
134. zk., 2026ko uztailaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (180 KB - 11 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3223
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 30ekoa, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariarena, Lehia Sarien I. edizioa arautu eta deialdia egiten duena.
Lehiaren Euskal Agintaritzak (aurrerantzean, LEA/AVC) merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea du helburu, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Hala, bere xedeak betetze aldera, beste batzuen artean, lehia sustatzeko eginkizunak betetzen ditu.
Lehiaren kultura bultzatu beharraz jabetuta, LEA/AVCk aitortzen du unibertsitateek posizio pribilegiatua dutela lehiaren benetako kultura epe ertain eta luzera eraikitzen laguntzeko. Hala, lehiaren agintaritzentzat funtsezkoak dira lehiaren –diziplina horrek Zuzenbidea eta Ekonomia uztartzen ditu– defentsaren eremuko ikerketa-lanak. Aukera ematen diete ikuspegi eguneratua izateko eta balorazio kritikoa egiteko lehiari buruzko araudia urratzen duten, edo gutxienez araudi horri modu eztabaidagarrian egokitzen zaizkion, enpresen jokabideak detektatzeko joerei buruz. Enpresa-praktika jakin batzuk konplexuak direnez, azterketa sakona eta enpirikoa egin behar da, eta enpresen jokaera ekonomikoaren etengabeko aldaketetara eta bilakaeraren erritmora –batzuetan zorabiagarria– egokitu behar da.
Funtsean, operadore ekonomikoen jokaera lehiaren joko askearen mende dagoela bermatu nahi da, eta, horretarako, LEA/AVCk funtsezkotzat jotzen du lehiaren agintaritzek lehiaren aurkako jokabideak detektatzeko eta zehatzeko eta antitrust ez-zilegiak prebenitzeko lanean aurre egin behar dieten erronkei buruz ikertzea. Lehiaren defentsari erreparatzeaz gain –bide erreaktiboa–, lehiaren sustapena ere ezinbestekoa da lehiaren kultura hedatzeko –prebentzio-bidea–. Lehiaren kultura ezarri izanagatik egiten ez den praktika da lortu nahi den ideala. Horregatik, deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira LEA/AVCren eginkizunekin zerikusia duten gaiei buruz egindako ikasketa-amaierako lan guztiak, bai lehiaren defentsari dagokionez, bai sustapenari dagokionez.
2024ko abenduaren 20an, Lehiaren Euskal Kontseiluak LEA/AVCren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zuen. Plan hori 2026ko urtarrilaren 29ko bilkuran aldatu zen, eta, aldi berean, data horretan bertan, 2026rako Dirulaguntzen Urteko Plana onartu zen. Deialdi hau bi planetan sartuta dago, eta Gardentasunaren atalean eskura daiteke, Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean: https://www.competencia.euskadi.eus. Zehazki, Lehia Sarien deialdiaren bidez, unibertsitate-zentroetako titulazioetako ikasleek lehiaren defentsarekin lotutako gaiei buruzko ikasketa-amaierako lana egin dezaten sustatu eta bultzatzeko helburu estrategikoa beteko da.
Deialdi hau hornitzeko kreditu nahikoa eta egokia dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea aplikatuz.
Horrenbestez, honako hau
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– 2026. urterako oinarriak eta deialdia onartzea.
Lehia Sarien I. edizioaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, eranskinean jasotzen diren baldintzetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2026ko ekainaren 30a.
Lehendakaria,
AINARA HERCE SAN MARTÍN.
ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Deialdi honen xedea da ikasten ari diren unibertsitate-titulua lortzeko ikasketa-amaierako lana egin behar duten ikasleek lan hori lehiaren defentsarekin zerikusia duten gaien inguruan egin dezaten sustatzea eta bultzatzea.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak eta sarien zenbatekoa zehaztea.
1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 2.000 euro erabiliko dira.
2.– Bi sari emango dira. Saritutako ikasketa-amaierako lan bakoitzeko 1.000 euro emango dira, dagozkion atxikipenen pean.
3. oinarria.– Sariak.
1.– Bi sari emango dira:
a) sari bat graduko titulazio bat lortzeko egindako ikasketa-amaierako lanen kategorian (Gradu Amaierako Lanaren kategoria);
b) master titulu bat lortzeko egindako ikasketa-amaierako lanen kategoriako saria (Master Amaierako Lanaren kategoria).
2.– Sariak banakakoak, finkoak eta besterenezinak izango dira, eta lanaren egileari esleituko zaizkio, zeinak deialdian parte hartzea eskatu duena izan beharko baitu.
4. oinarria.– Denbora-eremua.
Deialdi honetara aurkezten diren ikasketa-amaierako lanak 2024-2025 ikasturtean edo 2025-2026 ikasturtean defendatuak izan beharko dira.
5. oinarria.– Saridun izateko betekizunak.
1.– Sarietarako deialdian parte hartu ahal izango dute gutxienez baldintza hauetako bat betetzen duten pertsona fisikoek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratu baino gutxienez urtebete lehenagotik, ikasketak eta ikasketa-amaierako lana zein unibertsitatetan egin den kontuan hartu gabe.
b) Unibertsitate-ikasketak eta, halaber, ikasketa-amaierako lana Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean egin izana. Ondorio horietarako, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 2. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.
2.– Eskatzaileak berak egin beharko du ikasketa-amaierako lana.
Ezingo dira aurkeztu taldean egindako edo defendatutako lanak. Taldean egindako edo defendatutako lanak aurkeztea baztertzeko arrazoia izango da.
3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoaz gain, saridun izateko, honako baldintza hauek ere bete beharko dira, eta ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatu beharko dira, eta sariak ematen direnetik likidatzen diren arte mantendu beharko dira:
a) Zerga-betebeharrak egunean izatea, bai saria emateko unean, bai ordaintzeko unean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako laguntzen eta dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeari eta zerga-betebeharrak itzultzeari buruzkoa).
Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak egunean daudela, eta, horretarako, ez du interesdunen baimenik behar izango. Hala ere, interesdunek egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango dute, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute.
b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako laguntzen eta dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak itzultzeari buruzkoa).
4.– Honako hauek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso:
a) sarietan parte hartzeko eskaera egiten den egunean, ikasketa-amaierako lana beste deialdi edo lehiaketa batera aurkeztu dutenek, edo sarituak edo onuradunak izan direnak; edo ikasketa-amaierako lana argitaratzeko aurkeztu dutenek edo jada argitaratuta dutenek, titulua lortzeko ikasketa-amaierako lana egin duten unibertsitateko gordailu instituzionalean izan ezik;
b) kondenatuta daudenak dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak, eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak;
c) Ebazpen irmo baten bitartez zehapena jaso dutenak, eta dirulaguntzak jasotzeko aukera galduta dutenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin edo halakorik ezartzen duten beste lege batzuekin bat etorriz.
6. oinarria.– Ikasketa-amaierako lanen betekizunak.
1.– Ikasketa-amaierako lana Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera-eremuarekin zerikusia duten gaiei buruzkoa izango da.
Sakontzeko asmorik gabe, honako gai hauen inguruan egin ahal izango da:
– Lehia-zuzenbidea eta merkatu askea.
– Praktika murriztaileak eta nagusitasunezko egoeraren abusua.
– Kontzentrazioen kontrola.
– Estatuaren laguntzak.
– Lehia desleiala eta merkatuen erregulazioa.
– Politika publikoak eta lehia askean duten eragina.
– Lehiaren ekonomia.
– Lehia-zuzenbidearen eta araututako sektoreen arteko elkarreraginak.
– Lehiaren defentsaren kasu berrien azterketa.
– Digitalizazioaren eta online plataformen eragina merkatuetan.
– Lehia eta jasangarritasuna: erregulazio-erronkak.
– Lehiaren zuzenbideari eta ekonomiari buruzko azterlan konparatuak.
Nolanahi ere, Balorazio Batzordeari dagokio deialdi honetan parte hartzeko lanaren afinitate tematikoa eta egokitasuna zehaztea.
2.– Ikasketa-amaierako lana titulu bat lortzeko egin behar izan da, eta deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezten den unean ofiziala izan behar du, hau da, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskribatuta egon behar du.
3.– Ikasketea-amaierako lana 2024-2025 ikasturtean edo 2025-2026 ikasturtean defendatutakoa izan beharko da, eta eskatzaileari kalifikazio bat eman beharko zaio, zeina, zenbakizko eskala batean, 10etik gutxienez 8 puntura iritsiko baita.
4.– Ikasketea-amaierako lana banaka egindakoa eta defendatutakoa izan beharko da.
5.– Ikasketa-amaierako lana originala eta argitaratu gabea izango da, eta ezin izango da saritutakoa izan, ez eta honen antzeko deialdi edo lehiaketa batera aurkeztutakoa ere. Ondorio horietarako, antzekotzat joko da oinarri arautzaileetan aurreikusten bada onuradunak edo sarituak zenbateko ekonomiko bat lortuko duela sari, laguntza, aitorpen edo antzeko kontzeptu batengatik.
Era berean, ezingo da argitaratzeko eskatutakoa izan edo jada argitaratua, salbu eta titulua lortzeko ikasketa-amaierako lana egin duten titulazioa egin duten unibertsitateko gordailu instituzionaletan.
6.– Luzapena eta formatua unibertsitate bakoitzak ikasketea-amaierako lana aurkezteko ezarritako irizpideen araberakoak izango dira.
7.– Ikasketea-amaierako lana Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da, beste hizkuntza batean egin bada ere.
Eskatzaileak aurkeztu beharko du itzulitako bertsioa. Balorazio Batzordeak aztertu beharreko hizkuntza-bertsioa itzulitakoa izango da (gaztelaniaz zein euskaraz), eta, ondoren, eskatzaileak ezin izango du aurka egin jatorrizko hizkuntza-bertsioa eta itzulpena bat ez datozelako.
Lana saritzen bada, itzulpena izango da erreproduzitu eta zabalduko den hizkuntza-bertsioa.
7. oinarria.– Emateko prozedura.
Sariak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, aurkeztutako eskabideak konparatuz, haien arteko hurrenkera ezartzeko, oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, eta Gradu Amaierako Lanari eta Master Amaierako Lanari esleituko zaizkie, baldin eta balorazio-fasean eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu badute eta kategoria bakoitzean puntuaziorik handiena lortu badute.
8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko abuztuaren 31n amaituko da, 23:59:59an.
2.– Interesdunek bide elektronikotik izapidetu ahal izango dituzte eskabideak.
Interesdunek EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte eskabideak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1269601/web01-tramite/eu/
Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Helbide honetan eskuratu daitezke EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskabidea eta ondorengo izapideak eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu. Horretarako, ordezkaritza ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako inprimakiak izapidetzeko jarraibideak oinarri honen 2. puntuan adierazitako EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri.
5.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango du eskabidea, erantsitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, dela Gradu Amaierako Lana kategorian, dela Master Amaierako Lana kategorian; era berean, eskabide bat bakarrik onartuko da ikasketa-amaierako lan bakoitzeko.
Ikasketa-amaierako lan beragatik eskabide bat baino gehiago jasotzen bada, epearen barruan aurkeztu den eta azkenean sartu den eskabidea baino ez da kontuan hartuko.
9. oinarria.– Eskabidean aurkeztu beharreko dokumentazioa eta erantzukizunpeko adierazpenak.
1.– Eskatzaileek informazio hau eman beharko dute eskabide-inprimakian:
a) Ikasketa-amaierako lanaren titulua.
b) Egilearen (eskatzailea edo haren ordezkaria) datu pertsonalak eta harremanetarakoak eta ikasketa-amaierako lana noren zuzendaritzapean egin den eta pertsona horren edo horien datuak.
c) Ikasketa-amaierako lana zer titulaziotan egin den.
2.– Halaber, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Ikasketa-amaierako lanaren alea, pdf formatuan.
Euskal Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetako batean egin ez bada, itzulpen bat aurkeztu beharko da, gaztelaniaz zein euskaraz, eta, horrekin batera, dokumentu bat, non eskatzaileak adieraziko baitu deialdira aurkezten duen hizkuntza-bertsioa itzulpena dela, nahiz eta jatorriz beste hizkuntza batean egin den.
– Lortutako kalifikazioaren egiaztagiria, ikasketa-amaierako lana egin duen titulua eskuratu duen unibertsitateak emana.
3.– Eskatzaileak, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek egiaztatuko ditu:
a) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, indarrean dagoen araudian saria jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta ez duela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan jasotako debekurik.
b) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu ez izana beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik;
c) Sarietan parte hartzeko eskaera egiten den egunean, ez duela ikasketa-amaierako lana aurkeztu honen antzeko beste deialdi edo lehiaketa batera, edo ez duela saritua edo onuraduna izan; eta ez duela ikasketa-amaierako lana argitaratzeko aurkeztu edo jada argitaratu dela, baina titulua lortzeko ikasketa-amaierako lana non egin den, unibertsitate hartako unibertsitateko gordailu instituzionalean;
d) Ez egotea kondenatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, ezta delitu hauetakoren bat egiteagatik ere: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak, eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak;
e) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapenik ez izatea ebazpen irmo baten bidez.
4.– Eskatzaileek, sariak emateko proposamena egin aurretik, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte.
Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, eskatzaileek zerga-betebeharrak betetzen dituztela.
10. oinarria.– Akatsak zuzentzea.
Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioak ez badituzte ezarritako baldintza guztiak betetzen, edo haien edukia osatu gabe badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko; eta azalduko zaio hori egiten ez badu, bere eskaera baztertu egingo dela, edo izapidetzerako eskubidea galduko duela, aurretiaz ebazpena eman eta gero.
11. oinarria.– Balorazio Batzordea.
1.– Balorazio-batzorde batek aztertu eta baloratuko ditu eskabideak. Hauek osatuko dute batzorde hori:
Batzordeburua: Antonio Julián Rodríguez Esquerdo jauna, Lehiaren Euskal Kontseiluko kidea; haren ordezkoa Jorge Aranguren Fernández jauna izango da, Lehiaren Euskal Kontseiluko kidea.
Batzordekideak:
– Ibon Xabier Álvarez Casado jauna, LEA/AVCko lehiaren arloko arduradun juridikoa; haren ordezkoa Guillermo Aranzabe Pablos jauna izango da, LEA/AVCko lehiaren arloko arduradun juridikoa;
– Jaione Aberasturi Erezuma andrea, LEA/AVCko lehiaren arloko arduradun ekonomikoa; haren ordezkoa Zorione Garitano Azkarraga andrea izango da, LEA/AVC-ko lehiaren arloko arduradun ekonomikoa.
Idazkaritza: Noemí Angulo Garzaro Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusiak egingo ditu idazkari-lanak, eta hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Balorazio Batzordeko kideren baten kargua hutsik badago, kide hori kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren batengatik ezinezkoa bada haren parte-hartzea eta ordezkoa izendatuta ez badago, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak izendatuko du haren ordezkoa.
12. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
Sariak emateko lanen balorazioa kualitatiboki eta kuantitatiboki egingo da, honako irizpide hauen arabera, eta gehienez ere 100 puntu emango dira:
a) kalitate akademiko eta metodologikoa (35 puntu, gehienez): helburuen definizioaren argitasuna, lanaren egituraren koherentzia, erabilitako metodologiaren egokitasuna eta argumentu-garapenaren zehaztasuna baloratuko dira;
b) originaltasuna eta berrikuntza (20 puntu, gehienez): landutako ikuspegiaren edo gaiaren berritasuna aztertuko da, bai eta lehiaren zuzenbidearen edo ekonomiaren azterketari edo aplikazioari egindako ekarpen berezia ere;
c) garrantzia eta aplikagarritasun praktikoa (gehienez 20 puntu): baloratuko da zenbateraino ekartzen dituen lanak ondorio baliagarriak lehiaren zuzenbidea edo ekonomia ulertzeko edo praktikan aplikatzeko, edo eremu horrekin lotutako politika publikoak hobetzeko;
d) azalpen-argitasuna eta aurkezpena (gehienez 15 puntu): kontuan hartuko dira lanaren egitura formala, erabilitako hizkuntzaren kalitatea, idazkeraren zuzentasuna, aurkezpena eta aipuen eta erreferentzien erabilera egokia;
e) eragin sozial eta etikoa (10 puntu, gehienez): aztertutako gaitik eratorritako inplikazio sozial, ekonomiko edo etikoak kontuan hartzea baloratuko da, bereziki interes orokorrari eta lehiaren kulturari egiten dioten ekarpena.
13. oinarria.– Hautaketa-prozedura.
1.– Ikasketa-amaierako lanen hautaketa bi fasetan egingo da:
a) Berrikuspen-fasea: Balorazio Batzordeak erabakiko du lanek lotura nahikoa duten deialdiaren xedearekin eta gai-eremuarekin.
b) Balorazio-fasea: Balorazio Batzordeko kide bakoitzak lanak ebaluatuko ditu, eta 12. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera emango ditu puntuazioak.
2.– Balorazio Batzordeko kide guztien balioespenen batezbestekoa egin ondoren, lan bat saritu ahal izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu batez beste.
3.– Lan batek ere ez badu lortzen batez besteko 60 puntuko gutxieneko puntuazioa, Balorazio Batzordeak esleitu gabe utziko ditu sariak.
14. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko modua.
1.– Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiari dagokio deialdi honetan aurreikusitako sariak kudeatzea, eta laguntza kudeatzeko organo eskuduna idazkari nagusia izango da.
2.– Organo kudeatzaileak, Balorazio Batzordeak egindako balorazioa ikusita, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariari.
3.– Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak, organo kudeatzaileak egindako ebazpen-proposamena ikusita, ebazpen bidez ebatziko du dirulaguntza emateko prozedura.
4.– Aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei, gehienez ere sei hilabeteko epean, ondorioak sortzen direnetik aurrera.
Halaber, emandako sarien zerrenda, zenbatekoa eta onuraduna adierazita, Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean argitaratuko da, gardentasunaren atalean: https://www.competencia.euskadi.eus
6.– Ebazteko sei hilabeteko epea igaro eta ebazpenik egin ez bada, sarien deialdian parte hartzeko eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
15. oinarria.– Sari-banaketa.
1.– Lehiaren Euskal Agintaritzak antolatutako ekitaldi instituzional batean emango dira sariak. Ekitaldi horretan, saritutako pertsonek beren lanen aurkezpen labur bat egin ahal izango dute.
2.– Sariei eta sariak emateko ekitaldiari buruzko informazioa Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean argitaratuko da, eta beste erakunde-bitarteko batzuen bidez zabaldu ahal izango da.
16. oinarria.– Sarituen betebeharrak.
Onuradunek, nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte; bereziki:
a) Emandako saria onartzea. Alde horretatik, saria eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean saridunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, saria onartu egin duela ulertuko da.
b) Saria emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiari.
c) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea.
d) Lehiaren Euskal Agintaritzako Idazkaritza Nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa ematea, eta diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola, egiaztapena, jarraipena eta ikuskapena egiteko dituzten eginkizun edo ahalmenen mende jartzea, bai eta Europako Erkidegoko organo eskudunen mende ere, hala badagokie.
e) Jasotako sariaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea; horrela, saria lortu ondoren edozein erakunde publiko edo pribatuk argitaratzen badu ikasketa-amaierako lana, honako hau sartu beharko da: «Lehia Sariak» 2026, Lehiaren Euskal Agintaritzak emana.
17. oinarria.– Jabetza intelektualeko eskubideak.
Ikasketa-amaierako lanen egileek, sarituak badira, aurkeztutako lanaren gaineko jabetza intelektualeko eskubideak izaten jarraituko dute. Hala ere, sari honen xede diren ideiak eta balioak sustatzeko asmoz erreproduzitu eta zabaltzeko baimena eman beharko dute.
18. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako sariak bateraezinak dira helburu bererako eta denbora-eremu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.
2.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik helburu bererako dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri eman beharko da, eta saria erabat baliogabetuko da. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak.
19. oinarria.– Saria ordaintzea.
1.– Saria ordainketa bakarrean ordainduko da, saria eman ondoren.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo saridunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
3.– Saria ordaindu ahal izateko, eskatzaileak erregistratuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta ez badago edo banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egingo da alta edo aldaketa: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
20. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Hauek dira ez-betetzea eragin dezaketen kasuak:
a) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
b) Dirulaguntzen arloko beste xedapen batean orokorrean ezarritako beste inguruabarren bat eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako ez-betetzeak.
2.– Egiaztatzen bada aurreko puntuan aipatutako inguruabarrak aldi berean gertatzen direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak.
Ondorio horietarako, itzulketa-prozeduran Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
3.– Itzulitako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrerak izango dira lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatutakoa izango da.
21. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «Lehiaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Lehiaren Euskal Agintaritza.
Xedea: lehiaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.
Eskubideak: datuak eskuratzea, zuzentzea, ezereztea eta informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk.
Informazio gehigarria:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/174100-capa2-eu.shtml
Araudia: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS