117/2026 DEKRETUA, uztailaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren sailetako eta organismo autonomoetako langile funtzionarioen eta lan-kontratukoen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak aldaraztekoa.
Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta langile lan-kontratukoentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, besteak beste, honako hauen bidez: Funtzionarioentzat eta langile lan-kontratukoentzat, hurrenez hurren, gordetako lanpostuen zerrendak aldatzen dituzten ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eta maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez (kolektibo horietan analisi funtzionalak egiteko prozesuen ondoriozko aldaketak); Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez, eta apirilaren 11ko 73/2017 Dekretuaren bidez. Apirilaren 11ko dekretu horren bidez, Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoko lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatzen dira; lanpostuak baloratzeko prozesuaren ondoriozkoa da dekretu hori, zeina egin behar izan baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Salaren 2016ko urtarrilaren 26ko epaia exekutatzeko (23/2015 zk. Autoetan emana).
Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak; beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetuta, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak aldian-aldian sartu behar dira lanpostu-zerrendetan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. eta 46. artikuluetan agindutakoa betetzeko.
Horiek horrela, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko uztailaren 14an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Ontzat ematea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, zeinak dekretu honen I. eranskinean baitaude eta, maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu ziren, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko dekretuaren bidez.
Bigarren artikulua.– Ontzat ematea langile lan-kontratukoentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, zeinak dekretu honen II. eranskinean baitaude, hots, apirilaren 11ko 73/2017 Dekretua aldatzeko dekretuaren II. eranskinean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko uztailaren 14a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS