Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2026ko uztailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3258

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 13koa, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariarena, 2027-2034 aldirako Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Planaren zirriborroa jendaurrean jartzen duena.

Eusko Jaurlaritza etengabe ari da ingurumena ikuskatzeko planak onartzen 2004. urteaz geroztik, eta, horrela, ingurumen-kontroleko esparru planifikatu eta sistematikoa finkatzen du.

Gaur egun, 2019-2026 aldirako Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plana dago indarrean, orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez onartua.

Hala ere, plan horren indarraldia ekitaldi honetan amaitzen denez, beharrezkoa da Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plan berri bat egitea eta onartzea. Tresna horren helburua izango da EAEn ingurumenaren babes-maila handia mantentzea eta indartzea, aplikatu beharreko ingurumen-araudia eta dagozkion baimenetan, lizentzietan eta ingurumenean esku hartzeko gainerako prozeduretan ezarritako baldintzak benetan betetzen direla egiaztatuz.

Bestalde, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 16. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sustatu eta bermatuko dute interesa duten pertsonek eta publiko orokorrak parte hartuko dutela, besteak beste, ingurumenarekin zerikusia duten planak egin, aldatu, berrikusi eta onartzeko prozeduretan.

Alde horretatik, interesdunek eta, oro har, herritarrek parte hartzeko eskubidea baliatu ahal izango dute edozein erabaki hartu aurretik, iruzkinak, oharrak edo alegazioak aurkeztuta.

Ondorioz, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez, jendaurrean jartzeko eta entzunaldia egiteko hogei egun balioduneko epea ireki behar da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Horregatik guztiagatik, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Ingurumena Ikuskatu eta Kontrolatzeko 2027-2034 aldirako Planaren zirriborroa, hogei egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan, interesdun guztiek aurkeztu ahal izango dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, aldi horretan dokumentazioa ikusgai egongo da, bai egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/administrazioaren-iragarkia/2027-2034-aldirako-ingurumen-ikuskapenerako-eta-kontrolerako-planari-buruzko-informazio-publikoa/web01-tramite/eu/), bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzan, jendearentzako arreta-ordutegian (Natura Ondarearen eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritza).

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritza.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila.

Donostia kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 13a.

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaria,

ADOLFO URIARTE VILLALBA.


Azterketa dokumentala