
136. zk., 2026ko uztailaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (156 KB - 6 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3250
120/2026 DEKRETUA, uztailaren 14koa, espetxe-arloko lan eta ikerketarako «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria arautzen duena.
«Francisco Javier Gómez Elosegui» sariaren helburua honako hau da: jendaurrean aitortzea eta saritzea ibilbide pertsonal edo profesionalarekin giza eskubideen defentsan, espetxeen eremuan birgizarteratzeko lanetan edo arlo horiekin lotutako ikerketa akademikoan aparteko merezimenduak egiaztatzen dituzten pertsonak edo kolektiboak.
Sariaren izenak Francisco Javier Gómez Elosegui jaunari omenaldia egiten dio. Espetxeetako psikologoa izan zen, eta espetxeen humanizaziora, gizarteratzera eta preso guztien giza eskubideen errespetu zorrotzera bideratu zuen bere bizitza profesionala. ETAk hil zuen 1997ko martxoaren 11n.
«Francisco Javier Gómez Elosegui» saria arautzen duen dekretu berriak gardentasunaren, parte-hartzearen eta aintzatespenaren arloan aurrera egin nahi du, dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudira egokituz. Era berean, sariak bermatzen du espetxe-eremuan giza eskubideak defendatzeko eta birgizarteratzeko lanak bultzatzeko tresna eraginkorra izaten jarraituko duela.
Erantzukizunpeko adierazpena, hedadura-konpromisoa eta halako baldintzak gehituta, indartu egiten dira sariaren prestigioa eta gizarte-eragina.
Genero-eraginari dagokionez, adierazi behar da Sariaren azken edizioek emakumeen parte-hartzea eta ekarpen soziala nabarmendu dituztela. Azken deialdietan, berdintasunarekin duen konpromisoagatik aintzatetsitako erakunde bati, giza eskubideen defentsan eta presoak gizarteratzean nabarmentzen den profesional bati eta gehienbat emakumeak buru dituen erakunde bati eman zitzaien saria. Horrek berresten du emakumeek presentzia aktiboa eta garrantzitsua dutela eremu horretan.
Beraz, espetxe-arloko lan eta ikerketari buruzko «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria sortu eta arautzen duen maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuaren bidez, emakume bati eta emakumeak buru dituzten bi erakunderi eman zaie saria. Horregatik, dekretu-proiektu berrian, «ikerketan genero-ikuspegia txertatzea» mantentzen da hautagaitzak esleitzeko irizpideen artean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokio espetxeen gaineko eskumena, eta, bereziki, espetxeen antolaera, funtzionamendua eta espetxe-legeria betearaztea, hark espetxe-administrazioko organo zentralei esleitzen dizkien ahalmenak bere gain hartuta.
Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko uztailaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATzen DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da «Francisco Javier Gomez Elosegui» saria arautzea. Sariaren helburua da publikoki aitortzea espetxeen eremuan giza eskubideen defentsan eta birgizarteratze- eta birgizarteratze-zereginetan egindako jarduera nabarmena.
2. artikulua.– Sariaren ezaugarriak.
1.– Irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuei ematen zaie saria, baldin eta beren jarduera eta ibilbidearen bidez modu nabarmenean laguntzen edo lagundu badute espetxe-eremuko giza eskubideen defentsan eta birgizarteratze- eta birsozializazio-zereginetan.
2.– Ohorezko aipamen batek, aintzatespen publiko batek eta dagokion deialdiaren ebazpenean zehaztuko den diru-zenbateko batek osatzen dute saria.
3.– Diru-zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da, saria eman ondoren.
3. artikulua.– Deialdia.
1.– Sariaren deialdia urtero egingo da, espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez.
2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan honako hauek ezarriko dira: sariak dakarren diru-zenbatekoa, hautagaitzak aurkezteko eskatzen diren baldintza zehatzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, hautagaitzak aurkezteko epea, modua eta lekua, eta epaimahaiaren osaera.
3.– Deialdiaren ebazpenak saria barne hartzen duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aipatuko du, eta saria jasotzeak Planaren helburuak lortzen nola laguntzen duen adieraziko du.
4. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publiko zein pribatuk, aurkeztu ahal izango ditu hautagaitzak, bere merezimenduengatik saria lor dezakeen beste hirugarren baten alde.
2.– Ezingo dute sari hau eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 eta 13. artikuluetan adierazitako egoeraren batean daudenek.
Era berean, ezin izango dute saririk jaso ordenamendu juridikoan ezarritako beste edozein debekuren eraginpean daudenek.
Bereziki, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudian eta otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako debekuak aplikatuko dira, sexu-orientazioagatik, identitateagatik edo genero-adierazpenagatik ez diskriminatzeari dagokionez.
Saria eman eta ordaindu ahal izateko, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela egiaztatu beharko du, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela egiaztatzeari buruzkoa da, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
3.– Hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako inprimakiaren bidez aurkeztuko dira. Eredu hori nahitaez erabili beharko da kasu guztietan.
Pertsona juridikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute hautagaitza (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 14.2 artikulua).
Manu horretan sartzen ez diren pertsona fisikoek aukera izango dute aurkezpena telematikoki egiteko, egoitza elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre, herritarrentzako gaitutako arreta-bulegoetan.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazioko eta sinadura elektronikoko bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu /
4.– Hautagaitza, dagokion dokumentazioarekin batera, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango da, erakunde eskatzaileak aukeratutakoaren arabera. Prozedura osoan zehar, hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Hautagaitzekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Hautagaitza justifikatzen duten ibilbidea eta arrazoiak deskribatzen dituen memoria.
b) Hala badagokio, hautagaitzak aurkezten dituztenek proposatutako pertsonaren alde gehitutako abal edo atxikimenduak.
6.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo aurretik adierazitako agiriekin batera aurkeztu ez badira, 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko dio organo kudeatzaileak pertsona edo erakunde interesdunari; eta adieraziko dio horrela egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz emandako ebazpenaren ondoren.
7.– Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du, elkarreragingarritasun bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, berariaz ukatu ahal izango da baimena; kasu horretan, eskaera aurkezteko unean, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.
Gainerako baldintzak betetzen direla eta debekurik ez dagoela egiaztatzeko, eskabide-eredu normalizatuari erantsitako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
8.– Eskabideak aurkezteko epea, gutxienez hilabetekoa, espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez egingo den urteko deialdian ezarritakoa izango da.
5. artikulua.– Sariaren kudeaketa.
1.– Espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendaritza da saria emateko prozeduraren organo kudeatzailea.
2.– Espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordetzak du saria emateko prozesua ebazteko eskumena.
3.– Saria publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera kudeatu eta emango da. Era berean, ezarritako helburuak betetzeko efikazia-printzipioa eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia-printzipioa beteko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Saria zein pertsona fisiko edo juridikok merezi duen erabakitzeko, epaimahai bat eratuko da. Epaimahai hori osatuko dute espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordeak —hura izango da epaimahaiburua— eta giza eskubideen defentsaren, kriminologiaren, psikologiaren edo zigor- eta espetxe-zuzenbidearen arloan ospe handia duten lau kidek —espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen bidez izendatuak—.
2.– Epaimahaiaren osaera sariaren deialdiaren ebazpenean jakinaraziko da, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du.
3.– Epaimahaiko idazkaria espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatzi ahal izango du. Idazkariak adosten diren jarduera eta erabaki guztien akta egingo du, eta saria emateko proposamen arrazoitua idatziko du, epaimahaiburuak sina dezan.
5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako egoeretan.
6.– Epaimahaikideek gaztelania eta euskara erabili ahal izango dituzte bileretan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta beste idazki batzuetan.
7. artikulua.– Esleitze-prozedura eta balorazio-irizpideak.
1.– Lehiaketa bidezko norgehiagoka izango da saria emateko erabiliko den prozedura, dekretu honetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Txostena egiteko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
a) Proposatutako pertsonak edo pertsonek espetxe-esparruko birgizarteratzearen arloan esperientzia eta ibilbide pertsonal eta profesionala izatea, eta honako hauetan nabarmendu izana: kondenatuen bizi-baldintzak duintzeko ahaleginean; haien eskubideen defentsan; haien premiei erantzuteko elkartasunean; justizia errestauratiboan, edo birgizarteratzeko lanekiko konpromisoan. Bai eta, halaber, arlo horretako ikerketaren arloko ibilbidea, non ere honako hauek baloratuko baitira: originaltasuna, kalitatea, zuzentasun metodologikoa, zorroztasun zientifikoa, diziplinarteko izaera edo ikerketan genero-ikuspegia txertatzea (40 puntu).
b) Giza eskubideen balioak eta espetxeetako tratamenduari buruzko nazioarteko estandarrak garatzeko egindako jardueraren edo ikerketaren berezko garrantzia (30 puntu).
c) Proposatutako pertsonak edo pertsonek garatutako jarduerak edo ibilbideak nola Euskal Herriko gizartean hala nazioartean izandako oihartzuna eta eragina (30 puntu).
8. artikulua.– Epaimahaiaren txostena.
1.– Epaimahaiak txosten bat idatziko du, eta, bertan, dekretu honetan jasotako balorazio irizpideei dagokienez hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu.
2.– Epaimahaiak «ex aequo» saria hainbat hautagairi ematea proposatu ahal izango du; kasu horretan, deialdian aurreikusitako zenbatekoak hainbanatu egingo dira sarituen artean. Epaimahaiak, halaber, saria eman gabe uztea proposatu ahal izango du, baldin eta, haren iritziz, hautagaitzek ez badute merezimendu nahikorik saria jasotzeko. Kasu horretan, epaimahaiak berariaz jasoko ditu erabaki hori hartzeko arrazoiak.
3.– Epaimahaiak espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendariari helaraziko dio txostena.
4.– Ebazpena eman aurretik, epaimahaiak hautatutako pertsonari eskatuko zaio dekretu honen 4.2 artikuluko debekuen eraginpean ez dagoela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkez dezan, bai eta jakinarazpenetarako aukeratutako komunikazio-bidea ere.
9. artikulua.– Saria ematea.
1.– Epaimahaiak txostena egin ondoren, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta proposatutako pertsona fisiko edo juridikoari jakinaraziko zaio irabazle gisa proposatua izan dela, eta hamar eguneko epea emango zaio proposamena onartzen duela jakinarazteko.
2.– Onarpena epe barruan egiten bada, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio saria emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoari.
3.– Epe hori igarotakoan ez bada berariaz jakinarazi proposamena onartzen dela, edo proposatutako pertsona fisikoak edo juridikoak berariaz adierazten badu proposamenari uko egiten diola, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta saria eman gabe utziko du.
4.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, saria emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoak saria emateko edo eman gabe uzteko ebazpena emango du.
5.– Dirulaguntza emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, behar bezalako publizitatea izan dezan.
6.– Deialdian hautagaitzak aurkeztu dituzten eskatzaile guztiei eman eta jakinarazi beharko zaie saria, gehienez ere sei hilabeteko epean, urteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7.– Epe hori igaro eta saria emateko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, hautagaitzak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
10. artikulua.– Sariaren zenbatekoa ordaintzea eta saria ematea.
1.– Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu ondoren izapidetuko da sariaren zenbatekoaren ordainketa.
2.– Espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordetzak horretarako antolatutako ekitaldi publikoan emango da saria.
Pertsona fisiko edo juridiko saritua ezin bada ekitaldi publikora joan arrazoi justifikatuengatik, behar besteko aurrerapenaz pertsona bat izendatu beharko du, saria bere izenean jaso dezan.
11. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dekretu honetan eta deialdiari aplika dakiokeen edozein xedapen orokorretan ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
12. artikulua.– Bateragarritasunak.
Saria jasotzea bateragarria da edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk –Estatukoa izan, Europar Batasunekoa izan zein nazioartekoa izan– helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretua, espetxe-arloko lan eta ikerketari buruzko «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria sortu eta arautzen duena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.
Sari hau kudeatzean biltzen diren datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzekoa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudi osagarria.
Dekretu honetan berariaz arautzen ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko uztailaren 14an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS