Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2026ko uztailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
3269

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 7koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren indarraldia aldez aurretik ixtea erabakitzen duena.

AURREKARIAK

I.– EEEko zuzendari nagusiak 2025eko apirilaren 24an emandako Ebazpenaren bidez (EHAAn argitaratua, 92. zk., 2025eko maiatzaren 19.a), industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta argitaratu ziren.

II.– Laguntza-deialdi horren 3. oinarriak ezartzen du laguntza-eskaerak aurkezteko epea adierazitako oinarriak EHAAn argitaratu eta hurrengo laneguneko 08:00etan hasiko dela eta xede horretarako laguntzen programan dagoen aurrekontua agortzen den unean amaituko dela. Nolanahi ere, aurrekontu eskuragarririk egon zein ez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2028ko urriaren 12an amaituko da.

III.– Horrez gain, industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren 4. eta 9. oinarriek, hurrenez hurren, ezartzen dute dirulaguntzaren xede diren proiektuak gehienez ere sei (6) hilabeteko epean gauzatu, fakturatu eta ordaindu beharko direla, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, nolanahi ere, gehienez ere, 2028ko abenduaren 31, astelehena, baino lehen, eta proiektua gauzatu dela justifikatzen duten agiriak gehienez ere sei (6) hilabeteko epean aurkeztu behar dira nahitaez, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, nolanahi ere, gehienez ere 2029ko urtarrilaren 15a baino lehen.

IV.– Euskadiko industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programan jasotako eskaeren kopurua aurreikusitakoa baino nabarmen txikiagoa da, eta horrek ekarri du une honetan laguntzen programa horren aurrekontu-gauzatzea EEEren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan zenbatetsitakoa eta bildutako helburuak betetzea baino askoz txikiagoa izatea.

V.– Adierazitako guztiagatik, erakunde honek uste du gomendagarria eta justifikatua dela laguntzen programaren indarraldia aurretiaz ixtea, eskaerak aurkezteko eta inbertsioak gauzatzeko, fakturatzeko, ordaintzeko eta justifikatzeko gehieneko data aldatuz, dauden baliabide publiko mugatuak beste dirulaguntza batzuetara bideratu ahal izateko eta lortu nahi diren helburuak modu eraginkorragoan lortzeko.

VI.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza organoen eginkizunak arautzen dituen dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuaren arabera, EEEko zuzendari nagusiak dauka eskumena Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betearazteko eta Zuzendaritza Kontseiluak baimendutako dirulaguntza eta laguntza deialdiak onartu eta kudeatzeko, eta oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez hedatuko direla bermatu behar da.

Azaldutako guztia dela-eta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren 3., 4. eta 9. oinarriak aldatzea, programa hori garaia baino lehen itxi dadin, honako xehetasun hauekin:

(i) Industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programarako eskabideak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da, edo, hala badagokio, laguntzen programa honetarako aurrekontua agortzen den unean, data hori baino lehenago gertatzen bada;

(ii) Euskadiko industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programari atxikitako proiektuak gehienez ere sei (6) hilabeteko epean gauzatu, fakturatu eta osorik ordaindu beharko dira, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, eta, betiere, 2027ko irailaren 15a baino lehen eta;

(iii) Industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programari atxikitako proiektuak gauzatu direla justifikatzen duten agiriak aurkezteko epea sei (6) hilabetekoa izango da, gehienez, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, betiere, 2027ko urriaren 1a baino lehen.

Aurrekoarekin bat etorriz, oinarri horiek modu honetan idatzita geratuko dira:

3. oinarriko (Aurrekontu-zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea) 2. atala:

«3.2.– Laguntzen programa honetarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean «EHAA») argitaratu eta hurrengo laneguneko 08:00etan hasiko da, eta Laguntza Programan horretarako bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da.

Nolanahi ere, aurrekontu eskuragarririk egon zein ez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da, deialdian aurrekontu eskuragarririk balego ere. Aipatutako indarraldi-epea amaitutakoan ez da eskaera gehiagorik onartuko.

Aurrekontu erabilgarria agortu dela iragarriko da EEEko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, EHAAn zein EEEren Interneteko helbidean: www.eve.eus».

4. oinarriko (Jarduketa subentzionagarriak) 1. atala:

«b) Jarduketaren egikaritzapena, fakturazioa eta ordainketa sei (6) hilabeteko gehieneko epean egin eta justifikatu beharko da laguntza ematen dela ezartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita eta, edozein kasutan ere, 2027ko irailaren 15ean beranduenez.».

9. oinarriko (Inbertsioa egin izana eta laguntza ordaindu izana justifikatzea) 1. atala:

«9.1.– Laguntzaren onuradunek gehienez ere sei (6) hilabeteko epean justifikatu beharko dute EEEren aurrean laguntzaren xede den jarduera egin izana, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, ez 2027ko urriaren 1a baino geroago, elektronikoki, 6. oinarrian adierazitako aplikazio informatikoaren bidez.».

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bilbao, 2026ko uztailaren 7a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.


Azterketa dokumentala