
134. zk., 2026ko uztailaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 2 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3216
104/2026 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duena.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua onartu ondoren (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Ogasun eta Finantza Sailak, dekretu hori garatuz, sail horren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko araua izapidetu zuen, eta, azken buruan, 313/2024 Dekretua, urriaren 29koa, onartu zuten, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
XIII. Legegintzaldirako 2024-2028 Gobernu Programak zenbait ekimen jasotzen ditu 145. konpromisoan (Euskadiren ekonomia- eta finantza-autogobernua indartzea eta garatzea), V. ardatzaren barruan (Autogobernuan haztea), helburutzat hartuta Ekonomia Ituna indartu eta sustatzea. Ekonomia Itunaren azterketari eta hedapenari lotutako jarduera jakin batzuk garatu ahal izateko, beharrezkoa da eskumen horiek zehaztea Zerga Administrazioko Zuzendaritzari, Ogasun Sailburuordetzaren mende baitago.
Gainera, eginkizun horiek garatzeko, Zerga Administrazioko Zuzendaritzan zerbitzu berri bat sortzea aurreikusi da, «Ekonomia Ituna aztertzea eta hedatzea» izenekoa.
Halaber, indarrean dagoen egitura-dekretuak Zerbitzu Zuzendaritzari atxiki dio sailaren Estatistika Organo Berezia, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta bere antolakuntza eta jarduera ezartzen dituen martxoaren 8ko 48/2005 Dekretuan araututa dagoena. Organo horren eta politika publikoen ebaluazio-arloaren arteko lotura berezia kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da Ogasun eta Finantza Sailaren Estatistika Organo Berezia Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzari atxikitzea.
Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren bigarren aldaketa da; izan ere, duela gutxi aldatu da ekainaren 16ko 92/2026 Dekretuaren bidez (92/2026 Dekretua, ekainaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiak konkurtso-prozesuetan izaera publikoko kredituei buruzko akordioak edo hitzarmenak sinatzeari buruzkoa).
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2006ko ekainaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren 9. artikulua, «Zerbitzu Zuzendaritza», aldatzea.
Indargabetu egiten da 9. artikuluaren 4. apartatua.
Bigarren artikulua.– Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren 11. artikulua, «Zerga Administrazioko Zuzendaritza», aldatzea.
11. artikuluari n) azpiapartatua gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:
«n) Ekonomia Ituna aztertzea, hedatzea eta nazioartekotzea».
Hirugarren artikulua.– Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren 16. artikulua, «Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza», aldatzea.
2. apartatua gehitzen zaio urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren 16. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:
«2.– Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzari atxikitzen zaio sailaren Estatistika Organo Berezia, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta horren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituen martxoaren 8ko 48/2005 Dekretuan araututa dagoena.»
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 30ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS