
129. zk., 2026ko uztailaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (146 KB - 5 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
3136
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 25ekoa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazioko Batzorde Delegatuaren lehendakariarena, «Zumaiako geltokitik gertu dagoen lursaila okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko emakida» (Zumaiako emakida) onartzen duena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak duen ondarearen barruan daude, beste ondasun eta eskubide batzuen artean, bai sortu zirenetik eraikitako azpiegiturak, bai lehendik egon eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez atxiki zitzaizkienak. Horrela berresten du, azken kasu horretarako, ekainaren 6ko 118/2006 Dekretuaren 2.2 artikuluak (Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos S.A.ren kapitala hainbat ekarpen itzuliz gutxitzea baimentzen duena eta lehendik dauden trenbide-azpiegituren administrazioa Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea-ri atxiki eta gomendiotan emateko da dekretu hori).
Bigarrena.– Abuztuaren 25eko 2488/1978 Dekretuaren bidez, Euskal Kontseilu Nagusiari eskualdatu zitzaizkion, besteak beste, trenbideak eta tranbiak ezarri, antolatu, ustiatu eta ikuskatzeko eskumenak, baldin eta estatu-eremurik ez badute, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik oso-osorik igarotzen badira eta Renfen sartuta ez badaude.
Hirugarrena.– 1987ko irailaren 1ean, FEVEk Euskal Kontseilu Nagusiari trenbide hauen tren-zerbitzuak emateko akta sinatu zuen: Bilbao – Irun, Amorebieta – Gernika-Bermeo adarra eta Zorroza – Portua.
Emate-akta horretan, bi alderdiak ados jarrita, bere garaian transferitutako trenbide-zerbitzuei atxikitako ondasunen inbentarioak jasotzen dira. Ondasun horien artean daude txosten honen xede diren lursailak, Zumaiako geltokitik gertu daudenak, Bilbao-Irun linearen barruan.
Laugarrena.– Zumaiako Udalak, 2026ko apirilaren 21eko erregistro elektronikoaren eta 374 sarrera-erregistroaren bidez, Zumaiako geltokiari atxikitako lurrak aldi baterako okupatzeko eta erabiltzeko doako jabari publikoko emakida eskatu du, 50 urterako.
Udalak, onura publiko edo interes publiko edo sozialeko helburuekin, lehen deskribatutako lursailen trenbide-jabari publikoko ondasunak okupatu eta aldi baterako erabili nahi ditu, txosten teknikoan erantsitako planoen arabera.
Txosten hau aztertzeko kontuan hartu beharreko azalera, guztira, 670,00 m2-koa da, eta Bilbao-Donostia trenbidearen jabari publikoaren zati da, Zumaiako geltokiaren inguruan.
Udalaren asmoa da ekipamendu publiko berri bat ematea udalerriari, herritarrentzako aisialdirako eta kirolerako espazio bat, gaur egun Estazioa kaleko tren-geltokiaren ondoan dagoen lorategia birmoldatuz.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Irekitako espedientearen xedea, aurrekarietan aipatua, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako jabari publikoko emakida bat ematea arautzea da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren (aurrerantzean, ETS) jabari publikoko 670,00 m2-ko azalera okupatzeko eta partzialki erabiltzeko, erabilera publikorako edo interes sozialerako, udalerriari ekipamendu publiko berri bat, aisialdirako eta kirolerako espazio bat emateko herritarrentzat.
Bigarrena.– Espazio hori Zumaiako geltokiari atxikitako lursailetan dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (EAEAO) titulartasuneko jabari publikoko ondasuna da. ETS erakunde publikoari atxikita dago haren kudeaketa, eta emakidadunak proposatutako jarduera garatzeko erabiliko da zati batean. Horretarako, emakidadunak behar diren espedienteak izapidetu beharko ditu, emakida ustiatzeko eska daitezkeen lizentzia eta baimen guztiak bere kontura eta arriskura lortzeko.
Hirugarrena.– Aipatutako espedientean jasotako dokumentazioa eta informazioa aztertuta, behar bezala betetzen da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan jabari publikoko emakidei buruz aurreikusitakoa.
Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio administrazio-emakidei buruzko espedienteak izapidetzea, ondasuna hari atxikita baitago.
Bosgarrena.– Emateko erabakian jaso beharreko edukiari dagokionez, espedientean jasotako dokumentazioan eta informazioan honako hauek daude jasota (Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 72. artikulua):
– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.
– Emakidaren araubide ekonomikoa.
– Jarri beharreko bermea, hala badagokio.
– Kontserbazio- eta mantentze-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak bere gain hartzea, bai eta ondasuna bere izaeraren arabera erabiltzeko eta jasotzen den egoeran entregatzeko konpromisoa ere.
– Ondasuna erabiltzeko edo ondasunaren gainean egin beharreko jarduerarako behar diren lizentzia eta baimen guztiak aldez aurretik bere kontura lortzeko konpromisoa.
– Okupazioaren ondoriozko erantzukizuna bere gain hartzea, eta, hala badagokio, dagokion aseguru-poliza formalizatzeko betebeharra aipatzea.
– Lagatzaileak emakidaren xede den ondasuna ikuskatzeko ahalmena erreserbatzea, emakidaren baldintzen arabera erabiltzen dela bermatzeko.
– Epea eta, hala badagokio, luzapen- eta subrogazio-araubidea; betiere, aldez aurreko baimena beharko da.
– Azkentzeko arrazoiak.
Seigarrena.– Esleipen prozedura zuzeneko ematea da, zeina Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 81. artikuluan baitago araututa, eta Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio esleipena egiteko, zehazki, lege horren 137.4 artikuluaren a) idatz-zatian ezarritakoari.
Hona hemen emakida antolatzeko zehaztapenak eta baldintzak:
– Udalak lortu nahi duen erabilera-mota edo -araubidea aldi baterako erabilera da, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, eta 50 urteko produkzio-okupaziora edo behin eta berriz egiaztatu behar izatera mugatuta dago.
– Zumaiako Udalak, bere erantzukizunpean eta bere kontura eta kargura, egin nahi dituen onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko lanak egin beharko ditu.
– Horretarako, jabari publikoko emakida eman ondoren, ETSri dagokion exekuzio-proiektua aurkeztu beharko dio esteka honetan (https://www.ets-rfv.euskadi.eus/autorizacion/autorizacion-de-obras-en-zona-de-dominio-publico-ferroviario-zona-de-servidumbre-y-afeccion/webets00-general/es), zehazki, Ondare Sailari, hark aztertu eta dagokion baimen-proposamena idatz dezan, Eusko Jaurlaritzaren 14/2001 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Planean, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legean, Lege hori aldatzen duen abenduaren 19ko 26/2022 Legean eta 2387 Errege Dekretuaren bidez onartutako Trenbide Sektorearen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
– ETSk hasieran onartutako okupazioa eta aldi baterako erabilera aldatu nahi bada, dagokion baimena beharko da eta aurrez eskatu beharko dio Zumaiako Udalak tren-azpiegituraren administratzaileari.
– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 72. artikuluaren arabera, ETSk ikuskapen- eta zaintza-ahalmen administratiboei eutsiko die, bai txosten honen xede diren jabari publikoko ondasunen gainean, bai Udalak egin ditzakeen instalazio, lan edo eraikuntzen gainean, hori guztia jabari publikoko emakidaren xede diren lursailak eskaeraren eta txosten honen baldintzen arabera okupatzen eta erabiltzen direla bermatzeko.
– Zumaiako Udalak bere gain hartuko ditu kontserbazio-, mantentze-, zaintza- eta segurtasun-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak, bai eta jabari publikoko emakidaren xede diren lursailak aldi baterako erabiltzeko konpromisoa ere, lurren izaeraren arabera, eta Udalak berak hartuko du konpromisoa, bere kontura, lursailen erabilerak edo bertan egin beharreko jarduerak eskatzen dituen lizentzia eta baimen guztiak lortzeko.
– Aldi baterako okupazio horrek ezin izango dio inolako erantzukizunik eragin ETSri, eta eskatzailea izango da hura mantentzeko eta ezarritako epean segurtasun-baldintzak betetzeko arduraduna. Era berean, Udalak edo haren izenean jarduten duenak erantzun beharko du ETSren jabetzei edo instalazioei eragindako kalteengatik, bai eta lursail horiek aldi baterako okupatzearen eta erabiltzearen ondorioz hirugarrenei eragindako kalteengatik edo kalte pertsonal edo materialengatik ere.
– Horretarako, eskatzaileak edo haren izenean jarduten duenak aipatutako kontingentziak estaliko dituen aseguru-poliza bat (edo batzuk) entregatuko dio (edo dizkio) ETSri, eta aseguratu osagarri gisa agertu beharko dute ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, hirugarren izateari utzi gabe. Poliza horrek frankizia bat zehaztuta badu, frankiziaren zenbatekoaren eranzule izango da eskatzailea edo haren izenean jarduten ari dena.
– Behin betiko bermeari dagokionez, zeina Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 85.2 artikuluan baitago araututa, emakidadunak eratu behar du, hari eskatzen zaion betebeharra baita emakida esleitzeagatik. Ikuspuntu subjektibotik begiratuta, alderdi interesdun eskatzailea administrazio publiko bat da, zeinak bere gain hartu baitu emakida behar bezala garatzeko erantzukizuna eta konpromiso pertsonala, eta, ikuspuntu objektibotik, berriz, kontuan hartzen da, batetik, lortu nahi den erabilerak onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko xedea duela, eta, bestetik, erabilera doakoa dela edo ez duela irabazi asmorik, eta, azkenik, emakidari lotutako obrak egikaritzeko beharrezkoa den fidantzaren errealitatea ere hartu da kontuan; horregatik guztiagatik, azken fidantza hori, berez, berme egokitzat eta nahikotzat jotzen da, eta salbuetsi egiten da apartatu honen hasieran aipatutako behin betiko bermetik.
– ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango interesdunek eta, oro har, instalazioen okupazioak eta aldi baterako erabilerak eragin diezaiekeen hirugarrenek jasan ditzaketen kalteengatik.
– Era berean, ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango Udalak, okupatzaileek edo hirugarren erabiltzaileek tren-instalazioei eta lursailei eragin diezazkieketen kalteengatik.
– Behar ez bezalako sarbide oro, eta trenbide-instalazioei eragindako edozein kalte edo galera, Zumaiako Udalaren erantzukizuna izango da, eta bere kontura izango dira orubea okupatzen den bitartean sortzen diren konponketa-gastuak eta erantzukizunak.
– Zumaiako Udalaren ordezkari gisa jarduten duenak eta lursaileko okupatzaileek ETSren teknikariek emandako jarraibide guztiak bete beharko dituzte.
– Gehienez ere, 50 urtekoa izango da aldez aurretik eskatutako onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako lurzatia aldi baterako okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko emakida horri dagokion epea, emakida sinatzen den egunetik aurrera, eta ez da luzatzeko aukerarik aurreikusten.
– Era berean, Zumaiako Udalaren aldeko doako jabari publikoko emakidaren premisari dagokionez, ezingo dio ekarri administrazio horri kostu bidezko baliagarritasunik edo aprobetxamendurik, ez eta irabazirik ere.
Horrez gain, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 76.1 artikulua eta 2387/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 32. artikulua aplikatuz, ETSk edozein unetan indargabetu edo aldatu ahal izango du emakida hau, baldin eta emakidaren xede den okupazioa edo erabilera bateraezina bada gerora onartutako segurtasun-arauekin edo trenbidearen jabari publikoan kalteak eragiten badira edo interes publikoko jardueretarako erabiltzea eragozten bada edo trenbide-azpiegituraren beharrengatik bada. Zumaiako Udalak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.
Horiek horrela, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazioko Batzorde Delegatuak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Onartzea «Zumaiako geltokiaren inguruan dagoen lursaila okupatu eta erabiltzeko jabari publikoko emakida (Zumaiako emakida)», onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuekin, Zumaiako Udalaren alde, berrogeita hamar (50) urteko eperako, emakida sinatzen den egunetik aurrera, luzatzeko aukerarik gabe.
Bigarrena.– Zumaiako Udalari eskatzea aipatutako kontingentziak estaliko dituen aseguru-poliza(k) aurkez dezala (ditzala) ETSn. Poliza horretan, gainera, ETS eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra aseguratu gehigarri gisa hartuko dira, hirugarren izateari utzi gabe. Poliza horrek frankizia bat zehaztuta badu, eskatzaileak edo haren izenean jarduten duenak pertsonalki erantzungo du frankiziaren zenbatekoaz.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 44.6 artikuluan xedatzen duenaren arabera (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten du lege horrek Espainiako ordenamendu juridikora) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112., 21. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera, ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egokitzat jotzen den beste edozein errekurtso jartzea.
Bilbao, 2025eko ekainaren 25a.
Kontratazioko Batzorde Delegatuaren lehendakaria,
ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.
RSS