
134. zk., 2026ko uztailaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 11 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
3222
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 8koa, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarena, Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta 2026rako deialdia egiten duena.
Deialdi honen xede diren dirulaguntzak urtero deitzen dira, eta Lehendakaritzaren lau urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Plan hori Koordinaziorako eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta honako helbide honetan argitaratu zen:
Era berean, dirulaguntza horiek Lehendakaritzaren 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Koordinaziorako eta Proiektu Estrategikoetarako idazkari nagusiaren 2026ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta helbide honetan argitaratu zen:
Deitutako dirulaguntzek kanpoko euskal komunitatea indartzen laguntzen dute, eta hori da aipatutako planetan jasotako helburu estrategikoetako bat.
Laguntzen onuradun diren Europar Batasuneko Euskal Etxeek eta federazioek Minimis araubidea beteko dute, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (EBAO, L seriea, 2023ko abenduaren 15ekoa).
Ondorioz, eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako dirulaguntzetarako oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egitea 2026ko ekitaldirako.
Ebazpen hau Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera arautuko da (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.).
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Europar Batasunaren lurraldean kokatutako Euskal Etxeek eta federazioek jasotako laguntzak 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EE) Erregelamenduaren mende egongo dira. Erregelamendu hori Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (EBAO, L, 2023ko abenduaren 15ekoa). Laguntza horiek minimis gisa kalifikatzen dira, pertsona juridiko edo fisiko jakin bati emandako guztizko laguntza ez baita 300.000 eurotik gorakoa izango, hiru urteko edozein alditan. Muga horretatik beherako laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehia faltsutzen ez dutela uste da, eta, beraz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 8a.
Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia,
ANDER CABALLERO BARTUREN.
ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako dirulaguntzetarako oinarri arautzaileak ezartzea eta 2026rako deialdia egitea.
Bigarrena.– Hartzaileak.
Dirulaguntza hauen hartzaileak izango dira Euskal Etxeak, Federazioak eta Konfederazioak, Euskal Autonomia Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetakoari buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 legearen 2. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta jarduerak.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak jarduerak eta gastu osoak edo gastuen zati bat finantzatzera bideratuko dira, honako helburu hauek betetzeko: euskal etxeen baldintzak hobetzea, eta kanpoko euskal gizataldeen artean eta kokatuta dauden herrialdeen eta Euskadiren artean kultura, gizarte eta ekonomia harremanak sustatu eta sendotzea.
2.– IV. kapitulua: maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen helburuak betetzera bideratutako funtzionamendu-gastuak eta urteko programak edo irabazi-asmorik gabeko jarduera zehatzak diruz lagunduko dira.
Euskal etxeen funtzionamendu- eta mantentze-gastuak (langileen soldata-kostuak, gizarte-segurantzakoak, bidaia-gastuak, ura, argia, berokuntza, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) ezin izango dira jardueretako gastuak baino handiagoak izan, eta emandako dirulaguntzaren % 50eko muga dute.
3.– VII. kapitulua: Euskal Etxeen, Federazioen eta Konfederazioen azpiegitura- eta ekipamendu-gastuak diruz lagunduko dira, honako hauei dagokienez:
a) Kalteak konpontzea.
b) Oztopo arkitektonikoak kentzea.
c) Euskal Etxeen egoitza berriak eraikitzea.
d) Espazioak egokitzea.
e) Gazteen eta emakumeen jarduerak garatzeko teknologiak sartzea.
4.– IV. kapituluko dirulaguntzen gutxieneko zenbatekoa 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko formularen aplikaziotik kopuru txikiagoa ateratzen bada, ez da laguntzarik emango.
5.– IV. kapituluko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da Euskal Etxeen kasuan. Euskal Etxeen Federazioen kasuan, 50.000 euroko gehieneko zenbatekoa ezartzen da.
6.– VII. kapitulurako emango diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.
7.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutako kopuru osoaren arabera kalkulatuko da.
8.– Erakunde onuradunak Europar Batasunaren lurraldean dauden Euskal Etxeak eta Federazioak direnean, laguntzak Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako minimis erregimenari atxikiko zaizkio (EBAO, L seriea, 2023-12-15ekoa). Erakunde bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru urteko edozein alditan.
Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa milioi bat eta hogeita hamar mila (1.030.000) eurokoa da, honela banatuta:
a) IV. kapitulurako (jarduerak eta funtzionamendua), 840.000 euro, honela banatuta: 210.000 euro, ordainketa-kreditua 2026an, eta 630.000 euro 2027rako konpromiso-kreditua.
b) VII. kapitulurako (ekipamenduak eta azpiegiturak):190.000 euro, modu honetan banatuta: 47.500 euro, ordainketa-kreditua 2026an eta 142.500 euro 2027rako konpromiso-kreditua.
Bosgarrena.– Diruz lagun daitezkeen jardueren denbora-eremua.
Deialdi honetara biltzen diren programak eta jarduerak 2026ko ekitaldian gauzatu beharko dira, eta, nolanahi ere, ekitaldi horretako abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
Seigarrena.– Gastu arruntetarako eta jarduerak antolatzeko balorazio- eta hautaketa-irizpideak (IV. kapitulua).
Ebaluazio Batzordeak, bere balorazio- eta hautaketa-zereginean, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
1.– Euskal Herriarekiko eta beste herrialde batzuetan kokatutako euskal gizataldeekiko gizarte-, ekonomia- eta kultura-harremanak indartzea, bai eta euskal kultura zabaltzea ere (30 puntu, gehienez):
a) Inguruko Euskal Etxeekiko harremanak – gehienez 10 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira harremanak dituzten euskal etxe bakoitzeko).
b) Euskal Herriarekiko harremanak – gehienez 10 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira harremanak dituen Kanpoko Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaz bestelako euskal erakunde bakoitzeko).
c) Beste herrialde batzuetako Euskal Etxeekiko harremanak – gehienez 10 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira harremanak dituzten Euskal Etxe bakoitzeko).
2.– Euskal Etxea, federazioa edo konfederazioa sendotzeko eta/edo hazteko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (35 puntu, gehienez):
a) Bazkide kopurua – gehienez 15 puntu (1 puntu 100 bazkideko- 10 puntu gehienez; puntu 1 35 urtetik beherako 25 bazkideko – 5 puntu gehienez).
b) Programatutako jarduera-maila, aurkeztutako jardueren kopuruaren eta garrantziaren arabera – gehienez 20 puntu (horretarako 3 puntu emango dira programatutako jarduera mota bakoitzeko).
3.– Erakunde eskatzailearen jardueren ibilbidea (gehienez 25 puntu):
a) Jardueraren garrantzia edo kanpo-proiekzioa deialdiaren dataren aurreko urtean – gehienez 10 puntu (horretarako, 1 puntu emango da komunikabideetan egindako argitalpen bakoitzeko, toki- edo eskualde-mailan, edo buletinen edo plataforma birtualen bidez). Balorazio horretatik kanpo geratzen dira barne-erabilerako argitalpenak, korporatiboak edo orokorrak, Euskal Etxeen esparrua bete ohi dutenak.
b) Jarduerak egiteko azpiegituren (egoitza, webgunea, etab.) egokitasun-maila – gehienez 5 puntu (horretarako 2,5 puntu emango dira egoitza fisikoa eta/edo birtuala nahikoa/egokia bada aurkeztutako jarduera-mailarako, 1,25 puntu web orria izatearren eta 1,25 puntu sare sozialetan egoteagatik).
c) Azken urteetako jarduera-kurba – gehienez 10 puntu (10 puntu emango dira hazkundea gutxienez % 50 handitzen bada; 8,5 puntu % 25eko hazkundea edo handiagoa bada; 5 puntu % 25etik beherako hazkundea bada; 2,5 puntu etengabeko bilakaera bada, eta 0 puntu atzera egiten bada).
4.– Genero-ikuspegia garatu beharreko programa, jarduera edo ekintzetan (10 puntu, gehienez).
a) Emakumeek zuzendaritza-batzordeetan berdintasunez parte hartzea, erregistro ofizialean eguneratutako datuen arabera – gehienez 5 puntu (5 puntu emango dira zuzendaritza-batzordeetan emakumeen ehunekoa % 50ekoa edo handiagoa denean, gainerako puntuak modu proportzionalean kalkulatuta).
b) Jarduera edo proiektua gauzatzeko memoria teknikoan genero-ikuspegia txertatzeko konpromisoa (gehienez 5 puntu):
– Aurreikusitako helburu eta jardueretan emakumeei eragiten dien desberdintasuna kontuan hartzea: 2,5 puntu.
– Amaierako memorian proiektuaren edo jardueraren genero-eraginari buruzko erreferentzia bat aurkezteko konpromisoa, jardueraren onuradunengan edo hura gauzatuko duten langileengan: 2,5 puntu.
5.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 30 puntu).
a) Ibilbide ekonomikoa, aurreko espedienteen justifikazioa kontuan hartuta, gehienez ere 10 puntuko balorazioarekin (10 puntu emango zaizkie euskal etxeen eskaerei, baldin eta horien aurreko justifikazioa garaiz eta behar bezala egin bada, edo aurreko urtean diruz lagundu ez baziren; 5 puntu emango zaizkie formaz egin zutenei, baina ez denboraz; eta 0 puntu ez zutenei, ez forma ez denbora aldetik).
b) Baliabide propioak, gehienez 20 puntuko balorazioarekin, epigrafe hauetako bati esleituak (ehunekoak hurbilen dagoen zenbaki osora biribilduko dira):
– Autofinantzaketa % 0tik % 25era: 0 eta 5 puntu artean.
– % 26tik % 50era bitarteko autofinantzaketa: 6-10 puntu.
– % 51-75eko autofinantzaketa: 11-15 puntu.
– % 76tik % 100era bitarteko autofinantzaketa: 16-20 puntu.
Autofinantzaketaren ehunekoa bi kontzepturen arabera definitu da, % 50eko ponderazio berarekin:
1.– Euskal Etxearen diru-sarrerak guztizko gastuekin zatitu dira, balantzeetan emandako datuen arabera, eta 0 eta 10 puntu arteko koefizientea lortu da.
2.– Benetan eskatutako zenbatekoa eskabidean aurkeztutako aurrekontu osoarekin zatituko da, eta koefizientea 0 eta 10 puntu artekoa izango da.
Zazpigarrena.– Azpiegitura- eta ekipamendu-gastuak baloratzeko eta hautatzeko irizpideak (VII. kapitulua).
1.– Euskal Etxea, federazioa edo konfederazioa sendotzeko eta/edo hazteko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (30 puntu, gehienez):
a) Bazkide kopurua: puntu 1 100 bazkideko – gehienez, 7,5 puntu.
b) Kultura-jarduerak eta -zabalkundea – gehienez, 7,5 puntu (horretarako, puntu 1 emango da programatutako jarduera mota bakoitzeko).
c) Eragin-eremu geografikoaren garrantzia: biztanleria, hiria, eskualdea, herrialdea – gehienez 7,5 puntu (7,5 puntu, euskal etxearen eragin-eremua kokatuta dagoen herrialde osoko erakunde-sare osora iristen bada edo herrialde bateko euskal etxe bakarra bada; 5 puntu, haren eragin-eremua herrialde bateko hiriburua bada; 4 puntu, eskualdea/estatua iristen bada edo eragin handiko hiria bada; 2 puntu, hiri maila lortzen badu).
d) Premiazko konponketak eta martxan dauden obra edo ekipamenduen proiektuak – gehienez 7,5 puntu (konponketaren premiaren eta/edo presaren arabera, aurretik zegoen proiektu baten jarraipena positiboki baloratuz; horretarako, 0 puntu emango dira urgentziarik batere ez bada, 2,5 puntu urgentzia ertainerako eta 5 puntu urgentzia garrantzitsu edo handienerako; lehendik dagoen proiektu baten jarraipena 0 punturekin baloratuko da martxan dagoen proiektu bat ez dagoenean, eta 2,5 punturekin martxan dagoen proiektu bat dagoenean).
2.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 35 puntu).
a) Ekipamenduetan eta obretan izandako ibilbide ekonomikoa, aurreko espedienteen justifikazioa kontuan hartuta – gehienez 10 puntu (zazpigarren oinarriko 5.a) irizpidearen modu berean aplikatuta).
b) Baliabide propioak – gehienez 15 puntu, epigrafe hauetako bati esleituta (ehunekoak hurbilen dagoen zenbaki osora biribilduko dira):
– % 0-25eko autofinantzaketa – 0 eta 3 puntu artean.
– Autofinantzaketa: % 26-50 – 4 eta 7 puntu artean.
– % 51-75eko autofinantzaketa – 8 eta 11 puntu artean.
– Autofinantzaketa: % 76-100 – 12 eta 15 puntu artean.
Autofinantzaketaren ehunekoa zehazteko, eskabidearen aurrekontuari dagokionez benetan eskatutako zenbatekoa hartuko da kontuan, araudira egokitu ondoren.
c) Egoitza mota: jabetzan (10 puntu) edo alokairuan (5 puntu); 0 puntu, egoitzarik ez badu.
3.– Proiektuaren beharrizan- eta egokitzapen-maila (35 puntu, gehienez).
a) Obra edo ekipamenduaren premia-maila – gehienez, 20 puntu (hondamendi naturalek, hirugarrenen ekintza bandalikoek edo arkitektura-oztopoak kentzeak eragindako kasuetan, 20 puntu emango dira, 15 puntu urte horretarako programatutako jarduera baldintzatzen duten kasuetarako, eta 5 puntu premia hurrengo urtera atzeratzeko modukoa bada).
b) Aurrekontua behar hori betetzeko zenbateraino egokitzen den, ikastetxearen garrantzi erlatiboarekiko aurrekontuaren oreka balioetsiz – gehienez, 15 puntu (15 puntu, aurkeztutako aurrekontua merkea bada; 10 puntu, onargarria bada, eta 0, gehiegizkoa bada).
Zortzigarrena.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.
Deialdia hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 19.1 artikuluan aurreikusitako lehiaketa bidezko norgehiagoka prozeduraren arabera ebatziko da.
Horretarako, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, eskabideen artean lehentasuna-ordena ezartzeko oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpideen arabera. Aukeraketa fasean puntuen % 30a lortu dutenen artetik balorazio handienak lortu dituzten eskabideei esleituko zaizkie dirulaguntzak, gastu modalitate bakoitzeko kredituak agortu arte.
Bederatzigarrena.– Dirulaguntzak kuantifikatzea.
1.– Emandako dirulaguntzek ezingo dute eskatzaileak eskatutako zenbatekoa gainditu eta euskal etxe, federazio edo konfederazio eskatzaileak aurkeztutako gastuen aurrekontuan jasotako gastu zenbatekoaren ehuneko ehunera (% 100) irits daiteke.
2.– Baloratzeko eta aukeratzeko fasean aurreko oinarrian jasotako puntuaketa jasotzen duten eskatzaileei ematen zaien dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurrekontuan jasotako gastu zenbatekoa oinarri hartuta, bakoitzak lortutako puntuazioaren ehuneko baliokidea ezarriko zaie, eta puntuazio gehienetik gutxienera banatuko dira zenbatekoak, bakoitzari dagokiona esleituz.
3.– Nolanahi ere, hamazortzigarren oinarrian aipatutako bigarren ordainketa gauzatu aurretik, eta hemeretzigarren oinarrian aurreikusitako dirulaguntza justifikatu ondoren, emandako dirulaguntzaren likidazioa egingo da, dirulaguntzaren azken zenbatekoa zehazteko xedez. Horretarako, azkenean justifikatutako gastuari ehuneko bat aplikatuko zaio, zeina izango baita aurkeztutako aurrekontuaren gainean eman den dirulaguntzaren zenbatekoa kontuan hartuta ateratzen den ehunekoa. Egiteke dagoen ordainketaren zenbatekoa bion arteko aldea izango da, hau da, likidazioan zehatutako dirulaguntzaren eta aurretik ordaindutako zenbatekoaren artean dagoen aldea.
Hamargarrena.– Kudeaketarako organo eskuduna.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza deialdi honi dagozkion kudeaketa-lanak egitea.
Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko modua, lekua eta epea.
1.– Deialdi honetara aurkezten diren euskal etxeek, federazioek eta konfederazioek modu elektronikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak) onartutako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistemaren bat erabiliz.
Horretarako, erakunde horietako lehendakariek, legezko ordezkariek edo ahaldunek BAK eskuratu ahal izango dute indarrean duten NANaren edo pasaportearen bidez, honako helbide hauetan aurreikusitako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistema gisa:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034311
https://www.euskadi.eus/euskaldunak
2.– Deialdiko laguntzak eskatzeko, esteketako edozeinetan eskura daitekeen eredu normalizatua bete beharko da.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamabigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Euskal Etxeek honako agiri hauek erantsi beharko dizkiete eskabideei:
a) Diruz lagundu nahi den programa, ekintza edo jarduera deskribatzen duen txostena, horien artean lehentasunak finkatuz.
b) Programa, jarduera edo ekintza burutzeko kostuen aurrekontua, aurreikusitako irabazi eta gastuak berariaz adieraziz (azpiegitura edota ekipamendu inbertsioak direnean, profesional aditu batek egindako proiektua eta aurrekontua erantsi beharko dira).
Aurrekontuak tokian tokiko moneta nazionalean aurkeztuko dira eta Ebaluazio batzordeak egingo du trukea euroarekiko. Horretarako, urteroko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguneko trukea ezarriko du.
c) Euskal Etxean dirulaguntza deialdiaren aurreko urteko aurrekontu ekitaldian izan dituen diru sarreren eta gastuan balantzea.
d) Euskal Etxeak dirulaguntza deialdiaren aurreko urteko aurrekontu ekitaldian izan dituen jardueren txostena.
e) Dirulaguntza eskatu duen erakundearen zuzendaritza organoetan eta erakunde horrek antolatutako ekintzetan duen parte hartzeari buruzko txostena.
2.– Eskabideak Euskal Etxearen, federazioaren edo konfederazioaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu. Bestelako pertsona fisiko batek ere egin ahalko du, Euskal Etxeak, federazioak edo konfederazioak horretarako baimena ematen badio. Horrelakoetan, behar bezala egiaztatu beharko da horretarako ahalmena duela.
Hamahirugarrena.– Eskabideak zuzentzea.
Dirulaguntza eskabideetan zehaztapen guztiak jaso ez badira edota eskabideari aurreko oinarrian adierazitako dokumenturen bat erantsi ez bazaio, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hutsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak bidal ditzala hamar eguneko epean. Halaber, adieraziko zaie horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, horretarako ebazpena eman ondoren.
Hamalaugarrena.– Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:
– Ziortza Olano Astigarraga andrea, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Batzordeko presidentea.
– Estibaliz Urcelay Erguido andrea, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordekidea.
– Gorka Ruiz de Azúa Gómez de Segura jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordekidea.
– Caren Luisovna León Peraza andrea, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusikoa, Batzordeko idazkaria.
Hamabosgarrena.– Dirulaguntzen ebazpena.
1.– Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak, laguntza kudeatzen duen organoaren proposamena ikusita, dirulaguntzen esleipena ebatziko du. Ebazpenak dirulaguntzen titularrak eta kuantifikazioa adieraziko ditu, ohiko gastuak eta inbertsio gastuak bereiziz.
2.– Ebazpena banakako jakinarazpenaren bidez jakinaraziko zaie zentro edo erakunde eskatzaileei, horretarako adierazi duten lekuan, sei hilabeteko epean, deialdiaren urteko ebazpenak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 21/2023 Legearen 26. artikulua betez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.
4.– Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Epe hori igarota ebazpenik eman ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluaren arabera.
Hamaseigarrena.– Laguntzen erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Esleitutako dirulaguntza onartzea. Horretarako, pertsona/erakunde onuradunek hamabost eguneko epea izango dute, dirulaguntza esleitu zaiela jakinarazten zaienetik aurrera, dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Horrela egiten ez badute, dirulaguntza onartutzat emango da.
2.– Organo kudeatzaileak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo beste kontrol-organo batek eskatutako informazio guztia ematea, baldin eta, finantzaketa dela-eta, dirulaguntza horien zertarakoa fiskalizatzen badute.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 27. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzea.
4.– Era berean, erakunde onuradunak Europar Batasuneko euskal etxeak eta federazioak badira, helburu bererako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jaso dituztela jakinarazi beharko dute, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, eta hiru urtean beste minimis laguntza batzuk jaso dituztela.
5.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeak ezin izango dira onuradun izan.
Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bera lortzeko eman ditzakeen beste laguntza batzuekin, beti ere horrek gain-finantzaketarik ez badakar. Gain-finantzaketarik izanez gero, ahalik eta gehien gutxituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Hamazortzigarrena.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza zatika ordainduko da:
a) Dirulaguntzaren % 25 ordainduko da dirulaguntza onartu ondoren.
b) Dirulaguntzaren gainerako % 75a, diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren % 100i dagokion gastu guztiaren agiriak jaso eta egiaztatu ondoren.
Hemeretzigarrena.– Dirulaguntzen justifikazioa.
1.– Dirulaguntza jasotzen duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera amaitu eta sei hilabete igaro baino lehen, eta, betiere, hurrengo ekitaldiko martxoaren 31 baino lehen:
a) Dirulaguntza jaso duen programaren, jardueraren edo ekintzaren betearazpenari buruzko txosten zehatza.
b) Diruz lagundutako jardueraren betearazpenak sortutako gastuen frogagiriak.
2.– Agiriok onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.
3.– Justifikatu beharreko kopuruak zenbatzeko, lehenengo ordainketa burutzen den eguneko moneta trukea hartuko da aintzat.
Hogeigarrena.– Dirulaguntzen baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak aldaketak egiteko ebazpena emango du esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.
2.– Dena delakoarengatik, euskal etxeen aurrekontuaren kontura diruz lagundutako programa, jarduera edo ekintzaren bat eskaeran ezarritako baldintzetan aurrera eramaterik ez badago, egoera horren berri eman beharko zaio Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkaritza nagusiari. Horrelakoetan, eta esleipen-ebazpena aldatzea egoki ez bada, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkariak beste ebazpen bat emango du emandako diruaren zenbatekoa itzul dadin eskatzeko, hala badagokio.
Hogeita batgarrena.– Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzultzea eta berandutze-interesak eskatzea, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte edo, zordunak itzulketa egin baino lehenagokoa bada, itzulketa egiten duen egunera arte.
Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedura eta dirulaguntza ordaindu zenetik aplikatu beharreko berandutze-interesak.
Hogeita bigarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak erabiliko dira eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kanpoan den euskal komunitateari Laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Lehendakaritza.
Helburua: Kanpoko euskal komunitateetako pertsonei edo eskabidea egiten dutenei laguntzak eta dirulaguntzak ematea.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
Hartzaileak:
Euskal Etxeak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere:
https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/
Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
RSS