Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2026ko uztailaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3295

583/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Lehen Mailako Arretako Unitateko burua lanpostu bat izendapen askez betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuan, Alegian.

Tolosaldeko ESIko Alegiako Lehen Mailako Arretako Unitateko buru lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/B1 lanbide-taldean.

b) Honako tituluetako bat edukitzea:

b.1.– Medikuntzako eta Kirurgiako lizentzia edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezartzen dituen medikuntza orokorreko mediku-eginkizunak betetzeko ezarritako titulu, ziurtagiri edo diplometatik bat, familiako eta komunitateko medikuntzako zein pediatriako espezialitatearekin.

b.2.– B1 lanbide-taldeko titulua edukitzea.

c) 2. hizkuntza-eskakizuna.

d) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea A1/B1 lanbide-taldeetako zereginetan.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

Lehen Mailako Arretako Unitatearen kudeaketako proiektu-memoria baloratuko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Tolosaldeko ESIko Kudeaketa Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (San Esteban auzoa z/g, 20400 Tolosa). Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Tolosaldeko ESIko Kudeaketa Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

d) Lehen Mailako Arretako Unitateko kudeaketako proiektu-memoria.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Curriculum Vitae aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskabidean.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Integrazio Asistentzialeko koordinatzailea, batzordeburu gisa; Tolosako Lehen Mailako Arretako unitateburua, batzordekide gisa; eta pertsonen teknikaria, idazkari gisa, edo horiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak egitea erabaki ahal izango du. Izangaiei jakinaraziko zaizkie eginbide horiek, eta baliteke elkarrizketa pertsonala egitea egokitzat jotzen diren hautagaiekin.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak jasoko dira dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Tolosaldeko ESIko zuzendariaren gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da. Era berean, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu iragarkia EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Tolosa, 2026ko ekainaren 30a.

Tolosaldeko ESIko zuzendari-gerentea.
E.E. (349/2021 Ebazpena, ekainaren 25ekoa).

Tolosaldeko ESIko Kudeaketa zuzendaria,

NAGORE LORA LACA.


Azterketa dokumentala