
134. zk., 2026ko uztailaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3215
90/2026 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2027. urteko jaiegunen egutegi ofiziala onartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 12. artikuluak eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak-Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duenak- 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzari dagokio 2027 urterako lanegun eta jaiegunen egutegia onartzea, kontuan harturik urteak gehienez ere hamalau jaiegun izango dituela.
Hori dela eta, lanaldia, lanaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz (lanaldi bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarraren arabera dago indarrean), Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta eta Lan Harremanen Kontseiluari eta gainerako kontsulta-organoei entzunda, Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 9an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– 2027an zer egun izango diren baliogabeak lanerako.
Bi mila eta hogeita zazpigarren urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaieguntzat hartuko dira lan ondorioetarako –ordainduak eta berreskuraezinak izango dira– urteko igande guztiak eta beste jaiegun hauek:
Urtarrilaren 1a, Urte Berri eguna.
Urtarrilaren 6a, Jaunaren Agerkundea.
Martxoaren 25a, Ostegun Santua.
Martxoaren 26a, Ostiral Santua.
Martxoaren 29a, Pazko Astelehena.
Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.
Urriaren 7a, Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena.
Urriaren 12a, Espainiako Jai Nazionala.
Azaroaren 1a, Santu Guztien Eguna.
Abenduaren 6a, Konstituzio Eguna.
Abenduaren 8a, Andre Maria Sortzez Garbiaren Eguna.
Abenduaren 25a, Eguberri Eguna.
2. artikulua.– 2027ko tokian tokiko jai-egunak, lan-ondorioetarako jai izango direnak.
1.– Era berean, bi mila eta hogeita zazpigarren urtean tokian tokiko beste bi jai-egun ere (gehienez ere bi) jai izango dira lan-ondorioetarako –ordainduak eta berreskuraezinak–. Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkariek ezarriko dituzte egun horiek, dagozkien udaletako Udalbatzen proposamenez. Egun horiek berberak izan daitezke, edo ez, Lurralde Historiko bakoitzeko udalerri guztietan.
2.– Udalek, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte proposamenak dagokien lurralde-ordezkaritzan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gaikuntza.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari aginpidea ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Efikazia.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 9an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
RSS