
138. zk., 2026ko uztailaren 22a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 9 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3299
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Ana egoitza handitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2026ko martxoaren 9an, Zarauzko Udalak eskabidea egin zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Ana egoitza handitzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko apirilaren 10ean eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Zarauzko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak jasotzen du, zehazki, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 2.c) epigrafea aplikatuko dela, honi dagokionez: «Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenak».
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.
Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Ana egoitza handitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 2 1 (OC Santa Ana egoitza) arean dago, Zarautzen (Gipuzkoa), eta 2.643 m2-ko azalera du. Zarauzko Plan Orokorra behin betiko onetsi zen Udalbatzaren 2008ko otsailaren 13ko erabakiaren bidez; eta 2008ko martxoaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Iparraldean parke publikoa du mugakide, ekialdean San Inazio kalea, mendebaldean espazio libre urbanizaezina, eta hegoaldean Aldapena eremuko bizitegi-erabilerako eraikinak. Lurzatiaren kalifikazioa hiru-lurzoruarena da San Inazio kalea 2 helbidean, eta sarbide zuzena du bide horretatik.
1983an eraiki zenetik, Santa Ana Zahar Egoitzan ondoz ondoko jarduketak egin dira araudira eta laguntza-beharretara egokitzeko: 2001ean bi solairu handitzea, 2007an irisgarritasun-araudira egokitzea, Psikogeriatria unitatea sortzea, 2016a eta 2018a bitartean beheko solairua berrantolatzea, eta 2020an Aldapeta gunea egokitzea eta konexio-galeria eraikitzea.
Planaren helburua da Zarauzko Santa Ana hirugarren adinekoentzako laguntza-ekipamendua handitzea, indarreko araudia betetzeko (126/2019 Dekretua), eraikigarritasun fisiko handiagoa izan dezan eta antolamendu-irizpide batzuk errespetatuta:
Partzelaren egungo okupazio handiaren eraginez, ezin da zentroa gehiago handitu. Hortaz, proposatzen da, bigarren fase batean, programa gainjartzea kaperaren bolumenaren gainetik; hau da, egoitza eremu horretan handitzea, «Kapera» proposamenaren bidez.
Beharrezkoa den eraikigarritasunaren areagotzea 2.605 m2-koa da, honela banatuta: 81 m2 I. fasean, 1.796 m2 II. fasean eta 728 m2 III. fasean. Horrek, 2017ko Xehetasun Azterketan aitortutako eraikigarritasunarekin batera, justifikatu egiten du plan berezi hau idaztea.
Egungo eraikina handitzeko bi fase proposatzen dira, eta hirugarren fase bat egiteko aukera baldintzatuta geratuko litzateke araudiaren etorkizuneko aldaketetara.
Eraikina ustezko zona arkeologikoko kultura-ondasun gisa deklaratuta dago (1997-10-30eko EHAA, 208 zk.), Erdi Aro ondoko (XVI. mendea) garaiko ospitale zaharra baita. Adierazpen horren ondorioz, azterlan arkeologiko bat egin behar da eremuaren balioa eta aurreikusitako lanek izango duten eragina ebaluatzeko, eta Udalaren kontserbazio-katalogoetan sartu behar da indarreko hirigintza-araudiarekin bat.
Eraikinetik irispidea dago beharrezkoak diren hiri-zerbitzu guztietara. Hortaz, handitzea partzelan dauden harguneetara konektatuko da, kanpoko sare berririk eraiki behar gabe.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak 0 alternatiba baztertzen du, ez baitu ahalbidetzen egoitza egokitzea 126/2019 Dekretuaren eskakizunetara; izan ere, alternatiba hori bere horretan mantentzean datza, beharrezkoak diren berritzea eta handitzea egin gabe.
Partzelaren eta eraikinaren ezaugarriak kontuan hartuta, jarduketa-alternatiba bakar bat aztertu da (1. alternatiba). Horren bidez, eraikigarritasuna handituko da araudia eta ekipamenduaren beharrak bete ahal izateko, behar bezalako hirigintza-integrazioa eta integrazio funtzionala bermatuta.
1. alternatiba, jarduketa-aukera gisa hautatutakoa, hiru egikaritze-fase bereizitan egituratzen da:
1. fasea: barruko espazioen birkonfigurazio funtzionala eta eraikuntzakoa, eta eraikitako bolumena handitzea bigarren solairua altxatuta; horiek horrela, 58 m2 gehituko dira dagoen terrazaren gainean, eta hirugarren solairuko terraza itxiko da (23 m2). Beharrezkoak diren egokitzapen guztiak egingo dira indarreko araudia bermatzeko.
2. fasea: kaperaren eraikina eraitsi eta bolumen berri bat eraikiko da. Azken horrek, sotoko solairua, beheko solairua eta sestra gaineko hiru solairu izango ditu. Horren bidez, 1.796 m2-ko eraikigarritasun osagarria lortuko da. Handitzeari esker, araudirako egokitzapenaren ondoriozko 20 plazen galera konpentsatuko da, eta gune komunen gutxieneko azaleren eskakizunak bete eta administrazio-espazioa, zerbitzu osagarriak eta zentroak funtzionatzeko beharrezkoak diren instalazioak integratuko dira.
3. fasea: esku-hartzea etorkizuneko handitze eta egokitzapenen aurreikuspen gisa planteatzen da, 126/2019 Dekretuaren aldaketari lotuta. 728 m2-ko handitzea proposatzen da, zentroaren jarraitutasun funtzional eta espaziala eta araudiaren etorkizuneko eskakizunetara egokitzeko gaitasuna bermatzeko.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plan Bereziak egungo eraikigarritasuna finkatzen du eta eraikigarritasun hori sestra gainean % 10 areagotzea ahalbidetzen du, udalerriko indarreko plangintza orokorrarekin bat etorrita. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondore nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.
Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen arearen ezaugarriak:
Planaren eremua Zarauzko udal-barrutiko hirigunean dago, eta hiri-lurzoru finkatuaren sailkapena du, antolamendu xehatuarekin eta erabilera global honekin: egoitza komunitariora eta laguntza-arlokora bideratutako ekipamendua.
Eremua Oriaren unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Ińurritza-A (ES111R029010) ur-masaren isuri-arroan dago. Eremuan ez dago ur-ibilgurik; hala ere, Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroko eremu sentikorrak hartzeko eremuekin gainjartzen da. Halaber, azterketaren xede den lurzatia itsas eta lehorraren arteko jabari publikotik 500 metroko eragin-eremuaren barruan dago.
Jarduketa-eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBTES111S000015), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu. Eremua bat dator hidrogeologia-intereseko guneekin, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.
Eremuko litologiari dagokionez, bat dator hondartza-depositu batekin, eta kareharri hareatsuen, hareharrien eta lutiten alternantzia dago, iragazkortasun ertainarekin.
Ingurumen-dokumentuarekin bat, landaredia, nagusiki hiri-lorategietako berezko espezieek osatzen dute, bai landare belarkarek (soropila) bai zuhaixkek (Pittosporum tenuifolium, Juniperus horizontalis, Crassula ovata, Aloe vera...), eta Chamaecyparis lawsoniana zuhaitz-aleren bat eta lorezaintzako berezko landare batzuk (Crassula multicava, adibidez) ere badaude, besteak beste. Planaren eremuak ez du barne hartzen kartografiatutako Batasunaren Intereseko Habitatik. GeoEuskadi bisorearen arabera, planaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik. Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremuan ez dago landare-espezie aloktonorik.
Planaren ezarpen-eremua ez dator bat mehatxatutako fauna kudeatzeko onartutako planek mugatutako intereseko eremuekin, ez eta EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planeko eremuekin ere. Hala ere, bat dator 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan (horren bidez arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen baitira; 2016-05-23ko EHAA) jasotako eremuekin. Ingurumen-dokumentuarekin bat, inguruaren izaera antropizatuak espezie ubikisten presentzia sustatzen du, eta horiek oso egokituta daude gizakien jarduera eta presentziara.
Proiektuaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko eremuekin, babestutako ingurune-eremuekin, ez eta inbentarioan sartutako beste eremu babestu edo natura-interesekoekin ere. Era berean, ez daude naturaguneen katalogoetan dauden beste zenbait espazio, LAGen azpiegitura berdean sartutako elementuak eta Onura Publikoko Mendiak (OPM).
Paisaiari dagokionez, azterketa-eremua Zarautz-Azpeitiko eremu funtzionalaren katalogoko (Urola Kosta) «Urola Kostako itsasertza» Paisaia Unitatearen ekialdean dago. Proiektuaren eremuan ez dago paisaia-interes bereziko eremurik.
Santa Ana egoitzaren eraikina Kultura Ondasun – Ustezko Zona Arkeologiko gisa sailkatuta dago (1997-10-30eko EHAA, 208 zk.).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibai-uholdeengatiko arrisku-arazorik, ez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziaren ondoriozko arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik.
Planak jasotzen du jarduketaren xedea dela handitze bat egitea, azalera eraikia areagotzearen bidez, eta egungo eraikinaren erabilera mantentzea. Handitzea horren menpe dago funtzionalki, eta zuzenean lotzen zaio; hau da, egungo eraikinaren luzapen fisiko bat da, haren antolamendu orokorrean eta zerbitzu-azpiegituretan integratuta. Jarduketaren ezaugarriengatik eta bat etorriz ingurumen-dokumentu estrategikoarekin, beharrezkoa da berariazko azterlan akustiko bat egitea.
C) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Ana egoitza handitzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duen ebazpenean ezarritakoen arabera, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Kultura-ondarea babestearekin lotutako neurriak.
Ospitalea izeneko ustezko zona arkeologikoari (fitxa zk.: 29) dagokionez, eraikinaren harresi-barruko babes-eremua (A mota), Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 65. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da; lanek ustezko zona arkeologiko bati edo harengandik oso gertuko zonei eragiten badiete, azterketa arkeologiko bat egin beharko da hirigintza-lizentzia lortu aurretik, bai eta, hala badagokio, foru-baimena lortu ere obra-lizentziaren aurretik.
Aurrekoarekin bat, azterketa arkeologiko bat egin beharko da 6/2019 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Aldundiaren organo eskudunari aurkeztu beharko zaio, Santa Anako (Zarautz) Hiri Antolamenduko Plan Berezian aurreikusitakoa betetzeko.
Aurretik esandakoa eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Itsas eta lurraren arteko jabari publikoa babesteko neurriak.
Kostaldeari buruzko Legearen 30. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 59. artikuluan xedatutakoa beteko da; hau da, ez da pantaila arkitektonikorik jarriko edo bolumenik pilatuko, xede horietarako eraikuntzaren dentsitatea programatutako hiri-lurzoruaren batez bestekoa baino handiagoa izan ahal gabe.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek erantsi beharko zaizkie planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta antzekoak) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Zarauzko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eraginpeko udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Obrek irauten duten bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen badira, neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira eta neurriak ezarri arren gainditzen jarraitzen badira, administrazio eskudunak berariazko baimen bidez aldi baterako eten egingo ditu ezarri daitezkeen mugak, obrak egiten diren bitartean.
– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez da sekula ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Ana egoitza handitzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Zarauzko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada onartzen Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Ana egoitza handitzeko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS