
136. zk., 2026ko uztailaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
3268
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 7koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Euskadiko Toki Administrazio Publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren indarraldia aldez aurretik ixtea erabakitzen duena.
AURREKARIAK
I.– EEEko zuzendari nagusiak 2025eko maiatzaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez (EHAAn argitaratua, 102. zk., 2025eko ekainaren 2a), Euskadiko toki Administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta argitaratu ziren.
II.– Laguntza-deialdi horren 3. oinarriak ezartzen du laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2025eko ekainaren 30eko 08:00etan hasiko dela, eta xede horretarako laguntzen programan dagoen aurrekontua agortzen den unean amaituko dela. Nolanahi ere, aurrekontu eskuragarririk egon zein ez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2028ko urriaren 17an amaituko da.
III.– Gainera, Euskadiko toki-administrazio publikoaren jasangarritasun energetikoa hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren 4. eta 9. oinarriek, hurrenez hurren, ezartzen dute dirulaguntzaren xede diren proiektuak gehienez ere hamabi (12) hilabeteko epean gauzatu, fakturatu eta ordaindu beharko direla, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, betiere, beranduenez 2028ko abenduaren 31n, astelehena, aurkeztu behar dira proiektua gauzatu dela justifikatzen duten agiriak. Horretarako, gehienez ere hamabi (12) hilabeteko epea izango da, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta, gehienez ere, 2029ko urtarrilaren 15a baino lehen.
IV.– Euskadiko toki-administrazio publikoaren jasangarritasun energetikoa hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programan jasotako eskaeren kopurua aurreikusitakoa baino nabarmen txikiagoa da, eta horrek ekarri du une honetan laguntzen programa horren aurrekontu-gauzatzea EEEren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan zenbatetsitakoa eta bildutako helburuak betetzea baino askoz txikiagoa izatea.
V.– Adierazitako guztiagatik, erakunde honek uste du gomendagarria eta justifikatua dela laguntzen programaren indarraldia aurretiaz ixtea, eskaerak aurkezteko eta inbertsioak gauzatzeko, fakturatzeko, ordaintzeko eta justifikatzeko gehieneko data aldatuz, dauden baliabide publiko mugatuak beste dirulaguntza batzuetara bideratu ahal izateko eta lortu nahi diren helburuak modu eraginkorragoan lortzeko.
VI.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuaren arabera, EEEko zuzendari nagusiak dauka eskumena Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betearazteko eta Zuzendaritza Kontseiluak baimendutako dirulaguntza eta laguntza deialdiak onartu eta kudeatzeko, eta oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez hedatuko direla bermatu behar da.
Azaldutako guztia dela-eta, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko tokiko herri-administrazioaren jasangarritasun energetikoa hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren 3., 4. eta 9. oinarriak aldatzea, programa hori garaia baino lehen itxi dadin, honako xehetasun hauekin:
(i) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioan jasangarritasun energetikoa hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programarako eskabideak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da, edo, hala badagokio, laguntzen programa honetarako aurrekontua agortzen den unean, data hori baino lehenago gertatzen bada;
(ii) Euskadiko toki-administrazio publikoaren jasangarritasun energetikoa hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programari atxikitako proiektuak gehienez ere hamabi (12) hilabeteko epean gauzatu, fakturatu eta osorik ordaindu beharko dira, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, eta, betiere, 2027ko urriaren 16a baino lehen eta;
(iii) Euskadiko toki-administrazio publikoaren jasangarritasun energetikoa hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programari atxikitako proiektuak gauzatu direla justifikatzen duten agiriak gehienez ere hamabi (12) hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2027ko azaroaren 2a baino lehen.
Aurrekoarekin bat etorriz, oinarri horiek modu honetan idatzita geratuko dira:
3. oinarriko (Aurrekontu-zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea) 2. atala:
«3.2.– Laguntzen programa honetarako eskabideak aurkezteko epea 2025eko ekainaren 30eko 08:00etan hasiko da, eta laguntzen programan horretarako xedatutako aurrekontua agortzen den unean amaituko da.
Nolanahi ere, aurrekontu eskuragarririk egon zein ez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da, deialdian aurrekontu eskuragarririk balego ere. Aipatutako epea amaitutakoan ez da eskaera gehiagorik onartuko.
Aurrekontu erabilgarria agortu dela iragarriko da EEEko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, EHAAn zein EEEren Interneteko helbidean: www.eve.eus».
4. oinarriko (Jarduketa subentzionagarriak eta laguntzen zenbatekoa) 3. atala:
«4.3.– Programa hau argitaratu aurretik egindako jarduketak onartuko dira, baldin eta 2024ko abenduaren 31 baino geroago hasi badira, hau da, kontratistarekin sinatutako kontratua data horretakoa edo geroagokoa bada; eta jarduketa gauzatu, fakturatu eta ordaindu dela egiaztatzen bada hamabi (12) hilabeteko epean gehienez, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, nolanahi ere, 2027ko urriaren 16an beranduenez.»
9. oinarriko (Inbertsioa egin izana eta laguntzak ordaindu izana justifikatzea) 1. atala:
«9.1.– Laguntzaren onuradunek gehienez ere hamabi (12) hilabeteko epean justifikatu beharko dute EEEren aurrean laguntzaren xede den jarduketa egin izana, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, betiere, ez 2027ko azaroaren 2a baino geroago, hamabi hilabete baino gutxiago igaro badira data horren eta emakida-ebazpenaren jakinarazpenaren artean, elektronikoki, 6. oinarrian adierazitako aplikazio informatikoaren bidez.».
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2026ko uztailaren 7a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.
RSS