
136. zk., 2026ko uztailaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3259
93/2026 DEKRETUA, ekainaren 16koa, Arabako Vitoria-Gasteizen CEIP San Ignacio HLHI ikastetxea CEIP Adurtza Ikastola HLHI ikastetxean integratzen duena eta azken horri CEIP Olarizu Auzo Eskola HLHI izen berria ematen diona.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio hezkuntzaren arloko eskumen osoa, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan. Era berean, berari dagokio irakaskuntza publikoaren arloko ikastetxeak sortzea, eraldatzea eta kentzea.
Hezkuntzaren programazio orokorra eta ikastetxe publikoen programazio eskolarrak hezkuntza-administrazioaren eskumenekoak dira, Euskal Hezkuntza Sistemari buruzko 2023ko abenduaren 21eko 17/2023 Legean ezarritakoaren arabera.
EAEko hezkuntza-sistemaren plangintza estrategikoaren esparruan, hezkuntza-eskaintza demografia-bilakaerara eta komunitatearen beharrizanetara egokitzea lehentasunezko helburua da. Eskola-mapak, programaziorako funtsezko tresna gisa, hezkuntza-errealitatea ikuspegi integral eta dinamiko batetik aztertzea ahalbidetzen du, baliabideen kudeaketa eraginkorragoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa sustatuz. Plangintza-prozesu hori hezkuntzarako sarbidean berdintasuna bermatzera, baliabideen banaketa optimizatzera, gizarte-kohesioa sendotzera eta hezkuntza-komunitatearen partaidetza sustatzera bideratuta dago.
Dekretu honen xede diren ikastetxeen berrantolaketa 2022ko apirilaren 7ko Hezkuntza-Itunetik eta 2023ko abenduaren 21eko Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legetik eratorritako jarraibideen esparruan kokatzen da. Bi dokumentuek eskaintza publiko nahikoa eta orekatuaren sustapena bultzatzen dute, jaiotza-tasaren bilakaerara eta hezkuntza-sistemaren inklusioaren, kalitatearen eta iraunkortasunaren printzipioetara egokituta. Testuinguru horretan, ikastetxeen integrazioak aukera ematen du sistemaren egungo erronkei hobeto erantzuteko, jarraikortasun pedagogikoa, antolaketa-eraginkortasuna eta hezkuntza-komunitatearen kohesioa bermatuz, eta aldi berean eskola-segregazioaren murrizketan modu positiboan eraginez.
Programazio horren esparruan, eta hezkuntza-eskaintza bilakaera demografikora eta hezkuntza-baliabideen planifikazio-beharretara egokitzeko helburuarekin, egokitzat jo da Arabako Vitoria-Gasteizen CEIP San Ignacio HLHI ikastetxea CEIP Adurtza Ikastola HLHI ikastetxean integratzea.
Gainera, ikastetxe publiko horren izena aldatu egingo da, eta CEIP Adurtza Ikastola HLHI zena CEIP Olarizu Auzo Eskola HLHI izango da; egoitza udalerri berean izango du. Neurri horrek antolaketa-, pedagogia- eta kudeaketa-eraginkortasuna hobetzea ahalbidetuko du; inplikatutako hezkuntza-komunitateak jakin du aldaketa hori egingo dela, eta parte hartu du erabaki horretan.
Horrenbestez, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 16an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da CEIP San Ignacio HLHI ikastetxea CEIP Adurtza Ikastola HLHI ikastetxean integratzea, ikastetxe publiko bakarra osatuz.
a) Izena: CEIP Olarizu Auzo Eskola HLHI.
b) Izen espezifikoa: «Olarizu Auzo-Eskola».
c) Kodea: 01002302.
d) EAEko kodea: 010052.
e) Herria: Vitoria-Gasteiz.
f) Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
g) Lurralde historikoa: Araba.
h) Helbidea: Iturritxu kalea 8, 01006 Vitoria-Gasteiz.
2. artikulua.– Integratzearen ondorioa.
Integrazioak eta izen berriak 2026ko irailaren 1ean izango dituzte ondorioak, 2026-2027 ikasturtearen hasierarekin bat etorriz.
3. artikulua.– Ikasleen eta langileen esleipena.
Ikastetxeetan integratutako ikasleak eta langileak ikastetxe berrira adskribatuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera beren eskubide eta baldintza guztiak mantenduta.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Eraginkortasuna.
Dekretu honek 2026ko irailaren 1etik aurrera izango du indarra.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 16an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS