
131. zk., 2026ko uztailaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (257 KB - 22 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3174
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 23koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira Lortu Berria laguntza-programaren 2026rako oinarri arautzaileak eta haren deialdia egiten baita.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mende dago. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan hainbat jarduera sustatzeko jarduketak adjudikatu zaizkio, hala nola industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, industria-dibertsifikazioa eta -lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta ezagutzaren gizartearen garapena eta enpresa-ekintzailetzaren sustapena.
Ildo horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat jarduketa egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sarea sustatzeko. Jarduketa horien artean aipatzekoak dira industria-lehiakortasuna sustatzea helburu duten laguntza-programak, Euskadiko industria-enpresek jarduera ekonomikoa eta enplegua sor ditzaten, krisialdiei aurre egin diezaieten eta hazkuntza-aukerak finka ditzaten, inbertsioak erakarri eta talentua atxikitzeaz gain.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskadiko 2030erako Industria Planak herrialde-ikuspegia finkatzen du, non industria-eredu jasangarriagoa, digitalizatuagoa eta erresilienteagoa lortu nahi den, hurrengo urteetan Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna eta lidergoa bermatzeko. Plana funtsezko tresna da euskal industriak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko: trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala, Europako autonomia estrategikoa indartu beharra, eta gero eta lehia global handiagoa.
Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna industria-ehunaren jasangarritasuna, digitalizazioa eta erresilientzia bultzatzea izan arren, era berean, garrantzitsua da enpresek dituzten erronkei aurre egitea epe ertain eta luzera haien finantza-osasuna bermatzeko. Egonkortasun horren araberakoa da aipatutako trantsizioak eta eraldaketak gauzatzeko aukera emango dieten planak eta proiektuak garatzeko gaitasuna. Modu horretan, garapen orekatua eta lehiakorra ziurtatuko da nazioarteko testuinguruan.
Organismo publiko nahiz pribatuak ahalegintzen dira enpresen esku jartzen laguntzeko neurriak, enpresa-jarduerarekin sendotasunez eta kaudimenez jarraitu ahal izateko. Mundu globalizatuan, enpresek aurre egin behar izaten diete ekonomia-, osasun- eta ingurumen-arloko krisiek edo gerra-gatazkek eragiten dituzten erronkei, bai eta horien guztien ondoriozko eragin ekonomiko-finantzarioei ere. Hortaz, enpresek zenbait prebentzio-neurri hartu behar izaten dituzte lehiakortasuna mantendu eta sendotu ahal izateko.
Ondorioz, laguntza-programa hau, batez ere, industria-enpresen eta haien industriako produktu-prozesuekin lotutako zerbitzu-enpresen bideragarritasuna babesteko diseinatu da. Hala, jarduerei jarraipena eman nahi zaie etorkizuna ziurtatzeko eta, xede horrez, hobekuntza-prozesuak izango dituzten balizko konplexutasunak identifikatu nahi dira oraingo eta etorkizuneko egoeran eragingo duten ekintzak abian jarriz.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoak («DAEL»), 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horretan aipatutako dirulaguntzak, besteak beste, publikotasun-printzipioaren arabera kudeatu eta eman behar direla. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza-mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, programari zegokion gastua baimendu zen.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onestea Lortu Berria laguntza-programaren 2026rako oinarri arautzaileak eta deialdia; horiek eranskin gisa gehitu dira ebazpen honetan.
Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2026ko ekainaren 23a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
LORTU BERRIA LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK 2026RAKO
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia – arlo digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailearen arloko inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Lortu Berria laguntza-programa (aurrerantzean, Lortu Berria programa) 2030erako Euskadiko Industria Planean jasotako jarduketa-politikekin lerrokatuta dago. Programa horren helburua da enpresei laguntzea finantza-osasuna lortzen, balizko erronkei erantzuteko, bai erakundez kanpokoei, bai eta barnekoei ere, baldin eta denboran zehar bideragarritasuna eta jasangarritasuna arriskuan jar badezakete. Egonkortasun horren araberakoa da planak eta proiektuak garatzeko gaitasuna, Planean jasotako trantsizioak eta eraldaketak gauzatze aldera. Finantza-osasuna zera da: erakunde batek finantza-baliabideak ongi kudeatuz lortzen duen ongizatea, ordaintzeko betebeharrak betetzeko eta sarreren eta gastuen gorabeheren aurrean erresilienteak izateko aukera ematen duena, enpresaren oraingo eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, haien lehiakortasuna zaintzeko edo areagotzeko proiektuei heltzen jarraitzeko aukera izan dezaten.
Horren harira, enpresa askok abiapuntuko egoera aztertu behar dute aurrera egin ahal izateko, oraingo eta etorkizuneko erronkak edo desafioak kontuan hartuta. Helburua da analisi horren bidez gauzatu behar diren balizko jarduketak identifikatzea, egoera jasangarria izan dadin. Horretarako, finantza-osasuna lortu behar da, hark babestuko baitu lehiakortasuna epe ertainean eta luzean. Jarduketak honako prozedura hauetakoren batean koka daitezke: berregituratzea, birfinantzatzea edo zorrak berriz negoziatzea, ondorengotza, finantza-mix ezin hobea bilatzea, bazkide berriak bilatzea, bat-egitea edo eskuratzea, bazkideen arteko itunak, itxiera ordenatuak, etab. Finantza-osasuna izateko eta zaintzeko, enpresek osasun horretan eragina duten aldagai guztiak aztertu behar dituzte, eta beharrezkotzat jotako gainerako guztiak ere bai. Askotan, prozesu hori konplexua da, eta laguntza profesionala behar dute, zeinaren helburua baita kudeaketaren profesionalizazioa sustatzea, finantzaketa eta inbertsioa errazago lortzea, belaunaldien arteko erreleboko prozesuetan laguntzea eta erakundeen posizio lehiakorra indartuko duten eragiketa korporatiboak sustatzea.
Lortu Berria Zerbitzuaren bidez ematen den gauzazko laguntzari esker, hausnarketa hori egitea komeni dela uste duten enpresei prozesu hori bideratzen lagundu nahi zaie. Zerbitzuak egoeraren diagnostikoa egingo du, eta, horretarako, lana partekatuko da enpresaren eta aditu independente baten artean. Lan horren bidez, adituak enpresaren uneko egoera ezagutu ahal izango du, ekintza-plana egin ahal izateko eta enpresari laguntzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak gauzatzen.
Xede horrez, egokitzat jotzen diren neurri operatibo eta finantzarioak antzeman eta ezarri behar dira. Baliteke horiek identifikatu eta abiaraztea prozesu konplexua izatea eta enpresak ez izatea beharrezkoak diren baliabideak. Mota horretako prozesuak diagnostikatzeko eta lantzeko zailtasun tekniko eta operatibo handiak daudenez, adituen laguntza erabakigarria da emaitza arrakastatsuak lortzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da enpresei laguntzea horrelako prozesuetan parte hartzen, gaian esperientzia duten kanpoko profesionalek lagunduta.
Lehen azaldutako guztia dela eta, laguntza honen bidez, kalitatezko finantza-aholkularitzaren zerbitzuak eman nahi dira, proiektua gauzatzeko aldi osoan alderdien arteko lankidetza estua izango dela ziurtatuz, eta lankidetza hori gailenduko dela ziurtatuz, dokumentuak egiten direnetik neurriak betearazteko laguntza ematen den arte. Proiektu osoarekin lortutako arrakasta ulertuko da bi aldeen arteko lankidetzaren emaitza izango dela, eta, horregatik, laguntza hori zenbait fase betetzearen baldintzapean egongo da.
Programa jasota dago 2025-2028 aldirako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onetsi baitzen eta erakundearen gardentasun-atarian argitaratu baitzen. Programak Planeko helburu hau betetzen laguntzen du: «Egoera bereziak dituzten enpresak (finantza-tentsioak, arazo operatiboak, sozietate-gatazkak, egiteke dagoen ondorengotza, berregituratzeko beharra, etab.) eta/edo etorkizuneko zailtasunak aurreikusten dituztenak edo arrisku-seinale goiztiarrak identifikatzen dituztenak bultzatzea eta pizgarriak ematea, enpresaren egoeraren azterketa sakon eta profesional baten bidez hausnarketa egin dezaten, haien jarraipena eta lehiakortasuna bermatzen lagunduko dieten neurri goiztiarrak definitzeko».
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Lortu Berria Zerbitzuaren bidez finantza-osasuneko proiektuak egiteko emango diren gauzazko laguntzak arautzea. Zerbitzu hori industria-enpresetara edo industriaren produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresetara bideratuta dago, eta haren helburua da enpresei laguntzea finantza-osasuna lortu ahal izateko proiektuak egiten. Egoera berezietan dauden edo etorkizunean zailtasunak izango dituztela aurreikusten dituzten enpresen aurretiazko diagnostikoa egingo da proiektuetan, bai eta ekintza-plana osatuko –ezinbesteko neurriak bilduta– eta neurriak gauzatzen lagunduko ere; horrez gainera, aurretiazko diagnostikoa osatzeko, enpresen analisi eta diagnostiko osoa egingo da, haien ekonomia-, finantza-, produkzio- eta sozietate-egoera adierazita.
Hala, sustatu nahi da enpresek posizio sendoa izatea eta, horretarako, haien finantza-baliabideak behar bezala kudeatzea, bermatuz, batetik, oraingo eta etorkizuneko ordainketa-betebeharrak betetzen dituztela eta, bestetik, jardueran eragiten duten gainerako faktore ekonomikoak eraginkortasunez kudeatzen dituztela. Horri guztiari esker, proiektuei modu jasangarrian heldu ahal izango zaie, lehiakortasuna babestu eta hobetu ahal izango da, eta epe luzean jardueraren jarraitutasuna ziurtatuko da.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Behar bezala jasotako eskaerak segidako prozeduraren arabera kudeatuz emango dira laguntzak. Ildo horri eutsiz, banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.
2.– Programa honen esparruan emango diren laguntzak itzuli beharrik gabeko gauzazko dirulaguntzak dira.
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2831/2023 Erregelamenduak («2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:
1.– Lortu Berria Zerbitzua: SPRIk emandako zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) industria-enpresei eta industriaren produktu-prozesuekin lotutako zerbitzu-enpresei laguntzeko, baldin eta bideragarritasuna arriskuan jartzen duten edo lehiakortasuna mehatxatzen duten egoerak badituzte edo arrisku-seinale goiztiarrak identifikatu badituzte.
Enpresa-egonkortasuna arriskuan jartzen duten egoeratzat joko dira, besteak beste, mugatzaileak izan gabe, honako hauek: likidezia-tentsioak sortzen dituztenak, kostuak eta diru-sarrerak desorekatzen dituztenak, edo arazo estrategikoak eta posizionamendu-arazoak eragiten dituztenak.
Era berean, arrisku-seinale goiztiartzat joko dira, besteak beste, mugatzaileak izan gabe, honako hauek: finantza-plangintza antolaturik ez izatea, profesionalizaziorik ez izatea kudeaketaren funtsezko arloetan edo ondorengotza-planik edo belaunaldien arteko erreleborik ez izatea, eta horrek epe ertainean enpresaren bilakaera arriskuan jarri ahal izatea.
Hala, zerbitzuaren helburu nagusia da enpresei laguntzea kanpoko laguntza profesionala jasotzen, baterako proiektu baten bidez finantza-osasuna lortzeko lan egin dezaten.
2.– Finantza-osasuna: erakunde batek finantza-baliabideak ongi kudeatuz lortzen duen ongizatea, ordaintzeko betebeharrak betetzeko eta sarreren eta gastuen gorabeheren aurrean erresilienteak izateko aukera ematen duena, enpresaren oraingo eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, haien lehiakortasuna zaintzeko edo areagotzeko proiektuei heltzen jarraitzeko aukera izan dezaten.
3.– Finantza-osasuneko proiektuak: jarduera ekonomikoa eta lehiakortasuna hobetuz, enpresaren jarraipena bermatzeko proiektuak. Honako hauek hartzen dituzte barne: aurretiazko diagnostikoa eta analisi osoa egitea, aintzat hartuta enpresen ekonomia-, finantza-, produkzio- eta sozietate-ikuspegia, ekintza-plana egitea ezinbesteko neurriekin eta hura gauzatzen laguntzea.
4.– Laguntzeko aholkularitza/talde aditua: finantza-aholkularitzaren arloko profesionala, finantza-osasun proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren aholkularitza- eta babes-zerbitzuak ematen dituena.
5.– Esku-hartzearen mailak: proiektuak hiru mailatan sailkatzen dira, kasuaren konplexutasunaren, premiaren, behar diren lanen sakontasunaren eta landu behar diren arloen konbinazioaren arabera. Maila bakoitzari ordu-tarte bat dagokio proiektua gauzatzeko.
Zerbitzuaren esku-hartzearen mailak zehazteko, honako alderdi hauei erreparatuko zaie: finantza- eta jarduera-konplexutasuna, likideziaren arriskua, kudeatzaileen profesionalizazio-maila, sozietatearen eta jardueraren konplexutasuna eta kasuaren premia. Halaber, kontuan hartuko da beharrak prebentziozkoak edo zuzentzaileak ote diren eta zenbat arlo dauden eraginpean, laguntzaren intentsitatea egiazko egoerara eta eskuragarri dauden baliabideetara egokitzeko.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Gauzazko laguntzen programa honen helburura bideratutako baliabideek 1.200.000 eurora arteko kontratazio-balio zenbatetsia dute, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik lortuko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako Aurrekontu Orokorren barruan daude.
2.– Aurreko apartatuan aipatu den gehieneko zenbatekoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:
1. fasea: 54.000 euro, gehienez.
2. fasea: 1.146.000 euro, gehienez.
3.– 2. faseko kreditua baldintza hauen arabera betearazi eta xedatuko da:
a) 1. fasea gainditzea, oinarrietan aurreikusitako baldintzei jarraikiz.
b) Kreditu egokia eta nahikoa izatea, 2. faserako laguntza emateko ebazpena ematen denean.
Fase bakoitzerako aurrekontuaren banaketa zenbatetsiak ez du ekarriko eskubidea aitortzea entitate eskatzaileen alde, benetan eskuragarri dagoen kredituaren mugetatik eta programa honen esparruan ematen diren ebazpenetatik gora.
3.– Funtsak mugatuak direnez, programaren helburua da ahalik eta denbora gutxien igarotzea laguntza eskatzen denetik, laguntza eman eta zerbitzua gauzatzen den arte. Beraz, espedientea osorik dagoen unearen arabera adjudikatuko dira laguntzak, modu ordenatuan; laguntzak ukatu egingo dira, ebazpen baten bidez, programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.
4.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, programa amaitu egingo da; hori deklaratzeko ebazpena emango du SPRIko zuzendari nagusiak, eta webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
5.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da beste laguntzarik eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai, baina ebazteko dauden eskariak.
5. artikulua.– Entitate onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Programa honen xede diren dirulaguntzak eskuratu ahalko dituzte pertsona juridikoek, baldin eta industria-enpresak eta industriaren produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresak badira, eta bideragarritasuna arriskuan jarri edo lehiakortasuna mehatxatzen duten egoerei erantzun behar badiete, edo arrisku-seinale goiztiarrak identifikatzen badituzte, oinarri hauen 3. artikuluan xedatzen denaren ildotik, eta 6.4 artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte. Halaber, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduera-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.
2.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:
a) Sektore publikoren bateko kide direnak, aplikatu beharreko erakundeen sailkapen-arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako debeku-egoeraren batean daudenak, hau da:
i) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
ii) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
iii) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
iv) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
v) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
Bereziki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak beteta dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzearen ondorioz zorra etetea erabaki denean.
vi) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
vii) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituztenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan.
viii) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak DAELen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
ix) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta daudenak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
x) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
d) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzen dutenak, konbertsio-terapiak sustatzen edo egiten dituztenak barne, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
e) Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez diren erabilera militarreko armak eta teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen dutenak.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten denetik emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira dirulaguntzaren onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako eskakizunak (salbuespen bakarra DAELen 13.1.b) artikuluan aurreikusitakoa izango da, hau da, konkurtso-egoerei buruzko debekurik ez izatea).
4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:
– Jarduera-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
– Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda daudela.
– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Hala ere, ofizioz egiaztatzearen aurka ager daiteke eskatzailea, eta, hala bada, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 10. artikuluan jasota dagoen dokumentazioa eta informazioa aurkeztuko dira, edo erantzukizunpeko adierazpena egingo da oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera; bigarren aukera hautatuz gero, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatutakoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisita eginez edo dokumentuak aurkezteko eskatuz.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta egikaritze-epea.
1.– Diruz lagun daitezkeen jarduera izango dira Lortu Berria Zerbitzuan sartutakoak finantza-osasuneko proiektuak egiteko, ondoz-ondoko honako helburu hauekin:
a) Onuradunaren abiapuntuko egoeraren aurretiazko diagnostikoa egitea, enpresaren hasierako finantza-, jarduera- eta sozietate-egoera aztertzeko. Elkarrizketa batek osatuko du diagnostiko hori. Helburua da bideragarritasuna eta lehiakortasuna arriskuan jar ditzaketen arrisku eta arazo nagusiak identifikatzea.
b) Enpresaren diagnostiko osoa egitea aurretiazko diagnostikoaren hasierako aurkikuntzetatik abiatuta eta haietan sakonduta. Aurreko diagnostikoak kontuan hartuta, ekintza-plana egingo da onuradunaren bideragarritasuna bermatzeko eta lehiakortasuna indartzeko beharrezkoak diren neurriak definitzeko.
c) Hasieran laguntzea definitu diren neurriak inplementatzen; xede horrez, laguntza emango da neurriak abian jartzeko eta inplikatutako eragile garrantzitsuekin elkarrizketak izateko.
2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak proiektu-mota hauetako batean sartuko dira:
– Berregituratze ekonomiko-finantzarioa;
– Gobernantza eta sozietatearen berrantolaketa;
– Ondorengotza eta belaunaldien arteko erreleboa;
– Bat-egiteak eta eskuratzeak (M&A); eta
– Proiektu konbinatuak, hau da, aldi berean hartzen dituztenak zerrenda honetako zenbait alderdi kritiko.
3.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatzeko, enpresa onuradun bakoitzari talde aditu bat esleituko zaio, zeinak laguntza espezializatua emango baitu proiektua garatzen den bitartean.
4.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak, 6.2 artikuluak definitzen dituenak, fase hauetan antolatuko dira:
a) 1. fasea: lehenengo fase honetan aurretiazko diagnostikoa egingo da, eta, hortik abiatuta, 2. fasea gauzatzeko gomendatutako esku-hartzearen maila eta behar diren orduak beteko dira.
b) 2. fasea: bigarren fase honetan diagnostiko osoa eta ekintza- eta laguntza-plana egingo dira.
5.– 2. faseko jarduketak egiteko ordu eskuragarriak 2. faserako dirulaguntza emateko ebazpenean definituko dira, eta 1. faseko aurretiazko diagnostikoan oinarrituko dira. Proiektuak esku-hartzearen hiru mailatan sailka daitezke, faktore hauen arabera: kasuaren konplexutasuna, premia, beharrezkoa den lanaren sakontasuna eta jorratu behar diren arloen konbinazioa. Maila bakoitzari ordu-tarte hau dagokio proiektua gauzatzeko:
a) 1. maila (20–150 h): oinarrizko esku-hartzea.
Sintoma goiztiarrak, finantzak edo antolaketa ikuskatzeko beharrak edo ordena eta argitasuna behar duten egoera puntualak dituzten enpresetarako maila. Kasu hauetan ez dago konplexutasun adierazgarririk, jarduera egonkorra da, eta, itxuraz, ez dago arriskuko elementurik egituran. Proiektu horietan, enpresak laguntza aditua behar du egoera hobeto ulertzeko, informazioa egituratzeko, hobekuntza-arloak detektatzeko eta lehentasunezko jarduketa-multzoa definitzeko. 1. maila egokia da, arrisku larriak ez izan arren, honako hauek lortu behar dituzten enpresetarako: kudeaketa profesionalizatzea, prozesuak hobetzea edo erabaki informatuak hartzea analisi objektibo bat tarteko.
b) 2. maila (151–300 h): bitarteko esku-hartzea.
Zenbait arlo aldi berean eraginpean dituzten eta analisi sakonagoa behar duten neurrizko tentsioak dituzten enpresetarako maila. Kasu hauetan, finantzen, eragiketen edo gobernantzaren arloko zailtasunek elkarrekintzan dihardute, eta esku-hartze koordinatua ezinbestekoa da. Enpresak bideragarritasunari eusten dio, baina, horretarako, erabaki garrantzitsuak hartu behar dira, egiturak berrantolatu, posizionamendua birplanteatu edo berriz negoziatu finantza- eta antolaketa-elementu jakin batzuk. Nahitaezkoa da ikuspegi osatuagoa, honako hauek gauzatu ahal izateko: finantza-modelizazioa, analisi operatiboa eta funtsezko neurriak aktibatzeko laguntza.
c) 3. maila (301–500 h): esku-hartze aurreratua.
Egoera konplexua, kaltetua edo kritikoa duten enpresetarako maila. Horietan, finantza-, jarduketa- edo sozietate-faktoreak elkartzen dira, eta jarduketa sakona eta koordinatua eskatzen dute. Maila honetan sartzen dira, halaber, premia handiko enpresak, etorkizunean kaudimengabezia izateko arrisku larria dutenak edo oso-osorik berregituratu behar direnak. Kasu horietan, esku hartzeko, alderdi asko aztertu behar dira; bankuekin, bazkideekin edo aholkulariekin solasean jardun behar da, eta ibilbide-orri eraldatzaile bat diseinatu behar da bideragarritasuna berreskuratu edo enpresa-proiektu berria definitzeko.
6.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko proiektua gauzatzeko ordu eskuragarrien barruan gauzatzen ez diren neurriak, nahiz eta finantza-osasuneko proiektuaren ekintza-planetik eratorriak izan.
7.– Enpresa-talde bakoitzak, Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren arabera, proiektu bakar baten onespena lortu ahal izango du gehienez.
Eskabideak enpresa indibidualek aurkeztu beharko dituzte, eta ez dira onartuko taldeak berak egindako eskabideak.
8.– Honako hau da proiektua betetzeko epea:
a) 1. fasea: gehienez 15 egun naturaleko epea, 1. faserako dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera. Epe horretan, gutxienez bilera bat egingo da laguntza-talde adituarekin.
b) 2. fasea: gehienez 9 hilabeteko epea, 2. faserako dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera.
9.– Banan-banan lagunduko zaio enpresa onuradunari, haren egoitzan, edo, salbuespenez, telematikoki, egoera bereziek hala justifikatzen dutenean.
7. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak gauzazko dirulaguntza gisa bideratuko dira.
2.– Gauzazko laguntza modu independentean ebatziko da fase bakoitzerako:
a) 1. fasea:
1. faserako gauzazko laguntzaren zenbatekoa 1.200 eurokoa izango da, zergak kanpo, aurretiazko diagnostikoa gauzatzeko, 8 eta 10 lanorduko tartean.
Deialdi honen xede diren laguntzek % 100 lagunduko dute diruz 1. fasearen kostua.
b) 2. fasea:
2. faserako laguntzen zenbatekoa 2. faserako dirulaguntza ematen duen ebazpenean zehaztuko da. Hartan, ordu-poltsa bat esleituko da fase hori gauzatzeko. Ordu bakoitzeko prezioa 130 eurokoa da, zergak kanpo.
2. faserako dirulaguntzak diruz lagun daitekeen jarduketaren kostu osoaren % 90 estaliko du, eta entitate onuradunak gainerako % 10a finantzatu beharko du, nahitaezko ekarpenaren kontzeptu gisa (ordainketa partekatua).
8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta horien mugak.
1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak ezingo dira metatu beste laguntza batzuekin edo Europar Batasunaren bestelako finantzaketa-modu batzuekin, helburu bererako emanda badaude.
2.– Deialdi honen xede diren laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste administrazio edo ente publiko ala pribatu batzuek emandako beste batzuekin.
3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikiko edo de minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Entitate onuradun batek jaso dezakeen de minimis laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan, hiru urteko edozein alditan kontabilizatuta.
5.– De minimis laguntzak ezin dira metatu diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako estatu-laguntzekin, ez eta arriskuarekin lotutako finantzaketa-neurri bererako estatu-laguntzekin ere, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– De minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
9. artikulua.– Laguntza eskatzea.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan adierazitako gainerako kudeaketa-lanak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.
2.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten entitateek SPRIren webgunean dagoen aplikazio informatikoa erabiliko dute laguntza-eskabidea aurkezteko; aplikazio horren bidez, eskatzaileek, segidako pantailen bidez, oinarri hauekin bat eskatzen zaien informazioa ikusi ahalko dute.
3.– Entitatea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du eskabidea, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko aitortuaren bidez).
4.– Laguntza-eskabidean, entitate eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira.
5.– SPRIk zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren kontsultatuko du, baita enpresa ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoen ere. Nolanahi ere, laguntza-eskabidean eskatzaileak adieraz dezake ez dagoela ados SPRIk kontsulta egitearekin, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Eskaera bakarraren bidez izapidetuko da laguntza, eta programaren 1. fasea eta 2. fasea barne izango ditu; beraz, eskaera egiten denean, bi faseetarako izango da.
10. artikulua.– Laguntzaren eskaera egiteko dokumentazioa.
Laguntza-eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
1.– Administrazioaren dokumentazioa/informazioa:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, eranskineko edukiaren arabera, adierazpen horretan adierazitako laguntzei buruzko datuekin.
b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, salbu eta laguntza-eskabidea eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, eta agintaritza ziurtagiri-emaile aitortu batek emandakoa izan.
c) Identifikazio fiskaleko txartela, salbu eta laguntza-eskabidea eskatzailearen ordezkariak sinatu badu. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtagiri-emaile aitortu batek emandakoa izango da, eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko.
2.– Dokumentazio teknikoa:
a) Lortu Berria Zerbitzua eskatzeko beharraren justifikazio-memoria. Memoria horretan, alderdi hauek eskaeraren datan zer egoera duten jasoko da:
a.1.– Enpresaren jarduera eta egungo egoera.
a.2.– Enpresako arloetan identifikatutako arazo edo alerta operatiboak, finantzarioak edo gobernantzari buruzkoak (horiek enpresaren jarduera ekonomikoan duten eragina).
a.3.– Enpresaren antolaketa-egitura (arloak, sailak eta antolaketa-egiturarekin zerikusia duten gainerako alderdiak).
a.4.– Enpresaren sozietate-egitura (sozietatearen osaera, partaidetza-maila, etab.).
a.5.– Gauzatu diren edo egin daitezkeen balizko ekintzak edo neurriak, arazoek sortu duten egoerari erantzuteko edo finantza-osasuna hobetzeko.
a.6.– Finantza-posizio garbiaren egoera.
a.7.– Finantza-hartzekodunen zerrenda, baita bakoitzaren zor-posizioa ere.
a.8.– Lortu Berria Zerbitzua eskatzearen beharra eta arrazoia. Finantza-osasuneko proiektua egitearen garrantzia eta arrazoiak justifikatu beharko dira.
a.9.– Dirulaguntza honen xede den zerbitzuari esker lortu nahi diren helburuen deskribapena.
b) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratu bada, «Negozio-plana» aurkeztu beharko du.
3.– Eskatzaileek, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harremanetan, ahoz edo idatziz, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta hizkuntza horretan artatuak izateko eskubidea izango dute.
11. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.
Laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 14an hasi eta 2026ko urriaren 30ean amaituko da. Era berean, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2026ko urriaren 30eko 15:00etan (Espainiako ordu penintsularra) amaituko da.
12. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.
1.– Laguntza-eskaerak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu, espedientea osorik dagoen unearen arabera.
2.– Gauzazko laguntza modu independentean ebatziko da, baina ondoz-ondo, programaren fase bakoitzerako. 2. fasea ebazteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik 1. fasearen aldeko ebazpena izatea eta fase hori behar bezala amaituta egotea, oinarri hauek ezartzen dituzten baldintzetan.
3.– 1. faserako dirulaguntza emateko prozedura:
1. faserako gauzazko laguntza emateko, proiektuak aztertzen direnean egiaztatuko da honako baldintza hauek betetzen direla:
a) Proiektua programara egokitzea.
Egiaztatuko da proiektuaren izaera programaren helburuetara egokitzen dela 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuaren eta planteatutako ekintzen argitasunean oinarrituta.
b) Proiektua lerrokatzea programaren helburuekin.
Egiaztatuko da proiektuaren helburuak programak jasotzen dituen proiektu motetara egokitzen direla eta koherentzia dutela eskaeran azaldutakoarekin; ziurtatuko da proposatutako ekintzek eraginkortasunez laguntzen dutela enpresa onuradunaren ekonomia-, finantza- eta antolaketa-egoera hobetzen.
c) Eskaeran aurkeztutako memoriaren edukiaren egokitasuna.
Egiaztatutako da eskaerako memoriak eduki argia, osoa eta ondo antolatua duela, behar bezala ulertzeko zein diren enpresaren egoera, antzemandako premiak eta proposatutako proiektuaren barne-koherentzia.
d) Enpresaren jardueraren ibilbide kontrastatua, zerbitzua jaso behar dela justifikatzeko.
Egiaztatuko da enpresa eskatzaileak behar bezala egiaztatutako ibilbide eta jarduera dituela zerbitzuaren beharra justifikatzeko, aintzat hartuta enpresaren bilakaera, egungo egoera eta estrategia-, finantza- eta antolaketa-erronkak.
Aurreko eskakizunak betetzen ez dituzten jarduketei dagozkien laguntza-eskaerak baztertu egingo dira.
4.– 2. faserako dirulaguntza emateko prozedura:
a) 2. faserako gauzazko laguntza honako hauek egiaztatu ostean emango da:
i) 1. fasea aurreikusitako baldintzen arabera amaitu da, hau da, fase honetako jarduketa garaiz eta forman bete da.
ii) Finantza-osasuneko proiektua gauzatzeko beharraren aldeko balorazioa egin da, eta proposatutako proiektua programaren helburuetara egokitzen dela eta haiekin lerrokatzen dela baloratu da, aintzat hartuta aurretiazko diagnostikoan lortu diren emaitzak eta enpresa onuradunaren egoera.
b) Aurreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean, 2. faserako ebazpena emango da, eta honako hauek adierazi beharko dira:
– Proiektuaren tipologia, esleitutako esku-hartzearen maila eta zerbitzua emateko onetsi den orduen poltsa.
– Jarduketaren zenbateko osoa.
– Dirulaguntzaren zenbatekoa (% 90).
– Eraginkortasunaren baldintza; entitate onuradunak ordaindu behar duen zenbatekoa (% 10).
– Ordaintzeko epea eta modua.
Entitate onuradunak % 10 ordaindu beharko du 15 egun naturaleko epean, ebazpena jakinarazten zaionetik.
Dirulaguntza emateko ebazpenak ondoreak izango ditu SPRIk benetan ordaindu dela egiaztatzen duen egunetik.
Epearen barruan ordaintzen ez bada, ebazpenak ez du eraginkortasunik izango.
c) Entitate onuradunak programaren 2. fasean jarraitzeari uko egiten badio edo atzera egiten badu, ez dira itzuli beharko 1. faserako jasotako laguntzak, baldin eta fase horretan finantzatutako jarduketak behar bezala egin eta justifikatu badira oinarri arautzaile hauetan eta aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera.
5.– Prozeduraren ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eskaeren aurkezpen-ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean.
6.– Ebazteko epea. Gehienez ere 6 hilabeteko epea dago ebazpena emateko, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
7.– Entitate eskatzaileei ebazpenaren berri ematean, honako hauek adieraziko dira: ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa, haren baldintzak, diruz lagundu daitekeen jarduketa gauzatzeko epeak, eta hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza.
8.– Ebazpen hori bitarteko elektronikoen bitartez eman eta jakinaraziko zaio entitate eskatzaileari, ematen denetik 10 egun balioduneko epean gehienez.
9.– Emandako laguntzen berri denek izateko, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.
10.– Emakida-ebazpenean onuradunari jakinaraziko zaio de minimis laguntza dela.
13. artikulua.– Egiaztapen- eta kontrol-jarduketak. Aurkezteko epea.
1.– Jarduketak 6.7 artikuluan xedatutako epean amaitu ondoren, entitate onuradunek laguntza justifikatu beharko dute, laguntza-talde adituarekin elkarlanean. Xede horrez, SPRIren webgunean gaitutako likidazio-eskaera osatu beharko da.
Justifikazio-agiriak proiektuko fase bakoitza amaitzen denean aurkeztu beharko dira.
2.– Likidazio-eskaera sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du entitatea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak.
3.– SPRIk ofizioz egiaztatuko du enpresak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela eta alta emanda dagoela ekonomia-jardueren gaineko zergan, onuradunak kontra egin ezean. Halakoetan, onuradunari dagokio horiek guztiak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztea.
4.– Likidazio-eskaerak entitate eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.
5.– 1. faseko likidazio-eskaera gehienez ere 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, 1. faserako dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera, eta laguntza-talde adituak egindako aurretiazko diagnostikoaren txostena erantsiko zaio.
6.– 2. faseko likidazio-eskaera proiektua amaitutakoan aurkeztu beharko da, eta, nolanahi ere, gehienez 9 hilabeteko epean, 2. faseko dirulaguntza emateko ebazpen-egunetik aurrera, edo 2027ko irailaren 16an. Likidazio-eskaerari erantsiko zaizkio proiektua gauzatu den bitartean laguntza-talde adituak egindako txostenak, eta gutxienez dokumentu hauek:
– Diagnostiko osoaren txostena eta ekintza-plana: enpresa onuradunaren egoera sakonki aztertzen duen txostena, non, batetik, identifikatuko baitira arlo kritikoak, arriskuak eta aukerak eta, bestetik, definituko baita ekintza-plan koherentea eta betegarria. Txosten horrek barne hartuko ditu proiektuaren deskribapena eta tipologia, helburuak, lehenetsitako neurriak, egutegia, beharrezkoak diren baliabideak eta jarraipen-adierazleak, enpresaren bideragarritasuna eta lehiakortasuna indartzeko.
– Proiektua gauzatu izanari buruzko memoria: azken txostena, honako hauek dokumentatzeko: ekintza-plana gauzatzean jasotako laguntza, aurrerapausoak eta enpresaren egoera abiapuntuarekin alderatuta. Honako hauek hartzen ditu: egikaritze-maila, zailtasunak eta konponbideak, jarraitzeko gomendioak, ondorioak epe laburrera eta ertainera eta emaitzen laburpen betearazlea.
7.– SPRIko Industria Garapen Sailak jarraipen-bilerak eskatu ahalko dizkio onuradunari, proiektua egikaritzen ari den edozein unetan.
8.– Ebazpen hori Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke.
14. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaerak zuzentzea.
Laguntza- edo likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio entitatearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.
Epe hori igaro eta entitate onuradunak ez badu zuzenketarik egin, laguntza-eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.
15. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DAELen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Dirulaguntza emateko jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean entitate onuradunak ez badio SPRIri espresuki adierazten dirulaguntzari uko egin diola, ulertuko da dirulaguntza onartu duela.
b) Zer xede lortzeko eman den laguntza, horretarako erabiltzea. Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea. SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzaketela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.
e) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak; halaber, adierazitako jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztea.
f) Ebazpen honetan araututako laguntzen xede bererako –edo antzekorako– beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo jaso badira beste administrazio edo ente publiko zein pribatuetatik, horren berri ematea SPRIri; jakinarazpena dena delako hori jakin bezain laster egingo da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) Laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea SPRIri.
h) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketa publikoari publizitate egokia emateko, DAELen 27. artikuluan xedatutakoarekin bat.
– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagundua» esaldia agertu beharko dira, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
k) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea.
l) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
m) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
n) DAELen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa itzultzea.
o) DAELen 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagun daitezkeen gastuek enpresari aplikatu behar zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
16. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epea luzatzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betiere unean uneko egoera baloratu ondoren, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez, onuradunak aldaketaren berri izan bezain laster jakinaraztea hura eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Gauzazko dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
3.– Halaber, entitate eskatzaileek aurretik hala eskatzen eta justifikatzen badute, programa kudeatzen duen arduradunak erabaki ahal izango du 2. fasean egin beharreko jarduerak egikaritzeko epea luzatzea, baldin eta fasea gauzatzeko gehienez ere 9 hilabeteko epea 6 hilabetez baino gehiagoz gainditzen ez bada, eta justifikaziorako ezarritako azken eguna, 2027ko irailaren 16a, gainditzen ez bada. Dena den, nahiz eta luzapena onetsi, proiektuari ez zaizkio inolaz ere ordu gehiago esleituko.
4.– 1. fasea egikaritzeko epea ez da inolaz ere luzatuko.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Laguntza itzultzea bidezkoa dela adierazten bada, prozedura DAELen 40. artikuluak xedatutakoaren arabera gauzatuko da, eta, xede horretarako, itzultzeko zenbatekotzat joko da gauzazko laguntzaren zenbatekoa, laguntza onesten duen SPRIren ebazpenari jarraikiz. Era berean, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak eskatu ahalko dira. Horretarako, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluak aurreikusitakoa aplikatu beharko da.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honako hauek ez-betetzetzat joko dira:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Jarduketen egikaritzean gertatutako edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntza emateko aztertu ziren baldintzei eragiten badie, jokabide hori ez-betetzetzat joko da dagozkion ondorioetarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, baldin eta SPRIri eskatzen bazaizkio eta entitate onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez badira hutsaltzen programa honekin lortu nahi diren helburuak eta jarduketen izaera.
b) Enpresa onuradunak ordainketa partekatuaren zatia ez ordaintzea ezartzen diren epeetan eta adierazitako bitartekoen bidez, edo programa honetan ala 2. faserako dirulaguntza baldintzatua emateko ebazpenean eskatzen diren eskakizunak ez betetzea.
Ordaintzeko orduan, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak beteko dira.
c) Proiektu osoa ez bukatzea, kasu hauetan izan ezik:
– Enpresa onuradunaren titulartasuna transferitzea.
– Sozietatearen bat-egite, banatze, xurgatze edo eraldatze prozesuetan murgilduta egotea, baldin eta ondoriozko entitatea eskubide eta betebeharretan subrogatzen bada, proiektuaren funtsezko helburua, irismena eta baldintzak betetzen badira eta aurretik organo kudeatzaileri jakinarazten bazaio.
– Txosten teknikoaren ondoren atzera egitea, arrazoiak emanez. Hau da, lana dela eta, arrazoiz ondorioztatzea entitate onuradunaren bideraezintasun ekonomikoa, finantzarioa edo operatiboa.
– Jarduera likidatzea, azkentzea edo amaitzea, eta jakinaraztea hartzekodunekin negoziatzen ari dela Konkurtso Legearen testu bateginaren 583. artikuluak xedatutakoaren arabera, betiere egoera horrek oztopatzen badu proiektua behar bezala gauzatzea.
– Ezinbesteko edo ezohiko gertaerak, enpresaren jarduna mugatzen duten hondamendi naturalak edo larrialdiak barne.
d) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
e) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak eta eskakizunak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.
f) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
g) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
h) DAELen aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak, tartean DAELen 51. artikuluak ezartzen duen enpresen deslokalizazioaren adierazpenari buruzkoa, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da, ez-betetzeari dagokion espedientea ireki ondoren, eta dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari, DAELen xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe legezko ekintzak eta zehapenak bideratzea. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
Ezarritako baldintzak partzialki betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen bada onuradunak bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, gauzazko dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da; zati hori zenbat den kalkulatzeko, egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliko da. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partzial hori bat etorriko da emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin; ordainketa egin aurretik, entitate emaileak justifikazioa egin dela egiaztatu beharko du, eta hura onartu.
5.– Borondatezko epean ordainketa egiten ez bada, premiamendu-bidea erabili ahalko da, aplikatu beharreko lege-arauetan xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Batzordearen (EB) 2831/2023 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteari buruz aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.
Tratamendu horren helburua da eskatutako laguntzen espedienteak kudeatzea, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarrituta. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa, berriz, SPRIren interes publikoa da; hain zuzen ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko interesa.
Informazio hori gai honetan eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteari buruz aplikatzekoa da araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikatzekoak direnean; helbide elektroniko honetara idatzi beharko da horretarako: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: mpresumido@spri.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo hona: https://www.spri.eus/lege-oharra/.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek, nolanahi ere, programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarri hauetan zehaztutako baldintzetan.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[izen-abizenak] jaunak/andreak (NAN: [...], indarrean), [entitate eskatzailearen izena](r)en izenean (IFZ: [...]eta egoitza soziala: [helbidea]),
BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU:
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu; zehazki, hauek:
(i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea. Zentro horretan, aurkeztutako proiektuak eragina izan beharko du eta bertan egingo da diruz lagundu daitekeen jarduera.
(ii) Alta emanda egotea Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergan.
(iii) De minimis laguntzen kontzeptuan 300.000 euro baino gehiago jaso ez izana aurreko 3 urteetan; beraz, eskaera honi dagokion atalean honako alderdi hauei buruzko informazioa erantsi da:
a) Aurreko hiru urteetan emandako de minimis laguntzak, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
b) Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzak, eskaera-data eta, hala badagokio, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
(iv) Eskaera honetan, dagokion apartatuan, informazioa ematea enpresaren tamaina zehazteko.
(v) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, DAELen 49. artikuluan xedatutako baldintzetan.
(vi) Gehiegizko finantzaketa ez izateko konpromisoa hartzea, DAELen 9.4.h) artikuluak xedatutakoaren arabera.
(vii) Sektore publikoren bateko entitatea edo kidea ez izatea, aplikatu beharreko erakundeen sailkapen-arauen arabera.
(viii) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez egotea, hau da:
a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortuta egotea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortuta egotea.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria eginda izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratuta egotea.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak.
f) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamendu bidez ezarritako moduan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jasota izatea lege honen edo hala ezarritako beste batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta egotea, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
(ix) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain ez egotea.
(x) LGTBIfobiarik ez gauzatzea, bultzatzea edo sustatzea, horren barruan sartuta konbertsio-terapiarik ez sustatzea edo egitea, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
(xi) Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez diren erabilera militarreko armak eta teknologia ez ekoiztea, merkaturatzea eta finantzatzea.
II.– Eskaera honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, bai eta aurkeztutako dokumentazio guztia ere, eta dagokion erantzukizuna nire gain hartzen dut (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
III.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa du, administrazioaren esku jarriko du hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen du adierazitako betebehar horiek betetzeko, eskubidearen aitorpenak edo egikaritzeak irauten duen epe osoan.
IV.– Badaki ezinezkoa izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitateen berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. apartatuari jarraikiz, baldin eta honako gorabehera hauetako bat ematen bada: erantzukizunpeko adierazpen honekin batera edo adierazpen honetan bertan jasotako edozein datu, adierazpen edo dokumentu zehatza ez izatea edo faltsua izatea edo ez aurkeztea, edo adierazpena administrazio eskudunaren aurrean ez aurkeztea.
[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.
RSS