Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2026ko uztailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3240

105/2026 DEKRETUA, 2026ko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez «Sociedad Recreativa Burgalesa Castellano-Leonesa» izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzen baita.

«Sociedad Recreativa Burgalesa Castellano-Leonesa» izeneko elkartea onura publikokoa deklaratu zuten 1972ko ekainaren 9an.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen ditu onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta ezeztatzeko bete behar diren baldintzak eta prozedura.

Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoak, ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatzen ez bada edo elkarte-mota horri dagozkion betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira.

Babesletzaren 2026ko ekainaren 9ko txostenean adierazitakoaren arabera, elkarteak ez du bete kontuak epearen barruan aurkezteko eginbeharra, 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldiei dagokienez, eta elkartearen jarduerarik eza eta lege- edo estatutu-betebeharrak ez betetzea egiaztatu da. Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2026ko ekainaren 11ko Ebazpenaren bidez, lege-betebeharrak ez betetzea egiaztatu zuten, eta ez-betetze hori larritzat eta behin eta berriz egindakotzat kalifikatu zuten. Ebazpen horrek amaitutzat eman zuen elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, dagozkion informazio-eginbideak eta gainerako izapide egokiak egin ondoren eta dekretu hau ematea proposatu. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21-27 artikuluetan xedatutakoa betez.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, emandako txostena eta izapidetutako prozedura ikusi ondoren, Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Sociedad Recreativa Burgalesa Castellano-Leonesa» izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzea, aitorpen horri dagozkion eginbeharrak larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik eta lege-betebeharrak ez betetzeagatik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala