
130. zk., 2026ko uztailaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 3 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3157
5/2026 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Trafikoko zuzendariarena, zeinaren bidez trafikoa arautzeko neurri berezi osagarriak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, 2026ko abuztuaren 12an egongo den eguzki-eklipse osoaren ondorioz.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan trafikoa arautzeko neurri berezi osagarriak ezartzea zenbait ibilgailurentzat edo ibilgailu-talderentzat, 2026ko abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoaren ondorioz.
Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluak trafiko-agintaritzari esleitzen dio trafikoa arautzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazioaren segurtasun- edo arintasun-arrazoiengatik edo ingurumen-arrazoiengatik gomendagarria denean. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluek, besteak beste, neurri horietako batzuk zehazten dituzte eta horiek hartzeko prozedura arautzen dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio neurri horiek hartzea, urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuaren eranskineko B.1.g) apartatuan (3256/1982 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaio trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko Estatuko legeriaren betearazpena) eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 17.3.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen honi buruzko txostena egin du Trafiko eta Bide Segurtasuneko Kontseilu Nagusiak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 8.5.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean jasotako zirkulazio-murrizketa osagarriak ezartzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, guztiek horren berri izan dezaten.
Hirugarrena.– Zehapen-araubidea eta ibilgailua kendu eta gordailuan uztea.
Ebazpen honetan jasotako neurriak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera arau-haustetzat jotzen direnak, betetzen ez badira, aipatutako arauan aurreikusitako moduan zehatuko dira.
Trafikoa kudeatzeaz arduratzen diren agintaritza-agenteek, horretara behartuta dagoenak egiten ez badu, ibilgailua bidetik kendu eta adierazitako lekuan utzi ahal izango dute, betiere ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen badu edo nahasmendu larriak eragiten baditu, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 105. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Laugarrena.– Murrizketak kentzeko salbuespenezko kasua.
Salbuespen gisa, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak zirkulatzeko baimena eman ahal izango die ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpean dauden ibilgailuei. Neurri hori salbuespen gisa emango da, zirkulazioa garatzen ari den baldintzen arabera, eta, ondorioz, Ertzaintzari dagozkion jarraibideak emango zaizkio. Neurri hori Trafiko Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko da, eta garraiolarien elkarte nagusiei edo baliokideei jakinaraziko zaie.
Bosgarrena.– Murrizketa osagarriak.
Ezusteko edo salbuespenezko egoeretan zirkulazioaren arintasun edo segurtasun handiagoa lortzeko beharrezkotzat jotzen denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketak, behar den denboran, neurri egokiak hartuta. Hori guztia Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 1a.
Trafikoko zuzendaria,
ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.
ERANSKINA
ZIRKULAZIORAKO MURRIZKETA OSAGARRIAK.
Debekatuta dute 7.500 kg-tik gorako baimendutako gehieneko masa (BGM) edo baterako gehieneko masa (BGM) duten ibilgailuek edo ibilgailu-taldeek zirkulatzea Euskal Autonomia Erkidegoko errepide guztietan, 2026ko abuztuaren 12ko 00:00etatik 24:00etara.
Murrizketa horretatik salbuetsita daude autobusak eta autokarrak, bai eta 2026an zehar Euskal Autonomia Erkidegoan trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzen dituen Trafikoko zuzendariaren 2026ko urtarrilaren 9ko Ebazpenaren III. eranskinean eta IV. eranskinean jasotako ibilgailuak ere.
RSS